Telebista ikustea da etxe barruko jarduerarik zabalduena. Gazteek, batez beste, astean ia 12,30 ordu ematen dituzte telebista ikusten: egunean ordubete eta hiru laurden (105 minutu), Estatu osoko gazteek baino askoz gutxiago (121 minutu, batez beste, telebista ikusten)46. Dena dela, sarritan gertatzen denez, litekeena da erantzun horiek errealitatearen parte bat bakarrik azaleratzea. Hori egiaztatzeko, aski da guk bildutako datuak neurketa-pasiboko sistemek (audimetriak) lortutako datuekin alderatzea. Audimetriek ez dute bereziki neurtzen guk ikertu dugun populazioa. Hala ere, neurketa-pasiboko sistemen bidez jasotako datuen arabera Euskadi osoko gazteek egunean 193 minutu ematen dituzte, batez beste, telebista ikusten, eta Espainia osokoek, berriz, 220 minutu47. Kontuak kontu, argi dago Gipuzkoako gazteek beren aisialdiaren bi herenak ematen dituztela telebista ikusten. Baten bati datu hori harrigarria iruditzen bazaio, gogoan izan dezala Euskadiko indizea espainiar estatu osoko baxuenetarikoa dela egunean telebista ikusten ematen den batez besteko denborari dagokionez. (46) INJUVE (1996), op. aip (47) Sofres A.M.ren datuak, 1996ko urriari buruzkoak. |