Honaino jasotako erantzunak ikusirik, badirudi Gipuzkoako gazteak pozik daudela beren egoera orokorrarekin, familiarekin eta familia barruko harremanekin. Badirudi ontzat hartzen dutela hori guztia. Hala ere, gero eta gogo biziagoa erakusten dute emantzipatzeko. Eta horrek erlatibizatu egiten du aurreko guztia. Gazteen gizarte-profila aztertzean ikusi dugunez, inkestatuen %18,4k bakarrik jotzen dute beren burua independentetzat (beren diru-iturriak dituztelako eta gurasoenaz bestelako etxe batean bizi direlako). Bada, inkestatuek berek diotenez, 23 urte dira emantzipazioa lortzeko adinik egokiena. Nagusiki, adin horretan gertatu ohi dira norberaren independentziarekin zerikusia duten beste gertaera batzuk ere, garrantzi handiko bi hauek bereziki: unibertsitateko ikasketak amaitzea eta luzatu gabe lanean hasteko itxaropena. Badira urte askotxo 23 urteko adin hori jotzen dela emantzipatzeko edo independizatzeko adinik egokientzat. 23 urte betetzeak garrantzi handia du gure gizartean, mugarri-moduko bat da gaztearen bizitzan. Bildutako datu guztiak ikusita, badirudi elkarrizketatutako gazteak bat datozela uste horrekin, gehienen iritziz 23 urteak baitira emantzipatzeko adinik egokiena. Kontua da adin hori gainditu dutenen herenak bakarrik lortu duela benetan independente izatea. Gainera, oraindik familiarekin bizi direnek uste dute gutxienez 26 urte bete arte ez direla benetan emantzipatuko. Bi parametro horiek (emantzipatzeko adinik egokiena eta zenbat urterekin emantzipatuko direla uste duten) Estatu osoko parametroen antzekoak dira: 22,6 eta 25 urte hurrenez hurren43. Beraz, badirudi bai batzuk eta bai besteak korronte orokorrago baten barruan integratzen direla. Korronte horren arabera, gazte ororen bizialdian badago garrantzi handiko garai berezi bat: gazte arrunt batek bere famili bizitza psikologikoki eta sozialki amaitutzat jotzen duenean hasten da garai berezi hori, eta amaitzen da bere independentzia benetan gauzatu ahal duenean emantzipatzeko ezinbestekoak diren bi baldintza nagusiak betetzen dituelako (nor bere diru-iturrietatik eta gurasoenaz bestelako etxe batean bizitzea). (43) INJUVE (1996), op. aip. |