Familiaren Egoera Ekonomikoa eta Administratutako Dirua
Aurrekoa Argibidea Hurrengoa

Azkenik, familiaren gaurko egoera ekonomikoari buruzko eta epe laburrean izan dezakeen bilakaerari buruzko iritzia oso positiboa da. Gazteen erdiek baino gehiagok erantzun hau aukeratu dute: diru aldetik ondotxo gabiltza, eta badirudi hala segituko dugula; ia laurdenak ez daude pozik familiaren egoera ekonomikoarekin, baina, diotenez, litekeena da egoerak hobera egitea. Oro har, iritzi horiek Estatu osoan atzemandakoen oso antzekoak dira, ia berdinak.

Familiaren egoera ekonomikoa (% bertikalak)
Gipuzkoa
Espainia41
Diru aldetik ondotxo gabiltza, eta badirudi hala segituko dugula
64

56
Diru aldetik ondotxo gabiltza, baina litekeena da egoera okerrera egitea
8

11
Diru aldetik ez gabiltza ondo, baina litekeena da egoerak hobera egitea
21

25
Diru aldetik ez gabiltza ondo, eta ez dirudi egoerak hobera egingo duenik
4

6
ED/EDE
3
3

Bestetik, gazteen %12 inguruk ez dute uste familiaren egoera ekonomikoak hobera egingo duenik epe laburrean, egungo egoera ona (%8) zein txarra (%4) izanik ere.

Beste galdera bat egin genuen jakiteko gutxi gorabehera zenbatekoa den, guztira, norberak edo bikotearekin batera (baldin eta ekonomia bikotearekin konpartiturik badute) administratzen duen diru-kopurua. Agian, parametro horrek agerrarazten du beste edozeinek baino hobeto gazte askoren egoera dual hori. Ikerlanak -balio koantitatibo hutsari ihes egin nahirik- hiru erantzun hauek proposatu zizkien elkarrizketatuei: neure poltsiko-gastuak bakarrik administratzen ditut, familiaren zenbait gastu garrantzitsu ere administratzen ditut (baina ez guztiak) eta, azkenik, neure gastu guztiak administratzen ditut erabateko autonomiaz. Bada, %24,4k bakarrik erantzun dute beren gastu guztiak administratzen dituztela. Normala denez, horietako gehienak 24 urtetik gorakoak dira (%45) eta independentetzat jotzen dute beren burua (%52).

Nolanahi ere, administratzen dituzten diru-kopuruak oso adierazgarriak dira. Galdera nola egin den kontuan izanik, ulertu beharra dago aitortutako kopuruan honako hauek sartzen direla: bikotearekin konpartitutako dirua, norberaren gastuak eta familiaren gastu garrantzitsu batzuen zati bat. Halatan, bildutako datuen arabera, Gipuzkoako gazteek, batez beste, 49.846 pezeta administratzen dituzte hilean. Diru-kopuru hori Estatu osoko gazteek aitortutakoaren berdina da ia (50.382 pta)42. Esan beharrik ez dago diru-kopuru hori oso modu esanguratsuan aldatzen dela hainbat irizpideren arabera. Esaterako: 20 urtetik beherakoek 13.000 pezeta baino pixka bat gehiago administratzen dituzte; 20tik 24ra bitartekoek, berriz, 44.000 pezeta administratzen dituzte; eta 24tik gorakoek, azkenik, 89.000 pta. Logikoa denez, independentzia da eraginik handiena duen aldagaia: beren burua independentetzat daukatenek hilean 115.000 pezeta inguru administratzen dituzte; oraindik ere jatorrizko familiarekin bizi diren gazteek, ordea, 38.000 pezeta bakarrik administratzen dituzte batez beste.

Azken ohar bat egin beharra dago: administratutako diru-kopuruak ez dira asko aldatzen inkestatuaren sexuaren arabera, eta oso gutxi aldatzen dira familiaren gizarte-mailaren arabera.


(41) INJUVE (1996), op. aip.
(42) INJUVE (1996), op. aip.