Ohiko Hizkuntza
Aurrekoa Argibidea

Gipuzkoako gazteek beren hizkuntza dutenez, euskara zenbateraino erabiltzen duten ere aztertu dugu ikerlan honetan. Aurrerago ikusiko dugu ea euskara edo gaztelania nagusi izatea iritzi edo jarrera jakin batzuekin loturik dagoen.

Badaki euskaraz? (% bertikalak)
   Sexua Adina Gizarte-klasea
 Guztira Gizona Emakumea 22 arte 22tik gora Goikoa Erdikoa Behekoa
Oinarria501 254247 280221 109258 134
Bai 69,3 65,4 73,4 74,8 63,9 75,2 71,3 60,3
Ez 30,5 34,1 26,6 25,2 35,6 24,8 28,7 38,7

1. Lehenbiziko datu garrantzitsua zera da, hamar gaztetik zazpik euskaraz behar beste hitz egiteko gai dela adierazten duela.

Datu hauek eskuragarri dugun erreferentziarik hurbilekoenarekin alderatuz (199032), gipuzkoar gazteei dagokienean euskalduntze prozesuaren aitzinatze aipagarria ikusten da, argi eta garbi. Halaz, 1990ean 15 eta 29 urte bitarteko gazte gipuzkoarren %53,5ak euskaraz ulertzen eta hitz egiten bazekitela zioten; gaur egun, berriz, euskaraz hitz egiten dutela edota, gutxienez, hitz egiteko gai direla dioten gazteak %69,3ra heltzen dira adin tarte horiexetan.

Euskararen ezagupenean ematen ari den aitzinatze etengabe eta garrantzitsu hori, gipuzkoar biztanleriaren baitan euskararen aldeko kontzientziazioaren garapen sendoarekin loturik dago hein handi batez, euskarak, hezkuntza sisteman sartuta egonik, sortarazten dituen eraginekin bezalaxe.

2. Euskal hiztunen proportzio hori handixeagoa da emakumeen artean, eta 1990ean E.A.E.ren mailan33 antzematen ziren sexuaren araberako aldeak baino dezente handiagoa ere bai (%36a gizonen artean, eta %37,7a emakumeen artean).

Halaber, alde nabarmen samarrak ikusten dira adin talde desberdinak aztertzen direnean.

Izan ere, euskaraz hitz egiten badakitela diotenak %64a dira 22 urtetik gorakoen artean, eta %75a, berriz, gazteenen artean. Eta honek guztiak garbi erakusten du hezkuntza sistemak euskararen ikasketa eta erabileran duen eragin sakona, zeren eta talderik gazteenak baitira euskarazko hezkuntzarako aukera gehien izan dutenak.

3. Badira gure arreta merezi duten beste zertzelada batzuk ere. Lehenik: gizarte-klaseak nolabaiteko eragina du euskarazko jakite-mailan. Goiko eta erdiko-goiko klasekoen hiru laurdenek baino gehixeagok dakite euskara (%75,2), erdiko klaseko gazteen %71,3k menperatzen dute hizkuntza hori, eta, azkenik, erdiko-beheko eta beheko klasekoen %60,3 bakarrik dira euskaldun.

Ildo honetatik, beste gizarte bereizketa bat ondorioztatzen zen "Jóvenes vascos 1990" azterlaneko datuetatik, horren modu garbi eta esanguratsuan ez bazen ere. Urte horretan eta E.A.E.ko gazteak unibertsotzat harturik, eta adin talde berberetan mugituz, euskaraz bazekitenen ehunekoa (hau da, euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai zirenena) %40,9koa zen goi mailako klasekoen artean, %37,4koa erdi mailakoen artean, eta %35,5ekoa, azkenik, behe mailako gazteen artean34.

4. Dena dela, gauza bat da euskara jakitea eta beste gauza bat euskara erabiltzea. Ikusi dugunez, gero eta euskaldun gehiago dago Gipuzkoako gazteen artean; baina neurri berean ugaldu al dira ingurunerik hurbilenetan behinik behin euskaraz baliatzen diren gazteak ere? Horri dagokionez, honakoa bakarrik zehaztu behar da: gazteek zenbateko proportzioan eta zein ingurune edo giro nagusitan erabiltzen duten beren hizkuntza.

Horretarako, intentsitate zentrokideko bi ingurune ezarri genituen: familia eta lagunak.

Aurrenekoak argi erakuts lezake Gipuzkoako gazteek zein hizkuntzatan hitz egiteko ohitura heredatzen duten gurasoengandik. Bigarrenak, berriz, eskolaren eta hezkuntza-prozesuaren emaitzak islatuko lituzke batez ere.

Ondorio gisa, gurasoengandik heredatutako ohituren eta eskolan jasotako kulturaren arteko aldeek munta handiko argibideren bat eman beharko ligukete bai euskararen egungo erabilpenari buruz eta bai etorkizunean izan dezakeen zabalkundeari buruz.

Familiari dagokionez, gazteen %62k esan dute etxean gaztelaniaz hitz egin ohi dutela; %25ek adierazi dute euskara erabiltzen dutela nagusiki; eta, azkenik, %21ek bi hizkuntzak erabiltzen dituztela esan dute, bietako baten alderako atxikimendu berezirik erakutsi gabe. Hala ere, gazteen jokabidea apur bat aldatzen da lagunartean: %60k gaztelaniaz hitz egiten dute; %19 euskaraz aritzen dira; eta, azkenik, %21,0k bi hizkuntzak erabiltzen dituzte.

Ikus dezagun orain zein den euskarak jasaten duen desfasea, famili esparruan zein lagunartean erabiltzeko unean.

Euskararen erabilera etxean eta lagunartean
(% horizontalak)
 Euskararen erabilera lagunartean
 Gazteleraz EuskarazBietan
EuskararenGazteleraz 83,54,2 12,3
erabileraEuskaraz 10,263,0 26,8
familiarekinBietan 36,716,7 46,7

Aldagai biak gurutzatuz, aipatzeko datu bi hauek datozkigu:

a) Oso txikia da gaztelera famili hizkuntza izanik lagunartean euskaraz aritzen den gazte kopurua.

b) Lagunartean euskararekiko fideltasuna da arau nagusia etxeko euskaldunen artean, hauen laurden batek biak erabiltzen baditu ere, hau da, gaztelera eta euskara, eta hamarretik batek gazteleraz egiten du batez ere, lagunarte horretan.

5. Gazteek euskararen erabilerak izango duen etorkizun hurbilari buruz duten pertzepzioaren inguruko informazioa ere bildu dugu, iritzi hau, neurri batean, etorkizunean euskararekiko izango den norberaren jarreraren nolabaiteko adierazletzat ere har baitezakegu.

Zure ustez, euskararen erabilera 5 urte barru...35
 Gipuzkoa E.A.E.
Gora egingo du71 77
Berdin segituko du20 17
Behera egingo du7 4
ED/EE1 1

Datu hauen argitan, ukaezina da gazteek euskararen inguruan duten etorkizuneko ikuspegiaren baikortasuna, gipuzkoarrak euskararen erabilera Gipuzkoan bertan baino hedapen gutxiagokoa den beste lurralde batzuetako gazteak baino ezezkorrago agertzen badira ere.

6. Gipuzkoako gazteen hizkuntz ohiturei buruzko datu guztiak orokorrean harturik, honako ondorio hauek atera ditzakegu:

  • Gauza nabaria da euskara zabaldu egin dela: Gipuzkoako gazteen %70ek euskara ondo menperatzen dutela esan dute.
  • Zabalkuntza hori, neurri handi batean, euskarak eskolan duen eraginari zor zaio.
  • Aldeak txikiak izanik ere, argi dago gizarte-estatusak nolabaiteko eragina duela euskararen erabiltze-mailan: euskara goiko klase eta taldeetan zabaltzen ari da gainerakoetan baino gehixeago.
  • Euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko desfase nabaria antzematen da. Gazteen %70ak euskaraz aritzeko behar beste badakila dioen arren, familian zein lagunartean erabiltzen dutenen kopurua %48raino jaisten da.
  • Famili hizkuntzatzat euskara duten euskaldunen arteko hizkuntzarekiko fideltasuna, lagunartean ari garela, markatuagoa da (hirutik bik euskaraz hitz egiten dute, normalean, lagunartean).
  • Familiarekin euskaraz aritzea oso-oso elementu garrantzitsutzat ageri da gero lagunartean erabiltzeko momentuan. Izan ere, lagunartean euskaraz aritzen direnen ehunekoa oso baxua da (%12,5a) familian gazteleraz aritzen direnen artean.
  • Bildutako datuen arabera, gero eta gehiago dira euskara zein gaztelania erabiltzen dutenak, hala familian nola lagunartean. Beraz, badirudi elebitasun ohiko eta errealak erakusten duela nagusitzeko joerarik argiena.
  • Gazteek ikuspegi baikorra dute, oro har, euskararen erabilerak etorkizun hurbilean izango duen bilakaerari buruz.

(32) Bertan prestatua "Jóvenes vascos 1990" -J. Elzo. (zuz.)-txostenean jasotako datuetatik abiatuta.
(33) berdin.
(34) Bertan prestatua Elzo (1990), op. aip.tik ateratako datuez.
(35) Soziologi Prospekziorako Kabinetea (1997), op. aip