Egoera Zibila Eta Emantzipazioa
Aurrekoa Argibidea Hurrengoa

Gipuzkoar gazteen artean nagusia den egoera zibila, logikoa denez, ezkongabearena da. Aztertutako gazteen %11 soilik daude ezkonduta. Dena dela, nabarmendu beharra dago zifra hori ez dela oso adierazgarria, denetariko gazteak aztertu baititugu: gazte helduak zein 15 urte inguruko gaztetxoak. Hona adibide bat: egoera zibilari buruzko galderari erantzutean, 20 urtetik beherakoen artean inork ere ez du esan ezkondua dela; 20 eta 24 urte bitarteko gazteen artean oso gutxik dio ezkonduta dagoela; eta, azkenik, 25 urtetik 29ra bitartekoen artean %31k erantzun dute ezkonduak direla.

Datu hauek, alabaina, ezkontza ematen den adina jasaten ari den atzerakada gero eta nabarmenagoa baiezten dute. Halaz, 1989an Gipuzkoako gazteen %14,9a18 ezkonduta zegoen, eta %16,7a E.A.E.ri dagokionean; 1991ko espainiar gazteen artean, berriz, %18,4a19.

Bestalde, familia-burutzat etxera diru-sarrera nagusia eramaten duen familiartekoa hartzen badugu ere, familia-buru kontzeptua labur geratzen da aztertutako gazteak emantzipaturik dauden argitzeko. Arrazoi hori dela eta, elkarrizketatuen benetako egoera hobeto adieraziko zuen kategoria bat bilatu genuen: emantzipazio kontzeptua. Horren ondorioz, %18,4k erantzun dute "beren diru-iturrietatik eta gurasoenaz bestelako etxe batean bizi direla". Horixe da, hain zuzen ere, erabili dugun emantzipazio kontzeptua.

Eta emantzipazio maila hau bat dator, bestalde, estatu mailan ematen denarekin (%18a)20.

Aitortutako emantzipazio horrek gazte helduak hartzen ditu gehienbat -25 eta 29 urte bitartekoak- hauen artean %42,4ko maila iristen baitu. Eta kopuru honek besterik gabe erakusten du, zertzelada desberdinen eraginez, bere jatorriko familiarekin bizi izaten jarraitzen duen gazte kopuruaren maila handia. Alabaina, alderatzen hasiz gero, ez da iristen espainiar egungo gazteek, adin horiexetan bertan, erakusten dituzten kopuruetara (%52a)21.

Ateratako datuek zera adierazten dute, emantzipazioak ez duela zerikusirik norberak duen ikasketa mailarekin. Oso aitzitik, egiaztatu egiten da famili etxearekiko independentzia oso loturik dagoela dirusarrera propio eta egonkorrak izatearekin, eta horrelako egoerak adinean gora egin ahala gehiagotan eman ohi dira.

Halaz, bere jatorrizko familiatik emantzipaturik dauden gazteen lan egoera aztertzen badugu, zera ikusiko dugu, emantzipatutako lau gaztetik hiruk lana baduela, eta bere gurasoekin bizi direnen artean, berriz, hirutik batek besterik ez du lanik.

Era berean, bere burua emantzipatutzat jotzen duen ikasle kopurua hutsaren hurrengoa da, eta honen bestaldean, dependentzia horretan, familiarenean, dauden gazteen %43a ikasleak dira.

Lan Egoera eta Emantzipazioa (% Bertikalak)
 
Guztira
Independenteak
Menpekoak
Lan Egiten du
44,0
75,2
37,8
Langabezian dago
12,9
17,3
12,1
Lehen lanpostuaren bila
6,1
4,8
6,3
Ikaslea
36,2
2,5
42,7
Etxeko lanak
0,7
0,0
0,8
ED/EDE
0,2
0,0
0,2

Norberak aitortutako emantzipazio-mailak nabarmenki egiten du behera, logikoa denez, 25 urtetik beherako adinekoen artean: %8,5 bakarrik 20-24 urteko adin-tartean eta bat ere ez hortik beherako adinetan.

Goiko adin-segmentuan (25-29 urte), familiako rolari eta emantzipazioari buruzko galderei emandako erantzunen gurutzaketak honako koadroa eskaintzen digu laburpen gisa: %42k emantzipatutzat jotzen dute beren burua, beren diru-iturriak dituztelako bizibide eta ez direlako gurasoekin bizi; baina %20k bakarrik jotzen dute beren burua familia-burutzat etxera diru-sarrera nagusia eramaten dutelako zentzuan. Beste era batera ikusirik: ezkondutako gazteen ia %11k ez dute beren burua independentetzat jotzen oraindik, gurasoekin bizi direlako, haien lepotik bizi direlako edo bi arrazoi horiengatik aldi berean.

Edonola ere, adierazi beharrekoa da emakumeak direla ezkontzen aurrenak (emakume gipuzkoar gazteen %18,8a ezkonduta dago), jatorrizko familiarekiko emantzipatzen bezalaxe (%24,2a), gure inguru europarreko gazteen artean gertatu ohi den legez hain zuzen ere.


(18) Bertan prestatua "Jóvenes vascos 1990" -J. Elzo. (zuz.)-txostenean jasotako datuetatik abiatuta.
(19) Juventud en cifras, 1992. INJUVE.
(20) Informe sobre la Juventud en España 1996. INJUVE.
(21) INJUVE (1996), op.aip.