Gipuzkoa 2020 (G2020), Foru Aldundiaren Ekonomia eta Turismo
Departamentuaren hausnarketa estrategikoa da. Prozesuaren helburua
Gipuzkoan eta Gipuzkoarako, 20 urteko ikuspegi batean, hausnarketa
bultzatzea da.
Prozesu horrek izan behar du:
· Gizarteak oro har parte hartzen duena
· Anitza eta aniztasunean aberatsa
· Gure artean egiten ari diren beste mota bateko hausnarketen
osagarri
· Beste Herrietan, batez ere gure ingurukoetan, egiten
ari diren antzeko hausnarketen ildoari jarraituz egiten dena
· Koiunturek, direnak direla, baldintzatuko ez dutena,
salbuespenetan izan ezik
· Gipuzkoak XXI. mendearen hasieran dituen oinarrizko erronka
eta arazoetan zentratua
· Iraunkorra eta etenik gabea, horregatik inguruabar ezberdinetara
egokitzen joateko gauza dena, haiei erabat men egin gabe.
Gure uste osoa da horrelako ezaugarriak dituen prozesu baten baliorik
handiena prozesu hori egon badagoela eta egin egiten dela da batez
ere, emaitzak biltzea baino gehiago, prozesu bizi eta aktiboa
egiteko gauza baldin bagara behintzat.
Foru Aldundiaren ikuspegia
Ekonomia eta Turismo Departamentuak Gipuzkoa 2020 izeneko hausnarketa
estrategikoaren prozesua abian jarri badu izan da jabetu delako
koiunturetatik at dagoen hausnarketa behar-beharrezkoa dugula.
Eta, gaur eta hemen, Gipuzkoan eta mende eta milurteko berriaren
hasieran, gauza ezezagunez eta zalantzaz betetako mende batean,
oraindik eta beharrezkoagoa.
Uste horrek bultzatu du Gipuzkoako Foru Aldundia hausnarketa estrategikoa
sustatzera, Gipuzkoan eta Gipuzkoatik, eta hurrengo hogei urteen
ikuspegitik.
Helburu bakarra du hausnarketak: denon artean erabakitzea nolako
Gipuzkoa garatu nahi dugun XXI. mendean zehar.
Foru Aldundiaren zeregina, batez ere, sustatzea da. Hitz batean,
hausnartzen eta erabakitzen laguntzea. Beti gogoan izanik etorkizuna
egunez egun egiten dela eta denen artean, gizon-emakumeen artean,
egin behar dugula.
Ildo horretatik doa gizon-emakume guztiei eta Gipuzkoako erakunde
eta elkarte guztiei egiten diegun parte hartzeko gonbitea. Bakoitzak
bere eremutik, bere hausnarketa eta ikuspegietatik. Baina, gure
hausnarketak, kezkak eta proiektuak elkarren artean zabaltzeko
borondatea ere erakutsi behar dugu, norberaren etorkizuna eta
besteena elkarri lotuta daudela jabetuz.