Familia naturala

Haur orok du familia bat, eta familia horretan bizi behar du; hala ere nork ez du ezagutzen arazoak izan edo dituen familiarik edo kinka larrian dagoenik? Familiako egoera hori dela eta, haurra behar bezala ez bada ari hazten, administrazioaren eginbeharra da laguntzea haur horri eta, batzuetan, haurra babestea familiatik urrunduz. Baina horrek ez du esan nahi beren artean harremanik izan behar ez dutenik.

Horregatik, haurrak bere jatorrizko familiarekin dituen harremanak haurrarentzat kaltegarriak ez diren bitartean, administrazioak harreman horien alde egingo du, elkar ikusteko egunak jarriz, gutxi gorabehera astero edo hilero. Bisita horiek beren artean dagoen lotura afektiboari eusteko dira eta gero haurrak etxera itzuli behar duenean arazorik gabe egin dezan.

Era berean, familia naturalak behar duen laguntza teknikoa izango du, dituzten arazoak, haurra beste familia batera eraman behar izaterainokoak, konpon ditzaten, batzuetan denbora piskat behar izaten bada ere edo ez bada lortzen ere.