Familia harreraren ezaugarriak

Ondorengo hauek dira familia harreraren bi ezaugarri nagusiak:

Aldi baterako izatea, izan ere azken helburua adingabea bere etxera itzultzea baita, bere familiak izan dituen arazoak gainditu ondoren.

Bere familiarekin harremanetan egotea bisiten bidez. Gipuzkoako Foru Aldundia denez adingabeak babesteko ardura duena, bera da, Epaitegiari jarraituz, bisitak erregulatzen dituena, adingabeari zer komeni zaion ikusi ondoren.

Ez dira nahastu behar adopzioa eta familia harrera. Adopzioa egoera finko eta itzulezina da; familia harrera, berriz, aldi baterakoa da, gero berriro ere bere familiara itzultzeko. Horregatik da hain beharrezko bisiten bidez harremana edukitzea.

Adingabe bakoitzak dituen behar berezietan oinarrituz erabakitzen da zer motatako familia harrera izango den. Ondorengo bi hauek dira egungo beharrei erantzuten dietenak:

Familia harrera soila: adingabea jasotzen duen pertsonak edo familiak adingabearen familiaren zeregina beteko du. Ez du harrera horrek izan behar hasiera batean bi urte baino gehiagorako.

Familia harrera iraunkorra: adingabea pertsona edo familia batekin jarriko da bizitzen, baina aurrez ezingo da zehaztu familia horretan zenbat denbora egongo den, ziurrenik bi urte baino gehiagorako izango bada ere.