Haurrak egoki eboluzionatu eta hazteko behar beharrezkoa du afektibitatea eta segurtasuna emango dizkion familia giroan bizitzea. Giro hori bere familian bertan aurkitzea izango litzateke egokiena, noski.
Hala ere, gure gizarte honetan asko dira benetan une larriak bizi dituzten familiak eta, ondorioz, denboraldi batean ezin izaten dute beren seme-alabez behar bezala arduratu.
Adingabeak beren familietatik apartatzea azkeneko aukera bada ere eta Foru Aldundia saiatzen bada ere dituzten arazoak konpontzeko bere baliabide guztiak familien eskuetan jar-tzen, haur eta gazte asko daude oraindik ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren etxebizitzetan bizitzen. Adingabe horietako bakoitzari lagunduz eta hezitzaileen lan profesionalaren bidez, etxebizitza horietan adingabeen beharrei erantzunak ematen dizkiete, askotan haur horientzat babesik onena horixe delarik. Beste mutiko eta neskato batzuek, hala ere, familiaren babesa behar izaten dute.
Familia harreraren bidez, honako aukera hauek eskaini nahi zaizkie haur eta gazte horiei: lehenik familiak bakarrik eman ditzakeen maitasuna eta babesa, bestetik, komunitatean erabat txertaturik bizitzeko aukera eta, azkenik, etorkizunean beren familia eratuko dutenean, familia eredu egokia izatea.
