| 19. zenbakia | Data 2006-01-30 | 2400 orria |
BERGARAKO UDALA
Bergarako udalerriko irabazi-asmorik gabeko kultura talde eta elkarteei 2006. urtean garatuko dituzten jarduera eta egitarauetarako diru-laguntzak emateko oinarriak.
1.Helburua.
Oinarri hauen helburua da Bergarako irabazi-asmorik gabeko kultura talde eta elkarteei 2006an garatuko dituzten jarduera eta ekintzetarako diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea. Jarduera horiek Udaleko Jarduera, Kultur Talde, Gazteria eta Jaiak batzordeak dituen helburuekin bat etorriko dira: Kalitatezko kultura jarduerak eskaintzea Bergarako herriaren izena ezagutzera emanez, herriko jarduera nagusietan parte hartuz eta Bergarako herritarren eta gainerako kultura elkarteen arteko lankidetza bultzatuz.
Diru-laguntza banaketa honetatik kanpo geratuko dira elkarte edo talde eskatzaileek zuzenean antolatzen ez dituzten jarduerak edo egitasmoak.
2.Eskaerak.
Eskaera egiteko, oinarri hauen eranskinean jasotako eskaera orria behar bezala beteta eta diru-laguntza eskatzeko ahalmena duenak sinatuta aurkeztu beharko da, ondorengo dokumentazioarekin batera:
a) Elkartea Elkarteen Erregistroan irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa inskribatuta dagoela ziurtatzen duen agiria eta elkartearen estatutuak. Halaber, elkartearen legezko ordezkariaren ahalorde notarialaren kopia aurkeztu beharko da, edo Elkarteen Erroldako ziurtagiria, non eskaeraren sinatzaileak elkartearen barruan duen kargua agertu behar den.
Taldea inskribatu gabe badago, taldearen curriculuma aurkeztuko da: Helburuak, giza baliabideak, materialak, egoitza eta orain arte egindako jarduerak. Halaber, taldearen arduradunaren edo lehendakariaren NANaren fotokopia aurkeztuko da.
Dena den, eskatzen den diru-laguntza 3.000 euro edo gehiagokoa balitz, diru-laguntza eskuratu ahal izateko taldea elkarte bihurtu eta Elkarteen Erregistroan inskribatu beharko da.
b) 2006rako aurkezten den jarduera programa eta honen gastu eta sarrerak jasotzen dituen aurrekontua.
c) Gizarte Segurantza, Foru Ogasuna eta Bergarako Udalarekiko ordainketetan egunean dagoela ziurtatzen duten agiriak.
Eskatzen den diru-laguntza 3.000 euro baino txikiagoa denean, dokumentu horien ordez zinpeko aitorpen bat aurkeztu ahal izango da.
d) Aurreko urteko gastu eta sarreren balantze erreala.
e) Beste erakunde eta organismo batzuei egindako diru-laguntza eskaeren zein jadanik jasotako diru-laguntzen gaineko zinpeko aitorpena.
f) Azaroak 17ko 38/2003 Legeak 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako diru-laguntzak jasotzeko debeku-egoeretako batean ez dagoela dioen zinpeko aitorpena.
Eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileak oinarri hauetan ezarritako baldintzak bere horretan onartzen dituela.
Ez da beste dokumentazio motarik onartuko.
Eskatutako dokumenturen bat jadanik Bergarako Udalaren esku balego, diru-laguntzaren eskatzaileak ez du dokumentu hori aurkeztu beharrik izango, beti ere eskaeran adierazten bada zein egunetan aurkeztu zen eta zein organori edo zein bulegotan izan zen, eta ez badira bost urte baino gehiago igaro dagokien prozedura bukatu zenetik.
Hala ere, dokumentua lortzeko ezintasun materiala balego, organo eskudunak dokumentua erabaki-proposamenaren formulazioa baino lehen aurkezteko eska dezake.
3.Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 13:00etara, aurkeztu ahal izango dira, Udaletxeko Erregistro Orokorrean, oinarri hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.
Eskaerak aurkezteko epea igande edo jaiegunean amaituko balitz, epea ondorengo laneguneko 13:00etan bukatzen dela ulertuko da.
4.Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.
a) Taldearen funtzionamendu arrunterako gastuak.
—Lokala: Udalak utzitakoa (0 puntu) ala partikularra (puntu 1).
—Bazkide kopurua: <50: Puntu 1; 50 – 100: 2 puntu; >100: 3 puntu.
—Bazkideek kuota ordaintzea: Puntu 1.
—Elkartea herrian finkatuta egotea: <5 urte: Puntu 1; 5-10 urte: 2 puntu; >10 urte: 3 puntu.
—Bazkideen adinaren batez-bestekoa: 20 urtetik beherako 10 bazkide: Puntu 1; 20 urtetik beherako 10 – 20 bazkide, edo hortik gora: 2 puntu.
b) Programazioaren gastuak: Puntuazio irizpidea atal honetako puntu bakoitzerako: 1 txikia; 2 ertaina; 3 handia.
—Egingo den jardueraren kalitatea.
—Bergarako Udalerrian jarduera horrek izango duen eragina edo zabalkundea.
—Bergarako Udalerritik kanpo jarduera horrek izango duen eragina edo zabalkundea.
—Bergarako Udalerritik kanpo kultura taldeak edo elkarteak duen zabalkundea.
—Jarduerari emango zaion zabalkundea (prentsa bidez, komunikabideetan).
—Jarduera bideratzeak elkarteari eskatzen dion esfortzua, giza baliabide eta diru-iturrien aldetik.
—Entitateen eta herritarren arteko lankidetza bultzatzen duen.
—Gainontzeko elkarteen jarduerarekiko errespetua.
—Elkartearen partehartzea herriko jarduera nagusietan (jaiak, ekintza instituzionalak).
—Euskararen normalkuntzan kultura elkarteak egiten duen ekarpena.
—Emakumearen programak bultzatuko dituzten programak izatea.
—Bergarako udalerriko berezko kultura ezaugarriak bultzatzea.
5.Erabakia.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, eskaerak Udaleko Jarduerak, Kultur Taldeak, Jaiak eta Gazteria Batzorde Informatzaileak aztertuko ditu, eta agiriren bat falta bada, 10 eguneko epea egongo da hura aurkezteko.
Epea hori bukatu eta falta den agiria aurkeztu ez bada, diru-laguntza eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
Azkenik, Departamentuak txosten teknikoa egin ondoren, Jarduerak, Kultur Taldeak, Jaiak eta Gazteria Batzorde Informatzaileak diru-laguntzak emateko proposamena egingo dio Alkateari hark erabakia har dezan.
Erabakia eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez hiru hilabeteko epean eman beharko da.
Hiru hilabeteko epe hori igaro ondoren, Udalak eskaeraren baten gainean erabakirik hartu ez badu, eskaera ez dela onartu ulertuko da.
Udalak, batzorde informatzailearen bitartez, beharrezko deritzon informazio osagarri guztia eskatu ahal izango du erabaki-proposamena formulatu aurretik.
6.Onuradunen betebeharrak.
Onuradunaren betebeharrak dira:
a)Diru-laguntzaren arrazoi diren jarduerak egin edo/eta helburuak betetzea.
b)Diru-laguntzaren emakida edo erabilpenerako baldintzak, jarduerak eta helburuak bete direla Bergarako Udalaren aurrean justifikatzea.
c)Udalak egin beharreko egiaztapen jarduketen pean jartzea.
d)Bergarako Udalari berak lagundutako jarduera berberengatik jaso den beste diru-laguntzen berri ematea.
Horren berri jakin bezain laster egin beharko da komunikazio hau eta, edozein kasutan, Udaletik jasotako fondoen erabilera justifikatu aurretik.
e)Jasotako fondoen erabilerari buruzko egiaztagiriak gutxienez bost urtez gordetzea.
f)Diruz lagundutako jardueraren informazio, publizitate eta propaganda guztietan Bergarako Udalaren lankidetza agerraraziko da.
g)Euskararen erabileraren inguruan Udalak markatutako irizpideak bete beharko dira. Diru-laguntza jasotzen duten elkarteek lehentasuna emango diote euskarari ekitaldiak iragartzerakoan. Hizkuntzaren aldetik, baldintza hauek bete beharko dira:
—Jendaurreko idatzizko mezuak (kartel, iragarki, esku-programa, liburuxka) euskaraz edo ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) idatziko dira. Beti eduki beretsuak izan ohi dituztenak euskara hutsez, eta ele bietan egiten direnen kasuan, euskarari emango zaio lehentasuna, bai kokalekuaren aldetik (euskarazkoa erdarazkoaren gainean) eta bai neurriaren aldetik ere. Testuak, hizkuntza aldetik, zuzen idatziak daudela egiaztatzeko, Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzura eraman beharko dira.
—Ahozko komunikazioetan ere euskara hutsa erabiltzera joko da eta bi hizkuntzak erabili behar izanez gero, euskarari emango zaio lehentasuna erdarakoaren aurretik azalduz eta, mezua errepikatzen denean, erdarazkoa baino bi aldiz sarriago, behintzat, emanez.
—16 urtez azpikoei zuzendutako mezu guztiak (idazki, hitzaldi, eta abar) euskara hutsezkoak izango dira.
7.Diru-laguntza ordaintzeko modua
Onartutako diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da (lehenengo %60 eta gero %40).
Diru-laguntza 3.000 euro baino txikiagoa denean, Alkateak diru-laguntza onartzen duenetik kontatzen hasita, hilabeteko epean diru-laguntzaren %60 ordainduko da.
Diru-laguntza 3.000 euro edo handiagoa denean Udalarekin hitzarmena sinatu beharko da eta horretarako aurrez ondorengo hau ziurtatu beharko dute:
—Elkartea Elkarteen Erregistroan inskribatuta dagoela, eskaera aurkeztean ziurtatu ez badute.
—Zerga eta Gizarte Segurantzako betebeharretan egunean daudela adierazten duten ziurtagiriak. Halaber, Bergarako Udalarekiko ordainketetan egunean dagoela dioen agiria.
Dokumentu horiek aurkeztu beharko dira eta hitzarmena sinatu erabakiaren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Ondoren diru-laguntzaren %60 ordainduko da.
Hitzarmena sinatzeko hilabeteko epe hori igarota diru-laguntzaren onuradunari lepora dakiokeen arrazoiren bategatik ez balitz hitzarmena sinatuko, elkarteak diru-laguntzari uko egiten diola ulertuko da.
Diru-laguntzaren beste zatia (%40) jasotzeko ondorengo agiriak aurkeztu beharko dira, 2007ko urtarrilaren 15eko 13:00ak baino lehen, Bergarako Udaleko sarrera erregistro orokorrean:
—Erakundearen jarduera globalaren nahiz diruz lagundutako ekintzen memoria.
*Jarduera guztien zerrenda, bakoitza zein hizkuntzatan burutu den.
*Programatutako jardueren dokumentazio grafikoa (kartelak, esku-programak, liburuxkak, banatutako idatzizko materiala, prentsa oharrak, etab.).
*Izandako gastuen faktura originalak edo kopia konpultsatuak.
*Emaitza ekonomikoen memoria eta balantze errealak (diru-laguntza 3.000 eurotik gorakoa denean bakarrik).
Elkarteak, aintzat hartzeko moduko arrazoirik aurkezten ez badu, edo ez baditu programatutako jarduerak edo oinarri hauetan zehaztutako betebeharrak betetzen, zati batean bada ere, Udalak jasotzeko geratzen zaion diru-laguntza edo horren zati bat ez ordaintzea erabaki ahal izango du, eta baita jadanik kobratuta duen dirua (guztia edo zati bat) itzularaztea ere.
Erabaki hau hartu aurretik interesatuari entzungo zaio.
8.Diru-laguntzen konkurrentzia.
Udalak emandako diru-laguntza bateragarria da helburu berarengatik jasotako beste edozein diru-laguntzarekin.
Hala ere, diru-laguntza ezin izango da izan, beste diru-laguntza batzuekin batera zein ez, lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.
9.Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta, beti ere, laguntza honekin batera beste entitate publiko edo pribatu batzuetatik jasotako diru-laguntzak aldatzen badira, emakidaren erabakia aldatzea gerta daiteke.
10.Diru-laguntza ezeztatzea.
Diru-laguntza beharrezko baldintzak bete gabe jaso izanak diru-laguntza berrikustea ekarriko du eta, dagokionean, diru-laguntza ezeztatzea.
11.Interpretazioa.
Oinarri hauen interpretazio eta garapenean sor daitezkeen zalantzak Jarduerak, Kultur Taldeak, Jaiak eta Gazteria batzordeburuak erabakiko ditu.
Bergara, 2006ko urtarrilaren 16a.—Idazkaria.
(253) (721)