| 169. zenbakia | Data 2005-09-06 | 17888 orria |
BERGARAKO UDALA
Iragarkia
Alkate jaunak, 2005eko uztailaren 13an emandako dekretu baten bitartez, Gobernuz Kanpoko Erakundeei 2005erako dirulaguntzak emateko deialdia arautuko duen baldintza-plegua onartu zuen eta honen bidez argitaratzen da:
GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE
EDO INSTITUZIOEI 2005ERAKO
DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA
ARAUTUKO DUEN BALDINTZA PLEGUA
1.Xedea.
Deialdi honen xedea da Gobernuz kanpoko erakundeekin lan egiteko programak antolatzeko eta garatzeko eta garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen baldintza sozio-ekonomikoak hobetzeko jarduerak burutzeko dirulaguntzak ematea, baita goian aipatutako herrialdeetako errealitatearekiko herritarren interesa sortzera zuzendutako ekintzak egitea ere.
2.Oinarriak.
Dirulaguntza eran emango dira laguntzak, eta baldintza plegu honek eta azaroaren 17ko 38/2003 Legeak ezarritakoa bete beharko dute.
3.Laguntzetarako diru izendapena.
Dirulaguntzen deialdi honetarako izendatu den kopurua 60.520,24 € da, 2005 urteko aurrekontuei egotzita.
Kopuru hori ondoren adierazten den eran banatuko da:
—%10a herrian bertan egingo diren sentsibilizazio arloko ekintzetara bideratuko da.
—Gainerako %90a garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen baldintza sozio- ekonomikoak garatu eta hobetzera zuzendutako ekintzetara bideratuko da.
4.Eskabideak.
Legez eratuta dauden eta irabazi asmorik gabekoak diren Gobernuz Kanpoko Erakundeek eska dezakete dirulaguntza. Beren ekintzek deialdi honen xedearekin bat egin behar dute eta Gipuzkoan izan behar dute egoitza.
Deialdi honetatik kanpo geratuko dira Estatu, Administrazio Autonomo, Foru Aldundi eta Aurrezki Entitaren baten menpeko erakundeak.
Parte hartzen duen GKE bakoitzak, proiektu bakar bat aurkez dezake arlo bakoitzerako (sentsibilizaziorako bat eta lankidetzarako beste bat).
5.Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Dirulaguntza jasotzeko aukera izateko, honako baldintzak bete beharko ditu Erakundeak, Instituzioak edo Elkarteak:
a)Legez eratutako Gobernuz Kanpoko Erakunde edo Instituzio bat izatea, irabazpide asmorik gabekoa, eta ez egotea Estatuaren menpe, ez Administrazio Autonomoaren menpe, ez Foru Aldundiaren menpe ez eta Aurrezki entitateen menpe ere, eta bere ekintzak deialdi honetan zehaztutakoekin bat etortzea eta, azkenik, Gipuzkoan egoitza izatea.
b)Garapenerako eta lankidetzarako ekintzak antolatzen esperientzia izatea. Esperientzia egiaztatzeko, 2004an zehar egindako ekintzak eta jasotako dirulaguntzak aipatuko dira.
c)Diruz lagunduko diren ekintzak aurrera eramateko gaitasuna izatea. Erakundeak ondorengoak adierazi beharko ditu, inprimaki ereduari jarraituz:
—Gobernuz Kanpoko Erakundeari dagozkion datuak.
—Garapen bidean dagoen herriko erakundearekin duten harremana.
6.Proiektuak baloratzeko irizpideak.
Dirulaguntzak banatzeko orduan, aurkeztutako ekintzak baloratzeko ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan:
A.Herrian bertan egingo diren sentsibilizazio ekintzetarako:
a)Proposatutako ekintzek bideragarritasuna garantizaturik izatea. (Horretarako, helburuak zehaztutako aurrekontua eta ekintzak antolatzen erabiltzen diren bitarteko eta baliabide ekonomikoak eta pertsonalak baloratuko dira).
b)Ekintzak komunitate osoa inplikatuko duten programen barruan egitea.
Hala ere, Udalak ekintzak bideragarriak ez direla joko balu, ez litzateke gainontzeko alderdiak baloratzen hasiko.
B.Garapen bidean dauden herrialdeetan burutuko diren lankidetza ekintzetarako:
Lehentasuna izango dute lehendik, aurreko ekitaldian, Udal honek diruz lagundu zuen proiekturen baten jarraipena direnek,, eta emango zaien dirulaguntza zehazteko honako irizpide hauek aplikatuko dira:
a)Proposatutako ekintzek bideragarritasuna garantizatuta izatea.
a.1) Lortu nahi diren helburuak, biztanlego hartzailea, onuradunen kopurua, eta proiektua egin behar den lekuan erakundeak dituen bitarteko tekniko, pertsonal eta materialak hartuko dira kontuan, bai eta, giza-baliabideen organigrama eta proiektuaren egutegia ere.
a.2) Proiektua aurrera eramateko aurkeztutako proiektuari, erakundeak aportatuko duen finantziazioari eta proiektua burutu ahal izateko gutxieneko aurrekontuari begiratuko zaie.
a.3) Proiektuak finantziaketa publiko nahiz pribatua izatea edo/eta aurreikustea. (Zinpeko deklarazio bidez).
b)Ondorengo helburu bat edo gehiago betetzea baloratu egingo da proiektuetan:
b.1)Komunitateko kideen partaidetza bultzatzea.
b.2)Komunitate onuradunaren kideen prestakuntza.
b.3)Emakumeek bultzatutako edota bultzatzeko proiektuak izatea.
b.4)Hango erakundeen garapena bultzatzea.
b.5)Komunitateak berak egindako eskariak izatea.
b.6)Ingurumena errespetatzea.
Aurreko urtean udal honek diruz lagundu zituen proiektuen jarraipena den proiekturik ez balego, edo horrelakoei eman ondoren dirua soberan geratuko balitz, irizpide berak aplikatuko dira aurkeztu diren gainontzeko proiektuak baloratzeko, hau da, dirulaguntza lankidetzako zein ekintzari emango zaion eta zenbateko laguntza izango den zehazteko.
Horrez gain, lehiaketan parte hartzeko baldintzak betetzen dituen erakunde eskatzaile bakoitzarekin elkarrizketa egingo da, aurkeztutako proiektua defenda dezaten.
Dirulaguntzak banatzeko orduan, onartutako aurrekontua, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa eta GKE horrek Udalari eskatutako dirulaguntza hartuko dira kontuan.
7.Aurkeztu beharreko dokumentazioa. Ekintza mota bietarako.
Eskaerak, Baldintza plegu honetan azaltzen den inprimaki-ereduari jarraituz aurkeztu beharko dira, eta bertan agertzen diren zati guztiak osatu egin beharko dira. Eskabidearen inprimakiarekin batera honako agiriak aurkeztuko dira:
a)Elkarte hori Elkarteen Erroldan irabazi asmorik gabeko erakunde gisa inskribatuta dagoela ziurtatzen duen agiria.
b)Elkartearen legezko ordezkariaren Ahalmen Notarialaren kopia edo eskaera sinatzen duenak elkartearen barruan duen kargua ziurtatzeko Elkarteen Erroldak egiten duen agiria.
c)Estatutuen kopia.
d)2004an burututako jarduerei buruzko memoria: Burututako ekintzak, Parte-hartzaileak, Parte-hartzearen maila, Interesgarria izan den ala ez, Erabilitako bitarteko eta materialak, eta Balantze ekonomikoa.
e)Udal honetan aurkeztutako proiekturako beste erakunde edo insituzio batzuei egin zaizkien eskaerak eta jadanik eskuratu dituzten beste dirulaguntza batzuen berri ematen duen zinpeko aitorpena.
f)Zerga alorreko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela egiaztatzeko ziurtagiriak.
g)Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluak, 2. eta 3. ataletan adierazitakoaren arabera, dirulaguntza jaso ezin izateko kasuetako batean ez egotea.
Eskaera aurkezteak esan nahi du eskatzaileek oinarri hauetan ezarritako baldintzak bete-betean onartzen dituztela.
Ez da beste dokumentazio motarik onartuko.
Goian adierazitako a, b eta c puntuetako agirietako batzuk jadanik Bergarako Udalaren esku egongo balira, dirulaguntzaren eskatzaileak ez dauka dokumentu horiek zertan aurkeztu behar, betiere eskabide orrian dokumentu horiek noiz eta non (organoa edo bulegoa) aurkeztu ziren adierazten bada, eta hori gertatu zenetik bost urte baino gehiago igaro ez badira.
Hala ere, agiriak eskuratzerik ez balego, horretan eskumena duen organoak ebazpenaren proposamena egin aurretik aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari.
8.Eskaerak aurkezteko epea.
Eskaerak astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara, aurkeztu ahal izango dira Bergarako Udalaren Erregistro Orokorrean. Horretarako 30 egun natural egongo dira, oinarri hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunaren biharamonetik kontatzen hasita.
Eskaerak aurkezteko azken eguna larunbata, igandea edo jaieguna balitz, epea ondorengo laneguneko 13:00ak arte luzatuko da.
9.Erabakia.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondoren, eskaerak Udalaren Osasun, Enplegu eta Gizarte Gaien Batzorde Informatzaileak aztertuko ditu, eta agiriren bat falta bada, 10 eguneko epea emango da hura aurkezteko.
Esandako 10 egun horietan agiria aurkeztuko ez balu, zuzenean baztertuko litzateke dirulaguntza eskaera.
Azkenik, txosten teknikoa egin ondoren, Udalaren Osasun, Enplegu eta Gizarte Gaien Batzorde Informatzaileak dirulaguntzak emateko proposamena egingo dio Alkateari erabakia har dezan.
Erabakia hartzeko hiru hilabeteko epea izango du gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.
Epe hori igaro ondoren, Udalak eskaeraren baten gainean erabakirik hartuko ez balu, eskaera onartu ez dela ulertu beharko litzateke.
Erabakiaren proposamena formulatu aurretik, Udalak beharrezko deritzon informazio osagarri guztia eskatu ahal izango du Batzorde Informatzailearen bitartez.
10.Onuradunaren betebeharrak.
Honakoak dira onuradunaren betebeharrak:
a)Dirulaguntzaren arrazoi diren jarduerak egin edota helburuak betetzea.
b)Dirulaguntza ematearen edo erabiltzearen helburu diren ekintzak betetzen direla Bergarako Udalaren aurrean justifikatzea, bai eta ekintza horiek burutzeko baldintzak eta betekizunak betetzen direla ere.
c)Udalak ekintzak betetzen ari direla frogatzeko egingo dituen jarduketak onartzea.
d)Diruz lagundutako jarduera berengatik beste dirulaguntzaren bat jasoko balitz, horren berri ematea Bergarako Udalari.
Beste dirulaguntza hori jaso dela jakin bezain laster jakinarazi beharko zaio Udalari eta, edozein kasutan, Udaletik jasotako fondoen erabilera justifikatu aurretik.
e)Udalarekin hitzarmena sinatzea.
Hitzarmena emandako dirulaguntzaren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean sinatu beharko da.
Hilabeteko epe hori igarota dirulaguntzaren onuradunari lepora dakiokeen arrazoiren bategatik hitzarmena sinatuko ez balitz, elkarteak dirulaguntzari uko egiten diola ulertuko da. Hitzarmen horretan alde bien eskubideak eta betebeharrak egongo dira jasota, bai eta dirulaguntza ordaintzeko era, jarduera nola burutuko den, egindako jarduerei buruzko txostenak eta memoriak aurkeztean bete beharrekoak, eta gutxi gorabehera jarduerak noiz hasi eta noiz bukatuko diren.
f)Hurrengo urteko uztailaren 31 baino lehen honako agiriak aurkeztea:
—Egindako jardueren memoria.
—Gastu eta sarreren balantzea.
—Egindako gastuen fakturak.
g)Jasotako diruaren erabilerari buruzko egiaztagiriak gutxienez bost urtez gordetzea.
h)Diruz lagundutako jardueraren informazio, publizitate eta propaganda guztietan Bergarako Udalaren lankidetza agerraraziko da.
Euskararen erabileraren inguruan Udalak markatutako irizpideak bete beharko dira.
11.Ekintzaren justifikazioa.
Laguntza ekonomikoa jaso ondoren, erakunde onuradunek ondorengo agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote Udalari.
a)Garapen bidean dauden herrialdeetan egin beharreko lankidetza ekintzetarako honako hauek aurkeztu beharko dira:
1.Programa burutzeaz arduratuko den pertsonari egindako diru transferentziaren ziurtagiria.
2.Burututako programa edo jardueraren memoria zehatza.
3.Diruz lagundutako gastuaren ziurtagirien orijinalak edo fotokopia konpultsatuak, edo gastu berberaren zinpeko deklarazioa.
—1 puntuan aipatutakoa, dirulaguntza jasotzen denetik gehienez ere 2 hilabeteko epean justifikatuko da.
—2 eta 3 puntuetan aipatutakoa, berriz, hurrengo urteko uztailaren 31a baino lehen.
b)Garapen bidean dauden herrialdeetako errealitatearekiko hemengo bizilagunen interesa piztea helburu duten sentsibilizazio ekintzetarako, hurrengo urteko uztailaren 31 baino lehen honako agiriak aurkeztuko dira:
—Egindako programa edo ekintzaren memoria zehatza.
—Diruz lagundutako gastuaren ziurtagirien orijinalak edo fotokopia konpultsatuak.
12.Dirulaguntzen konkurrentzia.
Udalak emandako dirulaguntza bateragarria da helburu berak lortzeko jasotako beste edozein dirulaguntzarekin.
Hala ere, dirulaguntza ezin izango da izan, beste dirulaguntza batzuekin batera zein bakarrik, diruz lagunduko den jardueraren kostua baino handiagoa.
13.Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen aldaketek, eta, edozein kasutan, beste entitate publiko edo pribatu batzuetatik konkurrentzian jasotako laguntzek, emakidaren erabakia aldatzea ekar dezakete.
14.Dirulaguntza ezeztatzea.
Honako kasu hauetan dirulaguntza berrikusi beharko da eta, hala badagokion, ezeztatu:
a)Dirulaguntza beharrezko baldintzak bete gabe jaso izana.
b)Dirulaguntzaren helburua ez betetzea.
15.Hartutako betebeharrak ez betetzea.
Aurreko puntuan adierazten ez den beste edozein ez-betetze zigortu egingo da.
Dirulaguntza kentzea ez dakarten ez-betetzeak arinak eta larriak izan daitezke.
Larri ez den edozein ez-betetze arina izango da.
Honakoak izango dira ez-betetze larriak:
—Pleguaren 10. klausulako b, c, d, f eta g puntuetan ezarritakoa ez betetzea.
—Ez-betetze arin bat baino gehiago egitea.
Honako penalizazioak ezarriko dira:
—Ez-betetze arina bada, emandako dirulaguntzaren %25a arteko penalizazioa.
—Ez-betetze larria bada, emandako dirulaguntzaren %50a arteko penalizazioa.
Halako penalizazioa interesatuari entzun eta gero ezarriko da.
Bergara, 2005eko abuztuaren 26a.—Alkatea.
(3483) (8432)
ESKAERA EGITEKO EREDUA (*)
Eskaera egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKEaren) eta beste aldeko erakundearen datuak:
ESKAERA EGITEN DUEN GKE
—Datu orokorrak:
1.Eskaera egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundearen izena.
2.Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).
3.Noiz eratu zen (data).
4.GKEren proiektuaren arduradunaren izena, helbidea eta harremanetarako telefonoa.
5.Dagoeneko burututako hiru garapen ekintza.
—GKEk udalerrian edo Gipuzkoan burutzen duen jarduera:
6.Bergaran edo Gipuzkoan buruturiko ekintzak.
7.Bergaran duen bazkide kopurua.
8.Gipuzkoan duen bazkide kopurua.
9.Bergarako liberatuen kopurua.
10.Gipuzkoako liberatuen kopurua.
11.Bergarako boluntarioen kopurua.
12.Gipuzkoako boluntarioen kopurua.
13.Proiektura bidaliko diren Bergarako boluntario edota kooperanteen kopurua.
—Beste aldeko erakundeak:
14.Izena.
15.Noiz eratu den eta buruturiko jarduerak.
16.Helbidea.
17.Proiektuaren arduraduna.
18.Poriektuaren aduradunaren kargua eta esperientzia.
—Eskaera egiten duen GKEaren eta beste aldeko erakundearen arteko lotura:
19.Harremana hasi zeneko urtea.
20.Elkarlanean buruturiko proiektuak (gehienez hiru).
—Beste aldeko erakundeak onuradunekin duen harremana:
21.Harremana hasi zeneko urtea.
22.Elkarlanean buruturiko proiektuak (gehienez hiru).
(*)Ezinbestekoa izango da ezarritako atal guztiak betetzea, GKEri dagozkionak bai eskatutako dirulaguntzarekin egingo den proiektuari dagozkionak.
PROIEKTUAREN LABURPENA
—Izena:
—Herrialdea:
—Kokapen zehatza:
—Laburpena: Helburuak, zehaztutako aurrekontua, eta ekintzak antolatzen erabiltzen diren bitarteko eta baliabide ekonomikoak eta pertsonalak.
—Nondik sortu den proiektuaren beharra.
—Denbora:
Proiektua gauzatzeko epea gutxi gorabehera.
Noiz hasiko den gutxi gorabehera (baldintza bereziren bat kontuan hartzen den zehaztu).
Noiz bukatuko den gutxi gorabehera.
—Proiektuaren kostu osoa: Derrigorrez eurotan.
Bergarako Udalari eskatzen zaion dirulaguntza zehaztu (eurotan).
Proiektu berarentzat eskatutako beste dirulaguntza batzuk zehaztu.
Proiektu berarentzat lortutako beste dirulaguntza batzuk zehaztu.
Beste aldeko erakundearen ekarpena zehaztu.
Eskaera egiten duen GKEren ekarpena zehaztu.
Honako agiriak erantsi:
—Elkarte hori Elkarteen Erroldan irabazi asmorik gabeko erakunde gisa inskribatuta dagoela ziurtatzen duen agiria.
—Elkartearen legezko ordezkariaren Ahalmen Notarialaren kopia edo eskaera sinatzen duenak elkartearen barruan duen kargua ziurtatzeko Elkarteen Erroldak egiten duen agiria.
—Estatutuen kopia.
—2004an Bergaran burututako jarduerei buruzko Memoria.
—Udal honetan aurkeztutako proiekturako beste erakunde edo insituzio batzuei egin zaizkien eskaerak eta jadanik eskuratu dituzten beste dirulaguntza batzuen berri ematen duen zinpeko aitorpena.
—Zerga alorreko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela egiaztatzeko ziurtagiriak.
—azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluak, 2. eta 3. ataletan adierazitakoaren arabera dirulaguntza jaso ezin izateko kasuetako batean ez dagoela dioen zinpeko aitorpena.
........................................................................ jaun/andreak, zinpean adierazten du aurkeztutako datuak benetakoak direla eta hitz ematen du oinarri hauetan ezarritakoa bete eta aurkeztutako proiektuak aurrera eramango dituela.
Bergara, 2005eko ...........................aren a............