Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

152. zenbakia Data 2005-08-11 16509 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GFA - DIPUTATU NAGUSIA
Abuztuaren 2ko 50/2005 FORU DEKRETUA, irabazi asmorik gabeko esparruan 2005erako mezenazgoaren lehentasuneko jarduerak erabakitzen dituena.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Abuztuaren 2ko 50/2005 FORU DEKRETUA, interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezko mezenasgo jarduerak 2005. urterako ezartzen dituena.

Apirilaren 7ko 3/2004 FORU ARAUAk, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoak, mezenasgoari aplikagarri zaizkion zerga pizgarriak arautzen ditu III. Tituluan.

Zehatzago esateko, titulu horretako IV. Kapituluan jasota daude lehentasuna aitortua duten jarduerei eta aparteko interes publikoa duten gertakarietan laguntzeko programei aplikatzekoak diren zerga onurak.

Lehentasunezko mezenasgo jarduerei dagokienez, aipatutako foru arauaren 29. Artikuluak dio Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunezko mezenasgo jardueren zerrenda bat egin ahal izango duela, ekitaldi bakoitzerako, interes orokorreko xedeen esparruan, bai eta entitate onuradunak zeintzuk diren zehaztu eta aipatutako artikuluan aurreikusitako zerga onurak aplikatzeko jarduera horiek bete beharreko baldintzak eta beharkizunak zehaztu.

Bada, foru dekretu honek ez du beste helbururik ez bada zerrendatzea zein jarduera jotzen diren lehentasunezkotzat 2005. Urterako, eta, halaber, adieraztea zein entitate onuradunek jaso behar dituzten ekarpenak, halakorik bada, eta nolako baldintza eta beharkizunak bete behar diren jarduera horiek garatzeko.

Horiek horrela, Fiskalitaterako eta Finantzetarako foru diputatuak proposaturik, Lege Aholkularitza Batzordearekin bat etorriz, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT

1. artikulua.  Xedea.

Foru dekretu honen helburua da interes orokorreko xedeen esparruan 2005. Urterako lehentasunezkotzat jotzen diren jarduerak ezartzea, eta, orobat, adieraztea zein entitate izango diren onuradunak eta zein baldintza eta beharkizun bete behar dituzten jarduera horiek apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoak, 29. Artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

2. artikulua.  Lehentasunezko jarduerak.

2005. urterako, honako jarduerak izango dira lehentasunezkoak:

1.Landa ingurunearen garapenerako esparruan:

a)Aiako Harriko Parke Naturalean bisitariak hartzeko eta ingurune natural eta kulturala interpretatzeko zentroa egitea.

b)Bisoi europarra, muturluze piriniarra eta zuhaitz igela berreskuratzeko lanak kudeatzea.

c)Gipuzkoako paisaia berezietan Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez erabakitzen dituen baso enblematikoak berreskuratzea.

d)Gipuzkoako Lurralde Historikoko landa ingurunean aisialdi guneak exekutatu, eraberritu edo egokitzea.

2.Gizarte politiken esparruan:

a)Adineko pertsonentzat, pertsona ezinduentzat eta babesik gabeko adingabeentzat egoitza eta eguneko zentro berriak egitea Gipuzkoan.

b)Adineko pertsonentzat Gipuzkoan dauden egoitzetan psikogeriatria unitateak ezartzea dementzia prozesuak dituzten pertsonak atenditzeko.

c)Gipuzkoako landa eremuko udalerrietan zentro balioanizdunak sortzea.

d)Gipuzkoako zentroak osasun eta segurtasun gaietan indarrean dauden arauetara egokitzea, beti ere zentro horiek guztiak martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzuak baimendu, erregistratu, homologatu eta ikuskatzeko arauak ezartzen dituenak, xedatutako araudira egokitzeko prozesu orokorraren barruan.

e)Pertsona ezinduei laguntza ematen dieten entitateek zerbitzuak ezarri edo zabaltzea beren jarduketa eremua Gipuzkoako Lurralde Historikoa denean.

f)Babesik gabeko adingabeei laguntze aldera boluntarioak sustatzeko jarduerak, Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiten direnean.

3.Kirolaren esparruan:

a)Gipuzkoako Foru Aldundiak 2004/2005 eta 2005/2006 ikasturteetarako onartzen dituen eskola kiroleko jarduera programetan ezarritako baldintzak eta beharkizunak betetzen dituzten kirol jarduerak.

b)Gipuzkoako kirol elkarte, selekzio eta kirolariek kirol txapelketa ofizialetan parte hartzea, baldin eta ondorengo 4. Artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen badira.

c)Ondorengo 4. Artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten kirol ekitaldiak.

d)Kirolgi Fundazioak Gipuzkoako errendimenduzko kirola mantendu, sustatu eta antolatzeko egiten dituen programa eta jarduerak.

e)Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteko jarduerak, baldin eta beraren plan estrategikoan sartuta badaude, Gipuzkoako federazio sistema osoari onura badakarkiote, eta Kirol Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna badute.

f)Emakumezkoek kirolean parte hartzea bultzatzen duten jarduerak.

g)Kirolean joko garbia eta dopaketaren aurkako borroka bultzatzen dituzten jarduerak.

h)Kirol gaiekin lotuta mugaz gaindiko lankidetzaren esparruan Kirolaren Eurosareak sustatzen dituen jarduerak.

i)Lehiaketa ofizialetan parte hartzeko izenpetutako publizitate babesletzak, beti ere foru dekretu honen 4. Artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

4.Mugaz gaindiko lankidetzaren esparruan, Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren Mugaz Gaindiko Agentziak bere estatutuetako 2. Artikuluan definituta dagoen helburu soziala osatzen duten ekintzen barruan antolatu, sustatu eta babesten dituenak.

5.Euskararen esparruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen sustapen, garapen eta normalkuntzaren alorrean 2005. Urterako ezartzen dituen laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenak, betiere ondorengo 4. Artikuluan ezartzen diren baldintzak eta beharkizunak betetzen badituzte.

6.Kulturaren esparruan:

a)Kultur ondasun kalifikatuak artatu edo balioztatzeko egiten diren jarduketak.

b)Nazioarteko kultur programak finantzatzeko edo egiten laguntzeko ematen diren diruzko zein gauzazko dohaintzak.

c)Gipuzkoako Foru Aldundia partaide den entitateen edo harekin hitzarmena indarrean duten entitateen kultur programak finantzatzeko edo egiten laguntzeko ematen diren diruzko zein gauzako dohaintzak.

d)Gipuzkoako Lurralde Historikoan argitalpen industrientzat nahiz fonografia, ikus-entzunezko, multimedia eta antzerki arlokoentzat egiten diren ekoizpenak.

7.Gizarteratze eta enplegu politiken esparruan:

a)Gizarte bazterketa jasaten duten pertsonak gizarteratzea helburu duten programak eta jarduerak.

b)Gizarte bazterketa jasaten duten pertsonak gizarteratzea eta lan munduan sartzea helburu duten programak eta jarduerak.

c)Zentro berriak eraikitzea edo orain daudenetan plaza gehiago sortzea gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei laguntzeko.

d)Gizartean baztertuta egoteko arriskuan dauden pertsonen egoerari aurre egiteko diruzko zein gauzazko dohaintzak.

8.Berrikuntzarako eta jakintzaren gizarterako politiken esparruan, nanozientzia, nanoteknologia, mikroteknologia, genomika eta proteomika eta bioteknologia alorrean egiten diren ikerketa jarduerak nahiz biomasaren, bio-erregaien eta erregaizko pilen energia berriztagarrietan egiten direnak.

3. artikulua.  Entitate onuradunak.

1.Aurreko artikuluan aipatutako jardueretako bat edo batzuk finantzazio propioa erabiliz nahiz hirugarrenek egindako ekarpenen bidez egiten edo garatzen dituzten guztiak izango dira, oro har, entitate onuradunak.

2.Jarraian adierazten diren jarduerei dagokienez, honako hauek izango dira entitate onuradunak:

A)Aurreko 2. Artikuluaren 1 apartatuko jardueren kasuan, honako hauek:

—Gipuzkoako Foru Aldundia.

—Toki entitateak.

—Irabazi asmorik gabeko entitateak.

B)Aurreko 2. Artikuluaren 6 apartatuko d) letran aipatutako jardueren kasuan, entitate onuradunak edo sustatzaileak izango dira aipatutako kultur jardueretan azken hiru urteetan modu enpresarial eta jarraituan aritu direnak.

C)Aurreko 2. Artikuluaren 7 apartatuko jardueren kasuan, entitate onuradunak edo sustatzaileak honako hauek izango dira: Beren jardueren artean apartatu horretan jasotakoak edukita, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuarekin 2005erako lankidetza hitzarmena sinatu dutenak politika edo jarduera horien garapenean parte hartzeko.

4. artikulua.  Jarduerek bete beharreko beharkizun eta baldintzak.

Lehentasuna aitortua duten jarduerek, gainera, jarduketa esparru bakoitzerako jarraian ezartzen diren beharkizun eta baldintzak bete beharko dituzte.

1.Kasu orotan, aurreko 2. Artikuluko jarduera bat edo batzuk egiten edo garatzen dituzten pertsona edo entitate guztiek idatziz eskatu beharko dute delako jarduera lehentasunezkoen barruan sartzeko, espresuki hala izenda dadin; eskaera hori jarduketa eremuaren arabera Gipuzkoako Foru Aldundian eskudun den Departamentuari aurkeztuko zaio.

2.Landa ingurunearen garapenerako esparruan, eta irabazi asmorik gabeko entitateen kasuan, honako hau aurkeztuko da:

A)Exekuzioaren xehetasunak biltzen dituen programa edo proiektua eta inbertsio, gastu eta sarreren aurrekontua.

B)Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuaren aldeko txostena eta, hala badagokio, haren baimena.

3.Gizarte politiken esparruan:

A)Esku-hartze arkitektonikoaren proiektua, eta ekipamendua edo jarduera-programa hornitzeko proiektua, inbertsio, gastu eta sarreren aurrekontua erantsita.

B)Gizarte Politikarako Departamentuaren aldeko txostena eta, hala badagokio, haren baimena.

Aurreko bi letretan aipatu den dokumentazioa lehendik aurkeztu bazaio jada, beste arrazoi batzuengatik, Gizarte Politikarako Departamentuari, ez da zertan aurkezturik izango.

4.Kirolaren esparruan:

A)2. Artikuluaren 3 apartatuko b) letran aipatzen diren jardueren kasuan honako baldintzak bete beharko dira:

a)Profesionala ez den errendimenduko kirol txapelketa ofiziala izatea.

b)Estatuko bi maila gorenetako batean, Europako edo mundu mailako txapelketa batean, edo nazioarteko kirol jardunaldietan parte hartzea. Taldekako zenbait kirol modalitatetan, hirugarren mailan aritzea aintzakotzat hartuko da txapelketetako esparrua Autonomia Erkidegoaz gaindikoa denean.

c)Parte hartzea Autonomia Erkidegoko edo Estatuko hedabideetan agertzea.

d)Lehiaketa kirol edo gizarte mailan garrantzitsua izatea.

Mendiko kirol modalitatean, lehentasunezkoak izango dira zortzi mila metrotik gorako gailurrak igotzea eta goi mailako eskaladak egitea.

Bertako kirolak direnean –tosta finkoko arraunketa, pilota, boloak eta toka eta herri kirolak–, bakoitzaren ezaugarrien arabera erabakiko da lehiaketako lurralde eremua.

B)2. Artikuluaren 3 apartatuko c) letran aipatzen diren jardueren kasuan honako baldintzak bete beharko dira:

a)Nazioarteko partaidetza garrantzitsua edukitzea, bai kualitatiboki bai kuantitatiboki. Eskakizun hori ez da kontuan hartuko bertako kirol modalitateak direnean edo helburu nagusia kirol errekreazioa duten jardunaldietan, baldin eta, azkeneko kasu horretan, bi mila eta bostehun kirolari baino gehiagok parte hartzen badute.

b)Autonomia Erkidegoko edo Estatuko hedabideetan agertzea.

c)Lehiaketa kirol edo gizarte mailan garrantzitsua izatea.

C)2. Artikuluaren 3 apartatuko f) eta g) letretan aipatzen diren jardueren kasuan, programa lehentasunezkotzat jotzeko eskaerari proiektua eta inbertsio, gastu eta sarreren aurrekontua erantsiko zaizkio, eta Kirol Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna beharko da.

D)2. Artikuluaren 3 apartatuko i) letran aipatzen diren jardueren kasuan honako baldintzak beteko dira:

a)Norbanakoen arteko lehiaketak izatea.

b)2005. Urtean jokatzea.

c)Nazioarteko lehiaketak izatea eta dagokion federazioak onartutako arau eta egutegiekin bat etortzea.

d)Entitate babestuaren helbidea Gipuzkoako Lurralde Historikoan egotea.

e)Lehiaketa horietan parte hartzea onuragarria izatea Gipuzkoako Lurralde Historikoaren izena zabaltzeko, prentsa, irrati, telebista, internet eta nazio zein nazioarte mailako beste komunikabideen bitartez.

f)Erabakitzen den publizitate babesa bat etortzea 1988ko azaroaren 11ko 34/88 Legeak –Publizitate Lege Orokorra– 24. Artikuluan eta aplikagarri diren gainerakoetan aurreikusitako arauekin.

5.Euskararen esparruan:

2. artikuluko 5 apartatuan aipatzen diren jardueren kasuan, honako baldintzak bete beharko dira:

A)Jarduera horien aurrekontua hogei mila eurotik gorakoa izatea eta horiek egiten dituen entitatea zatirik handienean bazkideen kuoten bidez ez finantzatzea.

B)Jarduerak egiten dituen entitatearen fundatzaile, bazkide edo kideak, edo horien ezkontide edo ahaideak, ez izatea lehentasunezko mezenasgo jardueren hartzaile nagusiak.

C)Entitateko gobernu organoetako patroi edo kide karguak doakoak izatea, beren zereginak betetzean izan ditzaketen gastuen dirua jasotzeko duten eskubidea eragotzi gabe.

D)Estatutuetan jasotako xede edo helburuekin bat ez datozen eta entitatearen aurrekontu sarreren %50etik gorako diru baliabideak eragingo dituen ustiapen ekonomikorik ez egitea.

6.Kulturaren esparruan:

A)Aurreko 2. Artikuluaren 6 apartatuko a)letran aipatzen diren jardueren kasuan, ondasunak Eusko Jaurlaritzak babestuta egon behar du, dagokion dekretuaren bitartez, eta babes maila ondasun kalifikatuarena izan. Kasu horretan, egingo den jarduerak bat etorri behar du Eusko Jaurlaritzaren dekretu horretan ezartzen den babes erregimenarekin. Gainera, jarduketa proiektua eta inbertsio, gastu eta sarreren aurrekontua aurkeztuko dira.

B)2. Artikuluaren 6 apartatuko b) letran aipatutako jarduerei dagokienez, nazioarteko kultur programatzat hartuko dira nazioarte mailan aitormena lortu duten artista lokalen obrak ezagutaraztea helburu dutenak, espainiar estatutik kanpo jarduten duten kultur erakundeek egindakoak edo herrialde desberdinetako artistak partaide diren bestelakoak.

Programa lehentasunezkotzat jotzeko eskaerarekin batera, jarduketa proiektua eta inbertsio, gastu eta sarreren aurrekontua aurkeztuko dira.

C)2. Artikuluko 6 apartatuaren c) letran adierazitako jarduerei dagokienez, entitateak partizipatuak direla ulertzen da erabakiak hartzeko organoetan Gipuzkoako Foru Aldundiak ordezkari bat duenean.

Kasu honetan ere, eskaerarekin batera jarduketa proiektua/k eta inbertsio, gastu eta sarreren aurrekontua aurkeztuko dira.

D)2. Artikuluaren 6 apartatuko d) letran aipatzen diren jarduerei dagokienez, argitalpen industria izango da batik bat liburuak argitaratzeagatik fakturatzen duena. Industria fonografikoa batik bat diskoak kaleratzeagatik fakturatzen duena. Ikus-entzunezko industria telebista eta zinerako edukiak ekoizten dituena. Multimedia industria testu, irudi eta soinua biltzen dituzten edukiak ekoizten dituena. Eta antzerki enpresa testu dramatikoak ekoiztu eta antzezten dituena.

Jarduera lehentasunezkotzat jotzeko eskaerarekin batera, proposatutako produkzioaren proiektu edo programa eta inbertsio, gastu eta sarreren aurrekontua aurkeztuko dira.

7.Gizarteratze politiken esparruan:

A)Exekuzioaren xehetasunak biltzen dituen proiektua edo programa, eta gastu eta sarreren aurrekontua.

B)Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuaren aldeko txostena.

5. artikulua.  Elkarrekikotasuna lehentasunezko jarduerak izendatzean.

Apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak, irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzkoak, 31. Artikuluan xedatzen duenez, foru arau horren 29. Artikuluan aurreikusi diren zerga onurak Estatuko eta beste foru lurraldeetako organo eskudunek lehentasunezkotzat jotzen dituzten jarduerei eta programei ere aplikatuko zaizkie, baldin eta, haiek onartua duten araudian beste hainbeste egiten bada Gipuzkoako Foru Aldundian onartutako jarduera eta programekin.

Amaierako xedapena.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean eta 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2005eko abuztuaren 2a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.

FISKALITATERAKO ETA FINANTZETARAKO
D
EPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Juan Jose Mujika Aginagalde.

(8542) (7882)