Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

151. zenbakia Data 2005-08-10 16489 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

LEGAZPIKO UDALA
Hiritartu gabeko lurzoruan udal bideak babestu, defentsa eta zaintzeko ordenantza. Behin betiko onespena.

LEGAZPIKO UDALA

Iragarkia

Legazpiko Udal Korporazioaren Osoko Bilkurak, joan den 2005eko maiatzaren 18an egin zuen aparteko bilkuran, hasierako onespena eman zion lurzoru urbanizaezinean udal-bideak babestea, defendatzea eta zaintzea arautzeko Ordenantzari.

Jendaurreko informazio-epean bi alegazio aurkeztu ziren eta 2005eko uztailaren 27an eginiko osoko bilkuran behin betiko onespena eman zitzaion ordenantzari, bere Eranskinean «tasa» hitzaren ordez «fidantza» hitza ezartzeko aurkeztu den alegazioa onartu eta gainerako alegazioak baztertu ondoren, beraz, aipatu araudia argitara ematen da.

Legazpi, 2005eko uztailaren 29a.—Alkatea.

(2001) (7806)

Lurzoru urbanizaezineko udal jabetzapeko bideak babestea, defendatzea eta zaintzea zrautzeko Ordenantza.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.

Honako ordenantzan arautuko dena Legazpiko udalerrian ezarriko da.

2. artikulua.

Ordenantzaren helburua Legazpiko udalerrian eta lurzoru urbaniezaezinean (edo hirigintzako legerian ezarritako antzeko kontzeptua duen lurzoruan) dauden udal jabetzapeko bideak babestea, defendatzea eta zaintzea izango da.

3. artikulua.

Arautze honen helburua Udalari esparru juridikoa eskaintzea da, landa-bideak zaintzeari buruzko eskumenak modu zuzenean garatzeko.

4. artikulua.

Ordenantzan jasotako arauak Legazpiko Udaleko inbentarioan une bakoitzean jasota dauden landa-bideei aplikatuko zaizkie. Aipatu inbentarioa indarreko lege-erabakien arabera egingo eta onartuko da.

LEHENENGO TITULUA

UDAL JABETZA PUBLIKOKO BIDEAK

5. artikulua.

Jabetza publikoko bideak, oro har, askatasunez erabiliko dira, betiere haien izaera eta legeak, araudiak eta bestelako xedapenak errespetatuz.

6. artikulua.

Bidearen erabilera berezia izango da ondoren zehaztuko diren ibilgailuek egingo duten erabilera:

—Ar-ibilgailuak,

—Kateak jarrita duten ibilgailuak edo antzekoak,

—Bide-arrasteko ibilgailuak,

—Errodadura-bandadun ibilgailuak,

—Hiru ardatz baino gehiago duten kamioiak,

—Arrasteko gurdiak, hala nola, lerak edo antzekoak,

—Ardatzeko 7 tona baino gehiago pisatzen duten ibilgailuak.

7. artikulua.

Jabetza publikoko bideak erabili ahal izateko ezinbestekoa izango da udal baimena aldez aurretik jasotzea.

8. artikulua.

1.Bideen erabilera berezia egin nahi duenak dagokion baimena eskatu beharko dio Udalari, horretarako dagoen inprimaki-eredua betez; eman beharreko datu guztiak eman beharko ditu organo eskudunak dagokion erabakia har dezan.

2.Erabakia hartu aurretik nahitaezko txostenak eskatu ahal izango dira. Udaleko zerbitzu teknikoak erabili nahi den bidea ikustera joan daitezke eta haren egoera zehaztu.

3.Erabakia hartzeko eta jakinarazteko epea hilabetekoa izango da. Isiltasunak eskaria ez dela onartu esan nahiko du, ezin baitira isiltasunaren bidez udal jabetza publikoaren gaineko eskumenak eskuratu.

4.Prozedurari amaiera emango dion ebazpenak espedientetik sortutako gai guztiak argituko ditu eta, dagokionean, erabilera berezia egiteko ezarriko diren baldintza guztiak jasoko ditu. Halaber, Ordenantzaren Hirugarren Tituluan aurreikusitako fidantzari buruz erabakiko du.

5.Udal baimena izateak ez du interesatua salbuesten indarreko legeriaren arabera eskatu beharreko bestelako baimenak jasotzetik.

9. artikulua.

Udalak tasa bat ordaintzea eska dezake udal jabetza publikoko bidearen erabilera bereziarengatik. Aipatu tasa ezarri, kitatu, kudeatu eta ordainarazteari buruz arautu beharreko guztia dagokion Ordenantza Fiskalaren bidez arautuko da.

BIGARREN TITULUA

ONDAREZKO KALIFIKAZIOA DUTEN BIDEAK, ERABILERA EDO ZERBITZU PUBLIKORA LOTUTA EZ DAUDELAKO

10. artikulua.

Aipatu bide horiek 6. artikuluan aurreikusitako ibilgailuekin erabiltzeko ez da baimenik eskatuko eta une bakoitzean toki-entitateen ondarezko ondasunak erabiltzeari buruzko ordena-mendu juridikoak dioenera egongo da.

11. artikulua.

Bidea erabili nahi duenak dagokion eskaera aurkeztuko du udaletxean. Eskaeran azaldu beharreko datu guztiak azalduko ditu eta horrek dagokion espedienteari emango dio hasiera. Aipatu espedienteak erabilerari eta baldintzei buruz erabakiko du.

12. artikulua.

Bidea erabiltzeko eskubidea emango duen administrazio-ebazpena jasoko ez den bitartean ezingo da aipatu bidea erabili.

HIRUGARREN TITULUA

AURREKO BI TITULUENTZAKO
XEDAPEN KOMU-NAK

13. artikulua.

Legazpiko Udalak fidantza bat jar dadila eska dezake. Fidantza hori zuzenbidean onartutako edozein bide erabiliz jarri ahal izango da udal kontu-hartzailetzan bidea erabiltzen hasi aurretik.

14. artikulua.

Fidantzaren zenbatekoa I. Eranskinean ezarritakoaren arabera kalkulatuko da, erabilera-motaren arabera.

Eranskinean jaso diren diru-kopuruak urtero eguneratuko dira Legazpiko Udaleko Alkatetzaren ebazpenaren bidez eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

15. artikulua.

1.Bidearen erabilera amaitu ondoren horrela jakinaraziko zaio Udalari; orduan zerbitzu teknikoak bidea ikustera joango dira haren egoera ikusteko eta guztiaren berri emanez txostena egingo dute.

2.Txostenean erabili den bidean konpondu beharreko kalteak sortu ez direla jasoz gero, organo eskudunak ebazpena emango du eta interesatuari fidantza itzultzea (eskatu bazaio) erabakiko du.

3.Txostenean erabili den bidean kalteak sortu direla jasoz gero, kalte horiek kuantifikatu egingo dituzte udaleko zerbitzu teknikoek; ondoren, interesatuari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango zaio esan nahi duena esan dezan. Interesatuak Udalari akordio bat luza diezaioke eztabaida konpontzeko eta adostasun batera iritsiz gero, prozedurari amaiera emango dion ebazpenean jasoko da. Adostutako erabakiaren arabera fidantzarena erabakiko da.

4.Alegaziorik aurkezten ez bada edo kalteak edo haien zenbatekoaren gainean eztabaidarik ez badago, organo eskudunak espedientea erabakiko du. Ebazpenean kalteak egon direla eta haien zenbatekoa zehaztuta geratzen direla egiaztatzen bada, fidantza bahituko da eta Udalak egingo ditu egin beharreko konponketa-lanak fidantzaren kontura eta, behar izanez gero, kontratazio publikoak egiteko ahalmena erabiliko du. Ebazpen hori, berehala betetzeko izango dena, interesatuari jakinaraziko zaio eta zuzenbidean dagozkion helegiteak aurkeztu ahal izango ditu erabakiaren aurka.

5.  Konponketa-lanen kostua fidantza baino handiagoa denean, udal kontu-hartzailetzak zorpekoen ziurtagiria luzatuko du eta interesatuari jakinaraziko zaio haren ordainarazpena abiatuz.

Kostua fidantza baino txikiagoa denean, aldea interesatuari itzuliko zaio.

LAUGARREN TITULUA

ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

16. artikulua.

Arau-hausteak oso larriak, larriak edo arinak izan daitezke.

1.Hauek dira arau-hauste oso larriak:

—Ordenantza honetan jasotako bideak dagokion baimenik gabe erabiltzea, baimen hori nahitaezkoa denean.

—Bidea erabiltzen hastea ezarri beharreko fidantza ezarri gabe, fidantza ezartzea derrigorrezkoa denean.

2.Hauek dira arau-hauste larriak:

—Zirkulatzeko onartutako pisua edo zama baino gehiagorekin ibiliz bidea erabiltzea.

—Emandako baimenetan ezarritako aginduetako baten bat ez betetzea.

—Bidea erabiltzen duten beste erabiltzaileei kalteak gutxitzeko eta haien eskubidea errespetatzeko beharrezko neurriak ez hartzea.

3.Hauek dira arau-hauste arinak:

—Arau-hauste oso larria edo larria ez den bestelako ekintza edo omisio, araudi honetan edo aplikagarria den beste edozeinetan ezarritakoa urratzen denean.

17. artikulua.

Arau-hauste oso larriak 1.501 € eta 3.000 € arteko isunarekin zigortuko dira.

Arau-hauste larriaren kasuan isuna 751 € eta 1.500 € artekoa izango da.

Arau-hauste arinek 750 € arteko isuna jasoko dute.

Ezarriko den zehapena erabakitzeko orduan ondoko irizpideak hartuko dira bereziki kontutan:

a)Nahita egin den edo behin baino gehiagotan egin den.

b)Sortutako kalteen izaera.

c)Urte beteko epean antzeko arau-haustea berriro egitea, arau-hauste hori ebazpen tinkoaren bidez arau-haustetzat hartu denean.

18. artikulua.

Zehapenak behar den moduan jar daitezen, unean uneko administrazio-legeria aplikagarrian aurreikusitako zigor-prozedura jarraitu beharko da.

Zehapenak ezarriko dituen organo eskuduna Legazpiko Udaleko Alkatetza-Lehendakaritza izango da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost laneguneko epearen barruan hartuko du indarra.

ERANSKINA

FIDANTZA

€ / estéreo

1.  Egurra ateratzea:

Km. bateraino 1

Km. batetik 2 km.raino 1,5

2 Km. baino gehiago 2

€ / kamioi

2.  Bestelako jarduerak:

Km. bateraino 42

Km batetik 2 Km.raino 60

2 Km. baino gehiago 67

3.  Gutxieneko fidantza: 600 €.