Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

149. zenbakia Data 2005-08-08 16299 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

BERGARAKO UDALA
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erregelamendua aldatzea. Behin betiko onespena.

BERGARAKO UDALA

Iragarkia

2005eko maiatzaren 30ean Udalbatzak egindako osoko bilkuran erabaki zuen Etxez-etxeko Laguntzaren Arautegiaren aldaketari behin behineko onarpena ematea.

Kontuan izanik jendeaurrean egon den epean ez dela ohartarazpenik edo iradokizunik aurkeztu, aldaketa behin betirako onartuta geratu da. Beraz, eta apirilaren 2ko 7/85 Legearen 70.2 artikuluak xedatzen duena betez, aipatutako araudia argitaratzen da.

Bergara, 2005eko uztailaren 29a.—Alkateordea.

(3310) (7689)

Aldatu diren artikuluak (13, 19, 23, 28) ondoren jasotzen diren bezala geratuko lirateke onartutako aldaketaren ondorioz:

13. artikulua.  Dokumentazioa eta tramitazioa.

1.  Zerbitzuaren eskaerak herritar bakoitzari dagokion udalerriko Gizarte Laneko Unitatean (G.L.U.) egingo dira. Bertan, eskatutako dokumentazioarekin batera, Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuan aurkeztu beharreko eskaera-eredu normalizatua emango da. Aipatutako eredua Zerbitzuaren eskatzaileak edo, hala badagokio, haren ordezkariak sinatu beharko du.

2.  Zerbitzuaren eskaria egiteko beharrezko dokumentazioa:

a)  Dagokion administrazioarekin mendekotasun-maila neurtzeko momentu oro indarrean dagoen balorazioa egin izanaren ziurtagiria, edo balorazio hori egiteko eskaria egin izana. Eskaria Udaleko Gizarte Zerbitzuetan egingo da.

b)  Erabiltzailearen edo erabiltzaileen NAN-aren fotokopia.

c)  Eskatzailearen NAN-aren kopia.

d)  Familia-liburua.

e)  Bergarako udalak zerbitzua eskatzeko zereginak burutzeko erabiltzailearen edo erabiltzaileen ezintasuna justifikatuko duen mediku-txostenak.

f)  Udalak luzatutako errolda- eta elkarbizitza-ziurtagiria.

g)  Zerbitzuaren onuradun izango diren pertsona guztien diru-sarreren ziurtagiriak: Soldatak, pentsiok, sorospenak, errentak eta abar.

h)  Azken errenta- eta ondare-aitorpenen fotokopia edo, hori aurkeztu ezean, aitorpena egitetik salbuetsita egoteari buruzko ogasun-ziurtagiria.

i)  Eskatzailearen eta berarekin bizi diren familiako kideen ondasunen ziurtagiria, Ogasun Ordezkaritzak luzatutako.

j)  Bankuko edo aurrezki kutxako kontu-zenbakia, zerbitzua jasotzeagatik ordaindu beharrekoa helbideratzeko.

k)  Ken daitezkeen gastuen froga agiriak, erabiltzailearen egoera ekonomikoan eragina izan daitezkeenenak.

l)  Nahi izanez gero, laguntza eskatzaileak diru sarrereren aitorpena ez egiteko aukera izango du. Horretarako, eskatutako zerbitzuagatik Udalak ekitaldi bakoitzaean onartutako zerbitzu-tasa osotasunean ordaintzeko konpromisoa adierazten duen idatzia aurkeztu beharko du.

m)  Udalak behar duen beste edozein dokumentu, hala nola, aurrezki-libretak, aurrezki-orriak eta abar.

3.  Gizarte Laguntzaileak, Zerbitzuaren eskatzaile guztiei bisita egin ondoren, dagokion gizarte-txostena egingo du. Bertan eskaera guztiak baloratu eta banakako interbentzioak diseinatuko ditu, ezintasun-maila, gizarte- eta familia-ezaugarriak, isolamendua, bakardadea, independentzia, autonomia eta egoera ekonomikoa aintzat hartuta.

4.  Alkateak, edo honen ordez Bergarako Udaleko Gobenu Batzordeak, dagokion batzordearen proposamena jarraituz, eskaera bakoitzari buruzko erabakia hartuko du, ematea, ukatzea, hala badagokio, eskatzailea itxaron-zerrendan jartzea, lehentasun handiagoko kasuak badaude edo diru-izendapen nahikorik ez badago. Horrez gain, erabiltzaile bakoitzak ordaindu beharrekoa finkatuko du.

5.  Zerbitzua 7 eguneko epean martxan jartzeko ahalegina egingo da, Alkateak edo honen ordez, Udal Gobernu Batzordeak, eskaera onartzen duenetik kontatzen hasita.

6.  Zerbitzuko bajak Alkateak edo beronen ordez dagokion organoak erabakiko ditu, udal teknikariaren txostenean oinarrituta, eta emakidadunari eta erabiltzaileari jakinaraziko die.

19. artikulua   Zerbitzua bukatzea.

Zerbitzua ematea bukatu egiten da, onuradunak baja eskatzen duenean, ondorengo kasuren bat gertatzen denean:

1.  Zerbitzua gehiago behar ez izatea, gizarte- eta familia-egoera nahiz ezgaitasun-egoera aldatzeagatik.

2.  Egoitzan sartzea.

3.  Beste herri batera bizi izatera joatea.

4.  Zerbitzuari uko egitea.

5.  Heriotza.

6.  Zerbitzua ematerakoan ezarritako baldintza eta konpromisoak ez betetzea. Onuradun bakoitzak jasotzen duen zerbitzuagatik burutu beharreko ekarpen ekonomikoa ez ordaintzeagatik zerbitzua bukatutzat ematen bada, zerbitzua bukatutzat eman izanak ez du onuradunak udaletxearekin duen zorra indargabetzen.

7.  Behar bezala justifikatutako beste edozein arrazoi.

Lehen lau kasuetan, erabiltzaileak Udalari zerbitzua bere borondatez amaitu nahi duela jakinarazi beharko dio, Udaleko Dokumentuen Erregistroan idatzi bat aurkeztuz, gutxienez, zerbitzua utzi nahi duen eguna baino 15 egun baliodun lehenago.

Hori baino egun gutxiagoko aurrerapenez jakinarazten badu, baina zerbitzua behin-behingoz amaitu nahi duen eguna baino lehenago, zerbitzuaren koste errealaren %50 kobratuko zaio amaitzeko eskaera aurkeztu eta hurrengo 15 egunetan.

Ez badu zerbitzua bertan behera uzteko eskaririk aurkezten, baina erabiltzeari uko egiten badio, kostu errealaren %100 kobratuko zaio 15 egunez, Udalak erabiltzaileak zerbitzua bertan behera utzi izanaren berri jaso zuen egunetik kontatzen hasita.

23. artikulua.  Erabiltzaileen ekarpena.

Erabiltzaile autonomoek ezarritako tasa publikoa finantzatzeko egin beharreko ekarpena jarraian definitzen diren prozedura eta irizpideen arabera finkatuko da.

1.  Familia- edo elkarbizitza-unitatea.

Emandako etxez etxeko laguntza-modalitatearen arabera, ondoko kide hauen baliabide ekonomikoak baloratuko dira:

a)  Laguntza pertsonala. Erabiltzailea bera, ezkontidea edo erabiltzailearekin horren antzeko harremanak dituen pertsona, eta bien edo horietako edozeinen 18 urtetik beherako seme-alabak, baldin eta harekin bizi badira. Onuraduna 18 urtetik beherakoa bada, bera eta mendetasun ekonomikoa dueneko pertsonak hartuko dira kontuan, beti ere hauek gurasoak badira.

b)  Etxeko laguntza. Eskatzailea bera eta elkarbizitza unitatea osatzen duten gainerako kideak, hala ulertuz zerbitzua egin behar deneko etxebizitzan bizi diren eta aipatutako zerbitzuaren onura jasotzen duten guztiak.

c)  Eskaini beharreko zerbitzua laguntza pertsonala eta etxeko laguntza denean; laguntza pertsonaleko eta etxeko laguntzako ordu-kopurua zehaztu egingo da, eta laguntza-mota bakoitzaren balorazioko irizpideen arabera zenbatuko dira eskatzaileen diru-sarrerak.

2.  Familia- edo elkarbizitza-unitatearen sarrera konputagarriak.

Familia- edo elkarbizitza-unitatearen sarrera gisa, kideetako edozeinek lortutakoak hartuko dira ondoko kontzeptuak direla medio:

a)  Besteren kontura egindako lanean lortutako sarreretatik eratorritako etekin garbiak.

b)  Nor bere kontura egindako lanean lortutako sarreretatik eratorritako etekin garbiak.

c)  Edonolako pentsio edota sorospenetatik eratorritako sarrera garbiak. Dirusarrera hauen barnean jatorri kontributiboa zein ez kontributiboa dutenak kontsideratuko dira, hala nola; langabeziako prestazio ekonomikoa, langabezi sorospena, Gizarteratzeko Gutxieneko Dirusarrera, e.a.

d)  Ondasun higigarrietatik eratorritako etekin garbiak.

e)  Ondasun higiezin eta landa-ondasunetatik eratorritako etekin garbiak.

f)  Dirulaguntza hauen ondorioetarako, azken bost urteetan familiartekoen edo beste norbaiten alde transferitutako ondasunak ere sarrera konputagarritzat hartuko dira.

Zerrendatutako kontzeptu desberdinak kalkulatzeko urteko zenbatekoa hartuko da oinarritzat oro har. Hileko baliokidea aipatutako zenbatekoa 12rekin zatituz gero lortuko da.

3.  Familia- edo elkarbizitza-unitatean konputagarriak ez diren sarrerak.

a)  Helburu jakin bat duten izaera sozialeko laguntzetatik jasotako sarrerak, maiztasun jakinik ez dutenak edo larrialdiko egoerak arintzekoak (Pobreziaren Aurkako Osoko egitasmoaren barnean ez daudenak), hala nola, formazio, ikasketa eta antzekoetarako bekak, agiri bidez justifikatzen badira.

b)  Ohizko etxebizitza saltzeagatik sortutako sarrerak, baldin eta horiek bere osotasunean mota bereko beste etxebizitza bat erosten nahiz nork bere negozioa edo lanpostua sortzen berriro inbertitzen badira.

Mendeko erabiltzaileek ordaindu beharrekoa Foru Aldundiak finkatuko du momentu bakoitzean.

28. artikulua.  Aplikazio-arauak.

1)  Baldin eta erabiltzaileari berari egotzi dakizkiokeen arrazoiak direla-eta zerbitzua ez bada ematen, Udalak, kasuan kasu, prestazioaren koste errealaren % 50 edo 100-a, kobratuko du, zerbitzua emateke geratu den ordu bakoitzeko.

2)  Erabiltzaileren batek, berak hala nahi izanda eta aldi batez, zerbitzua jasotzeari uko egin nahi badio, eta halabeharrezko arrazoiengatik ez bada (Udalak erabakiko du arrazoi horiek onargarriak diren ala ez), honakoa izango da jokabidea:

—Erabiltzaileren batek, berak hala nahi izanda eta aldi batez, zerbitzua jasotzeari uko egin nahi badio, eta halabeharrezko arrazoiengatik ez bada (Udalak erabakiko du arrazoi horiek onargarriak diren ala ez), Udalari jakinarazi beharko dio, Bergarako Udaleko Dokumentuen Erregistroan idatzi bat aurkeztuta, gutxienez, zerbitzua jasotzeari utzi nahi dion eguna baino 15 egun baliodun lehenago.

—Idatzi horretan, zerbitzua jasotzeari zein egunetik zein egunera utzi nahi dion zehaztu beharko du.

—15 egun baino gutxiagoko aurrerapenez jakinarazten badu, baina zerbitzua behin-behingoz amaitu nahi duen eguna baino lehenago, zerbitzuaren koste errealaren %50a kobratuko zaio eskaera aurkeztu eta hurrengo 15 egunetan.

—Zerbitzua bertan behera uzteko eskaririk ez badu aurkezten eta 2 egun baino gehiagotan zerbitzua jasotzeari uko egiten badio, ulertuko da zerbitzuari uko egiten diola, eta, beraz, ez zaio emango. Halere, zerbitzuaren koste errealaren %100a kobratuko zaio.

—Baldin eta erabiltzaile batek, berak hala nahi izanda aldi baterako zerbitzuari uko egiteagatik dagokion kantitatea ordainduko ez balu, Udalak bertan behera utziko du zerbitzua.

—Baldin eta berak hala nahi izanda aldi baterako zerbitzua jasotzeari utzi ondoren, eta berari egotzi dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ezin bazaio berriro zerbitzua eman, behin betirako bertan behera utziko da zerbitzua. Hala gerta ez dadin, gutxienez, 15 egun lehenago, Udaletxeari jakinarazi beharko dio aldi baterako uztea luzatu nahi duela.

—Zerbitzua aldi baterako uztea eskatu baina gero iritzia aldatu eta zerbitzua jasotzen jarraitu nahi izango balu, zerbitzua eman egingo zaio, berak zerbitzua berriz jasotzen hasteko hasiera batean adierazitako eguna baino lehenago, beti ere posible bada.

—Zerbitzua aldi baterako, epe jakin batzuen artean, uztea eskatu ondoren, eta halabeharrezko arrazoiak direla-eta (Udalak erabakiko du arrazoi horiek onargarriak diren ala ez), erabiltzaileak berriro ere zerbitzua beharko balu, Udalak erabakiko du kasu bakoitzean nola jokatu.

3)  Halere, udako oporretan (hau da, uztaila, abuztua eta irailean) zerbitzua antolatzeko, honakoa egingo da:

—Urtero, Udalak idatzi bat bidaliko die etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileei jakinarazi dezaten udan zerbitzu hori noiz beharko duten. Idatzi horrez gain, galdetegi bana ere bidaliko zaie, behar bezala beteta, udaletxean, Udal Erregistroan, aurkezteko, idatzian adierazten den eguna baino lehen.

—Udaletxeari adierazi ondoren zerbitzua zein egunetan beharko den edo ez, ezingo da aldaketarik egin, halabeharrezko arrazoiek eragindako aldaketak ez badira behintzat, eta, betiere, behar bezala justifikatzen badira. Udaletxearen esku geratzen da arrazoiak baloratu eta aintzat hartzea edo ez.

—Erabiltzaileak ez badu galdetegia behar bezala beteta zehaztutako egunerako aurkezten, zerbitzua behar izango duela ulertuko dugu, eta udalak zerbitzua eman egingo dio.

—Erabiltzaileak udan zerbitzua zer-nola jaso nahi duen zehaztu ondoren, urte osoan aplikatzen diren arauak aplikatuko zaizkio, hau da, aurreko puntuan azaldu den moduan.

4)  Udalak ez du konpromisorik hartzen inongo egoeratan zerbitzua lehengo baldintza berdinetan mantentzeko, zerbitzua ematen duen langileari, ordutegiari eta abarri dagokionez.