| 92. zenbakia | Data 2005-05-18 | 10417 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2005eko maiatzaren 10eko 28/05 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako eskulangintza arautzekoa.
1995eko urriaren 3ko 103/95 Foru Dekretuak, Ekonomia eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa eta eskumenen banaketa ezartzekoak, departamentuaren eginkizunen artean mikroenpresen sarearen eta eskulangintzen arloko jarduera ekonomikoen lehiakortasuna areagotzeko lan egitea aurreikusten zuen.
Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoan eskulangintzaren arloa antolatzeko araudi bat egin zuen, lehen urratsa izan zelarik 1996ko irailaren 10eko 75/96 Foru Dekretua, Gipuzkoako eskulangintza arautzekoa, onartzea (1996ko irailaren 23ko 183 zk. Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala).
Ildo berean, ordutik hona Gipuzkoako Foru Aldundiak eskulangintza bultzatzeko laguntza programak aurrera eraman ditu, eskulangintza alternatiba gisa itxuratuta, aberastasuna eta lana sortzen baititu barrutik, baina beste enpresa txiki batzuen arazo berdinak ditu, arlo honetako enpresak ez baitira nahiko handi enpresaren kudeaketari heltzeko, ekoizpena hobetzeko eta merkatu berrietara bakarrik iristeko.
Gipuzkoako eskulangintza sustatzeko laguntza programa horien bidez, bitartekoak jartzen ditugu artisautza garatuz joan dadin aurrerantzean, Gipuzkoan lana eta aberastasuna sortzen geroago eta gehiago lagun dezan, eta kulturaren eta etnografiaren ikuspuntutik balioen gordailu izan dadin.
1996ko irailaren 10eko 75/96 Foru Dekretuak, Gipuzkoako eskulangintza arautzekoak (1996ko irailaren 23ko 183 zk. Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala), bere sei artikuluetan zehar, honako gaiak jorratu zituen: Foru dekretuaren helburua, eskulangintza zeri deitzen zaion eta zeri eskulangintzako enpresa, eskulangintzako jardueren sailkapena, eta eskulangintzako jardueren zerrenda; Eskulangintzako Gipuzkoako Kontseilua sortu zuen eta eskulangintza babesteko araubide bat ezarri, Gipuzkoako Lurralde Historikoko eskulangintza tradizional eta herrikoiari garrantzia emanez eta Gipuzkoako Eskulangile Tradizional eta Herrikoien Errolda Orokorra sortuz.
Urteak pasatu ondoren eta foru dekretu hori indarrean egon den bitartean lortutako esperientzian oinarrituta, berori berritzea komeni da, bereziki Eskulangintzako Gipuzkoako Kontseiluari dagokionean, organo horren eraginkortasuna handitzea eta sektorearekin komunikatzeko bideak indartzea lortu nahirik.
Horiek horrela, Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuko foru diputatuak proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak egun bereko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,
XEDATU DUT
1. artikulua.Xedea.
Foru dekretu honen xedea arautegi bat ezartzea da, ondorengo helburu hauek lortzeko:
a)Eskulangintzako jarduerak mugatzea.
b)Eskulangintzako arloaren lehiakortasuna garatu, modernizatu eta hobetzea.
c)Eskulangintzako produktuen kalitatea hobetzea, eta produktu horiek zabaldu eta sustatzea.
d)Eskulangintzako arloaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko komunikazio bideak finkatzea.
e)Gipuzkoako eskulangintza tradizionalaren agerpenak babestu eta bultzatzea.
f)Gipuzkoako eskulangintzako agerpenak eta programa turistikoak koordinatzea.
2. artikulua.Eskulangintza zeri deitzen zaion.
2.1.Foru dekretu honen ondorioetarako, eskulangintza da, ekoizpenaren prozesua osoa gainbegiratu eta kontrolatzen delako eta azken emaitza norberaren egikerakoa eta ekoizpen industrialetik desberdina delako, norberaren esku-hartzea nagusi duen prozesu baten bidez ondasunak sortu, ekoiztu, eraldatu, konpondu eta zaharberritzeko egiten den jarduera edo ematen den zerbitzu oro.
2.2.Tresneria eta makina lagungarriak erabiltzea eta aurreko puntuan azaldu den eskulangintzako kontzeptua elkarrekin bateragarriak izango dira.
3. artikulua.Eskulangintzako jardueren sailkapena.
3.1.Eskulangintzako jarduerak ondorengo multzoen arabera sailka daitezke:
A.Eskulangintza artistikoa edo sorkuntzakoa,
B.Kontsumoko ondasunak sortzeko eskulangintza,
C.Zerbitzuen eskulangintza,
D.Gipuzkoako eskulangintza tradizional eta herrikoia.
3.2.Aurreko puntuan azaldutako multzoetako bakoitzarekin modu espezifiko eta berezian joka dezakeen arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak araubide berezia ezarriko du Gipuzkoako eskulangintza tradizional eta herrikoia bultzatu eta babesteko.
4. artikulua.Eskulangintzako enpresa zeri deitzen zaion.
4.1.Beren jarduera 2. artikuluan definitutakoa izan eta ondorengo baldintzak betetzen dituzten lantegi, enpresa eta unitate ekonomikoak, eskulangile bakar batenak barne, dira eskulangintzako enpresak. Baldintzak:
a)eskulangintzako jarduna ohikoa izatea.
b)bertan enplegu iraunkorra duten langileak hamar baino gehiago ez izatea, kopuru horretan sartu gabe aprendiz-ikasleak, ezkontidea eta senitarteko zuzenak, odolekoak, adopziokoak edo ezkontzakoak,
c)jarduera Gipuzkoako Lurralde Historikoko Eskulangintzako Jardueren Zerrendan azaltzea.
d)Jarduera Ekonomikoen Zergan, norberari dagokion sailean, izena emanda egoteko eskakizun guztiak betetzea.
4.2.Dena den, 4.1.b atalean finkatutako langile kopurua gainditu arren gainerako eskakizunak betetzen dituztenak ere har litezke eskulangintzako enpresatzat. Horrelako kasuetan, Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako foru diputatuak ebatziko du enpresa eskulangintzako enpresatzat har daitekeen ala ez.
5. artikulua.Babes araubidea.
5.1.Gipuzkoako Foru Aldundiak bereziki bultzatu eta babestuko du Gipuzkoako eskulangintza tradizional eta herrikoia.
5.2.Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurrekontuko baliabideen arabera, eskulangintzako sektorea bultzatzeko planak egin ditzake, eta ildo horretan zenbait neurri hartu, eskulangintzako azokak eta topaketak antolatzeko edo ofizioak ikasi eta berreskuratzeko eta eskulangintzako agerpen tradizionalak antolatzeko.
5.3.Gipuzkoako Lurralde Historikoko eskulangintzako enpresek egindako produktuen benetakotasuna, kalitatea eta jatorria egiaztatzeko, produktu horiek merkatuan identifikatzeko balioko duten nolabaiteko ezaugarri edo ziurtagiriak eman litezke.
5.4.Gipuzkoako Eskulangintza Tradizional eta Herrikoiaren Errolda Orokorrari buruzko 1997ko azaroaren 25eko 79/97 Foru Dekretuak arautzen duen eran errolda horretan izena ematea borondatezko egintza izango da; baina, hala ere, nahitaezko baldintza izango da, eskulangintza tradizional eta herrikoia babestu eta bultzatzearren Gipuzkoako Foru Aldundiak eman ditzakeen laguntzak jaso eta, produktuen benetakotasuna, kalitatea eta jatorria egiaztatzearren, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako ezaugarri eta ziurtagiriak erabili nahi badira.
5.5.Eskulangile Maisuaren Egiaztagiria ematea arautzen duen 1997ko azaroaren 25eko 80/97 Foru Dekretuan finkatzen den eskulangile maisuaren figurak ibilbide profesional baten aitorpen publikoa ematen dio titularrari eta, halaber, gaitasuna aitortzen dio eskulangintzako lanbide tradizionalen iraupenean funtsezko eginkizun bat betetzeko, irakatsiz batez ere, eta eskulangintzarekin zerikusia duten organo teknikoetan parte hartzeko.
6. artikulua.Gipuzkoako Eskulangintza Kontseilua.
6.1.Gipuzkoako Eskulangintza Kontseilua izango da probintzia honetako eskulangintza sektorearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko komunikazio organoa.
6.2.Ondorengo hauek izango dira Gipuzkoako Eskulangintza Kontseiluko partaide:
a)Kontseiluburua: Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuko foru diputatua edo haren ordezkoa.
b)Kontseilukideak:
—Berrikuntzaren eta Jakintzaren Sustapenerako Zuzendari Nagusia edo haren ordezkoa
—Jakintzaren eta Enpresa Jardueraren Sustapen Zerbitzuko burua edo haren ordezkoa
—Gipuzkoan dauden eskulangintzako elkarte eta profesional talde nagusien hiru ordezkari, nagusitasuna neurtuko delarik Gipuzkoako Eskulangintza Tradizional eta Herrikoiaren Errolda Orokorreko Lehen Atalean izena emanda dauden gipuzkoar pertsona edo enpresen kopuruari begiratuta.
—Ospe handiko bi pertsona edo entitate, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuko foru diputatuak izendatuak.
c)Idazkaria: Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuko idazkari teknikoa edo haren ordezkoa, hitzarekin baina botorik gabe.
6.3.Gipuzkoako Eskulangintza Kontseilua kontsultako organoa izango da, ez loteslea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskulangintzaren arloko informazioa eta aholkularitza emango dizkio, batez ere gai hauetan:
a)Eskulangintzako Jardueren Zerrenda
b)Eskulangintzaren sektorean dauden eginkizunak
6.4.Gipuzkoako Eskulangintza Kontseiluan parte hartzeagatik ez da ordainsaririk jasoko.
Xedapen Indargabetzaileak.
Lehena.Berariaz indargabetzen da 1996ko irailaren 10eko 75/96 Foru Dekretua, Gipuzkoako eskulangintza arautzekoa.
Bigarrena.Berariaz indargabetzen da Eskulangile Maisuaren Egiaztagiria ematea arautzen duen 1997ko azaroaren 25eko 80/97 Foru Dekretuko 6.3 artikulua.
Hirugarrena.Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen edo besterik dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Amaierako Xedapena.
Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Donostia, 2005eko maiatzaren 10a.
DIPUTATU NAGUSIA,
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.
BERRIKUNTZARAKO ETA JAKINTZAREN GIZARTERAKO
DEPARTAMENTUKO
FORU DIPUTATUA,
Joaquín Villa Martínez. (4680)