| 15. zenbakia | Data 2005-01-25 | 1604 orria |
ZUMAIAKO UDALA
Iragarkia
2004-03-18ko Udal Batza Osoko bilkuran, Bide Publikoan Terrazak eta Mahai-Tokiak jartzeko baldintzak arautzen dituen Udal Ordenantza haserako izaeraz onartu zen.
Jendaurreko agerraldi epean murtzilo edo oharpenik ez da aurkeztu
Beraz, Araudiaren behin betiko textua, 7/1985eko apirilak 2ko Toki eraentzako oinarriak arautzen dituen 70.2 artikuloan xedatutakoarekin bat argitaratzen da.
Zumaia, 2004ko abenduaren 20a.—María Eugenia Arrizabalaga Olaizola, Alkatea.
(22) (392)
Aire librean terrazak eta mahai-tokiak jartzeko baldintzak arautzen dituen udal ordenantza.
I. KAPITULUA
1. artikulua.Araudi aplikagarria.
Ordenantza hau ondorengo arau hauek araututakoari jarraituz ematen da: Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen 1985eko Legearen 49. eta 85. artikuluak; Toki Erakundeen Ondasunen 1986ko Erregelamenduaren 77. artikulua; Toki Erakundeetako Antolaketa, Jarduera eta Araubide Juridikoaren 1986ko Erregelamenduaren 41. artikulua eta Toki Erakundeetako Zerbitzuen 1955eko Erregelamenduaren 1-17. artikuluak.
2. artikulua.Xedea.
Ordenantza honen helburua bide publikoan terrazak, mahai-tokiak eta instalazio osagarriak –hala nola, eguzkitarako babesak, toldoak, mugako babeskiak eta abar– jartzeko erregimen teknikoa eta juridikoa arautzea da.
3. artikulua.Definizioa.
Aurreko artikuluan adierazitakoari dagokionez, hauek izango dira terrazak eta mahai-tokiak: Mahaiak, aulkiak eta aldi baterako beste instalazio mugikor batzuk, legeztatutako ostalaritza jardueren –hau da, taberna, jatetxe, kafetegi eta antzekoen– aldi baterako osagarriak direnak. Baimenak jarduera horien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoei emango zaizkie.
4. artikulua.Aplikazio eremua.
Udalerrian erabilpen publikoa duten leku guztietan (bide publikoak, espazio libreak, berdeguneak eta abar) izango da aplikagarria ordenantza hau, horien titularitatea publikoa edo pribatua izan. Erabilpen publikoko baldintza betetzen den egiaztatzeko, leku bakoitzaren egitatezko egoerari eta indarrean dagoen hirigintza planeamenduak araututakoari begiratuko zaio.
II. KAPITULUA
BIDE PUBLIKOA
MAHAIEZ ETA AULKIEZ OKUPATZEKO
BAIMENA EMATEKO IRIZPIDEAK
5. artikulua.
1.Irizpide hauek udalerri osoan berehala aplikagarriak izango dira; betiere, 14. artikuluan adierazitako alderdiak (altzarien diseinua) izan ezik, horiek berehala aplikagarriak izango baitira udalerriko leku adierazgarrienetan: Alde zaharrean, erdigunean (Erribera kalea, Eusebio Gurrutxaga plaza, Amaia plaza, Txomin Agirre kaia, Kantauri plaza, Julio Beobide ibiltokia, Itzurun zuhaitzbidea, Patxita Etxezarreta kalea, Santiago auzoa, kirol portua) eta hondartzetan (Itzurun eta Santiago).
2.14. artikuluan araututakoa udalerri osoan izango da aplikagarria, udalak horrela erabakitzen duenean.
6. artikulua.Terrazek okupatu dezaketen azalera.
1.Kale bat okupatuz gero: Baimenak zer okupazio azalera barne hartuko duen zehazteko, kontuan hartuko dira oinezkoen igarotzea zenbatekoa den eta mahaiak eta aulkiak jarriko diren kalea nolakoa den.
2.Irisgarritasunari buruzko arauekin bat etorriz, oinezkoen eskubideak lehenetsiko dira, eta, horretarako, baimendutako elementuak jartzean, libre utziko dira denden atariak eta ezkaratzak. Oinezkoak igarotzeko jarriko den gutxieneko tarte librea, arau orokorrez, 2,00 m-koa edo handiagoa izango da, eta ezingo da inoiz 1,50 m baino txikiagoa izan.
3.Arau orokorrez, ez da ibilgailuen errepidearen beste aldea okupatzeko baimenik emango.
4.Baimena eskatzen duten establezimenduek beren aurrealdearen %100 okupatu ahalko dute; baina, salbuespenez, azalera handiagoa okupatu ahalko dute, eskatzaileen alboko establezimenduak beren aurrealdea mahaiez eta aulkiez okupatzeko baimena eskatu ahal duten horietakoak ez badira. Edonola ere, ezkaratzetarako sarrerak eta denden atariak libre utzi beharko dira beti.
7. artikulua.Plazak edo oinezkoentzako guneak.
1.Plazak: Okupatu daitekeen espazioaren banaketa plaza bakoitzaren azaleraren eta ezaugarrien arabera egingo da, plazek duten erabilera bermatuz, betiere. Halaber, kontuan hartuko da plazako zenbat establezimenduk eska dezaketen okupazioa, eta plazek zer-nolako giroa duten.
Kasu guztietan, 68/2000 Dekretuan –Irisgarritasun Baldintzen Arau Teknikoak onartzen dituen dekretua– araututako tarteak utzi beharko dira: Arkupedun espazioetara eta fatxadetara, aurreko puntuan ezarritakoak; kaleko eserleku publikoetara, 2,00 m-ko gutxieneko tarte librea; ezkaratzetara, gutxieneko tarte librea, horietara iristeko beharrekoa dena, eta, gutxienez, 1,50 m-koa.
2.Oinezkoentzako guneak: Okupazioak ezin izango du oinezkoen kalearen ardatzerdia gainditu, eta, azalerari dagokionez, establezimenduaren aurrealdearen %100 arteko okupazioa egitea baimenduko da; betiere, ezkaratzak eta denden atariak libre geratzen badira.
8. artikulua.Okupatutako espazioa mugatzea.
1.Arau orokorrez, ezingo da mahaiez eta aulkiez okupatutako espazioa holtz tolesgarriez edo estalkiez mugatu. Izango den aukera bakarra lore askak jartzekoa izango da, mugako babesgarri moduan. Lore askak ezingo dira finkoak izan, ez dute espazio publikoa pribatu bihurtuko eta ongi zainduta eta lerrokatuta egon beharko dute uneoro.
2.Ezingo da baimendu gabeko altzaririk edo beste elementurik pilatu edo utzi bide publikoan.
9. artikulua.Ingurua garbitzea.
Establezimenduetako jabeek garbi eta ordenatuta izan beharko dute okupatutako espazioa egun osoan, eta, horretarako, beharrezkoak diren erraztatzeak eta garbiketak egin beharko dituzte egunean zehar.
10. artikulua.Okupazio ordutegia.
1.Establezimendua irekitzen denetik jarri ahalko dira mahaiak eta aulkiak; betiere, udaleko garbiketa zerbitzuen lanak oztopatzen ez badira. 296/1997 Dekretuaren 12. artikuluarekin bat etorriz, hau izango da horiek kentzeko ordutegia:
—Igandetik ostegunera, 24:00ean.
—Ostiral, larunbat eta jai bezperatan, 01:00ean.
2.Ordutegi horiek ordu erdiz luzatu ahalko dira udan; betiere, bizilagunei eragozpenik sortu gabe.
3.Zati batean itxita daudelako, soinu baldintza bereziak dituzten plazetan, edo etxebizitzen forjatua plazaren forjatuarekiko altuera baxuan egoteagatik kexak dauden lekuetan, edo, beste edozein kausa dela eta, bizilagunei eragozpenak eragiten zaizkien lekuetan elementuak erretiratzeko ordua mugatu egingo da urte osoan; 22:30ak arte igandetik ostegunera, eta 00:30ak arte jai bezperatan, ostiralak eta larunbatak barne.
4.Halaber, terrazara ematen duten leiho zuzenak edo zerbitzu emateko mostradoreak dituzten establezimenduek 22:30etan itxi beharko dituzte irteera horiek, establezimenduko musikak auzoen lasaitasuna hautsi ez dezan. Ordu horretatik aurrera, eta lehen aipatutako Dekretuaren 10.2 artikuluarekin bat etorriz, lokaletako jabeek galarazi egin beharko dute edariak lokaletik kanpora ateratzea.
5.Egun berezietan (San Telmo jaiak, San Pedro jaiak, auzoetako jaiak), Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako Ordutegien Dekretuak –296/1997 Dekretua, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jardueren ordutegiak ezartzen dituena– araututako itxiera ordua baino ordu bat lehenago arte luzatu ahalko da ordutegia; baina inoiz ez goizaldeko ordu bietatik haratago.
6.Gauzak jasotzeko ordua iritsita, ezingo da bezerorik egon instalazioetan. Ordu horretan, establezimenduko langileak izango dira bertan egon ahalko diren bakarrak, gauzak jasotzeko eta garbitzeko. Lan horiek soinurik egin gabe egin beharko dira.
11. artikulua.Jatetxe zerbitzua.
Jatetxe lizentziarik ez duten establezimenduek ezingo dute bazkaririk edo afaririk eman bide publikoak okupatzen dituzten mahaietan. Establezimendu horiek aperitiboak edo antzekoak bakarrik eman ahalko dituzte.
12. artikulua.Altzariak jasotzea.
1.Arau orokorrez, establezimenduko jabeek altzariak jasotzeko obligazioa izango dute, eta, posible bada, establezimenduaren barrura eraman beharko dituzte, lan eguna amaitzean. Horren ondoren, okupatutako eremua erabat garbi utzi beharko da.
2.Aparteko kasuetan, eta elementuak lehen adierazitako moduan jasotzeko ezintasun fisikoa justifikatuz gero, okupazio ordutegia amaitzean altzariak bide publikoan pilatzeko baimena eman ahalko da. Altzarien pilaketa segurtasun neurriak hartuz eta elementuak ongi eutsiz egingo da, eta haren ikusizko inpaktua ahalik eta gehien murriztuko da.
3.Kasu guztietan libre utziko dira 6. eta 7. artikuluan aipatutako eremuak.
13. artikulua.Publizitatea.
Eguzkitarako babesetan eta toldoetan bakarrik jarri ahalko da, eta oso leku txikia hartu beharko du, itxura txarra eman ez dezan. Ezingo da edari alkoholdunen edo tabakoaren publizitaterik egin.
14. artikulua.Altzarien diseinua.
1.Hiri altzariei armonia eta batasuna emateko, mahaiek, aulkiek, eguzkitarako babesek, toldoek eta abarrek ezaugarri hauek bete beharko dituzte:
a) Materialak: Aluminioa, egurra, banbua, zumea etbr erabili ahalko dira, eta hauek beste material batzuekin konbinatzeko aukera ere izango da. Mahai eta aulkien egitura ezingo da plastikozkoa izan.
b) Koloreak: Ezingo da kolore bizi-bizirik edo deigarririk erabili. Kolore neutroek nagusitu beharko dute, iparraldeko estetika eta eguraldiarekin bat datozenak.
c) Berariaz debekatzen dira lehen aipatutako materialak eta baldintzak betetzen ez dituzten publizitate estandarreko terrazak.
d) Altzarien iraunkortasun ezaugarriek horiek egoera onean mantentzeko aukera eman beharko dute.
e) Eguzkitarako babesei dagokionez, mahai bakarrerako direnak ezin izango dira lurrean finkatuta egon, eta beren kabuz eutsi beharko dute beren pisua. Mahai bat baino gehiago estaltzen dituzten toldoei dagokienez, lurrera finkatzeko erabili beharko diren sistemak egituraren kalkuluaz arduratuko den teknikari baten zuzendaritzapean egin beharko dira, eta udalaren onespena jaso beharko dute.
III. KAPITULUA
BAIMENAK ESKURATZEKO BALDINTZAK
15. artikulua.Baimen eskaera.
1.Interesatuek alkateari zuzendutako eskaera aurkeztu beharko dute Erregistro Orokorrean. Eskaerari artikulu honetan adierazten diren agiriak erantsi beharko zaizkio, eta, bertan, datu hauek adierazi beharko dira:
a) Eskatzailearen izen-abizenak.
b) Helbidea, telefono zenbakia eta NAN zenbakia.
c) Jardueraren izena eta kokapena.
d) Jarduerari buruzko datuak (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, IFK eta abar).
Ordenantza honen I.go eranskin gisa eskaera eredua eransten da.
2.Eskaerarekin batera, eskatzaileek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Jarduera burutzeko udal baimena izatearen ziurtagiria (instalazio edo/eta irekitze baimena).
b) Beharrezkoa denean, aldameneko etxebizitzen edo lokalen baimena izatearen ziurtagiria.
c) 1:100 baino eskala handiagoan egindako kokapen planoa. Bertan, instalazioak okupatutako azaleraren zehaztapen nahikoa egin, eta mahaien, aulkien, mugako babeskien eta abarren kokapena adieraziko da; eta, eskaeran, berriz, jarri nahi diren mahaien kopurua zehaztuko da. Halaber, fatxadaren luzera eta geratzen diren espazio libreen zabalera adierazi beharko dira; eta, horrez gain, hiri elementurik badagoen (trafiko seinaleak, zuhaitzak, eserlekuak, zutabeak, hiri altzariak eta abar.) eta udal zerbitzurik (ura, saneamendua, gasa eta abar) eragin dezaketen aipatu beharko da.
3.Segurtasunari edo dekorazioari dagozkion arrazoiak medio, eta udalak, arrazoitutako irizpenez, beharrezkoa ikusten badu, artikulu honetan adierazten den proiektua teknikari eskudun batek izenpetuta aurkeztu beharko da.
4.Titularitatea aldatzea, baimena luzatzea, eta, oro har, baimenaren edukia asko aldatzea ez dakarten egoeretan, aldaketa horiek formalki jakinaraztea izango da interesatuek izango duten obligazio bakarra.
5.Baimenaren edukia funtsean aldatzeko asmoa denean, berriz, artikulu honetako 1. eta 2. puntuan adierazitakoaren araberako baimen eskaera egin beharko dute interesatuek.
16. artikulua.Erabakia.
1.Eskaerak ordenantza honetan adierazitako baldintzetan aurkeztean, eta txosten teknikoa eta juridikoa egin ondoren, horiei buruzko erabakia hartuko du udaleko organo eskudunak legez ezarritako epean.
2.Baimen agirian ondorengoak finkatuko dira: Instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak, okupatu beharreko azalera, mahai eta aulki kopurua, emakidaren epea eta beharrezkotzat jotzen diren xehetasunak.
3.Eskatutako baimena ematea egokitzat jotzen ez bada, edo eman beharreko baimena ez badator eskatutakoarekin bat, udalak hitza emango dio eskatzaileari egoki irizten duena adieraz dezan.
4.Jabetza publikoa okupatzeari dagozkion prezio publikoak edo ordenantza honetan oinarrituz jarritako isunak ez ordaintzea eskatzaileari baimena kentzeko arrazoiak izango dira.
17. artikulua.Baimenaren baldintzak.
1.Baimenak jabetza eskubidea salbu eta hirugarrenen kalterik gabe emango dira, eta ezingo dira erabili, beren jarduerak direla eta, onuradunek izan ditzaketen erantzukizun zibilak edo penalak baztertzeko edo txikitzeko.
2.Udal baimena prekario izaeran emango da, eta udal organo eskudunak instalazioa bide publikotik kentzea agindu dezake trafikoak, hiri antolaketak edo interes orokorreko beste egoeraren batek hala eskatzen dutenean. Horiek kentzeko gastuak baimendutako instalazioaren titularraren gain izango dira, eta horrek ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik sortuko.
18. artikulua.Tasa eta fidantza.
1.Baimenaren titularrak dagokion tasa ordainduko dio udalari, horri dagokion ordenantza fiskalak adierazitako eran eta han ezarritako kopuruan.
2.Ordenantza honetan ezarritako obligazioak beteko direla bermatzeko, baimenaren titularrak 150,25 euro fidantza jarri beharko du eskudirutan, tasa ordaintzearekin batera. Fidantza borondatezko epean ordaintzen ez bada, baimena iraungi egingo da, eta interesatuak, hala nahi izanez gero, baimen berria eskatu beharko du instalazioa jarri ahal izateko. Terrazak eta mahai-tokiak jartzeko baimenak jaso dituzten titularrek aipatutako obligazioak bete dituztela egiaztatu bezain laster itzuliko dira fidantzak.
19. artikulua.Instalatzeko baldintzak.
Baimena eskuratzean, titularra udaleko teknikariekin jarriko da harremanetan, eta mugatuko dute zein den baimendutako gehienezko okupazio azalera.
IV. KAPITULUA
ZEHAPEN ARAUDIA
20. artikulua.Udal baimenik gabeko instalazioak.
1.Udaleko organo eskudunak, interesatuari entzuteko epe bat finkatu ondoren, berehala kendu eta udaleko biltegietan gorde ahal izango ditu ordenantza honetako 7. artikuluak aipatzen dituen espazioetan baimenik gabe jarritako terrazak eta mahai-tokiak; betiere, arauz dagozkion zehapenak jartzeko aukeraren kalterik gabe.
2.Dagokion zehapen espedientea tramitatu ondoren, eta instalazio guztiak kendu izana ala ez kontuan hartu gabe, zehapen hauek ezarri ahalko dira:
a) Hirigintza Diziplinako Erregelamenduan araututakoaren araberako isuna.
b) Establezimendua ordenantza honek araututako baimenak jasotzeko gaitasuna kentzea, gehienez, bi urterako.
3.Zehapen araudi honen eraginetarako, udal baimena ez izatearekin parekatuko da baimenaren iraunaldia amaitzean terrazak eta mahai-tokiak jarrita edukitzea.
21. artikulua.Arau hausteak.
Ordenantza honen ondorioetarako, arau hausteak arinak edo larriak izango dira.
1.Arau hauste larriak izango dira:
a) Baimendutakoak baino elementu (mahaiak, aulkiak edo elementu osagarriak) gehiago jartzea.
b) Mahaiak, aulkiak edo elementu osagarriak baimendutako eremutik kanpo kokatzea.
c) Okupazio eremua eskatzen diren apaindura, segurtasun eta garbitasun baldintzetan ez izatea.
d) Ordenantza honetan araututakoa ez betetzea.
2.Arau hauste larriak izango dira:
a) Terrazak eta mahai-tokiak baimendutako ordutegitik haratago jarrita izatea.
b) Terrazak, mahaiak edo elementu osagarriak baimenik gabe jartzea.
c) Ordenantza honen xedapenak bete behar dituzten elementuak bertan araututako baldintza teknikoak bete gabe jartzea.
d) Zehapen espedientea hasi aurreko urtean behin betiko ebazpenez zehapena jaso izana, hiru arau hauste arin egin izanagatik.
22. artikulua.Zehapenak.
1.Ordenantza honi egindako arau hausteengatik jasoko den zehapena mailaketa honen araberako isuna izango da:
a) Arau hauste arinei 30etik 150 euro arteko isuna ezarriko zaie, edo/eta, udalak agindutakoari men egiten ez bazaio, lizentzia baliogabetu, eta, ondorioz, instalazioak berehala kenduko zaizkie.
b) Arau hauste larriei 150etik 300 euro arteko isuna ezarriko zaie edo/eta, gertakarien larritasunari erreparatuta, establezimenduari bi urtez gaitasuna kenduko zaio ordenantza honek araututako baimenak jasotzeko.
2.Arau hausteak errepikatu ez, edo udalaren aginduei aurre egin ez bazaie, eta instalazioa gerora legeztatzen bada, zehapena isun ekonomikora muga daiteke.
3.Ordenantza honetan araututako zehapenen zenbatekoak automatikoki eguneratuko dira urtero Kontsumoko Prezioen Indizeari jarraituz, eta, horretarako, hura aplikatuko da urte bakoitzeko zehapenen zenbatekoari.
23. artikulua.Zehapen espedientea.
Arau hausteen zehapenak ezartzeko, horiei dagozkien espedienteak jarraitu beharko dira, eta, horretarako, otsailaren 20ko 2/1998 Legeak –EAEko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzkoak– araututakoaren arabera izapidetu beharko dira.
24. artikulua.Betearazpen subsidiarioa.
1.Udalak bide publikoan jarritako elementuak kentzeko agindua ematen badio instalazioaren arduradunari –ordenantza honetan araututako xedapenetan oinarritutakoa–, eta horrek kasurik egiten ez badio, administrazioak subsidiarioki erretira ditzake elementu horiek, eta horretarako izendatutako leku batean gordeko ditu. Elementu horien jabeak horiek erretiratzeko aukera izango du, baina, horretarako, dagozkion gastuak ordaindu beharko ditu aurretik, azaroaren 26ko 30/92 Legeak –Administrazio Prozesura Erkideari buruzkoak– 98. artikuluan araututakoarekin bat etorriz.
2. artikulu honetan araututakoaren arabera erretiratuak izan diren elementuak ezingo dira 6 hilabete baino gehiago egon gordeta; beraz, epe hori igarota interesatuak ez baditu erretiratu, udalak horiek suntsitzeko, saltzeko edo lagatzeko aukera izango du.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Terraza eta mahai-tokien inguruan emanda dauden baimenak ordenantza honetan arautzen diren baldintza teknikoetara eta publizitate baldintzetara pixkanaka egokitzeko, 2005eko martxoak 15 arteko egokitzapen epea ezartzen da. Data horretatik aurrera, terraza eta mahai-toki guztiek ordenantza honetan araututako baldintza teknikoak eta publizitate baldintzak bete beharko dituzte.
AZKEN XEDAPENAK
1.Testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost lan egun igarotzean izango du eragina ordenantza honek.
2.Berariaz eskuesten zaio udal aginteari ordenantza hau prozedura administratibo erkidean araututako printzipioen arabera interpretatu, argitu eta garatzeko eskuduntza; bai eta baimenak haren arabera ematekoa ere.