Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

239. zenbakia Data 2004-12-15 23363 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

ZUMAIAKO UDALA
Erabilera anitzeko apartamentuetan sartzeko eta funtzionamenduari dagokion erregelamendua. Haserako onespena eta jende aurreko erakusketa.

ZUMAIAKO UDALA

Iragarkia

2004-07-22ko Udal Batza Osoko bilkuran, Zumaiako Udaleko Apartamendu Balioanitzdunen funtzionamendua eta sartzeko prozedura arautuko duen erreglamendua, haserako izaeraz onartu zen.

Jendaurreko agerraldi epean murtzilo edo oharpenik ez da aurkeztu

Beraz, Araudiaren behin betiko textua, 7/1985eko apirilak 2ko Toki eraentzako oinarriak arautzen dituen 70,2 artikuloan xedatutakoarekin bat argitaratzen da.

Zumaia, 2004ko abenduaren 1a.—Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola, Alkatea.

(1728) (11331)

Zumaiako udaleko balio anitzeko etxebizitzak eskuratzeko prozesua eta horien funtzionamendu erregelamendua.

ZIOEN AZALPENA

Gizarte Zerbitzuen sistema publikoaren erantzukizunetako bat familien eta pertsonen bizikidetza beharrei behar bezala erantzutea da, etxebizitzari, arropari, elikagaiei, zainketari eta behar afektiboei dagokionez, besteak beste. Gizarte Zerbitzuek Familia eta Bizikidetza programaren bidez erantzuten diete behar horiei.

Bestalde, gizartearen beharrei eta eskaerei emandako erantzunak hiritarrengandik ahalik eta hurbilen gauzatu behar dira, norberaren komunitatearen baitan; eta, hain zuzen ere, eremu horretan bultzatu behar da etxebizitza aukera normalizatuekin lotutako esku hartze politika, nor bere jatorrizko komunitatetik aldendu ez dadin.

Gizarte Zerbitzuen eginkizunei buruzko uztailaren 30eko 155/2001 dekretuaren arabera, Zumaiako Udalak bere gain hartzen du mendekoak ez diren adineko pertsonentzako balio anitzeko etxebizitzak sortzeko ardura. Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailari dagokio jarduera horren gainbegiratze teknikoa egitea.

Etxebizitzen kudeaketa, berriz, dagokion enpresa esleipendunaren esku geratuko da.

ATARIKO TITULUA

I. KAPITULUA.  XEDAPEN OROKORRAK

Erregelamendu honen helburua arau komunak ezartzea eta etxebizitzan sartu ahal izateko prozesua erregulatzea da, baita, udalaren balio anitzeko etxebizitzen ekipamenduetan, mendekoak ez diren adineko pertsonen funtzionamendurako erregelamendua ezartzea ere.

1. artikulua.Definizioa.

Baliabide honek 16 etxebizitza ditu: 41,55 m˛-ko 4 apartamentu, 43,30 m˛-ko 6 apartamentu, 54,65 m˛-ko 4 apartamentu eta 80,60 m˛-ko beste 2 apartamentu. Horien guztien helburua 60 urtetik gorako adineko pertsonentzako etxebizitzak eskaini eta behar dutenean arreta eskaintzea da; betiere, pertsona horiek ez badute eguneroko bizitzari aurre egiteko arazo handirik, eta beren ohiko etxebizitzan bizitzen jarraitzeko zailtasunak badituzte. Apartamentu guztietan ez da jende kopuru bera sartzen: Dimentsioen araberakoa da hori.

Etxebizitza horiek pixkanaka beteko dira, jasotako eskaerei erantzunez. Kasu batzuetan, ez da kontuan hartuko berez ezarritako adin muga, kasuaren balioespen teknikoak hala badio.

Balio Anitzeko Etxebizitzak laguntza sarearen baitako baliabideak dira, etxebizitza egokirik ez duten, bizikidetza edo bakardade arazoak dituzten edo merkatuko etxebizitza bat erosteko adina diru ez duten adineko pertsonen etxebizitza eta segimendu beharrei aurre egiteko.

2. artikulua.Helburu orokorrak.

Balio anitzeko etxebizitzen helburua hau da:

—Pertsona horiei komunitate inguru egoki batean bizitzeko aukera ematea, aurreko etxebizitzan zituzten baldintzak hobetu ahal izateko.

—Nor bere kabuz bizitzeko gaitasuna bultzatzea, bakoitzari behar duen laguntza emanez.

—Ahal den heinean, pertsona horiek hondatu ez daitezen saiatzea, edo, bederen, hori ahalik eta gehien atzeratzea, etengabeko segimenduaren bidez.

—Gizarte eta bizikidetza harremanei euts diezaieten laguntzea.

—Pertsona horien bizitza kalitatea hobetzea. Horretarako, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen dituzten esku hartze programak bultzatu beharko dituzte.

3. artikulua.Ematen diren zerbitzuak.

Etxebizitza horietan biziko diren pertsonek zerbitzu hauek izango dituzte eskura:

—Bizitzeko etxe bat. Solairu bakoitzeko gunea erabili ahal izango dute, bai eta guztiontzako guneak ere.

—Catering zerbitzua, eskatzen dutenentzat.

—Etxebizitzen mantentze-lana.

—Guztion erabilerarako guneen garbiketa.

—Eguneroko oinarrizko jarduerak egiteko laguntza (etxez etxeko laguntza izango dute aurretik eskatu eta balioespen teknikoak hala erabakitzen badu).

—Bizitza plan pertsonalaren antolaketa eta plan horren betetzea.

—Erabiltzaileei harrera egin eta abegi ematea.

—Bitartekaritza lana, pertsonen arteko arazoak eta kexak sortuko balira.

—Erabiltzaile bakoitzaren autonomia maila gainbegiratzea, baita bakoitzak dituen laguntza edo zerbitzu beharrena ere.

4. artikulua.Arduren banaketa.

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Saileko ardurak hauek izango dira:

a)Etxebizitzan sartu nahi dutenei informazioa eta aholkua ematea: Zertan datzan zerbitzua eta zer baldintza bete behar diren.

b)Eskaerak jasotzea eta espedienteak eskatzen dituen datuak betetzea (gizarte baremoa, baremo ekonomikoak ...).

c)Pertsonak banan-banan hartu, eta etxebizitza mota hauetan sartzeko baldintzak betetzen ez dituztenei (baldintza fisikoak edo psikikoak, integrazio arazoak, ezintasuna eta abar direla eta) edo hala eskatzen duten erabiltzaileei beste irtenbide batzuk aurkitzen laguntzea.

d)Itxaron zerrendak ordenan jartzea eta hutsik dauden lekuak betetzea.

e)Barne Erregelamendua onartzeko proposamena.

Zumaiako Udaleko Ogasun Saileko ardurak hauek dira:

a)Zerbitzu bakoitzaren kostua zehaztea.

b)Erabiltzaile bakoitzak ordaindu beharreko diru kopurua zehaztea, horretarako onartua izan den erregelamenduaren arabera.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizarte Politikarako Departamentuaren ardura hau da:

a)Pertsona bakoitzaren mendekotasun egoera aztertzea, bai eskatzaileena, bai etxebizitzetan bizi direnena.

b)Udaleko langileei laguntza teknikoa ematea, baita aholkularitza zerbitzua ere.

c)Diru laguntzak ematea, toki gehiago izateko edo instalazioak hobetzeko lanetarako.

Enpresa esleipendunaren ardura hau da:

a)Erabiltzaileak hartzea eta horien segimendua egitea.

b)Erabiltzaile bakoitzaren segimendu berezia egitea: Bakoitzak behar dituen sendagaiak, administrazio ekonomikoa, etab. Betiere, erabiltzaileak eskatzen badu.

c)Erabiltzaile bakoitzarentzako banakako plana egitea.

d)Catering zerbitzua, eskatzen dutenentzat.

e)Etxebizitzetako instalazioen, etxetresna elektrikoen edo altzarien mantentze lana.

f)Guztiek erabiltzen dituzten guneak garbitzea.

g)Eguneroko oinarrizko jarduerak egiten laguntzea (etxez etxeko laguntza zerbitzua). Eskaera horiek Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak bideratuko ditu.

h)Bitartekaritza lana egitea, arazoak edo kexak daudenean.

i)Zerbitzuaren erabiltzaileengan gertatzen diren aldaketak gainbegiratzea.

j)Erabiltzaileekin lotutako edozein gertaera garrantzitsu Gizarte Zerbitzuei jakinarazi beharko zaio. Honakoak besteak beste:

—Etxebizitzen garbiketa.

—Harreman arazo larriak.

—Sortu litezkeen arazoak.

—Gaitasun kognitiboen aldaketa.

I. TITULUA

ARAUDI KOMUNA

I. KAPITULUA.  ERABILTZAILEAK

5. artikulua.Zerbitzua eskuratzeko baldintzak.

Balio Anitzeko Etxebizitzetan sartu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

—Zumaian erroldatuta egotea: Gutxienez eskaera data baino 24 hilabete lehenago.

Baldintza hau ez da beharrezkoa izango Zumaian jaio eta familiarekin berriz elkartzeagatik edo gizarte arrazoiengatik Zumaian berriz bizi nahi dutela argudiatzen dutenentzat.

Dena dela ere, unean uneko egoeraren arabera eta aurreko baldintza bete gabe ere, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek familiarekin berriz elkartzeko egoerak edo beste zenbait egoera kontuan hartuko ditu, betiere egoera horiekin herriarekiko behar adinako lotura (bai pertsonala, bai familiarekin lotutakoa) frogatzen bada.

Zumaiako erabiltzaile guztien beharrei erantzun ondoren bete gabeko lekuak geratuko balira, eskualdeko herrietan erroldatutako pertsonek balio anitzeko etxebizitzetan sartzeko aukera izango dute, beti ere bere herrian erroldatuta 24 hilabete daramatzatela frogatzen badute. Horretarako, ordea, pertsona horren jatorrizko herriko udalak eskaera teknikoa bere gain egin, eta horren ardura ekonomikoa hartu beharko du. Eskaera hori urtez urte luzatu ahal izango da, zumaiarren eskaerei lehentasuna emateko.

—60 urtetik gorakoa izatea, indarrean dagoen balioespenaren arabera autonomoa izatea, laguntza gutxi edo gainbegiratze txikia behar izatea eta etxebizitza lortzeko beharra izatea.

—60 urtetik gorako pertsonek beren ezkonlagunarekin, bikotearekin edo anai-arrebekin bizitzeko aukera izango dute balio anitzeko etxebizitzetan, nahiz eta horiek gazteagoak izan. Halaber, eskatzaileak menpeko senitarteko edo lagun baten ardura izango balu, pertsona horrek ere etxebizitza horretan bizitzeko aukera izango luke.

—Urritasun fisiko, psikiko edo sozialak dituen 60 urtetik gorako pertsona autonomoa izatea, eta gainbegiratze maila txikia behar izatea, eta/edo pertsona horrek, bere ardurapean, ohiko etxebizitzan bizitzeko gai ez den senitarteko edo laguna izatea.

Halaber, kontuan hartu behar da pertsona horien osasunak eta autonomo izateko gaitasunak pixkanaka okerrera egingo duela; beraz, beharrezkoa izango da zerbitzu hau utzi eta pertsona horientzat egokiagoak izango diren baliabideak ezartzea.

—Autonomia pertsonala izateaz gain, bere etxebizitzatik ateratzeko premia duten pertsonak, hainbat arrazoirengatik: Kaleratzea, tratu txarrak jasateko arriskua, etxebizitzak osasunaren kalterako baldintzak izatea, etab. Pertsona horiek aldi baterako bizi ahal izango dira etxebizitza balio anitzetan (3 eta 6 hilabete artean, egoera argitu arte. Protokolo bat landuko da kasu horiei aurre egiteko).

Ondorioz:

—Eskatzaileen ezkonlagunek ere etxebizitzan sartzeko aukera izango dute, nahiz eta aurretik ezarritako baldintzak ez bete (adina, erroldatzea). Halaber, familiako beste zenbait kidek ere (seme-alabek, anai-arrebek, etab.) sartzeko aukera izango dute eskatzailearekin bizi eta ezinduak direla egiaztatzen bada.

—Eskatzailearen autonomia maila unean uneko erakundeak ezartzen duen balioespen eskalaren arabera erabakiko da.

—Eskaera familia unitate batek egindakoa bada, mendekotasun maila handiagoko pertsonek ere badute etxebizitza mota hauetan bizitzeko aukera, baldin eta eskatzailea gai bada pertsona horrek behar duen zaintza emateko.

—Ez da onartuko bestekin harremanak izateko arazoak izan eta, beraz, bizikidetza honda dezakeen inor.

—Balioespen taldeak erabakiko du eskakizun bakoitzaren egokitasuna, pertsona bakoitzaren beharren eta mendekotasun fisikoaren, psikikoaren eta sozialaren arabera.

—Etxebizitza bat eskatzen duen pertsonak etxebizitza horretan jarraitzeko baldintzak betetzen ez dituenean (mendekotasun maila handitu egin zaiolako edo laguna hil egin delako), bertatik atera beharko du 3 hilabeteko epean (epe hori beste 3 hilabetez luza daiteke).

6. artikulua.Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

6.1.  Erabiltzaileek erabateko askatasuna izango dute, betiere bizikidetzarako arauen erregelamenduak ezartzen dituen mugen baitan.

Erabiltzaileek eskubide hauek dituzte:

—Etxebizitza erabiltzeko eskubidea.

—Norberaren izaera, giza duintasun eta intimitatearekiko errespetua. Ezingo da inor baztertu ez gizarte mailan, ez ekonomikoan, ezta maila moralean edo ideologikoan ere.

—Bakoitzak behar duen informazioa jasotzeko eskubidea, bai ahoz, bai idatziz.

—Prozesuan erabiliko den informazio guztia isilpean gordeko dela bermatzen duen eskubidea, baldin eta legeak ez badu informazio hori eskatzen.

—Zerbitzu orokorrak eta administrazio zerbitzuak modu egokian funtzionatzeko eskubidea. Bizitzeko baldintza egokiak edukitzeko eskubidea, baita garbitasun, elikadura, segurtasun, errespetu eta intimitate baldintza egokiak edukitzekoa ere.

—Erreklamazioak, kexak eta iradokizunak aurkezteko ohiko bideak erabiltzeko eskubidea.

—Egunez familiaren eta lagunen bisitak izateko eskubidea.

—Urtean gehienez 45 eguneko oporraldiaz gozatzeko eskubidea. Dena dela ere, pertsona batek gaua etxebizitzatik kanpo igaro nahi badu, arduradunari aldez aurretik jakinarazi beharko dio.

—Behar izanez gero, erabiltzaileek behar dituzten gizarte zerbitzuak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte langileak kudeatzeko eskubidea.

—Erabiltzaileak etxebizitzaz aldatu ahal izango da, betiere –eskaeraren arabera– aldaketa hori beharrezkotzat jotzen bada zerbitzua hobeto kudeatu ahal izateko.

—Erabiltzaileak bere etxebizitzako giltza edukitzeko eskubidea, indibidualizazio printzipioa bete ahal izateko. Halere, arduradunak ere giltzaren kopia bat izango du, beharrezkoa denean erabili ahal izateko.

—Erabiltzailearen mendekotasun maila handituko balitz eta ezin izango balu etxebizitza horretan bizitzen jarraitu, eskubidea izatea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak beharrezko gestio guztiak egin ditzan, pertsona hori baliabiderik egokienean sartu ahal izateko.

6.2.  Balio anitzeko etxebizitzako erabiltzaileek betebehar hauek izango dituzte:

—Etxebizitza eta ekipamendu guztiak zaindu beharko dituzte.

—Etxebizitza utzi nahi edo utzi behar izanez gero, arduradunari jakinarazi beharko diote, hilabeteko aurrerapenarekin.

—Instalazioak zaindu egin beharko dituzte, eta altzari, tresna eta ematen zaizkion beste gauza guztiak bereak balira bezala zaindu.

—Erabiltzailearen osasunak okerrera egingo balu, udalaren erabakia onartu egin beharko du.

—Gizalege eta bizikidetza arauak errespetatu beharko dituzte, bai guztiontzako guneetan, baita etxe barruan ere.

—Arduradunari utzi egin beharko diote etxebizitzan sartzen, pertsona horrek izango baitu segimenduaren eta funtzionamendu egokiaren ardura.

—Etxebizitzan bizitzeagatik ezarritako diru kopurua behar den garaian ordaindu beharko dute. Alde horretatik, erabiltzaileen diru sarreretan aldaketaren bat gertatuko balitz (adostutako diru kopurua finkatzeko erabili izan den edozein diru sarrera, alegia), horren berri eman beharko dute aldaketa gertatu eta 15 egunen buruan:

—Pertsonak jasotzen duen diru sarreren aldaketa, bai motari, bai zenbatekoari dagokionez.

—Ondarea areagotu edo murriztu izana.

—Dirua lortu izana, eskubide ekonomikoak gauzatu dituztelako.

II. KAPITULUA.  ONARPEN PROZEDURA

7. artikulua.Onarpena.

Balio anitzeko etxebizitza bat esleitzeko prozeduran eskaera egitea da lehenengo pausoa. Horretarako, Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak araututako eredu bat prestatu du. (Ikus I. eranskina).

8. artikulua.Dokumentazioa.

Eskaeran agiri hauek aurkeztu behar dira:

—Eskaera inprimakia, sinadura eta guzti.

—Eskatzailearen eta harekin biziko direnen NANaren fotokopia.

—Oheburuko medikuaren txostena, edo eskatzailearen osasun egoerari buruzko txosten klinikoa. Txosten horretan pertsona horren diagnostiko zerrenda, dietarik egokiena eta hartu beharreko sendagaiak agertu behar dira.

—Balioespen talde eskudunak egindako balioespen txostena; txosten horretan, eskatzailearen eta harekin bizi diren pertsonen egoera balioetsiko da (autonomoak/mendekoak).

—Azken bi urteetako errolda agiria.

—Gizarte Segurantzako txartelaren fotokopia.

—Urteko diru sarreren ziurtagiria; pentsioak, nominak...

—Azken Errenta Aitorpenaren Ziurtagiria; aitorpenik ezean, eskatzaileak Ogasunaren ziurtagiri bat lortu beharko du, deklaratzaileen erroldan ez dagoela frogatzeko.

—Azken 5 urteotako ondasun higiezinei buruko ziurtagiria, Foru Ogasunak egina.

—Eskatzaileak dituen aurrezkiei buruzko banku ziurtagiriak.

—Eskatzaileak Gizarte Zerbitzuetako Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak ere aurkeztu beharko ditu.

—Libreta edo kontu zenbakia (20 digituak).

9. artikulua.Ebazpena.

Eskatzailearen dokumentazio guztia jaso ondoren, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak horren gizarte egoera balioetsiko du. Txosten teknikoa egin ondoren, kasu bakoitzari dagokion ebazpena proposatuko dio Gizarte Zerbitzuetako Batzordeari. Ondoren, erakunde eskudunak hartuko du azken erabakia.

10. artikulua.Itxaron zerrendak.

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak egingo ditu itxaron zerrendak eta erreserba zerrendak, hutsik geratzen diren tokiak bete ahal izateko.

11. artikulua.Erabiltzaile izateari uztea.

Erabiltzaileek balio anitzeko etxebizitza utzi egin beharko dute arrazoi hauengatik:

—Erabiltzaileak berak hala nahi izan duelako. Asmo hori espresuki eta argi adierazi beharko du.

—Erabiltzailea zigor baten ondorioz etxebizitzatik bota dutelako.

—Erabiltzailea hil egin delako.

—Arrazoirik eman gabe behin eta berriz –edo tarteka– etxebizitzatik kanpo bizi izan delako (oporretako urteko 45 egunak ez dira kontuan hartuko).

—Hileroko diru kopurua ordaindu ez duelako.

—Etxebizitzan bizi ahal izateko aukera eman zion egoera aldatu egin delako, erabat edo neurri batean.

III. KAPITULUA.  ERREGIMEN EKONOMIKOA

12. artikulua.Zerbitzua eskuratzeagatik ordaindu beharrekoa.

Zumaiako Udalak erabakiko du etxebizitza bakoitzaren benetako kostua.

13. artikulua.Zerbitzuaren finantzaketa.

Zerbitzuaren urteroko finantzaketa diru iturri hauen bidez egingo da:

a)Erabiltzaileek ordaindutako dirua.

b)Udalak emandako dirua.

Tasak udalak erabakiko ditu, dagokion Zerga Ordenantzaren bidez.

Zerbitzu hau eskuratzeagatik ordaindu beharreko kopurua desberdina izango da etxebizitza motaren arabera:

a)A motako etxebizitza: (41,55 m˛).

b)B motako etxebizitza: (43,50 m˛).

c)C motako etxebizitza: (54,65 m˛).

d)D motako etxebizitza: (80,60 m˛).

14. artikulua.Erabiltzaileek ordaindu beharrekoa.

Etxebizitza zerbitzu hau eskuratu ahal izateko, erabiltzaileek dituzten diru sarrera eta ondasun guztiak hartu beharko dira kontuan. Horretarako, erabiltzaile bakoitzak bere diru sarreren frogagiri guztiak eta bere ondasun higigarriei eta higiezinei buruzko zinpeko aitorpena prestatu beharko ditu.

Erabiltzailearen eta harekin biziko direnen higigarrien guztirako per capita ondarea 6.000 eurotik gorakoa bada, balio anitzeko etxebizitza soberakin horrekin ordaindu beharko dute. Aipatutako kopuru horrekin, berriz, norberak nahi duena egin ahal izango du.

Erabiltzailea egun batzuetan etxebizitzatik kanpo egon bada ere, hilero zor duen diru kopuru guzti-guztia ordaindu beharko du.

Bi kasutan soilik ezarriko da etxebizitza erabili den egunen araberako kuota proportzionala: Erabiltzaileak alta eman duen hilean, eta, heriotza dela eta, baja eman duenean.

Ordaintzeko modua: Erabiltzaileek hilabete bakoitzeko 15. eguna baino lehen ordaindu beharko dute kuota, eta nahitaezkoa izango da kontu korronte baten zenbakia ematea, kontu horretatik dirua kobratu ahal izateko. Epe horretan zorrak ordaintzen ez badira, premiamendu bidetik eskatuko dira eta zordunek %20ko errekargua ordaindu beharko dute.

Eskatzen diren inprimaki guztiak betetzeaz gain, erabiltzaileek sartzen diren hilari dagokion diru kopuru proportzionala ordaindu beharko dute. Ondoren, ezarritako arau orokorrak beteko dituzte.

15. artikulua.Erabiltzaileak udalak ezarritako diru kopurua ordaindu izatea.

Eskatzaileak eta balio anitzeko etxebizitzan harekin biziko diren senitartekoek ez badute hileko kuota ordaintzeko behar adina diru, udalari laguntza eskatzeko aukera izango dute. Horretarako, dokumentu hauek prestatu beharko dituzte:

a)Eskaera: Dokumentu horretan, eskatzaileak azaldu egin beharko du zergatik ezin duen balio anitzeko etxebizitzari dagokion kuota ordaindu.

b)Familia unitatearen diru sarreren frogagiriak (familia unitatea etxebizitza berean bizi den pertsona taldea da, ondorio hauetarako).

c)Balio anitzeko etxebizitzan biziko diren familia unitateko kide guztien diru sarreren frogagiria (soldatak, pentsioak, aurrezki orriak, eperako aurrezkiak).

d)Azken Errenta Aitorpenaren fotokopia. Aitorpenik ezean eskatzaileak eta etxebizitzan biziko diren familia unitateko kide guztiek Ogasunaren ziurtagiri bat lortu beharko dute, aitorpena egitera behartuta ez daudela frogatzeko.

e)Balio anitzeko etxebizitzan biziko diren familia unitateko kide guztiek azken 5 urteetako ondasunen ziurtagiria eskatu beharko dute Foru Ogasunean.

f)Udalak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein dokumentu.

Erabiltzaile batek, hileko kuota ordaintzeko behar adina eskudiru eduki ez arren, bere ondareekin diru kopuru hori ordaintzeko aukera izango balu, pertsona horren erantzukizuna izango da hilean zor duen dirua ordaintzea, horretarako ondareaz baliatu behar izango balu ere.

Erabiltzaile batek diru sarreretan edo ondarean aldaketaren bat izango balu, 15 egun natural igaro aurretik eman beharko du aldaketa horren berri Gizarte Zerbitzuetan, egoera berriaren balioespena egin ahal izateko. Erabiltzaileen egoera ekonomikoa urtero berrikusiko da.

16. artikulua.Udalaren diru laguntzak balio anitzeko etxebizitzaren kuota ordaintzeko.

Udalaren diru laguntza hau izango da: Erabiltzaileak balio anitzeko etxebizitzan bizitzeagatik ordaindu behar duen diru kopuruari erabiltzaileari gastatzeko dagokion diru kopurua kenduta geratzen den diru kopurua.

Norberak gastatzeko dirua lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 da, erabiltzailea bakarra bada. Pertsona bakarra izan beharrean bi pertsona badira, aurreko kopuruari %30 gehituko zaio. Eta hirugarren kide bat egongo balitz, berriz, beste %9. Azkenik, laugarren kideagatik %7,7 gehituko litzateke.

Zumaiarrak ez diren erabiltzaileen kasuan, jatorrizko udalaren diru laguntzarekin eta erabiltzailearen diruarekin ordainduko da hileroko diru kopurua. Beraz, jatorrizko udalak ordainduko du kasu bakoitzari dagokion diferentzia ekonomikoa.

IV. KAPITULUA.  HUTSEGITEAK ETA ZIGORRAK

17. artikulua.Hutsegiteak eta zigorrak.

Bizilagunekiko edo langileekiko bizikidetza errespetatzen ez duten erabiltzaileei zigorra ezarriko zaie, baita sarbide eskaeran datu faltsuak ematen dituztenei ere.

Oro har, Erregelamendu honetako edozein arau urratzea hutsegitetzat hartuko da. Hutsegiteak honela sailkatuko dira: Arinak, larriak edo oso larriak.

Erregelamendua errespetatzen ez duten erabiltzaileek behin betiko kanporatuak izateko zigorra ere jaso lezakete.

18. artikulua.  Hutsegite motak.

Etxebizitzaren barruan gertatzen den edozein kalteren ardura (zerbait egiteagatik edo zerbait ez egiteagatik) bertan bizi direnena da.

Alde horretatik, hutsegiteak oso larriak, larriak edo arinak izan daitezke.

—Oso hutsegite larriak:

a)Hiru hutsegite larri edo gehiago egitea.

b)Etxebizitzako kideak, bizilagunak edo langileak erasotzea edo bortizki tratatzea.

c)Aitorpenak faltsutzea eta ezkutatzea edo zehaztu gabeko datuak ematea, etekina atera ahal izateko.

d)Etxebizitzako ondasunetan kalte handiak eragitea edo besteekiko harremanetan liskarrak larriak sortzea.

—Hutsegite larriak:

a)Hiru hutsegite arin edo gehiago egitea.

b)Etxebizitzako edozein ondasun edo gauza lapurtzea, baita beste edozein erabiltzaileren edo langileren gauzak ere.

c)Adostutako diru kopurua berandu ordaintzea, inolako azalpenik eman gabe.

Etxebizitzan erabiltzaileen senitartekoren edo lagunen bat bizitzea, nahiz eta aldi baterako izan, aurretik udaleko Gizarte Zerbitzuei jakinarazi gabe edo horretarako arrazoirik eman gabe.

—Hutsegite arinak:

a)Langileekiko edo beste erabiltzaileekiko errespeturik ez agertzea: Jendea gaizki tratatzea hitzez edo jarreraz, edo hitz txarrak esatea.

b)Etxebizitzako altzariak, sukaldeko tresnak, gauzak eta instalazioak zabarkeriaz edo arretarik gabe erabiltzea, hori guztia pertsonaren adinari edo egoera fisikoari egotzi ezin bazaio, bederen.

19. artikulua.Zigorrak.

Aurreko hutsegiteren bat egiten duen erabiltzaileari zigor hauek ezarriko zaizkio:

—Oso hutsegite larriak:

Erabiltzailea behin betiko kanporatuko da etxebizitzatik.

—Hutsegite larriak:

Kanporatua izateko arriskuaz ohartaraziko zaio eta 90 euroko isuna ordaindu beharko du. Hirugarren ohartarazpenaren ondoren, behin betiko kanporatuko da.

—Hutsegite arinak:

a)Ahozko edo idatzizko ohartarazpenak.

b)Hiru hutsegite arin hutsegite larria bihurtuko da.

20. artikulua.Hutsegiteei buruzko erabakiak.

Hutsegite arinei buruzko erabakiak zerbitzuaren baitako erreferentzia pertsonak konponduko ditu.

Hutsegite larriei eta oso larriei buruzko erabakiak Gobernu Batzordeak hartuko ditu, Gizarte Zerbitzuen Batzorde Informatzailearen proposamenari jarraituz.

V. KAPITULUA.  FUNTZIONAMENDU ARAUAK

·  Etxebizitzatik ateratzea eta bisitak:

—Erabiltzaileek jakinarazi egin beharko dituzte gertueneko senitartekoen helbide aldaketak edota horien telefono zenbakien aldaketak.

—Erabiltzaileek askatasun osoa dute etxebizitzatik nahi dutenean ateratzeko eta sartzeko. Horretarako, bakoitzak bere giltza izango du.

—Erabiltzaile batek gaua etxebizitzatik kanpo igaro behar duenean, gutxienez 24 orduko aurrerapenarekin jakinarazi beharko dio arduradunari. Egoera hori urtean 45 aldiz gertatuko da gehienez.

—Langileak edo beste erabiltzaileak min ditzaketen eztabaidarik edo istilurik ez izaten ahalegindu behar da.

—Bisitei dagokionez, ez da ordutegi zorrotzik ezarriko. Bakoitzak bere sen ona erabili beharko du.

—Erabiltzaileek, erabiltzaile izateagatik, eskubide osoa dute etxebizitzako instalazioak eta zerbitzuak erabiltzaileko. Horien senitartekoek, lagunek edo bestelako pertsonek ez dute, ordea, eskubide hori izango.

—Etxebizitzetan ezin izango du bizi erabiltzaile izendatuta ez dagoen beste inor.

·  Altzariak:

—Ezin da ezer bota komunetik edo leihotik.

—Etxebizitzako tresna edo altzari bat hondatzen bada edo horren funtzionamenduan ohikoa ez den zerbait sumatzen bada, beti eman behar zaio horren berri arduradunari, horiek konpondu ahal izateko.

—Erabiltzaileek, hala nahi badute, beren gauza pertsonalak etxebizitzan jartzeko aukera izango dute, betiere haiei emandako lekuan horiek sartzeko leku eta baldintza aproposak egonez gero. Udalak ez du bere gain hartuko baliozko gauza pertsonalekiko ardurarik, ezta horien mantentze lanekiko edo garbiketarekiko ardurarik ere.

—Erabiltzaileek salbuespenezko kasuetan soilik eramango dituzte altzariak etxebizitzara, aurretik zerbitzuko arduradunak berariazko baimena eman ondoren. Altzari horiek ondo sartu behar dute, eta baldintza egokiak izan behar dituzte. Erabiltzaileak bere kabuz eraman beharko ditu altzariak.

—Etxebizitzan bizitzeari uzterakoan, erabiltzaileak hasieran aurkitu zuen bezalaxe eman beharko du etxea. Astebeteko epea izango du bere gauza guztiak ateratzeko eta, hori egingo ez balu, gauza horiek udalaren eskuetan geratuko dira.

·  Segurtasun neurriak:

—Ez da asfixia edo sutea eragin dezakeen tresnarik erabiliko, ez gasekorik, ez elektrikorik, ez bestelakorik.

—Erabiltzaileak etxebizitzatik kanpo behar duen arreta.

—Erabiltzaileren bat ospitalera eraman beharko balitz, haren familiak izango du pertsona horrenganako ardura ospitalean, gaixoa zaintzeko, hari bisitak egiteko, etab.

Arau hauetan agertzen ez diren gai guztiei dagokienez, udalak Gizarte Zerbitzuen Batzorde Informatzailearen bidez hartutako erabakiei jarraituko zaie.

ORDENANTZAREN URRAKETA

Gizarte Zerbitzuen Batzorde Informatzaileak erabiltzaile batek edo haren senitartekoek erregelamendu honetan eskatzen diren baldintzei buruz gezurrak esan dituztela jakin eta horiek behar den bezala frogatuko balitu, pertsona horrek berehala utziko lioke erabiltzaile izateari. Neurri horrekin Erregelamendu honetako 19. artikuluan ezarritako zigorra aplikatuko litzateke. Hori gertatuko balitz, eskatzaileari jakinaraziko litzaioke erabakia, eta udalak, berehala, egoki iruditzen zaizkion izapideak egiteari ekingo dio, ordaindutako kopurua itzul dakion. Eta hutsegite jakin horretan engainuzko jokabidea hautematen badu, jurisdikzio penalean salatuko luke gertaera hori.

XEDAPEN OSAGARRIAK

Laguntza jasotzen ari den erabiltzaile baten baldintza ekonomikoak aldatuko balira, egoera berri hori 15 egun naturalen buruan jakinarazi beharko lioke udalari. Udalak aztertu egingo luke pertsona horren egoera berria, ordura arteko laguntzak behar dituen ala ez erabakitzeko. Horrek ez du eraginik izango jakinarazpen dataren aurreko egoeran.

 

 

III. ERANSKINA

BALIO ANITZEKO ETXEBIZITZETAN SARTZEKO GIZARTE BAREMOA

ARRETA BEHARRA

0 puntuazioa.Erdi mailako edo goi mailako arreta behar izan arren, oso arreta urria jasotzen duten pertsonak.

Arreta handia behar izan arren, egunean zehar oso arrera gutxi jasotzen duten pertsonak.

Eguneko 24 orduetan arreta handia behar izan arren, beharrak ase gabe edo ia ase gabe dituzten pertsonak, eta horiek asetzeko aukerarik ez dutenak gainera.

4 puntuazioa.Bakarrik bizi eta noizbehinkako arreta behar duten adineko pertsonak. Haiekin bizi direnek edo beste zenbait pertsonek ez diete arreta hori ematen edo oso arreta gutxi ematen diete.

8 puntuazioa.Arreta behar duten adineko pertsonak (arreta gutxi, erdi mailakoa edo goi mailakoa). Pertsona horien inguruko senitartekoek eta/edo kanpoko laguntzaileek eman egiten diete arreta hori.

10 puntuazioa.Arretaren beharrik ez duten pertsonak.

FAMILIA ETA GIZARTE HARREMANA

0 puntuazioa.Familia eta/edo gizarte harremanetan arazo handirik ez duten pertsonak.

2 puntuazioa.Bizikidetza harreman zailak dituzten pertsonak.

4 puntuazioa.Bakardadean eta bakartuta bizi diren adineko pertsonak, familia harreman eskasak dituztelako.

6 puntuazioa.Adineko pertsona hauen presentziak liskarrak eragiten ditu familiaren baitan.

Adineko pertsona hauen arabera, beren behar guztiak ez daude aseta edo ez, behintzat, behar bezainbeste. Ez dakite nola egongo diren epe laburrean.

Adineko pertsona hauek edo bere senitartekoek zailtasun handiak dituzte familiaren baitako harremanetara moldatzeko.

8 puntuazioa.  Beren egoera oso urritzat jotzen duten adineko pertsonak, eta zenbait adierazleren arabera, sufritu egiten dutenak, bai emozionalki, bai psikikoki.

Adineko pertsona hauek seme-alaba bakoitzaren etxean aldi baterako edo txandaka bizitzen direnean, ziurtasun gabezia handia sentitzen dute.

10 puntuazioa.Familiarik gabeko adineko pertsonak, baita etxe mailako edo gizarte mailako laguntzarik gabekoak ere.

Pertsona hauen ustez, liskar ugari bizitzen dituzte beren familia eta gizarte harremanetan.

Familian edo gizarte inguruan arazo larriak (tratu txarrak, bakarrik uzten dituzte, bai fisikoki, bai emozionalki) jasaten dituzten pertsonak.

ETXEBIZITZA

0 puntuazioa.Etxebizitzak baldintza egokiak ditu bertan bizi ahal izateko, baita zerbitzu guztiak eskuratzeko aukera ere.

1 puntuazioa.Etxebizitzak ez du baldintza egokirik bertan bizitzeko, bai ekipamenduari, bai egiturari dagokionez.

2 puntuazioa.Etxebizitzako baldintzak eskasak dira, ez baititu eskaintzen beharrezko ekipamendu guztiak (etxetresna elektrikoak, altzariak, oinarrizko etxeko gauzak, etab.).

Etxebizitzak baldintza eskasak ditu egiturari dagokionez, baina baldintza horiek hobetu daitezke.

3 puntuazioa.Etxebizitzak ekipamendu eta egitura egokiak ditu, eta hirigunetik urrun dago. Ez da erraza etxebizitza horretatik hirigunera heltzea eta adineko pertsonak behar dituen oinarrizko zerbitzuak eskuratzea.

4 puntuazioa.Etxea ez da bizitzeko egokia, ez ekipamenduen aldetik, ezta egituraren aldetik ere. Hirigunetik urrun dago, eta ez da erraza bertatik hirigunera heltzea eta adineko pertsonak behar dituen oinarrizko zerbitzuak eskuratzea.

5 puntuazioa.Etxea ez da inolaz ere bizitzeko egokia, ez ekipamenduen aldetik, ezta egituraren aldetik ere. Hirigunetik urrun dago, eta ez da erraza bertatik hirigunera heltzea eta adineko pertsonak behar dituen oinarrizko zerbitzuak eskuratzea.

6 puntuazioa.Etxea bizitzeko egokia bada ere, baitu zenbait oztopo arkitektoniko, bai barrutik, baita kanpotik ere. Oztopo horiek eragotzi egiten dute adineko pertsonaren bizitza autonomoa, bai maila pertsonalean, bai gizarte mailan.

7 puntuazioa.Etxea ez da bizitzeko egokia, eta barruko nahiz kanpoko oztopo arkitektonikoak ditu. Oztopo horiek eragotzi egiten dute adineko pertsonaren bizitza autonomoa, bai maila pertsonalean, bai gizarte mailan.

8 puntuazioa.Etxea ez da inolaz ere bizitzeko egokia eta barruko nahiz kanpoko oztopo arkitektonikoak ditu. Oztopo horiek eragotzi egiten dute adineko pertsonaren bizitza autonomoa, bai maila pertsonalean, bai gizarte mailan.

9 puntuazioa.Adineko pertsona zentro batean bizi da, baina bertatik alde egin behar du. Zentro horretatik atera ondoren, adineko pertsonak bi aukera ditu: Ostatu batera joatea
–gutxieneko baldintzak betetzen ditu, edo bertan denbora gutxirako gera daiteke– edo etxe partikular batean bizitzen hastea, epe laburrean bertan geratzeko bermerik gabe.

10 puntuazioa.Adineko pertsona etxetik kaleratu egin dute edo etxea ezinbestez utzi egin behar izan du.

EGOERA EKONOMIKOA

Adineko pertsonaren egoera ekonomikoa pertsonak berak nahi izanez gero aztertuko da, balio anitzeko etxebizitza bat eskuratu ahal izateko. Pertsonak ez badu bere egoera ekonomikoa aztertzerik nahi bere erabakia Administrazioari jakinarazi eta 0 puntu zenbatuko zaizkio.

Egoera ekonomikoa aztertzeko, pertsonaren ondasunen bermea eta erabilgarritasuna aztertuko da, baita horiek adineko pertsonaren beharrak zenbateraino ase ditzaketen ere.

Kasu bakoitzari dagokion puntuazioa lanbide arteko gutxieneko soldatan oinarritzen da, familia unitateko kide bakoitzari (balio anitzeko etxebizitzan bizi nahi duten familiako kideak) dagokionez.

1 puntuazioa.Eskatzaileak arazorik gabe bete ditzake bere behar guztiak, bere etxean bertan. Talde honen baitan egoteko, familia unitateko kide bakoitzak urtean lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitza irabazi edo 90.000 eurotik gorako kapitala izan beharko du.

3 puntuazioa.Eskatzaileak ezin ditu bere behar guztiak behar bezala bete, bere etxean bertan. Talde honen baitan egoteko, familia unitateko kide bakoitzak lanbide arteko gutxieneko soldata baino gehiago irabazi edo 45.000 eurotik gorako kapitala izan beharko du.

5 puntuazioa.Eskatzaileak ezin ditu inolaz ere bere beharrak bete. Talde honen baitan egoteko, familia unitateko kide bakoitzak lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiago irabazi edo 45.000 euro baino gutxiagoko kapitala izan beharko du.

IV. ERANSKINA

PREMIAZKO ETXEBIZITZA BATEAN SARTU AHAL IZATEKO PROTOKOLOA

SARRERA

Dokumentu honen bidez eta Zumaiako udaleko balio anitzeko etxebizitzak eskuratzeko prozedurako 5.5 puntuan azaltzen denari jarraituz, beharrezkotzat jo dugu berariazko Ekintza Protokolo bat zehaztea, Zumaian premiazko etxebizitza baten beharrean dauden pertsonen beharrei aurre egiteko.

ETXEBIZITZA ESKURATZEKO BALDINTZAK ETA PROZEDURAK

1. artikulua.Pertsona onuradunak.

Premiazko etxebizitza Zumaian erroldatutako edozein pertsonak edo bizikidetzako unitatek eskura dezake, edozein dela ere horien jatorria edo bizilekua, betiere beren ohiko etxebizitzatik alde egiteko premia badute. Alde egiteko arrazoiak honelakoak izan behar dute:

—Etxebizitzarik gabe geratzea, sute edo uholde baten ondorioz, etxebizitzako baldintzak osasunerako kaltegarriak direlako edo pertsona edo familia bertatik kaleratua izan delako.

—Tratu txarrak jasateko arriskua izatea; batzuetan pertsona hauek adingabekoak dituzte beren ardurapean.

—Etxebizitza lortzeko premiazko beharra duen beste edozein kasu, betiere premia hori denbora gutxikoa bada eta gizarte zerbitzuek aldeko txostena aurkezten badute.

Oro har, etxebizitza baten premia izanda ere egoera hori konpontzeko aukera duten kasuei emango zaie Premiazko Etxebizitza batean sartzeko lehentasuna.

2. artikulua.Iraupena.

Premiazko etxebizitza behar duten pertsonek hiru hilabeteko epea izango dute, gehienez, bertan egoteko. Epe hori beste hiru hilabetez luzatuko da salbuespenezko kasuetan, betiere ere Gizarte Zerbitzuek luzapen horren aldeko txostena aurkezten badute eta Gobernu Batzordea ados badago edo, beharra egiaztatu ondoren, Alkatetza Dekretuak hala badio.

3. artikulua.Ebazpen prozedura.

1.Premiazko etxebizitza eskuratzeko prozedura horren beharra duen pertsonak eskatuta hasiko da, udal gizarte zerbitzuek kasua baloratu ondoren; gizarte zerbitzuek ere eska dezakete prozedura hastea, etxebizitza baten premia duen kasuren bat antzemango balu.

2.Eskaera egin ondoren, gizarte langileak gizarte txosten bat egingo du, datu hauekin:

—Etxebizitza behar duen pertsonaren (edo pertsonen) identifikazio datuak.

—Bizikidetzako unitatearen identifikazio datuak.

—Beharraren arrazoiak.

—Beharrean dagoen pertsonaren (edo pertsonen) egoera ekonomikoa.

—Premiazko etxebizitza emateari buruzko balorazia; balorazio hori aldekoa izango balitz, pertsona horri eman beharreko epearen proposamena.

Txosten horrekin batera, txostenean bertan azaltzen den egoera ziurtatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak ere aurkeztu beharko dira.

3.Txostena egin ondoren, proposamena Gizarte Zerbitzuen Batzordeari jakinaraziko zaio, eta eskaera onartzea ala ez onartzea proposatuko da.

Gobernu Batzordearen edo Alkatetza Dekretuaren bidez, eskaera onartzen den ala ez erabakiko da.

4. artikulua.Larrialdi prozedura.

Premiazko etxebizitzan berehala sartzeko beharra ikusten den kasuetan, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak pertsona hori/horiek hartzeko baimena eman ahal izango du, baita Gizarte Zerbitzuen Batzordeko presidenteak ere. Horren ondoren, berehala hasi beharko da ezarritako prozedura gauzatzen behin betiko erabakia hartu ahal izateko. Erabaki hori pertsona(k) etxebizitzan sartu eta 15 egun natural igaro baino lehen hartu beharko da.

Etxebizitzan premiazko egoeran sartu ondoren, beharrezkoa izango da espedientearen izapideak egiten hastea; pertsona sartu berriak izapide horiek egiteari uko egingo balio, edo izapideak egitean pertsona hori ez onartzea erabakiko balitz, pertsona horrek etxebizitzatik atera egin beharko du jakinarazpena jaso ondoren, zazpi egun naturalen buruan. Epe horretan etxetik aterako ez balitz, pertsona hori/horiek indarrez kaleratuko da/dira.

5. artikulua.Bizikidetza.

Premiazko etxebizitzan 4 toki daude, eta aldi berean erabil daitezke zenbait pertsonaren aldi baterako arazoak konpondu ahal izateko, betiere behar adina leku eta ekipamendu badago. Erabiltzaile batek ere ez du eskubiderik izango etxea berak bakarrik erabiltzeko, pertsona horren egonaldia luzeena bada ere.

ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

6. artikulua.Etxea erabiltzeko kontratua.

Premiazko etxebizitza erabili ahal izateko, erabiltzaileek kontratu bat sinatu beharko dute eta, horren bidez, beren gain hartzen dituzte betebehar hauek:

d)Bestelako edozein kudeaketa administratibo eta judizial egitea, larrialdi egonaldia eragin duen egoera aldatu ahal izateko.

e)Onartutako balio anitzeko funtzionamendu erregelamendua onartzea eta betetzea.

f)Premiazko etxebizitzan hainbat pertsona bizi direnean, talde bizitzako arauak errespetatzea, garbitasunari, higieneari eta ordutegiei dagokienez, besteak beste. Norbaitek seme-alabak izango balitu, pertsona horrek bere gain hartu beharko du haienganako ardura, eta norberak garbitu beharko du bere logela eta bere gauza pertsonalak. Etxeko lanei dagokienez, akordio bat hartuko da eta guztiek errespetatu eta bete beharko dute.

7. artikulua.Premiazko etxebizitzan egoteagatik ordaindu beharrekoa

Ordaindu beharreko diru kopuru jakin bat ezarriko da Etxebizitzan egoteagatik, eta kostu horrek alokairua eta beste zenbait gastu (ura, argia, zaborrak, gasa) barne hartuko ditu.

Erabiltzaileek Balio Anitzeko Etxebizitzei buruzko Erregelamenduan ezarritako irizpideen arabera ordainduko dute zor duten dirua. Etxebizitza berean familia unitate bat baino gehiago biziko balitz, horietako bakoitzari aplikatuko zaio Etxebizitzei buruzko Erregelamendua.