Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

228. zenbakia Data 2004-11-26 22221 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GFA - DIPUTATU NAGUSIA
Azaroaren 16ko 89/2004 FORU DEKRETUA, Menpeko pertsona adinduen eta ezinduen abegi familiaren egitaraua onartzen duena.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

89/2004 FORU DEKRETUA, azaroaren 16koa, adineko ezinduen eta pertsona ezgaituen harrera familien Programa arautzen duena.

Familia harrera azken urteotan gizarte zerbitzuen hainbat jarduera alorretan ezartzen joan den neurrietako bat da, hala nola, haur, ezindu eta adinekoen alorretan. Baliabide honen alde ona da familia baten antzeko bizi giroa eskaintzen zaiela pertsonei ingurune normalizatu batean. Era berean, neurri horren bidez gizarteak argi eta garbi erakuts dezake baliabide horren beharra duten pertsonekiko duen solidaritatea.

Orain arte familia harrera pertsona ezinduentzat eta adinekoentzat aparte egindako dekretuen bidez gauzatu izan da.

Jarraitzen diren prozedurak antzekoak direnez, eta eguneroko jardunak bi alor horietako irizpideak eta jarduerak bateratzea komenigarria dela erakusten duenez, beharrezkotzat jotzen dugu bi familia harrera horiek prozedura bakarrean arautzea.

Horren indarrez, Gizarte Politikarako Departamentuko foru diputatuak proposatuta eta onartuta Diputatuan Kontseiluak eztabaidatu ondoren, gaur honako hau,

XEDATU DUT

Lehen artikulua.  Xedea.

Dekretu honen xedea da adineko ezinduen eta pertsona ezgaituen familia harrera arautzea harrera familien programa garatuz.

Bigarren artikulua.  Programaren definizioa.

Harrera familien programa ondorengoan datza: Familiek edo bakarrik bizi diren pertsonek beren etxeetan beraiekin inolako ahaidetasunik ez duten eta beren borondatez hala eskatzen duten adineko ezinduak edo pertsona ezgaituak hartzea, eta familia batean ohikoak diren eta espero litezkeen maila eta kalitateko arreta eta zaintza eskaintzea.

Hirugarren artikulua.  Programaren helburuak.

Familia harrerako programaren helburuak dira:

a)Etxean hartzen den pertsonaren bizi kalitatea hobetzea.

b)Etxean hartutako pertsona bere gizarte ingurunean jarraitzea eta arreta pertsonalizatuko zerbitzua eskaintzea.

c)Normalizazioa bultzatzea, zerbitzuaren erabiltzaileei ingurune arrunt eta ohikoan jarraitzeko aukera emanez.

d)Dagoen zerbitzu eskaintza zabaltzea banakako eskaerei erantzuteko aukerak emanda.

e)Gogoz kontrako instituzionalizatze prozesuak ekiditea, pertsonak beren ohiko gizarte ingurunean jarraitzea eta txertatzea bultzatuz.

f)Beren familiatan zaintzen dituzten pertsonen aldi baterako harrerak bultzatzea.

Laugarren artikulua.Aplikazio eremua.

Harrera familien programa Gipuzkoako edozein udalerritan gauzatuko da.

Bosgarren artikulua.Zerbitzua jasotzeko baldintzak eta beharkizunak.

1.Pertsona batek familian hartua izateko ondorengo beharkizunak bete behar ditu:

a)Gipuzkoako edozein udalerritan erroldatuta egotea eskaera egin aurreko bi urtetan gutxienez. Gipuzkoan jaiotakoak izan baina erroldatze baldintza betetzen ez duten pertsonen eskaerak onartu ahal izango dira, baldin eta familiarengana hurbiltzeko egiten bada eta, betiere eskatzailearen arrazoiak baloratu ondoren.

b)Hemezortzi urte baino gehiago edukitzea.

c)60 urtetik gorako pertsonen kasuan, indarrean dagoen balorazio eskalaren arabera adineko ezindu gisa baloratuta egon behar dute; pertsona ezgaituen kasuan, %33ko edo gehiagoko ezintasun maila eduki behar dute eta 6 puntutik gorako ATP baremoa.

d)Aldez aurretik familia harrera baliabide egokitzat jotzea pertsonaren beharrak asetzeko.

e)Bizikidetza normala galaraziko duten portaera edo osasun arazo larririk ez izatea, familia harrera espezializatuetan izan ezik, hala erabakiko balitz.

f)Bigarren mailarainoko odol edo ezkontza ahaidetasunik ez izatea hartua izateko eskaera egin duen familiako erreferentziako pertsonarekin.

2.Familia batek harrerakoa izateko ondorengo beharkizunak bete behar ditu:

a)Elkarbizitza unitatea osatzea.

Programa arautzen duen dekretuaren arabera harrera familiatzat hartuko da pertsona bakarrak, senar-emazteek, izatezko bikoteek edo ezkondu gabeko bikoteek edo odol edota ezkontza ahaidetasuneko zenbait kidek osatutakoa eta etxebizitza berean bizi dena. Egoera hori egiaztatzeko etxebizitza kokatuta dagoen herriko Udalak emandako elkarbizitza ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b)Erreferentziako pertsona izendatzea.

Harrera familian erreferentziako pertsona bat identifikatu beharko da, hau da, etxean hartutako pertsonaz gehienbat arduratuko dena eta administrazioarekin jardungo duena. Pertsona horrek baldintza hauek bete behar ditu:

b.1)25 urte baino gehiago eta 60 bete gabe izatea.

b.2)Familian hartutakoa zaintzeko egin beharreko lanak egitea eragotziko dioten gaixotasun infekto-kutsagarririk eta mugapen fisiko edo psikikorik ez izatea.

b.3)dineko ezinduekin eta/edo pertsona ezgaituekin jarduteko gaitasuna eta aurretiko jarrera izatea.

b.4)Zailtasun fisikoak, adimenekoak edo adinarekin lotutakoak dituzten pertsonak onartzeko gaitasuna izatea.

b.5)Harreran izan daitezkeen zailtasunak gainditzeko prestakuntza eta aholkularitza jasotzeko prest egotea.

b.6)Bere egitekoa betetzeko eta familian hartutako pertsona zaintzeko nahikoa denbora izatea.

c)Nahikoa diru baliabide izatea.

Elkarbizitza unitatearen oinarrizko beharrei erantzuteko baliabide ekonomiko egonkorrak izan behar ditu eta gutxieneko diru sarrera gisa ezarriko da eskaera egiteko garaian indarrean dagoen oinarrizko errentan zehaztutakoa.

d)Familia unitateko kide guztiek harrera onartzea.

Familia zenbait kidez osatua badago guztien onarpena beharko da harrerarako, eta etxean hartzen denarekiko jarrera positiboa eta laguntzekoa erakutsi beharko dute, bakoitzaren historia, izateko modu eta ohiturekin onartuz.

Nolanahi ere, pertsona bakarrez nahiz hainbat kidez osatutako familia unitatea egokitzat jo beharko da familia harrerarako kontuan hartuta familia harrerarekiko duen jarrera positiboa eta onarpena, hartzekoa den pertsonarekiko jarrera eta onarpena, hartzekoa den pertsona zaintzeko dituen bitartekoak (baliabide fisikoak, denbora eta nahikoa diru baliabide). Horiek egiaztatzeko behar den informazioa eskatuko zaio eskatzaileari.

3.Etxebizitzaren betebeharrak:

Harrera familiak edozein tituluko etxebizitza, prekarioan izan ezik, eduki beharko du, eman nahi zaion erabilerarako egokitua eta prestatua eta honako baldintzak dituena:

a)Nahikoa leku izatea familia bera eta hartutakoa/ak lasai bizitzeko.

b)Familian hartutako pertsona bakoitzarentzat bakarrik izango den logela bana izatea.

c)Irisbide erraza duen hiri edo herri batean egotea.

d)Nahikoak diren bizigarritasun baldintzak edukitzea.

e)Hartutako pertsona ondo moldatzea eragoz dezaketen oztopo arkitektoniko eta trabarik ez izatea, eta laguntza teknikoak erabiltzeko aukera eskaintzea.

Harrera eratzerakoan, etxean ez dira biziko arreta edo zaintza bereziak behar dituzten bi pertsona baino gehiago, familian hartutakoak barne.

4.Alabaina, aurreko beharkizunetako batzuk betetzen ez dituzten pertsonen edo elkarbizitza unitateen familia harrerak proposatu ahal izango dira, baldin eta gizarte premia garbia badago edo pertsonaren ezintasun maila antzekoa bada eta neurririk egokiena harrera bada.

Seigarren artikulua.Titularren betebeharrak.

1.Harrera familiaren betebeharrak:

a)Familia harrerarako egokitasuna baloratzeko beharrezkoa den informazioa ematea, eta kasuaz arduratzen diren gizarte zerbitzuek emandako orientazioak jarraitzea.

b)Etxean hartutakoari behar den laguntza eta zaintza eskaintzea eta errespetuz tratatzea, haren beharrak kontuan hartuta, ahal den neurrian familiako dinamikan sar dadin lagunduz.

c)Familian hartutakoarekin sinatutako kontratuaren baldintzak onartu eta betetzea.

d)Familia harreraz arduratzen diren gizarte zerbitzuei jakinaraztea:

—Helbide aldaketa edo harreraren hasierako baldintzei dagokienez aldaketa nabarmena dakarren eta harreran eragina duen aldaketa oro.

—Familia elkarbizitzan gerta daitezen gorabehera edo gabeziak

—Egin aurretik, familian hartutakoaren eta harrera familiaren arteko ondasun eskualdaketak.

2.Etxean hartutakoaren betebeharrak:

a)Familia hartzailearekin adostuta, ahal den neurrian familiako dinamikan sartzea eta parte hartzea, bizikidetza erraztuz.

b)Familia harreraz arduratzen diren gizarte zerbitzuei jakinaraztea:

Familia harrerarako nabarmena izan daitekeen diru sarrera edo bestelako gorabeheraren aldaketa oro, gertatzen den unean bertan familia elkarbizitzan gerta daitezen gorabehera edo gabeziak

c)Ohitura, ordutegi eta elkarbizitzako gainerako alderdietara egokitzea; bere higienea zaintzea; etxea, altzariak, etab. behar bezala erabiltzea eta familiako kide guztiak errespetuz tratatzea.

d)Familia hartzailearekin sinatutako kontratuaren baldintzak onartu eta betetzea.

Zazpigarren artikulua.Prozedura.

1.Espedientearen hasiera.

Programan interesaturik dauden pertsonek, familia batean hartuak izatea nahi duten pertsonak nahiz hartzaileak izan daitezkeen familiak izan, udaletako gizarte zerbitzuetara jo beharko dute eta etxebizitza partikularretan borondatezko harrerarako eskabideak tramitatu eta horren inguruko informazioa eta orientazioa emango dute. 5.1 artikuluak aipatu bezala Gipuzkoako Lurralde Historikoan erroldatuta ez dauden pertsonek Gizarte Politikarako Departamentura joko dute zuzenean.

2.Eskaerak.

Familia batean hartuak izan nahi duten pertsonen nahiz harrera programa honetan parte hartu nahi duten familien eskaerak zerrenda banatan jasoko dira eta eskaera dataren arabera lehentasun hurrenkeran jarriko dira.

3.Eskabideen tramitazioa.

a)Harrera eskatzen duen pertsonaren nahiz familiaren eskabideen espedientea udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek izapidetuko dute eta Gizarte Politikarako Departamentura igorriko dira zehaztuko den moduan.

b)Udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuek familia batean hartuak izateko programan parte hartu nahi duten pertsonen eskabideak baloratuko dituzte, beharrezkoak diren baldintzak betetzen ote dituzten egiaztatzeko.

c)Aurreko puntu hori egiaztatu ondoren udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuek Gizarte Politikarako Departamentuari proposatuko dizkiote familia batean hartuak izateko eskaera egin duten pertsonak zaintzeko egokitzat jotzen dituzten familia hartzaileak, horretarako arrazoiak emanda.

d)Gizarte Politikarako Departamentuak familia hartzaileen, harrera eskatzaileen eta harrera bakoitzaren egokitasuna ebaluatu eta erabakiko du.

Ebaluaketa horren arabera harrera familiak edota harrera eskatzaileak egokiak ez direla erabakitzen bada, eskabidea atzera botako da behin betiko.

Txosten teknikoen arabera iritziko balitz kasu jakin horretarako ez dela egokia baina beste harrera batzuetarako egokia izan daitekeela, eskabideak itxaron zerrendara pasako dira.

4.Zerrenden kudeaketa.

Harrerarako egokitzat jotako harrera familien eta harrera eskatzaileen eskabideekin osatutako zerrendak Gizarte Politikarako Departamentuak zentralizatu eta eguneratuko ditu aldian behin.

Familia batean hartzea eskatzen duen pertsona bizi den herrian harrera familiarik ez dagoenean edota eskabide horretarako egokiak ez direla irizten denean, Gizarte Politikarako Departamentuak goian aipatutako zerrendatik beste udalerri batzuetan bizi diren harrera familiak proposatuko ditu. Kasu horietan eskatzailearen adostasuna eskatuko da.

5.Bateratze lana.

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak harremanetan jarriko ditu harrerako bi alderdiak, izaera pertsonal, linguistiko, sozial eta kulturalen artean oreka bat izan eta integrazioa bermatzearren.

Harreman horretan programak ezarritako baldintzak eta alderdi bakoitzaren betebeharrak eta eskubideak azalduko dira, era berean, harrerako kontratu pribatuan jaso nahiko luketen baldintza partikularrak ere jasoko dira, bien artean adostuta.

Tramite hori jasota geratuko da oinarrizko gizarte zerbitzuak Gizarte Politikarako Departamentura igorriko duen proposamenean.

6.Ebazpena jakinaraztea.

Espedientea aztertu ondoren harrera programan parte hartzearen aldeko edo aurkako ebazpena Gizarte Politikarako Departamentuak jakinaraziko du.

Ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, alabaina etenda gelditu daiteke 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 42.5 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

7.Harrera kontratua sinatzea.

Familian hartutako pertsonak eta harrera familiak ostatu eta laguntza kontratu arautua sinatuko dute, I. eranskinean zehaztutako ereduaren araberakoa.

Kontratuaren kopietako bat oinarrizko gizarte zerbitzura bidaliko da, hark egingo baitu harreraren jarraipena.

Zortzigarren artikulua.Jarraipena.

Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzua arduratuko da jarraipena eta kontrolaz, bai harrera gauzatzen deneko baldintzena baita gerta daitezkeen era guztietako aldaketena ere. Behar izanez gero Gizarte Politikarako Departamentuak laguntza teknikoa eskainiko du.

Udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuak, aldian behin, jarraipenaren txostenak egingo ditu. Era berean, gorabehera administratibo oro jakinaraziko du diru laguntza kontrolatzeko.

Jarraipen txosten eta gorabehera parte horiekin Gizarte Politikarako Departamentuak programaren garapenaren urteko ebaluazioa egingo du.

Bederatzigarren artikulua.Harrera iraungitzea eta etetea.

1.Harrerak iraungi egingo dira ondorengo arrazoiren bat tarteko denean:

a)Hitzartutako denbora amaitzea, baldin eta halakorik zehazten bada.

b)Alderdietakoren batek harrera kontratua bukatutzat ematea, aldez aurretik beste alderdiari eta kasuaz arduratzen diren gizarte zerbitzuei jakinarazita.

c)Erreferentziako pertsonak eskatzen diren gaitasun fisiko, psikiko edota prestasunekoak galtzea, edo 5. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzea, familia harrera bidera ezina eginez.

d)Familia elkarbizitzaren hondamenak harrera modu egokian garatzea eragoztea.

e)Foru dekretu honetan jasotako betebeharretakoren bat ez betetzea.

Nolanahi ere, harrera bukatutzat emateko asmoa beste alderdiari eta harreraz arduratzen den udaleko oinarrizko zerbitzuari jakinarazi beharko zaio 60 eguneko aurrerapenez gutxienez, familian hartutako pertsona behar bezala zaintzea bermatzeko neurri egokiak hartu ahal izateko.

2.Harrera familiak halabeharrezko arrazoia adieraziz gero, harrera aldi baterako etenda geldituko da, baita dagokion diru laguntzaren ordainketa ere.

Hamargarren artikulua.Harrera familiek eskura dituzten gizarte zerbitzuetako baliabideak.

Familian hartutako pertsonek diru laguntzak eskatu ahal izango dituzte zerbitzua ordaintzeko. Laguntza horien zenbatekoa dagokion foru aginduan zehaztuko da.

Harrera familiek beste gizarte prestazio batzuk jaso ahal izango dituzte, baldin eta hitzartutako zerbitzuen osagarri badira.

Hamaikagarren artikulua.Diru laguntzak.

1.Gizarte Politikarako foru diputatuak urtez urte erabakiko du xedapen bidez etxebizitza partikularrean hartutako pertsona hartu eta zaintzeko gastuak ordaintzeko emango diren diru laguntzen gehieneko zenbatekoa, Foru Aldundiaren eta familian hartutako pertsonaren artean ordaindu beharrekoa, pertsona hori sailkatuta dagoen taldearen arabera.

2.Kontzeptu horretarako ondorengo taldeak zehazten dira:

a)Familian hartutako 60 urtetik gorako pertsonak «ezinduak» edo «oso ezinduak» bezala sailkatuko dira, duten ezintasunaren balorazio eskalaren arabera.

b)Ezgaitutako pertsonak A, B edo C taldeekin parekatuko dira minusbaliotasun mailaren eta mugikortasun eta beste pertsonen laguntza baremoen arabera, II. eranskinari jarraituz.

3.Diru laguntza zuzenean familian hartutako pertsonari ordainduko zaio hilabetearen buruan berak adierazitako kontu korrontean transferentzia eginez; lehenengo ordainketa egiteko sinatuta egon beharko du harrera familiarekin egindako harrera kontratua. Betiere, harreraren onuradunak ordainduko dio familia hartzaileari aurrez hitzartutako zenbatekoa, non eta berariaz baimena ematen ez zaion Foru Aldundiari ordainketa zuzenean egiteko.

4.Familian hartutako pertsona etxe horretatik joan eta gizarte zerbitzuen menpeko beste ekipamendu edo baliabideren batean plaza bat okupatuz gero eta baldin eta plaza hori Gizarte Politikarako Departamentuak finantzatzen badu, dagokion diru laguntza proportzionala jasoko du familiarekin bizi izan den egun kopurua kontuan hartuta.

5.Programa honetan baja eman aurretik familian hartutakoak hileko osoa jaso izan balu, aurreko paragrafoaren arabera soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko luke.

6.Hilabete baino gutxiagoko egonaldietako diru laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko (harreraren hasiera edo amaieragatik edo plaza erreserbagatik), zehaztutako eguneko prezioa erabiliko da eta hilabete horretan benetan egin diren harrera egunekin biderkatuko da hilabete horretako diru laguntza lortzeko.

Hamabigarren artikulua.Gehieneko diru laguntza.

1.Harreraren gastuak kitatzeko Gizarte Politikarako Departamentuak aldian behin ordainduko duen diru laguntzaren zenbatekoa urtez urte ezarriko diren gehieneko zenbatekoen eta familian hartutako pertsonaren urteko diru sarreren %75aren arteko diferentziaren hainbatekoa izango da; laguntza teknikoetarako, irisgarritasun obretarako edo antzekoetarako xede jakineko laguntzak izan ezik.

2.Familian hartutakoak hilean gutxienez Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoaren %50a bere esku izan beharko du.

3.Familian hartutako pertsona beste gizarte baliabide baten onuradun denean Gizarte Politikarako Departamentuak baloratu dezake horrek etxebizitza partikularrean hartu eta laguntza emateko gastuetan duen eragina, eta horren ondorioz aldatu ahal izango da bai harrera familiak bai etxean hartutako pertsonak jasotzen duten diru laguntza.

4.Familian hartutakoa ospitalera eramanez gero, han dagoen bitartean diru laguntza jasotzen jarraituko du, udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek bestelakoa diotenean izan ezik, eta gehienez ere hiru hilabetez. Horrelakoetan, harrera familiak etxean hartutakoa ospitalean dagoen bitartean haren oinarrizko beharrei erantzuteko konpromisoa hartzen du.

5.Harrera familiak jasotako zenbatekoa %30era murriztuko da tokia gordetzeko eskubidearekin familian hartutako pertsona 7 egunetik gora etxetik kanpo baldin badago eta egoera horrek dirauen bitartean gehienez ere bi hilabetez. Gizarte Politikarako Departamentuak aitortua dion diru laguntzaren zenbatekoa ere proportzio berean murriztuko da.

6.Familian hartutakoaren eta harrera familiaren artean lehenengoaren ondasunen eskualdaketa eginez gero, Gizarte Politikarako Departamentuak egoki iritzitako neurriak hartuko ditu emandako diru laguntzari eta ordaindutako zenbatekoak itzuli beharrari dagokionez.

Lehen xedapen gehigarria.

Ahalmena ematen zaio Gizarte Politikarako Departamentuko foru diputatuari foru dekretu hau betearazi eta garatzeko beharrezkoak diren ekintzak agintzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.

Familia harrerarako dauden diru laguntzei dagokien ekitaldi ekonomikoko aurrekontu kredituak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontuak onartzeko Foru Arauaren bidez zehaztuko direnak izango dira.

2004. urtean programaren onuradunei emango zaizkien foru ekarpenak ondorengo kontu sailen kargura izango dira:

1.0910.100.48000.04: 30.000 euro.

1.0910.120.48000.03: 213.048 euro.

Zenbateko horiek gehitu daitezke aurrekontu baliabideen arabera eta aldatu ere egin daitezke kreditu transferentzien erregimena arautzen duen araudia betez.

2004. urterako ondorengo gehieneko diru laguntzak ezartzen dira pertsonak etxebizitza partikularretan hartu eta zaintzeko gastuetarako, pertsona horien ezintasun maila kontuan hartuta:

—A mailako ezgaitasuna duten pertsonak: 678,60 euro/hilean (22,31 euro/egunean).

—Adineko ezinduak edo B mailako ezgaitasuna duten pertsonak: 823,91 euro/hilean (27,09 euro/egunean).

—Adineko oso ezinduak edo C mailako ezgaitasuna duten pertsonak: 934,90 euro/hilean (30,74 euro/egunean).

Xedapen iragankorra.

Foru dekretu hau indarrean jartzen denean abian dauden familia harrerak bertan xedatutakoaren arabera arautuko dira jarraipen eta egiaztapen ondorioetarako. Ondorio ekonomikoei dagokienez, dekretuak 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du eragina.

Xedapen indargabetzailea.

Indarrik gabe geratzen dira foru dekretu honek jasotakoaren aurka doazen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak, eta bereziki 1998ko maiatzaren 12ko Foru Dekretua eta 2002ko maiatzaren 9ko 280 Foru Agindua.

Amaierako xedapena.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2004ko azaroaren 16a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.

GIZARTE POLITIKARAKO
DEPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Esther Larrañaga Agirre. (10797)

I. ERANSKINA

OSTATU ETA LAGUNTZA KONTRATUA

...................................., 200 ......ko ................aren ..........a.

ELKARTU DIRA

Alde batetik, ................................................... jauna/andrea, .......................... zk NA duena eta adinez nagusia, bere izenean / (familian hartutako pertsonaren datuak)-ren tutore gisa dihardu (Marratu egoki ez dena).

Bestetik, .......................................................... jauna/andrea, ........................... zk NA duena eta adinez nagusia.

Bi pertsonek gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri eta erabaki dute ostatu eta laguntza kontratu hau sinatzea ondorengo baldintzak zehaztuz,

BALDINTZAK

Lehena: ................................................... Jaunak/andreak bere etxean, ..............................................an, hartzen du ............................................................... jauna/andrea (aurrerantzean «etxean hartutako pertsona») ondoren zehazten diren baldintzetan.

Bigarrena: Harrera familiak familiako ohiko zaintza eskainiko dio etxean hartutako pertsonari, hala nola, arropa garbiketa, otordua, logelaren garbiketa eta laguntza pertsonal egokia. «Adineko oso ezindua» edo «C mailako ezgaitasuna duen pertsona» gisa baloratuta egonez gero, ................................ .................................... jaunak/andreak konpromisoa hartzen du ......................................................................... jaunari/andreari egin ezin dituen zereginetan behar duen laguntza eskaintzeko, dituen premien arabera, besteak beste, higiene pertsonala, elikadura, janzten laguntzea, joan-etorriak, etab.

Harrerak familiako bizitzaren erabateko parte hartzea dakar eta, etxean hartutakoaren egoera fisiko eta/edo psikikoa egokia bada, etxeko lanetan era parte hartu ahal izango du.

Hirugarrena: Etxean hartutako pertsonak logela bat izango du beretzat bakarrik eta familiako kideekin partekatuko ditu etxebizitzako gainerako elementu komunak.

Laugarrena: Etxean hartutako pertsonak intimitaterako eskubidea dauka, baita bisitak hartu, irteerak egin eta abarrerako ere, elkarrekiko begirunea eta elkarbizitza errespetatuz.

Bosgarrena: ............................................... Jaunak/andreak hilean ............................ euro ordainduko dio ...................... ........................ jaunari/andreari.

Ordaindu beharreko zenbatekoa Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztuko du urtero.

Seigarrena: ..................................................... Jauna/andrea harrera etxetik kanpo egonez gero, tokia gorde egingo zaio gehienez ere bi hilabetez.

Tokia gordetzen zaion aldiko lehenengo zazpi egunetan aurreko puntuan zehaztutako kopuruari dagokion zenbatekoa ordainduko da. Zortzigarren egunetik aurrera, zenbateko horren %30 ordainduko da, adierazitako erreserba aldia bukatu arte.

Zazpigarrena: Familian hartutakoa ospitalera eramanez gero, bosgarren puntuan zehaztutako zenbatekoa ordainduko da eta tokia gordeko zaio gehienez ere 3 hilabetez. Zenbateko osoa ordainduko da familia ospitalera joateak eragiten dituen gastuak ordaintzeko eta etxean hartutakoak ospitalean dagoen bitartean dituen oinarrizko beharrak asetzeko; beraz, harrera familiak etxean hartutakoaren oinarrizko beharrei erantzuteko konpromisoa hartzen du ospitalean dagoen bitartean.

Zortzigarrena: Harrera familiak ezingo du etxean hartutakoaren ondasun higigarri edo higiezinetan esku hartu ezta horiek erabili edo administratu ere, non eta etxean hartutakoak berariaz horretarako baimena ematen ez dion familiakoak ez diren beste batzuen aurrean sinatutako dokumentu idatziaren bidez. Horrelakorik gertatuz gero, oinarrizko gizarte zerbitzuei jakinarazi beharko zaie berehala.

Bederatzigarrena: Kontratu honek harrera familien programa arautzen duen .......................ko ..................... Foru Dekretuak xedatutakoa bete behar du.

Hamargarrena: Harrera familiak Etxebizitzako Arrisku Orotako Aseguru edo Poliza bat kontratatuko du, erantzukizun zibila barne hartzen duena, etxean ostatu eman edo laguntza eskaintzeak eragin dezakeen kalte oro estaltzeko.

Hamaikagarrena: Kontratu honek mugagabeko iraupena izango du.

Kontratua iraungitzeko arrazoiak Harrera Familien Programa arautzen duen XX/2004 Dekretuko 9. artikuluan zehaztutakoak izango dira:

—Alderdietakoren batek nahi izatea, aldez aurretik kasuaz arduratzen den oinarrizko gizarte zerbitzuari eta beste alderdiari jakinarazita 60 eguneko aurrerapenez.

—Erreferentziako pertsonak eskatzen diren gaitasunak edo ezarritako baldintzetakoren bat ez betetzea, familia harrera bidera ezina eginez,

—Familia elkarbizitza hondatzea,

—Harrera Familien Programa arautzen duen XX/2004 Foru Dekretuan jasotako betebeharretakoren bat ez betetzea.

Eta kontratu honekin ados daudenez, hiru aletan eta ondorio bakarrarekin sinatzen dute goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Harrera familiako erreferentziako pertsona,

Sin.: ....................................................

Etxean hartutako pertsona,

Sin.: ....................................................

II. ERANSKINA

Familia harrerako gastuetarako diru laguntzak ordaintzeko ondorio bakarrarekin eta ezintasun maila kontuan hartuta, ondorengo sailkapena ezartzen da 60 urtetik beherako pertsona ezgaituentzat:

A Mailako Pertsonak: 7tik beherako ATP baremoa dutenak.

B Mailako Pertsonak: 7 eta 14 arteko ATP baremoa dutenak, biak barne.

C Mailako Pertsonak: 15eko edo hortik gorako ATP baremoa dutenak.

Nolanahi ere, Gizarte Politikarako Departamentuak «Autonomia Adierazlea» nahiz «Mugikortasun Baremoa» kontuan hartu ahal izango ditu sailkapen hori aldatzeko.