Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

127. zenbakia Data 2004-07-06 13109 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

GFA - DIPUTATU NAGUSIA
Ekainaren 29ko 63/2004 Foru Dekretua, Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuaren egitura organikoa eta funtzionalari buruzkoa.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Ekainaren 29ko 63/2004 FORU DEKRETUA, Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuaren egitura organiko eta funtzionalari buruzkoa.

Ekainaren 30eko 33/2003 Foru Dekretuak, uztailaren 16ko 60/2003 Foru Dekretuak eta uztailaren 29ko 85/2003 Foru Dekretuak Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuen eginkizun eta jarduera esparruak zehaztu zituzten, eta oinarrizko egitura organikoa ezarri ere bai.

Oraingo dekretu honen bidez Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuaren erregelamendu organiko eta funtzionala onartzen da, dagozkion eginkizun eta jarduera esparruen arabera.

Nahiz eta foru dekretu honetan Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuari dagokionez jasotzen den egitura berez apirilaren 4ko 36/2000 Foru Dekretuan onartu eta denboran finkatutako antolamenduaren jarraipena izan, bere edukian zenbait aldaketa sartu dira antolamendu hori aurreikusita dauden helburuetara egokitzeko.

Oraingo Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentua honela geratu da egituratuta: Hiru Zuzendaritza Nagusi, Ogasun Zuzendaritza, Finantza eta Aurrekontu Zuzendaritza eta Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaritza, eta Idazkaritza Tekniko bat.

Era berean, Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa departamentuaren menpe dago.

Horiek horrela, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak 27.1 eta 5.19 artikuluetan xedatutakoari jarraituz, Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.Departamentuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.  Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:

a)Zerga Administrazioa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak.

b)Ekonomia Ituna, Estatuarentzako Kupoa, eta Autonomia Erkidegoari eta Gipuzkoako udalei egin beharreko ekarpenak.

c)Eskumen edota zerbitzu transferituak baloratzea.

d)Europako fondoak kudeatzea.

e)Gipuzkoako Aurrekontu Orokorrak prestatu, kudeaketa orokorra bideratu, jarraipena egin eta kontrolatzea.

f)Kontuhartzailetza, auditoretza eta kontabilitatea.

g)Diruzaintza, zorpetzeak, bermeen prestazioa eta entitate finantzarioekiko harremanak.

h)Udal entitateen eta udalez gaindikoen tutoretza eta aholkularitza finantzarioak.

i)Araudi aplikagarrian esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.

2.  Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuak honako eskumenak izango ditu esparru horietan:

1.Ekonomia Itunaren Legean eta berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera Foru Aldundiak bereganatu dituenak, kanpoan utzita, beti ere, Diputatuen Kontseiluari eta diputatu nagusiari dagozkienak eta beste departamentu batzuei espresuki esleitzen zaizkienak.

2.Zergen Foru Arau Orokorrean zehaztutakoak.

3.Finantza eta Aurrekontu Erregimenari buruzko Foru Arauan ezarritakoak.

4.Indarrean dauden arau eta xedapenek ematen dizkioten gainerako guztiak.

2. artikulua.Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.

1.Diputatuen Kontseiluko kide gisa dituen eginkizunez gain, Departamentuko foru diputatuari dagokio, bertako titularra eta hierarkikoki goi organoa denez, unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea.

Bere eginkizunak betetzeko, Departamentuko foru diputatuak, printzipioz eta maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioarenak, 27. artikuluan aurreikusitako eran, eskumen guztiak ditu Departamentuak kudeatzen dituen eta arau horretan, foru dekretu honetan edo horretarako baliozkoa den ondorengo batean beste organo batzuei espresuki esleitzen ez zaizkien gaiak ebazteko.

Departamentuko diputatuak izango du eskumena maila beheragoko organoek emandako egintzen aurka aurkezten diren errekurtsoak bide administratiboan ebazteko, zerga alorreko gaiak direnean izan ezik.

Era berean, diputatuak beretzat eskatu ahal izango ditu, edozein unetan eta edozein gairi buruz, foru dekretu honetan emandako edo Departamentuko organoei eskuordetzan esleitutako eskumen guztiak edo horietako batzuk.

2.Era berean, departamentuko eginkizun eta jarduera esparruen arabera legeriak esleitzen dizkionak ere Departamentuko diputatuaren eskumena izango dira.

3. artikulua.Zuzendari nagusiak.

Zuzendari nagusiak zuzendaritzen titularrak dira, eta horien buruzagitza eta ardura hartzen dute beren gain. Hortaz, oro har, eginkizun hauek izango dituzte:

a)Departamentuko diputatuak ezarritako herri politikak gauzatzea eta kudeaketa helburuak betetzea.

b)Zuzendaritzako zerbitzu eta unitateen lana programatu, koordinatu eta kontrolatzea eta, halaber, haien helburuak eta kudeaketa planak onartzea.

c)Kalitatea bultzatu, prozedurak hobetu, giza baliabideak garatu eta herritarrekiko harremanak hobetzeko politikak aurrera eramatea.

d)Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea foru diputatua ez dagoenean, zein bere eskumenen barruan.

e)Foru diputatuak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak 43.3 artikuluan ezarritakoari jarraiki eskuordetzan ematen dizkien eginkizunak betetzea.

4. artikulua.Zuzendariordeak eta zerbitzuburuak.

1.Zuzendariorde eta zerbitzuburuek eginkizun hau dute, alegia, beren maila baino goragoko bati dagozkion ekintzak aztertu eta Departamentuko zuzendaritza organoei proposatzea instituzioaren helburu programatiko eta estrategikoak aurrera eramateko, beren gainekoek emandako jarraibideak aintzat harturik.

2.Zehazki, zuzendariordeei eta zerbitzuburuei honako hau dagokie:

a)Beren zuzendariordetzak edo zerbitzuak kudeatzeko planak proposatzea, helburuak, ekintzak eta horiek ebaluatzeko baliabideak eta adierazleak zehaztuz.

b)Zuzendariordetzako edo Zerbitzuko beste mailetako langileei helburuak jakinaraztea, eta horiek lortzeko eraginkorrak izango diren lan sistemak modu egokian antolatzea, beren ardurapeko langileen zuzendaritza eta hurbileko kontrola beren gain hartuz.

c)Beren ardurapeko langileen taldeko eta bakarkako lana planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

d)Zuzendariordetzaren edo Zerbitzuaren barne erregimena betetzen den kontrolatu eta gorabeheren berri ematea.

e)Beren ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea, arrazionalizazio eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramanez herritarrei zerbitzu hobea eskaintzearren.

f)Zuzendariak eta diputatuak ematen dizkieten edo beren esku uzten dituzten erantzukizunak eta indarrean dauden arau eta xedapenek esleitzen dizkietenak betetzea.

II. KAPITULUA

EGITURA ORGANIKOA ETA FUNTZIONALA

LEHEN SEKZIOA.  Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa

5. artikulua.Oinarrizko egitura organikoa.

1.  Bere eskumenak betetzeko, Departamentuak honako unitate organikoak izango ditu, foru diputatuaren goi zuzendaritzapean beti:

—Ogasun Zuzendaritza Nagusia.

—Finantza eta Aurrekontu Zuzendaritza Nagusia.

—Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaritza Nagusia.

—Idazkaritza Teknikoa.

2.  Era berean, honako hau Departamentuko organoa da:

—Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa.

6. artikulua.Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren egitura eta eginkizunak.

1.Ogasun Zuzendaritza Nagusiak unitate organiko hauek ditu:

Zergabilketako eta Zerga Bulegoetako Zuzendariordetza Nagusia eta, honen menpean:

—Zerga Arretarako Unitatea, bulego periferikoak menpe hartzen dituena.

—Zergabilketa Unitatea.

—Unitate Teknikoa.

Ikuskaritzako Zuzendariordetza Nagusia eta, honen menpean:

—Ikuskaritzako unitate eragileak.

—Zuzendaritzako gainerako laguntza organo eta unitateak.

—Zuzeneko Zergak Kudeatzeko Zerbitzua.

—Zeharkako Zergak Kudeatzeko Zerbitzua.

—Udal Zergak Kudeatzeko Zerbitzua.

2.Ogasun Zuzendaritza Nagusiari honako eginkizunak dagozkio:

—Zergen kudeaketa, likidazio, ikuskapen, berrikuspen eta bilketa zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

—Zuzendaritzaren eskumeneko gaietan arau proposamenak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, ezarritako jarduketa politikari jarraiki.

—Zergen Foru Arau Orokorrak eta indarrean dagoen gainerako legeriak emandako eskumenak.

—Foru Ogasunaren aldeko kreditu lagapenak onartzea.

—Zirkunstantzia bereziak dituzten espedienteetan zergabilketa, kudeaketa eta ikuskaritza lanak egitea horretarako izendatutako langile funtzionarioen bitartez.

7. artikulua.Zergabilketako eta Zerga Bulegoetako Zuzendariordetza Nagusia.

1.Zergabilketako eta Zerga Bulegoetako Zuzendariordetza Nagusiari honako eginkizun eta eskumenak dagozkio:

a)Jarduketa fiskal osagarriak aztertu, proposatu eta koordinatzea.

b)Ekonomian edo gizartean eragin handikoak diren subjektu pasiboen jarduera jarraitzea.

c)Zergadunek beste administrazio batzuetan oker egindako sarreren jarraipena eta kontrola egitea.

d)Kontu korronte fiskala irekitzeko komenigarritasunari buruzko txostena egitea eta organo eskudunari horren inguruko proposamena aurkeztea.

e)Garrantzi berezikoak diren zergadunekin tratua berezitua izateko bideak ezartzea; kontu handien kudeaketa pertsonalizatua.

f)urtarrilaren 13ko 2/2004 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren herritarrentzako laguntza eta arreta zerbitzuak arautzekoak, 4. artikuluan jasotzen dituen funtzioak betetzea.

g)Bere eskumeneko gaietan araugintza proposamenak hastea.

2.Berariazko izaeraz, funtzio eta eskumen hauek izango ditu bere unitateen bitartez:

2.1.  Zergabilketa gaian:

a)Premiamenduzko prozedurak tramitatu eta haien jarraipena eta kontrola egitea.

b)Prozedura horiek zorrak kobratzea ahalbidetzeko beharrezkoak diren neurriak erabakitzea.

c)Premiamenduzko probidentziak ematea eta haien aurka aurkezten diren berraztertze errekurtsoak ebaztea.

d)Ekintza tributarioa deribatzen duten administrazio egintzak ematea, beharrezko txostenak egin eta beharkizunak bete ondoren.

e)Premiamenduzko errekargua itzultzeko espedienteak tramitatu eta ebazpen proposamenak egitea.

f)Ebazpen proposamenak egitea legeriak zergabilketa alorrean jasotzen dituen kasu guztietan eta berari esleituta dauden espediente guztiei dagokienez (hala nola enkanteak baimentzean eta ondasunak kredituen ordainez esleitzean), beti ere legez eska daitezkeen txostenak egin ondoren.

g)Premiamenduzko espedienteak onartzea partida hutseginak deklaratzen direnean edo zorrak iraungitzen direnean, beti ere legez eska daitezkeen txostenak egin ondoren.

h)Zergabilketa alorrean emandako egintzen aurka aurkezten diren errekurtsoak ebaztea Gipuzkoako Zergabilketa Erregelamenduak 166.1 artikuluaren bigarren paragrafoan jasotakoaren arabera.

i)Agintari eskudunak prozedura eteteagatik baloreen zaintzapean geratzen diren zorren jarraipena eta kontrola egitea.

j)Beste herri administrazio batzuek biltzeko utzi diren zorren jarraipena eta kontrola egitea.

k)Zordunen premiamenduzko prozedurak tramitatu, jarraipena egin eta kontrolatzea haien ondasunak edo zerga helbidea Gipuzkoatik kanpo daudenean eta beste herri administrazio batekin zergabilketa arloko hitzarmenik hitzartu ez denean.

l)Ikuskaritza, kudeaketa edo beste edozein motatako jarduketak direla-eta bidezkoak gerta daitezkeen zitazio, errekerimendu eta diligentzietan laguntzea.

m)Beste herri administrazio batzuekin zergabilketa alorreko hitzarmenak bultzatzea, Idazkaritza Teknikoarekin koordinatuta.

n)Bilketaren ikuspegitik arriskutsutzat jotzen diren zergadunen kasuan badaezpadako neurriak proposatzea, beti ere Ikuskaritzako Zuzendariordetzarekin eta kudeaketa zerbitzuekin elkarlanean.

2.2.  Gerorapenen eta zatikapenen gaian:

a)Eskatzaileek aurkeztutako dokumentazio juridiko-ekonomikoa nahiz beste edozein iturritatik datorren informazio osagarria aztertzea, eta eskainitako edo lehendik dauden ordainketa-bermeen babes juridiko eta ekonomikoa analizatzea.

b)Zerga zorren ordainketak geroratzeari edo neurri bereziak hartzeari buruzko txostena egitea eta organo eskudunei horren inguruko proposamena aurkeztea.

c)Ordainketa geroratua duten zergadunen egoera ekonomikoa eta zerga obligazioen konplimendua etengabe kontrolatzea.

2.3.  Zerga arretaren gaian:

a)Herritarrei eman beharreko arreta pertsonalizatua garatzea urtarrilaren 13ko 2/2004 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren herritarrentzako laguntza eta arreta zerbitzuak arautzekoak, 3. artikuluan jasotzen dituen funtzioak betez.

b)Herritarrei eskaintzen zaien informazio eta arreta gaur dauden kanalen bidez bultzatu eta koordinatzea, beti ere Departamentuak garatzen dituen funtzioekin lotuta.

c)Departamentuaren prozedura, jarduketa eta zerbitzuei buruz era guztietako azterketa, analisi, gida edo katalogoak diseinatzen eta egiten laguntzea.

d)Departamentuak egiten dituen kanpainetan laguntzea zerga bulegoetako azpiegitura erabiltzea exijitzen dutenean.

8. artikulua.Ikuskaritzako Zuzendariordetza Nagusia.

Gipuzkoako Foru Ogasunaren eskumenen esparruan araudiak zergen ikuskaritzari esleitzen dizkion eginkizunak dagozkio Ikuskaritzako Zuzendariordetza Nagusiari, eta zehazki honako hauek:

1.Zerga-gaiak ikertzea, Administrazioak ezagutzen ez dituenak aurkitzeko eta, horren ondorioz, zergapekoari egozteko.

2.Zerga oinarrien behin betiko integrazioa egitea oinarri horiek zehaztapen edo zenbatespen erregimenetan aztertuz eta ebaluatuz, eta aitorpenak nahiz aitorpen-likidazioak berrikustea egiazkoak direla eta arauak ondo aplikatu direla zehazteko, zerga zorren zenbatekoa finkatuz.

3.Ikuskaritzako jarduketetatik eratortzen diren likidazioak egitea zergapekoen zerga egoera erregularizatzeko.

4.Errenta, produktu, ondasun eta zerga-gaiaren gainerako elementuen balioa egiaztatzea.

5.Onura, desgrabazio edo itzulketa fiskalak eman edo gozatzeko beharkizunak betetzen direla egiaztatzea, eta zerga erregimen berezietara biltzeko baldintzak betetzen direla begiratzea, hori guztia zergak kudeatzen dituzten zerbitzuei emandako eskumenak eragotzi gabe.

6.Partikularrengandik edo beste organismo batzuetatik hurbil burutu behar diren ikerketa eta informazio jarduketak bere kabuz edo Administrazioaren beste organoek eskatuta egitea, haien zuzeneko edo zeharkako ondorioa zergak aplikatzea denean.

7.Gipuzkoako Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan jasota dagoen edo araudi aplikagarriak exijitzen duen beste edozein jarduketa garatzea.

8.Herri Ogasuneko organoei aholku eta informazioa ematea haren eskubide eta betebeharrei dagokienez, beste organo batzuei emandako eskumenak eragotzi gabe.

9.Zerga alorreko araugintza proposamenak egitea.

10.Departamentuko organo eskudunek agintzen dizkioten beste eginkizun guztiak betetzea.

9. artikulua.Zergak kudeatzeko zerbitzuak.

1.Zergak kudeatzeko zerbitzuei honako zergen kudeaketa dagokie:

a)Zuzeneko zergen zerbitzuari:

—Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga.

—Pertsona Fisikoen Ondarearen gaineko Zerga.

—Sozietateen gaineko Zerga.

—Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga.

b)Zeharkako zergen zerbitzuari:

—Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

—Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga.

—Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezia.

—Joko Tasa.

—Fabrikazio Zerga Bereziak.

—Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zerga.

—Aseguru Primen gaineko Zerga.

—Zeharkako zerga iraungiak eta zeharkako beste zerga batzuk.

c)Udal Zergen zerbitzuari:

—Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.

—Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.

2.Artikulu honetan aipatzen diren zerbitzuei goian zerrendatutako zergak kudeatzea dagokie, eta horretarako, eginkizun hauek beteko dituzte besteak beste:

a)Zerga-ondorioak dituzten agiri mota guztiak aztertzea.

b)Zerga agirietan jasotzen diren datuak formalki egiaztatzea eta datuak informatizatzeko prestaketa lanak egitea.

c)Behin-behineko eta behin betiko likidazioak egitea.

d)Behar diren jakinarazpen eta errekerimenduak egitea.

e)Zerbitzu horiek emandako egintzen aurka jarritako berraztertze errekurtsoak tramitatu eta ebaztea.

f)Administrazioak edozein bitartekoz lortutako informazioa aztertu eta egiaztatzea, eta zergadunek beren aitorpenetan emandako datuekin alderatzea.

g)Argibideak eskatzea eta aitorpenetan aurkitutako akatsak zuzentzea, zergak likidatu eta egiaztatzeko hala behar denean. Era berean, funtzio likidatzailea bete dadin, zerga aitorpenetan adierazitako datuak agiri bidez frogatzeko eskatu ahal izango da.

h)Egiaztapen eta ikerketa lanak egitea zergapekoen erroldetan ageri diren subjektuek erabat edo zati batean aitortu ez dituzten zerga-gaiengatik ofiziozko likidazioak egiteko beharrezkoak direnean.

i)Banan-banako informazioa eskatzea, Zergen Foru Arau Orokorrak 111. artikuluan jasotakoaren ondorioetarako.

j)Zerga onuren espedienteak tramitatzea.

k)Okerreko ordainketak itzultzeko espedienteak, ofiziozko itzulketa espedienteak eta bermeen kostuak itzultzekoak tramitatu eta ebaztea.

l)Subjektu pasiboak kontrolatzea, zerga obligazioak bete ditzaten.

m)Zergak kudeatzeko behar diren aitorpen ereduak aztertu eta prestatzea.

n)Beren lana betetzeko behar dituzten erroldak mantendu, berrikusi eta kontrolatzea.

ñ)Ordainketa bermeen estaldura juridiko eta ekonomikoa aztertzea.

o)Ziurtagiriak egitea.

p)Beren eskumeneko gaietan araugintza proposamenak hastea.

q)Departamentuko beste unitateei zergen kudeaketan agindu ez zaizkien gainerako funtzioak betetzea.

3.Udal Zergak Kudeatzeko Zerbitzuak eginkizun hauek izango ditu gainera:

a)Ondasun higiezinen katastroak osatu, artatu, berrikusi eta zaintzea.

b)Balorazio ponentziak prestatzea eta lurzoruaren oinarrizko balioak eta ondasun higiezinen balorazioan eskuhartzen duten gainerako faktoreak ezartzeko behar diren azterketa ekonomikoak egitea.

c)Ondasun higiezinak baloratu eta ikuskatzea.

d)Balorazio espedienteei buruzko txostenak egin eta tramitatzea, subjektu pasiboek egindako erreklamazio eta errekurtsoak daudenean.

e)Gipuzkoako udalekin sinatutako lankidetza-eskuordetza hitzarmenak eta eskuordetza hitzarmenak betetzea.

10. artikulua.Finantza eta Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiaren egitura eta eginkizunak.

1.  Finantza eta Aurrekontu Zuzendaritza Nagusiak ondoko zerbitzuak eta unitatea ditu:

—Aurrekontu eta Politika Publikoetako Zerbitzua.

—Kontabilitate Zerbitzua.

—Finantza Zerbitzua.

—Kontuhartzailetza eta Auditoretza Zerbitzua.

—Informatika Unitatea.

2.  Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari eginkizun hauek dagozkio:

a)Ekonomia, finantza, aurrekontu eta kontabilitate gaietan eta kontuhartzailetza eta auditoretza arloan Foru Aldundiaren kudeaketa zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea, horretarako behar diren jarduketa eta aplikazio jarraibideak emanez.

b)Indarrean dauden xedapenek kontuhartzailetza organoari baimendutako erreklamazio eta errekurtsoak jartzea, emandako egintzak eta ebazpenak legearen aurka doazenean edo Foru Aldundiaren interes ekonomikoak kalteturik gerta daitezkeela uste denean.

c)Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin eta Administrazioaren kanpo kontrolerako organoekin harremanak izatea, Gipuzkoako Foru Sektore Publikoaren jarduketei dagokien guztian.

d)Eduki ekonomikoa duten xedapen orokorren aurreproiektu eta proiektuei buruzko txostenak eta azterketak egitea, foru dekretu honen 18. artikuluko 3 apartatuan aipatutakoak izan ezik.

e)Foru Aldundiaren proiektu edo jarduketa bereziak aztertzea, urteko aurrekontua gainditzen dutenean. Departamentuei aholku eta laguntza ematea herri zerbitzuak eskaintzeko moduari dagokionez, dauden aukera juridikoak eta haien bideragarritasun ekonomikoa aztertuz eta ebaluatuz.

f)Zuzendaritzaren eskumeneko gaietan egiten diren arau proposamenak zuzendu, koordinatu eta gainbegiratzea, ezarrita dagoen jarduketa politikari jarraiki.

g)Arriskuak estaltzeko eragiketa finantzarioak negoziatu, formalizatu eta egitearekin zer ikusia duten eragiketa, egintza eta kontratuak sinatu eta betearaztea.

h)Departamentuko plan informatikoa bultzatu eta haren jarraipena egitea.

11. artikulua.Aurrekontu eta Politika Publikoetako Zerbitzua.

Aurrekontu eta Politika Publikoetako Zerbitzuari eginkizun hauek dagozkio:

1.Jarraibideak eta orientabideak ematea aurrekontu politikaren alorrean, eta politika horren jarraipena eta azterketa egitea.

2.Gipuzkoako Aurrekontu Orokorren proiektuak prestatzea, horiek elaboratzeko jarraibide ekonomiko eta teknikoak proposatzea, eta departamentuei eta Foru Sektore Publikoko gainerako enteei aholku ematea modu koordinatuan beren aurrekontu propioak egin ditzaten.

3.Gipuzkoako aurrekontuen jarraipena egin eta bilakaera aztertzea, aurrekontuen exekuzioa aurreikusitako helburuetara egokitzeko neurriak edo jarduketak proposatuz. Aurrekontuko kredituen jarraipena egitea, aurrekontuan egin litezkeen aldaketak aztertuz eta eginaraziz.

4.Txosten eta azterketa orokorrak edo partzialak egitea gastu publikoaren eta gastu programa eta politiken bilakaerari buruz, aurrekontu politika eraginkorra eta koherentea ahalbidetzeko.

5.Aurrekontuen urteanitzeko programazio teknikak, helburuen identifikazio egokia eta helburu horien lorpena neurtzeko adierazle operatiboen formulazioa Foru Aldundiaren organoetan eta Foru Sektore Publikoaren gainerako enteetan zabaldu eta sustatzea.

6.Foru Sektore Publiko osoaren jarduketa ekonomiko-finantzarioaren jarraipena egin eta aztertzea, beharrezko plan ekonomiko eta aurrekontu eszenategiak prestatzea, eta haiei lotuta dagoen gastu publikoaren programa eta politika nagusiak aztertzea.

7.Europako Batasuneko harremanen esparruan sartzen diren programen hautaketan eta segimenduan parte hartzea.

8.Aurrekontuen arloan jasota dagoen beste edozein eginkizun, funtzio hori indarrean dagoen araudiak jasotzen duenean edo Departamenduaren eskumena izanik hari buruz ebaztea berari ez dagokionean. Horretarako, esleitzen edo agintzen zaizkion txosten edo azterlanak egingo ditu.

12. artikulua.Kontabilitate Zerbitzua.

Kontabilitate Zerbitzuari eginkizun hauek dagozkio:

1.Kontabilitate politikari buruz eta informazio ekonomiko-finantzarioaren tratamenduari buruz jarraibide eta orientabideak proposatzea.

2.Kontabilitatea normalizatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko eta kontabilitate publikoari lotuta dauden menpeko organismoetako Kontabilitate Publikoko Planaren bitartez, eta ente horien egitura, justifikazioa, kontuen tratamendua eta agiriak zehaztea.

3.Irizpideak, jarraibideak, arauak eta zirkularrak prestatzea egintza edo eragiketa zehatzei buruz nahiz izaera orokorreko edo kontabilitate zikloko eragiketei buruz.

4.Kontabilitate Publikoan eta bere informazio sistema osagarrietan erregistratzea sarrera eta gastuen aurrekontuak kudeatu eta gauzatzeko eragiketak, bai eta finantza eta diruzaintzako kudeaketaren eragiketak nahiz ondarezkoak eta aurrekontuz kanpokoak ere. Horretarako, beharrezko kontabilitate kontrola egingo du, eta, gainera, beste ente batzuekin zergabilketa arloan sinatutako hitzarmenetatik datozen atxikipenak, bahiturak eta deskontuak kudeatuko ditu.

5.Foru organismo autonomoen, foru sozietate publikoen eta Foru Sektore Publikoan kontabilitate publikoari lotuta dauden gainerako enteen kontabilitate informazioa zentralizatzea, eta haien kontuak bateratzea.

6.Kontabilitate informazioa prestatu eta ematea, bai aurrekontuaren exekuzioari buruz eta bai zergen nahiz ondarezko kontabilitatearen kudeaketari buruz, zuzendaritzaren maila desberdinetan kudeaketarako beharrezkoa denean, eta orobat, Kontabilitate Publikotik eratorritako ekonomia eta finantza informazioa aztertzea.

7.Gipuzkoako Kontu Orokorra egitea beste zerbitzu batzuekin batera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kontu ekonomikoak egiteko behar diren datuak eta aurrekariak ematea.

8.Departamentuei aholku eta laguntza ematea kontabilitateari buruzko informazio osagarriko sistemak diseinatzerakoan, kontabilitate eta kudeaketa arloko informazioak hobeto uztartzeko.

9.Ordainketa, sarrera eta atxikipenen ziurtagiriak egitea.

10.Eta, oro har, Gipuzkoako Kontabilitate Publikoko bulego arduraduna izateagatik berez dagozkionak betetzea.

13. artikulua.Finantza Zerbitzua.

Finantza Zerbitzuari eginkizun hauek dagozkio:

1.Diruzaintzako baliabide finantzarioak kudeatzeko Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuari emandakoak.

2.Finantza publikoei buruzko jarraibide, orientabide eta neurriak proposatzea.

3.Foru Aldundiaren finantzazio beharrak planifikatzea gastu politikak eta inbertsio plan handiak aintzat hartuta.

4.Finantza merkatuen etengabeko segimendua egitea aktibo eta pasiboko posizioen kudeaketan epe labur, ertain eta luzerako politika aktiboa garatzeko.

5.Zorpetze nahiz estaltze eragiketak aztertu eta formalizatzea, pasibo/aktiboko posizioetan kostu/errentagarritasun egokia bermatzeko edo arriskua murrizteko.

6.Foru Aldundiaren zorpetzea eta hortik datorren zama finantzarioa kudeatzea, jada formalizatu diren eragiketa finantzarioen fluxuen tramitazioa ere barne.

7.Diruzaintza Plan bat ezartzea fondoen beharrak finkatzeko, kobrantzak eta ordainketak kudeatuz eta aurreikusitako egoera finantzarioari egokitutako neurriak proposatuz, dela fondoak erabiltzearen aldetik dela fondoak merkaturatzearen aldetik.

8.Kreditu entitateetan kontuak irekitzea, bertako fondoak erabili eta saldoak egiaztatzea, eta kontu horietan egiten diren mugimenduak kontrolatu eta identifikatzea.

9.Entitate laguntzaile eta ordaintzaileekin behar diren harremanak izatea, eta kobratu eta ordaintzeko prozesuen jarraipena eta kontrola egitea.

10.Finantza alorrean aholku ematea eta foru sozietate publikoen zorra negoziatzea.

11.Harremanak ezartzea kreditu-arriskua kalifikatzen duten agentziekin, Foru Aldundiaren kaudimena neurtzen duen rating-a lortzeko, eman beharreko informazioa koordinatuz.

12.Beste administrazio batzuek egindako politika finantzarioak aztertzea, haiek erabilitako tresna finantzarioak barne.

13.Arlo finantzarioan agintzen zaizkion gaietan proposamenak egin eta aholku ematea.

14. artikulua.Kontuhartzailetza eta Auditoretza Zerbitzua.

Kontuhartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuari eginkizun hauek dagozkio:

1.Barne kontrola gauzatzea, araudian jasotakoaren arabera, kontuhartzailetza funtzioa eta auditoretza bidezko kontrola betez.

2.Auditoretzen Urteko Plana prestatu eta gauzatzea.

3.Barne kontrolaren ondorioz eratortzen diren proposamen eta gomendioen konplimendu eta aplikazioa bultzatzea.

4.Arrisku ekonomiko eta finantzarioen segimendu eta kontrola egitea, Foru Aldundiak eta Foru Sektore Publikoko gainerako enteek egindako eragiketei lotuta daudenean.

5.Bokal moduan parte hartzea kontratazio mahaietan, zergabilketatik eratorritako ondasun eta eskubideen enkante mahaietan, eta ondarezko ondasunen enkante mahaietan, indarrean dagoen araudian jasotakoaren arabera. Departamentuei kontratazio prozesuen inguruan aholku ematea, baldintza orokorren orriak prestatuz eta, hala badagokio, gaiari buruzko jarduketa komunak proposatuz.

6.«Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kontratatzeko ahalmenari» buruzko ziurtagiriak egitea eta Foru Aldundiak eta foru organismo autonomoek egiten dituzten kontratuak erregistratzea.

7.Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, Europako Kontuen Auzitegiak eta, kasua bada, kanpo kontroleko gainerako organoek Gipuzkoako Ogasun Orokorraren baliabideen kontuak eta kudeaketa fiskalizatzean beren txostenetan azaltzen dituzten ondorio, gomendio eta irizpideak aplikatzen direla zaintzea.

8.Foru Aldundiak parte hartzen duen sozietate eta fundazioen informazio ekonomiko-finantzarioa erregistratu, zentralizatu eta segimendua egitea, eta, orobat, haien egoera ekonomiko, finantzario eta ondarekoa kontrolatzeko behar diren jarduketak burutzea.

9.Dolu, erru edo zabarkeria larriagatik exijitutako erantzukizunari buruzko espediente administratiboa, 17/1990 Foru Arauaren 106. Artikuluan aurreikusia, hasi aurreko diligentzietan laguntzea.

10.Organo eta batzordeei laguntza tekniko eta funtzionala eskaintzea, hala eskatzen zaionean, Departamentuaren eskumeneko gaiei buruz agindu edo eskatzen zaizkion azterketa eta txostenak egitea eta, oro har, indarrean dagoen araudiak ematen dizkion gainerako eginkizunak betetzea.

15. artikulua.Informatika Unitatea.

Honako eginkizunak dagozkio Informatika Unitateari:

1.Informazioa euskarri magnetikoan emateko egiten diren aplikazio orokorrak eta diseinuzkoak definitu, ezarri eta jarraipena egitea.

2.Informazioa modu masiboan tratatzea dakarten jarduketak Departamentuan garatzea eta, bereziki, datu fiskalak grabatu eta egiaztatzea, subjektu pasiboak Departamentuko datu baseetan identifikatzeko prozesuak garatzea, jakinarazpen automatizatuen segimendu eta kontrola egitea, eta agintzen zaizkion antzeko beste funtzioak betetzea.

16. artikulua.Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaritza Nagusiaren egitura eta eginkizunak.

1.  Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu:

a)Araugintzako eta Lege Aholkularitzako Zerbitzua.

b)Erakundeekiko Konpromisoen eta Udalentzako Laguntzaren Zerbitzua.

2.  Zerga eta Finantza Politikako Zuzendaritza Nagusiari eginkizun hauek dagozkio:

a)Bere zerbitzuak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea, funtzionamenduaren ildo nagusiak finkatzea, eta irizpide nahiz lehentasunak ezartzea.

b)Zerga politikari buruzko proposamenak egitea eta zergen nahiz finantzen araudia garatzeko proposamenak aurkeztea.

c)Kupoari, Autonomia Erkidegoarentzako ekarpenei eta udalen finantzaketari buruzko gaietan jardutea.

d)Ekonomia Itunetik eratortzen diren gaietan beste administrazio batzuekin elkarlanean eta modu koordinatuan aritzea.

17. artikulua.Araugintzako eta Lege Aholkularitzako Zerbitzua.

Araugintza Zerbitzuari ondoko eginkizunak dagozkio:

1.Azterketa eta txostenak egitea Gipuzkoako zerga politikari buruz eta zerga nahiz finantzen araugintzari buruz.

2.Departamentuko Zuzendaritza Nagusietatik nahiz Zerbitzuetatik iristen diren araugintzako ekimenak jaso eta aztertzea.

3.Entitate, organismo eta agenteekin lankidetzan aritzea zerga xedapenak aldatzeko prozesuetan.

4.Departamentuaren eskumeneko gaietan xedapenen aurreproiektu eta proiektuak egitea.

5.Estatutik edo beste ente publiko batzuetatik, bai eta Europako Batasuneko organoetatik ere, zerga nahiz finantza alorrean datozen arauen jarraipena egin eta aztertzea.

6.Estatuko Administrazioak jakinarazitako zerga arauen proiektuak aztertzea.

7.Zerga alorreko lege xedapenek ekarritako aldaketak ebaluatzea eta, hala badagokio, derrigorrezko irizpenak egitea.

8.Zerga sistemaren aplikazioari buruzko sententzia, ebazpen, zirkular eta dotrinari buruzko azterketa juridikoa egitea eta, hala badagokio, zerga araudia aldatzeko proposamenak sustatzea hura ulergarriagoa egiteko eta interes orokorra hobeto defendatzeko.

9.Euskadiko Zergen Koordinaziorako Organoan, Ekonomia Itunak aurreikusten duen Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordean edo bestelako batzordeetan agertutako gaiei buruzko txosten eta irizpenak egitea.

10.Euskadiko Zergen Koordinaziorako Organoarekin lotura duten kontsultak eta Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordean planteatutakoak kudeatu eta tramitatzea, Departamentu honetan sortuak izan nahiz beste zerga administrazioetan sortuak izan.

11.Gipuzkoako eta estatuko zerga araudia Ekonomia Itunera nola egokitzen den ebaluatzea, araudia aldarrikatu aurretik edo aldarrikatu ondoren, eta proposamen eta ekimenak prestatzea Itunaren erregimena defendatu eta eguneratzeko.

12.Zerga araudia interpretatzeko proposamenak egitea.

13.Gipuzkoako erakunde eskudunek onartutako zerga araudia zabaltzea bereziki bide telematikoak erabiliz.

14.Departamentuari berariazko lege aholkularitza ematea zerga eta finantza gaietan.

15.Zuzenbidezko txostenak eta irizpenak egitea bai zerga araudian beharrezkotzat jotzen direnean, bai auzia edo erreklamazioa ebatzi behar duen agintari edo funtzionarioak eskatzen dituenean.

16.Lege eta zerga auziak interpretatzen edo ebazten dituzten organo eta batzordeetan parte hartzea.

17.Izaera berezikoak izateagatik esleitzen zaizkion Departamentuko espedienteen jarraipena eta kontrola egitea.

18.Abalak, ahalordeak eta nortasunari buruzko gainerako agiriak askiestea.

18. artikulua.Erakundeekiko Konpromisoen eta Udalentzako Laguntzaren Zerbitzua.

Erakundeekiko Konpromisoen eta Udalentzako Laguntzaren Zerbitzuak eginkizun hauek ditu:

1.Gipuzkoako egoera ekonomikoari buruzko txostenak egitea, eta herri administrazioek Gipuzkoan egiten duten jarduerari buruzko azterketak eta informeak prestatzea.

2.Epe ertain eta luzeko plan ekonomikoei nahiz horien aurrekontu aurreikuspenei buruzko azterketetan parte hartzea.

3.Zergen ondorio ekonomikoei buruzko azterketak egitea, eta zerga araudia aldatzeko proiektuek zergabilketan duten eraginaren memoria prestatzea 17/1990 Foru Arauak 68. artikuluan aipatu bezala.

4.Zerga itunduen sarrera eta gastu fiskalen aurreikuspen eta exekuzioari buruzko azterketak egitea, eta horiek aurrekontuko baliabideekin nola egokitzen diren analizatzea.

5.Laguntza ematea bai Departamentuko jarduketa politikak definitzeko azterketetan eta bai Departamentuaren eskumeneko gaiak izanik agintzen zaizkionetan.

6.Departamentuak zergabilketari dagokionez lanerako dituen programak aztertu eta ebaluatzea, eta, orobat, Departamentuari buruzko analisi estatistikoa eta, bereziki, urteko txosten estatistikoa egitea.

7.Foru Aldundiak Estatuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoarekin, beste foru aldundiekin eta Gipuzkoako udalekin dituen harreman finantzarioei buruzko azterketak eta txostenak egitea.

8.Erakundeekiko konpromisoengatik egin beharrekoak diren ordainketa eta sarrera proposamenak kalkulatu eta tramitatzea: Estatuarentzako Kupoa, BEZaren eta zerga berezien doikuntzak, Autonomia Erkidegoari egin beharreko ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko Foru Fondoa.

9.Erakundeen finantzaketan eragina duten eskumen mailak -bereziki zerbitzuen eskualdaketan-kalkulatu eta baloratzeko azterketak egitea.

10.Herri Finantzen Euskal Kontseiluan eta beste batzorde batzuetan planteatzen diren gaiei buruzko txostenak eta irizpenak prestatzea.

11.Aurrekontu, kontabilitate, finantza eta zerga alorrean udal entitateei aholku eta laguntza ematea, eta gai horien inguruan araugintzako proposamenak egitea.

12.Gipuzkoako entitate lokalen aurrekontuak onartu eta tramitatzeko prozesuen segimendua egitea, eta aurrekontu horien aldaketei, Likidazioari eta Kontu Orokorrari buruzkoa gertutik jarraitzea. Baita zergak ezartzeko eta ordenantza fiskalak onartzeko erabakien segimendua egitea ere, indarrean dagoen araudira behar bezala egokitzeko irizpideak emanez.

13.Udal zergen konturako aurrerakinak eta likidazioa ordaintzeko proposamenak, telekomunikazioetako operadoreek udalei ordaindutako konpentsazioak, eta itundu gabeko zergetan dagoen partaidetza tramitatzea.

14.Txosten eta espedienteak prestatu eta tramitatzea kreditu eragiketak egiteko nahiz ondasun lokalak, ondarezkoak edo propio eta komunalak inorenganatzeko, tutoretza finantzarioa ematearen ondorioetarako. Entitate lokalei aholku ematea ondasunen inbentarioa eratu eta eguneratzeari dagokionez.

15.Udal entitateen aurrekontu, finantza eta zergei buruzko informazioa jasotzen duten datu baseak prestatu eta mantentzea.

16.Udalgida webgunearen edukiak prestatzea eta izen bereko aldizkaria argitaratzea.

17.Europako Batasunetik datozen fondoak aztertu eta tramitatzea, eta Foru Aldundiko departamentuen, Gipuzkoako udal entitateen eta kudeaketa komunitarioko agintarien aurrean bitartekari gisa jardutea (EAE, Estatua eta Europako Batasuna).

18.Europako fondoekin finantza litezkeen proiektuetan Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuen eta Gipuzkoako udalen partaidetza bultzatzea.

BIGARREN SEKZIOA.  Departamentuko beste organo batzuk

19. artikulua.Idazkaritza Teknikoa.

1.Departamentuko Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren menpe egongo da hierarkikoki eta zuzendarien menpe funtzionalki, eta 1984ko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 34. artikuluan aipatzen dituen eginkizunak beteko ditu.

2.Bereziki, eta departamentuak dituen eskumenen barruan, eginkizun hauek dagozkio:

a)Organoen egintza eta ebazpen guztiak eta Herri Administrazioen Kontratuei buruzko legeriaren menpe dauden espedienteak legezkoak direla kontrolatzea.

b)Departamentuaren eskumenekoak diren gaietan, eta foru diputatuaren nahiz zuzendari nagusien jarraibideen arabera, beste herri administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuekin lankidetza hitzarmen edota protokoloak prestatzea.

c)Departamentuari lege aholkularitza generikoa eskaintzea, eskatzen zaizkion txostenak eta kontsultak direla medio.

d)Departamentuko aurrekontuaren aurreproiektua prestatzea, zerbitzuak eta zuzendaritzak koordinatuz.

e)Departamentuaren jarduera ekonomikoa kudeatu, tramitatu eta kontabilitate aldetik kontrolatzea.

f)Departamentuko zerbitzu orokorrak kudeatzea.

g)Departamentuko Erregistro Orokorra, Agiritegia eta Fede Publikoa.

h)Bai Aldundiko langileak eta bai interesatuak edo hauen ordezkariak datuetan sartzeko nahiz beste administrazio batzuei datuak emateko kudeaketa eta segurtasun neurriak ezartzea.

i)Pertsonen eta prozeduren kudeaketa antolatu, hobetu eta arrazionalizatzeko neurriak koordinatu eta bultzatzea Foru Administrazioaren Kalitaterako Departamentuarekin batera: Prestakuntza, giza baliabideen planak, lan arriskuen prebentzio eta osasuna, produktibitatea, kalitate planak aipatutako Departamentuari propio dagozkion eskumenak eragotzi gabe.

j)Bere lan esparruaren barruan esleitzen edo eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eginkizunak.

20. artikulua.Auzitegi Ekonomiko Administratiboa.

1- Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak instantzia bakarrean aztertzen ditu indarrean dagoen legeriaren babesean egiten diren erreklamazio ekonomiko-administratiboak.

2.Bere osaketa, antolakuntza, funtzionamendu eta eginkizunak Auzitegia arautzen duen martxoaren 28ko 25/2000 Foru Dekretuan edo, kasua bada, haren ordezko araudian jasotakoari jarraituz arautuko dira.

Xedapen gehigarria.  Zuzendari nagusien ordezkoak.

Zuzendari nagusien karguak bete gabe daudenean edota haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, esleituta dauzkaten eginkizunak foru diputatuak beteko ditu zuzenean, edo bestela, hark izendatzen duen Departamentuko zuzendari nagusiak.

Xedapen indargabetzailea.

Foru dekretu honetan jasotakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak indarrik gabe geratzen dira, eta bereziki, honako hauek: Uztailaren 29ko 85/2003 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuen egiturari buruzkoa (7.1 artikuluaren 1 eta 3 azpiapartatuak), ekainaren 4ko 36/2000 Foru Dekretua, Ogasun eta Finantza Departamentuaren egitura organo eta funtzionalari buruzkoa, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren martxoaren 3ko 129/1992 Foru Agindua, Ogasuneko zuzendari nagusiari funtzioak eskuordetzekoa, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren abenduaren 29ko 1.038/2000 Foru Agindua, Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari funtzioak eskuordetzekoa, eta ekainaren 4ko 50/96 eta maiatzaren 15eko 20/1997 Ebazpenak, Ogasuneko zuzendari nagusiarenak, Zuzeneko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuburuari funtzioak eskuordetzekoak.

Amaierako xedapena.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2004ko ekainaren 29a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.

FISKALITATERAKO ETA FINANTZETARAKO
D
EPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Juan Jose Mujika Aginagalde.

(6882) (6295)