Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

110. zenbakia Data 2004-06-11 11290 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GFA - DIPUTATU NAGUSIA
Ekainaren 1eko 53/2004 FORU DEKRETUA, gizarte izaerako arazo larriko pertsonak lan munduan sartzeko Sarbide Plana arautzen duena.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Ekainaren 1eko 53/2004 FORU DEKRETUA, gizarte izaerako zailtasun larriak dituzten pertsonak lan munduan sartzeko «Sarbide plana» arautzen duena.

Gizarte bazterketaren aurka borroka egitea da Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak oinarrizkotzat dituen ardatz politikoetako bat. Horregatik, nabarmen areagotu du babesgabezia handian dauden giza talde jakin batzuen gizarteratzea bultzatzean egin beharreko ahalegin ekonomikoa.

Sarbide Plana lan munduan sartzeko zailtasun larriak dituzten giza taldeen gizarteratzea bultzatzeko helburua duten programa horietako bat da. Lortu nahi duen helburua da gizarte izaerako zailtasunak dituzten pertsonak lan munduan sartzea, hartara, gizartean ondo txerta daitezen.

Horregatik, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak elkarri lotutako hiru helburuok ezarri ditu: Lan munduan sartzea oso zaila gertatzen zaien eta Sarbide Planean parte hartu nahi duten pertsonak ezagutzea, horrelako pertsona taldeekin lan egin nahi duten enpresak ezagutu eta bultzatzea, eta, azkenik, Gipuzkoan, gizarte izaerako zailtasunak dituzten pertsonak lan munduan sartzeko eta gizarteratzeko bide bat atontzea. Helburu horietarako berrehun eta hamar mila hirurehun eta berrogeita hamalau euroko kontusaila xedatu du (210.354) 2004 urteko aurrekontuan, lan bat lortzeko gizarte izaerako zailtasunak dituzten pertsonen lan-munduratzea helburu duten proiektuei laguntzeko.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Udalen Elkarteko (EUDEL) Gipuzkoako Lurralde Batzordeak sinatu zuten hitzarmen orokorrak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko giza zerbitzuen sistema arautzen duen urtarrilaren 30eko 4/2001 Foru Dekretuak diotenaren arabera, Sarbide Plana «udal ardura atzeratu» gisa zehazten diren zerbitzuen artean kokatzen da. Hau da, udal eskuduntzakoak jotzen dira, baina programa gisa heldutasun maila txikia dutelako, edo tokiko eta eskualde mailan gaur egun ezarpen txikiegia dutelako, bi erakundeen ardurapean egongo direnak behin-betiko akordio bat lortzen den artean.

Beraz, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak horrelako laguntzak emateko orduan eskatuko dituen baldintza orokorrak eta erabiliko dituen gutxieneko irizpideak ezartzeko xedea du Foru Dekretu honek.

Horiek horrela, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak diputatuak proposatuta, eta Diputatuen Kontseiluak egun bereko bileran erabaki bezala,

XEDATZEN DUT

1. artikulua.Xedea.

1.1.  Foru Dekretu hau ematen da arautzeko zer baldintza orokorren eta zer gutxieneko irizpideren arabera emango diren dirulaguntzak, lana aurkitzeko gizarte izaerako zailtasun larriak dituzten pertsonen lan-munduratzea helburu dela.

1.2.  Foru Dekretu honen ondorioetarako, lana aurkitzeko gizarte izaerako zailtasun larria duten pertsonak izango dira, hauetako giza talderen batean daudenak:

a)Gizarte bazterkeria egoeran daudenak, oinarrizko zenbait arlotan zailtasunen pilaketa dela eta; hala nola osasuna, etxebizitza, dirusarrerak, hezkuntza, famili harremanak edo gizarte partaidetza.

b)Errehabilitazio edo gizarteratzeko laguntza prozesuren bat bizi izan ondoren, bazterkerian erortzeko arriskuan jarraitzen dutenak.

c)Lana egiteko adinean egonik, Oinarrizko Errenta edo Gizarte premia Larrietarako Laguntzak (GLL) jasotzen bi urte baino gehiago daramatenak.

1.3.9. artikuluan aipatzen den Batzordeak sartu ahal izango ditu Foru Dekretu honen esparruan horien antzeko egoeretan dauden beste pertsona edo talde batzuk ere, haien egoera ekonomikoa eta soziala kontuan hartuta.

2. artikulua.Urteko deialdia.

2.1.Urtero deialdi bat egingo da Foru Dekretu honetan arautzen diren laguntzak emateko, eta deialdian finkatuko dira baimendutako gastua eta aurrekontu egoztea, eskaerak aurkezteko epea, proiektuak hasteko data eta laguntzen zenbatekoa.

2.2.2004 ekitaldiko deialdi publikoa oinarri arautzaile hauetako Eranskinean zehazten da.

3. artikulua.Onuradunak.

Foru Dekretu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan litezke:

a)Enpresa berriak sortzeko proiektua duten sustatzaileak edo sustatzaile taldeak, langile gehienak 1.2 artikuluan aipatu diren giza taldeetakoak baldin badira.

b)Enpresa berriak sortzeko proiektuak babesten dituzten erakundeak, 1.2 artikuluan sartzen diren pertsonek bultzatuak baldin badira.

4. artikulua.Laguntza motak.

Laguntza hauekin finantzabidea eman nahi da, zati batekoa edo guztizkoa, segidan adierazten diren lanak egiteko edo aipatzen diren egoeretan aurrera ateratzeko.

a)Enpresa berriak sortzeko edo daudenak dibertsifikatzeko enpresa proiektuen bideragarritasun planak.

b)Enpresa proiektuetarako eta enpresa aurrera eramateko gastuetarako zuzeneko laguntza, 1.2 artikuluan aipatutako edozein gizataldetako langileen kostu sozialak barne harturik.

c)Aurkeztutako proiektuei babes ematea eta segimendua egitea, bertan sartzen direla Foru Ogasunerako, Gizarte Segurantzarako eta beste instituzio batzuetarako behar diren agiriak tramitatzea, eta, jarduerari berari buruz, edozein kontsultari erantzutea eta aldian behingo segimendua egitea, diru laguntza ematen den egunetik hurrengo urtea amaitu bitartean.

Laguntzen pertsona onuradunek aukera dezakete laguntza teknikoa nori eskatu, a) eta c) ataletan adierazitako ekintzetarako, Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuak enpresa eragileei tutoretza eta laguntza teknikoa eskaintzeko sortu duen erroldan izena emanda dauden profesional eta zerbitzu erakunde publiko nahiz pribatuen artean.

5. artikulua.Enpresa proiektuaren betebeharrak.

Enpresa berria edo dirulaguntza hartutako proiektuetatik sortutako jarduera Gipuzkoako Herrialde Historikoan jarriko da.

6. artikulua.Proiektuak hautatzeko irizpideak.

6.1.Honako irizpideen arabera egingo da eskaeren arteko hautaketa:

a)Zenbat enplegu eta zer motatakoa sor dezakeen proiektuak Foru Dekretu honetako 1.2 artikuluan aipatu diren giza taldeen artean. Gehienez 15 puntu.

b)Proiektuaren bideragarritasuna. Gehienez 15 puntu.

c)Zenbateko inbertsioa aurreikus daitekeen. Gehienez 15 puntu.

d)Sustatzaileak irabazi asmorik duen ala ez. Gehienez 15 puntu.

e)Zein jarduera den aurrera eramatekoa. Gehienez 15 puntu.

f)Eskaera egiteko garaian beraien udaleko gizarte zerbitzuekin Gizarteratzeko Hitzarmena izenpetu duten edo izenpetzeko prozesuan dauden pertsonek aurkeztutako egitasmoak (egoera hori dagokion ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da). Gehienez 25 puntu.

6.2.Laguntza babes eginkizunetarako edo bideragarritasun planetarako ematen denean, kontuan hartuko da lanaren handitasuna, iraupena eta aurrekontua.

7. artikulua.Eskabideen aurkezpena.

7.1.Eskabideak Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko bulego nagusietan eskura daitezkeen inprimaki eredu normalizatuetan aurkeztu behar dira (Zarategi Pasealekua 99, behea - 20015 Donostia) eta bertan eskatzen diren agiriak eta informazioa erantsi behar zaizkie.

7.2.Eskabideak aurreko atalean aipatutako bulegoetan, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko erregistroan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Zentralean edota Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arau eta Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetan aurkeztuko dira.

7.3.Aurkeztutako proiektuei buruzko ebaluazioa eta ebazpena ondo egiteko behar duen hainbat argibide eskatu ahal izango die Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak eskatzaileei. Argibide horiek ez badira aurkezten 10 lanegunen barruan, ezetsitzat joko da eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 42.1 artikuluan aurreikusitako eran ebazpena eman ondoren.

7.4.Foru Dekretu honetako 3. artikuluko a) atalaren arabera dirulaguntza eman dakiekeen proiektuak egiteko aurkezten diren eskaintzek honako gaiak agertu behar dituzte, nahi eta nahi ez:

a)Lanaren eta faseen deskribapen zehatza.

b)Lanean parte hartuko duten pertsonen aurkezpena eta kurrikuluma.

c)Emango zaizkion orduak eta orduko kostua.

d)Fasez fase eta kontzeptuz kontzeptu zehaztutako aurrekontua.

e)Lanak egiteko fasekako plana, fase bakoitzaren hasiera eta bukaerako data aurreikusiak seinalatuta.

8. artikulua.Proiektuen hasiera eta amaiera.

8.1.Proiektuak amaitu eta zuritzeko epea diru laguntza ematen den egunaren hurrengo urtea da, eta ordutik aurrera kontabilitateko baja eman ahal izango zaio diru laguntza horri dagokion aurrekontu xedapenari.

8.2.Bideragarritasun planei emandako dirulaguntzen kasuan, enpresak ez badio jarduerari ekiten azterlana bukatuz geroztikako urtebeteko epearen barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak berea du plana zabaltzeko eskubidea beste sustatzaile batzuek martxan jar dezaten.

8.3.Artikulu honetan aipatzen diren epeak Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez luzatu ahal izango ditu, proiektuen berezko zailtasunen arabera.

9. artikulua.Balorazioko eta segimenduko batzordea.

Diru laguntzak emateko norgehiagokako lehiaketa izango da sistema. Horretarako, batzorde bat eratuko da, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko diputatuak berariaz izendatutako lehendakaria, idazkaria eta bi kide izango dituena eta batzorde hark aztertuko ditu aurkeztutako eskaerak. Batzordeari ondoko eginkizunak dagozkio:

a)Pertsonak 1.2 artikuluan aipatutako giza taldeei egokitzen zaizkien aztertzea.

b)Aurkezten diren proiektuak aztertzea eta baloratzea.

c)Babes proiektuetarako eta/edo bideragarritasun planetarako aurkeztutako eskaintzak aztertzea eta baloratzea.

d)Proposamenak gora helaraztea.

e)Proiektuen segimendua egitea.

f)Dirulaguntzak ordaintzeko erari buruzko proposamena egitea.

10.Ebazpena.

10.1.Diru laguntzak Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko organo eskudunaren erabakiaren bidez eman edo, kasua bada, ukatuko dira, aurreko artikuluan adierazitako batzordeak proposatuta.

10.2.Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauei eta Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako ondorioetarako, prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatuta. Behin epe hori igaro denean, ez bada berariazko ebazpena eman eta jakinarazi, eskaera ezetsitzat hartu behar da administrazio isiltasunagatik, aipatutako Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

11. artikulua.Diru laguntzen ordainketa.

11.1.Oro har, 6.1 artikuluko a) eta c) ataletan aipatzen diren dirulaguntzak, bideragarritasun planei eta proiektuen babes eta segimenduari dagozkienak, zuzenean onuradunei ordainduko zaizkie, honela:

—Hasierako %50a zerbitzua emateko kontratua sinatzean.

—Gainerako %50a egindako lana edo bideragarritasun plana, eta zurigarriak aurkeztu ondoren.

11.2.  Oro har, 6.1 artikuluko b) ataletan aipatzen diren dirulaguntzak, enpresa proiektuetarako eta horiek aurrera eramateko gastuetarako laguntza zuzenei dagozkienak, zuzenean eta osorik proiektuen sustatzaileei edo enpresei ordainduko zaizkie, egindako gastuak eta/edo inbertsioak agiri bitartez egiaztatzen dituztenean, edota lan kontratuak sinatuta aurkezten dituztenean, kasua hori bada.

11.3.  Aurreko atalean idatzitakoa hala izanik ere, giza taldearen ezaugarriak bereziak direla eta proiektuetarako inoren finantzaketa lortzea zaila izan dakiekeela kontuan harturik, Batzordeak aldeko irizpena emanez gero, dirulaguntza osoaren %50 aurreratu ahal izango da, aurretik honako dokumentuak ekarrita:

—Laguntzaren onuradunaren eta proiektuaren babeslearen baterako kontua.

—Babeslearen idatzia, dirulaguntza emana izan den xederako erabiliko dela hitz ematen duena.

—Aurreikusitako inbertsioen proformako fakturak.

12. artikulua.Kontrola.

12.1.  4.1.c) artikuluan aurreikusitako dirulaguntzen kasuan, Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak onuradunari eskatuko dizkio proiektuaren babesleak egindako hiruhileroko txostenak eta enpresa proiektuetako aholkularitza eta segimendua behar bezala bermatua egon dadin bidezkotzat jotzen den dokumentazio guztia.

12.2.  Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak egoki deritzon edozein jarduketa egin ahal izango du emandako dirulaguntzak ondo aplikatzen direla egiaztatzeko eta foru dekretu honetan edo laguntzak emateko ebazpenetan ezarritako baldintzak betetzen diren jakiteko.

12.3.  Dirulaguntzaren onuraduna behartua dago eskatzen zaion dokumentazioa epe egokietan aurkeztera, eta dirulaguntzaren xede izandako jarduketa zuzen doala bermatzeko egiten diren egiaztapenetarako erraztasunak ematera.

12.4.  Diru laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa gertatzeak, eta nolanahi ere, subentzio hauekin batera beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako laguntzak jasotzeak diru laguntza emateari buruzko ebazpena aldatzea ekar lezake.

12.5.  Egitasmo honetako dirulaguntzen onuradun den pertsonaren bat plantilatik irteten bada edo haren ordez beste bat jartzen, aurretik jakinarazi behar zaio Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari, dagozkion ondorioetarako.

12.6. Inbertsioetarako dirulaguntza eman denean, diruz lagundutako aktiboren bat besterentzen bada erabilgarritasun aldian, onuraduna behartuta dago horren berri Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari ematera. Departamentuak besterentzearen zernolakoak aztertuko ditu, eta erabaki lezake besterendutako ondasunari dagokion dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzularaztea.

12.7.  Foru dekretu honetan eta gainerako araudi aplikagarrietan ezarritako edozein betebehar ez badu betetzen, onuradunak diru laguntza hartzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da, eta hartutako dirua itzuli egin behar du, zuzenbide publikoko diru sarrera gisa. Gainera, legezko erantzukizunak eskatu ahal izango zaizkio.

12.8.  Laguntzen onuradunak kontuan hartu eta proiektuen aurrerabidean sartu beharko ditu finantzatutako bideragarritasun planen ondorio eta iradokizunak; horretarako, dirulaguntza kobratu eta urtebeteren buruan Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuak txostena eskatu ahal izango die onuradunei bideragarritasun planeko gomendioak martxan jartzeari eta oro har enpresaren bilakaerari buruz.

13. artikulua.Elkarren arteko europar finantzaketa eta babesa.

13.1.  Oro har, foru dekretu honetan proposatutako neurriak eta Europar Batasunak horri buruz sustatutako politikak bateratzeko ahalegina egingo da.

13.2.  Garatu beharreko jarduketak Europar Batasunak aurreikusitako helburu, arteztarau eta jardueretara egokitzen diren neurrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak dagokion elkarren arteko finantzaketa komunitarioa jasotzeko aurkeztuko ditu, beraz, komunitateak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

13.3.  Foru dekretu honen onuradunek, elkarren artean finantzatutako jardueretan, berariaz adierazi beharko dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuaren eta Europar Batasunaren laguntza jaso izana (idatzizko agirietan, toki publikoetan, txostenetan, publizitate euskarrietan, etab.).

14. artikulua.Euskararen erabilera.

2004ko martxoaren 8ko 21/04 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera esparruan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duenak, 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunek diruz lagundutako beren jardunaren bitartez sortutako agerpen publiko orotan euskara erabili beharko dute.

Xedapen indargabetzailea.

Indargabetu egiten da 2002ko uztailaren 9ko 42/2002 Foru Dekretua, gizarte izaerako zailtasun larriak dituzten pertsonak lan munduan sartzeko «Aterpe Plana» arautzen duena, bai maila bereko edo beheragoko gainerako xedapenak ere foru dekretu honen aurka dauden zatietan.

Amaierako lehen xedapena.Dekretuaren garapena eta aplikazioa.

Ahalmena ematen zaio Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko foru diputatuari Foru Dekretu hau ongi garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eta egintzak emateko.

Amaierako bigarren xedapena.Indarrean sartzea.

Foru Dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Donostia, 2004ko ekainaren 1a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.

GIZA ESKUBIDEETARAKO, ENPLEGURAKO
ETA
GIZARTERATZEKO
D
EPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
María del Carmen Marín Guruceaga.

(5701) (5440)

ERANSKINA

Gizarte izaerako zailtasun handiak dituzten pertsonak lan munduan sartzeko Sarbide Planaren dirulaguntzen deialdia.

1. artikulua.Aurrekontua, egitasmoa eta kontusaila.

Foru Dekretu honen bitartez emango diren diru laguntzak Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuko «Gizarteratze eta Enplegu» aurrekontu programatik hartutako funtsen bidez finantzatuko dira. 1.0820.200.470.00.02 kontusailaren kargura 210.354,00 euroko gastua baimentzen da; kopuru hori handitu edo txikitu egin dezake aldaketaren zenbatekoaren arabera horretarako eskumena duen organoak.

2. artikulua.Eskabideen aurkezpena.

Plan honetarako eskaerak aurkezteko epea 2004ko irailaren 18an bukatuko da.

3. artikulua.Proiektuak hasteko data.

Foru Dekretu honek xedatutako laguntzak jasotzen dituzten proiektuek 2003ko irailak 18etik aurrera hasita izan behar dute; edonola ere, proiektu horiek, zati batean edo osatasunean, 2004. urtean gauzatu beharko dira.

4. artikulua.Ebazpena

Foru Dekretu honen 10.2 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe, 2004ko ekitaldirako prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izango da.

4. artikulua.Laguntzen zenbatekoa.

4.1.  Dirulaguntzen portzentaia azkenik zenbatekoa izango den finkatzeko, aurreko artikuluan aipatutako irizpideei jarraituko zaie, baina, dena den, honako portzentaia eta kopuruak izango dira gehienekoak:

a)Enpresa proiektuen bideragarritasun planetan: Dirulaguntza azterlanaren %100eraino hel daiteke, gehienez ere 3.100 eurokoa izan daitekeelarik proiektu bakoitzeko.

b)Enpresa proiektuetarako eta horiek aurrera eramateko gastuetarako zuzeneko laguntzetan: Dirulaguntza sortutako lanpostu egonkor bakoitzeko 6.100 eurokoa izan daiteke, gehienez.

c)Proiektuen babes eta segimenduan: Dirulaguntza babes eta segimendu lanaren %100eraino hel daiteke, gehienez ere 3.100 eurokoa izan daitekeelarik proiektu bakoitzeko.

4.2.  Proiektu berari ezingo zaizkio eman 30.000 euro baino gehiago, aipatutako kontzeptu guztiak kontuan hartuta.