| 66. zenbakia | Data 2004-04-07 | 6721 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2004ko martxoaren 30eko 29/04 FORU DEKRETUA, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoa.
2003ko ekainaren 30eko 33/03, uztailaren 16ko 60/03 eta uztailaren 29ko 85/03 foru dekretuetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren departamentu egitura onartu zen, eta Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuarentzat eginkizun eta jardun esparru hauek jarri ziren:
a) Eurohiria kudeatzea.
b) Erakunde harremanak.
c) Eskolako kirola eta guztiontzako kirola.
d) Kirol ekipamenduak sustatzea eta arrazoizkotzea.
e) Lurraldeko federazioak eta kirol elkarteak.
f) Euskararen normalizazioa eta erabilera gizartean eta foru administrazioan lantzeko politikak.
g) Arautegi erabilgarriak ematen dizkion gainerako eginkizunak.
Departamentu hau agintaldi honetan sortua da, aipatutako dekretu horien lehenbizikoan hain zuzen ere, lehen zegoen Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentutik euskara eta kirol alorrak bereiziz eta horiei Baiona-Donostia Eurohiriaren eta erakunde harremanen kudeaketarekin zerikusia duen guztia erantsiz, lehenago Diputatu Nagusiaren Kabinetearen eginkizun zena.
Foru dekretu honetan, alde batetik 2003ko uztailaren 29ko 85/03 Foru Dekretuak ezarritako egitura jasotzen da eta, bestetik, departamentuko hiru zuzendari nagusiei –Kiroletakoari, Euskararen Normalkuntzakoari eta Kanpo Harremanetakoari– deskontzentrazio araubidean ematen zaizkie foru diputatuak, 2003ko irailaren 11ko Foru Aginduaz, haien esku utzi zituen eskumenak. Orobat, xedapen honen kontu aipagarri gisa, azpimarra daiteke departamentuko Kontratazio Mahaia nola osatuko den zehaztu dela eta, baita ere, Departamentuari atxiki zaizkiola Eskola Kirolaren Lurralde Kontseilua –Gipuzkoako kirol sektorerako sortutako organo kontsultagarria– eta Eurohiriaren gaiaren inguruan sortutako harremanak.
Hortaz, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak 27.1 artikuluan emandako eskumenak erabiliz, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatuak proposatuta eta Diputatuen Kontseiluan gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren,
XEDATU DUT
I. KAPITULUA.
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Departamentuaren eginkizunak eta eskumenak.
Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuaren eginkizunak eta jarduera esparruak 2003ko ekainaren 30eko 33/03 Foru Dekretuko 15. artikuluan jasotakoak dira, eta era berean jarduera esparru horiei buruzko lege sektorialetan azaltzen direnak ere. Eginkizun horiei dagozkien eskumenak arautegi aplikagarrian adierazitakoaren arabera erabiliko dira.
2. artikulua. Foru diputatuaren eginkizunak eta eskumenak.
1. Diputatuen Kontseiluko kide gisa dituen eginkizunez gain, Departamentuko foru diputatuari dagokio, bertako titularra eta hierarkikoki goi organoa denez, unitate organiko guztiak zuzendu eta kontrolatzea.
Bere eginkizunak betetzeko, Departamentuko foru diputatuak ditu, printzipioz eta 1984ko maiatzaren 30eko 3/84 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioarenak, 27. artikuluan aurreikusitako eran, Departamentuak kudeatzen dituen eta arau hark, foru dekretu honek edo horretarako baliozkoa den ondorengo beste batek, berariaz beste organo batzuei esleitzen ez dizkieten gaiak ebazteko eskumen guztiak.
Beti ere, Departamentuko foru diputatuaren eskumena izango da bere agindupeko organoek agindutako egintzen kontra jarri daitezkeen errekurtsoak ebaztea administrazio bidean.
Era berean, foru dekretu honetan Departamentuko organo ezberdinei eman zaizkien edo eskuordetzeko gai diren eskumen guztiak edo batzuk bereganatu ahal izango ditu noiznahi, edozein gairi buruzkoak izanik ere.
2. Departamentuko foru diputatuari dagozkio, baita ere, Departamentuaren nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa beste entitate publiko edo pribatuen zuzendaritza edo administrazio organoetan kide delako horietatik eratorritako eskumen guztiak.
3. artikulua. Zuzendari nagusiak.
1. Zuzendari nagusiak zuzendaritzen titularrak dira, eta horien buruzagitza eta ardura hartzen dute beren gain. Hortaz, oro har, eginkizun hauek dituzte:
a) Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea, foru diputatua ez dagoenean eta dituen eskumenen eremuaren barruan.
b) Departamentuko diputatuak ezarritako politika publikoak gauzatzea eta kudeaketa helburuak betetzea.
c) Kalitatea bultzatu, prozedurak hobetu, giza baliabideak garatu eta herritarrekiko harremanak hobetzeko politikak aurrera eramatea.
d) Zuzendaritzako zerbitzu eta unitateen lana programatu, koordinatu eta kontrolatzea, onar daitezen kudeaketa planen eta helburuen arabera.
e) Foru diputatuak eskuordetzan ematen dizkien eginkizunak betetzea, hain zuzen ere 1984ko maiatzaren 30eko 3/84 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 43.3 artikuluan erabakitakoaren babesean.
2. Helburu horiek betetzeko, zuzendari nagusiek, deskontzentrazio arauei jarraituz, ondoko hauek ebazteko ahalmen eta eskumenak eduki eta erabiliko dituzte:
a) Kontratazio arloan:
—Kontratazio administratiboaren legediaren arabera kontratazio organoari dagozkionak, kontratuaren formalizazioa izan ezik, aurrekontuak kontratista hautatzeko publizitaterik gabeko jardunbide negoziatua erabiltzea baimentzen badu.
—Obra ziurtapenak eta kontratu administratiboetako beste ordainketa batzuk onartu eta ordaintzea.
—Bermeak kitatzea eta itzultzea.
b) Subentzioen, laguntzen eta transferentzien arloan:
—Gehienez hamabi mila (12.000,00) eurorainoko kopuruak ematea, diru laguntzak emateko oinarriak ebazteko foru dekretuetan edo sinatutako hitzarmenetan jasotako eran.
—Aldez aurretik emandako laguntzen eta subentzioen edozein kopurutako ordainketak.
—Subentzioak itzultzeko prozedurak ireki eta ebaztea.
c) Bestelako gaietan:
—Gastuak baimendu eta xedatzea, hamabi mila (12.000,00) euro gainditzen ez badituzte.
—Aldez aurretik baimendutako edozein gastu ordaintzea.
3. Deskontzentrazioaren bidez emandako eskumenak erabiltzen ari direla, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko zuzendari nagusiek emandako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio bideari eta horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Departamentuko foru diputatuari.
4. artikulua. Zerbitzuburuak.
1. Zerbitzuburuak zerbitzuetako buruzagiak dira, eta, beren eginkizuna da, instituzioaren programa eta estrategia helburuak aurrera ateratzeko xedez, beren maila baino goragoko bati dagozkion ekintzak aztertu eta proposatzea, nagusiek emandako jarraibideak aintzat harturik.
2. Zehazki, zerbitzuburuei dagokie:
a) Beren zerbitzuak kudeatzeko planak proposatzea, helburuak, ekintzak eta horiek ebaluatzeko baliabideak eta adierazleak zehaztuz.
b) Zerbitzuko egiturako beste mailetako langileei helburuak adieraztea, eta horiek lortzeko, funtzionamenduari dagokionez, egokiak eta eraginkorrak izango diren lan sistemak antolatu, zerbitzuko langileen zuzendaritza eta hurbileko kontrola beren gain hartuta.
c) Bere ardurapeko langileen taldeko eta bakarkako lana planifikatu, antolatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.
d) Zerbitzuko barne erregimena betetzen den kontrolatu eta gorabeheren berri ematea.
e) Bere ardurapeko giza nahiz ekonomia baliabideak modu eraginkorrean eta organo eskudunek emandako arauen arabera kudeatzea, arrazionalizazio eta etengabeko hobekuntzako estrategiak aurrera eramanez herritarrei zerbitzu hobeagoa eskaintzeko xedez.
f) Zuzendariak eta diputatuak ematen dizkieten edo beren esku uzten dituzten erantzukizunak eta indarrean dauden arau-xedapenek ematen dizkietenak betetzea.
II. KAPITULUA
EGITURA ORGANIKO ETA FUNTZIONALA
LEHENENGO ATALA. Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa
5. artikulua. Oinarrizko egitura organikoa.
1. Departamentuaren eskumenak betetzeko eta diputatu nagusiaren zuzendaritzapean, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuak ondorengo unitate organikoak izango ditu:
—Kirol Zuzendaritza Nagusia.
* Kirol Zerbitzua.
—Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusia.
* Euskararen Normalkuntza eta Sustapen Zerbitzua.
—Kanpo Harremanetako Zuzendaritza Nagusia.
* Kanpo Harremanetako Unitatea.
—Idazkaritza Teknikoa.
2. Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuari atxikitzen zaizkio Eskola Kirolaren Lurralde Kontseilua, organo kontsultagarri gisa, eta Baiona-Donostia Eurohiriaren gaiaren inguruan sortzen diren harremanak.
6. artikulua. Kirol Zuzendaritza Nagusia.
1. Kirol Zuzendaritza Nagusiaren menpe egongo da Kirol Zerbitzua.
2. Foru dekretu honetako 3.2 artikuluan jasotako ahalmen eta eskumenez gain, Kiroletako zuzendari nagusiak, deskontzentrazio erregimenean, ondoko eskumen hauek ere izango ditu:
a) Eskolako kiroleko urteko programetan sartzen ez diren eskoletako kirol jarduerak antolatzeko, benjamin, alebin eta infantilen mailetan federazioen lizentziak emateko eta teknifikazio unitateak martxan jartzeko baimenak eman edo ukatzea, bidezko prozedura erregulatzen duen araudiari jarraituz.
b) Kirol gaietako zehapen ahalmena erabiltzea 1998ko ekainaren 11ko 14/98 Legeak, Euskal Herriko Kirolarenak, ezarritakoaren arabera, lege hauste arinak direnean.
c) Kirol federazioen erregelamenduak eta horien aldaketak onartzea.
Eskumen horien egikaritzan Kiroletako zuzendari nagusiak emandako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio bideari eta horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Departamentuko foru diputatuari.
3. Halaber, Kiroletako zuzendari nagusiaren eginkizunak eta eskumenak izango dira Diputatuen Kontseiluak erabakitako erakundetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari izateagatik dagozkionak.
7. artikulua. Kirol Zerbitzua.
Zerbitzuburuaren erantzukizunaren menpean, Kirol Zerbitzuari ondoko eginkizun hauek dagozkio:
a) Gipuzkoako kirol sistema egituratzen laguntzea eta hor sartzen diren kirol agente guztien parte hartze eta koordinazioa sustatzea, kirola egiteko bidea irekitzeko behar diren bitartekoak emateko gipuzkoarrei.
b) Gipuzkoako Lurralde Historikoko kirol elkarteak sustatu eta berregituratzea.
c) Gipuzkoako kirol federazioei laguntza eman eta haien modernizazioa bultzatzea.
d) Gipuzkoako kirol sistemari eskaria asetzeko kirol ekipamendu egokiak ematea.
e) Derrigorrezko hezkuntzaldian eskoletako ikasle guztiei, inor bazterrean utzi gabe, kirol munduan sartzen laguntzea, kirola egiteko ohitura gipuzkoar guztiengana zabal dadin.
f) Gipuzkoako errendimenduko kirol jarduera egituratzen laguntzea, goi mailarako gaitasuna duten gipuzkoar kirolariek beren ahalbide guztiak garatu ahal izan ditzaten.
g) Gipuzkoarren artean guztiontzako kirola sustatzea, aisian kirola ere egin dezaten eta osasun ohitura gisa har dezaten.
h) Ezaugarri berezietako gizataldeen kirol praktika maila guztietan indartzea.
i) Gipuzkoan bertako kirolak sustatzea.
j) Gipuzkoako kirolaren sisteman euskararen erabilpena areagotzea.
k) Gipuzkoako kirol sistemaren eta lurralde mugakideetako sistema eta agenteen arteko harremanak sustatzea. Baita, Eusko Jaurlaritzarekin, beste autonomia erkidego batzuekin eta erakunde publiko eta pribatuekin ere, mugaz gaindiko lankidetza ere bultzatuz.
l) Herritarrei oro har eta, zehazki, kirol munduko kideei kirol arloko prestakuntza, informazio eta aholkularitza egokiak ematea.
m) Kirol sistema finantzatzeko maila egokia lantzea nahiz erakunde publikoetan nahiz pribatuetan.
n) Gipuzkoako kirol sisteman IKTen erabilpena sendotzea.
o) Jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruko I+G+B ekintzak laguntzea.
p) Gipuzkoarren artean kirolaren balioak eta onurak sustatu eta zabaltzea.
q) Kirol munduan boluntarioen lana sustatzea.
8. artikulua. Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusia.
1. Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren menpe dago Euskararen Normalkuntza eta Sustapen Zerbitzua.
2. Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak izango dira:
a) Euskararen erabilera normalizatzearen aldeko konpromisoa indartzea gipuzkoar guztien artean.
b) Gainerako herri administrazioekin euskararen normalkuntza eta sustapenarekin zerikusia duten ekintzetan sakondu, sendotu eta lankidetza eskaintzea.
c) Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera normalizatzeko plana eta administrazio gaietan euskararen erabilerarekin zerikusia duten gainerako jarduerak planifikatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea, gainerako departamentuekin elkarlanean.
3. Halaber, Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusiaren esku izango dira Diputatuen Kontseiluak erabakitako organoetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa berariaz dagozkion eskumenak eta zereginak.
9. artikulua. Euskararen Normalkuntza eta Sustapen Zerbitzua.
Zerbitzuburuaren erantzukizunaren menpean Euskararen Normalkuntza eta Sustapen Zerbitzuaren zereginak hauek izango dira:
a) Herri eta eskualde mailako aldizkariei, eta oro har euskal prentsari laguntzea, merkatuan lehiakor izateko behar dituzten bitartekoak eta lan baldintzak izan ditzaten.
b) Informazio eta komunikazio teknologien eremuan euskararen erabilera hedatzen laguntzea.
c) Euskal ondare linguistiko tradizionala informazio teknologietara egokitzeko saioak sustatu eta laguntzea.
d) Euskarari lotutako edukiak formatu digitalean sortu eta emateko inbertsioak sustatzea.
e) Ikus-entzunezko euskarazko ekoizpenak sortu edota hedatzen laguntzea.
f) Euskarazko liburugintza eta irakurtzaletasuna sustatzea.
g) Liburugintza eta ikus-entzunezko produktuak egiten dituzten Gipuzkoako argitaletxeei laguntza ematea.
h) Euskal idazleen lanak hedatzen laguntzea.
i) Euskararen erabilera gizartean sustatzearen aldeko ekintzak laguntzea.
j) Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren garapena sustatzea Gipuzkoan.
k) Euskararen normalkuntzako udal teknikarien lana laguntzea.
l) Gipuzkoako Foru Aldundian euskararen erabilera normalizatzeko plana planifikatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.
m) Gipuzkoako Foru Aldundiaren barne zerbitzuetan euskararen erabilera planak planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea.
n) Gipuzkoako Foru Aldundiaren mende dauden herri erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko planak egiteko lankidetza eskaintzea.
o) Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen hizkuntz prestakuntza ziurtatzeko planak antolatu eta kudeatzea.
p) Hizkuntza ofizialen erabilera egokia ziurtatzeko irizpideak definitu eta gauzatzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren barnean, bai hizkuntza erabileraren kalitateari buruz, bai bi hizkuntza ofizialen erabilera orekatuari buruz.
q) Euskal kulturaren eta hizkuntzaren esparruan estrategikotzat jotzen diren inbertsioak laguntzea.
r) Euskararen esparruan I+G eremuko ekintzak sustatu eta laguntzea.
s) Euskararen erabilera soziala hedatzeko programak antolatu eta laguntzea, kulturaren, aisiaren eta kirolaren esparruetan.
t) Gipuzkoako Foru Aldundiaren dokumentuen itzulpena planifikatu eta kudeatzea, bai hizkuntza ofizialen artean, bai Europar Batasuneko hizkuntzetatik edo hizkuntzetara ere.
u) Foru Aldundiko gainerako departamentuekin elkarlanean aritzea, batik bat idazkaritza teknikoekin, agiri administratibo, juridiko nahiz zabalkundekoen moldakuntza elebiduna ziurtatzeko.
v) Departamentu guztiei aholkuak ematea euskararen corpusari buruzko gaietan (besteak beste, bide seinale, errotulazio, toponimia, terminologia, izen ofizial, komunikazio plan eta publizitate kanpaina, irudi korporatibo eta abarretan).
w) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialari aholkularitza zerbitzua ematea bi hizkuntza ofizialen erabilera zuzenari buruz, eta itzulpen zerbitzua ematea, batik bat estatuko beste autonomia erkidegoetako toki administrazioen dokumentuei dagokienez.
x) Itzulpen lanak kanpoko enpresekin kontratatzeko urratsak modu zentralizatuan definitu eta kudeatzea Foru Aldundiko departamentu guztientzat.
y) Kanpoko enpresek Aldundiko departamentuentzat egindako dokumentu elebidunen hizkuntza kalitatea gainbegiratu eta ziurtatzea, batik bat zerbitzu publikoen kudeaketa kontratuak edo aholkularitza eta laguntza teknikoko kontratuak betetzerakoan sortutakoak.
10. artikulua. Kanpo Harremanetako Zuzendaritza Nagusia.
1. Kanpo Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren eginkizunak eta eskumenak izango dira:
a) Baiona-Donostia Eurohiriaren Mugaz Gaindiko Agentzia suspertzea, azterketak, mintegiak, ikastaroak, prestakuntza jardunaldiak, etab. eginez, inbertsio programak abian jarriz eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak lortuz.
b) Departamentuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari gisa aritzea Europako Batasuneko erakundeen, Europako Kontseiluaren, gobernu nazionalen eta antzeko beste erakunde batzuen aurrean, diputatu nagusiaren goreneko ordezkaritza eta gainerako departamentuena eragotzi gabe.
c) Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Arku Atlantikoko Hirien Batzarrean, Metrex Sarean, Mission Opérationnelle Transfrontaliére (MOT) delakoan eta antzeko beste organismo batzuetan duten ordezkaritza zuzentzea eta/edo koordinatzea.
d) Gipuzkoako Foru Aldundiak departamentuaren eskumenen esparruan gizarte zibilarekin, herritarrekin eta eragile sozialekin dituen harremanez arduratzea, horietatik kanpo gelditzen direlarik Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Euskal Herriko Adiskideen Elkartearekin dituenak, diputatu nagusiak bere gain hartzen baititu horiek, Kabineteak eta haren menpeko zuzendaritzek lagunduta.
e) Gipuzkoako Foru Aldundiaren kanpo ekintza koordinatua eta integratua izatea bermatuko duten informazio eta lankidetza bideak bultzatzea.
f) Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuei Europako Batasunaren nondik-norakoen berri ematea eta mota horretako sare eta elkarteetan parte hartzera bultzatzea.
g) Akitaniako erakunde politiko eta sozialekin, eta batez ere, Pirinio Atlantiarren departamentuarekin eta Baiona-Angelu-Biarritz Barrutiko komunitatearekin, mugaz gaindiko harremanak sustatu eta aurrera eramatea.
h) Gipuzkoar diasporarekiko harremanak sustatzea eta aurrera eramatea.
2. Kanpo Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren menpe egongo da Kanpo Harremanetako Unitatea.
3. Halaber, Kanpo Harremanetako zuzendari nagusiaren egitekoak eta eskumenak izango dira Diputatuen Kontseiluak erabakitako organoetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari izatetik dagozkionak.
11. artikulua. Kanpo Harremanetako Unitatea.
Zuzendari nagusiaren ardura zuzenaren menpean Kanpo Harremanetako Unitatearen egitekoak izango dira:
a) Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren garapenerako Mugaz Gaindiko Agentzia kudeatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta BAB Barrutiaren Komunitateko teknikariak zuzenduz eta koordinatuz bakoitzaren eskumen arloetan, mugaz gaindiko harremanari dagokionez.
b) Mugaz Gaindiko Agentziaren kontuak kontrolatzea eta kudeaketa administratiboaz arduratzea.
c) Zuzendari nagusiari eta departamentuko foru diputatuari laguntza ematea beren erakunde harremanetan.
12. artikulua. Departamentuko Idazkaritza Teknikoa.
1. Departamentuko Idazkaritza Teknikoa foru diputatuaren menpean egongo da hierarkikoki eta zuzendarienean funtzionalki eta 1984ko maiatzaren 30eko 3/84 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 34. artikuluan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu.
Bereziki, Departamentuak dituen eskumenen barruan, eginkizun hauek ditu Idazkaritzak:
a) Departamentuko sistema informatikoa zerbitzuekin eta unitateekin koordinatzea eta, halaber, Departamentu osoarentzat interesa duten programa berriak jartzea eta garatzea.
b) Departamentuko organoek aurrera eramaten dituzten egintzak eta emandako ebazpenak eta Herri Administrazioen kontratuen legea bete behar duten espedienteak legez kontrolatzea.
c) Departamentuaren eskumenekoak diren arauzko xedapenak aztertu, prestatu eta jarraipena egiteko zuzendaritza, sustapen eta gainbegiratze lana egitea.
d) Departamentuaren eskumeneko gaietan eta foru diputatuaren edo zuzendari nagusien agindupean, xedapen orokorreko proiektuak, eta beste Herri Administrazio eta erakunde publiko nahiz pribatu batzuekin hitzarmenak edota lankidetza protokoloak prestatzea.
e) Foru diputatuari eta Departamentuko gainerako organoei lege aholkularitza eskaintzea, eta eskatzen dizkioten irizpenak ematea eta kontsultak erantzutea.
f) Departamentuko erregistro orokorra, artxiboa eta fede publikoa eramatea.
g) Departamentuaren aurrekontuetako aurreproiektua egitea, zerbitzuak eta zuzendaritzak koordinatuta.
h) Departamentuaren jarduera ekonomikoa kudeatzea, tramitatzea eta kontabilitatez kontrolatzea.
i) Foru Administrazioaren Kalitaterako Departamentuarekin batera, pertsona eta prozeduren kudeaketaren antolakuntza, hobekuntza eta arrazionalizazioa koordinatu eta sustatzea: Prestakuntza, giza baliabideetako planak, kalitate planak, laneko prebentzio eta osasuna, produktibitatea, aipatu departamentuarenak diren eskumenak eragotzi gabe.
j) Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren idazkaritza.
k) Bere lan esparruan, egozten edo eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eginkizunak.
2. Idazkari teknikoa izango da instruktore Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuaren gaietan sortutako zehapen prozeduretan, 1998ko otsailaren 20ko 2/98 Legean, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zehapen ahalmenari buruzkoan, ezarritakoari jarraituz.
Instruktore zeregin hori betetzen ari dela, ez du menpekotasun funtzionalik edukiko.
BIGARREN ATALA. Departamentuaren bestelako organoak
13. artikulua. Departamentuko Kontratazio Mahaia.
Kontratu administratiboak esleitzeko, kontratazio organoari ondoko hauek osatutako mahai batek lagunduko dio:
Mahaiburua:
Hitzartutako gastuaren aurrekontu kudeaketa egiten duen zuzendari nagusiari dagokio mahaiburu izatea.
Bokalak:
Kontratazio Mahaiko kideak ondoko hauek izango dira:
—Hitzartutako gastuaren aurrekontu kudeaketaren ardura duen zerbitzuburua.
—Zerbitzu horretako teknikari bat.
—Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuko Kontuhartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuko teknikaria.
Idazkaria:
Kontratazio Mahaiko idazkari lanetan, ahotsarekin baina bozik gabe, Departamentuko idazkari teknikoa arituko da.
14. artikulua. Eskola Kiroleko Lurraldeko Kontseilua.
Eskola Kiroleko Lurraldeko Kontseilua Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko kontsultarako organoa da, 1998ko martxoaren 31ko 39/98 Foru Dekretuak, haren osaketa eta eraketari buruzkoak, eta 1998ko irailaren 17ko Foru Aginduak onartutako funtzionamendu erregelamenduan erabakitakoaren arabera arautuko dena.
Xedapen gehigarria.
Zuzendari nagusien ordezkoak.
Zuzendari nagusien karguak bete gabe daudenean edota haiek kanpoan edo gaixorik daudenean, egotzita dauzkaten eginkizunak zuzenean foru diputatuak beteko ditu, edo bestela hark izendatzen duen departamentuko zuzendari nagusiak.
Xedapen indargabetzailea.
Indarrik gabe geratzen dira foru dekretu honek jasotakoaren aurka doazen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak, eta, bereziki, 2003ko irailaren 11ko Foru Agindua, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak Departamentuko zuzendari nagusiei eskumenak eskuordetzekoa.
Amaierako xedapena.
Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2004ko martxoaren 30a.
D
IPUTATU NAGUSIA,G
IZARTE ETA ERAKUNDE HARREMANETARAKO(3326) (3083)