Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

17. zenbakia Data 2004-01-28 1609 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

ASTIGARRAGAKO UDALA
Terrazak jartzeko udal ordenantza eta tasak.

ASTIGARRAGAKO UDALA

Iragarkia

Arauzko informazio publikorako epea inolako erreklamazio eta oharpenik aurkeztu gabe igaro ondoren, finko eta behin-betikoa egin da, 2003ko azaroaren 28an Udal Osoko Bilkurak hartutako hasierako erabakia, hain zuzen terrazak ipintzeko udal ordenantza arautzaile eta tasei buruzkoa.

Astigarraga, 2004ko urtarrilaren 21a.—Bixente Arrizabalaga Bengoetxea, Alkatea.

(142) (504)

Terrazak ezartzeko udal ordenantza eta tasak.

1. IDAZPURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.

Honako ordenantza honen xedea da Taberna, Kafetegi, Garagardotegi, pub eta antzekoez herriko kaleen okupazioa erregulatzea eta horietan burutzen diren jarduerak arautzea, terrazak lurzoru publikoan edo pribatuan kokatuta daudela ere.

2. artikulua.

Terrazak lokalen kanpoaldean kokatu nahi dituzten guztiek eskatu behar dute baimena, terrazak lurzoru publikoan zein pribatuan kokatu nahi dituztela ere.

3. artikulua.

Terrazak ezartzeko baimen eskaera jarduerari ekin baino hilabete lehenago aurkeztu behar da. Eskabide horretan, terraza eduki nahi den epea adieraziko da eta, horrekin batera krokis bat aurkeztuko da, okupatuko den eremua zehaztuz eta mugatuz, eta ezarriko den mahai zein aulki kopurua finkatuz.

4. artikulua.

Herriko kalea okupatzeagatiko tasak (halakorik eginez gero) eskatutako epearen eta okupatutako azaleraren araberakoak izango dira.

Baimen guztiak, urte bukaeran iraungiko dira.

5. artikulua.

1.  Herriko kalea okupatzeko baimena, kultur jardueren edota Udalaren iritziz interes orokorrekoak izan daitezkeen jardueren garapena baldintzatu gabe emango da.

2.  Terraza batez herriko kalea okupatzeak interes orokorreko jardueraren garapena oztopatuko badu, terraza hori gorde egin beharko da aipatu jarduera hori bukatu arte eta, kasu horretan, baimenaren jabeak ez du izango kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik.

3.  Udala, horrelako egoerak ahal den neurrian saihesten saiatuko da baina hala ere gertatuko balitz, terraza hori bere ohiko lekuan ezartzea ezinezkoa den bitartean beste kokaleku alternatiboren bat bilatzen saiatuko da.

2. IDAZPURUA

HERRIKO KALEA OKUPATZEA

6. artikulua.

1.  Terrazak herriko kalean ezartzerakoan, gutxienez 2 metro zabaleko eremu bat libre utziko da, inolako oztoporik gabe. Lur zerrenda hori, ahal dela behintzat, lokalaren fatxadaren ondoan egongo da.

2.  Terraza 5 metrotik gorako zabalerako espaloian edota plaza publikoan ezartzen bada, terraza horrek 5 metroko sakonera okupatuko du asko jota ere.

3.  Okupatuko den espaloiak ez du gaindituko lokalak fatxadan hartzen duen luzera eta, betiere, berorren aurrealdean ipiniko da. Aparteko kasuren batean, inguruan kokaleku egokiagoa izanez gero eta lokalek bidezko baimena eta eragindako auzokideen onespena izanez gero, terraza beste kokaleku horretan ezarri ahal izango da, lokalari dagokion espaloiaren aurrealdean ezarri ordez.

7. artikulua.

1.  Plaza arkupedunen kasuan, kanpoko habeen kanpoaldeko muga hartuko da fatxadatzat. Arkupeak libre egongo dira beti.

2.  Pelotari kaleko 7 bis, 11, 13, 15, 17, 19 eta 21 zk. etxeek eratzen duten oinezkoen plazan terrazarik ezin izango da ezarri.

8. artikulua.

Bide publikoan baimendutako mahaiak eta aulkiak bakar-bakarrik ezarri ahal izango dira; hau da, debekatuta dago terrazaren jarduera amaitu ostean bide publikoaren erabilera eragotzi dezakeen sareta, jardinera edo bestelako elementurik ezartzea.

3. IDAZPURUA

JARDUERA

9. artikulua.

Terrazetako jarduera, establezimenduko kontsumizioak zerbitzatzera mugatuko da. Kontsumizio horiek, dena den, inguruko etxebizitzetan edo lokaletan gogaikarriak izan daitezkeen zarata edo bestelakorik sortu gabe burutuko dira. Etxebizitzen barruan sortzen den zaratak ez du inoiz gaindituko «Zarata eta Bibrazio Igorpenen aurka Pertsonak Babesteko Udal Ordenantzan» ezarritako muga.

Lizentziaren titularrari dagokio terrazako jarduera aipatu baldintzetan burutzearen erantzukizuna.

10. artikulua.

1.  Terrazetan ez da ezarriko inolako instalazio elektriko edo musika-ekiporik.

2.  Baimenen titularrek garbi-garbi edukiko dituzte beti bai terrazak hartzen duen eremua bera baita terrazaren eraginpekoa ere, beraiei baitagokie erratzaz eta urez garbitzeko ardura.

11. artikulua.

Terrazaren ordutegiaz eta denboraldiaz kanpo, erabilitako mahai, aulki eta gainerako tresna guztiak lokalaren barruan gorde behar dira.

4. IDAZPURUA

ORDUTEGIA ETA DENBORALDIA

12. artikulua.

1.  Terrazak, honako ordutegi honetan egon ahal izango dira ezarrita:

Asteko eguna Irekitzeko ordua Ixteko ordua

Astelehena 9.00 23.00

Asteartea 9.00 23.00

Asteazkena 9.00 23.00

Osteguna 9.00 23.00

Igandea 9.00 23.00

Ostirala 9.00 1.00

Larunbata 9.00 1.00

Jai bezpera 9.00 1.00

13. artikulua.

Terrazak, eskatzaileek nahi duten denboraldian eduki daitezke irekita, hau da, urte osoan zehar ezarri daitezke.

Ematen diren lizentziek urtean urteko baliotasuna izango dute, urtez urte berritu behar baitira.

5. IDAZPURUA

PREZIO PUBLIKOA

14. artikulua.

1.  Herriko kalearen erabilera pribatiboagatik ordaindu beharreko prezio publikoa 2,35 €/m² izango da, lizentzia erabiltzen den hilabete bakoitzeko.

2.  Horrez gain, terraza ezartzeko izapideak burutzeagatik 50 € ordainduko dira, bide publikoa erabili ala ez.

3.  Ezarritako prezio publikoa murriztezina izango da, denboraldi bakoitzaren barruan terrazak edozein egun kopurutan ezartzen direla ere.

15. artikulua.

Denboraldi bakoitzeko okupazio-eskubideak, bidezko baimenak jasotzen diren une beren ordainduko dira.

16. artikulua.

Ordenantza honen babesean legez ezarrita egonik, diru-bilketa prozesuaren barruan ordaindu ez diren kuotak, kobraezintzat joko dira indarrean dauden legezko xedapenetan aurreikusten diren kasu eta prozedurari jarraiki.

6. IDAZPURUA

ZEHAPEN ERREGIMENA

17. artikulua.

1.  Udalaren barruan, Alkateari dagokio zehapen espedienteak ireki eta izapideak burutzeko eskumena, bidezkoak izan daitezkeen zehapenak ezartzekoa bezalaxe.

2.  Ordenantza honetan ezarritako aginduak ez betetzeagatiko arau-hausteak honela sailkatzen dira: Arinak, larriak eta oso larriak.

18. artikulua.

1.  Arau-hauste arinen barruak sartuko dira honakoak:

—Terraza, lizentzian aurreikusten den kokaguneaz kanpo ezartzea.

—Terrazak hartzen duen esparrua eta bere eraginpeko eremuak behar bezain txukun ez edukitzea, bai terraza martxan dagoenean, baita egunero jaso ondoren ere.

—Terrazan, auzokideentzako gogaikarriak izan daitezkeen edo ordena publiko nahas dezaketen jarduerak baimentzea.

—Terrazetan musika-ekipoak edo instalazio elektrikoak ezartzea.

—Terraza, eskatutako baimenean adierazten den ordutegiaz edo denboraldiaz kanpo ezarrita edukitzea.

—Eskatutako baimenean adierazten ordutegia edo denboraldia amaitu ostean, mahaiak eta aulkiak lokalaz kanpo edukitzea.

—Ordenantza honetan xedatutako beste edozein arau urratzea, bereziki arau-hauste larri edo oso larri gisa sailkatuta ez badago behintzat.

2.  Arau-hauste larritzat hartuko da urtebeteko epean bi hutsegite arin baino gehiago egitea

3.  Arau-hauste oso larritzat hartuko da:

—Urte berean 3 hutsegite arin edo gehiago egitea.

—Ordenantza honek arautzen duen probetxamendua, bidezko udal lizentziarik gabe erabiltzea.

19. artikulua.

Hurrengo pasartean xedatuko dena alde batera utzirik, honako ordenantza honetan ezarritako aginduen aurkako hutsegiteak, honela zigortu ahal izango dira:

—Arau-hauste arinak: Ohartarazpena eta 300 € arteko isuna.

—Arau-hauste larriak: 600 € arteko isuna.

—Arau-hauste oso larriak: 1.000 € arteko isuna eta terraza denboraldi osorako itxiaraztea.

7. IDAZPURUA

AZKEN XEDAPENAK

Lehena:

Ordenantza hau, bere testu osoa behin betiko onetsi eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik hasi eta hamabost lanegunera jarriko da indarrean. Ordenantza indarrean jartzean, beraz, indargabetuta geratuko dira lerrun berdina edo txikiagoa izanik, bere edukiarekin bateraezinak gertatzen diren edo kontraesanean dauden gainerako xedapen guztiak.

Bigarrena:

Ordenantza honek bereziki indargabetuta uzten du 1999ko abuztuaren 6an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako «Terrazak instalatzeko xedez erabilera publikoko ondasunak ezartzeko Udal Ordenantza eta Tasak» delakoa.

Hirugarrena:

Alkatetza gaituta dago honako ordenantza hau behar bezala interpretatu eta aplikatzeko beharrezkoak gerta daitezkeen agindu eta instrukzio guztiak emateko.