| 249. zenbakia | Data 2003-12-31 | 22912 orria |
Iragarkia
Erregelamenduzko jendaurreko erakusketaren epea inolako erreklamazio edo oharpenik egin gabe irangada, 2003ko azaroaren 12an ospaturiko Ez Ohiko Bilkuran, Udal Batzarrak hartutako hasierako akordioa tinko eta behin betirako onartutzat hartu da, "Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren Ordainarazpenerako Hainbat Ahalmen Arautzen dituen Ordenantza Fiskala" buruzkoa, jarraian aipatzen den modura:
Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ordainarazpenerako hainbat ahalmen arautzen dituen ordenantza fiskala.
I. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Udal honek, uztailaren 5eko 13/1989 Foru Arauaren, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren, 10 eta 11. artikuluek eta Testu Bategina aldatu eta Tokiko Zerga Sistema berritzen duen martxoaren 19ko 4/2003 Foru Arauak aurreikusitako ahalbidearekin, Ordenantza Fiskal honen bidez lege-xedapen horien funtsezko osagaiak aldatzen ditu.
II. JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGAREN GUTXIENEKO KUOTEN PONDERAZIOA.
2. artikulua.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokionez, Foru Aldundiak udalerri honetako zergapeko jarduerentzat finkatu dituen gutxieneko kuotak 1. eranskinean adierazitako koefizientearekin gehituko dira.
3. artikulua.
Udalerrian zerga horrekin zergapetuta dauden jarduerak burutzeko lokalen eta establezimenduen egoera fisikoa ponderatzeko honakoa egingo da: aurreko 2. artikuluaren arabera gehikuntza aplikatutako kuotei 2. eranskineko eskalako adierazleak aplikatuko zaizkie, bide publikoaren kategoriaren arabera.
4. artikulua.
Hurrenez hurren Ordenantza honetako 2. eta 3. artikuluan finkatutako gehikuntza koefizientea eta egoera adierazlea ez zaizkie aplikatuko lurraldeko kuotei, funtsezko kuotei eta Foru Errekarguari.
5. artikulua.
Aurreko 3. artikuluak aipatutako adierazleak aplikatzeko, udalerriko kale, plaza edo auzoak 2. eranskineko kategorien arabera sailkatu dira.
III. ZERGA KUOTA
6. artikulua.
Zerga kuota martxoaren 19ko 4/2003 Foru Arauak eta hori osatu eta garatzen duten xedapenetan jasotakoari jarraiki Zergaren tarifak aplikatzetik aterako da eta, kasua balitz, foru arau horren 11. artikuluan aurreikusitako koefizienteak eta indizea nahiz foru arauetan ezarri, Udal honek erabaki eta Ordenantza Fiskal honetan arautzen diren hobariak aplikatzetik.
IV. SALBUESPENAK
7. artikulua.
1. Honako hauek salbuesten dira zergatik:
a) Estatua, Euskal Autonomia Erkidegoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta udal entitateak, eta, orobat, lurralde administrazio publiko horietako organismo autonomoak nahiz antzeko izaera duten zuzenbide publikoko entitateak.
b) Beren jarduerari ekiten dioten subjektu pasiboak, jarduera garatzen duten lehen bi zergaldietan.
Ondorio horietarako, jarduera batean lehenago beste titularitate batekin aritu bada, jarduerari ez zaiola hasierarik ematen ulertuko da; zirkunstantzia hori betetzen dela joko da, besteak beste, bategiteak, zatiketak edo jarduera adarren ekarpenak egiten direnean.
c) 2.000.000 eurotik beherako eragiketa bolumena duten subjektu pasiboak.
Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunei dagokienez, salbuespena lurralde espainiarrean establezimendu iraunkor bidez jarduten dutenei bakarrik aplikatuko zaie, beti ere euren eragiketa bolumena 2.000.000 eurotik beherakoa bada.
Edozein kasutan ere, salbuespena aplikatu ahal izateko, ondoko hau ezinbestekoa da: letra honetan aipatzen den eragiketa bolumenik betetzen ez duen ezein enpresak ez edukitzea subjektu pasiboen kapitalean, dela zuzenean dela zeharka, 100eko 25etik gorako partaidetzarik, salbu eta enpresa horiek kapital-arriskuko fondo edo sozietateak edo enpresen sustapenerako sozietateak badira, hain zuzen ere, uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoaren 59. eta 60. artikuluetan aipatuak hurrenez hurren, eta partaidetza hori sozietate horien xede soziala betetzeagatik sortzen bada.
Letra honetan jasotzen den salbuespena aplikatzeko, erregela hauek hartuko dira kontuan:
1.- Subjektu pasiboaren eragiketa bolumena maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Ituna onartzekoak, 14. artikuluaren bi apartatuan xedatutakoari jarraiki zehaztuko da.
2.- Errenta Zergaren eta Sozietate Zergaren subjektu pasiboen kasuan, eta Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunen kasuan, eragiketa bolumena zerga honen sortzapena gertatu baino bi zergaldi lehenago lortutakoa izango da, beti ere zerga horiek aitortzeko epea sortzapenaren aurreko urtean amaitu bada.
Sozietate zibiletan eta Zergen Foru Arau Orokorrak 33. aipatzen dituen entitateetan, eragiketa bolumena zerga honen sortzapena gertatu baino bi urte lehenago lortutakoa izango da.
Zergaldia urte naturala baino txikiagoa bada, eragiketa bolumena urtearekin parekatuko da.
3.- Eragiketa bolumena kalkulatzeko, subjektu pasiboak egindako jarduera ekonomiko guztiak hartuko dira kontuan.
Entitatea sozietate talde bateko kide bada Merkataritza Kodeak 42. artikuluan jasotakoaren arabera, lehen esandako magnitudeak talde horretako entitateen multzoari buruzkoak izango dira. Irizpide bera aplikatuko da baldin eta pertsona fisiko bat, dela bere kabuz, dela beste pertsona fisiko batzuekin batera (zuzeneko edo zeharkako ahaidetasun harreman batengatik egon daitezke hari lotuak, harreman hori odolkidetasunezkoa edo ezkontza bidezkoa izan, bigarren mailaraino, hau barne), Merkataritza Kodeak 42. artikuluan aipatutako kasuetako batean aurkitzen bada kide den beste entitate batzuei dagokienez.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotzen diren kasuak, abenduaren 20ko 1815/1991 Errege Dekretuak urteko kontu bateratuak formulatzeko onartutako arauek I. kapituluaren 1. sekzioan ezarritakoak izango dira.
4.- Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunen kasuan, lurralde espainiarrean kokatutako establezimendu iraunkorren multzoari egotzi beharrekoa izango da eragiketa bolumena.
d) Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak eta indarrean dagoen legeriaren arabera eratutako gizarte aurreikuspeneko mutualitateak.
e) Ikerkuntzako organismo publikoak, maila guztietako irakaskuntza zentroak, Estatuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Foru Aldundiaren edo udal entitateen fondoekin nahiz ongintzazkoak edo herri onurakoak izendatutako fundazioen baliabideekin osorik finantzatuak, eta, orobat, irabazi asmorik gabekoak izanik, hezkuntza-itunen erregimenean dauden ikastetxeak, beren maila guztietan, baita euren ikasleei liburu edo artikuluak eman edo mantenu erdia zein barnetegia eskaintzen dizkietenean ere, nahiz eta salbuespenez baino ez, irakasteko erabilitako tailerretan lortutako produktuak establezimenduan bertan saltzen diren, baldin eta salmentaren zenbatekoa, ezein partikular edo hirugarren batentzat erabilgarria izan gabe, soil-soilik lehengaiak erosi edo establezimenduari eusteko erabiltzen bada.
f) Gutxitu fisiko, psikiko eta sentsorialen irabazi asmorik gabeko elkarte eta fundazioak, pertsona minusbaliatuen alde irakaskuntza, hezkuntza, birgaikuntza eta tutoretza mailan egiten dituzten pedagogia, zientzia, laguntza eta enplegu jarduerengatik, baita xede horietara zuzendutako tailerretan lortutako produktuak saltzen badituzte ere, baldin eta salmenta horren zenbatekoa, ezein partikular edo hirugarren batentzat erabilgarria izan gabe, soil-soilik lehengaiak erosi edo establezimenduari eusteko erabiltzen bada.
g) Martxoaren 24ko 5/1995 Foru Arauak, ekimen pribatuari interes orokorreko jardueretan parte hartzeagatik zerga pizgarriak ematekoak, jasotakoaren arabera, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan salbuespenaren zerga onura aitortua duten entitateak.
h) Elkarteen Erregistroan inskribatutako irabazi asmorik gabeko elkarteak, baldin eta udal honekin elkarlanean jarduerak egiten badituzte. Horretarako, udal organo eskudunak herri onurakoak izendatu behar ditu elkarteak.
Salbuespena elkarte horien berezko zeregin diren eta gutxieneko udal kuotarekin zergapetzen diren jarduerei aplikatuko zaie.
i) Salbuespena nazioarteko itun edo hitzarmenen indarrez aplikagarri duten subjektu pasiboak.
2. Artikulu honen 1 apartatuko b), e), f) eta h) letretan jasotzen diren salbuespenek erreguzko izaera izango dute, eta interesatuak eskatuta emango dira, hala badagokio.
V. HOBARIA
8. artikulua.
1. Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek honako hobariak egin ahal izango dituzte:
a) Kooperatiba babestuei, horien elkarte, federazio eta konfederazioei eta eraldaketarako nekazaritza sozietateei, kuotaren % 25, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauak jasotakoaren arabera.
b) Kuotaren % 25eko hobaria, jarduera garatu den bigarren zergaldia amaitu ondorengo lehen bost urteetan, edozein jarduera ekonomiko hasi eta gutxieneko udal kuota ordaintzen dutenentzat.
Hobaria aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da jarduera ekonomikoan lehenago beste titularitate batekin aritu ez izana. Jarduera ekonomikoan lehenago beste titularitate batekin aritu dela ulertuko da, besteak beste, bategiteak, zatiketak edo jarduera adarren ekarpenak egiten direnean.
Hobaria aplikatzeko epea ordenantza honetako 7. artikuluaren 1 apartatuko b) letran jasotzen den salbuespena amaitu eta bost urte igaro ondoren iraungiko da.
2 Aurreko 1 apartatuko b) letran aurreikusten den hobaria zerga kuotari aplikatuko zaio beti, eta kuota hori ondoko hauek osatuko dute: tarifaren kuotak eta, hala badagokio, 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak 11. artikuluan jasotako koefizienteak eta indizea aplikatzeagatik aldatutakoak. Aurreko 1 apartatuko a) letran aipatu den hobaria aplikagarri gertatzen bada, aurreko apartatuko b) letrako hobaria aurreko 1 apartatuko a) letran aipatutako hobaria aplikatzetik ateratzen den kuotari aplikatuko zaio.
VI. KUDEAKETA ARAUAK
9. artikulua.
1.- Zerga hori kudeatu, likidatu, bildu eta ikuskatzeko ahalmenak Gipuzkoako Foru Aldundiari delegatu ahal izango zaizkio, Udalbatzak erabakitzen duen baldintza, eduki eta irismenarekin. Horretarako, hitzarmena egingo da eta sinatuko da indarrean jarriko den urtea hasi aurretik.
2.- Erabaki eta hitzarmen horiek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, formalizatu eta hurrengo sei hilekoan. Halaber, Aldizkari Ofizial horretan emango da argitara hitzarmen horien salaketa.
3.- Nolanahi ere, artikulu honen 1 apartatuan xedatutakoaz haratago, Foru Aldundiari dagozkio lurraldeko kuotak eta kuota bereziak kudeatu, likidatu, bildu eta ikuskatzeko ahalmenak.
VII. AZKEN XEDAPENA
Hitzez hitz jasotako Ordenantza Fiskal hau (eta ordenantza horren osagai diren 1. eta 2. eranskinetan jasotako koefiziente, indize eta bide publikoen kategoriak) Udalbatzak onartu zuen 1. eranskinean adierazitako egunean egindako bilkuran, eta indarrean jarriko da 2004ko urtarrilaren 1ean. Halaber, indarrean jarraituko du araubideak agintzen duen eran aldatu edo eta indarrik gabe utzi arte.
VIII. XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditzen da 1991ko azaroaren 24an behin betiko onartu zen Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren ordainarazpenerako hainbat ahalmen arautzeko Ordenantza Fiskala.
1. ERANSKINA
Bilkuraren data: 2003ko azaroaren 12an.
Finkatutako gutxieneko kuotak gehitzeko koefiziente bakarra: 1,438.
2. ERANSKINA
Udalerriko bide publikoen sailkapena:
Kategoria Kodea
Bide guztiak 1
Guzti hau denen jakinerako eta aipatu aginduan aurrikuaurrikusitako gainerako eraginetara ematen da argitara, Gipuzkoako Ogasun Lokalen erregulatzailea den uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araueko 16,4 artikuluan xedatutakoa betez.
Aipatu Foru Araueko 18,1 artikuluan xedatutakoaren arauera, adierazi den akordioaren aurka interesatuek badute errekurtso kontentzioso-administratiboa tartejartzerik, Euskal Herriko Justiziako Auzitegi Goreneko dagokion salaren aurrean, bi hilabetetako epean, iragarki hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo lanegunetik aurrera zenbatuta.
Halaber, eta aipatu aginduak baimen bezala, interesatu horiek, nahibadako izaeraz eta bide kontentzioso-administratiboaren aldez aurretik, errekurtso bat tarteratu ahal izango dute Gipuzkoako Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren aurrean, hilabeteko epean, aipatu akordioa eta Ordenantza Fiskala, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
Getarian, 2003ko abenduaren 26a.— Alkateak.
(13258)