Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

174. zenbakia Data 2003-09-15 16577 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

GFA -DIPUTATU NAGUSIA
Irailaren 2ko 88/2993 Foru Dekretua, e-Gipuzkoa 2005 programa arautzeko oinarriak onesten dituena: e-udalak Gipuzkoako Administrazio Digitala garatzeko laguntzak.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

2003ko irailaren 2ko 88/03 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Lurralde Historikoko udaletako eta tokiko beste erakundeetako administrazio digitalaren garapenean laguntzeko e-gipuzkoa 2005: e-udalak programaren oinarri arautzaileak onartzen dituena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoa Informazioaren Gizartean ekimena bultzatzeko asmotan, bere helburuen artean aintzat hartzen du informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien –IKTB– garapena, ezarpena eta erabilera sustatzea Gipuzkoako gizartearen baitan eta gure lurralde historikoko herri administrazioen zerbitzuetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien erabilera herri mailara zabaldu behar dela, administrazioen, herritarren eta enpresen artean komunikazio tresna bat sortzeko, eta, era berean, Gipuzkoako Lurralde Historikoan informazioaren gizartearen garapena bultzatzeko.

Xede horrekin, e-Gipuzkoa 2005 planak «zerbitzu publikoak sarean» izeneko bere 4. helburuan hainbat jarduketa aurreikusten ditu Gipuzkoako udalek informazio publikoa eta zerbitzu elkarreragileak sarean eman ditzaten. Aurreko ekitaldian, 28/02 Foru Dekretuak (2002ko maiatzaren 31ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala) Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalen eta tokiko beste erakundeen web atariak sortu eta/edo berritzeko zenbait laguntza ezartzen zituen. Ekitaldi honetan beste aukera bat ematen zaie laguntza horiek eskuratu ez zituzten udalei, eta beste urrats bat eginez, datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa egokitzeko laguntzak ezartzen dira.

Gipuzkoako udalerrien batez besteko tamaina txikia eta administrazio digitalak herritarrekiko harreman eta kudeaketa erari ekarriko dion aldaketa sakona dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, foru dekretu honetan azaltzen diren neurriak osatuz, ekimen bat abiaraziko du udalek emandako zerbitzu publiko eta administrazio tramite nagusiak ikertzeko, baita horien garrantzi erlatiboa, horien digitalizazioaren bideragarritasuna, horien lehentasuna eta abar ere. Ekimen horrekin hainbat tresna garatu nahi dira udalerri txikienek digitalizazio prozesuan azkarrago egin dezaten aurrera.

Horiek horrela, Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako foru diputatuak proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu ondoren,

XEDATU DUT

1. artikulua.Gaia.

Foru dekretu honen helburua da Gipuzkoako Lurralde Historikoko udaletan eta tokiko beste erakundeetan administrazio digitala garatzeko programaren oinarri arautzaileak onartzea.

2. artikulua.Deialdia.

2.1.  Foru Dekretu honen kontura emango diren diru laguntzak deialdi irekiaren bidez emango dira urtero, eta bertan finkatuko da programarako baimendutako gastua.

2.2.  2003. ekitaldiko deialdi irekia oinarri arautzaile hauetako I. eranskinean zehazten da.

3. artikulua.  Onuradunak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen onuradun izango dira, programa honen xedeak betetzeko jarduketa egokiak bultzatzen badituzte:

—Udalak.

—Mankomunitateak.

—Tokiko beste erakundeak.

4. artikulua.  Diru laguntzak honako ekintza hauek jasoko dituzte:

4.1.  Diru laguntzak jasoko dituzte administrazio digitalaren garapena helburu izanda, foru dekretu honen 3. artikuluan zehazten diren erakundeek garatzen dituzten ekintzek.

4.2.  Ekitaldi bakoitzean, diru laguntzak jasoko dituzten ekintzak ekitaldi horri dagokion urteko deialdi irekian zehaztuko dira.

4.3.  Foru dekretu honetako laguntzen onuradun diren erakundeekin inolako lotura juridiko nahiz ekonomikorik ez duten enpresek edo erakundeek egingo dituzte lanak.

5. artikulua.Proiektuak hautatzeko irizpideak.

Diru laguntzak zein eskatzaileri emango zaizkion eta zenbatekoak izango diren erabakitzeko, honako irizpideak jarraituko dira:

—Udalen eskaerei mankomunitateenei baino lehenago erantzungo zaie, eta azken hauei tokiko beste erakundeenei baino lehenago.

—Biztanle kopuru txikiko udalen, mankomunitateen eta tokiko beste erakundeen eskaerei biztanle kopuru handiagokoenei baino lehenago erantzungo zaie.

6. artikulua.Proiektua erabakitzeko organo eskudunak.

Diru laguntzen zenbatekoaren arabera prozedura erabakitzeko organo eskudunak izango dira Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzko 3/1984 foru dekretuan adierazitakoak.

7. artikulua.Prozedura eta erabakitzeko epea.

7.1.  Foru dekretu honen kontura emandako diru laguntzak diru laguntza iltzulezinak dira, lehiakortasun erregimenean eman beharrekoak.

7.2.  Organo eskudunaren erabakiaren aurretik, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia Berrien Sustapen Zerbitzuak balioztatuko ditu eskaerak.

7.3.  Gehienez ere hiru hilabeteren buruan ez bada berariazko ebazpenik eman, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, hori baita 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 42.3 artikuluan ezarritako epea.

8. artikulua.  Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

8.1.  Eskaeretan gutxienez ondorengo dokumentuak aurkeztu behar dira:

—Diru laguntza eskatzen deneko lekuaren azalpen txostena.

—Proiektuaren memoria eta kostuen aurrekontu zehatza.

—Eskaera egin duen erakundeko lehendakariaren aitorpen erantzulea, helburu berbererako laguntza publikorik eskatu edo jaso ote duen azalduz.

8.2.  Aurkeztutako proiektuak zuzen baloratzeko eta horien ebazpena emateko behar duen informazio guztia eskatu ahal izango dio Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuak edozein eskatzaileri. 10 eguneko epean informazio hori ematen ez badu, eskatzaileak eskaera bertan behera utzi duela joko da, eta besterik gabe artxibatuko da, 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 71. artikuluan aurreikusi bezala.

9. artikulua.  Eskaerak aurkezteko tokia.

9.1.  Zortzigarren artikuluan adierazitako dokumen-
tazioa 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio
Jardunbidearenak, 45-2 artikuluan xedatutako moduan aurkeztea gomendatzen dugu, programaren web orriaren
bitartez: www.gipuzkoa.net/bjg/eudalak euskaraz edo www.gipuzkoa.net/isc/eudalak erdaraz.

9.2.  Eskaerak Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuko Erregistroan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Erregistro Osagarrian edo 1992ko azaroaren 26ko 30/92 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan ere aurkez daitezke.

10. artikulua.  Diru laguntzak ordaintzea.

Oro har, diru laguntzak lanak bukatzean ordainduko dira. Lanak egiaztatzeko horien azalpen tekniko eta ekonomikoa eta egindako inbertsio osoa egiaztatzen duten ordainagiriak aurkeztu behar dira. Fakturak, Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuko idazkari teknikoak egiaztatu eta zigilatu ondoren, erakunde jasotzaileari itzuliko zaizkio. Ez da onartuko beste egiaztatze modurik.

11. artikulua. Proiektuak egiaztatzea.

Diruz lagundutako proiektuak urteroko deialdian adierazitako epean amaitu beharko dira, eta handik aurrera, emandako diru laguntzaren aurrekontu izendapena kontabilitatetik kendu ahal izango da.

12. artikulua.Kontrola.

12.1.  Diru laguntzaren onuradunak behartuta daude eskatzen zaizkien dokumentuak esandako epean erakustera eta laguntza hartu duen jarduketa zuzen gauzatuko dela bermatzeko egiaztapenak egiteko erraztasunak ematera.

12.2.  Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuak ahalmena du emandako diru laguntzak behar bezala erabiltzen direla eta foru dekretu honetan ezarritako gainerako baldintzak ere betetzen direla egiaztatzeko egoki deritzen jarduketak egiteko.

12.3.  Foru dekretu honetan eta gainerako araudi aplikagarrietan ezarritako edozein betebehar ez badu betetzen, onuradunak diru laguntza hartzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da, eta hartutako dirua itzuli egin beharko du, zuzenbide publikoko diru sarrera gisa. Gainera, legezko erantzukizunak eskatuko zaizkio.

12.4.  Foru dekretu honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira beste laguntza batzuekin, baldin eta bien baturak ez badu lagundutako proiektuaren benetako kostua gainditzen. Erakunde onuradunek, eskaerarekin batera, eta egin litezkeen ordainketen aurretik, aitorpen erantzule bat aurkeztu beharko dute helburu berbererako bestelako laguntza publikorik eskatu edo jaso ote duen esanez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzarako eta Jakintza Gizarterako Departamentua gai horri buruz jakinaren gainean edukitzeko konpromisoa hartzen duela adieraziz. Halaber, proiektuaren kostuaren gainetik jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte eta zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira.

12.5.  Diru laguntzak itzuli behar izanez gero, honako foru agindu hau hartuko da jarraibidetzat: Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren 1994ko maiatzaren l9ko 327/1994 Foru Agindua, subentzioak eta laguntzak emateko prozedurari aplikagarri zaion erregimen orokorra arautzeari buruzko 1993ko apirilaren 6ko 27/1993 Foru Dekretua garatzen duena.

13. artikulua.Beste eskakizun batzuk.

13.1.  Programa honen kontura finantzaketa duten proiektuetan dagoen informazioak diskriminazio ezaren eta irisgarritasunaren irizpide orokorrak bete beharko ditu (WAI protokoloaren gomendioak) eta bere hizkuntz trataera elebiduna izango da gutxienez: Euskara-gaztelania.

13.2.  Foru dekretu honen onuradun diren erakundeek www.gipuzkoa.net orriarekiko lotura duen ikonoa jarri behar dute beren web korporatiboaren etxeko orrian.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena.  Dekretuaren garapena.

Eskumena ematen zaio Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuko foru diputatuari foru dekretu hau interpretatu eta zuzen ezartzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bigarrena.  Indarrean jartzea.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Donostia, 2003ko irailaren 2a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.

BERRIKUNTZARAKO ETA JAKINTZAREN GIZARTERAKO
D
EPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Joaquín Villa Martínez. (9496)

I. ERANSKINA

e-Gipuzkoa 2005: e-udalak programaren laguntzen deialdia Gipuzkoako Lurralde Historikoko udaletan eta tokiko beste erakundeetan administrazio digitala garatzeko.

1. artikulua.  Aurrekontuetako partida.

1.1.  Gipuzkoako Lurralde Historikoko udaletan eta tokiko beste erakundeetan administrazio digitala garatzeko foru dekretu honen diru-hornidura osoa 233.560 eurokoa da, eta Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuaren aurrekontuko sail hauetatik ordainduko dira:

1.0220.200.461.01.00.2003.

1.0220.200.461.02.00.2003.

1.2.  Hasieran deialdi honetara bideratutako diru kopuruak aldatu ahal izango dira, betiere aurrekontu baliabideak ikusita eta kredituen lotespen eta transferentziari buruzko arautegiaren arabera, eta dagozkien aurrekontu sailei egotziko zaizkie.

2. artikulua.  Laguntza motak.

2.1.  Aurreikusitako laguntzak ondorengo kasuak finantzatzeko erabiliko diren diru laguntza itzulezinak izango dira:

—Web korporatiboa sortzea. Laguntza mota hau 2002ko maiatzaren 21eko 28/2002 Foru Dekretuan ezarritako laguntzak jaso ez zituzten erakundeek baino ezingo dute jaso; foru dekretu horretan Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalei eta tokiko beste erakundeei web atariak sortu eta/edo berritzeko diru laguntzak ematea onartu zen.

—Datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakora egokitzeko lanak.

2.2.  Web orrien edukiek ondorengoa aipatu beharko dute:

—Erakundeak emandako zerbitzu publikoei buruzko informazioa, araudiak, horiek arautzen dituzten ordenantzak, zerbitzu gidak eta horiekin lotutako beste hainbat informazio juridiko-administratibo.

—Formulario digitalak.

—Zerbitzu publikoko informazioa erakundearen antolaketari buruz, organoak, funtzionamendua, aktak, bulegoak, argitalpenak, ordutegiak, zerbitzu gutunak eta horiekin lotutako beste hainbat informazio.

—Herritarraren intereseko beste hainbat udal informazio.

2.3.  Datu pertsonalak babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakora egokitzeko lanak. Aipatutako lanek segurtasun pertsonaleko dokumentu bat eduki behar dute gutxienez eta bukaeran informazio sistemen kontu-ikuskapen bat egin behar dute datu segurtasunari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela ziurtatzeko.

3. artikulua.  Proiektuen hasierako data.

Diru laguntza emango zaien proiektuak 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiak behar dute izan.

4. artikulua.  Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko azken eguna 2003ko urriaren 31 da.

5. artikulua.  Proiektuak egiaztatzeko epea.

Proiektuak egiaztatzeko azken eguna 2004ko urriaren 31 izango da.

6. artikulua.  Diru laguntzen kopurua.

Diru laguntzen portzentaia azkenik erabakitzeko, foru dekretu honen 5. artikuluan azaldutako irizpideak erabiliko dira, baina segidan adierazten diren portzentaia eta zenbatekoak gehienekotzat jota:

·  Web korporatiboa sortzea.

—Bost mila biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %75, eta gehienez ere 3.000 euro.

—Bost mila eta hogei mila biztanle arteko udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %65, eta gehienez ere 4.500 euro.

—Hogei mila eta bat eta berrogeita hamar mila biztanle arteko udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %50, eta gehienez ere 6.000 euro.

—Berrogeita hamar mila biztanle baino gehiago dituzten udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %35, eta gehienez ere 7.500 euro.

—Ehun mila biztanle baino gehiago dituzten udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %20, eta gehienez ere 9.000 euro.

—Tokiko beste erakundeak: Egindako inbertsioaren %75, eta gehienez ere 3.000 euro.

·  Fitxategi pertsonalak datu pertsonalak babesteko 5/1999 Lege Organikoan ezarritakora egokitzeko lanak.

—Bost mila biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %75, eta gehienez ere 1.500 euro.

—Bost mila eta hogei mila biztanle arteko udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %65, eta gehienez ere 2.250 euro.

—Hogei mila eta bat eta berrogeita hamar biztanle arteko udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %50, eta gehienez ere 3.000 euro.

—Berrogeita hamar mila biztanle baino gehiago dituzten udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %35, eta gehienez ere 3.750 euro.

—Ehun mila biztanle baino gehiago dituzten udalerrietako udaletxeak: Egindako inbertsioaren %20, eta gehienez ere 4.500 euro.

—Tokiko beste erakundeak: Egindako inbertsioaren %75, eta gehienez ere 1.500 euro.