| 125. zenbakia | Data 2003-07-03 | 13194 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2003ko ekainaren 30eko 33/03 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak erabakitzekoa eta haien eginkizunak eta jarduera esparruak finkatzekoa.
Diputatu nagusiak Batzar Nagusien aurrean aurkeztutako Gobernu Programa eraginkortasunez aurrera eramango baldin bada, foru diputatuak izendatu eta egiturazko aldaketak egin aurretik, Foru Aldundiko departamentuak erabaki eta haien eginkizunak eta jarduera esparruak finkatzea komeni da.
Horregatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketari buruzko Foru Arauak 20.1 artikuluan eta maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 7, 17.1, 17.3 eta 17.4 artikuluetan diputatu nagusiari ematen dizkioten eskumenak kontuan harturik,
XEDATU DUT
1. artikulua. Xedea.
Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak eta haien eginkizunak eta jarduera esparruak foru dekretu honetan erabaki eta finkatzen direnak dira.
2. artikulua. Departamentuak.
Gipuzkoako Foru Aldundia departamentu hauetan antolatuko da:
1. Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentua.
2. Foru Administrazioaren Kalitaterako Departamentua.
3. Bide Azpiegituretarako Departamentua.
4. Garapen Eramangarrirako Departamentua.
5. Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentua.
6. Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentua.
7. Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentua.
8. Gizarte Politikarako Departamentua.
9. Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentua.
10. Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentua.
3. artikulua. Departamentuen hurrenkera.
Departamentuen hurrenkera aurreko artikuluan erabakitakoa izango da.
4. artikulua. Diputatu nagusia.
Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketari buruzko Foru Arauak, Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzko Foru Arauak eta gainerako xedapenek ematen dizkioten eskumenetan jarduteko, diputatu nagusiak bere Kabinetearen laguntza izango du.
Gainera, Diputatu Nagusiaren alorra sendotu egingo da, egoki bete ahal izan ditzan foru gobernuburu legez bete behar dituen gidaritza eta koordinazio eginkizunak eta politika orokorrak eta helburuak ezartzeko eginkizunak. Helburu horrekin Komunikazio eta Prospekzio Zuzendaritza Nagusi berria sortzen da. Orobat, diputatu nagusiaren ardurapean egongo dira Kultura alorreko eginkizunak eta eskumenak.
5. artikulua. Esparruen banaketa.
1984ko maiatzaren 30eko 3/84 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, diputatu nagusiari eta Diputatuen Kontseiluari ematen dizkien eskumenak baztertu gabe, eta diputatu nagusiordeei eman dakizkiekeenak baztertu gabe, 2. artikuluan aipatutako departamentuek ondorengo artikuluetan azaltzen diren jarduera esparruetan beteko dituzte beren eginkizunak, foru diputatu titularraren zuzendaritzapean.
6. artikulua. Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentua.
1. Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:
a) Jakintzaren gizartea
b) Berrikuntza teknologikoa
c) Ekonomiaren sustapena eta garapena.
d) Ekonomiako ikerketa, estatistika eta metodoak. Ekonomiaren egoera eta aurreikuspena.
e) eGipuzkoa 2005 Aurrekontu Berezia eta informazioaren gizartea.
f) Turismoa.
g) Araudi aplikagarrian esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuari atxikitzen zaizkio informatika Zerbitzuen Foru Elkartea (IZFE SA) sozietatearekiko harremanak, eta sozietate horretako lehendakari izango da Berrikuntzarako eta Jakintzaren Gizarterako Departamentuko titularra.
7. artikulua. Foru Administrazioaren Kalitaterako Departamentua.
1. Foru Administrazioaren Kalitaterako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio eta bertako foru diputatua Diputatuen Kontseiluko idazkaria izango:
a) Diputatuen Kontseiluko Idazkaritza
b) Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
c) Argitalpenak.
d) Funtzio publikoa, antolakuntza eta informazio sistemak, langileen araubide juridikoa eta lansariak. Toki Administrazioko gaikuntza estataleko funtzionarioak.
e) Ibilgailu parkea.
f) Babes zibila eta suhiltzailetza.
g) Departamentu guztientzako zerbitzuak.
h) Udalei behar den aholkularitza ematea d) paragrafoan adierazitako gaietan.
i) Kalitate politikak lantzea administrazioan, antolakuntzan eta sistemetan.
j) Foru Aldundiaren nahiz haren organoen aholkularitza juridikoa eta auzietarako ordezkaritza eta defentsa
k) Departamentuak koordinatzea, arau egutegia egitearren.
l) Araudi aplikagarrian esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Foru Administrazioaren Kalitaterako Departamentuari atxikitzen zaio Foru eta Toki Administrazioko Funtzionarioen Osasun Laguntza Zerbitzua.
8. artikulua Bide Azpiegituretarako Departamentua.
1. Bide Azpiegituretarako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:
a) Errepide sarearen plangintza.
b) Lurraldeko errepide sarearen eraikuntza, artapena eta ustiapena.
c) Araudi aplikagarrian esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Bide Azpiegituretarako Departamentuari atxikitzen zaizkio «Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia-Agencia Guipuzcoana de Infraestructuras, S.A.» sozietatearekiko harremanak.
9. artikulua. Garapen Eramangarrirako Departamentua.
Garapen Eramangarrirako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:
a) Baliabide hidraulikoak ustiatu eta ur emariak kontrolatzea.
b) Lurraldeko ur hornidurako eta saneamenduko plan orokorra.
c) Ingurumeneko kalitatea eta garapen eramangarria
(21 Agenda), ingurumenaren antolamendua eta babesa, eta ingurumeneko eragina.
d) Hondakin solidoak kudeatzeko plana.
e) Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak.
f) Araudi aplikagarrian esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
10. artikulua. Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentua.
1. Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:
a) Lurralde antolaketa.
b) Hirigintzako plangintza sustatu eta gainbegiratzea.
c) Lurralde sustapena
d) Lurzorua kudeatzea.
e) Garraioak eta plangintza.
f) Foru Aldundiak erabilera administratiborako dituen bere eraikinak egin, artatu eta birgaitzea.
g) Ondare higiezinaren kudeaketa teknikoa.
h) Lurralde informazioa.
i) Lurraldeari buruzko hausnarketa estrategikoa.
j) Araudian jasotzen diren gainerako eskumenak.
2. Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentuko foru diputatuak beteko ditu foru gobernuaren eledun eginkizunak.
11. artikulua. Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentua
Fiskalitaterako eta Finantzetarako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:
a) Zerga administrazioa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboak.
b) Ekonomia Ituna, Estatuarentzako Kupoa, eta Autonomia Erkidegoarentzako eta udalentzako ekarpenak.
c) Eskumen edota zerbitzu transferituak baloratzea.
d) Europako funtsen kudeaketa.
e) Gipuzkoako Aurrekontu Orokorrak prestatzea, kudeaketa orokorra bideratzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.
f) Kontuhartzailetza, auditoretza eta kontabilitatea.
g) Diruzaintza, zorpetzea, bermeak ematea eta entitate finantzarioekiko harremana.
h) Udal entitateen eta udalez gaindiko entitateen tutela eta aholku finantzarioak.
i) Araudian jasotzen diren gainerako eskumenak.
12. artikulua. Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentua.
Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:
a) Enplegu politika aktiboak.
b) Gazteria eta garapen komunitarioa.
c) Gazte egoitzak eta aterpetxeak.
d) Komunitate ekintza eta gizarteratzea.
e) Bazterketa
f) Baztertutako haur eta gazteak
g) Hirugarren mundurako Lankidetza Fondoa.
h) Berdintasun politika.
i) Giza eskubideen politika.
j) Immigrazioa.
k) Gobernuz kanpoko erakundeak
l) Araudi aplikagarrian esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
13. artikulua. Gizarte Politikarako Departamentua.
1. Gizarte Politikarako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:
a) Hirugarren adinarentzako asistentzia.
b) Gizarte zerbitzu komunitarioak.
c) Asistentzia zentroak, Aldundiarenak nahiz hitzartutakoak.
d) Ezintasunak
e) Araudi aplikagarrian esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
2. Gizarte Politikarako Departamentuari atxikitzen zaio Uliazpi Fundazioa, Gipuzkoako atzeratu sakonei laguntzeko den Foru Erakunde Autonomo Administratiboa.
14. artikulua. Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentua.
Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:
a) Nekazaritza sustatzea eta antolatzea.
b) Abeltzaintza eta mendiak.
c) Baso baliabideak antolatzea eta hobetzea.
d) Izadizaintza.
e) Ehiza eta arrantza aberastasuna babestu, zaindu eta sustatzea.
f) Hondartzak garbitzea.
g) Araudi aplikagarrian esleitzen zaizkion gainerako eskumenak.
15. artikulua. Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentua.
Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuari eginkizun eta jarduera esparru hauek dagozkio:
a) Eurohiria kudeatzea.
c) Erakunde harremanak.
c) Eskolako kirola eta guztiontzako kirola.
d) Kirol ekipamenduaren sustapena eta arrazionalizazioa.
e) Lurraldeko federazioak eta kirol elkarteak.
f) Euskararen normalizazioa eta erabilera gizartean eta foru administrazioan lantzeko politika.
g) Araudi aplikagarrian esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Departamentu bakoitzeko foru diputatuari dagokio, indarrean diren arauak kontuan izanik, bere departamentuari atxikita dauden edo atxiki dakizkiokeen foru erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko foru erakunde publikoak eta foru sozietate publikoak zuzentzea.
AMAIERAKO LEHENENGO XEDAPENA
Foru dekretu hau indarrean jartzen den egunetik hasita gehienez ere sei hilabeteko epean, foru diputatuek beren departamentuetako egituraren erregelamendu proiektuak aurkeztuko dituzte onartuak izan daitezen, horiek beti ere foru dekretu honetan xedatutakoari egokiturik.
AMAIERAKO BIGARREN XEDAPENA
Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.
Donostia, 2003ko ekainaren 30a.
DIPUTATU NAGUSIA,
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda.
(7469)