Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

97. zenbakia Data 2003-05-26 9817 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

ALDUNDIA - OGASUNA ETA FINANTZAK
Maiatzaren 19ko 533/2003 Foru Agindua, 842 eredua onartzen duena.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA

Maiatzaren 19ko 533/2003 FORU AGINDUA, eragiketa bolumenaren zenbatekoa Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan jakinarazteko 842 eredua onartzen duena.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratuak, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onartuak, 5.1.c) artikuluan ezartzen duenez -martxoaren 19ko 4/2003 Foru Arauak, toki entitateen zerga sistema aldatzekoak, emandako idazkeraren arabera-, 2 milioi eurotik beherako eragiketa bolumena duten subjektu pasiboak zerga hori ordaintzetik salbuetsita geratzen dira.

Artikulu horretan xedatutakoaren indarrez, zerga honen subjektu pasiboak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunak, Sozietateen gaineko Zergaren zergadunak, sozietate zibilak eta Zergen Foru Arau Orokorraren 33. artikuluko entitateak badira, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergatik salbuetsita daude haien eragiketa bolumena 2 milioi eurotik beherakoa denean.

Bestalde, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren subjektu pasiboak Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunak badira eta lurralde espainiarrean establezimendu iraunkor bidez jarduten badute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergatik salbuetsiko dira euren eragiketa bolumena 2.000.000 eurotik beherakoa denean.

Edozein kasutan ere, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratuko 5.1.c) artikuluan jasotzen den salbuespena aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa da ondoko beharkizuna betetzea: Eragiketa bolumenari buruz letra horretan aipatzen den baldintza betetzen ez duen ezein enpresak ez edukitzea subjektu pasiboen kapitalean, dela zuzenean dela zeharka, 100eko 25etik gorako partaidetzarik. Alabaina, enpresa horiek Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1995 Foru Arauak 59. eta 60. artikuluetan aipatutakoak badira (kapital-arriskuko fondo edo sozietateak edo enpresen sustapenerako sozietateak hurrenez hurren), subjektu pasiboak salbuetsita egongo dira baldin eta partaidetza hori sozietate horien xede soziala betetzearen ondorio bada.

Salbuespen hori aplikatzearen ondorioetarako, 4/2003 Foru Arauak honako hau ezarri du testu bateratuari gehitutako 14 bis artikulu berria dela medio: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek ez badute zerga horien aitorpenik Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkezten, komunikazio bat helarazi beharko diote Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kudeatzen duen organo eskudunari eta bertan adierazita utzi esandako letrak salbuespena aplikatzeko ezartzen dituen baldintzak betetzen dituztela.

Bereziki, subjektu pasibo horiek eragiketa bolumena jakinarazi beharko dute, eta, gainera, obligazio hori sozietate zibiletako eta Zergen Foru Arau Orokorrak 33. artikuluan aipatzen dituen entitateetako bazkide, oinordeko, komunero edo partaideei ere aplikatuko zaie.

Era berean, eragiketa bolumenean aldaketak gertatzen badira, subjektu pasiboek horien berri eman beharko dute haiek dakarten ondorioa Zergaren testu bateratuko 5.1.c) artikuluan aurreikusitako salbuespena aplikatzea edo ez aplikatzea denean, edota, testu bateratu horretako 11.1 artikuluan aipatzen den ponderazio koefizientea aplikatzeko kontuan hartu behar den tartea aldatzea dakartenean.

Ondorio horietarako, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratuko 14 bis artikuluak eta 4/2003 Foru Arauaren amaierako bigarren xedapenak ezarrita utzi dute Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak erabakiko duela zein izango den komunikazio horren edukia, nola eta zein epetan aurkeztu beharko den, bi telematikoz zein kasutan aurkeztu ahal izango den eta aurkezpena noiz ez den beharrezkoa izango.

Horiek horrela, honako hau,

XEDATU DUT

1. artikulua.  842 eredua onartzea.

Onarturik geratzen da subjektu pasiboaren eragiketa bolumena jakinarazteko erabiliko den 842 eredua, foru agindu honetan eranskin gisa ageri dena, eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratuko 5.1.c) artikuluan jasotzen den salbuespena aplikatzeko bete beharrekoa dena.

Eragiketa bolumena jakinarazteko ereduak bi ale ditu: Administrazioarena bata eta interesatuarena bestea.

2. artikulua.  842 eredua aurkeztera behartuak.

Bat.  Ondoko hauek daude 842 eredua aurkeztera behartuta: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren subjektu pasiboak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errenta Zergaren zergadunak direnean eta zerga horien aitorpenak Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkezten ez dituztenean.

Bi.  Sozietate zibilen kasuan edo Zergen Foru Arau Orokorrak 33. artikuluan aipatzen dituen entitateak direnean, 842 eredua aurkezteko obligazioa sozietate zibiletako eta entitate horietako bazkide, oinordeko, komunero eta partaideei aplikatuko zaie.

Dena den, sozietate zibilek eta Zergen Foru Arau Orokorraren 33. artikuluko entitateek ez dute 842 eredua aurkezteko obligaziorik izango euren eragiketa bolumena Gipuzkoan aurkeztutako beste aitorpen batean adierazi dutenean.

Hiru.  Merkataritza Kodearen 42. artikuluari jarraiki eratutako sozietate taldeen kasuan, eragiketa bolumena entitate nagusiek jakinarazi beharko dute. Alabaina, 842 eredua betetzean taldeko entitate guztien identifikazio fiskaleko zenbakia zerrendatuko dute.

3. artikulua.  842 eredua aurkezteko tokia eta epea.

Bat.  842 eredua Udal Zergak Kudeatzeko Zerbitzuan aurkeztu ahal izango da –Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Atalean–, edo, bestela, Ogasun eta Finantza Departamentuko zerga bulegoetan.

Bi.  842 eredua aurkezteko epea komunikazio horrek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ondorioak izan behar dituen ekitaldiko urtarrilaren 1ean hasi eta otsailaren 14an amaituko da.

4. artikulua.  Subjektu pasiboaren eragiketa bolumena zehaztea.

Bat.  Subjektu pasiboaren eragiketa bolumena Euskal Autonomia Erkidegoarekin hitzartutako Ekonomia Itunak 14.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki zehaztuko da.

Bi.  Errenta Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboen kasuan, eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunen kasuan, eragiketa bolumena bi urte lehenagokoa izango da, hau da, zerga horiek aitortzeko epea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren sortzapena gertatu aurreko urtean amaitzen den zergaldiari dagokiona.

Sozietate zibiletan eta Zergen Foru Arau Orokorrak 33. aipatzen dituen entitateetan, eragiketa bolumena Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren sortzapena gertatu baino bi urte lehenagokoa izango da.

Zergaldia urte naturala baino txikiagoa bada, eragiketa bolumena urtearekin parekatuko da.

Hiru.  Eragiketa bolumena kalkulatzeko, subjektu pasiboak egindako jarduera ekonomiko guztiak hartuko dira kontuan.

Entitatea sozietate talde bateko kide bada Merkataritza Kodeak 42. artikuluan jasotakoaren arabera, lehen esandako magnitudeak talde horretako entitateen multzoari buruzkoak izango dira. Irizpide bera aplikatuko da baldin eta pertsona fisiko bat, dela bere kabuz, dela beste pertsona fisiko batzuekin batera (zuzeneko edo zeharkako ahaidetasun harreman batengatik egon daitezke hari lotuak, harreman hori odolkidetasunezkoa edo ezkontza bidezkoa izan, bigarren mailaraino, hau barne), Merkataritza Kodeak 42. artikuluan aipatutako kasuetako batean aurkitzen bada kide den beste entitate batzuei dagokienez.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotzen diren kasuak, abenduaren 20ko 1.815/1991 Errege Dekretuak urteko kontu bateratuak formulatzeko onartutako arauek I. kapituluaren 1. sekzioan ezarritakoak izango dira.

Lau.  Subjektu pasiboak Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunak direnean, lurralde espainiarrean kokatutako establezimendu iraunkorren multzoari egotzi beharrekoa izango da eragiketa bolumena.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratuak 5.1.c) artikuluan jasotzen duen salbuespena 2003. urteari dagokionez aplikatzeko, 842 eredua 2003ko ekainaren 25a arte aurkeztu ahal izango da.

AMAIERAKO XEDAPENA

Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2003ko maiatzaren 19a.—Antton Marquet Artola, Ogasun eta Finantza Departamentuko Foru Diputatua.

(5542) (5702)

ERANSKINA