| 79. zenbakia | Data 2003-04-29 | 7987 orria |
ZUMAIAKO UDALA
Iragarkia
Zumaiako Udal Batzak 2002ko urriak 31ko dataz egindako ohizko bileran hasierako izaeraz onartu zuen, Zumaiako Udaleko Udal Hilerriaren erregimen eta funtzionamendurako araudia. Horren aurrean inolako murtzilo edo iradokizunik aurkeztu ez denez, behin betiko onartutzat geratu da, eta hori jendaurrean jakitera ematen da apirilaren 2ko 7/85 Legeko 70,2 Artikuluan xedatutakoaren indarrez, behin betiko testua hau delarik:
Zumaiako Udaleko Udal Hilerriaren Erregimen eta Funtzionamendurako Araudia.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.Hilerriaren deskripzioa
Zumaiako herriak hiru Udal Hilerri ditu.
Zumaiako Udal Hilerria; Bestea Oikia Auzoan dagoen hilerria eta Artadi auzoan dagoena.
Zumaiako Udal Hilerria Arritokietako Andre Mari ermita ondoan kokatuta dago.
Hilerriaren barruan bi alde bereizten dira:
—Alde nagusia: Egitura errektangularra duen lekua da, erdian eskailerarekin. Eskailera horretatik bukaeran dagoen lekura sartzen da. Alde nagusi hau kaleetan banatuta dago, kale bakoitza bere izenarekin, eta leku horretan daude panteoiak.
Sarreran ezkerretara sei panteoi dituen partzela bat dago, eta haurrak lurpean hobiratzeko beste gune bat.
Eskuin aldera, gorputegi eta biltegitzat erabiltzen den lokal txiki bat dago.
Eskailerak igo eta ezkerraldean, helduak lurperatzeko partzela bat dago.
—Handitutako aldea: Hilerriaren alde berria da, 1981. urtean eraikitakoa. Harresien ondoan eta barne aldean nitxo guztiak daude (gaur egun 492).
Nitxoen ondoan hezurtegiak daude.
2. artikulua.Hilerriaren titularitatea.
Zumaiako Udalaren jabegokoa den Zumaiako Udal Hilerria zerbitzu publikoari lotutako herri jabariko ondarea da, Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiaren 4. artikuluaren arabera (1372/1986 Errege Dekretua) eta Udalari dagokio hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zainketa lanak egitea, beste aginte edo organismoen berezkoak diren eskumenen kalterik gabe.
3. artikulua.Udalaren eginbeharrak.
Hilerria administratu, zaindu eta zuzentzeko eginbeharrei dagokienez honako hauek dagozkio Udalari:
a)Hilerria antolatu, zaindu eta egokitzea.
b)Herritarrek hilerrian edozein lan edo instalazio egin nahi dutenean, horretarako baimena eman eta zuzendaritza zein ikuskatze lana egitea.
c)Hilobi-baldintzak ematea eta edozein eratako hilobi-eskubideak onartzea.
d)Dagokion ordenantza fiskalean legez ezarritako eskubide eta tasak kobratzea.
e)Orain arte hartu diren edo aurrerantzean hartuko diren osasun eta garbitasun neurriak betetzea.
f)Hilobien erregistroa egitea.
g)Bere zerbitzuari atxikitako langileak izendatzea eta kargutik kentzea.
4. artikulua.Hilerriaren ordutegia.
Hilerria jendearentzat irekita egongo da Udalak, zerbitzuaren beharren arabera, ezartzen dituen orduetan. Ordutegia hilerriaren sarreran ezarritako kartel baten bitartez jakinaraziko da.
Hobiratzeak eta hobitik ateratzeak ohiko ordutegiaren barruan egingo dira. Hala ere, hildakoaren familiakoek hilerriko arduradunari hileta orduaren berri eman beharko diote.
Partikularrek egiten dituzten edozein motako obrak ere, jendearentzako irekita dagoen ordutegiaren barruan eta Udalaren baimenarekin egingo dira.
5. artikulua.Hilerrirako sarrera.
Beren egoeragatik edo beste arrazoi batzuengatik leku horretako ordena eta lasaitasunari eragin diezaieketen pertsonei sarrera eragotziko zaie.
Era berean, hilerrian ezingo da bertako ordena hautsi dezakeen animaliarik sartu.
6. artikulua.Erantzukizuna hondamenengatik.
Hilerriko bideetan edo instalazioetan egindako kalteen erantzuleak izango dira kalteak sortu dituztenak edo tutoreak edo, hala badagokio, kalteen sortzaile zuzenen jabeak. Eta berehala konpontzera behartuta egongo dira edo, beharrezkoa denean, kalte horiek ordaintzera.
Udalak ez ditu bere gain hartzen hilerrian gerta daitezkeen gurutze, harlosa eta abarren haustura eta hondamenak, zuzenean udaleko langileei egotzi ezin direnean.
7.artikulua.Hilerriaren garbiketa.
Hilerriko langileen ardura izango da hilerriaren zaintza eta garbitasun orokorraren lanak egitea, eta partikularren kontura izango da edozein eratako hilobiak, apaingarriak eta instalazioak zaindu eta garbitzea.
Baldin eta partikularrek ez badituzte hilobiak garbi eta txukun zaintzen, eta udal zerbitzuek egoera eskasean daudela ikusten badute, lan hori egin dezala eskatuko diote hilobiaren titularrari. Titularrak ez badu ezarritako epean agindutakoa betetzen, Udalak berak egin ditzake lan horiek titularraren ordez eta haren kontura, Araudi honetan eskubideen iraungipenari buruz aurreikusten denaren kalterik gabe.
II. KAPITULUA
PERTSONALA
8. artikulua.Pertsonalaren adskripzioa.
Hilerriak zuzeneko kudeaketa badu, ezargarria den legedian langileak hartzeko aurreikusitakoaren arabera hartuko ditu bere langileak.
9. artikulua.Bere langileen edo enpresa emakidadunaren langileen eginbeharrak.
Hilerriko pertsonalak honako betebeharrak izango ditu:
a)Hilerria eta bere dependentziak garbitu, barneko eremua antolatu eta landareak eta arboladia zaintzea.
b)Toki horretan dauden gauza guztiak zaintzea bai hilobien apaingarriak, bai zerbitzua emateko beharrezko elementu, lanabes eta erremintak.
c)Hilerriko lekuak garbitasun egoera onean edukitzea.
d)Hobiratzeko entregatzen zaizkion gorpu eta gorpuzkiak jaso eta eramatea. Edonola ere, eskatu egin beharko du Udalak behar bezala betetako hobiratzeko baimena eta zerbitzua bete ondoren, bere adostasuna adieraziz dagokion udal sekziora itzuli Guzti hori egin gabe ezin izango du inolaz ere hobiratzerik egin.
e)Hobiratzeko eta hobitik ateratzeko, edo hala balegokio, edonolako hilobiak itxi edo estaltzeko beharrezko lanak egitea.
f)Hilerriko giltza gordetzea, eta hilerria egunero ireki eta ixtea, Udalak besterik agintzen ez badu behintzat.
g)Eremu horretako ordena egokia mantentzea.
h)Behar diren edozein eratako hilobiak prest edukitzea, arrazoi hau dela eta, lurperatze lanetan inoiz etenik sortu gabe
.
i)Hobiratzeak, hobitik ateratzeak eta lekualdatzeak egiteko beharrezkoak diren agirien kopiak gordetzea eta baita, adierazten zaion beste edozein agiri ere, hobiratutakoen eta berrobiratutako guztien erregistroa egunean edukiz, eta horien leku zehatza seinalatuz.
j)Alkateak eta jurisdikziopeko beste aginte batzuek beren eskumenen arabera emandako agindu bereziak betetzea.
k)Nitxo, panteoi eta hobiak hustu eta garbitzetik jasotako arropa, lanabes eta tresnak suntsitzeaz arduratzea.
III. KAPITULUA
HOBIRATZEAK, HOBITIK ATERATZEAK ETA LEKUALDATZEAK
10. artikulua.Arautegia.
Gorpuen edo gorpuzkinen hobiratzea, hobitik ateratzea eta lekualdatzeak, gorpuen osasun zaingoari buruz aldi bakoitzean indarrean dauden arau eta lege-xedapenak ezarritakoaren arabera egingo dira.
Hobiratze, hobitik ateratze eta lekualdatze guztiak Udalaren baimenarekin egingo dira, eta beharrezkoa denean, dagokien osasun eta judizial agintarien baimenarekin.
Gorpuak edo gorpuzkinak hobitik atera daitezke, hilerrian bertan lekualdatu eta berrobiratzeko edota beste hilerri batera eramateko.
Era berean, Udalak zerbitzu hauei dagozkien tasak argitaratuko ditu.
11. artikulua.Udalaren baimena.
Hobiratzeko, hobitik ateratzeko edo lekualdatzeak egiteko beharrezko agiriak betetzeko ardura izango du hobiratzaileak, eta hildakoaren familiartekoren batek sinatu ondoren agiriaren kopia bat emango dio honi, beste kopia bat Udalari eta bera geratuko da hirugarren kopiarekin.
Udalaren baimenean ondorengo datuak zehaztuko dira:
a)Hildakoaren izen-abizenak.
b)Heriotzaren data.
c)Eskatzailearen izen-abizenak eta hildakoarekin duen harremana.
d)Emango den zerbitzu mota (hobiratzea, hobitik ateratzea edo lekualdatzea).
e)Hobiratzea, hobitik ateratzea edo lekualdatzea non egingo den.
Udalak ematen dizkion hiru aleetatik, hilerriko arduradunak Udalari baimenaren ale orijinala itzuliko dio behar bezala sinatuta, bertan ezarritakoa behar bezala bete duela egiaztatzeko, eta dagokion Erregistro liburuan idazteko. Bigarren ale sinatua familiakoei itzuliko zaie, eta hirugarrena hilerri bertako bulegoetan artxibatuta geratuko da.
Udalaren baimena lortzeko ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:
1.Hobiratzea denean:
a)Normalizatuta dagoen eskaera-orria beteta.
b)Gorpua beste herri batetik Zumaiara ekarri bada, Osakidetzaren bidezko baimena.
c)Dagokion ordenantza fiskalean ezarrita dauden tasak ordaindu dituenaren ordainagiria.
2.Hobitik ateratzea denean:
a)Normalizatuta dagoen eskaera-orria beteta.
b)Osakidetzaren baimena, hala dagokionean.
3.Hilerri barruan egindako lekualdatzea denean:
a)Normalizatuta dagoen eskaera-orria beteta.
b)Gorpuzkinak panteoi batean berriro hobiratzeko, hilobi-erabilera eskubidearen kontzesioaren titulua. Hildakoa eskubidearen titularra ez denean, honen edo bere oinordekoen baimena aurkeztu beharko da.
c)Dagokion ordenantza fiskalean ezarrita dauden tasak ordaindu dituenaren ordainagiria.
IV. KAPITULUA
HILOBI-ERABILERA ESKUBIDEAK
12. artikulua.Hilobi-erabilera eskubidearen definizioa.
Hilobi-erabilera eskubidea hilerriko hilobi ezberdinak erabiltzeko kontzesioa da, eta hau Udalak emango du, Araudi honen 2.artikuluari jarraiki bera baita jabetzaren titularra.
13. artikulua. Hilobi-erabilera eskubidearen sailkapena.
Nahiz eta hilobi mota ezberdinak izan, eta baita hauek erabiltzeko epeak ere, hilerriko hilobien erabilera-eskubide guztiek aldi baterako izaera izango dute.
Hilobi motak:
—Lurpean hobiratzea
—Banakako nitxoa
—Panteoia
—Hezurtegia
—Hezurtegi orokorra
14.artikulua.Hilobi-erabilera eskubidearen tasak.
Hilobi-erabilera eskubidearen titularitatea edukitzeak berarekin dakar zerga bat ordaintzea, dagokion ordenantza fiskalean ezarritakoaren arabera.
15.artikulua.Hilobi-erabilera eskubidearen kontzesioa eta erregistroa.
Hilobi-erabilera eskubidearen kontzesioa Udalak ziurtatuko du berak emandako titulu baten bidez. Era berean, hau bermatuta geratuko da dagokion Erregistro Liburuan idatziz.
16.artikulua.Hilobi-erabilera eskubidearen transmisioa.
Hilobi-erabilera eskubidearen kontzesioak ez dakar salerosketarik. Udalak gorpua edo gorpuak epe jakin batean, hilobian egotea errespetatu behar du.
Aurrean zehaztutako kontzesioa ezin izango da salerosi, ez aldatu, ezta bestelako trukaketarik egin ere. Hala ere «mortis causa»z egindako eskualdaketak onartuko dira, Udalak Araudi honetan zehaztutakoaren arabera horretarako baimena ematen badu. Hori dela eta, hilobi-erabilera eskubidearen titular orok bere hil ondorenerako onuradunak izenda ditzake.
Titularrak onuraduna berariaz izendatzen ez badu, hilobi-erabilera eskubidearen titularitatea testamentuzko oinordekoei transmitituko zaie, eta testamenturik ez badu egin, lege zibilean aurreikusita dagoen oinordetza ordenaz transmitituko da.
Era honetan, «ab intestato» ondorengotzan alargunak dagokion hilobi-erabilera eskubidearen gaineko usufruktua mantenduko du, jabetza soila testamentuko zerrenda lehena azaltzen den oinordekoarena izanik. Usufruktu hori amaitu egingo da usufruktuduna hiltzen denean edo berriro ezkontzen denean.
Eskubide bereko oinorde bat baino gehiago badago, hauek elkarren arteko adostasunez titular berria izendatu beharko dute eta adostasunik ez badago, Udalak, zozketa bidez, espedientean agertzen diren guztien artean bat izendatuko du.
Hilobi-erabilera eskubidearen titular berriak, urtebeteko epean, hilobi-erabilera eskubidea bere izenean jartzea eskatu beharko du, eta honetarako dagokion kontzesioaren titulua eta transmisioa egiaztatzen duten gainerako agiriekin aurkeztu beharko du.
17. artikulua.Titulu baten aldaketa edo jaulkipen berria egitea.
Hilobi-erabilera eskubidearen tituluetan antzematen diren izen-akatsak edo beste edozein motakoak titularraren eskariz zuzenduko dira, aldez aurretik hauek justifikatu eta egiaztatu ondoren. Egindako aldaketa hauek Hilobien Erregistro liburuan jaso egingo dira.
Edozein arrazoi dela ere, titulu bat hondatu egin bada, behin hondatutakoa itzuli ondoren berria egingo da.
Lapurtua izan bada edo galdu eginez gero, dagokion espedientea izapidetu ondoren, bikoitza egingo da titularraren izenean.
18. artikulua.Hilobi-erabilera eskubidea galdu edo iraungitzea.
Udalak hilobi-erabilera eskubidea iraungitzat edo galdutzat jo eta eskubide hori bereganatzeko aukera du ondoko kasuetan:
a)Hilerria hondamen egoeran badago. Hondamen egoera honek eta ondoriozko iraungipenak dagokion administrazio espedientea izapidetu beharra izango du.
b)Hilobia abandonatuta badago. Abandonatutzat hartuko da titularra hil eta eskubidearen titular berriak urtebeteko epean bere aldeko transmisioa egin dadin eskatzen ez badu.
c)Goiko paragrafoan adierazitako transmisioa egin dadila eskatuta ere, hilobia egoera eskasean badago, Udalak adierazitako epean, berau egoera egokian ez bada jartzen.
d)Kontzesioari ezarritako epea bukatu eta, hala behar izanez gero, bi hilabeteko epean hura luzatzea eskatu ez badu.
e)Dagokion ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez badira ordaintzen.
f)Titularrak eskubide horri uko egiten badio.
g)Antza, kontzesioaren utziera edo hilobiaren mantenuan utzikeria izan bada. Aurrekotzat hartuko da itxuraz hilobia ez erabiltzea edota hilobiaren mantenurako gutxieneko lanak ez egitea. Arrazoi honegatik lehengoratzeko, dagokion administrazio espedientea izapidetuko da.
h)Titularra hil egiten bada.
19. artikulua.Iraungipeneko espediente administratiboa.
Iraungipeneko espediente administratiboa, ondorengo era honetan bideratuko da:
a)Iraungipena eraikuntza partikularraren hondamen egoeragatik denean, helbidea ezagutzen den titularraren zitazioa barneratuko du espedienteak, eta helbidea ezagutzen ez bada, espedientearen berri emango da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ediktua argitaratuz eta hedapen handienetakoa duen egunkari batean, onuradunei, oinordekoei edo aldekoei 30 eguneko epea emanaz, beren eskubidea alegatu ahal izateko.
Hauetako norbait agertuz gero eraiketa edo konponketa lanak ezarritako epean egiteko konpromisoarekin, espedientea eten egingo da bere mugaeguna arte, eta une horretan egindako obrei buruz informatuko dute Zerbitzu Teknikoek. Ados egonez gero, espedientea artxibatu egingo da beste izapiderik egin gabe; horrela ez bada, iraungipena aitortuko da.
b)Aurreko artikuluaren b) ustezkoan, espedienteak bere helbidea ezaguna den titularraren zitazioa barneratuko du, eta helbidea ezagutzen ez bada, espedientearen berri emango da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ediktua argitaratuz, eta hedapen handienetakoa duen egunkari batean, 30 eguneko epea emanaz, onuradunek, oinordekoek eta aldekoek beren eskubidea alega dezaten. Epe hori iragan ondoren, iraungipena aitortuko da.
c)Aurreko artikuluaren gainerako kasuetan, iraungipeneko espediente administratiboa titularrari zitazioa egitera mugatuko da, zortzi eguneko epea emanaz ordainketan egunean jartzeko edo luzapena eskatzeko. Eta epea iraganez gero hori egin gabe, gorpuzkinak hezurtegi orokorrera eramango dira edo, hala balegokio, erraustu egingo dira.
20.artikulua.Hilerria ixtea
Hilobi-erabilera eskubideen kontzesioaren epea hala zehaztuta badago ere, edozein arrazoi dela eta aipatutako epea amaitu aurretik hilerria itxi behar bada, kontzesioa amaitu arteko epeagatik titularrek kalte ordainak jaso ahal izango dituzte, baina ordaindutako tasaren zati proportzionalean soilik, eta ondorio guztietarako kontzesiodunak egindako obra edo instalazioak aintzat hartu gabe.
V. KAPITULUA
LURPEAN HOBIRATZEA
21. artikulua. Lurperatzea.
Hilkutxan dagoen gorpua hobiratzaileak lurrean horretarako egindako hobian sartzeari lurperatzea deitzen zaio.
22. artikulua. Lurperatzearen emakida-aldia.
Hilobi-erabilera eskubide hau hildakoan lortzen da, beste hilobi-erabilera eskubide baten titularra ez den kasuan.
Udal honetako langileek aterako dituzte gorpuzkiak hilobitik hezurtegi orokorrera eramateko legezko epea igaro ondoren, eta beti ere, familiartekoek entregatzea eskatu ez badute, beste hilerri batera eramateko edo hilobi-erabilera eskubideren bat daukaten hezurtegira eramateko.
Udalak urte horretan hilobitik aterako diren gorpuzkien zerrenda argitaratuko du, familiartekoek erreklama ditzaten.
Udal honetako langileek aterako dituzte gorpuzkiak hilobitik hezurtegi orokorrera eramateko.
VI. KAPITULUA
BANAKO NITXOAK
23. artikulua.Banako nitxoak.
Banako nitxoak dira hilkutxak sartzen diren lekuak eta hilerrian handitutako aldian kokatuta daude.
Heriotzaren ondoren gorpuak gordetzeko eta zaintzeko lekuak dira.
24.artikulua.Banako nitxoen kontzesio epealdia..
Udalak eraikitako nitxoen erabilera eskubidearen kontzesioak aldi baterako izaera izango du, eta 15 urte luzaezineko epeaz emango dira.
Adierazitako aldi baterako izaerak berarekin dakar, kontzesioaren epea bukatutakoan, familiakoek gorpuzkinak ez badituzte eskatu beste hilobi mota batera lekualdatzeko, Udalak gorpuzkinak hobitik ateratzea eta hezurtoki orokorrera lekualdatzea xedatuko duela. Horrela bada, nitxoetan aurkitzen diren objektu edo gauzei dagokionean, Kode Zibilaren 615. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
25. artikulua. Banako nitxoak ixtea.
Banako nitxoak horrela itxiko dira:
a)Hilerriaz arduratzen den pertsonalak, hobiratzea burutu bezain laster, nitxoaren iragazkortasuna ziurtatuko duen adreiluzko trenkada bat egingo du kanpoaldetik zarpeatua.
b)Kontzesioaren titularrak behin betiko apaindurazko estalkia jarriko du Udalak adierazitako berezitasunen arabera.
VII. KAPITULUA
PANTEOIAK
26. artikulua. Panteoiak.
Hilerriko alde nagusian dauden lurrazpiko eraikinak dira. Aldi berean, gauza bat baino gehiago gordetzeko eta zaintzeko daude, beste gauza batzuen artean, hilkutxak, errauts-ontziak edo gorpuzkin-kutxatilak.
27. artikulua. Panteoien kontzesioaren epealdia.
Panteoien erabilera eskubidearen kontzesioak aldi baterako izaera izango du, eta 50 urte luzaezineko epeaz emango dira. Aurrekoa dela ere, eta kontuan hartu gabe kontzesioak adjudikatu izandako data, Ordenantza hau indarrean sartzen denetik 50 urteko iraupena izango dute orain artean dauden kontzesio guztiek.
28. artikulua. Panteoien kontzesioaren luzapena.
Panteoietan hobiratzeko eskubidearen kontzesioaren epea amaitutakoan, lehengo kontzesioaren titular beraren aldeko epealdi berria eska daiteke, hau gehienez ere 25 urteko eperako eman ahal izango da, Udalerrian dauden beharrak aztertu ondoren, eta luzapena eskatzen duenean indarrean dagoen Ordenantza fiskalean ezarritakoaren arabera, dagozkion eskubideak ordaindu ondoren.
29.artikulua. Kontzesioa iraungita duten panteoien kontzesio berria.
Araudi honen 18. artikuluan adierazten diren arrazoiengatik kontzesioa iraungita duten panteoiak Udalak bereganatuko ditu eta, egokiak diren barrualdeko edo kanpoaldeko garbiketa lanak egin ondoren, Araudi honen 27 artikuluan adierazitako baldintzetan esleitu ahal izango dizkie titular berriei.
30. artikulua. Panteoien edukiera.
Panteoiaren edukierak ahalbidetzen duen gorpu kopurua hobiratu ahal izango da, eta hilobi-erabilera eskubidearen titularrak ahalmena izango du gorpuak kontzesioaren epea amaitu arte bertan uzteko, gorpuzkinak murrizteko data horretara arte panteoiko bertako hezurtegian gera daitezen; edo gorpuzkiak hobitik ateratzeko, aldez aurretik erregelamenduzko baimenak lortu eta Ordenantza fiskaletan ezarritakoaren arabera dagozkion eskubideak ordaindu ondoren.
31. artikulua. Panteoiak ireki eta ixtea.
Panteoiak ireki eta ixteko harlauzen lekualdatzea hilerriko pertsonalak egingo du bere kontura.
VIII. KAPITULUA
BANAKO HEZURTEGIAK
32. artikulua.Banako hezurtegiak
Banako hezurtegiak hilerriaren handitutako aldean gorpuzkinen kutxatilak gordetzeko dauden lekuak dira. Nitxoetatik, panteoietatik edo lurretik gorpuzkinak atera ondoren hauek utzi eta gordetzeko dira.
33. artikulua. Banako hezurtegien kontzesio epealdia.
Banako hezurtegien erabilera eskubidearen kontzesioak aldi baterako izaera izango du, 15 urterako emango da.
34. artikulua.Banako hezurtegien erabilera.
Banako hezurtegiek banakako erabilera izango dute, eta, beraz, hilotz bakarraren gorpuzkinak gordetzeko soilik izango dira.
35.artikulua.Banako hezurtegiak ixtea.
Banako hezurtegiak horrela itxiko dira:
a)Hilerriaz arduratzen den pertsonalak, gorpuzkinak banako hezurtegiaren barruan sartu bezain laster, banako hezurtegiaren iragazkortasuna ziurtatuko duen adreiluzko trenkada bat egingo du kanpoaldetik.
b)Kontzesioaren titularrak behin betiko apaindurazko estalkia jarriko du Udalak adierazitako berezitasunen arabera.
IX. KAPITULUA
HEZURTEGI OROKORRA
36. artikulua.Hezurtegi orokorra.
Hezurtegi orokorra da, behin zegokion hilobi-erabilera eskubidearen kontzesio epealdia igaro ondoren, familiakoek eskatu ez dituzten gorpuzkinak gordetzeko hilerrian egokitutako lekua. Hezurtegi orokorraren xedea da behin gorpuzkinak nitxoetatik, panteoietatik edo lurretik atera ondoren, hauek mugagabeko denboraldiaz jagon eta gordetzea.
37. artikulua.Hezurtegi orokorraren erabilera.
Hilobi-erabilera eskubideen kontzesio epeak amaitzen direnean, Udalak gorpuzkinak hezurtegi orokorrera lekualdatuko ditu. Lekualdatzea ez da ordaindu beharko.
X. KAPITULUA
APAINDURARI BURUZKO XEDAPENAK
38.artikulua.Titularren betebeharrak.
Panteoi, nitxo, banako hezurtegi, eta lurra erabiltzeko eskubideen titularren betebeharra izango da elementu hauek higiene, apaindura eta kontserbazio-egoera egokian mantentzea.
2.Hezurtegiak Titularrek ezin izango dute hilerriaren gaur egungo estetika hautsi dezakeen elementurik jarri. Hori dela eta, hilarri, lauza, itxitura eta gainerako apaindura-elementuek gaur egun daudenen irizpide estetiko berak jarraituko dituzte:
1.Nitxoak.
Nitxoaren berezko egitura egina dagoenez, estaldura izango da alda daitekeen gauza bakarra, eta kareharrizkoa egin beharko da. Grabaketari dagokionez, hizki beltzak erabiliko dira, han gordetako gorpuzkinen izena eta bi abizen bakarrik jartzea onartuz, eta jaiotza-heriotzaren datak, eguna, hila eta urtea, hala balegokio, gurutzea edo ikurra eta argazki bat jartzea ere onartuz. Era berean, gehienez 10cm-ko zabalera duen lorontzi-euskarri bat ere jar liteke. Erabat debekatuta geratzen da kandelak, olioa eta erregaiak jartzea.
2.Hezurtegia.
Hezurtegiaren berezko egitura egina dagoenez, alda daitekeen gauza bakarra estaldura da, eta kareharrizkoa egin beharko da. Grabaketari dagokionez, hizki beltzak erabili beharko dira, han gordetako gorpuzkinen izena eta bi abizen bakarrik jartzea onartuz, eta jaiotza-heriotzaren urteetako datak, hala balegokio, gurutzea edo ikurra eta argazki bat jartzea ere onartuz. Erabat debekatuta geratzen da kandelak, olioa eta erregaiak jartzea.
3.Panteoiak.
Panteoien eraiketa horretarako ezarritako lekura mugatuko da, eta ezin izango da emakida lekua gainditu ezta lurpean ere. Panteoiaren eraikuntza beraren eta bere apaingarrien altuerari dagokionez, inguruko paretaren altuera ezin izango dute gainditu, eta paretarik ez balego, altueraren muga 2 metrokoa izango da.
39. artikulua.Udalaren ahalmena.
Zumaiako Udalak ahalmena izango du etorkizunean arau zehatzak garatzeko hilerrian erabili ahal izango diren lauza, panteoi itxitura, hilarri, hizki e.a.en ereduei dagokionean.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengo xedapen gehigarria.
Araudi honetan zehazten diren zerbitzuak Udalak zuzenean kudeatu ahal izango ditu, edota kontzesio bidez, honetarako dagokion administrazio-kontratuaren espedientea izapidetu ondoren.
Bigarren xedapen gehigarria.
Araudi honetan zehazten ez dena Toki-araubideari buruzko legediak eta gorpuen osasun zaingoaren araudiak adierazitakoari jarraituz araupetuko da.
AZKEN XEDAPENA
Araudi hau indarrean sartuko da testua bere osotasunean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitara-tu eta biharamunetik hasita hamabost eguneko epean.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratuko dira Araudi honen aurkakoak diren Ordenantza, Araudi edo Udal bando guztiak.
Erabaki honek bide administratiboari amaiera jartzen dio eta horren aurka interesatuek administrazioarekiko auzi errekurtsoa tarteratu ahal izango dute Euskal Herriko Justizia Auzitegiaren aurrean, bi hilabeteko epean, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Zumaia, 2003ko apirilaren 9a.—Ricardo Peña Quintela, Alkatea.
(442) (4360)