| 57. zenbakia | Data 2003-03-25 | 5353 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Toki Entitateen Zerga sistema aldatzeko martxoa-ren 19ko 4/2003 FORU ARAUA.
GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «Toki entitateen zerga sistema aldatzeko martxoaren 19ko 4/2003 Foru Araua», eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2003ko martxoaren 19a.—Roman Sudupe Olaizola, Diputatu Nagusia. (3041)
HITZAURREA
Foru arau honek aldaketa sakonak sartzen ditu Gipuzkoako Lurralde Historikoan indarrean dagoen toki entitateen zerga sisteman.
Zehazki esanda, arau honen bidez honako foru arauak aldatzen dira: Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzko Foru Araua, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren Foru Araua, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratua, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergaren Foru Araua,
Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren Foru Araua, eta, azkenik, Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergaren Foru Araua.
Zerga eta finantza alorrean foru arau honen bidez sartzen diren neurriek bi helburu nagusi dituzte: Batetik, toki entitateen nahikotasun finantzarioaren printzipioa indartu eta mantentzea, eta, bestetik, udal zergen esparruan udalek duten autonomia areagotzea; beste hitzetan esanda, gai jakin batzuetan, hala nola zerga tasak aplikatzean edo zerga onurak ezartzean, udalek erabakimen eta askatasun handiagoz jokatzea lortu nahi da.
Bere egiturari dagokionez, foru arauak sei kapitulu ditu, zazpi xedapen gehigarri, bost xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, eta amaierako bi xedapen.
I. kapituluak Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzko uztailaren 11/1989 Foru Arauan sartutako aldaketak jasotzen ditu.
Apartatu honetan, udalei gaitu egiten zaie aldizkako epemuga duten zorrak helbideratzen dituzten subjektu pasiboei hobari bat aplikatzeko, eta bide ematen zaie, baita ere, ordainketak geroratu edo zatikatzeko erabakietan berandutza interesik ez exijitzeko eskaerak borondatezko epean aurkezten badira.
Bide publikoetako lurzoru, zorupe edo hegalduraren erabilera pribatiboagatik gaur exijitzen den tasaren erregimena beren hornidurak egitean inoren sareak erabiltzen dituzten entitateei zabaltzen zaie, eta espresuki azpimarratzen da telefonia mugikorreko zerbitzuak erregimen horretatik kanpo geratzen direla.
Erregimen berezi bat ezarri da jarduera ekonomikoetarako lurzorua erosi, sustatu, hiritartu edo mantentzea erraztearren, jarduera horiek udalerriak elkartuta edo beren menpeko organismoekin batera egiten direnean.
II. kapituluan, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzkoan, hobekuntza nabarmenak sartu dira oinarri ezargarriaren, subjektu pasiboaren eta salbuespenen konfigurazioan.
Horrez gain, udalei ahalmena ematen zaie zergaren kuota likidoan 100eko 50era bitarteko errekargua ezartzeko etxebizitza erabilera duten ondasun higiezinak hutsik daudenean, bai eta zenbait hobari erregulatzeko ere babes ofizialeko etxebizitzetarako nahiz familia ugarientzako.
III. kapituluak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratuan sartutako aldaketak jasotzen ditu. Bi milioi eurotik beherako eragiketa bolumena duten subjektu pasiboentzat ezarritako salbuespena nabarmentzen da horien artean.
Gainera, jarduera hasten duten subjektu pasiboen kasuan, hauentzat salbuespen bat ezartzen da jarduera garatzen duten lehen bi zergaldietan.
Bestalde, ponderazio koefiziente bat sortu da, subjektu pasiboaren eragiketa bolumenaren arabera kalkulatua, tarifetako kuoten gainean aplikatzeko, eta udalak gaiturik geratzen dira hainbat hobari ezartzeko.
IV. kapituluak Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergari eragiten dioten aldaketak jasotzen ditu; azpimarratzekoa da pertsona ezinduen ibilgailuei aplikatzen zaien salbuespena hobetu eta zabaldu egin dela.
V. kapituluak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga hartzen du hizpide. Hemen subjektu pasiboa eta zergaren oinarri ezargarria hobeto zehazten dira, eta udalei gaitu egiten zaie hainbat hobari ezartzeko.
VI. kapituluan, eta Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari dagokionez, oinarri ezargarriaren zehaztapenari buruzko artikulua erraztu eta sistematizatzen da, eta balio gehikuntza udalerriko biztanleriaren arabera kalkulatzeko urteko portzentajeetan gaur egun ageri diren aldeak kendu egiten dira sorreraldi bakoitzeko portzentaje bakarra finkatuz.
Lehen xedapen gehigarrian arauturik dator Gipuzkoako udalek 2 milioi eurotik beherako eragiketa bolumena duten subjektu pasiboak salbuetsita egoteagatik Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izango duten bilketa txikiagoari aurre egiteko jasoko duten diru konpentsazioa.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga dela-eta, bigarren xedapen gehigarriak dio «behargin kopurua» izeneko elementua ez dela aintzat hartu beharreko faktorea izango Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kuotaren zatian, eta gainera, zerga kuota murrizten du subjektu pasiboek zerbitzu soziokulturaletarako eta haurtzaindegi zerbitzuetarako erabiltzen duten azaleraren arabera. Hirugarren xedapen gehigarriak, bere aldetik, hainbat neurri sartzen ditu epigrafe berezi bat sortuz telefonia mugikorreko operadoreentzat, eta seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarrietan ere beste zenbait neurri ezartzen dira zerga honekin lotuta.
Laugarren xedapen gehigarriak telekomunikazioetako operadoreek udal zergak ordaintzeari buruzko foru araua aldatzen du telefonia mugikorreko zerbitzuak arau horretan jasotzen den erregimen berezitik kanpo uzteko.
Bosgarren xedapen gehigarriak dakartzan aldaketak Ganberaren Baliabide Iraunkorra erregulatzen duen foru arauarekin lotuta daude; baliabide hori Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ordainarazteko era aldatzea dute helburu.
Xedapen iragankorretan jasotzen den erregulazioak gai hauek hartzen ditu hizpide: Ondasun Higiezinen gaineko Zergan aplikatzen diren zerga onurak, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergaren salbuespenak, foru arau hau indarrean sartu baino lehen hasitako tramitazio prozedurak, eta ordainagiri bidez aldizka kobratzen diren zerga zorren jakinarazpenak.
Amaierako lehen xedapenak ezarrita uzten du foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean sartuko dela indarrean, eta 2004ko urtarrilaren 1etik aurrerako sortzapena duten egitate ezargarrietarako izango duela eragina.
Dena den, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan eragiketa bolumenaren arabera eta jarduera hasten duten subjektu pasiboentzat ezartzen diren salbuespenei buruz araututakoak eta, orobat, lehen, hirugarren eta laugarren xedapen gehigarrietan jasotakoak 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dute eragina.
Azkenik, amaierako bigarren xedapenak arau hau garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren ahalmenak ematen ditu.
I. KAPITULUA
ALDAKETAK GIPUZKOAKO TOKI OGASUNEI BURUZKO FORU ARAUAN
1. artikulua.Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua aldatzea.
Aldaketa hauek sartu dira Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauan:
Bat. 9. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«9. artikulua.
1.Udalerriek, beren eskumenak erabiliz eta foru arauen nahiz nazioarteko itunen esparruan, zerga onurak eman ahal izango dituzte beraiei dagozkien tributuetan, euren aurrekontuen kontura beren gain hartuz.
Ondorio horietarako, udalerriek beharrezko erabakia hartuko dute zerga onura horiek beren lurralde mugen barruan izaera orokorrez aplikatzeko. Erabaki hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
2.Bereziki, ordenantza fiskalek finkaturik utzi ahal izango dute zein baldintza bete behar diren kuotari 100eko 5erainoko hobaria aplikatzeko, subjektu pasiboek aldizkako epemuga duten zorrak finantza entitateetan helbideratzen dituztenean, ordainketak aurreratzen dituztenean edo sarreren bilketan laguntzea dakarten jarduketak egiten dituztenean».
Bi.10. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«10. artikulua.
Udal zergen errekarguak eta berandutza interesak Foru Ogasunaren zergetarako ezarrita dauden kasu, modu eta kopuru berberetan exijitu eta finkatuko dira.
Ordenantza fiskalek hala jasotzen badute, ordainketak geroratu edo zatikatzeko erabakiak borondatezko epean eta Ordenantzak aurreikusitako baldintza eta moduetan aurkeztutako eskaerei dagozkienean, erabaki horietan ez da berandutza interesik exijituko, baldin eta haiei dagozkien zorrak aldizkako epemuga duten eta kolektiboki jakinarazi beharreko zorrak badira eta horiek guztiak sortzapenaren ekitaldi berean osorik ordaintzen badira».
Hiru. Aldaketak sartu dira 20. artikuluaren 2 apartatuko s) letran, eta honela geratu da idatzita:
«s) Iragarkiak udal herri jabariko terrenoetan jartzea».
Lau. Aldaketak sartu dira 24. artikuluaren 1 apartatuan, eta honela geratu da idatzita:
«1. Udal herri jabariaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik aurreikusitako tasen zenbatekoa ondoko erregelen arabera finkatuko da:
a)Izaera orokorrez, erabilera edo aprobetxamendu horren erabilgarritasunak merkatuan izango lukeen balioa hartuko da erreferentzia gisa, beti ere eragindako ondasunak herri jabarikoak ez badira. Horretarako, ordenantza fiskalek, erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziaren izaera aintzat harturik, finkaturik utzi ahal izango dute kasu bakoitzean zein irizpide eta parametro erabiliko diren aipaturiko erabilgarritasunaren merkatuko balioa zehazteko.
b)Lizitazio irekiaren prozedurak erabiltzen direnean, tasaren zenbatekoa emakida, baimena edo esleipena bereganatzen duen proposamenaren balio ekonomikoaren arabera zehaztuko da.
c)Tasak finkatzen badira hornidura-zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek udal bide publikoen lurzoruan, zorupean edo hegalduran erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak egiteagatik, eta hornidura-zerbitzu horiek interes orokorrekoak badira edo auzotar guztiei edo horien zati handi bati eragiten badiete, haien zenbatekoa aipatutako enpresek udalerri bakoitzean urtean lortzen duten fakturaziotik eratorritako sarrera gordinen portzentaje bat izaten ahalko da.
Ondorio horietarako, zerbitzu horien enpresa ustiatzaileen artean zerbitzu horiek banatu eta merkaturatzen dituztenak sartuko dira.
Telefonia mugikorreko zerbitzuak ez dira tasa kuantifikatzeko erregimen berezi honetan sartuko.
Kuantifikaziorako erregimen berezi hau aplikagarria izango zaie c) letra honetan aipatzen diren enpresei bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak direnean, eta bai, horien titularrak ez izanik ere, sareak erabili, horietan sartu edo haiekin interkonektatzeko eskubideen jabe direnean.
Letran honetan xedatutakoaren ondorioetarako, fakturaziotik eratorritako sarrera gordinak hauek direla joko da, alegia, entitate bakoitzari egozgarriak izanik, entitateak udalerri bakoitzean egindako zerbitzuengatik kontraprestazio gisa lortutakoak.
Ondorio hauetarako, egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak ez dira sarrera gordinen artean sartuko, ezta ere hirugarren batzuen kontura kobratutako partida edo kopuruak tasa kuantifikatzeko erregimen berezi hau aplikagarri duen entitatearen berezko sarrerak ez badira.
Hornidurak egitean inoren sareak erabiltzen dituzten enpresek kopuru hauek kenduko dituzte beren fakturazioaren sarrera gordinetatik, hain zuzen, sare horietara sartzeagatik edo haiekin interkonektatzeagatik beste enpresei ordaindutako kopuruak. Sare horien enpresa titularrek beren fakturazioaren sarrera gordinen artean konputatu beharko dituzte kontzeptu horregatik jasotako kopuruak.
Erregimen berezi hau aplikatzetik ateratzen den zenbatekoa ezingo zaie c) letra honetan aipatzen diren hornidura zerbitzuen erabiltzaileei jasanarazi.
c) letra honetan arautzen diren tasak bateragarriak dira udal eskumeneko zerbitzuak eman edo jarduerak egiteagatik finkatu daitezkeen bestelako tasekin, baldin eta letra honetan aipatzen diren enpresak haien subjektu pasibo badira foru arau honek 23.1.b) artikuluan ezarritakoren arabera. Alabaina, udal bide publikoen lurzoruan, zorupean edo hegalduran eratutako erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezitik erator litezkeen bestelako tasen ordainarazpena ez da tasa hauen ordainketarekin bateragarria izango».
Bost.Beste xedapen gehigarri bat sartu da, bosgarrena, eta hauxe dio:
«Bosgarren xedapen gehigarria.
1.Udalerriak beren artean elkartzen direnean edo beste entitate publiko edo menpeko organismoekin bat egiten dutenean jarduera ekonomikoetarako lurzorua erosi, sustatu, hiritartu edo mantentzearren, hitzarmenak egin ahal izango dituzte lurzoru horietan kokatutako ondasun higiezinetatik nahiz bertan egiten diren jarduera ekonomikoetatik datorren zergabilketa zertarako erabili finkatzeko. Honako hau adostu ahal izango dute:
a)Eratuko den entitate kudeatzailearen sarrera arrunt gisa deskribatutako helburuak finantzatzeko erabiltzea, hitzartzen den eran, zenbatekoan eta epean, beti ere bestelako finantzazio iturriak adostea eragotzi gabe.
b)Kuotetan banatzea, erabakiko diren proportzio, epe, modu eta gainerako baldintzetan. Kuoten banaketak ezingo du izaera mugagaberik eduki, eta ezingo da udalez kanpoko entitateen alde edo hertsi-hertsian udal izaerarik ez duten sozietate publikoen alde erabaki.
2.Aurreko apartatuan aipatu den zergabilketa ondoko zerga eta tasa hauek guztiek edo hauetako batzuek eratuko dute bakar-bakarrik:
a)Ondasun Higiezinen gaineko Zergak.
b)Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergak.
c)Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergak.
d)Eraikitzeko, irekitzeko nahiz lurzorua eta zorupea erabiltzeko lizentziengatik ordaindu beharreko tasek.
3.Xedapen gehigarri honek aipatzen dituen kasuetan, eta zerga alorrean beharrezkoa den koordinazio eta harmonizazioaren ondorioetarako, ondoko irizpideei jarraituko zaie:
a)Lurzoruak bi udalerritan edo gehiagotan eta elkarren segidan kokaturik daudenean, udal bakoitzak karga tasa, koefiziente edo indize berdinak ezarriko ditu horietarako, hitzarmenaren xede diren tributuei dagokienez, eta horiek desberdinak izaten ahalko dira udalerriaren gainerakoan aplikatzen direnen aldean.
b)Lurzoruak udalerri bakarrean kokaturik badaude, udalak karga tasak, koefizienteak edo indizeak ezarriko ditu horietarako, hitzarmenaren xede diren tributuei dagokienez, eta horiek desberdinak izaten ahalko dira udalerriaren gainerakoan aplikagarri direnen aldean.
c)Aurreko letretan xedatutakoaren ondorioetarako, hitzarmenetan koordinazio prozedura egokiak finkatuko dira, udalen arteko kontsultak direla medio, hitzarmenaren xede diren tributuen karga tasa, koefiziente edo indizeak zein izango diren erabakitzeko.
4.Lurzoruak Gipuzkoako zein udalerritan dauden kokatuta, eta bertako udalek izango dituzte hitzarmenaren xede diren tributuak kudeatu, likidatu, ikuskatu eta biltzeko ahalmenak.
Aurrekoa hala izanik ere, Gipuzkoako udalek Foru Aldundiaren esku utzi ahal izango dituzte aurreko paragrafoan aipatutako ahalmenak, bidezko hitzarmena izenpetu ondoren.
Zerga alorreko ahalmenak ezingo dira inoiz entitate kudeatzaileen esku utzi agintea erabiltzea dakartenean».
II. KAPITULUA
ALDAKETAK ONDASUN HIGIEZINEN
GAINEKO ZERGAN
2. artikulua.Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Araua aldatzea.
Aldaketa hauek sartu dira Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauan:
Bat.1. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«1. artikulua.
1.Ondasun Higiezinen gaineko Zerga izaera erreala duen zuzeneko tributua da, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko edozein udalerritan kokatuta dauden ondasun higiezinen balioa zergapetzen du foru arau honetan ezarritako eran.
2.Ondasun higiezin hiritar eta landatarren gainean ondoko eskubideen titular izateak eratzen du zergaren egitate ezargarria:
a)Administrazio emakida baten titular izateak ondasun higiezinen gainean edo haiei atxikita dauden zerbitzu publikoen gainean.
b)Azalera eskubide erreal baten titular izateak.
c)Gozamen eskubide erreal baten titular izateak.
d)Jabetza eskubidearen titular izateak.
3.Aurreko apartatuan adierazitako egitate ezargarrietako bat bertan ezarritako hurrenkeran gauzatzeak berarekin ekarriko du ondasun higiezina ez gelditzea apartatu horretan jasotzen diren beste modalitateei lotuta.
4.Ondasun higiezin bat udalerri desberdinetan kokatuta badago, zerga honen ondorioetarako ulertuko da horietako bakoitzekoa izango dela dagokion udalerrian hartzen duen azaleraren arabera».
Bi.4. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«4. artikulua.
1.Hurrengo ondasun higiezinak salbuetsita egongo dira:
a)Gipuzkoako Foru Aldundiarenak, Euskal Autonomia Erkidegoarenak, Estatuarenak eta entitate lokalenak izanik, herritarren segurtasunari nahiz hezkuntza edo espetxeetako zerbitzuei zuzenean atxikita daudenak, eta orobat, Estatuak Defentsa Nazionalari atxikita dauzkanak. Era berean, eta aprobetxamendu publiko eta doakoa badute, baita ondoko hauek ere: Errepideak, bideak eta lehorreko beste bideak.
b)Udalerrien jabetzako auzo ondasunak eta esku komuneko herri basoak. Era berean, salbuetsita egongo dira honako hauek:
1.Udalerrien, udal organismo autonomoen edo udalerri horiek erabat partizipatutako sozietateen jabetzako ondasunak, beti ere aipatutako udalerrien lurraldean kokaturik badaude.
2.Mankomunitateen, beren organismo autonomoen edo mankomunitate horiek erabat partizipatutako sozietateen jabetzako ondasunak, beti ere aipatutako mankomunitateek jarduten duten lurralde eremuan kokaturik badaude.
Aurreko 1. eta 2. kasuetan, salbuespena aplikagarria izan dadin, ezinbestekoa da ondasun horiek erabilera edo zerbitzu publikoari atxikita egotea eta emakida administratiboko erregimenari lotuta ez agertzea, non eta emakida administratiboaren titularra ez den irabazi asmorik gabeko elkarte bat, Elkarteen Erregistroan izena emanda ez dagoen eta udalarekin batera bertako organo eskudunak udal onurakoak izendatutako lankidetza jarduerak egiten ez dituen.
c)Gurutze Gorriarenak eta erregelamenduz zehaztuko diren gisa horretako beste entitateenak.
2.Era berean, eta eskaera aurrez aurkezturik, ondoko hauek salbuetsiko dira:
a)Erregelamenduz zehaztuko diren hazkunde moteleko espeziez landatutako mendien azalera, bere aprobetxamendu nagusia zura edo kortxoa denean, baldin eta zuhaiztiaren dentsitatea espezie horri berez dagokiona bada.
Orobat, baso berritzen edo birlandatzen diren mendien azalera, baso Administrazioak onartutako antolamendu proiektuei edo plan teknikoei jarraiki egiten bada. Paragrafo honetan aurreikusten den salbuespenak hamabost urtez iraungo du, eskaera aurkeztu ondorengo zergalditik aurrera kontatuta.
b)Eliza Katolikoarenak, Estatu Espainiarrak eta Vatikano hiriak 1979ko urtarrilaren 3an gai ekonomikoei buruz sinatutako Akordioan jasotakoaren arabera, eta legez onartuta dauden elkarte konfesional ez-katolikoenak, Konstituzioaren 16. artikuluan xedatutakoaren indarrez izenpetutako lankidetza akordioetan ezartzen den eran.
c)Indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen indarrez salbuespen hau aplikagarri duten ondasun higiezinak, eta elkarrekikotasun baldintza egonez gero, baita atzerriko gobernuenak ere, beren ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrek nahiz beren organismo ofizialek erabiltzekoak direnean.
d)Trenbideek hartutako lurrak eta lur horien gainean dauden eraikinak, baldin eta horiek geltoki edo biltegi gisa nahiz linea horiek ustiatzeko ezinbestekoa den beste edozein zerbitzutarako erabiltzen badira.
Beraz, ostalaritza establezimenduak, ikuskizunetakoak, merkataritza eta aisialdi guneak, enplegatuentzako etxebizitzak, zuzendaritzako bulegoak eta lantegiak ez dira salbuetsita egongo.
e)Monumentu izaera duten edo monumentu multzo baten parte diren ondasun higiezinak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 2. artikuluaren 2 apartatuko a) eta b) letretan jasotako moduan. Salbuespen hau kalifikatuta nahiz inbentariatuta dauden kultur ondasunei aplikatuko zaie, beti ere uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Era berean, ondasun higiezinak salbuetsita egongo dira Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 44. artikuluan aipatutako arkeologia zonetan kokaturik daudenean –zona horiek Kultur Ondasun gisa izendatuta egon behar dute eta kalifikatuak nahiz inbentariatuak izan-, baldin eta eskuhartze arkeologikoren bat bertan egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Sailak erabakitzen badu aurkitutako aztarnak bertan mantendu behar direla ezer kendu gabe eta tokiz aldatu gabe.
f)601,01 eurotik beherako oinarri ezargarria duten hiri ondasunak, eta landa ondasunen kasuan, subjektu pasibo bakoitzari Udalerrian dituen landa ondasun guztiengatik dagokion oinarri ezargarria 1.202,02 eurokoa baino txikiagoa denean.
g)Unibertsitate Publikoak bere helburuak betetzeko atxikita dauzkan ondasunak, eta hezkuntza itunetara bildutako ikastetxe pribatuenak, erabat edo zati batean itundutako ikastetxeak diren bitartean.
Apartatu honetan jasotako salbuespenak aplikatzeko, interesatuek eskaera aurkeztu behar diote aldez aurretik udal eskudunari.
Ematen diren salbuespenek eskaera egin eta ondorengo zergalditik aurrera izango dute eragina.
3.Ordenantza fiskalek hala ezartzen badute, titularitate publikoko osasun zentroen ondasunak salbuetsita gera daitezke baldin eta ondasun horiek zentroen berezko helburuak betetzeari zuzenean lotuta badaude. Salbuespen honen gainerako alderdi guztiak, eduki nahiz formazkoak, ordenantza fiskalean arautuko dira».
Hiru.5. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«5. artikulua.
1.Pertsona natural eta juridikoak eta Zergen Foru Arau Orokorrak 33. artikuluan aipatzen dituen entitateak dira, zergadun gisa, zerga honen subjektu pasiboak, beti ere zerga honen egitate ezargarria kasu bakoitzean eratzen duen eskubidearen titularrak diren bitartean.
Ondasun higiezin berean emakida-hartzaile bat baino gehiago ageri denean, kanon handiena ordaindu behar duena izango da zergadunaren ordezkoa.
2.Aurreko apartatuan xedatutakoa halaxe aplikatuko da, eta horrek ez du eragotziko subjektu pasiboak jasandako zerga kuota zuzenbide komunaren arauen arabera jasanarazi ahal izatea.
Zergaren subjektu pasibo izan gabe ondasun demanialak edo ondarezkoak kontraprestazio bidez erabiltzen dituztenei jasanaraziko diete udal entitateek zergaren kuota likido osoa.
Era berean, zergadunaren ordezkoak gainerako emakida-hartzaileen gainean jasanarazi ahal izango du haiei dagokien kuota likidoaren zatia, eta zati hori bakoitzak ordaindu behar dituen kanonen araberakoa izango da».
Lau.14. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«14. artikulua.
1.Zerga honen kuota osoa oinarri ezargarriari karga tasa aplikatzetik ateratzen den emaitza izango da.
2.Kuota likidoa kuota osotik foru arauetan jaso eta ordenantza fiskaletan onartzen diren hobariak gutxituz lortuko da.
3.Ondasun hiritarren kasuan, karga tasa 1000ko 0,4koa izango da, eta ondasun landatarren kasuan 100eko 0,3koa.
4.Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, udalek jarraian adierazten den moduan gehitu ahal izango dituzte bertan aipatzen diren karga tasak:
a)Ondasun higiezin hiritarren kasuan, bi motatakoa izan daiteke gehitutako karga tasa:
—Bata, izaera orokorrekoa, 1000ko 4ko mugaraino.
—Bestea, 1000ko 6ko muga duena, lurzoru industrial edo hirugarren sektorekoan kokatuta dauden ondasun higiezinei aplikatuko zaie dagozkien balorazio ponentzien arabera; erabilera nagusia industriala edo hirugarren sektorekoa ez duten eraikinetan kokatutakoak hortik kanpo geratzen dira.
b)Ondasun higiezin landatarren kasuan, 100eko 1,1eraino gehitu ahal izango da karga tasa.
5.Ondasun higiezinek etxebizitza erabilera dutenean eta, erregelamenduz finkatuko diren baldintzak betetzeagatik, modu iraunkorrean hutsik daudenean, udalek 100eko 50era bitarteko errekargua ezarri ahal izango dute zerga kuota likidoaren gainean. Errekargu hori, zerga honen subjektu pasiboei exijituko zaiena eta, paragrafo honetan aurreikusita ez dagoen guztian zergaren xedapen erregulatzaileen arabera arautuko dena, abenduaren 31n sortuko da, eta udalek urtero likidatuko dute ondasun higiezina hutsik dagoela behin egiaztatu ondoren. Likidazioa egoera hori aitortzen duen egintza administratiboarekin batera egingo da».
Bost. 15. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«15. artikulua.
1.Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek honako hobariak arautu ahal izango dituzte zerga kuota osoaren gainean:
a)Kuota osoaren 100eko 50etik 100eko 90era bitarteko hobaria, beti ere interesatuek obrei ekin aurretik hala eskatzen badute, honako ondasun higiezinen kasuan: Obra berrikoak nahiz haiekin parekagarri diren eraberriketakoak, urbanizazio, eraikuntza eta sustapen inmobiliarioko enpresek egiten duten jardueraren xede direnean eta haien ibilgetuaren artean ageri ez direnean. Udal erabakirik ez badago, ondasun higiezin horiei artikulu honetan aurreikusten den gehienezko hobaria aplikatuko zaie.
Hobari hau aplikatzeko epea obrak hasi ondorengo zergalditik horiek amaitu ondorengo zergaldira bitartekoa izango da, eta beti ere denbora horretan urbanizazio edo eraikuntza lanak benetan egiten badira. Epe horrek ezingo ditu inoiz hiru zergaldi gainditu.
b)Kuota osoaren 100eko 90era bitarteko hobaria, subjektu pasiboak familia ugarien titularrak direnean. Ordenantza fiskalak zehaztu egin beharko du zein ondasun mota sartzen diren hobari honetan, zein ezaugarri bete beharko dituzten, iraupena zenbatekoa izango den eta zein izango den urteko zenbatekoa; hobari honen gainerako alderdi substantibo eta formalak ere finkatu beharko ditu, beste zerga onura batzuekin bateragarri izateko baldintzak ezartzeaz gainera.
c)Kuota osoaren 100eko 50era bitarteko hobaria babes ofizialeko etxebizitza berrietarako eta, dela proiektuan dela erregistroan, haiei lotuta dauden garaje eta trastelekuetarako, beti ere behin betiko kalifikazioa eman ondoren.
2.Ordenantza fiskalek aurreko apartatuetan aipatutako hobarien alderdi substantibo eta formalak zehaztu beharko dituzte, eta beste zerga onura batzuekin bateragarri izateko baldintzak ezarri».
Sei. 17. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«17. artikulua.
1.Zerga honen egitate ezargarria eratzen duten eskubideen titularitatea zeinahi den arrazoirengatik aldatzen bada, eskubide horiei atxikitako ondasun higiezinek zerga zor osoa ordaindu beharko dute Zergen Foru Arau Orokorrak 41. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki. Ondorio horietarako, notarioek informazioa eskatuko dute eskualdatzen den ondasun higiezinari buruz, eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergan ordaindu gabeko zorrak ageri badira, agertutakoei jakinaraziko dizkiete.
2.Zergen Foru Arau Orokorrak 33. artikuluan aipatzen dituen entitateetako partaide edo titularkideek solidarioki eta nork bere partaidetzaren proportzioan erantzungo dute zerga kuotaren ordainketaz, Ondasun Higiezinen Katastroan hala inskribaturik ageri badira. Ez badira inskribaturik ageri, erantzukizuna zati berdinetan exijituko da beti».
III. KAPITULUA
ALDAKETAK JARDUERA EKONOMIKOEN
GAINEKO ZERGAN
3. artikulua.Apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailea, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratua onartzen duena, aldatzea.
Aldaketa hauek sartu dira apirilaren 29ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailean, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratua onartzekoan:
Bat. 5. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«5. artikulua.
1.Honako hauek salbuesten dira Zergatik:
a)Estatua, Euskal Autonomia Erkidegoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta udal entitateak, eta, orobat, lurralde administrazio publiko horietako organismo autonomoak nahiz antzeko izaera duten zuzenbide publikoko entitateak.
b)Beren jarduerari ekiten dioten subjektu pasiboak, jarduera garatzen duten lehen bi zergaldietan.
Ondorio horietarako, jarduera batean lehenago beste titularitate batekin aritu bada, jarduerari ez zaiola hasierarik ematen ulertuko da; zirkunstantzia hori betetzen dela joko da, besteak beste, bategiteak, zatiketak edo jarduera adarren ekarpenak egiten direnean.
c)2.000.000 eurotik beherako eragiketa bolumena duten subjektu pasiboak.
Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunei dagokienez, salbuespena lurralde espainiarrean establezimendu iraunkor bidez jarduten dutenei bakarrik aplikatuko zaie, beti ere euren eragiketa bolumena 2.000.000 eurotik beherakoa bada.
Edozein kasutan ere, salbuespena aplikatu ahal izateko, ondoko hau ezinbestekoa da: Letra honetan aipatzen den eragiketa bolumenik betetzen ez duen ezein enpresak ez edukitzea subjektu pasiboen kapitalean, dela zuzenean dela zeharka, 100eko 25etik gorako partaidetzarik, salbu eta enpresa horiek kapital-arriskuko fondo edo sozietateak edo enpresen sustapenerako sozietateak badira, hain zuzen ere, Sozietateen gaineko Zergari buruzko foru arauaren 59. eta 60. artikuluetan aipatuak hurrenez hurren, eta partaidetza hori sozietate horien xede soziala betetzeagatik sortzen bada.
Letra honetan jasotzen den salbuespena aplikatzeko, erregela hauek hartuko dira kontuan:
1.ª Subjektu pasiboaren eragiketa bolumena maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Ituna onartzekoak, 14. Artikuluaren bi apartatuan xedatutakoari jarraiki zehaztuko da.
2.ª Errenta Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboen kasuan, eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunen kasuan, eragiketa bolumena zerga honen sortzapena gertatu baino bi zergaldi lehenago lortutakoa izango da, beti ere zerga horiek aitortzeko epea sortzapenaren aurreko urtean amaitu bada.
Sozietate zibiletan eta Zergen Foru Arau Orokorrak 33. aipatzen dituen entitateetan, eragiketa bolumena zerga honen sortzapena gertatu baino bi urte lehenago lortutakoa izango da.
Zergaldia urte naturala baino txikiagoa bada, eragiketa bolumena urtearekin parekatuko da.
3.ª Eragiketa bolumena kalkulatzeko, subjektu pasiboak egindako jarduera ekonomiko guztiak hartuko dira kontuan.
Entitatea sozietate talde bateko kide bada Merkataritza Kodeak 42. artikuluan jasotakoaren arabera, lehen esandako magnitudeak talde horretako entitateen multzoari buruzkoak izango dira. Irizpide bera aplikatuko da baldin eta pertsona fisiko bat, dela bere kabuz, dela beste pertsona fisiko batzuekin batera (zuzeneko edo zeharkako ahaidetasun harreman batengatik egon daitezke hari lotuak, harreman hori odolkidetasunezkoa edo ezkontza bidezkoa izan, bigarren mailaraino, hau barne), Merkataritza Kodeak 42. artikuluan aipatutako kasuetako batean aurkitzen bada kide den beste entitate batzuei dagokienez.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan jasotzen diren kasuak, abenduaren 20ko 1815/1991 Errege Dekretuak urteko kontu bateratuak formulatzeko onartutako arauek I. kapituluaren 1. sekzioan ezarritakoak izango dira.
4.ª Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunen kasuan, lurralde espainiarrean kokatutako establezimendu iraunkorren multzoari egotzi beharrekoa izango da eragiketa bolumena.
d)Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak eta indarrean dagoen legeriaren arabera eratutako gizarte aurreikuspeneko mutualitateak.
e)Ikerkuntzako organismo publikoak, maila guztietako irakaskuntza zentroak, Estatuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Foru Aldundiaren edo udal entitateen fondoekin nahiz ongintzazkoak edo herri onurakoak izendatutako fundazioen baliabideekin osorik finantzatuak, eta, orobat, irabazi asmorik gabekoak izanik, hezkuntza-itunen erregimenean dauden ikastetxeak, beren maila guztietan, baita euren ikasleei liburu edo artikuluak eman edo mantenu erdia zein barnetegia eskaintzen dizkietenean ere, nahiz eta salbuespenez baino ez, irakasteko erabilitako tailerretan lortutako produktuak establezimenduan bertan saltzen diren, baldin eta salmentaren zenbatekoa, ezein partikular edo hirugarren batentzat erabilgarria izan gabe, soil-soilik lehengaiak erosi edo establezimenduari eusteko erabiltzen bada.
f)Gutxitu fisiko, psikiko eta sentsorialen irabazi asmorik gabeko elkarte eta fundazioak, pertsona minusbaliatuen alde irakaskuntza, hezkuntza, birgaikuntza eta tutoretza mailan egiten dituzten pedagogia, zientzia, laguntza eta enplegu jarduerengatik, baita xede horietara zuzendutako tailerretan lortutako produktuak saltzen badituzte ere, baldin eta salmenta horren zenbatekoa, ezein partikular edo hirugarren batentzat erabilgarria izan gabe, soil-soilik lehengaiak erosi edo establezimenduari eusteko erabiltzen bada.
g)martxoaren 24ko 5/1995 Foru Arauak, ekimen pribatuari interes orokorreko jardueretan parte hartzeagatik zerga pizgarriak ematekoak, jasotakoaren arabera, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan salbuespenaren zerga onura aitortua duten entitateak.
h)Elkarteen Erregistroan inskribatutako irabazi asmorik gabeko elkarteak, baldin eta udalarekin batera lankidetza jarduerak burutzeagatik bertako organo eskudunak herri onurakoak izendatu baditu.
Salbuespena elkarte horien berezko zeregin diren eta gutxieneko udal kuotarekin zergapetzen diren jarduerei aplikatuko zaie.
i)Salbuespena nazioarteko itun edo hitzarmenen indarrez aplikagarri duten subjektu pasiboak.
2. Artikulu honen 1 apartatuko b) e), f) eta h) letretan jasotzen diren salbuespenek erreguzko izaera izango dute, eta interesatuak eskatuta emango dira, hala badagokio».
Bi. 7. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«7. artikulua.
Zerga kuota Zergaren tarifak foru arau honetan eta berau osatu eta garatzen duten xedapenetan jasotakoari jarraiki aplikatzetik eta, kasua balitz, foru arau honen 11. artikuluan aurreikusitako koefizienteak eta indizea nahiz foru arauetan ezarri, udalek erabaki eta ordenantza fiskaletan arautzen diren hobariak aplikatzetik aterako da».
Hiru. 8. artikuluaren 2 apartatua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«2. Aipatutako foru errekargua Zergaren araudian jasota dauden kasu eta subjektu pasibo berberei exijituko zaie, eta portzentaje bakarra izango da beti, foru arau honen 11.1 artikuluan aipatutako ponderazio koefizientea aplikatzeagatik aldatutako gutxieneko udal kuotei ezarriko zaiena. Bere tasa ez da inoiz 100eko 40koa baino handiagoa izango».
Lau. 9. artikuluaren 2 apartatua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«2. Foru arau honen 15.1 artikuluan xedatutakoa hala izanik ere, Foru Aldundiari dagokio Zergaren tarifetan finkatzen diren kuota probintzial eta bereziak ordainaraztea, eta azken hauek izango dira jarduera probintzia batean baino gehiagotan egiteko ahalmena emango dutenak.
Adierazitako kuota probintzial eta berezi horiei ezin izango zaie aplikatu ez foru arau honen 8. artikuluan araututako foru errekargua, ez eta foru arau honek 11. artikuluaren 2 eta 3 apartatuetan hurrenez hurren aipatzen dituen koefiziente bakarra edo kokapen indizea ere».
Bost. 11. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«11. artikulua.
1.Udalek ahalmena izango dute Zergaren Tarifetan finkatutako gutxieneko udal kuotak gehitzeko, subjektu pasiboaren eragiketa bolumenaren arabera zehaztuko den ponderazio koefiziente bat aplikatuz.
Zergaren tarifetan finkatutako kuota probintzialei eta estatuko kuota bereziei, beti ere, ondoko paragrafoan aipatutako taula aplikatuta ateratzen den ponderazio koefizientea.
Koefiziente hori taula honen arabera zehaztuko da:
|
Eragiketa bolumena (eurotan) |
Koefizientea |
|
2.000.000,00 eta 6.000.000,00 euro bitartean |
1,20 |
|
6.000.000,01 eta 10.000.000,00 euro bitartean |
1,22 |
|
10.000.000,01 eta 50.000.000,00 euro bitartean |
1,24 |
|
50.000.000,01 eta 100.000.000,00 euro bitartean |
1,27 |
|
100.000.000,00 euro baino gehiago |
1,30 |
|
Eragiketa bolumenik gabe |
1,25 |
Apartatu honetan aipatzen den koefizientea aplikatzearen ondorioetarako, eragiketa bolumena subjektu pasiboak egindako jarduera ekonomiko guztiei dagokiena izango da, eta foru arau honek 5.1.c) artikuluan dioen eran kalkulatuko da.
2.Zergaren Tarifetan finkatutako gutxieneko kuotak edo, kasua balitz, aurreko apartatuan esandako koefizientea aplikatzeagatik aldatutako kuotak udalek gehitu ahal izango dituzte udalerri bakoitzean egindako jarduera guztietarako balioko duen koefiziente bakar bat haien gainean aplikatuz. Koefiziente hori ezingo da izan 0,8 baino txikiagoa, ezta 2,2 baino handiagoa ere.
3.Aurreko apartatuetan arautzen diren koefizientez gain, udalek indize-eskala bat ezarri ahal izango dute gutxieneko kuoten gainean edo, kasua balitz, lehen esandako koefizienteak aplikatuta aldatutako kuoten gainean, eta eskala horrek lokalak udalerriaren barruan duen kokapen fisikoa ponderatuko du, kokatuta dagoen kalearen kategoria kontuan hartuz. Eskala horren gutxieneko indizea ezingo da 0,5etik beherakoa izan, eta gehienezko indizea ez da inoiz 2tik gorakoa izango.
Indize-eskala hori finkatzen ez den udalerrietan, 0,5eko indizea aplikatuko da beti».
Sei. 12. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«12. artikulua.
1.Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek honako hobariak egin ahal izango dituzte:
a)maiatzaren 22ko 2/1997 Foru Arauak, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoak, kooperatibei, horien elkarte, federazio eta konfederazioei eta eraldaketarako nekazaritza sozietateei aplikatzeko jasotzen duen hobaria.
b)Kuotaren 100eko 50era bitarteko hobaria, jarduera garatu den bigarren zergaldia amaitu ondorengo lehen bost urteetan, edozein jarduera ekonomiko hasi eta gutxieneko udal kuota ordaintzen dutenentzat.
Hobaria aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da jarduera ekonomikoan lehenago beste titularitate batekin aritu ez izana. Jarduera ekonomikoan lehenago beste titularitate batekin aritu dela ulertuko da, besteak beste, bategiteak, zatiketak edo jarduera adarren ekarpenak egiten direnean.
Hobaria aplikatzeko epea foru arau honen 5.1.b) artikuluan jasotzen den salbuespena amaitu eta bost urte igaro ondoren iraungiko da.
c)Kuotaren 100eko 50era bitarteko hobaria enplegua sortzen duten subjektu pasiboentzat, baldin eta udal kuota ordaintzeaz gainera, hobaria aplikatu aurreko lehen zergaldian kontratu mugagabea duten langile kopuruaren batez bestekoa aurreko zergaldiaren aldean gehitu badute.
Ordenantza fiskalak hobari portzentaje desberdinak ezarri ahal izango ditu kontratu mugagabea duten langile kopuruaren batez besteko gehikuntza aintzat harturik, baina beti ere aurreko paragrafoan finkatu den gehienezko muga gainditu gabe.
d)Kuotaren 100eko 50era bitarteko hobaria, udal kuota ordaintzen duten subjektu pasiboentzat, baldintza hauek betetzen dituztenean:
—Energia erabili edo ekoiztea energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioetatik edo kogenerazio sistemetatik abiatuta.
Ondorio horietarako, energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioak Energia Berriztagarriak Sustatzeko Planean jaso eta halakotzat definitzen direnak dira. Kogenerazio sistemak, elektrizitatea eta energia termiko erabilgarria aldi berean ekoizteko balio duten ekipo edo instalazioak dira.
—Beren industri jarduerak udalerriko gune jendeztatuenetik urrun dauden lokal edo instalazioetan egitea, dela jarduera hasten dutenetik, dela jarduera tokiz aldatzen dutenean.
—Langileei zuzendutako garraio plan bat ezartzea lanpostura joateak dakarren energia kontsumoa eta sortutako isuriak murrizteko, eta garraiobiderik eraginkorrenen erabilpena, garraio publikoarena edo partekatuarena kasu, sustatzeko.
e)Kuotaren 100eko 50era bitarteko hobaria, subjektu pasiboek gutxieneko udal kuota ordaintzen dutenean eta hobaria aplikatu aurreko lehen zergaldian jardueratik lortu duten errenta edo etekin garbia negatiboa edo ordenantza fiskalak ezartzen duen zenbatekoa baino txikiagoa denean. Ordenantza fiskal horrek hobari portzentaje eta muga desberdinak finkatu ahal izango ditu egindako jarduera ekonomikoa zergaren tarifetako zein multzo, sail edo taldetan sailkatuta dagoen kontuan izanik.
2.Aurreko 1 apartatuko b) letran aurreikusten den hobaria zerga kuotari aplikatuko zaio beti, eta kuota hori ondoko hauek osatuko dute: Tarifaren kuotak eta, hala badagokio, foru arau honen 11. artikuluan jasotako koefizienteak eta indizea aplikatzeagatik aldatutakoak. Aurreko 1 apartatuko a) letran aipatu den hobaria aplikagarri gertatzen bada, aurreko apartatuko b) letrako hobaria aurreko 1 apartatuko a) letran aipatutako hobaria aplikatzetik ateratzen den kuotari aplikatuko zaio.
Aurreko 1 apartatuko a) eta b) letretan aipatzen diren hobariak aplikatzea bidezkoa bada, hortik ateratzen den kuotari aurreko 1 apartatuko c) letran jasotako hobaria aplikatuko zaio.
Aurreko 1 apartatuko a), b) eta c) letretan aipatzen diren hobariak aplikatzea bidezkoa bada, hortik ateratzen den kuotari aurreko 1 apartatuko d) letran jasotako hobaria aplikatuko zaio.
Aurreko 1 apartatuko a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren hobariak aplikatzea bidezkoa bada, hortik ateratzen den kuotari aurreko 1 apartatuko e) letran jasotako hobaria aplikatuko zaio.
3.Aurreko 1 eta 2 apartatuetan xedatutakoarekin zer ikusirik duten gainerako alderdi sustantibo eta formalak dagokion ordenantza fiskalak zehaztuko ditu.
Besteak beste, ordenantza fiskalak ezarri ahal izango du hobari horiek guztiak edo horietako batzuk aldi berean aplika daitezkeen edo ez».
Zazpi. Aldaketak sartu dira 14. artikuluaren 2 apartatuan, eta honela geratu da idatzita:
«2. Subjektu pasiboek behar diren zentsu aitorpenak aurkeztu beharko dituzte alta hartzeari begira, eta horretarako beharrezko datuak adieraziko dituzte matrikulan sartzearren, aurreko apartatuan adierazitako eran eta erregelamenduz ezarriko den epearen barruan. Horren ondoren, Administrazio eskudunak bidezko likidazioa egingo du, eta subjektu pasiboari jakinaraziko dio dagokion ordainketa egin dezan.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa hala izanik ere, foru arau honek 5.1 artikuluko a), d), g) eta i) letretan aipatzen dituen subjektu pasiboek ez dute altako zentsu aitorpenik aurkeztu beharrik izango.
Era berean, zergapetutako jardueretan aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoren bat gertatzen bada eta horiek zerga honen ondorioetarako garrantzitsuak badira, subjektu pasiboek horien berri eman beharko dute erregelamenduz finkatuko diren epe eta moduetan».
Zortzi. 14 bis artikulu berria sartu da. Hona hemen bere testua:
«14 bis artikulua.
1.Foru arau honen 5.1.c) artikuluan aurreikusitako salbuespena aplikatzearen ondorioetarako, honako hau hartuko da kontuan: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek ez badute zerga horien aitorpenik Gipuzkoako Lurralde Historikoan aurkezten, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga kudeatzen duen organo eskudunari komunikazio bat helarazi beharko diote adierazita utzita esandako letrak salbuespena aplikatzeko ezartzen dituen baldintzak bete egiten direla. Obligazio hori aplikagarria izango da, halaber, sozietate zibiletako eta Zergen Foru Arau Orokorrak 33. artikuluan aipatzen dituen entitateetako bazkide, oinordeko, komunero edo partaideentzat.
Ondorio horietarako, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak erabakiko du zein izango den komunikazio horren edukia, eta nola eta zein epetan aurkeztu beharko den, bi telematikoz zein kasutan aurkeztu ahal izango den ere finkatuko duelarik.
2.Aurreko apartatuan aipatu diren subjektu pasiboek beren eragiketa bolumena jakinarazi beharko diote Ogasun eta Finantza Departamentuari. Era berean, eragiketa bolumenean aldaketak gertatzen badira, subjektu pasiboek horien berri eman beharko dute haiek dakarten ondorioa foru arau honen 5.1.c) artikuluan aurreikusitako salbuespena aplikatzea edo ez aplikatzea denean, edota, foru arau honen 11.1 artikuluan aipatutako ponderazio koefiziente aplikatzearen ondorioetarako kontuan hartu behar den tartean aldaketak eragiten badira. Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak erabakiko du zein kasutan aurkeztu beharko diren komunikazio horiek, zein eduki izango duten, eta nola eta zein epetan aurkeztuko diren; era berean, bide telematikoz zein kasutan aurkeztuko diren ere finkatuko du».
IV. KAPITULUA
ALDAKETAK TRAKZIO MEKANIKODUN IBILGAILUEN GAINEKO ZERGAN.
4. artikulua.Uztailaren 5eko 14/1989 Foru Araua, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergarena, aldatzea.
Aldaketa hauek sartu dira Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauan:
Bat. 2. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«2. artikulua.
1.Ondoko hauek daude Zergatik salbuetsita:
a)Estatuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako udal entitateen ibilgailu ofizialak, defentsari edo herritarren segurtasunari atxikita badaude.
b)Ordezkaritza diplomatikoen ibilgailuak, bulego kontsularrenak, eta atzerriko agente diplomatiko eta kreditatuta dauden karrerako funtzionario kontsularrenak, kanpoaldetik identifikatuta badaude eta mailan eta hedaduran elkarrekikotasun baldintza betetzen bada.
Baita ere, Espainiako Estatuan egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen ibilgailuak eta beren funtzionario edo kideenak, hauek estatutu diplomatikoa dutenean.
c)Nazioarteko itun edo hitzarmenen ondorioz salbuestekoak diren ibilgailuak.
d)Anbulantziak eta osasun laguntzarako nahiz zauritu edo gaixoak garraiatzeko erabiltzen diren gainerako ibilgailuak.
e)Mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako ibilgailuak, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, II. eranskinaren A letran aipatuak.
Era berean, salbuetsita egongo dira minusbaliatuen izenean matrikulatutako ibilgailuak, pertsona horiek soilik erabiltzekoak direnean. Salbuespen hau zirkunstantzia horiek betetzen diren artean aplikatuko da, pertsona ezinduek gidatutako ibilgailuak izan nahiz horiek garraiatzeko ibilgailuak izan.
Aurreko bi paragrafoetan aipatutako salbuespenak ibilgailu batengatik bakarrik izango zaizkie aplikagarriak horien onuradun diren subjektu pasiboei.
Letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, legez 100eko 33ko edo hortik gorako minusbaliotasun maila dutenak izango dira pertsona minusbaliatuak.
f)Autobusak, mikrobusak eta hiri garraio publikoari atxikita dauden gainerako ibilgailuak, plaza kopurua, gidariarena barne, bederatzitik gorakoa denean.
g)Traktoreak, atoiak, erdi-atoiak eta makineria, Nekazaritza Ikuskaritzaren Kartilaz hornituta daudenean.
2. Artikulu honen 1 apartatuko e) eta g) letretan aipatzen diren salbuespenak aplikatu ahal izateko, interesatuek eskatu egin beharko dituzte ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren zergatia adieraziz. Udal Administrazioak salbuespena onartu ondoren, berau eman dela egiaztatzen duen agiria luzatuko du.
Aurreko 1 apartatuko e) letraren bigarren paragrafoan aurreikusitako salbuespenari dagokionez, interesatuak minusbaliotasunaren frogagiria aurkeztu beharko dio zerga ezartzen duen udalari, organo eskudunak emana beti, eta ibilgailuaren erabilera haren aurrean justifikatu; hori guztia udalak dagokion ordenantza fiskalean ezarriko duen eran egingo da».
Bi. Aldaketak sartu dira 4. artikuluaren 3 apartatuan, eta honela geratu da idatzita:
«3. Udalek artikulu honen 1 apartatuan finkatutako kuotak gehitu ahal izango dituzte haien gainean gehienez ere 2,2ko koefizientea aplikatuz.
Era berean, udalek koefiziente bat finkatu ahal izango dute artikulu honen 1 apartatuan jasotako tarifen taulan ageri den ibilgailu mota bakoitzerako, hain zuzen ere, ibilgailu mota bakoitzean finkatutako tarte bakoitzerako desberdina izan daitekeena, baina beti ere aurreko paragrafoan finkatutako gehienezko muga inoiz ere gainditu gabe».
Hiru. Aldaketak sartu dira 4. artikuluaren 5 apartatuan, eta honela geratu da idatzita:
«5. Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek honako hobariak arautu ahal izango dituzte zerga kuotaren gainean, koefizienteak aplikatzeagatik gehitutako kuota izan edo ez:
a)100eko 75era bitarteko hobaria, ibilgailuak kontsumitzen duen karburante motaren arabera, karburante horren errekuntzak ingurugiroan duen eragina aintzat harturik.
b)100eko 75era bitarteko hobaria, ibilgailuen motoreen ezaugarrien arabera eta horiek ingurugiroan duten eraginaren arabera.
c)100eko 100era bitarteko hobaria, ibilgailu historikoetarako edo fabrikazio egunetik kontatuta gutxienez hogeita bost urteko antzinatasuna duten ibilgailuetarako. Fabrikazio eguna ez bada ezagutzen, lehen matrikulazio eguna hartuko da halakotzat edo, bestela, ibilgailu mota edo aldaera fabrikatzeari utzi zitzaion eguna.
Aurreko letretan aipatutako hobarien gainerako alderdi substantibo eta formalak ordenantza fiskalean arautuko dira».
Lau. 8. artikuluaren 2 apartatua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«2. Ibilgailuen titularrek Trafiko Buruzagitzari haien erreformaren berri ematen diotenean, Zerga honen eraginetarako duten sailkapena aldatzen bada betiere, eta orobat, ibilgailuak transferitu, zirkulazio baimenean ageri den helbidea aldatu edo horiei baja ematen dietenean, zergaren azken ordainagiria ordaindu izana frogatu beharko diote aurrez Trafiko Buruzagitzari. Horrek ez du eragotziko, dena den, kontzeptu horregatik sortu, likidatu, kobrantzara aurkeztu eta preskribitu ez diren zor guztien ordainketa kudeaketa eta ikuskaritza organoen bitartez exijitu ahal izatea. Hamabost urteko edo hortik gorako antzinatasuna duten ibilgailuen behin betiko bajak ordainketa frogatzeko obligaziotik kanpo geratzen dira».
V. KAPITULUA
ALDAKETAK ERAIKUNTZA, INSTALAZIO ETA
OBREN GAINEKO ZERGAN
5. artikulua.Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Araua aldatzea.
Aldaketa hauek sartu dira Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauan:
Bat. 2. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«2. artikulua.
1.Eraikuntza, instalazio edo obraren jabe diren pertsona fisiko, pertsona juridiko eta Zergen Foru Arau Orokorrak 33. artikuluan aipatzen dituen entitateak dira, zergadun gisa, Zerga honen subjektu pasiboak, horiek egiten diren ondasun higiezinaren titularrak izan edo ez.
Aurreko paragrafoan ezarritakoaren ondorioetarako, lanek sortarazten dituzten gastuak edo kostua jasaten dituena izango da eraikuntza, instalazio edo obraren jabea.
2.Eraikuntza, instalazio edo obra subjektu pasibo zergadunak egiten ez duenean, beharrezko lizentziak eskatu edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat hartuko dira.
Ordezkoak zergadunari exijitu ahal izango dio ordaindutako zerga kuotaren zenbatekoa».
Bi. Aldaketak sartu dira 3. artikuluaren 1 apartatuan, eta honela geratu da idatzita:
«1. Eraikuntza, instalazio edo obraren benetako kostuak eratzen du Zergaren oinarri ezargarria; ondorio horietarako, kostu hori eraikuntza, instalazio edo obra gauzatzeko kostu materiala dela jotzen da.
Oinarri ezargarritik kanpo geratzen dira Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta erregimen berezietako antzeko beste zergak, eraikuntza, instalazio edo obrekin lotuta egon litezkeen tasa, prezio publiko eta udal mailako gainerako ondare-prestazioak, eta, orobat, profesionalen ordainsariak, kontratistaren mozkin enpresariala eta hertsi-hertsian exekuzioaren kostu materiala osatzen ez duten bestelako kontzeptuak».
Hiru. 4. artikuluari beste apartatu bat gehitu zaio, 5.a, eta honela dio:
«5. Udalek zerga hau eta lizentzia emateko tasa modu bateratu eta koordinatuan kudeatzeko sistemak ezarri ahal izango dituzte beren ordenantza fiskaletan».
Lau. 5. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«5. artikulua.
1.Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek honako hobariak arautu ahal izango dituzte beren ordenantza fiskaletan zerga kuotaren gainean:
a)100eko 95era bitarteko hobaria, eraikuntzak, instalazioak edo obrak interes berezikoak edo udal onurakoak izendatuta daudenean zirkunstantzia sozial, kultural edo historiko-artistikoak izateagatik edo enplegua sustatzeko baliagarriak gertatzeagatik. Izendapena Udal Batzarrak onartu beharko du, eta subjektu pasiboak eskatuta erabakiko da, batzarkideen gehiengo soilaren aldeko botoekin.
b)100eko 95era bitarteko hobaria, baldin eta eraikuntza, instalazio edo obretan eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikoa ahalbidetzen duten sistemak ezartzen badira autokontsumoari begira. Dena den, hobari hau aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da beroa sortzeko instalazioak Administrazio eskudunak homologatutako kolektoreekin hornituta egotea.
c)100eko 50era bitarteko hobaria, eraikuntza, instalazio edo obrak azpiegituretan inbertsio pribatuak sustatzeko planekin lotuta daudenean.
d)100eko 50era bitarteko hobaria, babes ofizialeko etxebizitzekin zer ikusia duten eraikuntza, instalazio edo obrak direnean.
e)100eko 90era bitarteko hobaria, eraikuntza, instalazio edo obrek pertsona ezinduen irisgarritasun eta habitagarritasun baldintzak errazten dituztenean.
2.Aurreko 1 apartatuko a) letran aipatzen den hobaria aplikatzea bidezkoa bada, hortik ateratzen den kuotari aurreko 1 apartatuko b) letran jasotako hobaria aplikatuko zaio.
Aurreko 1 apartatuko a) eta b) letretan aipatzen diren hobariak aplikatzea bidezkoa bada, hortik ateratzen den kuotari aurreko 1 apartatuko c) letran jasotako hobaria aplikatuko zaio.
Aurreko 1 apartatuko a), b) eta c) letretan aipatzen diren hobariak aplikatzea bidezkoa bada, hortik ateratzen den kuotari aurreko 1 apartatuko d) letran jasotako hobaria aplikatuko zaio.
Aurreko 1 apartatuko a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren hobariak aplikatzea bidezkoa bada, hortik ateratzen den kuotari aurreko 1 apartatuko e) letran jasotako hobaria aplikatuko zaio.
Artikulu honetan aipatzen diren hobarien gainerako alderdi substantibo eta formalak ordenantza fiskalean arautuko dira. Besteak beste, ordenantza fiskalak ezarri ahal izango du hobari horiek guztiak edo horietako batzuk aldi berean aplika daitezkeen edo ez».
VI. KAPITULUA
ALDAKETAK HIRI-LURREN BALIO GEHIKUNTZAREN GAINEKO ZERGAN
6. artikulua.Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 16/1989 Foru Araua aldatzea.
Aldaketa hauek sartu dira Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauan:
Bat. 1. artikuluaren 2 apartatua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«2. Ondoko hauek ez dira Zergari lotuta egongo:
a)Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ondorioetarako landalurtzat hartzen diren lurren balio gehikuntza. Beraz, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ondorioetarako hirilurtzat hartzen diren lurren balio gehikuntza zergari lotuta egongo da, Katastroan edo Zergaren Erroldan halakotzat ageri edo ez.
b)Hiri-lurren balio gehikuntza, baldin eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak VIII. tituluaren X. kapituluan araututako erregimen berezia aplikagarria zaien eragiketetatik eratorritako eskualdaketen ondorioz gertatu bada. Aipatutako foru arauak 101. artikuluan jasotakoaren arabera ematen diren lurren gaineko eragiketak hortik kanpo geratzen dira, lurrak jarduera adar batean sartuta ez daudenean.
Aipaturiko lurrak geroago eskualdatzen badira, VIII. tituluaren X. kapituluan jasotako eragiketetatik eratorritako eskualdaketak ez du etengo balio gehikuntza sortu duen urte kopurua.
c)Ezkontideek ezkontza sozietateari ondasun eta eskubideen ekarpenak egitea, ekarpen horien ordainetan ezkontideei ondasun eta eskubideak modu egiaztatuan esleitzea, eta ezkontideei beren hartzeko komunen ordainetan eskualdaketak egitea.
Ez da zergarekiko loturarik izango, halaber, ondasun higiezinak ezkontideen artean edo seme-alaben alde eskualdatzen direnean, baldin eta ezkontza baliogabetu edo senar-emazteak banandu edo dibortziatzean emandako sententziak betetzearen ondorio badira, ezkontzako erregimen ekonomikoa zeinahi dela ere».
Bi. 2. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«2. artikulua.
1.Balio gehikuntzak zerga honetatik salbuetsiko dira egintza hauen ondorio direnean:
a)Zortasun eskubideak eratu eta eskualdatzea.
b)Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenak, 4.2.e) artikuluan aurreikusten duen salbuespena aplikagarri duten ondasunak eskualdatzea, baldin eta haien jabeek edo eskubide errealen titularrek frogaturik uzten badute ondasun higiezin horiek artatu, hobetu edo birgaitzeko obrak euren kontura egin dituztela. Ondorio horietarako, ordenantza fiskalak salbuespenaren alderdi substantibo eta formalak ezarriko ditu.
2.Era berean, balio gehikuntzak salbuetsita egongo dira zerga ordaintzera behartuta dauden pertsona edo entitateak ondoko hauek direnean:
a)Estatua, Euskal Autonomia Erkidegoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta, orobat, lurralde administrazio publiko horietako organismo autonomoak nahiz antzeko izaera duten zuzenbide publikoko entitateak.
b)Zerga ezartzen duen udalerria, udalerri horren parte diren edo izan daitezkeen gainerako udal entitateak, eta lurralde administrazio publiko horietako organismo autonomoak nahiz antzeko izaera duten zuzenbide publikoko entitateak.
c)Ongintzako edo ongintza-irakaskuntzako kalifikazioa duten erakundeak.
d)Gizarte Segurantzaren entitate kudeatzaileak eta indarrean dagoen legeriaren arabera eratutako gizarte aurreikuspeneko mutualitateak.
e)Emakida administratibo itzulgarrien titularrak, emakidei atxikitako lurrei dagokienez.
f)Gurutze Gorria eta beronekin pareka daitezkeen beste entitateak, erregelamenduz zehaztuko direnak.
g)Salbuespena nazioarteko itun edo hitzarmenetan aitortua duten pertsona edo entitateak».
Hiru. 4. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«4. artikulua.
1.Lurren balioak sortzapenaren unean ageri duen eta gehienez ere hogei urtetan izan duen gehikuntzak eratzen du zerga honen oinarri ezargarria.
Oinarri ezargarria kalkulatzeko, kontuan hartuko da lurrak sortzapenaren unean duen balioa, artikulu honen 2 apartatuan jasotakoaren arabera, eta 3 apartatuaren arabera hari dagokion portzentajea.
2.Lurrak sortzapenaren unean duen balioa zehazteko, ondoko erregelak aplikatuko dira:
a)Lurrak eskualdatzen direnean, sortzapenaren unean duten balioa Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ondorioetarako une horretan finkaturik dutena izango da.
Nolanahi ere, balio hori ponentzia onartu ondoren onartutako antolamenduko aldaketak jasotzen ez dituen balio-ponentzia baten ondorioz kalkulatu denean, zerga hori behin-behingoz onartu ahal izango da. Halakoetan, behin betiko likidazioan lursailen balioa aplikatuko da. Balio hori dagozkion balorazio-prozedurei jarraiki kalkulatuko da, zerga sortu den eguna erreferentziatzat hartuta.
Lursaila, hiritarra izanik ere, zerga sortzeko garaian katastroko baliorik zehaztu gabe badu, Udalak katastroko balio hori zehaztean egin ahal izango du likidazioa, eta, balio hori kalkulatzeko, zerga sortzen den unea hartuko da oinarritzat».
b)Jabaria mugatzen duten gozamen eskubide errealak eratu eta eskualdatzen direnean, artikulu honen 3 apartatuan jasotzen diren urteko portzentajeak aurreko letran definitutako balioaren zatiari aplikatuko zaizkio, betiere Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren ondorioetarako eskubide horiek kalkulatzeko finkatutako arauak aplikatzetik ateratzen den portzentajearen arabera.
c)Eraikin edo lur baten gainean solairu bat edo gehiago eraikitzeko eskubidea, edo lur azpian azalera eskubide errealik sortu gabe eraikitzeko eskubidea eratu edo eskualdatzen denean, artikulu honen 3. apartatuan jasotzen diren urteko portzentajeak a) letran definitutako balioaren zatiari aplikatuko zaizkio eskualdaketa-eskrituran finkaturiko proportzionaltasun moduluaren arabera, edo bestela, lur gainean edo lur azpian eraikiko diren solairuen azalera edo bolumena eta haiek behin eraikiz gero eraikitako azalera edo bolumen osoaren arteko proportzioaren arabera.
d)Nahitaezko desjabetzapenetan, artikulu honen 3 apartatuan jasotzen diren urteko portzentajeak lurraren balioari berez dagokion balio justuaren zatiari aplikatuko zaizkio, non eta aurreko a) letran definitutako balioa ez den txikiagoa, kasu horretan, azken hau erabiliko baita, ez balio justua.
3.Lurrak sortzapenaren unean duen balioa aurreko 2 apartatuan ezarritakoaren arabera kalkulatu ondoren, udal bakoitzak erabakiko duen urteko portzentajea aplikatuko zaio. Portzentaje horrek ezingo ditu muga hauek gainditu:
a)Bat eta bost urte bitartean: 3,6.
b)Hamar urte bitartean: 3,4.
c)Hamabost urte bitartean: 3,1.
d)Hogei urte bitartean: 2,9.
Portzentajea zehazteko, erregela hauek aplikatuko dira:
Lehena: Zergari lotutako eragiketa bakoitzaren balio gehikuntza, gehikuntza hori agerian jarri den urte kopururako udalak finkatutako urteko portzentajearen arabera zehaztuko da.
Bigarrena: Sortzapenaren unean lurrak duen balioari zein portzentaje aplikatuko zaion kalkulatzeko, kasu bakoitzari aplikagarri zaion urteko portzentajea balio gehikuntza agerian jarri den urte kopuruarekin biderkatuko da.
Hirugarrena: Eragiketa bakoitzari aplikagarri zaion urteko portzentajea lehen erregelaren arabera zehazteko, eta urteko portzentaje hori zenbat urterekin biderkatu behar den bigarren erregelaren arabera jakiteko, balio gehikuntzaren sorreraldia eratzen duten urte osoak bakarrik hartuko dira kontuan, eta sorreraldiko urte zatiak ezingo dira ondorio horietarako aintzat hartu».
Lau. 5. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:
«5. artikulua.
1.Zergaren karga tasa udal bakoitzak finkatuko du, eta tasa hori ez da inoiz 100eko 10etik gorakoa izango.
Udalek, aurreko paragrafoan adierazitako mugaren barruan beti, karga tasa bakarra finkatu ahal izango dute, edo bestela tasa bana ezarri aurreko artikuluaren 3 apartatuan adierazitako balio gehikuntzaren sorreraldi bakoitzerako.
2.Zergaren kuota osoa oinarri ezargarriari karga tasa aplikatzetik ateratzen den emaitza izango da.
3.Zergaren kuota likidoa kuota osoari hurrengo apartatuko hobaria bere kasuan aplikatzetik ateratzen den emaitza izango da.
4.Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek 100eko 95era bitarteko hobaria aplikatu ahal izango diote beren ordenantza fiskaletan zerga kuota osoari lurren eskualdaketetan eta jabaria mugatzen duten gozamen eskubide errealen eskualdaketa edo eraketatan, beti ere kostu gabeko eraketa edo eskualdaketak badira eta ondorengo ahaideen, adoptatuen, ezkontideen, aurreko ahaideen edo adoptatzaileen alde egiten badira heriotza dela-eta.
Aurreko paragrafoan aipatutako hobariaren gainerako alderdi substantibo eta formalak ordenantza fiskalean arautuko dira».
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehen xedapen gehigarria. Gipuzkoako udalerriek jaso beharreko diru konpentsazioa.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratuak 5.1 artikuluko c) letran ezarritako salbuespenaren ondorioz udalek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izango duten bilketa txikiagoari aurre egiteko Herri Finantzen Euskal Kontseiluak erabakitako diru konpentsazioa Kontseilu horretan onartutako moduan egingo da.
Herri Finantzen Euskal Kontseiluak xedatutakoagatik Gipuzkoako Lurralde Historikoari dagokion diru konpentsazioa Foru Aldundiaren kontura joango da oso-osorik.
Bigarren xedapen gehigarria. «Behargin kopurua» eta «lokalen azalera» elementu tributarioak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan.
1.Apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratua onartzen duenak, aurreikusten duen tarifaren kuota, besteak beste, «behargin kopurua» elementu tributarioak eratzen duenean eta elementu hori behargin bakoitzagatik ordaindu beharreko zenbateko finko bat denean, elementu tributario horri dagokion kuotaren zatia ez da aplikatuko.
2.»Lokalen azalera» elementu tributarioa zehaztearen ondorioetarako, jarraian aipatzen diren azalerak ez dira konputatuko, eta gainera zergapetutako jarduerari zuzenean atxikitako elementuen azaleratik kendu ahal izango dira:
—Subjektu pasiboaren langile edo bezeroen seme-alabak zaintzeko erabilitako azalera.
—Subjektu pasiboaren langileen jarduera soziokulturaletarako erabilitako azalera.
Letra honetan xedatutakoa aplikagarria izango da, baita ere, Zergaren tarifek kuotak kalkulatzeko espresuki kontuan hartzen duten elementu tributarioa jarduerak burutzen diren lokalen azalera bada, metro karratutan konputatua.
Letra honetan xedatutakoaren arabera kendu daitekeen azalerak ez du inoiz zergapetutako jarduerari zuzenean atxikitako elementuen azalera konputagarriaren 100eko 10 gaindituko.
3.Subjektu pasiboek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarekiko duten egoera eraginda gertatzen bada aurreko 2 zenbakian ezarritako aldaketa dela-eta, bidezko aitorpena aurkeztu beharko dute azaroaren 19ko 80/1991 Foru Dekretuak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kudeaketari buruzko zenbait alderdi arautzekoak, 6. artikuluan jasotako eran.
Hirugarren xedapen gehigarria. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifak eta instrukzioa.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifak eta instrukzioa, apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen bidez onartuak, ondorengo aldaketekin jarraituko dira aplikatzen, foru arau honen bigarren xedapen gehigarrian eta xedapen indargabetzailearen 1 apartatuko a) eta b) letretan xedatutakoa eragotzi gabe:
a) Aldaketak sartu dira apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak onartutako tarifetako lehen sekzioaren 069 taldean, eta honela geratu da idatzita:
«069 taldea. Bestelako abeltzaintza ustiapenak.
66,95 euroko kuota.
Oharra: Talde honek multzo honetan zehaztu ez diren abeltzaintza ustiapenak hartzen ditu barne, hala nola, zetar-hazkuntza, larrugintzarako animalien hazkuntza, ehizaren gatibu hazkuntza, laborategiko animalien hazkuntza, barraskiloena, etab».
b)Aldaketak sartu dira apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak onartutako tarifetako lehen sekzioaren 761 taldean, eta honela geratu da idatzita:
«761 taldea. Telefono zerbitzuak.
761.1 epigrafea. Telefonia finkoa zerbitzua.
Kuota:
Gutxieneko udal kuota:
—1.000 abonatu edo frakzio bakoitzeko: 62,20 euro.
Kuota probintziala:
—1.000 abonatu edo frakzio bakoitzeko: 137,48 euro.
Estatuko kuota berezia:
—1.000 abonatu edo frakzio bakoitzeko: 137,48 euro.
761.2 epigrafea. Telefonia mugikorreko zerbitzua.
Kuota probintziala:
—1.000 abonatu edo frakzio bakoitzeko: 632,11 euro.
—Antena bakoitzeko: 649,16 euro.
Estatuko kuota berezia:
—1.000 abonatu edo frakzio bakoitzeko: 632,11 euro.
—Antena bakoitzeko: 649,16 euro.
Oharrak:
1.ª Abonatu kopurua kalkulatzeko, telefonia mugikorreko operadore bakoitzak dituen bezero guztiak hartuko dira.
2.ª Telefonia mugikorreko antena telefonia mugikorreko sistema bat bere modalitate guztietan osatzen duten irradiatze ekipo eta sistemen multzoak eratzen duela joko da (horiei eutsi eta hartzeko beharrezkoak diren azpiegitura elementuak barne), zerbitzu horren abonatuei operadorearen sarera eta beronen zerbitzuetara sartzeko bide ematen dienean. Ondorio horietarako, 10 watt-etik gorako Ageriko Potentzia Irradiatua duten telefonia mugikorreko antenak baino ez dira aintzat hartuko».
c)Aldaketak sartu dira apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak onartutako tarifetako lehen sekzioaren 912 taldean. Izenburua eta oharra aldatu zaizkio, eta honela geratu dira idatzita:
«912 taldea. Baso zerbitzuak eta arrantza eta akuikulturari lotutako zerbitzuak.
«Oharra: Talde honek ustiapenen titularrak ez diren pertsona edo entitateek normalean ustiategian bertan egiten dituzten baso zerbitzuak hartzen ditu barne, hala nola izurrien aurkako borroka, suteen aurkako defentsa, etab., bai eta arrantza eta akuikulturari lotutako zerbitzuak ere ustiapenen titularrak ez diren pertsona edo entitateek egiten dituztenean».
d)apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak onartutako tarifetako lehen sekzioan ageri den 913 taldea, «Arrantza eta akuikulturari lotutako zerbitzuak» izenekoa, desagertu egiten da.
e)Subjektu pasiboek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarekiko duten egoera eraginda gertatzen bada aurreko a), b), c) eta d) letretan ezarritako aldaketak direla-eta, bidezko aitorpena aurkeztu beharko dute azaroaren 19ko 80/1991 Foru Dekretuak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kudeaketari buruzko zenbait alderdi arautzekoak, 4., 5. edo 6. artikuluetan jasotako eran.
Laugarren xedapen gehigarria. Telekomunikazioetako operadoreak.
Aldaketak sartu dira telekomunikazioetako operadoreek udal zergak ordaintzeari buruzko azaroaren 10eko 5/1988 Foru Arauaren 3. artikuluan, eta honela geratu da idatzita:
«3. artikulua. Udal mailako gainerako tributu eta prezio publikoen tributazioa.
Aurreko 1. artikuluan aipatutako telekomunikazioetako operadoreak udal mailako gainerako tributu eta prezio publikoei lotuta badaude ere, horien ordainarazpena dela-eta izan ditzaketen zerga zorren ordez urteko konpentsazio bat finkatuko da.
Apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifetako lehen sekzioan jasotzen duen 761.2 epigrafea (Telefonia mugikorreko zerbitzuak) aurreko paragrafoan xedatutakotik kanpo geratzen da zerga ordaintzeari dagokionez».
Bosgarren xedapen gehigarria. Ganberaren baliabide iraunkorra erregulatzen duen Foru Araua aldatzea.
Aldaketa hauek sartu dira Ganberaren baliabide iraunkorra ezarri eta arautzen duen abenduaren 28ko 22/1993 Foru Arauan:
Bat. 1. artikuluaren Bat apartatuko a) letra honela geratu da idatzita:
«a)100eko 2ko ordainarazpena, Ganberaren Baliabidea ordaintzera behartutakoei exijituko zaiena Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari lotuta eta salbuetsi gabe daudenean, eta zerga hau dela-eta ordaindu behar dituzten udal kuota, kuota probintzial edo estatuko kuota berezi bakoitzagatik egingo zaiena.
Hurrengo paragrafoan xedatutakoa salbuetsita, ordainarazpen hau dela-eta ordainketa egitera behartutakoek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren estatuko kuota berezi, kuota probintzial eta udal kuota bakoitzagatik gutxienez ordaindu behar duten ganbera kuota 60 eurokoa izango da. Zenbateko hori urtero eguneratuko da kontsumorako prezioen indizearen arabera.
Ganberaren Baliabidearen ordainarazpena dela-eta enpresa batek Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganberari 26 kuota edo gehiago ordaindu behar dizkionean, Ganbera horrek gutxieneko kuota bakoitzagatik likidatuko duen zenbatekoa ondoko eskala aplikatzetik aterako da:
|
Zenbatekoa gutxieneko kuota bakoitzagatik |
Zenbatekoa gutxieneko kuota bakoitzagatik |
|
1 eta 25 bitartean |
60 euros |
|
26 eta 100 bitartean |
30 euros |
|
101 baino gehiago |
10 euros |
Tarte bakoitzerako finkatutako zenbatekoak tarte horrek hartzen dituen kuoten kopuruari aplikatuko zaizkio, gainerako tarteetako kuotengatik ordaindu behar direnak kontuan hartu gabe.
Bi. 4. artikuluaren 2 apartatua honela geratu da idatzita:
«Bi. Foru arau honen 1.Bat artikuluko a), b) eta c) letretan araututako likidazioak kudeatzeaz arduratzen diren entitateek ordainketa egiten den unetik aurrera edo dagokion zergaren aitorpena aurkezten denetik aurrera jakinarazi ahal izango dituzte likidazio horiek, eta ordaintzera behartutakoek Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Zergabilketa Erregelamenduak zerga likidazioetarako aurreikusten dituen modu eta epeetan egingo dute ordainketa.
Ordainketa egiteko borondatezko epea amaitutakoan, ordaindu gabeko zorrak premiamenduzko bidetik kobratuko dira».
Seigarren xedapen gehigarria. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan ageri diren erreferentziak.
Apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratua onartzen duenak, 11. eta 12. artikuluen idazkera zaharrean araututako koefizienteari eta kokapen indizeari egiten zaizkien erreferentzia guztiak foru arau honek testu bateratuaren 11. artikuluko 2 eta 3 apartatuei emandako idazkera berrian araututako koefizienteari eta kokapen indizeari eginak direla joko da.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren instrukzioa aldatzea.
1.Aldaketak sartu dira «Gutxieneko udal kuotak» izenburua daraman 10. erregelaren 3 zenbakian, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratua onartzen duen apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak II. Eranskinaren Instrukzioan jasotakoan, eta honela geratu da idatzita:
«3.—Jarduera bat lokal batean baino gehiagotan egiten bada, subjektu pasiboak ordaindu beharko dituen gutxieneko udal kuotak jardueran erabilitako lokalak adinakoak izango dira, foru arau honen 11. artikuluan jasotako koefizienteekin eta indizearekin gehituta, hala badagokio. Lokal batean jarduera bat baino gehiago egiten bada, ordaindu beharreko gutxieneko udal kuotak jarduerak adinakoak izango dira, haien titularra pertsona edo entitate bera izan arren.
2.Aldaketak sartu dira «Udal kuoten ordainarazpen eta banaketa» izenburua daraman 17. erregelaren 1.1.A arauan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratua onartzen duen apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak II. Eranskinaren Instrukzioan jasotakoan, eta honela geratu da idatzita:
«A)Zehazki esanda, udal kuotaren zenbatekoa izango da banatu beharrekoa, eta honek barne hartzen du Zergaren Testu Bateratuak 11. artikuluaren 1, 2 eta 3 apartatuetan hurrenez hurren arautzen dituen ponderazio koefizientea, koefiziente bakarra eta kokapen indizea aplikatzetik ateratzen den kopurua».
3.Aldaketak sartu dira «Udal kuoten ordainarazpen eta banaketa» izenburua daraman 17. erregelaren 1.2.A arauan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren testu bateratua onartzen duen apirilaren 20ko 2/1993 Foru Dekretu Arauemaileak II. Eranskinaren Instrukzioan jasotakoan, eta honela geratu da idatzita:
«A)Zehazki esanda, udal kuotaren zenbatekoa izango da banatu beharrekoa, eta honek barne hartzen du Zergaren Testu Bateratuak 11. artikuluaren 1, 2 eta 3 apartatuetan hurrenez hurren arautzen dituen ponderazio koefizientea, koefiziente bakarra eta kokapen indizea aplikatzetik ateratzen den kopurua».
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehen xedapen iragankorra. Zerga onurak Ondasun Higiezinen gaineko Zergan.
Foru arau hau indarrean sartzean Ondasun Higiezinen gaineko Zergan onartuta dauden zerga onurak bere horretan mantenduko dira horiek gozatzeko kasuak foru arau honetan jasota daudenean, eta erreguzko izaera badute, ez dira eskatu beharko. Zerga horretan onartuta dauden zerga onurak gozatzeko kasuak foru arau honetan jasota ageri ez direnean, onura horiek beren iraungitze egunera arte mantenduko dira.
Bigarren xedapen iragankorra. Tramitatzen ari diren prozedurak.
Foru Arau hau indarrean sartu baino lehen hasitako prozedurei ez zaie arau hau aplikatuko, eta aurreko araudiari jarraiki bideratuko dira.
Hirugarren xedapen iragankorra. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan jarduera hasteagatik aplikatzen diren hobariak.
Foru arau hau indarrean sartzean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren subjektu pasiboak ez badaude zerga ordaintzeko obligaziotik salbuetsita foru arau honetan ezarritakoaren arabera, eta, hala ere, une horretan apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak tarifetako lehen sekzioaren 2. ohar komunean eta bigarren sekzioaren 1. ohar komunean jarduera hasteagatik ezartzen dituen hobariak aplikatzen ari badira, horiek aplikatzen jarraituko dute aipatutako ohar komunetan jasotako eran, harik eta hobariak aplikatzeko ezarrita dagoen epea amaitzen den arte.
Laugarren xedapen iragankorra. Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergan uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauaren 2. artikuluak bere aurreko idazkeran ezartzen dituen salbuespenak.
Foru arau hau indarrean sartu baino lehen ibilgailuak Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zergatik salbuetsita badaude uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauak 2.1.d) artikuluaren aurreko idazkeran ezarritakoa aplikatzeagatik, eta ibilgailu horiek ez badituzte betetzen foru arau honek 2.1.d) artikuluari emandako idazkera berrian salbuespen horretarako finkatutako baldintzak, 2.1.d) artikuluaren aurreko idazkeran jasotako salbuespena jarraitu ahal izango dute aplikatzen, ibilgailuek salbuespen horretarako bertan finkatzen diren baldintzak betetzen dituzten bitartean.
Bosgarren xedapen iragankorra. Jakinarazpenak.
Foru arau honetan edo ordenantza fiskaletan sartzen diren aldaketen ondorioz ordainagiri bidez aldizka kobratzen diren zerga zorren elementu tributarioak aldatzen badira, zor horiek kolektiboki eta ediktu bidez jakinaraziko dira, banakako jakinarazpenik egin behar izan gabe. Horrek 2004. urterako bakarrik izango ditu ondorioak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
1.Foru arau hau indarrean sartzen den egunetik aurrera, ondoko hauek indarrik gabe geratuko dira:
a)apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratua onartzen duenak, tarifetako lehen sekzioan jasotzen duen 2. ohar komuna.
b)apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratua onartzen duenak, tarifetako bigarren sekzioan jasotzen duen 1. ohar komuna.
Indarrik gabe geratuko dira, baita ere, foru arau honetan ezarritakoarekin bat ez datozen, kontraesanean dauden edo bateragarri ez diren arau guztiak.
2.Aurreko apartatuan xedatutakoa foru arau honen xedapen iragankorretan ezarritakoa eragotzi gabe ulertzen da.
AMAIERAKO XEDAPENA
Lehena. Indarrean sartzea eta ondorioak.
1.Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean, eta 2004ko urtarrilaren 1etik aurrerako sortzapena duten egitate ezargarrietan izango du eragina.
2.Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, ondoko hauek 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dituzte ondorioak:
—Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratuak 5.1 artikuluaren b) eta c) letretan jasotzen dituen salbuespenei buruz araututakoak.
—Foru arau honen lehen xedapen gehigarrian araututakoak.
—Foru arau honen hirugarren xedapen gehigarrian araututakoak.
—Foru arau honen laugarren xedapen gehigarrian araututakoak.
Bigarrena. Arauak emateko ahalmena.
1.Foru Aldundiari eta Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuari baimena ematen zaie foru arau hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.
2.Bereziki, Foru Aldundiari ahalmena ematen zaio Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifak eta instrukzioa garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.
3.Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuari ahalmena ematen zaio Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Testu Bateratuak 14 bis artikulu berrian aipatzen duen salbuespena aplikatzeko egin beharko den komunikaziorako eredua onartu, komunikazio horiek aurkezteko epeak eta modua erabaki, eta horiek zein kasutan ez diren aurkeztu beharko ezarri dezan.