Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

234. zenbakia Data 2002-12-11 21349 orria

7 UDAL ADMINISTRAZIOA

SAN MARKOSEKO MANKOMUNITATEA
Industriguneetan hondakinak jasotzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza aldatzea. Behin betiko onespena.

SAN MARKOSEKO MANKOMUNITATEA

Iragarkia

1.  Mankomunitateko Batzarrak 2002ko urriaren 9ko bileran hartutako behin-behineko Erabakia jendaurrean jartzeko epea amaitu denez inolako erreklamaziorik aurkeztu gabe, eta Toki Erregimenaren Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean ezarritakoari jarraiki behin betiko bihurtzen da industri poligonoetan hondakinak biltzeko zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren aldaketa.

2.  Aipatu Ordenantza arautzailearen testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean.

3.  Erabaki honen aurka, interesatuek administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak Bilbon duen Salan, erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.

Donostia, 2002ko azaroaren 29a.—Xabier Landa Etxeberria, Lehendakaria. (13293)

INDUSTRI NAHIZ ENPRESA-POLIGONOETAN ETA PARKE TEKNOLOGIKOETAN HONDAKINAK BILTZEKO ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

AURKIBIDEA

I. ATALA

ZERBITZUAK EMATEKO BALDINTZA
OROKORRAK ETA EREMUA

1. artikulua.Zerbitzuaren xedea.

1.San Markoseko Mankomunitatearen lurralde-eremuko industri nahiz enpresa-poligonoetan eta parke teknologikoetan kokatuta dauden komertzio, enpresa eta industriek sortzen dituzten hondakinak, hirian sortzen direnekiko asimilagarriak direnak, hain zuzen ere, biltzeko zerbitzuak emango dira eta ordenantza honek bai San Markoseko Mankomunitateak zerbitzuak emateko bai erabiltzaileek horiek erabiltzeko baldintzak ezartzea du xede, beti ere hondakin solidoei dagozkien aginpideak besterendu badira.

2.Zerbitzua emateko erabiltzaile kategoria izango dute poligonoetako komertzio-, industri eta zerbitzu-establezimendu guztiek. Horiek zerbitzua indarrean dauden xedapen eta ordenantza honi jarraiki erabiliko dute.

2. artikulua.  Hiri-hondakin eta hondakin asimilagarrien definizioa.

Hiri- edo udal-hondakinak dira norberaren etxean, komertzioetan, bulegoetan eta zerbitzuetan sortutakoak, baita «arriskutsu» kalifikazioa ez duten guztiak eta izaera nahiz konposizioagatik aurreko toki edo jardueretan sortu direnei asimila daitezkeenak ere.

3. artikulua.Salbuespenak.

Hondakinak biltzeko zerbitzu mankomunatuan ez dira onargarriak izango ondorengo ezaugarriak dituzten hondakinak:

1.Une bakoitzean indarraldian dagoen ingurumen-legerian «toxiko edota arriskutsu» gisa tipifikatuta dauden hondakinak, besteak beste, pinturak, tindagaiak, erretxinak, itsasgarriak, disolbatzaileak, produktu kimikoak, pestizidak, hodi fluoreszenteak, lanparak, pilak, bateriak, olio erabiliak, likido hidraulikoak, zerbitzu medikoetako nahiz albaitaritzako edo ikerketako hondakinak.

2.Bilketa-zerbitzuan ez dira izango onargarriak ezta %65etik gorako hezetasuna duten hondakinak ere.

3.Dituzten ezaugarri bereziak direla eta, garraiatu, bildu, balioa eman edo deuseztatzeko eragozpenak edo bilketa zailtzen duten hondakinak. Horrelakoetan, Mankomunitateak bai hondakinak ekoizten dituenari, baita hondakinak dituenari ere, bildu baino lehen, ahal den neurrian, ezaugarri horiek deuseztatu edo murrizteko neurriak hartzera edo behar den tokian eta moduan uztera behar diezaieke. Horrez gain, arrazoi justifikatuak direla eta, hondakinak dituenak berak kudeatzera behar diezaioke.

4. artikulua.Derrigorrez erabili eta hartzea.

1.Hondakinak biltzeko zerbitzuak osasun- eta ingurumen-interesa duenez, derrigorrezkotzat jotzen da hori erabili eta hartzea; beraz, industri nahiz enpresa-poligono edo parke teknologiko batean zerbitzua ematen denean, bertan dauden establezimendu edo lokaletako titular guztiei, errentari nahiz jabe izan, alta emango zaie.

2.Udaleko hiri-hondakinak edo hondakin asimilagarriak dituztenek derrigorrez Mankomunitateari eman behar dizkiote ordenantza honek zehazten duen baldintzapean, honek birzikla, balioa eman edo deusezta ditzan.

5. artikulua.Hondakinak uztea.

1.Debekatuta dago hondakinak uztea eta kontrolik gabe isurtzea edo deuseztatzea. Halaber, debekatuta dago kudeaketa zailtzen duten nahasketa edo disoluzioak egitea. Erabiltzaileak San Markoseko Mankomunitateak ezartzen dituen ordutegi eta baldintzen arabera isurtzera behartuta daude.

2.Araua hausten dutenei utzi dituzten hondakinak kendu eta eremu kaltetua garbitzera behartuko zaie, alde batera utzi gabe dagozkien zigorrak.

6. artikulua.Hondakinak manipulatzea.

Debekatuta dago hondakinak ontziz aldatu edo manipulatzea, bilketa-zerbitzu mankomunatuen edo San Markoseko Mankomunitateak bereziki baimentzen dituen langileen kasuan izan ezik.

7. artikulua.Bilketaz arduratzen diren langileak legitimatzea.

Hondakinak bilketaz arduratzen diren langileek hartu eta kenduko dituzte bakarrik. Hondakinak beste edozein pertsona fisiko edo juridikori ematen dizkionak berarekin batera erantzun beharko du horien ondorioz edozein eragozpen sortzen bada, alde batera utzi gabe lekizkiokeen zigorrak.

8. artikulua.Bilketak egiteko baimenak

1.Hondakinak biltzeko ahalmena San Markoseko Mankomunitateko zerbitzuak edo zerbitzuek dute bakarrik. Horren ondorioz, debekatuta dago beste edozein pertsonak, fisikok nahiz juridikok, hondakinak biltzeko lanak egitea.

2.Bakarrik hondakinak biltzeko lanak egin ahal izango dituzte aldez aurretik San Markoseko Mankomunitatearen baimena lortu dutenek. Horiek erregistro dokumentala izan beharko dute eta bertan kudeatzen dituzten hondakinen kopurua, izaera, jatorria, helmuga, bilketa-maiztasuna, garraio-bitartekoa eta balioa emateko metodoa azalduko dituzte. Dokumentazio horrek Mankomunitatearen esku egon beharko du Mankomunitateak berak eskatzen duen unean. Urte natural bakoitzari dagokion dokumentazioa hurrengo bost urteetan mantendu beharko da.

9. artikulua.Zerbitzua emateagatik zergak

San Markoseko Mankomunitateak urtero hondakinak biltzeko zerbitzua emateari dagokion zerga ezarriko du eta, ahal duen neurrian, sortutako hondakin-kopuruaren eta ordaindu beharrekoaren artean proportzionaltasun printzipioa aplikatuko du.

II. ATALA

HONDAKINAK BILTZEKO ZERBITZUARI DAGOKIONA

10. artikulua.Bilketa-zerbitzua.

Bilketa-zerbitzuak egituratzeko ondorengoetara bideratutako ekintzak kontuan hartuko dira:

1.Hondakin inerte arruntak: Ezin daitezke berreskura edo ezin zaie baliorik eman; beraz, deuseztatu egiten dira.

2.Hondakin organikoak, jatetxe, janleku, elikagaiak manipulatzen dituzten enpresa eta abarretan sortutakoak.

3.Duten konposizio edo ezaugarriengatik trata eta ondoren berreskura daitezkeen hondakinak, bai birziklatuta, baita berriz erabilita edo balioa emanda ere; hala nola papera eta kartoia edo egurra. Bilketa hori beste zenbait materialetara zabaldu ahal izango da teknikak berreskuratzea ahalbidetzen duenean. Hedapen horrek eraginkortasuna izango du Mankomunitateko Batzarrak dagokion erabakia hartutakoan.

4.Beren ezaugarriak direla eta, tratamendu berezia behar duten hondakinak. Horrelakoetan, Mankomunitateak Eusko Jaurlaritzak baimendu dituen kudeatzaileen bidez egindako bilketak sustatu eta koordinatuko ditu.

III. ATALA

HONDAKIN INERTE ARRUNTAK BILTZEKO ZERBITZUARI DAGOKIONA

11. artikulua.Hondakin inerte arruntak biltzea.

Hondakin-mota hauek biltzeko zerbitzua ondorengo zehaztapenei jarraiki egingo da:

1.Hondakin inerteak biltzea. Dituzten ezaugarriengatik berriz erabili, birziklatu edo balioa ematearen bitartez berreskura ezinak diren hondakinak bilduko dira.

2.Hondakinak derrigorrez Mankomunitateak establezimendu, komertzio, industria edo lokal bakoitzari eskuratutako edukiontzietan sartuta entregatu beharko dira. Edukiontziak modelo normalizatutakoak izango dira eta Mankomunitateko Batzarrak onartuko ditu. Mankomunitateak beste edukiontzi-mota edo hondakinak biltzeko sistema batzuk erabiltzea erabakiko balu, behar denean ordenantza honekiko osagarriak diren arauak emango ditu, beti ere bilketa-zerbitzua baldintza onenetan gauzatzeko.

3.Edukiontzi horiek bilketa-zerbitzuak zailtasunik gabe iristeko tokietan kokatu beharko dira, hau da, atean edo establezimendu nahiz lokalen inguruneetan. Mankomunitateko zerbitzuei dagokie toki zehatzak zehaztea. Dena dela, zerbitzuaren erabiltzaileak kontuan hartu beharko du bai ontzia, baita edukia ere bere erantzukizuna direla; beraz, bilketa-zerbitzua ez da kanpoan edo edukiontziaren inguruan izan daitezkeen hondakinez arduratuko. Edukiontziaren zama bilketa-ibilgailuan hustutakoan, zerbitzua erabiltzaileari entregatzera behartuta dago edo kendu duen toki berean utzi beharko du.

4.Ezin daiteke San Markoseko Mankomunitateak zuzenean edo bilketa-zerbitzuaren bidez entregatu duen edukiontzi-mota baino erabili, behar bezala identifikatu ahal izateko. Erabiltzaileak gutxienez edukiontzi normalizatu bat derrigorrez hartu beharko du eta ordenantza honek xede duen hondakinak biltzeko zerbitzuan bakarrik erabili ahal izango du.

5.Edukiontzi horietan ezin daitezke gaika bilduko diren hondakinak isuri, besteak beste, papera edo kartoia eta egurra. Bilketa-zerbitzuak zama arbuiatu ahal izango du hori egiaztatu ostean.

6.Edukiontzian hondakin toxiko edota arriskutsuak bota direla egiaztatuko balitz, bilketa-zerbitzuaren arduradunak kontuan hartuko du, zama errefusatu eta Mankomunitateko zerbitzu tekniko eta juridikoei jakinaraziko die, horiek dagokion espediente zigortzailea has dezaten.

12. artikulua.Hondakin inerte arruntak biltzeko ordutegia.

1.Hondakin inerte arruntak (hau da, edukiontzian jasotzen diren hondakin guztiak eta beren helburua deuseztatzea dena)astean gutxienez behin bilduko dira. Egiazko beharren arabera maiztasun hori aldatu ahal izango da baina lehenago San Markoseko Mankomunitateko Lehendakariak erabaki beharko du. Arrazoi justifikatuak direla eta, zerbitzua erabiltzen duen edonork astean bigarren aldiz biltzea behar izango balu, hala jakinarazi beharko dio Mankomunitateari. Horrela, zerbitzua arrazionalizatuko da.

2.Bilketa-ordutegiak, ahal den neurrian, lanorduekin bat egingo du, biltze-lanak, identifikazioa eta edukiontziak erabiltzaileei itzultzeko lanak errazteko.

3.Une oro saiatuko da bilketa bat asteburuko lokaletako eta establezimenduetako garbitze-lanekin bat etortzea eta beharrezkoa balitz, bilketa hori indartu egingo da.

IV. ATALA

HONDAKIN ORGANIKOAK BILTZEKO ZERBITZUARI DAGOKIONA

13. artikulua.Hondakin organikoak biltzea.

Hondakin-mota hauek biltzeko zerbitzua ondorengo zehaztapenei jarraiki egingo da:

1.Ostalaritza-establezimenduetan, enpresa-janlekuetan, elikagaiak manipulatzen dituzten enpresetan eta industri poligonoan egonda, beren produkzio-prozesuetan hondakin organikoak dituztenei hondakin-mota horiek biltzea.

2.Hondakinak derrigorrez Mankomunitateak horretarako establezimendu edo enpresa bakoitzari emango dizkion edukiontzietan entregatu beharko dira. Horiek hondakin inerte arruntak biltzeko erabiltzen direnen antzekoak izango dira, baina beste kolorea izango dute. Edukiontziek modelo normalizatuta izango dute eta Mankomunitateko Batzarrak onartuko ditu. Mankomunitateak beste edukiontzi-mota edo hondakinak biltzeko sistema batzuk erabiltzea erabakiko balu, behar denean ordenantza honekiko osagarriak diren arauak emango ditu, beti ere bilketa-zerbitzua baldintza onenetan gauzatzeko.

3.Edukiontzi horiek bilketa-zerbitzuak zailtasunik gabe iristeko tokietan kokatu beharko dira, hau da, atean edo establezimendu nahiz lokalen inguruneetan. Mankomunitateko zerbitzuei dagokie toki zehatzak zehaztea. Dena dela, zerbitzuaren erabiltzaileak kontuan hartu beharko du bai ontzia, baita edukia ere bere erantzukizuna direla; beraz, bilketa-zerbitzua ez da kanpoan edo edukiontziaren inguruan izan daitezkeen hondakinez arduratuko. Edukiontziaren zama bilketa-ibilgailuan hustutakoan, zerbitzua erabiltzaileari entregatzera behartuta dago edo kendu duen toki berean utzi beharko du.

4.Ezin daiteke San Markoseko Mankomunitateak zuzenean edo bilketa-zerbitzuaren bitartez entregatu duen edukiontzi-mota baino erabili, behar bezala identifikatu ahal izateko. Erabiltzaileak gutxienez edukiontzi normalizatu bat derrigorrez hartu beharko du eta ordenantza honek xede duen hondakinak biltzeko zerbitzuan bakarrik erabili ahal izango du.

5.Edukiontzi horietan ezin daitezke gaika bilduko diren hondakinak isuri, besteak beste, papera edo kartoia eta egurra. Bilketa-zerbitzuak zama arbuiatu ahal izango du hori egiaztatu ostean. Halaber, ahalik eta hondakin gehienak berreskuratzeko, establezimendu hauetan sor daitezkeen beirazko ontziak ere ez dira onartuko. Beirazko hondakin horiek entregatzeko aipatutako establezimenduetatik hurbil «iglu» motako edukiontziak, erabilera arruntekoak (hiri-bidean kokatuta daudenen antzekoak)ezarriko dira. Hondakin-mota horiek sortzen dituztenek sartu ahal izango dituzte, betiere edukiontzi horiek erabiltzeko aplikazio-arau orokorrak errespetatuta. Hala beharko balute, Mankomunitateak zerbitzua erabiltzen dutenei kubo bereziak eskuratuko dizkie, beirazko ontziak establezimendutik edukiontzira garraiatu ahal izateko.

6.Edukiontzian hondakin toxiko edota arriskutsuak bota direla egiaztatuko balitz, bilketa-zerbitzuaren arduradunak kontuan hartuko du, zama errefusatu eta Mankomunitateko zerbitzu tekniko eta juridikoei jakinaraziko die, horiek dagokion espediente zigortzailea has dezaten.

14. artikulua.Hondakin organikoak biltzeko ordutegia.

1.Hondakin organikoak astean gutxienez 4 aldiz bilduko dira. Egiazko beharren arabera maiztasun hori aldatu ahal izango da, baina lehenago San Markoseko Mankomunitateko Lehendakariak erabaki beharko du.

2.Bilketa-ordutegiak, ahal den neurrian, lanorduekin bat egingo du, biltze-lanak, identifikazioa eta edukiontziak erabiltzaileei itzultzeko lanak errazteko.

V. ATALA

HONDAKINAK GAIKA BILTZEKO ZERBITZUARI DAGOKIONA

15. artikulua.Hondakinak gaika biltzea.

1.Gaika jasoko diren hondakinak, besteak beste, kartoia eta egurra, ondoren birziklatzea zail edo eragoz dezaketen gainerako hondakinetatik erabat bereizita isuriko dira. Horretarako, erabiltzaileek establezimendu edo lokalaren barruko aldean gorde beharko dituzte, baina, era berean, bilketa-zerbitzuak iristeko toki erraza izan beharko du. Ez da beharrezkoa edukiontzian egotea. Kartoizko hondakinei dagokienez, behar bezala tolestu beharko dira. Hondakinek material desegokiak badituzte eta bilketa-zerbitzuen iritziz berreskuratzeko arazoak badaude, ez dira kenduko.

16. artikulua.Hondakinak gaika biltzeko ordutegia.

1.Berreskura daitezkeen hondakinak gaika gutxienez astean behin bilduko dira.

2.Ahal den neurrian, bilketa-ordutegia lanorduetakora egokituko da, bilketa- nahiz identifikazio-lanak erraztu eta hondakin-mota horiek ematean baldintzak betetzen direla eskatzen duten kontrol-lanak errazteko.

3.Bilketa hau beste materialak jasotzera hedatu ahal izango da teknikak horiek berreskuratzea ahalbidetzen duen unean. Hedapen horrek Mankomunitateko Batzarrak dagokion erabakia hartu ostean izango du eraginkortasuna.

VI. ATALA

HONDAKINAK BILTZEKO ZERBITZU BEREZIARI DAGOKIONA

17. artikulua.Norberak egindako bilketa-zerbitzua.

1.San Markoseko Mankomunitateak, aginpidea duten organismoek egindako txostenekin bat, hondakinek ezaugarri arriskutsuak dituztela uste duenean edo bere egoera, konposizio edo kantitateagatik bilketa, garraioa, balio ematea edo deuseztapena zailtzen dutenean, ekoizleari berak bertan deuseztatzera behar diezaioke eta Mankomunitateak horretarako egokitu duen tokira edo tokietara garraiatu beharko ditu. Derrigorrezkoa izango da toki horietan hartzea.

2.Kasu horretan ekoizle guztiak edo beren kabuz bilketa egiten dutenak behartuta daude bolumena ahalik eta gehien murrizteko eta garraioa eta amaierako tratamendua ordenantza honen eta indarrean dagoen gainerako araudiaren arabera egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzera. Betiere segurtasun- eta higiene-baldintza guztiak beteko dira.

3. artikulu honetan aipatu den salbuespenaren ondorioz sor daitezkeen kalte-galeren erantzukizuna hondakinak ekoizten dituenarena edo horiek dituenarena bakarrik izango da. Horri buruzko ikuskapena egin eta hondakinak eramateko orduan edozein aldaketa edo erreforma eskatzeko ahalmena Mankomunitateak izango du.

4.Ekoizleak edo hondakinak dituenak noiz behin ohi duena baino hondakin-kopuru askoz handiagoa botatzea nahi izango balu, eta horren ondorioz bilketa-sistemari kalteak eragingo balizkio, eta gainerako erabiltzaileengan ondorioak izango balitu, ezingo ditu atera normalean ateratzen dituen hondakinekin batera. Hala eta guztiz ere, bilketa-zerbitzuei eramatea eskatu ahal izango die eta, ondorioz, dagokien zordunketa pasako zaie.

VII. ATALA

BILKETA-ZERBITZUA EMATEKO ORDUTEGI BEREZIAK

18. artikulua.Bilketaren maiztasuna eta ordutegia aldatzea.

1.Zerbitzua emateko ordutegi, modu edo maiztasunean edozein aldaketa dagoenean, Mankomunitateko zerbitzuek behar den aurrerapenarekin jakinean jarriko dute larrialdi-egoeretan aginpidea duen organoak ematen dituen xedapenak izan ezik.

2.Erabiltzaileen interesetarako onuraduntzat jotzen dituenean, Mankomunitateak bilketaren maiztasunak eta ordutegiak aldatu ahal izango ditu, lehendakariak erabakia hartu ostean.

3.Astean zehar jai-eguna suertatuko balitz, egun horri dagokion bilketa aurreratu edo atzeratu egingo da aste-egunaren arabera.

4.Larrialdietan edo ezinbestez bilketa-zerbitzu arrunta ematea ezinezkoa denean, San Markoseko Mankomunitateak jakinarazi ostean, erabiltzaileek ezingo dituzte hondakinak isuri zerbitzuak normaltasuna lortzen ez duen bitartean edo Mankomunitateak argibide egokiak ematen ez dituen bitartean. Iragarkia hondakinak isuri ondoren egingo balitz, erabiltzaile bakoitzak berreskuratu, behar bezala gorde eta zerbitzua bere onera etortzen den arte edo Mankomunitateak argibide egokiak ematen dituen arte ezingo ditu eman.

5.Inolaz ere ez da zerga murrizteko eskubidea sortuko, ezta kaltea sortuko balitz lehengoratzeko beharra ere.

VIII. ATALA

HONDAKINEN EKOIZLEEK DUTEN ERANTZUKIZUNARI DAGOKIONA

19. artikulua.Erantzukizuna.

1.Hiri-hondakinak edo hondakin asimilagarriak dituztenak Mankomunitateari ematera behartuta daude ordenantza honek zehazten duen baldintzapean, birziklatu, balioa eman edo deuseztatzeko. Ematen diren unetik Mankomunitateak hondakin horien jabetza hartuko du eta hondakin horiek sor ditzaketen kalteengatik horiek zituztenak ordutik aurrera ez dute erantzukizunik izango, betiere emateko orduan ordenantza hau eta gainerako araudi aplikagarriak kontuan hartu badira.

2.Hondakinen enpresa ekoizleak arduradun bat izendatu beharko du. Hondakinen bilketekiko egokien diren ekintzak koordinatzeko, pertsona hori bera izango da solaskide.

20. artikulua.Ikuskapena eta zaintza.

1.Ekoizleak edo hondakinak dituztenak San Markoseko Mankomunitateko ikuskapen-zerbitzuei laguntza guztia ematera behartuta daude azterketak edo kontrolak egin ditzaten, laginak har ditzaten eta informazioa edo bere lana bete ahal izateko beste edozer lan bil dezaten.

2.Ikuskapen-lanak egiten dituzten pertsonak agintaritza-agenteak izango dira eta haiek egiaztatutako gertakariek, aktaren bitartez legeztatuta, frogatzeko ziurtasunezko presuntzioa izango dute.

IX. ATALA

ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK

21. artikulua.Arau-hausteak.

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko 3/1998 Lege Orokorreko 108. artikuluan eta hurrengoetan eta Hondakinen 10/1998 Legeko 34. artikuluan eta hurrengoetan aurrez ikusitakoarekin bat, arau-haustetzat jotzen dira ordenantza honetan ezarri diren zehaztapenak ez betetzea.

Ordenantza honetako arau-hausteak ekintza egiten denetik edo ingurumenarekiko kaltea hautematen denetik (hori berehalakoa ez balitz)hasi eta urtebetea igaro ondoren preskribituko dira.

Aginpidea duten beste zenbait organok kasu bakoitzean ezar dezaketen arau-hausteak alde batera utzi gabe, hondakinekin zerikusia duten jarduerei buruzko arau-hausteak oso larri, larri edo arin sailkatzen dira.

Ondoren tipifikatuta dagoen arau-hausteren bat egingo balitz, dagozkion zigorrak jarriko dira ordenantza honek aurrez ikusten duen modu eta zenbatekoan.

1.Arau-hauste oso larriak dira:

a)Ordenantza honetan arautzen diren ekintzetan jardutearekin zerikusia duten baimenak edo lizentziak lortzeko, maltzurkeriaz administrazio-espedienteei erantsitako datuak ezkutatu edo aldatzea.

b)Edukiontzietan hondakin toxikoak edota arriskutsuak eman edo beren artean nahiz horrelakotzat jotzen ez diren beste batzuekin nahastea, beti ere horren ondorioz ingurumena larriki kaltetu edo hondatu bada edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada.

c)Hondakinak edukiontzietatik kanpo isurtzea eta kontrolik gabeko isurketa-fokuak sustatzea.

d)Huts larriak berriz egin edo metatzea.

2.Arau-hauste larriak dira:

a)Arriskutsua ez den edozein motatako hondakinak kontrolik gabe utzi, isuri edo deuseztatzea, ingurumenean kalte edo hondatze larria sortu gabe edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri gabe.

b)Dokumentazioa eskuratzeko betebeharra ez betetzea edo aplikagarria den araudiak edo baimenaren baldintzek eskatzen dituzten datuak ezkutatu edo faltsutzea, baita aipatutako dokumentazioa zaintzeko eta mantentzeko betebeharra ez betetzea ere.

c)Edukiontzietan hondakin toxikoak edota arriskutsuak eman edo beren artean nahiz horrelakotzat jotzen ez diren beste batzuekin nahastea, beti ere horren ondorioz ingurumena larriki kaltetu edo hondatu ez bada edo pertsonen osasuna arrisku larrian jarri ez bada.

d)Hondakinen 10/1998 Legean aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoekin zerikusirik ez duten pertsonei arriskutsuak ez diren hondakinak eskuratu, saldu edo ematea, baita horiek dagozkion baimenak edo aipatutako legean ezarritako arauak kontuan hartuta, baldintza desberdinetan onartzea ere.

e)Bilketa-zerbitzua erabiltzen duenak, arrazoi justifikaturik gabe, sortzen dituen hondakinak Mankomunitatearen esku jartzeari uko egitea.

f)Hondakinen zamalanak edo garraio-lanak eragoztea.

g)Beharrezkoak diren ikuskapen eta egiaztapenak galaraztea.

h)Huts arinak berriz egin edo metatzea.

3.Arau-hauste arinak dira:

a)Aplikagarria den araudiak edo baimenen baldintzek ezarritakoaren arabera administrazioari eskuratu behar zaion dokumentazioa ematean atzeratzea.

b)1. eta 2. atalean aipatutako edozein arau-hauste, pertsona, ondasun edo ingurumenarekiko duen eragin murritzagatik ez direnean oso larritzat edo larritzat kalifikatzeko hipotesiak betetzen.

c)Oro har, ordenantza honen ondorioz bete behar diren eginbeharrak ez betetzea, baita hondakinak biltzeko zerbitzuaren funtzionamendu egokia saihesten duten ekintza eta hutsegite guztiak ere.

22. artikulua.Zigorrak.

1.Aurreko artikuluan jaso diren arau-hausteen ondorioz, ondorengo zigor guztiak edo batzuk jarri ahal izango dira:

a)Arau-hauste oso larrien kasuan:

—30.000tik 1.200.000 eurotara bitarteko isuna.

b)Arau-hauste larrien kasuan:

—600etik 30.000 eurotara bitarteko isuna.

c)Arau-hauste arinen kasuan:

—600 eurotara arteko isuna.

2.Zigorrak ondorengoen arabera ezarriko dira: Arduradunaren egoerak, kulpa-maila, behin eta berriz egitea, parte-hartzea eta lortu den onura eta ingurumenean eragindako kaltea edo pertsonen osasuna arriskuan jarri den maila.

3.Zigorrak aplikatzeak ez du alde batera uzten kalte-galerak kobratzeko izan dezakeen eskubidea.

4.Arau-hauste oso larrien ondorioz ezarritako zigorrak 12 hilabete igaro ondoren preskribituko dira, arau-hauste larrien ondorioz jarritakoak 8 hilabete igaro ondoren eta arau-hauste arinen ondorioz ezarritakoak 6 hilabete pasa ostean. Preskripzio-epea zigorra ezartzen duen erabakia sendoa den hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen.

5.Nahiz eta ahalmen zigortzailea preskribitu, San Markoseko Mankomunitateak arduradunei gauzak lehengoratzea eta aurreko egoerara itzultzea behar diezaieke edozein dela ere igaro den denbora.

23. artikulua.Baimena kendu edo balio gabe uztea.

Ezarri den zigor-koadroa alde batera utzita, erabiltzaileak bere eginbeharrak betetzen ez baditu edo edozein arau-hauste egiten badu, baimena kendu edo balio gabe utzi ahal izango zaio.

24. artikulua.Zergekin zerikusia duten arau-hausteak.

Zergekin zerikusia duten arau-hausteak Zergen Foru Arauari jarraiki zigortuko dira.

25. artikulua.Nahitaezko betearazpenak.

1.Horrez gain, San Markoseko Mankomunitateak lehengoratzeko ezartzen diren neurriak betetzeko ordezko betearazpenari ekin ahal izango dio, arau-hauslearen kontura eta bere kargura.

2.Zigorrei, kalte-galeren ordainketei eta aldatutakoa lehengoratzeko kostu ekonomikoari dagozkion zenbatekoak premiamendu bidez eska daitezke, dagozkion erabakiek bide horretan sendotasuna hartutakoan.

26. artikulua.Beste administrazioekiko erantzukizuna.

Arau-hausleak egindako ekintzek beste administrazio publikoekiko hutsegiteak sortuko balituzte, San Markoseko Mankomunitateak ahalik eta azkarren horiei jakinaraziko die.

27. artikulua.Erantzukizun penala. Agintaritza judizialak esku hartzea.

1.Arau-hausleak egindako ekintzek delitu edo huts eratuko balituzte, San Markoseko Mankomunitateak agintaritza judizialaren jakinaren gainean jarri beharko ditu.

2.Ekintza horiengatik arau-haustearen espedientea irekiko balitz, agintaritza judizialari ekintzak luzatutakoan, Mankomunitateak jardunbide zigortzailea gelditu egingo du agintaritzak iritzia ematen duen bitartean. Jardunbide zigortzailea gelditzeak ez dio San Markoseko Mankomunitateari aldatutako egoera lehengoratzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea saihetsiko.

3.Erabaki judiziala hartutakoan, nahiz eta hori absoluzioa izan, Mankomunitateak espediente zigortzailearen izapideak egiten jarraitu ahal izango du, baina auzitegiek frogatutzat jo dituzten gertakariak errespetatu beharko ditu. Alabaina, inolaz ere ezingo dira jadanik agintaritza judizialak zigortu dituen arrazoiengatik administrazio-zigorrak ipini.