| 216. zenbakia | Data 2002-11-14 | 19505 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2002ko azaroaren 5eko 57/2002 FORU DEKRETUA, gizartean baztertu edo marjinatu egoeran daudenek gizarte eta osasun alorreko baliabideetara iristeko araudia ezartzen duena.
Gipuzkoako lurralde historikoan gizartean gertatzen diren bazterketa egoerei aurre egiteko baliabideak nabarmen garatu eta hazi dira azken urteotan. Etapa horrek bat egiten du gero eta handiagoak diren biztanleriaren kolektibo batzuek egiten dituzten eskaerei gizarteak erantzun gero eta zabalagoa ematearekin. Gizartean baztertuta dauden pertsonak gizarteratzeko baliabideak, administrazioaren aldetik, zerbitzuen hitzarmenetan oinarrituta egon dira. Hori horrela izatea, zalantzarik gabe, jasotako zerbitzuen kalitaterako eta prestaziorako bermea izan da.
Dena dela, ekimen horiek guztiek ez dute lortu pertsona horiek gizarteratzean inplikaturiko eragileen eta entitateen arteko benetako laguntza sare integratua eratzea, ezta, Gizarte Zerbitzuei buruzko 5/1996 Legeak behin eta berriz xedatzen duen moduan, laguntza eta atentzioaren alorreko prestazioetara iristeko bide bakarra ezartzea ere.
Baina gizarte zerbitzuen eskumenen alorrean ezin izan bada sarea artikulatu, are gutxiago lortu da helburu hori, gizarte mailako eta osasun mailako gizarte babesak oso bestelakoak izanik, bi babes sistema horiek bat egiten duten alorrean. Gizartean baztertuta egonik gizarte eta osasun zerbitzuen beharra duten pertsonen kasuetan, sarri askotan alegia, koordinazioa ezinbestekoa da problemak behar bezala konpontzeko.
1996.eko maiatzean, Gipuzkoako Lurralde Historikoan gizarte eta osasun alorreko beharrei erantzuteko, batetik, Osasun Sailak eta Osakidetzak eta, bestetik, Gizartekintzak sinatutako akordio markoa bi sistemen koordinaziorako benetako bidea ekarri zuen, sistema bakoitza, bere mugen barruan, zegozkion problemak, bere aldetik, konpontzen saiatu izan zen aldi luze baten ondoren. Akordio horrek adineko pertsonen, minusbaliatuen, adimen gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen, gaixotasun terminalak dituzten pertsonen eta drogamenpekotasunak eragindako problemak dituzten pertsonen alorrean esku hartzea aurreikusi zuen.
Foru Dekretu hau azken hiru erabiltzaile-taldeei dagokie. Alor horretan oso baliagarriak izan diren ekimenak garatu dira eta horien garapenak, segur aski, aurrera egiten jarraituko du. Hala ere, hazkunde horrek ordenatua izan behar du eta, horretarako, egun baliabideen sarean barreiatuta dauden eta horrela azaltzen diren baliabideak, zerbitzuak ematen dituzten entitateak eta baliabideak berak ere integratuta eta modu ordenatuan egon daitezen sare bihurtu beharra dago, jarduteko mekanismoak; eta hori zirkuituak argi eta garbi zehazteko.
Foru Dekretu honek gizarte bazterketaren alorrean dauden eta Foru Aldundiaren ardurapekoak diren gizarte eta osasun alorreko baliabideak sailkatzen ditu, dispositibo bakoitzaren helburuen eta zerbitzu eskatzaileen profil ezberdinetako pertsonen premien tipologia ezberdinen arabera. Halaber, baliabideetara iristeko betebeharrak edo baldintzak eta prozedurak ezartzen ditu, premien bilakaerari eta baliabideen ebaluazioari dagokienez, udalen oinarrizko gizarte zerbitzuen eginkizunak eta osasun sistemarenak eta bai zerbitzuak ematen dituzten entitateenak ere kontuan hartuta.
Horiek horrela, Gizartekintzako foru diputatuaren proposamenez, eta gaurko batzarrean Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu ondoren, hauxe,
XEDATU DUT
1. artikulua.Xedea.
Foru Dekretu honen xedea gizartean baztertuta edota mendetasun egoeran dauden pertsonentzako gizarte eta osasun-alorreko baliabideetara iristeko prozedura arautzea da.
2. artikulua.Aplikazio eremua.
Dekretu honek baliabideetara iristeko arautzen duen prozedura gizarte bazterketarekin edo marjinazioarekin zerikusia duten Gipuzkoako Lurralde Historikoko gizarte eta osasun alorreko baliabideen sare publikoko egoitza zentroetan, eguneko arreta emateko egoitzetan zein programetan izango da aplikagarria.
3. artikulua.Zentroen eta programen definizioa eta sailkapena.
Gipuzkoako gizarte eta osasun alorreko baliabideen sare publikoko zentroak eta programak honelaxe sailkatuta geratuko dira:
1.HIESA/GIB+ duten pertsonentzako zentroak.
1.1.Harrera zentroak: Epe ertain edo luzeko ostatua emateko baliabideak, gizarte eta osasun alorreko goi mailako arreta emateko direnak, gizarte mailako problematika duten eta eguneroko bizitzaren jarduerak (EBJ) burutzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat direnak. Horrez gain, problematika mediko zein psikiatrikoak dituzten gaixo terminalei edo erakundeen babesa behar duten pertsonak atenditzeko ere izan daitezke.
1.2.Harrera etxebizitzak: Epe ertain edo luzeko ostatua emateko baliabideak, gizarte eta osasun alorreko erdi mailako arreta emateko direnak, gizarte mailako problematika duten eta eguneroko bizitzaren oinarrizko jarduerak (EBOJ) burutzeko autonomoak diren pertsonentzat direnak.
2.Adimen gaixotasun kronikoa duten pertsonentzako zentroak eta programak.
2.1.Egoitzak: Epe luzeko ostatua emateko baliabideak, gizarte eta osasun alorreko goi mailako arreta emateko direnak, eguneroko bizitzaren oinarrizko jarduerak burutzeko etengabe ikuskatuak edo lagunduak izatea behar duten pertsona helduentzat direnak.
2.2.Babespeko etxebizitzak: Epe ertain edo luzeko ostatua emateko baliabideak, bizikidetza erabat eragozten duten portaera problemak ez dituzten pertsona helduei gizarte eta osasun alorreko erdi mailako arreta emateko direnak.
2.3.Eguneko zentroak: Eguneko arreta emateko baliabideak, gizarte eta osasun alorreko erdi mailako arreta emateko direnak. Hauen helburua eguneroko bizitzaren oinarrizko jarduerei eta jarduera instrumentalei begira pertsona helduen autonomia handitzea da; hots, gaixotasunen ondoriozko sintomatologia txikiak arintzea, beste ospitaleratze psikiatriko batzuk ekiditea eta pertsonari bere komunitatearen eta familiaren ingurunean jarraitzen laguntzea.
2.4.Etxekoei arreta emateko esku-hartze programak: Adimen gaixotasuna dela eta menpekotasuna duten pertsonekin bizi diren pertsonei laguntza emateko baliabideak. Trebakuntza, laguntza psikologikoa eta elkarri laguntzeko taldeak eratzeko aholkuak ematea dira programa hauetako zerbitzuak.
3.Toxikoen menpekotasunekin problemak dituzten gaixo kronikoen errehabilitazio psikosozialerako zentroak: Eguneko arreta emateko baliabideak, gizarte eta osasun alorreko goi mailako arreta emateko direnak. Drogamenpekotasunak direla eta, gaixotasun kronikoren bat duten baina tratamendu medikoan egonik gizartean babes edo euskarri bat edo beste duten pertsonentzat dira.
4. artikulua.Baliabidearen egokitasuna.
Baliabidearen egokitasuna zehazteko orduan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.Gizartean zein gradutan dagoen baztertua edota mendetasun maila.
2.Berriro gizarteratzeko nahia.
3.Gizarte eta osasun alorreko premia.
4.Lanbide balorazioa eta orientabidea.
5. artikulua.Baliabideetara iristeko baldintza orokorrak.
Foru dekretu honetako xede diren baliabideetara iristeko eskabidea egin nahi duten pertsonek baldintza hauek bete behar dituzte:
a)Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta egotea gutxienez eskabidearen eguna baino lehenagoko 12 hilabeteetan. Baldintza hau ez dute bete beharko Gipuzkoan jaioek edo eskabidearen eguna baino lehenagoko 10 urteetan Lurralde Historikoan gutxienez 24 hilabetetan bizi izandakoek, baldin eta familiarekin batzeko edo gizarte izaerako arrazoiak alegatzen badituzte.
b)Beren osasun egoera dela eta, osasundegietan etengabeko asistentzia behar ez izatea.
c)Zentroan elkarbizitzarako traba handiak sor ditzaketen portaera-nahasteak ez izatea, ezta loturiko nahaste antisoziala ere, horrelako problematikei erantzuteko bereziki prestatuta dauden zentroak izan ezik.
d)Gizarte eta osasun alorreko baliabidearen barne erregimeneko araudiarekin bat etorrita, azken bi urteetan hauste larria egiteagatik zigortua izan ez izana; eta zigorra oso hauste larriagatik izan bada, azken hiru urteetan zigortua izan ez izana.
6. artikulua.Eskabidea.
1.Zerbitzuetara iristeko prozesua interesdunak berak edo legezko ordezkariak inprimaki normalizatuan eskabidea aldez aurretik eginda hasiko da.
2.Eskabideak udalen oinarrizko gizarte zerbitzuetan aurkeztuko dituzte, eskatzailearen helbideari dagokionean, hain zuzen.
3.Gizarte eta osasun alorreko zentro edo programa batean sartzeko, eskatzaileari osasun zaintza publikoko sarean arreta ematen egongo dira une horretan, arreta emateko modalitatea edozein izanik. Honek aholkatuko du eskatzailearen beharretarako gizarte eta osasun alorreko baliabide egokia zein den.
4.Pertsona interesdunak balio juridikoa duen moduan adostasuna agertu ezin duenean, legezko ordezkariak aurkeztutako eskabidearekin batera epailearen baimena ere aurkeztu beharko da, hala badagokio.
Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira.
a)Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
b)Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren fotokopia, hala badagokio, edo hori aurkeztetik salbuetsita egotearen ziurtagiria.
c)Txosten soziala.
d)Txosten medikoak.
Aurreko puntuko c) eta d) hizkietan aipatutako txostenek gizarte babeseko eta osasuneko sistema publikoetako eragile egokiek eratu eta sinatuta egon beharko dute eta eskabidea bideratu ahal izateko besteko zehaztasuna izango dute.
Edonola delarik ere, eskatzaileak oinarrizko gizarte zerbitzuei baimena emango die dagozkion datuak jasotzeko eta egiaztatzeko. Datu horiek eskatzaileak Foru Dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzekoak baino ez dira izango eta, hala badagokio, baldintza horiek eta plaza finantzatzeko baliabide ekonomikoak egiaztatzekoak.
Datuak gezurrezkoak izateak edo datuak ezkutatzeak berekin ekarriko du egoitza edo eguneko arretako zentro batean sartzeko eskatzaile izaera galtzea, legozkiokeen erantzukizunen kalterik gabe.
7. artikulua.Izapideak.
1.Oinarrizko gizarte zerbitzuek Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintzara bidaliko dute eskabidea aurreko artikuluan azaldutako dokumentazioarekin batera eta Gizartekintzak erabakiko du, horretarako sortutako gizarte eta osasun alorreko balorazio batzordeak aldez aurretik txostena eginda.
2.Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintzako ordezkariek osatuko dute aipatutako batzordea.
3.Aipatu batzordeak eskabidea ebaluatuta, txosten bat egingo du eskabideari baietza edo ezetza ematea dagokion zehaztuz, edo eskatzailearen beharrei erantzuteko eskatutakoa ez den beste baliabideren bati egokiago iritzirik, azken hau onetsiz.
4.Eskatzaileak baliabide batera iristeko egindako eskabidea bergizarteratzeko prozesu bakarraren barruan baliabide batetik beste batera aldatzeari baino ez dagokionean, oinarrizko gizarte zerbitzuetan ez du eskabide berririk egin beharko, baizik eta gizarte eta osasun alorreko batzordeari zuzenean jakinaraziko zaio horretaz txostena egin dezan.
8. artikulua.Ebazpena.
1.Gizartekintzako organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, eskabidea onetsiz edo gaitzetsiz sei hilabeteko epean gehienez ere, 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 42.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, aurkeztutako eskaerak organo eskudunak berariaz erabakitzeko duen betebeharra galarazi gabe, eta lege horrek 71.1 artikuluan aurreikusitakoa gertatzen ez bada.
Ebazteko epea amaitu eta organo eskudunak ebazpen adierazirik ematen ez badu, ezetsitzat joko da eskaera, aipatutako legeak 44. artikuluan dioenaren arabera.
Halaber, eskatzailearen beharrei erantzuteko eskatutakoa ez den beste baliabideren bati egokiago iritzirik, azken honetan sartzeko ere baimena eman dezake, baldin eta eskatzaileak adostasuna agertzen badu.
2.Eskabidea gaitzetsitako eskatzaileek, dagokien errekurtsoa aurkeztu ahal izateaz gain, nahiko arrazoiak emanda beren espedientea berrikusteko eska dezakete. Berrikusketa egindako balorazioa aldaraz dezaketen zirkunstantzia pertsonalak aldatu direnean baino ez da egingo. Egoitza edo eguneko zentroren batean dauden pertsonak izanez gero, zentroak berak eskatuko du berrikusketa egiteko.
9. artikulua.Erabiltzaileen ekarpenaren printzipioa.
Foru Dekretu honetan azaldutako baliabideen pertsona erabiltzaileek parte hartuko dute iritsitako baliabidearen finantziazioan. Partaidetza zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.Zerbitzuaren kostua.
2.Pertsona erabiltzaileak zein gradutan erabiltzen duen.
3.Pertsona erabiltzailearen diru sarrerak edo ondarea.
Pertsona erabiltzaile bat ere ez da zerbitzuaren prestaziotik kanpo geratuko baliabide ekonomiko nahikorik ez edukitzeagatik.
10. artikulua.Baliabideen eskatzaileen zerrendak.
Baliabide bakoitzera sartzeko orduan onartuak izateko lehentasunak jartzeko, interesdunen eskura egongo den itxaron-zerrenda kodetu bat egongo da, pertsonen intimitatearen eskubidea bermatzeko.
Baliabidearen eskatzaileen zerrendan, zentro batean sartzeko baimena lortuta ere, ebazpeneko egunean plaza hutsik ez egoteagatik plaza esleitu ez zaien eskatzaileak egongo dira.
11. artikulua.Onarpena.
1.Baliabidean sartzeko baimena ematen duen ebazpenak dagokion plazarako eskubidea emango dio eskatzaileari plazaren bat hutsik egonez gero, bestela, Gizartekintzak itxaron-zerrenda egokian sartuko du eskatzailea.
2.Baliabide jakin batean plaza bat hutsik geratzen denean, zerbitzua ematen duen entitateak jakinaraziko dio interesdunari sartzeko eguna, Gizartekintzak burututako itxaron-zerrendan ezarritako lehentasun hurrenkeraren arabera.
3.5 astegun igarota, justifikaziorik gabe, interesduna esleitutako zentroan sartu izan ez balitz, plazari uko egiten diola ulertuko da eta plaza zerrendan dagoen hurrengoarentzat izango da.
4.Ezarritako egunean edo epean sartzea eragozten duten zirkunstantzia bereziak egonez gero, interesdunek eguna aldatzeko edo epea luzatzeko eska dezakete eta dagokion zentroarekin batera beste egun edo epe bat ezarriko da, aldez aurretik gizarte eta osasun alorreko balorazio batzordeak hori baimentzeko erabakia hartuta. Dena dela, zirkunstantziak kontuan hartuta, eskatzaileen zerrendako beste pertsona bati esleitu ahalko zaio plaza hori eta lehen eskatzailea beste plaza bat hutsik noiz geratuko zain geldituko da.
5.Zentroan sartzeak berekin dakar erabiltzaileak Foru Dekretu honetako arauak onartzea, baita zentroaren barne erregimeneko araudikoak ere. Azken hauek sartzen den egunean emango zaizkio erabiltzaileari eta pertsona erabiltzaileak ulertzeko moduan azalduko zaizkio argi eta garbi.
12. artikulua.Egokitzeko aldia.
1.Zentroan sartu eta hurrengo lehen bi hilabeteetan erabiltzaileak probaldian egongo dira. Erabiltzailearen erreferentziako pertsonak sor daitezen problemak komentatuko ditu eta egokipen onerako beharrezko konponbideak bilatuko dira.
2.Erabiltzailearekin batera konponbideak jartzea saiatu arren, erabiltzailea ez dela zentrora moldatzen edo zentroak ez diela haren premiei erantzuten ohartuz gero, zentroko zuzendaritzak aldez aurretik interesdunari berari adierazita, gizarte eta osasun alorreko balorazio batzordeari jakinaraziko dio.
3.Gizarte eta osasun alorreko balorazio batzordeak egindako txostenaren berri emango zaio behar bezala interesdunari edo honen legezko ordezkariari eta 10 eguneko epea egongo da egoki deritzeten alegazioak egiteko.
4.Gizarte eta osasun alorreko balorazio batzordeak, alegazioak aztertuta, Gizartekintzako eskudun organoari bidaliko dio egingo duen txostena eta azken honek dagokion ebazpena hartuko du.
13. artikulua.Egonaldia zentroan.
1.Egonaldi guztian erabiltzailea zentroko barne erregimeneko araudiaren pean egongo da. Horretan erabiltzailearen eskubideak eta betebeharrak ez ezik, bete beharko dituen arauak eta betekizunak ere jasoko dira. Zentroan sartzean araudiaren kopia bat emango diote interesdunari.
2.Zentro guztiek izan beharko dute barne erregimeneko araudia eta horretan erabiltzailearen eskubideak eta betebeharrak ez ezik, bete beharko dituen bizikidetza arauak eta betekizunak ere jasoko dira. Halaber, zentroko barne erregimeneko araudiak arau-hausteak eta zigorrak jasoko ditu. Zentroek onartu baino lehen Gizartekintzak ikuskatu beharko ditu araudi horiek.
3.Erabiltzaileren batek kanporatua izatea dakarten arau-hausteak eginez gero, zentroko zuzendaritzak Gizartekintzari emango dio aditzera eta honek egoera ebaluatu eta txostena egin ondoren, zerbitzua ematen duen entitateak dagokion erabakia hartuko du.
14. artikulua. Geroagoko gaitasungabetzea.
Zentro batean sartu ondoren, gaitasungabetzea edo ezintasuna adierazteko kausak gertatuz gero, zentroko zuzendaritzak zirkunstantzia horien berri emango die interesdunaren etxekoei, legezko gaitasungabetzea adierazteko izapideak egiten hasteko. Familiarik ez badu edo honek ez badio deiari erantzuten, zentroko zuzendaritzak gizarte eta osasun-alorreko balorazio-batzordeari jakinaraziko dio helburu bererako.
15. artikulua.Lekualdaketak.
1.Zerbitzu edo zentro batean sartzea Foru Dekretu honetan xedatutakoarekin bat etorrita ebatziz gero, interesdunak beste zentro edo zerbitzu batean sartzeko eskabide arrazoitua aurkezteko eskubidea izango du.
Halaber, Foru Dekretu honetan baliabideetara iristeko baldintzak betetzen dituztelarik, Gipuzkoakoak ez diren egoitzetan bizi diren pertsonek lurralde honetako egoitza-ekipamendu batera etortzeko eskabide arrazoitua aurkezteko eskubidea izango dute.
2.Honako hauek izango dira lekualdaketa eskatzeko kausak:
a)Zentroan familiarekin batzea.
b)Jatorrizko bizilekutik hurbilago egotea.
c)Ematen dituen zerbitzuengatik eta pertsonak dituen beharrengatik eskatutako ekipamendua egokiagoa izatea.
3.Erabiltzaileek edo legezko ordezkariek zuzenean egingo dute lekualdatzeko eskabidea eskatzailea dagoen zentroan bertan.
4.Lekualdatzeko ebazpenek izapide hauek izango dituzte:
a)Horretarako sortutako gizarte eta osasun-alorreko balorazio-batzordeari dagokio lekualdaketaren berri izatea.
b)Batzordeak Gizartekintzako eskudun organoari txostena bidaliko dio, honek behin betiko erabakia har dezan.
INDARGABETZEKO XEDAPENA
Indarrik gabe geratzen dira Foru Dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen arau guztiak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena. Dekretuaren garapena.
Gizartekintzako titularra den foru diputatuari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau egokiro aplikatzeko beharrezko neurriak hartzeko.
Bigarrena. Indarrean sartzea.
Foru Dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Donostia, 2002ko azaroaren 5a.
DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.
GIZARTEKINTZA
DEPARTAMENTUKO
FORU DIPUTATUA,
Máximo Goikoetxea Ferreiro. (12198)