| 86. zenbakia | Data 2002-05-10 | 8867 orria |
Animalien edukitza eta babesari buruzko Ordenantza.
SARRERA
Ordenantza hau, Erregimen Lokaleko Oinarriak Arautzeko Legeak eta Animaliak Babesteari buruzko urriaren 29ko Euskal Autonomi Erkidegoko 6/1993 Legeak eta gainerako xedapen aplikagarriek Udal honi esleitzen dizkioten ahalmenen indarrez diktatu da.
AZALPENA
Ordenantza honek honako hau du xede:
a)Animali mota guztien edukitza arautzeko helburua du, bai laguntzazkoena, bai laguntzazkoak ez direnena, horien eta pertsonen arteko elkarbizitza eta ingurunearen osasunerako eta pertsona eta ondasunen lasaitasun, osasun eta segurtasunerako izan daitezkeen arriskuak harmonizatuz.
b)Halaber, tratuari, higieneari, elikadurari, babesari, exhibizioari, garraioari eta identifikazioari dagokionez, animaliek jaso beharrezko gutxienezko arreta ere arautzen du.
c)Animaliak aldi batez edukitzen dituzten establezimenduek bete beharreko arauak eta albaitaritzako kontsultategi, klinika zein ospitaleen eta animali saltokien baldintzak eta ezaugarriak ezartzen ditu.
d)Azkenik, ikuskapen eta zaintza neurriak zehaztu, arau-hausteak eta zigor aplikagarriak sailkatu eta prozedura zigortzaile egikaritzailea ezartzen du.
I. TITULUA
HELBURUA, DEFINIZIOAK ETA EZARPEN EREMUA
I KAPITULUA. EZARPEN EREMUA ETA HELBURUAK
1. artikulua.
Ordenantza honen ezarpen eremua Astigarragako udalerria da.
2. artikulua.
Ordenantza honen xedea da udalerrian aurkitzen diren animalia domestiko, hezitako eta basatien babeste, elkarbizitze, edukitze, erabiltze, erakuste eta merkaturatzeko arauak jartzea, animaliak bertan zentsatuak edo erroldatuak bai ala ez egon, eta jabeak egon edukitzaileak edozein lekutan bizi.
Honetarako arreta minimoak ezartzen dira beraiekiko tratu, higiene eta zaingoaz, identifikazio eta babesaz eta halaber ezartzen dira arauak establezimendu berezituetan, osasun-arretan, merkatalgoan eta salmentan bete behar izateko.
Honako hauek Ordenantza honen ezarpen eremutik kanpo daude, bestelako araudi berezia dutelako:
a)Ehiza.
b)Arrantza.
c)Basoko faunaren babesa eta kontserbazioa bere ingurune naturalean.
d)Zezenekin eta/edo bigantxen, idi eta zaldiekin egindako festak.
e)Animalien erabilera ikerkuntza eta bestelako helburu zientifikoetarako.
f)Hegazti-tiroko lehiaketak.
g)Hainbat herri-kirol, elementu nagusia etxeko animaliak direnean.
II. KAPITULUA. DEFINIZIOAK
3. artikulua.
1. Konpainiako animalia:
Gizakiak mantentzen duen animalia, batez ere etxean, etxeko animalia zein basatia izan, eta jostatzeko, hezitzeko nahiz apaintzeko edota gordetzeko edo babesteko, irabazi-asmoko jarduerarik gabe.
2.Ustiaketarako animalia:
Irabazi-asmoarekin gizakiak mantentzen dituen animaliak, irabaziak animalien ustiaketatik zuzenean nahiz hauengandik eskuratutako produkzioen ustiaketatik lortu.
3.Basa animalia gatibutzan:
Berez basatiak izanik gatibutzan jaio diren animaliak edo naturan libre jaio arren, gatibutzan dauden animaliak, hezitzeko helbururik gabe.
4.Abandonatutako animalia:
Abandonatutako animaliatzat jo dira jabe edo helbide ezagunik ez dutenak, animaliaren datuak jakiteko sistemarik ez dutenak eta erroldan ez daudenak.
Eta berean, abandonatutako animaliatzat joko dira ondorengo egoeretan daudenak: Erroldan egon arren animaliaren jabeak ez badu arautegiak ezarritako epe barruan bere desagertzearen salaketa egin, edota bide publikoan jaberik gabe dabiltzanak.
5.Animali arriskugarria:
Ordenantza honi dagokionez, eta herri segurtasunari buruzko legerian xedaturikoa baztertu gabe, ondoko hau hartuko da «animalia arriskugarritzat»: Udal agintari eskudunek banaka halakotzat jo eta hala katalogaturiko txakurra. Horretarako irizpide objetibo batzuk hartuko dira kontutan, hala nola salaketarik jaso izana, portaera oldarkor edo erasokorra agertu izana, edo pertsona eta/edo animalientzako arriskua agerian jartzen duen beste edozein inguruabar.
6.Arriskutsua izan daiteken animalia:
Oro har, fauna basatiko animaliak, beti ere bere agresibitatetik kanpo, etxeko edo konpainiako animaliak bezala erabiltzen direnak, pertsona edo beste animaliei heriotza edo lesioak eta gauzei kalteak eragiteko ahalmena dutenak, hartu daitezke animali arriskutsuak bezala.
Arautegietan zehazten diren etxeko edo konpainiako animaliak, bereziki arraza mota baten barruan dauden txakurrak, bere agresibitate, tamaina edo barailaren potentziagatik pertsona edo beste animaliei heriotza edo lesioak eta gauzei kalteak eragiteko ahalmena dutenak ere arriskutsuak izan daitezkeen animalia bezala hartuko dira.
II. TITULUA
ARAU OROKORRAK
III. KAPITILUA. IZAERA OROKORREKO ARAUAK
4. artikulua.
Hasiera batean baimendu egiten da etxe partikularretan konpainiako etxeko animaliak edukitzea, baldin eta etxeak, bertako instalazioek eta animalien kopuruak zein animalien tamainak horretarako aukera ematen badute osasunaren eta garbitasunaren aldetik, eta ez baldin bada sortzen auzokideentzat, animalientzat edo beste edonorentzat arrisku-egoerarik edo eragozpenik.
Debekatua dago balkoietan, garajeetan, pabilioietan, sotoetan, azoteetan, lorategietan edota bestelako edozein lokaletan animaliak edukitzea edo ukuiluratzea, baldin eta animaliek auzokide zein oinezkoentzat molestiak sortzen badituzte beren usain, zikinkeria, ulu nahiz zaunkekin.
Era berean debekatua geratzen da txakurrak edukitzea zona ez urbanizagarrian dauden baratzeetan, partzela anexuak eta baserrienak edo landetxeenak ez badira behintzat.
5. artikulua.
Debekatua dago hirigunean animaliak hazteko ustiategiak edukitzea, eta ezin izango dira ukuiluratu etxe partikular, terraza, azotea, ganbara, soto, trastegi, bodega edota patioetan.
6. artikulua.
Parke, zoologiko edo antzeko helburua duten bestelako lekuetatik kanpo basa animaliak izateko, indarrean dagoen legeria bete beharko da kasu bakoitzean eta jabea arduratuko da auzokideentzat arrisku edo eragozpenik ez sortzeaz. Horregatik debekatua egongo da animalia hauek solte lagatzea gune irekietan edo jendea dabilen lokaletan.
7. artikulua.
Animalien jabeak edo edukitzaileak behartuta daude janari egokia eta zainketa egokia ematera animalien ongizatea guztiz bikaina izan dadin, gaixotasunen tratamendua dela zein osabidea dela, bai eta agintariek ezarritako administrazio neurriak zein osasunaren prebentzioari buruzkoak betetzera ere. Horiez gain, animalia mota bakoitzak dauzkan ezaugarrien araberako alojamendua eman beharko diete jabeek animaliei.
8 artikulua.
Animaliak ondo babestuak egon daitezen, erabat debekatuak daude:
1.Animaliak bortizkeriaz edo substantzia toxikoak emanez akabatzea, bide zein gune publikoetan substantzia toxikoak gordetzea eta norbere zein inoren animaliak zauritzea, ankerkeriaz tratatzea edo tratu txarrak ematea, konpainiako animalia izan zein etxekotua izan zein basa animalia izan.
2.Animaliak antzerki, diskoteka, pelikula edo propaganda jardueretan erabiltzea, baldin eta erabilera horren ondorioz, animaliak sofritu edo mina hartzen badu edota degradatzen bada.
3.Animalien arteko borroka-saioak, publikoak zein pribatuak, baldin eta bertan animaliak akabatu, zauritu, izutu eta erasotzen bazaie.
4.Animaliei mutilazioak egitea, albaitariaren kontrolpean helburu terapeutikoz, arrazoi funtzionalez edo arrazaren ezaugarriei eusteko eginak ezik.
5.Espreski debekatzen da animaliak abandonatzea.
6.Adin txikikoei animaliak saldu, lagatu edo ematea.
7.Baimendutako merkatu eta azoketan izan ezik, animalien salmenta ibiltaria.
8.Administrazioaren kontrolik gabe animaliak klinika eta laboratorioei saltzea.
9.Alkohola, drogak eta botikak ematea edo kalte fisikoak zein psikikoak eragin ahal dizkien edozein manipulazio artifizial egitea, bereziki lehiaketetan errendimendua handitzeko bada.
10.Mota babestuetako animaliak saltzea, edukitzea eta erakustea, arlo honetako legeria kontuan izan gabe.
III. TITULUA
ETXEKO TXAKURRAK ETA KATUAK
IV. KAPITULUA. ZENTSOA EETA IDENTIFIKAZIOA
9. artikulua.
Txakur-jabe edo edukitzaileek derrigorrez identifikatu eta erroldatu beharko dituzte beren txakurrak, txakurra jaio edo erosi den momentutik hilabeteko epean. Berdin egingo da bestelako edozein konpainiako animalia bada ere.
10. artikulua..
Animalia identifikatzeko inplante elektronikoa erabiliko da Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantzaren Sailak 1993ko maiatzaren 25eko 109/93 Aginduak animalien identifikazioaz erabakitzen duenaren arabera.
11. artikulua.
Gainera, txakur jabeek txakurraren osasun kartila izan beharko dute. Bertan ugazaba edo titularraren datuak azalduko dira, identifikaziorako kode alfanumerikoa eta animaliaren osasun egoeraren adierazgarria. Horrez gain, zein espezietakoa den, arraza, sexua, adina, jarrera, izena eta identifikaziorako behar diren datuak (animaliaren argazkia barne, jabeak nahi izango balu). Txakurrak sortu ditzaken kalteei aurre egiteko jabeak erantzukizun zibilaren aseguru-poliza bat sinatu beharko du, eta kartilan aseguruaren ordainketa bermatzen duen erreziboa konstaraziko du. Kartila edo identifikazioa galduz gero, berehala, jakinarazi beharko du eta berria egin.
12. artikulua.
Animalia-jabeek edo edukitzaileek albaitariari jakinarazi beharko diote heriotzagatik izandako bajak, eta albaitariak horren berri emango dio Udalari edo dagokion Lurralde Erregistroari, heriotza gertatzen den egunetik kontatzen hasita, 10 eguneko epean.
13. artikulua.
Animalia lapurtu edo desagertuz gero, salaketa jarri beharko da 24 orduko epe barruan eta hori egin ondoren, 10 eguneko epea egongo da lapurreta edo desagerketaren berri emateko zuzenean Lurralde Erregistroan.
14. artikulua.
Txakur-jabeak edo edukitzaileak etxez aldatzen badira edo txakurraren jabetza eskualdatzen badute, 10 eguneko epea izango dute horren berri emateko albaitariari edo dagokion Lurralde Erregistroari.
15. artikulua.
Animaliaren jabeak ordainduko ditu identifikazio zerbitzua, osasun-txartela eta erroldan izena ematea.
16. artikulua.
Animaliak jasotzeaz arduratzen diren udal-zerbitzuak jasota edukiko dituzte Ordenantza honen bidez abandonatutzat jo daitezkeen animaliak.
17. artikulua.
«Animalia arriskugarritzat» katalogaturiko txakurren kasuan, derrigorrezkoa da katalogazio hori Txakurren Osasun Liburuxkan eta dagokion Lurraldeko Erregistroan agertzea.
18. artikulua.
Abenduaren 23ko 50/1999 Legeak, hain zuzen arriskutsuak izan daitezkeen animaliak izateko Arautegia, zehazte dituen animalien jabeak, hazleak, zein edukitzaileak, arautegiak zehazten duen eran behartuta daude identifikatu eta erroldatzeko.
V. KAPITULUA. ANIMALIEN OSASUN KONTROLA
19. artikulua.
Gizakientzat zein gainontzeko animalientzat kutsakorra den gaixotasuna diagnostikatzen badiote animalia bati edo horrelako gaixotasun sintomak balitu, edo pertsonaren bati haginka egin badio, Udalak agindu dezake animalia hori jagoletza eta osasun oharpenera jartzea.
Animaliaren batek pertsonentzat kutsakorra den gaixotasunen bat balu, eta gaixotasuna albaitari kolegiatu batek diagnostikatu badu, eta bere iritziz animalia akabatu egin behar bada, baimendutako sistemaren bat erabiliz akabatuko da, eta gastuak jabeak ordaindu beharko ditu. Horiez gain, gaixotasun kroniko sendaezinak dituztenak eta jabeek behar bezala zaintzen ez dituztenak ere akabatu egin beharko dira.
20. artikulua.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak egoki ikusten dituen neurriak hartuko ditu gaixotasun-agerraldiak badaude edo neurri horiek hartzea eskatzen duten bestelako egoerarik sortzen bada, eta neurri hauek animalien jabeek bete beharko dituzte, pertsonentzat eta gainontzeko animalientzat kaltegarriak izan ez daitezen.
21. artikulua.
Pertsona edo pertsonei haginka lesioak egin dituztela frogatu zaion animaliari Gipuzkoako Lurraldean haginkako animaliei buruz indarrean dagoen jagoletza eta osasun oharpenera jarriko da, eta/edo gaiari buruz dagoen arautegia ezarriko zaio.
22. artikulua.
Aipaturiko jagoletza eta osasun oharpena aurrera eramango da, haginkada jasan duen pertsona edo bere ordezkariak, Udalean haginkadaren salaketa bat jartzen baldin badu.
VI. KAPITULUA. ANIMALIAK LEKU PUBLIKOETAN
23. artikulua.
Hiriko bide eta leku publikoetan, hala nola eraikin kolektiboetako zati komunetan ere, txakurrak kontrolpean eta uhal batez loturik eduki behar dira. Uhalak egokia izan behar du animaliaren ezaugarrietarako.
24. artikulua.
Animalia arriskugarrien eta arriskutsuak izan daitezkeen kasuan, jabeek, hazleek edo edukitzaileek, aipaturiko baldintza orokorrez gain eta herri segurtasunari buruzko legerian xedaturikoez gain, ondoko baldintza berezi hauek bete behar dituzte:
a)Animaliaren ihesa eragozteko edo haurrek bertara erraztasunez sartu ez daitezen, segurtasun sistema egokiaz hornitu behar da txakurra dagoen leku edo esparrua, auzokoentzat, kaletik pasatzen direnentzat edo gainerako animalientzat inolako arriskurik ez dagoela bermatzeko.
b)Debekaturik dago luza daitezkeen uhalak erabiltzea animalia lotzeko.
c)Bide publikoetan, eraikin kolektiboetako zati komunetan eta, oro har, leku publikoetan, derrigorrezkoa da txakurrak une guztietan muturrekoa eramatea.
d)«Animalia arriskugarritzat» katalogaturik dagoela dioen identifikazio plaka bat eraman behar du halako txakurrak, betiere agerian eta idunekotik loturik, araututako modeloaren arabera.
e)Ezin dute inola ere parte hartu txakur erakusketa, lehiaketa edo bestelako gertakizunetan.
25. artikulua.
Debekatua dago animaliak honako leku hauetan sartzea:
a)Edozein motako elikagaiak fabrikatu, gorde, garraiatu edo saltzeko lekuak.
b)Ikuskizun publiko, kultural, kirol eta jostetako lokalak, igerileku publikoak eta osasun zentroak. Bakarrik sartu ahal izango dira leku horietan animalien lehiaketak edo ikuskizunak antolatzen direnean.
c)Ikastetxeak, salbu eta heziketa prozesuan behar badira, eta kasu honetan zuzendariaren edo zentroko arduradunaren erantzukizuna izango da.
Leku guzti horien titularrek debeku hau adierazten duten seinaleak ipini behar izango dute ondo ikusteko moduan.
26. artikulua.
Ostalaritza arloko establezimendu publikoen jabeek, hau da taberna, pentsio, jantoki, hotel, kafetegi edo antzekoen jabeek debekatu ahal izango dute, hala nahi izanez gero, bertan txakurrak sartzea. Txakurrak sartuz gero, ordea, derrigorrez eskatu beharko dute txakurrek identifikazioa izatea, uhalarekin lotuta egotea eta bozala ipinita, txakurraren ezaugarriek eta izaerak halakorik eskatzen badute. Bestalde, txakurrek ezin izango dute gaixotasun sintomarik eduki edo zikinak egon. Ezin izango da txakurrik sartu janaria egin eta manipulatzen den lekuetan.
27. artikulua.
Toki komunitario pribatuetan, hau da, kultur elkarte, jolas elkarte, auzokideen komunitateen erabilerarako zona eta abarretan animaliak sartu eta egon ahalko dira, baldin eta entitate horiek dituzten arauek onartzen badituzte eta arauak betetzen badituzte.
28. artikulua.
Gida-txakurrentzat ez dago debekatua aurreko artikuluetan aipatutako lekuetan sartzea, baldin eta gida-txakur lanetan ari badira eta osasun baldintza egokiak betetzen badituzte, hau da, garbiketa, gaixotasun eta agresibitate eza. Debekatua daukate, ordea, janaria egin, gorde eta saltzen diren lekuetan sartzea.
29. artikulua.
Debekatua dago txakur-gorotza bide eta plaza publikoetan, haurren parkeetan, lorategietan, eta oro har, leku apaingarrietan edo jendea biltzen den lekuetan uztea.
Horregatik, txakurrekin doazen pertsonek gorotzak galtzadara eraman behar izango dituzte, espaloiaren zintarri ondora eta estoldaren hustubideetatik ahalik eta hurbilen laga.
Txakurrak gorotza espaloian edo oinezkoen igarobideetan lagatzen badu, txakur-jabeak edo txakurra daramanak dauka jasotzeko ardura. Horretarako poltsa iragitzetan sartu, poltsa itxi eta zakarrontzietara edo Udal zerbitzuek adierazitako beste tokietara botako du, etxeko zabor-poltsan ere boto ahal du udal zabor-biltzaileek eraman dezaten eta estolderia-sareko hustubideetan ere bota dezake.
Txakur batek bide publikoa zikintzen badu, herritarrek eskubidea izango dute txakur-jabeari edo eramaileari eskatzeko zikindutakoa garbi dezala.
30. artikulua.
Animalia bide publikoetan egon edo ibiltzen bada, eta norbaiti eta ondasun publiko zein pribatuei kalterik egiten badie, jabea izango da erantzulea.
VII. KAPITULUA. ANIMALIAK JASOTZEKO ZERBITZUA
31. artikulua.
Hildako animaliak:
Bide eta errepide publikoetan agertzen diren hildako animalien gorpuak Udalak jasoko ditu. Ez ditu jasoko, ordea, Lurzoruaren Legeari jarraituz, lurzoru hiritarrezin kalifikatutako lekuetakoak udal lurrak ez badira behintzat. Egoerak aginduta, udal zerbitzuek animali hildakoren bat jaso behar badute lur jabetza pribatu batetik, sortutako kostuak animaliaren jabeak hartuko ditu bere gain eta hala ez balitz lurraren jabeak.
32. artikulua.
Abandonatutako txakur eta katuen kontrola:
1.Herrian zehar edo herri inguruko bideetan zehar jaberik edo eramailerik gabe dabilen animalia jaso egingo da eta Udalak egokitutako txakurtegira eramango da.
2.Animalia gehienez 30 egunez egon ahal izango da gordeta txakurtegian eta jabeak jaso ahal izango du denbora tarte horretan. Bestalde, jaso ahal izateko, animaliaren jabea dela eta egiaztatu eta izandako gastuak ordaindu behar izango ditu. Gastuen zenbatekoak urtero ezarri eta argitaratzen ditu Udalak, eta ordainketa horiek ez diote kalterik egingo Ordenantza honetako arauren bat urratzeagatik ezarritako bestelako zigorrei.
3.Aipaturiko epea igaro eta jabeak ez badu animalia jaso edo ez baditu eskubideak ordaindu nahi, ez zaio animalia itzuliko eta animalia eskatzen duen edonori eman ahal izango zaio, baldin eta animaliaren osasun eta administrazio-egoera konpontzeko konpromezua hartzen badu. Horrelakoetan 5 eguneko epea emango zaio eskatzaileari Udalean eta harrera zentroan egiaztatu ahal izateko.
4.Albaitariaren txostenak animaliaren egoera zein osasuna txarrak direla eta bere izaera arriskutsua dela adierazten badu, animalia akabatzeko epea aldatu egin ahal izango da, eta presaz akabatu ahal izango da.
5.Animalia jabe batek animalia txakurtegian lagatzen badu eta aldez aurretik espreski uko egiten badio, animaliaren jabetzari, animalia eskatzen duen edonori eman ahal izango zaio 30 eguneko epean. Horrelakoetan animaliari uko egin dionak ordaindu behar izango ditu momentu horretan indarrean dauden tasak.
6.Bide publikoan animaliaren bat jaso eta identifikatu egiten bada, jabeari animalia jasota dagoela jakinarazteko gestioak egingo dituzte udal-zerbitzuak. Jakinarazpen hori modu frogagarrian egongo da.
Beste aukerarik ezean, animalia eutanasia sistema baten bidez akabatuko da, beti ere albaitariaren ardurapean edo animalien babeserako zentroren bati emango zaizkie edo animalien eskaera egiten duten izaera zientifikoko zentro edo erakundeei, beti ere albaitari zerbitzuen txostena eta baimena kontuan hartuta, eta garraio-gastuak haien kontura izango dira.
7.Lakiolariak Agintaritzaren ordezkaritzat hartuko dira, ondorio guztietarako, lanean ari diren bitartean.
IV. TITULUA
ANIMALIAK ALDI BATEZ MANTENTZEN DITUZTEN ESTABLEZIMENDUENTZAKO ARAUAK
33. artikulua.
Titulu honen barruan sartzen dira:
a)Hazkuntza eta hezkuntza zentroak eta aterpetxeak.
b)Animaliak saltzeko lokalak.
c)Albaitaritzako kontsultategiak, klinikak eta ospitaleak.
d)Udalerrietako aldi baterako jarduerak (zirkoak, zoo ibiltariak).
34. artikulua.
Jarduera guzti horiek Udal-lizentzia behar izango dute, eta lizentzia hori jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamenduak ezarritakoaren araberakoa izango da. Gainera, jarduera horiek eurei dagokien izena Foru Aldundiko dagokion Zerbitzuko erregistroan izena eman beharko dute.
VIII. KAPITULUA. HAZKUNTZA ZEIN HEZKUNTZA ZENTROAK ETA ALDI BATERAKO ATERPETXEAK
35. artikulua.
Hazkuntza zentroek, hezkuntza zentroek eta animalien egoitzek Animaliaren sarrera eta irteeren erregistro liburua eduki beharko dute. Liburua arlo honetan eskumenak dituzten osasun agintarien esku egongo da.
36. artikulua.
Eraikuntzek, instalazioek eta ekipoek giro garbia sortu beharko dute, bertan dauden animaliak babestuko dituzte eta egin behar izaten diren jarduera zoosanitarioak erraztuko dituzte. Halaber animaliak erraz manipulatzeko aukera eman behar izango dute eta animalien izaerari egokituta egon behar izango dira, hartara animaliei bizi-baldintza egokiak eskaintzeko.
37. artikulua.
Zentroek barruko saneamendu-sarea eduki beharko dute eta gorotza zein ur zikinak kentzeko neurri zuzentzaile egokiak edukiko dituzte, arlo horretako araudiak jasotakoaren araberakoak, hartara osasun publikoan zein inguruko osasun egoeran egon daitezkeen arriskuak gutxitzeko.
Zentroetan edateko ura eduki beharko da, bertan dauden animaliek zein pertsonek edan dezaten.
38. artikulua.
Zentroetako esparruak, lokalak zein kaiolak erraz garbitu eta desinfektatzeko moduan eta materialekin eraikiko dira. Leku horiek gutxienezko azalera izango dute, animaliaren tamainaren araberakoa izango dena, horrela animaliaren ongizatea bermatzeko.
39. artikulua.
Lokalak, animaliekin kontaktuan dauden tresnak eta animaliak garraiatzeko ibilgailuak, halakorik balego, garbitu eta desinfektatzeko tresnak zein baliabideak eduki behar izango dituzte.
40. artikulua.
20 animaliako kaiola bat eduki behar izango dute gutxienez, gaixorik dauden animaliak eta gaixorik daudelako susmoa dagoenean, bertan isolatu, bahitu eta behatzeko. Kaiolok erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak izango dira.
Era berean, animalien gorpuak eta material kutsagarriak ezabatu edo desagertarazteko bitarteko egokiak eduki behar izango dituzte.
41. artikulua.
Zentro hauek garbitasun eta profilaxi programa definitu bat egin behar izango dute albaitari tekniko batek oniritzia emanda, eta honako hau jasoko du gutxienez: Behar den bakoitzean eta gutxienez sei hilabetean behin, animaliekin kontaktuan dauden materialak eta lokalak sakon desinfektatuko direla eta intsektuen eta arratoien kontra fumigatuko direla.
Albaitari-Ikuskatzaile ofizialek instalazioak zein bertako animalien egoera ikuskatu ondoren, osasunaren eta garbitasunaren aldetik akatsen bat ikusten badute, jardueraren titularrei akatsok zuzentzeko behar diren neurriak hartzeko eskatuko diete.
IX. KAPITULUA. ANIMALIAK SALTZEKO LOKALAK
42. artikulua.
Animaliak saltzen dituzten establezimenduek albaitari-aholkulari bat eduki beharko dute. Albaitari-aholkularia animalien sarrera eta irteerako erregistro-liburuaz arduratuko da, eta honako hauek ere jaso beharko dituzte bertan: Mota, arraza, adina, jatorria, inportazio-baimenaren zenbakia, sarrera eta irteerako data, animaliaren helburua eta bestelako datu interesgarriak. Liburuak udaleko Osasun Agintaritzaren esku egon beharko du.
Bizirik dagoen animalia saltzen duenak animaliaren jatorria, ezaugarriak eta osasun egoera jasotzen dituen agiri bat eman behar izango dio erosleari. Edozelan ere, nahiz eta saltzaileak agiri hori eman, animaliak gaixotasunen bat inkubatzen badu, salmentaren unean detektatu ez dutena, saltzaileak ere izango du horren erantzukizuna.
43. artikulua.
Animaliak saltzen dituzten lokaletako esparru, kaiola edo bestelako tokiak egokiak izan beharko dira, bertan erakusgai dauden animalien egoera egokia izan dadin.
44. artikulua.
Inoiz ere ezingo da babestua dagoen faunako animaliarik komertzializatu.
X. KAPITULUA. ALBAITARIEN KONTSULTATEGIAK, KLINIKAK ETA OSPITALEAK
45. artikulua.
Animalia txikientzako kontsulta klinikoak eta osasun tratamenduak eskaintzen dituzten anbulatorio izaera duten establezimenduak, honela sailkatuko dira: Albaitari Kontsultategia, Albaitari Klinika eta Albaitari Ospitalea.
1.Albaitari Kontsultategia: Gutxienez itxarongela eta kontsulta gela eduki behar izango ditu eta bertan sendaketa eta kirurgia ebakuntza txikiak egin daitezke.
2.Albaitari Klinika: Gutxienez honako hauek eduki behar izango ditu: Itxarongela, kontsulta gela, ebakuntzak egiteko gela, instalazio erradiologikoak, laboratorioa eta suspertze-atalak.
3.Albaitari Ospitalea: Albaitari Klinikek dituztenez gain, ospitaleratze-gela ere eduki behar izango du, eta bertan 24 orduko osasun-zainketa eta bertan ingresatuta dauden animalien eten gabeko zainketa ziurtatu behar izango dute.
46. artikulua.
Establezimendu guzti horiek udal-lizentzia behar izango dute, eta isolatuta dauden eraikinetan edo beheko plantan dauden lokaletan kokatu ahal izango dira, albaitari-ospitaleak izan ezik. Edozelan ere, debekatua dago etxebizitza erabilerako eraikin batean horrelako jarduerarik jartzea.
47. artikulua.
Albaitari ospitaleek honako baldintza hauek bete beharko dituzte baimenak lortzeko: Etxebizitzetatik aldenduta egongo dira, aparteko eraikin batean. Eraikina itxita egongo da, eta gune librea ere izango du, ospitale-plaza bakoitzeko 20 m².
48. artikulua.
Debekatua dago honako leku hauetan aldi baterako zein aldizkako albaitari-kontsultategia edukitzea: Merkataritza establezimenduetan ezein bertako lokalen batean (botiketako bulegoetan, janari dendetan, ostalaritzako lokaletan eta jantokietan bereziki), bai eta animaliak saltzeko lokaletan zein animaliak babesteko elkarteen lokaletan ere.
49. artikulua.
Ekipamenduek zein instalazioek sektoreko arautegia betetzeaz gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:
1.Lurzorua iragazgaitza, erresistentea eta garbigarria izango da.
2.Parametro bertikalak lurzorutik gutxienez 1,75 m-ko altuera arte egongo dira alikatatuta. Gainontzekoen eta sabaiaren materialak erraz mantentzeko, garbitzeko eta desinfektatzekoak izango dira.
3.Edateko ura, ur hotza eta beroa edukiko dituzte (gehienez 82.º C-ra artekoa).
4.Hildako animalien gorpuak kentzeko baimendutako bideak erabiliko dira.
5.Bertan sortutako hondakinak kentzeko, ontzi txikiak erabiliko dira eta une bakoitzean indarrean dauden arauak bete behar izango dituzte.
6.Animalien gorotzak zabor-poltsa iragazgaitz eta itxietan eliminatuko dira.
7.Instalazio, tresna eta ibilgailuen garbiketa, desinfekzio eta desinfektazio-lanak ere sistematiko, periodiko eta jarduerak aginduko duen aldietan egingo dira. Honetaz aparte eta urtean behin gutxienez, lokala ofizialki baimendutako enpresa batek desinfektatu eta desinsektatuko du.
50. artikulua.
Albaitari klinika, kontsultategi edo ospitale bat ireki eta funtzionamenduan jartzeko beharrezkoa izango da Zuzendaritza Teknikoak albaitari profesional kolegiatu bat edukitzea eta establezimenduan burutuko diren jarduera guztiak lanbidea exertzatzeko baimenduak leudekeen kolegiatu gaituen bidez egingo dira.
XI. KAPITULUA. ALDI BATERAKO JARDUERAK. (ZIRKOAK, ZOOAK, ERAKUSKETA MUGIKORRAK, ETAB.)
51. artikulua.
Aldi baterako jarduerek une bakoitzean indarrean dauden udal-baimenak bete behar izango dituzte.
52. artikulua.
Era berean, hainbat osasun eta garbitasun baldintza bete beharko dituzte, jarduera finkokoek dituztenen antzekoak, baina aldi baterako jarduerentzako ezarritako salbuespenekin batera.
53. artikulua.
Honako agiri guzti hauek eguneratuak eduki beharko dituzte: Baimenak, ziurtagiriak, jabetzari buruzko gainontzeko betebeharrak eta jarduerako animalien osasun zein jatorri ziurtagiriak.
V. TITULUA
ZIGOR-ERREGIMENA
XII. KAPITULUA. HAUSKETAK
54. artikulua.
Ordenantza honi jarraituz, arau-hausteak arin, larri eta oso larrietan sailkatuko dira, osasunerako dituzten arriskuak, arduragabekeria maila, sortutako kaltearen larritasuna eta berriro egin ote den kontuan izanda.
A. Arau arinak izango dira:
—Errolda identifikaziorik gabeko animaliaren bat izatea, identifikatuta edukitzea derrigorrezkoa denean.
—Animaliak garraiatzea Lege eta Erregelamenduetan ezarritakoa bete gabe.
—Animalien gorotzak bide zein plaza publikoetan, haurren parkeetan, lorategietan, leku apaingarrietan eta pertsonak ibiltzeko lekuetan lagatzea.
—Animaliak ondo zaindu eta begiratu ezin diren lekuetan edukitzea.
—Ordenantza honetan zain bestelako lege eta araudietan xedatutako betebehar eta debekuak ez betetzea, egin den arau-urratzearen izaera dela eta, bestelako kalifikazioren bat duen kasuetan izan ezik.
B. Arau-urratze larriak izango dira:
—Garbitasun eta osasun egoeraren aldetik egokiak ez diren lekuetan animaliak edukitzea, janaririk eta beharrezko osasun asistentziarik eman gabe.
—Animaliak antzutzea, mutilatzea eta akabatzea albaitariaren kontrolik gabe edo Legeek zein Araudiek ezarritako baldintza eta eskakizunetan ezarritakoaren kontra.
—Ez bakunatzea eta derrigorrez eman beharreko tratamenduak ez ematea.
—Animaliak baimenik gabe saltzea.
—Ordenantza honen ezarpen eremuan dauden animaliak aldi batean edukitzea, hazi edo saltzea, Legeek zein Araudiek ezarritako baldintza eta eskakizunak bete gabe.
—Animaliei tratu txarrak ematea, akabatu edo zaurituz, alferrik sofriaraziz, zauritu edo mutilatuz.
—Animaliei alferrikako sofrimendua eta kalteak eragiten dizkieten substantziak ematea zuzenean zein janariaren bitartez.
—Kalteak eragin ditzaketen animaliak behar bezala ez zaintzea eta behatzea.
—Animaliak min larriak eta nabarmenak dituela jakin eta albaitaritza asistentzia egokirik ez ematea.
—Administrazio-baimenik ez duten ikuskizunetan animaliak erabiltzea.
—Arriskutsua izan daitekeen animalia edo animalia arriskugarri bat solte lagatzea edo bere ihesa edo galbidea ekiditeko beharrezko neurriak hartu ez izana.
—Arriskutsua izan daitekeen animalia edo animalia arriskugarria identifikatzeko bete beharra ez betetzea.
—Arriskutsua izan daitekeen animalia edo animalia arriskugarria leku publikoetan muturrekorik gabe edo katearekin lotua ez ematea.
—Arautegi honetan edo ezartzen den beste legerian zehazten diren bete beharreko funtzioen arabera, agintari eskudunak edo agenteak eskatutako informazioa ez ematea, informazio emateari aurka egitea, zehaztugabeko informazioa edo informazio faltsua ematea.
—Zigor espedientea hasi aurreko bi urteetan zehar hiru arau-urratze arin egin izana, baldin eta zigorra ezarri bazaio erabaki irmo bidez.
C. Arau-urratze oso larriak dira:
—Animaliak txakurtegian egon eta nahiz eta jabea identifikatua egon, jabeak animaliaren ardura hartu nahi ez izatea.
—Animaliak akabatzea era bortitzen batean edo substantzia toxikoak emanda.
—Konpainiako edo etxeko animalia bat abandonatzea.
—Animalienganako krudelkeria, tratu txarrak edo animalien sofrimendua islatzen duten eszenak grabatzea.
—Baimendutako ikuskizunetan parte hartzen duten animaliei anestesia, drogak eta abar ematea, horien bidez haien berezko portaera guztiz kontrako bihurtu ahal izateko.
—Pozoindutako janaria lagatzea bide eta espazio publikoetan.
—Animaliak debekatutako ikuskizun publikoetan erabiltzea.
—Arriskutsua izan daitekeen edozein motatako animalia edo arriskugarria den animalia abandonatzea. Jabea ez duena, helbide ezaguna ez duena, datuak ezagutzeko identifikazio sistema ez duena eta erroldatua ez dagoen animalia abandonatutzat hartuko dira. Baita ere abandonatutzat joko da, nahiz eta erroldatua egon, bere desagertzea arautegiak ezartzen dituen epeetan salatu ez dena o bide publikotik jaberik gabe doana.
—Gaitasun ziurtagiria ez duen pertsonak arriskutsuak izan daitezkeen animaliak trebatzea.
—Baimenik gabe arriskutsuak izan daitezkeen txakur edo animaliak edukitzea.
—Lizentzia ez duen norbaiti arriskutsua izan daitekeen txakur edo animalia saltzea edo transmititzea.
—Bere agresibitatea areagotzeko edo debekatuta dauden ekintzetako animaliak trebatzea.
—Animalien agresibitatea frogatu nahian arriskutsuak izan daitezkeen animali edo animalia arriskugarriekin lehiaketak, ariketak, erakusketak eta ikuskizunak antolatzea, ospatzea edo bertan parte hartzea.
—Hiru arau-hauste arin egitea, atzera bota ezineko erabakiaren bidez ordaindu beharreko zigorrarekin.
D. Urratze larriak edo oso larrien kasuan denboraldi batez instalakuntzak, lokalak edo establezimenduak itxi daitezke. Urratze larrien kasuan gehienez ere bi urtez itxiko dira eta urratze oso larrien kasuan gehienez lau urtez eta animaliak erosteko galaraziko zaio lau urtez.
XIII. KAPITULUA. ISUNAK
55. artikulua.
Honako Ordenantzan jasotako arau-urratzeei 10.000 pezetatik 2.500.000 pezetarainoko isunak ezarriko zaizkie, eskala honen arabera:
—Urratze arinak: 10.000-tik 50.000 pezetara.
—Urratze larriak: 50.001-tik 250.000 pezetara.
—Urratze oso larriak: 250.001-tik 2.500.000 pezetara.
Isunen zenbatekoa urte osorako izango da eta hala behar dela uste izanez gero, eguneratu egingo da Ordenantza Fiskalak errebisatuz.
XIV. KAPITULUA. ZIGORTZEKO ESKUDUNTZA
56. artikulua.
Isunen zenbatekoa neurtzeko eta aurreko artikuluan ezarritako zigorren iraupena zehazteko, honako zirkunstantzia hauek hartuko dira kontuan:
a)Arau-urratzeak gizarte-mailan eta osasunean izandako eragina eta ekarri duen kaltea.
b)Legez kanpoko irabazi asmoak eta horren bitartez izandako irabazien kopurua.
c)Arau-urratzeak behin eta berriro egitea. Arau-urratzea berriro egin dela esaten da lehendik ere, zigor-espedientea hasi aurreko bost urteen barruan Ordenantza honetako arau-urratze bat dela eta ezarri izan bada administrazio bideko erabaki irmoaren bidez.
d)Arau-haustearen gaitzeskarritasun mailan (larritasuna emanez) eragina izan lezakeen beste edozein gorabehera. Horretarako, modu berezian kontuan hartuko da umeen aurrean edo gutxitu psikikoen aurrean animalien kontra erabilitako biolentziak.
Ekintza berak arau-urratze administratibo bi edo gehiago ekartzen baditu, zenbateko handiena daukan isuna ezarriko zaio, espedientea instruitu eta ebazteko organo konpetentea ahalmen zigortzaile duena izanik.
57. artikulua.
Zigortzeko ahalmena izateko, ezinbestekoa izango da zigor-espedienteari ekitea, horretarako legeak edo bestelako arautegiek ezarritako bideei jarraituz.
Animalien babeserako 6/93 Legean araupetutako organo administratiboen eskuduntza zigortzailearen kalterik gabe, espediente zigortzaileak, Udalak, bideratuko ditu, eta arau-urratzeak oso larriak direnean, eskuduntza duen Foru Organoari jasoko dizkio.
Arau-hauste arinei dagozkien zigorrak Udaleko Alkate-Lehendakariak ezarriko ditu, eta larriei dagozkienak Udalbatzak.
Ordenantza honetako edozein zigor-ezartzek ez du suposatzen zigortua erantzukizun zibiletik salbuetsia geratzen dela.
Arau-hausteak delitu edo honen izaera baldin badu, gertatuen berri epaitegiari emango zaio eta Organo Administratiboak ez du aktuaziorik izango.
58. artikulua.
Zigor espedientea hasita, eta arau-hauste berriak saihesteko asmoz, honako kautelazko neurriak hartu ahal izango dira:
a)Animaliaren batek ondoko zerrendan jasotako egoeraren bat bizi izan duela susmatzen baldin bada, animaliaren zaintza eta ardura kendu egingo zaio jabeari:
—Behar bezala alojatuak eta elikatuak eza dauden animaliak.
—Albaitariaren tratamendurik gabe gaixo eta/edo zaurituak dauden animaliak.
—Pertsonentzat gaixotasun kutsagarriak dituztenak.
—Gaixotasun kroniko larri edo sendaezinen bat dutenak, mutilazio mingarriren bat, oinaze larri eta itzulezinen bat dutenak.
b)Instalazioak, lokalak edo establezimenduak prebentzio moduan ixtea.
Kautelazko neurriak ez dira etengo ahalik eta horretarako arrazoiak desagertzen ez diren bitartean. Neurri hauek ez dira luzaraziko espedienteko ebazpen irmoa baino areago, ezarritako zigorrak, ez baldin badira epealdi batez ixtea zigortzen.
59. artikulua.
Isunak borondatez zein premiamenduzko bidea erabiliz kobratuko dira, toki-araubidean ezarritakoaren arabera.
60. artikulua.
Arau-urratze arinak sei hilabeteren buruan preskribituko dira, larriak urtebeteren buruan eta oso larriak bi urteren buruan.
Arau-urratze bati dagokion zenbatekoa 500.000 pezeta baino gutxiagokoa bada, urtebeteren buruan preskribituko dira eta bost urtebeteren buruan aipatu kantitatearen berdina edo handiagoa izanez gero.
INDARGABETZE XEDAPENA
Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat ez datozen bestelako udal-ordenantzak, arautegiak zein bandoak indargabetuta geratzen dira.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean sartuko da Udalbatzaren behin-betiko onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.
Astigarraga, 2002ko apirilaren 30a.—Eli Laburu Labaka, Alkatea.
(1320) (4805)