Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

30. zenbakia Data 2002-02-14 2822 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
Otsailaren 5eko 4/2002 FORU DEKRETUA, ekainaren 15eko 56/1999 Foru Dekretua aldatzen duena, Gizartekintzako adinduen zentruko prezio publikoak onartzen dituena.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Otsailaren 5eko 4/2002 FORU DEKRETUA, Gizartekintza Departamentuaren adineko pertsonentzako zentroetako prezio publikoak ezartzen dituen 1999ko ekainaren 15eko 56/1999 Foru Dekretua aldatzen duena.

1996ko urriaren 18ko 5/1996 Legeak ezarritako eskumen banaketaren arabera, 2001eko otsailaren 8an erakundearteko akordioa izenpetu zen Eusko Jaurlaritza, foru aldundi eta EUDELen artean, Gipuzkoako gizarte zerbitzuen sisteman herri erakundeen erantzukizuna zein den erabakitzeko eta horietako bakoitzak alor horretan dituen eskumenak zehazteko.

Aipatutako erakundearteko akordioa gauzatuz, 2001eko uztailaren 30eko 155/2001 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioek gizarte zerbitzuen alorrean dituzten zereginak zehaztu zituen.

Dekretu horretan foru aldundiei emandako zereginen artean dago herritarren beharrei erantzun ahal izateko gai izango diren talde berezientzako zentroak eta zerbitzuak egon daitezen bermatzea. 60 urtetik gorako pertsonen kasuan foru aldundiei dagokie ezindutzat jotako pertsonen ardura eta zaintza.

Azaldutako guztiaren ondorioz, zenbait aldaketa egin behar dira Gizartekintza Departamentuaren zentrotan egindako egonaldiak ordaintzeko sisteman. Sistema hori orain arte 1999ko ekainaren 15eko 56/1999 Foru Dekretuaren, Gizartekintza Departamentuaren adineko pertsonentzako zentroetako prezio publikoak ezartzen zituenaren, bidez arautzen zen.

Horiek horrela, Gizartekintza Departamentuko eta Ogasun eta Finantza Departamentuko diputatuek elkar hartuta egindako proposamenari jarraiki, eta Diputatuen Kontseiluak gaur egindako batzarraldian deliberatu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT

Artikulu bakarra.  Aldatzea Gizartekintza Departamentuaren adineko pertsonentzako zentroetako prezio publikoak ezartzen dituen 1999ko ekainaren 15eko 56/1999 Foru Dekretuko 5, 6, 14 eta 15. artikuluak, eta ondoren adieraziko den moduan idatzita uztea:

5. artikulua.  Prezio publikoaren zenbatekoa.

Gizartekintza Departamentuak dituen egoitzetan egindako egonaldiengatik honako prezio publiko hauek ordaindu beharko dira:

A)Egoitzetako egonaldi iraunkorretan eta aldi bateko egonaldietan:

Pertsona eta egun bakoitzeko:

—Egoiliar ezindua: 38,40 euro.

—Egoiliar oso ezindua: 48,70 euro.

—Bestelako egoiliarrak: 25,98 euro

B)Egoitzetako asteburuko egonaldietan:

—48,70 euro, pertsona eta egun bakoitzeko.

 

Egoiliarrari bere plaza gorde dakioke baldin, bidezko arrazoiak direla medio, aldi batez bertan ez egon arren, horretara behartu duten arrazoiek indarra galtzean berriz bertaratzekoa bada. Horrelako kasuetan egoiliarrak plaza gordeta duela joko da, eta, egonaldi mota edozein dela ere, ordaindu beharreko prezioan %25eko murrizketa egingo zaio.

Aldi batez egoitzatik kanpo egoteko eta plaza gordeta izateko eskubidea ematen duten arrazoiak hauek dira:

—Egoiliarra ospitalean egotea

—Gizartekintza Departamentuak halabeharrezko deritzon beste edozein arrazoi.

Egoitzetako egonaldi iraunkorren kasuan, behin zerbitzua eskatu duen pertsonari egoitza jakin batean sartzeko plaza baduela jakinarazi zaionean, jakinarazpena hartutako egunetik aurrera bi egun izango ditu bere plaza betetzeko. Epe hori bukatzean plaza bete ez badu, plaza beretzat gordeta duela joko da ondorio guztietarako, aipatutako jakinarazpenaren egunetik kontatuta bost (5) egun betetzen diren artean. Ordutik aurrera, plaza gordeta edukitzeko eskubidea gal dezake.

Egoitzetako aldi bateko edo asteburuko egonaldien kasuan, baldin eskatzaileak bere borondatez, egonaldia eman zaion arren, egiten ez badu, plaza ez zaio gordetakotzat joko, eta prezio osoa ordaindu beharko du.

Zerbitzuaren erabiltzailea egoitzatik kanpo aldi batez egonez gero, berak edo bere ordezkariak uko egin diezaiokete plaza gordetzeko eskubideari, Gizartekintza Departamentuan idatzia aurkeztuta. Uko egitearen ondorioak idatzia aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera izango dute indarra.

6. artikulua.Gizartekintza Departamentuaren ekarpena.

Foru ekarpenaren zenbatekoa adineko ezindu eta oso ezinduen plazaren kostuaren edota 5. artikuluan ezarritako prezio publikoaren (aurrekoa baino txikiagoa balitz) eta erabiltzailearen ekarpenaren arteko aldea izango da.

14. artikulua.Prezio publikoaren zenbatekoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartekintza Departamentuak dituen eguneko zentrotan egindako egonaldiengatik honako prezio publiko hauek ordaindu beharko dira, 12. artikuluan aipatutako egonaldi motei eta erabiltzaileen kalifikazioari begiratuta:

A)Astegunetako egonaldietan:

Pertsona eta egun bakoitzeko:

—Erabiltzaile ezindua: 29,61 euro.

—Gainerako erabiltzaileak: 22,84 euro.

B)Egoitzetako asteburuko egonaldietan:

—27,28 euro pertsona eta egun bakoitzeko.

Egoiliarrari bere plaza gorde dakioke baldin, bidezko arrazoiak direla medio, aldi batez bertan ez egon arren, horretara behartu duten arrazoiek indarra galtzean berriz bertaratzekoa bada. Horrelako kasuetan egoiliarrak plaza gordeta duela joko da, eta, egonaldi mota edozein dela ere, ordaindu beharreko prezioan %25eko murrizketa egingo zaio. Astegunetako egonaldietan egoitzatik kanpo egondako denbora gutxienez 4 egunekoa izango da.

Aldi batez egoitzatik kanpo egoteko eta plaza gordeta izateko eskubidea ematen duten arrazoiak hauek dira:

—Egoiliarra ospitalean egotea.

—Erabiltzaileak aldi bateko egoitza egonaldia egitea Atsedenaldi Luzeko Egonaldien Programaren barruan.

—Gizartekintza Departamentuak halabeharrezko deritzon beste edozein arrazoi.

Egonaldi mota batean zein bestean, erabiltzaileak bere borondatez, egonaldia eman zaion arren, egiten ez badu, plaza ez zaio gordetakotzat joko, eta prezio osoa ordaindu beharko du.

15. artikulua.Gizartekintza Departamentuaren ekarpena.

Foru ekarpenaren zenbatekoa adineko ezindu eta oso ezinduen plazaren kostuaren edota 14. artikuluan ezarritako prezio publikoaren (aurrekoa baino txikiagoa balitz) eta erabiltzailearen ekarpenaren arteko aldea izango da.

Amaierako xedapena.  

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Donostia, 2002ko otsailaren 5a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.

OGASUN ETA FINANTZA
D
EPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Antton Marquet Artola.

GIZARTEKINTZA
D
EPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Máximo Goikoetxea Ferreiro. (1461)