| 156. zenbakia | Data 2001-08-16 | 15752 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
56/2001eko FORU DEKRETUA, uztailaren 27koa, Gizartekintza Departamentuaren minusbaliatuen egoitzetako prezio publikoak onartu zituen ekainaren 3ko 41/1997 Foru Dekretuan xedatutakoari beste prezio publiko bat eta onuradunek ordaindu beharreko zenbatekoa eransten diona.
Ezintasunak dituzten pertsonen ezaugarriak aztertuta ikusi ahal izan dugunez, gero eta pertsona gehiago dago modu bateko edo besteko arazoak dituena, gaixotasun psikikoren bat dela eta.
Urola-Kostako eskualdeak ez du biztanleriaren sektore horrek dituen beharrei erantzuteko inolako baliabiderik. Premia horri konponbidea bilatzeko asmoz, Gizartekintza Departamentuak Azpeitian errehabilitazio psikosozialerako eguneko zentroa zabalduko du, lehiaketa irekiaren bitartez.
Erreabilitazio psikosozialerako eguneko zentroa, gizarte eta osasun esparrua deitutakoaren atal bat da, eta iraupen luzeko adimen arazo zorrotzak dituzten pertsonak zaintzea du helburu.
Zentro hori, Gipuzkoako Lurralde Historikoko minusbaliatuen egoitzen sarean sartuko da.
Gizarte zerbitzuen alorrean ematen diren zerbitzuak finantzatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaz gainera, zerbitzu horien onuradunek ere parte hartzen dute.
Uztailaren 13ko 25/1998 Legea, Tasa estatal eta lokalen legezko araudia aldatu eta ondarezko prestazio publikoak berrantolatzeari buruzkoa da, eta irailaren 15eko 73/1998 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren zerga araudia, aipatutako legean jasotako zerga-xedapen batzuetara egokitzen du. Urola-Kostako egoera ikusirik eta aurreko foru dekretuak dioenarekin ados, foru dekretu honen bitartez, adimen arazoak dituztenei zuzenduta dagoen Urola-Kostako errehabilitazio psikosozialerako eguneko zentroaren prezio publikoa eta erabiltzaileak jarri beharrekoa, ekainaren 3ko 41/1997 Foru Dekretuari erantsi nahi zaizkio.
Horiek horrela, Gizartekintza Departamentuko eta Ogasun eta Finantza Departamentuko diputatuek elkar hartuta egindako proposamenari jarraiki, eta Diputatuen Kontseiluak egun berean erabaki bezala, honako hau,
XEDATU DUT
1. artikulua.
Gizartekintza Departamentuari atxikita dauden minusbaliatuentzako egoitzen prezio publikoak ezartzeari buruzko ekainaren 3ko 41/1997 Foru Dekretuaren 2. artikuluari ondorengo testua eranstea:
—Adimen arazoak dituztenei zuzenduta dagoen Urola-Kostako errehabilitazio psikosozialerako eguneko zentroa: 3.170 pezeta (19,05 euro) eguneko.
2. artikulua.
Ekainaren 3ko 41/1997 Foru Dekretuaren 3. artikuluari ondorengo testua eranstea:
—Adimen arazoak dituztenei zuzenduta dagoen Urola-Kostako errehabilitazio psikosozialerako eguneko zentroaren erabiltzaileek, 900 pezeta (5,41 euro) ordainduko dute eguneko.
Amaierako xedapena.
Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2001eko uztailaren 27a.
DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.
GIZARTEKINTZA
DEPARTAMENTUKO
FORU DIPUTATUA,
Máximo Goikoetxea Ferreiro.
OGASUN ETA FINANTZA
DEPARTAMENTUKO
FORU DIPUTATUA,
Antton Marquet Artola. (8614)