| 124. zenbakia | Data 2001-06-28 | 12473 orria |
ZUMAIAKO UDALA
Iragarkia
2001.03.29ko datako Udal Batza Osoko Bilkuran, Animaliak edukitzea eta babestea arautuko duen Udal Ordenantza onartu zen haserako izaeraz eta 30 eguneko jendaurreko agerraldi epean egon da, 2001.04.18ko datatik aurrera, denboraldi horretan ez delarik inongo erreklamazio edo murtzilorik aurkeztu, orainarte behin behingo izaera zuen akordioak behin betiko izaera jasotzen duelarik.
(apirilak 2leko 11/99 Legeko, 1go art. 14. azpiatala).
Beraz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Ordenantzaren textu osoa argitaratzen da, 7/1985eko apirilak 2ko legeko 70, 2 art.aren arabera.
Animaliak edukitzea eta babestea arautuko duen Udal Ordenantza.
SARRERA
Udal Erregimenaren Oinarrien Legeak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren urriaren 29ko 6/1993 Legeak, Animalien babesari buruzkoak, eta gainerako xedapenak Udalari aitortutako aginpideak erabiliz ematen da honako Ordenantza hau.
AZALPENA
Ordenantza honek arautu nahi du era guztietako animalien edukitzea, konpainiakoak nahiz bestelakoak, animalien eta pertsonen arteko elkarbizitza antolatuz, hartara gerta daitezkeen osasunerako arriskuak, lasaitasuna, osasuna eta pertsona zein ondasunen segurtasuna zaintzeko.
Era berean, honako arlo hauetan animaliekin izan beharreko gutxienezko arreta arautzen du: Tratua, garbitasuna eta elikadura, animalien babesa, erakusketa eta garraioa, eta animalien eta pertsonen arteko elkarbizitza.
Horiez gain, ordenantzak aldi baterako animaliak hartzen dituzten zentroek, kontsultategiek, albaitari klinika zein ospitalek eta animaliak saltzen dituzten lokalek bete behar dituzten baldintza eta ezaugarriak arautzen ditu.
Azkenik, arau-urratze eta ezarri beharreko zigorrak zehazten ditu, eta zigortzeko prozedura exekutiboa ezartzen du.
I. TITULUA
HELBURUAK, DEFINIZIOAK ETA EZARPEN EREMUA
I ATALA. HELBURUAK ETA EZARPEN EREMUA
1. artikulua.
Ordenantza honen ezarpen eremua Zumaiako udalerriko hirigune guztiak dira.
2. artikulua.
Ordenantza honen helburua da hainbat arau ezartzea, udalerrian dauden konpainiako animaliak, etxeko animaliak eta basa-basa-animaliak babesteko, eta horrela animalien eta pertsonen arteko elkarbizitza antolatzeko.
Honako hauek Ordenantza honen ezarpen eremutik kanpo daude, bestelako araudi berezia dutelako:
a)Ehiza.
b)Arrantza.
c)Basoko faunaren babesa eta kontserbazioa bere ingurune naturalean.
d)Zezenak.
e)Animalien erabilera ikerkuntza eta bestelako helburu zientifikoetarako.
f)Uso-tiroko lehiaketak.
g)Hainbat herri-kirol, etxeko animaliekin egiten direnak.
h)Nekazaritza ustiaketak.
II. ATALA. DEFINIZIOAK
3. artikulua. Definizioak.
—Konpainiako animalia: Gizakiak mantentzen duen animalia, batez ere etxean, etxeko animalia zein basa-animalia izan, eta animalia jostatzeko, hezitzeko edo apaintzeko bada, eta irabazi-asmoko jarduerarik ez badago.
—Etxabereak: Gehienbat giza-ingurunean jaiotakoak eta gizakien beharra dutenak bizirik irauteko.
—Etxekotutako animaliak: Jaiotzez libre eta basatiak izanik, pertsonen inguruan eta pertsonekin bizitzera ohituak izan direnak eta bizirik irauteko azken batean, gizakien beharra dutenak.
—Ustiaketarako animalia: Irabazi-asmoarekin gizakiak mantentzen dituen animaliak, irabaziak animalien ustiaketatik edo haiengandik lortutako produkzioen ustiaketatik lortzen badira.
—Basa-animalia gatibutza egoeran: Berez basa-animaliak izanda gatibutzan jaio diren animaliak edo naturan libre jaio arren, gatibutzan dauden animaliak, baina gatibutzaren helburua ez bada animalia etxekotzea edo hezitzea.
—Abandonatutako animalia: Abandonatutako animaliatzat joko dira jabe edo helbide ezagunik ez dutenak, animaliaren datuak jakiteko sistemarik ez dutenak eta erroldan ez daudenak.
Era berean, abandonatutako animaliatzat joko dira honako egoeretan dauden animaliak: Batetik, erroldan egon arren, animaliaren jabeak ez badu desagertzearen salaketa aurkeztu araudiak ezarritako epearen barruan, eta bestetik, bide publikoan jaberik gabe dabiltzanak.
II. TITULUA
ARAU OROKORRAK
III. ATALA. IZAERA OROKORREKO ARAUAK
4. artikulua.
Hasiera batean baimendu egiten da etxe partikularretan konpainiako etxeko animaliak edukitzea, baldin eta etxeak, bertako instalazioek eta animalia kopuruak zein animalien tamainek horretarako aukera ematen badute osasunaren eta garbitasunaren aldetik, eta ez baldin bada sortzen auzokideentzako, animalientzako edo beste edonorentzako arrisku egoerarik edo eragozpenik.
Debekatuta dago balkoietan, garajeetan, pabilioietan, sotoetan, azoteetan, lorategietan edo bestelako lokaletan animaliak edukitzea edo ikuiluratzea, baldin eta animaliek auzokide zein oinezkoentzat usaina zein zikinkeria sortu edo ulua zein zaunka gogaikarriak egiten badituzte.
5. artikulua.
Debekatuta dago hirigunean animaliak hazteko ustiategiak edukitzea, eta ezin izango dira ikuiluratu etxe partikular, terraza, azotea, ganbara, soto, trasteleku, bodega edo patioetan.
6. artikulua.
Parke, zoologiko edo horrelako helburua duten bestelako lekuetatik kanpo basa-animaliak izateko, indarrean dagoen legedia bete beharko da kasu bakoitzean, eta jabea arduratuko da auzokideentzako arrisku edo eragozpenik ez sortzeaz, eta horregatik debekatuta egongo da animalia hauek solte lagatzea gune irekietan edo jendea dabilen lokaletan.
7. artikulua.
Animalien jabeak zein edukitzaileak behartuta daude janari egokia eta zainketa egokia ematera animalien ongizatearen alde, gaixotasunen tratamendua dela zein osabidea dela, bai eta agintariek ezarritako administrazio neurriak zein osasunaren prebentzioari buruzkoak betetzera ere. Horiez gain, animalia espezie bakoitzak dauzkan ezaugarrien araberako alojamendua eman beharko diete jabeek animaliei.
8. artikulua.
Animaliak ondo babestuta egon daitezen, erabat debekatuta daude honako hauek:
1.Animaliak bortizkeriaz edo substantzia toxikoak emanez akabatzea, bide zein gune publikoetan substantzia toxikoak gordetzea eta norbere zein inoren animaliak zauritzea, ankerkeriaz tratatzea edo tratu txarrak ematea, konpainiako animalia izan zein etxekotua izan zein basa-animalia izan, eta etxean eduki zein gatibutzan eduki.
2.Animaliak antzerki, diskoteka, pelikula edo propaganda jardueretan erabiltzea, baldin eta erabilera horren ondorioz, animaliak sufritzen badu, mina hartzen badu edo animalia degradatzen bada.
3.Animalien arteko borroka saioak, publikoak zein pribatuak, baldin eta bertan animaliak akabatu, zauritu edo erasotzen badira.
4.Mozketak egitea animaliei. Bakarrik onartuko dira albaitariak egindako mozketa terapeutikoak, arrazoi funtzionalengatik egindakoak eta arrazaren ezaugarriei eusteko egindakoak.
5.Animaliak abandonatzea.
6.Animaliak ematea saritzat, ordainketatzat edo erosketa baten konpentsazio oparitzat.
7.Animaliak saltzea, lagatzea edo ematea adin gutxikoei eta ezgaituei, haien guraso-agintea edo zainketa-ardura dutenen baimenik gabe.
8.Kalean animaliak saltzea, baimendutako merkatu eta azoketan izan ezik.
9.Animaliak klinika zein laborategiei saltzea, administrazioaren kontrolik gabe.
10.Alkohola, drogak eta botikak ematea edo kalte fisikoak zein psikikoak eragin ahal dizkien edozein mutilazio artifizial egitea, bereziki lehiaketetan errendimendua handitzeko bada.
11.Babestutako espezietako animaliak saltzea, edukitzea eta erakustea, arlo honetako legedia kontuan izan gabe.
III. TITULUA
ETXEKO TXAKURRAK ETA KATUAK
IV. ATALA. ERROLDA ETA IDENTIFIKAZIOA
9. artikulua.
Txakur-jabeek derrigorrez identifikatu eta erroldatu behar dituzte haien txakurrak, txakurra jaio edo erosten denetik hilabeteko epean. Berdin egingo da bestelako edozein konpainiako animalia bada ere.
10. artikulua.
Animaliak identifikatzeko inplante elektronikoak erabiliko dira, hala agintzen baitu Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 1993ko maiatzaren 25eko 109/93 Aginduak, animalien identifikazioari buruzkoak.
11. artikulua.
Udalak txakurren errolda izango du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nezkazaritza Zerbitzuan dagoen Animaliak Identifikatzeko Gipuzkoako Lurralde Erregistroarekin konektatuta egongo da.
Halaber, Udala arduratuko da datu-basea urtero eguneratzeaz eta bertako datuen konfidentzialtasuna zaintzeaz.
12. artikulua.
Animalia-jabeek edo edukitzaileek albaitariari jakinarazi beharko diote heriotzagatik izandako bajak, eta albaitariak horren berri emango dio Udalari edo dagokion Lurralde Erregistroari, heriotza gertatzen den egunetik kontatzen hasita, hamar eguneko epean.
13. artikulua.
Animalia lapurtu edo desagertuz gero, salaketa jarri beharko da 24 orduko epean, eta hori egin ondoren, 10 eguneko epea egongo da lapurketa edo desagerketaren berri emateko albaitariari edo zuzenean Udalari.
14. artikulua.
Txakur-jabeak edo edukitzaileak etxez aldatzen badira edo txakurraren jabetza eskualdatzen badute, 10 eguneko epea izango dute horren berri emateko albaitariari, Udalari edo dagokion Lurralde Erregistroari.
15. artikulua.
Animaliaren jabeak ordainduko ditu identifikazio zerbitzua, osasun-txartela eta errolda izena ematea.
16. artikulua.
Animaliak jasotzeaz arduratzen diren udal zerbitzuek erretenitu egingo dituzte, ordenantza honen arabera, abandonatutako animaliatzat jotzen direnak.
V. ATALA. ANIMALIEN OSASUN KONTROLA
17. artikulua.
Animaliaren batek pertsonentzat kutsakorra den gaixotasunik badu, eta gaixotasuna albaitari kolegiatu batek diagnostikatu badu, eta haren iritziz animalia akabatu egin behar bada, baimendutako eutanasia-sistemaren bat erabilita akabatuko da, eta gastuak jabeak ordaindu beharko ditu. Horiez gain, gaixotasun kroniko sendaezinak dituztenak eta jabeek behar bezala zaintzen ez dituztenak ere akabatu egin beharko dira.
18. artikulua.
Foru Aldundiak eta/edo Eusko Jaurlaritzak agintzen badu, jabeek derrigorrez eduki beharko dute txakurraren osasun-txartela.
19. artikulua.
Gizakientzako zein gainontzeko animalientzako kutsakorra den gaixotasuna diagnostikatzen badiote animalia bati edo horrelako gaixotasun sintomarik badauka, edo pertsonaren bati haginka egin badio, Udalak animalia hori giltzapean ipintzeko edo isolatzeko aginduko du.
20. artikulua.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak egoki ikusten dituen neurriak hartuko ditu, gaixotasun-agerraldiak badaude edo neurri horiek hartzea eskatzen duten bestelako egoerarik sortzen bada, pertsonentzako eta gainontzeko animalientzako kaltegarriak izan ez daitezen.
21. artikulua.
Norbaiti haginka egin dioten txakur eta katuei Foru Aldundiko Abeltzantza Zerbitzuak, agindutako kontrolak egin beharko zaizkie, zerbitzu hori da eta, arlo horren ardura duena.
VI. ATALA. LEKU PUBLIKOETAN EGOTEA
22. artikulua.
Kaleetan eta pertsonak dabiltzan beste leku batzuetan, animaliek behar bezala joan beharko dute. Txakurrak lepokoarekin eta uhalarekin lotuta ibili beharko dira bide publikoetan, eta pertsonak dabiltzan gainontzeko leku guztietan, eta egoerak hala behartzen duenean, aske ibili ahalko dira jabearen ondo-ondotik badoaz. Udal agintariek bozala ipintzeko agindu ahal izango dute egoerak hala eskatuta, eta baldin eta txakurrak lehendik ere inoiz haginka egin badu, edo argi erakutsi bada txakur arriskutsua dela.
23. artikulua.
Debekatuta dago animaliak honako leku hauetanrasartzea:
a)Edozein motako elikagaiak fabrikatu, gorde, garraiatu edo saltzeko lekuak.
b)Ikuskizun publiko, ikuskizun kulturaletako, kirol ikuskizunetako eta josteta ikuskizunetako lokaletara, igerileku publikoetara eta osasun zentroetara. Bakarrik sartu ahal izango dira leku horietan animalien lehiaketak edo ikuskizunak antolatzen direnean.
c)Ikastetxeetara, salbu eta heziketa prozesuan behar badira, eta zuzendariaren edo zentroko arduradunaren erantzukizuna izango da.
DHondartzei dagokienez, urriaren 12tik Aste Santuaren hasiera arte, onartzen da animaliak hondartzan egotea. Urtean zehar, garai horretatik kanpora, onartuko da animaliak hondartzan egotea 21:00 etatik 06:00 etara.
Leku guzti horien titularrek debeku hau adierazten duten seinaleak ipini behar izango dituzte ondo ikusteko moduan.
24. artikulua.
Ostalaritza arloko establezimendu publikoen jabeek, hau da taberna, pentsio, jantoki, hotel, kafetegi edo antzekoen jabeek debekatu ahal izango dute, nahi izanez gero, bertan txakurrak sartzea. Txakurrak sartuz gero, ordea, derrigorrez eskatu beharko dute txakurrek identifikazioa izatea, uhalarekin lotuta egotea eta bozala ipinita izatea, txakurraren ezaugarriek eta izaerak halakorik eskatzen badute. Bestalde, txakurrek ezin izango dute gaixotasun sintomarik eduki edo zikinak egon. Ezin izango da txakurrik sartu janaria egin eta manipulatzen den lekuetan.
25. artikulua.
Toki komunitario pribatuetan, hau da, kultur elkarte, josteta elkarte, auzokideen komunitateen erabilerarako zona eta abarretan animaliak sartu eta egon ahalko dira, baldin eta entitate horiek dituzten arauek onartzen badituzte eta arauak betetzen badituzte.
26. artikulua.
Igogailua hartzeko orduan, bertan sartu behar dutenek, ez badute animaliarekin batera sartu nahi, ez dira igogailuan batera sartuko.
27. artikulua.
Debekatuta dago garraio publikoetan animaliak garraiatzea. Garraiatu ahal izango dira, ordea, animalien garraiorako leku berezituak dituztenetan. Edozelan ere, animalia geldirik joan behar izango da poltsa, otzara edo bestelako lekuren batean. Animalia taxiz eramaten bada, taxiaren titularrak esandakoa bete behar izango da.
28. artikulua.
Gida-txakurrentzat ez dago debekatuta aurreko artikuluetan aipatutako lekuetan sartzea, baldin eta gida-txakur lanetan ari badira eta osasun baldintza egokiak betetzen badituzte, gaixotasun edo agresibitate zantzurik ez bazaie nabari, garbi badaude eta pertsonen osasunari kalterik egiteko arriskurik ez badago. Debekatuta daukate, ordea, janaria egin, gorde eta saltzen diren lekuetan saltzea.
Pertsona minusbaliatuekin dabiltzan gida-txakurrak garraio publikoetan sartu ahal izango dira.
29. artikulua.
Debekatuta dago txakur gorotza bide eta plaza publikoetan, haurren parkeetan, lorategietan eta, oro har, leku apaingarrietan edo jendea ibiltzen den lekuetan uztea. Horregatik, txakurrekin doazen pertsonek gorotzak galtzadara eraman behar izango dituzte, espaloiaren zintarri ondora eta estoldaren hustubideetatik ahalik eta hurbilen laga, edo bestela, Udalak horretarako egokitutako lekuetara. Ez dira lorategitzat hartuko landare eta lorerik gabeko berdeguneak, haurrek ez badute bertan jolasten eta oinezkoen igarobideak ez badira, hala nola, zelaiak, bi galtzaden arteko lorategiak, mendi-hegalak eta belardiak.
Txakurrak gorotza espaloian edo oinezkoen igarobideetan lagatzen badu, txakur-jabeak edo txakurra daramanak dauka gorotza jasotzeko ardura. Horretarako poltsa irazgaitzetan sartu, poltsa itxi eta zakarrontzietara edo Udal zerbitzuek adierazitako bestelako tokietara botako du, etxeko zabor-poltsan ere bota ahal du zabor-biltzaileek eraman dezaten eta estolderia-sareko hustubideetan ere bota dezake.
Txakur batek bide publikoa zikintzen badu, herritarrek eskubidea izango dute txakur-jabeari edo eramaileari eskatzeko zikindutakoa garbi dezala.
30. artikulua.
Udalak ahaleginak egingo ditu, aurrekontuak kontuan hartuta eta egoki iruditzen zaion unean, txakurrak ibiltzeko eta jostatzeko lekuak prestatzeko lorategi eta parke publikoetan, eta konpainiako animalien gorotzak jasotzeko ekipamendu egokia ipiniko du bide publikoetan, horien kokapena ere ondo seinalizatuz.
31. artikulua.
Animalia bide publikoetan egon edo ibiltzen bada, eta norbaiti eta ondasun publiko zein pribatuei kalterik egiten badie, jabea izango da kalteen erantzulea.
VII. ATALA. ANIMALIAK JASOTZEKO ZERBITZUA
32. artikulua.Hildako animaliak.
Bide eta errepide publikoetan agertzen diren hildako animalien gorpuak Udalak jasoko ditu. Ez ditu jasoko, ordea, Lurzoruaren Legeari jarraituz, lurzoru hiritarrezin kalifikatutako lekuetakoak.
33. artikulua.Abandonatutako txakur eta katuen kontrola.
1.Herrian zehar edo herri inguruko bideetan zehar jaberik edo eramailerik gabe dabilen animalia jaso egingo da, eta Udalak egokitutako txakurtegira eramango da.
2.Animalia gutxienez 30 egunez egon ahal izango da behaketan txakurtegian, eta jabeak jaso egin ahal izango du denbora tarte horretan. Bestalde, jaso ahal izateko, animaliaren jabea dela egiaztatu eta izandako gastuak ordaindu behar izango ditu. Gastuen zenbatekoak urtero ezarri eta argitaratzen ditu Udalak, eta ordainketa horiek ez diote kalterik egingo Ordenantza honetako arauren bat urratzeagatik ezarritako bestelako zigorrei.
3.Albaitariaren txostenak animaliaren egoera zein osasuna txarrak direla eta bere izaera arriskutsua dela adierazten badu, animalia akabatzeko epea aldatu egin ahal izango da, eta presaz akabatu ahal izango da.
4.Hogeita hamar eguneko epea igaro, eta jabeak ez badu animalia jaso edo ez baditu eskubideak ordaindu nahi, ez zaio animalia itzuliko, eta animalia eskatzen duen edonori eman ahal izango zaio, baldin eta animaliaren osasun eta administrazio egoera konpontzeko konpromezua hartzen badu. Horrelakoetan 5 eguneko epea emango zaio eskatzaileari Udalean eta harrera zentroan egiaztatu ahal izateko.
Animalia-jabe batek animalia txakurtegian lagatzen badu eta aldez aurretik espreski uko egiten badio, animaliaren jabetzari, animalia eskatzen duen edonori eman ahal izango zaio 30 eguneko epean. Horrelakoetan animaliari uko egiten dionak ordaindu behar izango ditu momentu horretan indarrean dauden tasak.
5.Bide publikoan animaliaren bat jaso, eta identifikatu egiten bada, jabeari animalia jasota dagoela jakinarazteko gestioak egingo dituzte Udal Zerbitzuek. Jakinarazpen hori modu frogagarrian egongo da.
6.Beste aukerarik ezean, animalia eutanasia sistema baten bidez akabatuko da, beti ere albaitariaren ardurapean, edo animalien babeserako zentroren bati emango zaizkie, edo animalien eskaera egiten duten izaera zientifikoko zentro edo erakundeei, beti ere albaitari zerbitzuen txostena eta baimena kontuan hartuta, eta garraio-gastuak haien kontura izango dira.
IV. TITULUA
ALDI BATEZ ANIMALIAK MANTENTZEN DITUZTEN ESTABLEZIMENDUENTZAKO ARAUAK
34. artikulua.Titulu honen barruan daude:
a)Hazkuntza eta hezkuntza zentroak eta aterpeak.
b)Animaliak saltzeko lokalak.
c)Albaitaritzako kontsultategiak, klinikak eta ospitaleak.
d)Udalerrietako aldi baterako jarduerak (zirkoak, zoo ibiltariak).
35. artikulua.
Jarduera guzti hauek, organo eskudunaren baimena eduki beharko dute eta dagokien udal baimena, eta lizentzia hori Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko Erregelamenduak ezarritakoaren araberakoa izango da. Gainera, jarduera horiek eurei dagokien Foru Aldundiko Nekazaritza Zerbitzuko erregistroan izena eman beharko dute.
VIII. ATALA. HAZKUNTZA ZEIN HEZKUNTZA ZENTROAK ETA ALDI BATERAKO ATERPEAK
—36 artikulua.
Hazkuntza zentroek, hezkuntza zentroek eta animalien egoitzek Animalien sarrera eta irteeren erregistro liburua eduki behar izango dute. Liburua arlo honetan eskumenak dituzten osasun agintarien esku egongo dira, eta hiruhilabetero aurkeztu beharko dute Udaletxean epe horretan saldutako animaliak, animalien jatorria, espeziea, arraza eta erosleak jasotzen dituen zerrenda.
37. artikulua.
Eraikuntzek, instalazioek eta ekipoek giro garbia sortu beharko dute, bertan dauden animaliak babestuko dituzte eta egin behar izaten diren jarduera zoosanitarioak erraztuko dituzte. Halaber, animaliak erraz manipulatzeko aukera eman behar izango dute eta animalien izaerari egokituta egon behar izango dira, hartara animaliei bizi baldintza egokiak eskaintzeko.
38. artikulua.
Zentroetan edateko ura egon beharko da, bertan daude animalia zein pertsonek edan dezaten, eta instalazioak garbitzeko bestelako ura ere erabili ahal izango da.
39. artikulua.
Zentroek barruko saneamendu-sarea eduki beharko dute, eta gorotza zein ur zikinak kentzeko neurri zuzentzaile egokiak edukiko dituzte, arlo horretako araudiak jasotakoaren araberakoak, hartara osasun publikoan zein inguruko osasun egoeran egon daitezkeen arriskuak gutxitzeko.
40. artikulua.
Zentroetako esparruak, lokalak zein kaiolak erraz garbitzeko eta desinfektatzeko moduan eta materialekin eraikiko dira. Leku horiek gutxienezko azalera izango dute, animaliaren tamainaren araberakoa izango dena, horrela animaliaren ongizatea bermatzeko.
41. artikulua.
Lokalak, animaliekin kontaktuan dauden tresnak eta animaliak garraiatzeko ibilgailuak, halakorik balego, garbitu eta desinfektatzeko tresnak zein baliabideak eduki behar izango dituzte.
42. artikulua.
20 animaliako kaiola bat eduki behar izango dute gutxienez, gaixorik dauden animaliak edo gaixorik daudelako susmoa dagoenean, bertan isolatu, bahitu eta behatzeko. Kaiolok erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak izan beharko dira.
Era berean, animalien gorpuak eta material kutsagarriak ezabatu edo desagertarazteko bitarteko egokiak eduki behar izango dituzte.
43. artikulua.
Zentro hauek garbitasun eta profilaxi programa bat egin behar izango dute albaitari tekniko batek oniritzia emanda, eta honako hau jasoko du gutxienez: Behar den bakoitzean eta gutxienez sei hilabetean behin, animaliekin kontaktuan dauden materialak eta lokalak sakon desinfektatuko direla eta intsektuen eta arratoien kontra fumigatuko direla.
Albaitari-ikuskatzaile ofizialek instalazioak zein bertako animalien egoera ikuskatu ondoren, osasunaren eta garbitasunaren aldetik akatsen bat ikusten badute, jardueraren titularrei akatsok zuzentzeko behar diren neurriak hartzeko eskatuko diete.
IX. ATALA. ANIMALIEN SALMENTAKO LOKALAK
44. artikulua.
Animaliak saltzen dituzten establezimenduek albaltari-aholkulari bat eduki beharko dute. Albaitari-aholkularia animalien sarrera eta irteerako erregistro-liburuaz arduratuko da, eta honako hauek ere jaso beharko dituzte bertan: Espeziea, arraza, adina, jatorria, inportazio baimenaren zenbakia, sarrera eta irteerako data, animaliaren helburua eta bestelako datu interesgarriak. Liburuak Udaleko Osasun Agintaritzaren esku egon beharko du, eta hiruhilabetetik behin saldutako animaliak, horien ezaugarriak eta eroslearen datuak jasotzen dituen zerrenda bat eraman behar izango dira udaletxera.
Bizirik dagoen animalia saltzen duenak animaliaren jatorria, ezaugarriak eta osasun egoera jasotzen dituen agiri bat eman behar izango dio erosleari. Edozelan ere, nahiz eta saltzaileak agiri hori eman, animaliak gaixotasunen bat inkubatzen badu, salmentaren unean detektatu ez dutena, saltzaileak ere izango du horren erantzukizuna.
45. artikulua.
Animaliak saltzen dituzten lokaletako esparru, kaiola edo bestelako tokiak egokiak izan beharko dira, bertan erakusgai dauden animalien egoera egokia izan dadin.
46. artikulua.
Debekatutako dago babestutako animaliak sal-erostea.
X. ATALA. ALBAITARITZAKO KONTSULTATEGIAK, KLINIKAK ETA OSPITALEAK
47. artikulua.
Animalia txikientzako kontsulta klinikoak eta osasun tratamenduak eskaintzen dituzten anbulatorio izaera duten establezimenduak, honela sailkatuko dira: Albaitaritzako kontsultategia, albaitzaritzako klinika eta albaitaritzako ospitalea.
—Albaitaritza kontsultategia: Gutxienez itxarongela eta kontsulta-gela eduki behar izango ditu, eta bertan sendaketa eta kirurgia ebakuntza txikiak egin daitezke.
—Albaitaritza klinika: Gutxienez honako hauek eduki behar izango dituzte: Itxarongela, kontsulta-gela, ebakuntzak egiteko gela, instalazio erradiologikoak, laboratorioa eta suspertze-atalak.
—Albaitaritza ospitalea: Albaitaritza klinikak dituztenez gain, ospitaleratze gela ere eduki behar izango du, eta bertan 24 orduko osasun-zainketa eta bertan ingresatuta dauden animalien etengabeko zainketa ziurtatu behar izango dute.
48. artikulua.
Establezimendu guzti horiek Udal-lizentzia behar izango dute, eta isolatuta dauden eraikinetan edo beheko plantan dauden lokaletan kokatu ahal izango dira, albaitaritzako ospitaleak izan ezik. Edozelan ere, debekatuta dago etxebizitza erabilerako eraikin batean horrelako jarduerarik jartzea.
49. artikulua.
Albaitaritza ospitalek honako baldintza hauek bete behar izango dituzte baimenak lortzeko: Etxebizitzetatik aldenduta egongo dira, aparteko eraikin batean. Eraikina itxita egongo da, eta gune librea ere izango du, ospitale-plaza bakoitzeko 20 m2.
50. artikulua.
Debekatuta dago honako leku hauetan aldi baterako zein aldizkako albaitaritza kontsultategiak edukitzea: Merkataritza establezimenduetan zein bertako lokalen batean (botiketako bulegoetan, janari dendetan, ostalaritzako lokaletan eta jantokietan bereziki), bai eta animaliak saltzeko lokaletan zein animalien babeserako elkarteen lokaletan ere.
51. artikulua.
Ekipamenduek zein instalazioek sektoreko arautegia betetzeaz gain, honako hauek ere bete behar izango dituzte:
—Lurzorua irazgaitza, erresistentea eta garbigarria izango da.
—Parametro bertikalak lurzorutik gutxienez 1,75 mko altuera arte egongo dira alikatatuta. Gainontzekoen eta sabaiaren materialak erraz mantentzeko, garbitzeko eta desinfektatzekoak izango dira.
—Edateko ura, ur hotza eta ur beroa edukiko dituzte (gehienez 82ºra artekoa).
—Hildako animalien gorpuak kentzeko baimendutako bideak erabiliko dira.
—Bertan sortutako hondakinak kentzeko, ontzi itxiak erabiliko dira, eta une bakoitzean indarrean dauden arauak bete behar izango dituzte.
XI. ATALA. ALDI BATERAKO JARDUERAK
52. artikulua.
Aldi baterako jarduerek une bakoitzean indarrean dauden udal baimenak bete behar izango dituzte.
53. artikulua.
Era berean, hainbat osasun eta garbitasun baldintza bete beharko dituzte, jarduera finkokoek dituztenen antzekoak, baina aldi baterako jarduerentzako ezarritako salbuespenekin batera.
54. artikulua.
Honako agiri guzti hauek eguneratuta eduki behar izango dituzte: Baimenak, ziurtagiriak, jabetzari buruzko gainontzeko betebeharrak eta jarduerako animalien osasun zein jatorri ziurtagiriak.
V. TITULUA
XII. ATALA. ZIGORRAK
55. artikulua.
Honako Ordenantzaren ondorioetarako, arau-urratzeak honela sailkatuko dira: Arinak, larriak eta oso larriak.
A. Arau-urratze arinak dira honako hauek:
—Errolda identifikaziorik gabeko animaliaren bat izatea, identifikatuta egotea derrigorrezkoa denean.
—Animaliak garraiatzea Lege eta Erregelamenduetan ezarritakoa bete gabe.
—Animalien gorotza lagatzea bide zein plaza publikoetan, haurren parkeetan, lorategietan, leku apaingarrietan eta pertsonak ibiltzeko lekuetan.
—Animaliak edukitzea ondo zaindu eta begiratu ezin diren lekuetan.
—Animaliei tratu iraingarriak ematea.
—Ordenantza honetan zein bestelako lege eta araudietan xedatutako betebehar eta debekuak ez betetzea, egin den arau-urratzearen izaera dela eta, bestelako kalifikazioren bat duen kasuetan izan ezik.
B. Arau-urratze larriak dira honako hauek:
—Garbitasun eta osasun egoeraren aldetik egokiak ez diren lekuetan animaliak edukitzea, janaririk eta beharrezko osasun asistentziarik eman gabe.
—Animaliak antzutzea, mutilatzea eta akabatzea albaitariaren kontrolik gabe edo Legeek zein Araudiek ezarritako baldintza eta eskakizunetan ezarritakoaren kontra.
—Ez bakunatzea eta derrigorrez eman beharreko tratamendurik ez ematea.
—Animaliak saltzea baimenik gabe.
—Ordenantza honen ezarpen eremuan dauden animaliak eduki aldi batean, hazi edo saltzea Legeek zein Araudiek ezarritako baldintza eta eskakizunak bete gabe.
—Animaliak akabatu edo zauritu, alferrik sufriarazi, zauritu edo mutilatuz.
—Animaliei alferrikako sufrimendua eta kalteak eragiten dizkieten substantziak ematea zuzenean zein janariaren bitartez.
—Kalteak eragin ditzaketen animaliak behar bezala ez zaintzea eta behatzea.
—Animaliak mina duela edo nabarmen sufritzen duela ikusi, eta albaitaritza asistentzia egokirik ez ematea.
—Administrazio baimenik ez duten ikuskizunetan animaliak erabiltzea.
—Zigor-espedientea hasi aurreko bi urteetan zehar hiru arau-urratze arin egin izana, baldin eta zigorra ezarri bazaio erabaki irmo bidez.
C. Arau-urratze oso larriak dira honako hauek:
—Animaliak txakurtegian egon eta nahiz eta jabea identifikatu, jabeak ez badu animaliaren ardura hartu nahi.
—Animaliak akabatzea era bortitzen batean edo substantzia toxikoak emanda.
—Konpainiako animalia edo etxeko animalia bat abandonatzea.
—Animalienganako krudelkeria, tratu txarrak edo animalien sufrimendua islatzen duten eszenak grabatzea.
—Baimendutako ikuskizunetan parte hartzen duten animaliei anestesia, drogak eta abarrak ematea, horien bidez haien berezko portaera guztiz kontrako bihurtu ahal izateko.
—Pozoindutako janaria lagatzea bide zein espazio publikoetan.
—Animaliak erabiltzea debekatutako ikuskizun publikoetan.
—Zigor-espedientea hasi aurreko bi urteetan zehar hiru arau-urratze larri egin izana, baldin eta zigorra ezarri bazaio erabaki irmo bidez.
56. artikulua.
Honako Ordenantzan jasotako arau-urratzeei honako isun hauek ezarriko zaizkie:
—Arau-urratze arinak: 5.000 eta 50.000 pezeta bitartekoak.
—Arau-urratze larriak 50.001 eta 250.000 pezeta bitartekoak.
—Arau-urratze oso larriak: 250.001 eta 2.500.000 pezeta bitartekoak.
Isunen zenbatekoa urte osorako izango da, eta urtero eguneratuko da Kontsumo Prezioen Indizearen arabera.
57. artikulua.
Isunen zenbatekoa neurtzeko eta aurreko atalean ezarritako zigorren iraupena zehazteko, honako hauek hartuko dira kontuan:
—Arau-urratzeak gizarte mailan eta osasunean izandako eragina eta ekarri duen kaltea.
—Legez kanpoko irabazi asmoak eta horren bitartez izandako irabazien kopurua.
—Arau-urratzea berriro egin izana (Arau-urratzea berriro egin dela esaten da lehendik ere, zigor espedientea hasi aurreko bost urteen barruan Ordenantza honetako arau-urratze bat dela eta, zigorren bat ezarri izan bada administrazio bideko erabaki irmo bidez).
—Zigorra neurtzeko orduan eragina izan dezaketen bestelako inguruabarrak.
Ekintza berak arau-urratze administratibo bi edo gehiago ekartzen baditu, zenbateko handiena daukan isuna ezarriko zaio.
58. artikulua.
Zigortzeko ahalmena izateko, ezinbestekoa izango da zigor espedientea hastea, horretarako legeak edo bestelako araudiek ezarritako bideei jarraituz.
Zigor espedienteak Udalak bideratuko ditu, eta arau-urratzeak oso larriak badira, Foru Aldundiko Organo Aginpidedunari bidaliko dizkio. Zigor espedienteek ezarritako zenbatekoak udaleko diru-kutxan sartuko dira.
Arau-urratze larri eta oso larriei dagozkien zigorrak Udaleko Alkate-Lehendakariak ezarriko ditu.
Arau urratzaileak honako Ordenantza honetan ezarritako edozein zigor jaso izanak, ez du esan nahi arau-urratzeak dakarren erantzukizun zibiletik salbuetsita dagoenik.
Arau-urratzeak delitu edo falta izaera baldin badu, epaitegian eman behar izango da horren berri, eta Administrazio Organoak ez du hor jardungo.
59. artikulua.
Zigor espedientea hasten bada, honako kautelazko neurriak hartu ahal izango dira, berriro arau-urratzerik egon ez dadin:
1.Animaliaren batek ondoko zerrendan jasotako egoeraren bat bizi duela susmatzen baldin bada (lege zein bestelako araudiek arau-urratzetzat jotzen dituztenak), animaliaren zaintza kendu egin ahal izango zaio jabeari prebentzio neurri moduan:
—Janaririk ez ematea eta behar bezala alojaturik ez egotea.
—Animalia gaixorik eta/edo zaurituta egon, eta albaitaritzako tratamendurik ez ematea.
—Pertsonentzako kutsagarriak diren gaixotasunen bat edukitzea animaliak.
—Animaliak gaixotasun larri eta sendaezinen bat, mutilazio mingarriren bat zein kendu ezineko bestelako min handiren bat edukitzea.
2.Instalazioak, lokalak edo establezimenduak ixtea prebentzio-neurri modua.
Kautela neurriak ez dira etengo ahalik eta horretarako arrazoiak desagertu arte. Espedientea irmo erabaki eta segituan jaso behar izango dira animaliak, eta lokalak, gehienez ere, 58. artikuluan jasotako epearen erdia egon ahal izango dira prebentzio neurri moduan itxita.
60. artikulua.
Isunak borondatez zein premiamenduzko bidea erabiliz ordaindu ahal izango dira, toki araubidean ezarritakoaren arabera.
61. artikulua.
Arau-urratze arinak lau hilabeteren buruan preskribituko dira, larriak urtebeteren buruan eta oso larriak bost urteren buruan.
Arau-urratze bati dagokion zenbatekoa 500.000 pezeta baino gutxiagokoa bada, urtebeteren buruan preskribituko dira, eta 500.000 pezetakoa edo handiagoa bada, bost urteren buruan preskribituko da.
INDARGABETZE ERABAKIA
Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat ez datozen bestelako ordenantzak, erregelamenduak zein udal bandoak indargabetuta geratzen dira.
AZKEN ERABAKIA
Ordenantza hau indarrean sartuko da Udalbatzaren behin betiko onarpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Zumaia, 2001eko otsailaren 13a.—Alkatea.
(845) (6820)