Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

246. zenbakia Data 2000-12-29 20821 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
Abenduaren 27ko 28/2000 FORU DEKRETUA, ondasun higiezinen eta iharduera ekonomikoen gaineko zergen dirubilketa egiteko epe berrien finkapena.

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

 

Abenduaren 27ko 98/2000 FORU DEKRETUA, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta Ekonomi Jardueren gaineko Zerga ordaintzeko epe berriak finkatzen dituena borondatezko epealdian egiten den zergabilketari dagokionez.

Apirilaren 9ko 27/1991 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Zergabilketa Erregelamendua onartzen duenak, zehazturik dakar 76. artikuluan zein den aldizkako mugaeguna duten eta jakinarazpen kolektibokoak diren zorrak borondatezko epealdian ordaintzeko epea.

Artikulu horren arabera, euren arau erregulatzaileetan berariazko eperik ezarrita ez duten zorrak epe bakarrean ordainduko dira, hau da, irailaren 1etik azaroaren 10era arte edo, azken hori jaieguna bada, hurrengo lehen lanegunera arte.

 

Epe hori Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta Ekonomi Jardueren gaineko Zerga ordaintzeko aplikatzen ari den epea da. Hala ere, kontuan izanik zerga horien berezitasunak, haiei aplikatzen zaizkien kudeaketa sistema berriak eta kudeaketa sistema horiekin azken urteotan hartutako eskarmentua, pentsatu behar dugu Zergabilketa Erregelamenduak ezartzen duen borondatezko ordainketaldia gaur egun erabiltzen dena baino laburragoa izan daitekeela.

 

Hori kontuan, beraz, egoki jo da aipaturiko zergak borondatez ordaintzeko epeak murriztea. Gainera, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasuan, interesgarri iritzi da haren kanpaina eta dagozkion ordaintzeko epeak aurreratzea ordainketa modu zatikatuan egin ahal izan dadin dagokion ekitaldian.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergak eta Ekonomi Jardueren gaineko Zergak errealitate desberdinak ageri dituztenez gainerako udal zergen aldean, komenigarria egiten da borondatezko epealdiko bilketa epeak zein bere araudian erregulatzea.

Horretarako, zerga horien foru arauak garatzen dituzten foru dekretuen erregelamenduzko garapenera jo da eta honako hau erabaki: batetik, zerga horiek borondatezko epealdian ordaintzeko berariazko epe bat sartzea eta, bestetik, udalak baimentzea beren ordenantza fiskaletan inolako interesik eta errekargurik gabe zatikatu ahal izan dezaten zorraren ordainketa.

Horiek horrela, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, Lege Aholkularitza Batzordeak emandako txostenarekin bat etorriz, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

xedatu dut

1. artikulua.

Otsailaren 20ko 6/1990 Foru Dekretua, uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak onartzen duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kudeaketaren hainbat puntu garatzen dituena, aldatzea.

Otsailaren 20ko 6/1990 Foru Dekretuan, uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak onartzen duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kudeaketaren hainbat puntu garatzekoan, 10. artikulua gehitu da. Hona hemen bere edukia:

"10. artikulua. Zerga zorraren ordainketa.

1.Zergaren kuotak ordainagiri bidez bilduko dira. Izaera orokorrez, zerga zorra borondatez ordaintzeko epea maiatzaren 15etik ekainaren 30era bitartekoa izango da eta, azken egun hori jaieguna bada, hurrengo lehen lanegunean amaituko da, beti ere alta berrien ondorioz likidatzen diren kuoten kaltetan gabe.

Bilketa horren ondorioetarako, Gipuzkoako Zergabilketa Erregelamenduak aldizkako mugaeguna duten eta jakinarazpen kolektibokoak diren zorren bilketari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

2.Udalek esku izango dute aurreko apartatuan izaera orokorrez ezarri den borondatez ordaintzeko epea beren ordenantza fiskaletan aldatzeko. Epe hori ezin izango da hasi Erroldaren jendaurreko erakustaldia amaitu baino lehen, eta bere egun kopurua ez da inoiz izaera orokorrez adierazitako epearena baino txikiagoa.

3.Era berean, udalek beren ordenantza fiskaletan erabaki ahal izango dute zerga zorraren ordainketa inolako interes eta errekargurik gabe zatikatu ahal izatea.

4.Aurreko apartatuetan xedatutakoa xedatuta ere, gertatzen bada udalek Foru Aldundiaren eskuetan utzi dutela, bidezko Hitzarmenaren bidez, zergaren kudeaketa, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak bakarrik aldatu ahal izango du borondatez ordaintzeko epe orokorra, beti ere aurreko 2. apartatuan ezarritako muga berberekin.

 

Orobat, kasu horietan Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak bakarrik baimendu ahal izango du zorra zatika ordaintzea, aurreko 3. apartatuan aipatu dena."

 

2. artikulua.Azaroaren 19ko 80/1991 Foru Dekretua, Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren kudeaketarekin lotutako zenbait alderdi arautzen dituena, aldatzea.

 

Azaroaren 19ko 80/1991 Foru Dekretuan, Ekonomi Jardueren gaineko Zergaren kudeaketarekin lotutako zenbait alderdi arautzekoan, 5. sekzioa aldatu da eta honela geratu da idatzita:

 

"5. SEKZIOA.Zerga zorraren ordainketa.

12. artikulua.Zerga zorraren ordainketa.

1.Zergaren kuotak ordainagiri bidez bilduko dira. Izaera orokorrez, zerga zorra borondatez ordaintzeko epea urriaren 1etik azaroaren 10era bitartekoa izango da eta, azken egun hori jaieguna bada, hurrengo lehen lanegunean amaituko da, beti ere foru dekretu honen 10. Artikuluak alta berrien ondorioz likidatzen diren kuoten inguruan xedatutakoa eragotzi gabe.

Bilketa horren ondorioetarako, Gipuzkoako Zergabilketa Erregelamenduak aldizkako mugaeguna duten eta jakinarazpen kolektibokoak diren zorren bilketari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

2.Udalek esku izango dute aurreko apartatuan izaera orokorrez ezarri den borondatez ordaintzeko epea beren ordenantza fiskaletan aldatzeko. Epe hori ezin izango da hasi Erroldaren jendaurreko erakustaldia amaitu baino lehen, eta bere egun kopurua ez da inoiz izaera orokorrez adierazitako epearena baino txikiagoa.

3.Era berean, udalek beren ordenantza fiskaletan erabaki ahal izango dute zerga zorraren ordainketa inolako interes eta errekargurik gabe zatikatu ahal izatea.

4.Aurreko apartatuetan xedatutakoa xedatuta ere, gertatzen bada zergaren kudeaketa Foru Aldundiari dagokiola kuota probintzial eta bereziak direlako edo udalek, dagokion Hitzarmenaren bidez, Foru Aldundiaren esku utzi dutelako udal kuoten kudeaketa, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak bakarrik aldatu ahal izango du borondatez ordaintzeko epe orokorra, beti ere aurreko 2. apartatuan ezarritako muga berberekin.

 

Orobat, kasu horietan Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak bakarrik baimendu ahal izango du zorra zatika ordaintzea, aurreko 3. apartatuan aipatu dena."

 

AMAIERAKO XEDAPENA

Foru dekretu hau 2001eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Alabaina, borondatez ordaintzeko epeak udalen nahiz Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren aldetik aldatzeko ahalmenak 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera bakarrik izango du eragina.

Donostia, 2000ko abenduaren 27a.

Diputatu Nagusia,

Roman Sudupe Olaizola.

Ogasun eta Finantza

Departamentuko

Foru Diputatua,

Antton Marquet Artola. (13507)