| 218. zenbakia | Data 2000-11-16 | 18073 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
KULTURA, EUSKARA, GAZTERIA ETA KIROL DEPARTAMENTUA
Anton Abbadia saria 2000, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuarena.
1996ko azaroaren 29an emandako Foru Aginduaren bitartez (Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 242 zk., 1996ko abenduak 17) Anton Abbadia saria sortu zen, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna jende aurrean aitortu eta saritu nahirik.
Aipatutako Foru Agindu horren bigarren puntuak xedatzen zuenez, Anton Abbadia sariaren deia, oinarriak eta jasotzaile izan daitezkeen elkarte edo pertsonen zehaztapena urtero emango dira jakitera, foru agindu bidez.
Horren indarrez, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak,
EBATZI DU
Lehena:
Anton Abbadia sariaren deia egitea 2000. urterako, euskararen erabilera sustatzeko alorrean nabarmendu izan diren pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko asmoz.Bigarrena: Anton Abbadia sariaren 2000ko edizioa gidatuko duten oinarri arautzaileak onartzea.
Hirugarrena: Anton Abbadia saria aurtengo edizioan 2000ko abenduaren 22an emango da eta oinarri arautzaileetako bosgarren puntuan xedatutakoaren arabera epaimahaia honela osatuko da:
Mahaiburu:
—Luis M. Bandres Unanue, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua, edo hark izendatutako ordezkoa.
Mahaikide:
—Lorea Leanizbarrutia Bizkarralegorra, Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia, edo hark izendatutako ordezkoa.
—Karmele Esnal.
—Antton Olariaga.
—Frantziska Arregi.
—Jokin Azkue.
—Mikel Zalbide.
Idazkari:
—Gotzon Egia, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko kidea.
Laugarrena: Anton Abbadia sariaren 2000ko edizioan hautagaiak aurkezteko epea abenduaren 11an amaituko da.
Bosgarrena: Anton Abbadia sariak 2000ko edizioan domina oroigarria, eta gehienez ere 2.000.000 pezetako diru zuzkidura izango ditu, eta diru kopuru hori aurrekontuko 0720.200.481.00.10.2000 sailetik ordainduko da.
Donostia, 2000ko azaroaren 9a.—Ana Urkola Aranburu, Idazkari Teknikoa, h.o.
(6394) (11838)
Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak eratutako Anton Abbadia sariaren oinarri arautzaileak.
1.Xedea.
Anton Abbadia saria euskararen erabilera sustatu, babestu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde, elkarte edo pertsona fisiko nahiz juridikoei eman ahal izango zaie.
Saria emateko kontuan hartuko dira saritutako lan edo jardueraren kalitatea eta esanahia, eta euskararen normalkuntzaren alor guztietan egindako ekarpena.
Halaber, saria ematerakoan oso gogoan izango da pertsona edo elkartearen orain arteko ibilbidea eta jarraitasuna.
2.Maiztasuna.
Anton Abbadia saria urtero-urtero emango du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak. Bere esku legoke saria hutsik uztea, eta ezin izango zaio bi aldiz elkarte edo pertsona berari eman.
3.Sariaren edukia.
Sariak domina oroigarria eta urtez urte erabakiko den diru kopuru baten zuzkidura izango du. Diru kopuru hori ezin izango da zatikitan banatu.
4.Hautagaien baldintzak eta aurkeztea.
Anton Abbadia sarirako hautagaiak aurkezteko baldintza hauek kontuan izan behar dira:
—Hautagaia pertsona fisikoa izatekotan, ez dago hildakoren baten aldeko proposamena aurkezterik.
—Aurkeztutako hautagaiak gipuzkoarra izan behar du sortzez, edo Gipuzkoan finkatutakoa bizitzaz nahiz jardunbidez.
Saria jasotzeko hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte:
—Pertsona juridikoek, gutxienez bi erakunde edo elkarteek batera hautagai bakarra babestu eta aurkezten badute.
—Hurrengo puntuan azaltzen den epaimahaiak.
—Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak.
Epaimahaiak bere iritzia osatzeko bidea izan dezan, hautagaien proposamenetan argi azaldu beharko dira aurkeztutako hautagaien merezimenduak, Anton Abbadia sariak dituen helburuei dagokienez.
5.Epaimahaia.
Anton Abbadia sarian aurkeztutako hautagaien merezimenduak epaimahai batek aztertu eta baloratuko ditu. Epaimahaia honela osatuko da:
Mahaiburu:
—Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatua.
Mahaikide: Epaimahaiko kide izango dira:
—Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia.
—Kulturaren alorrean itzal handiko hiru aditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuak izendaturik.
—Sariaren aurreko bi edizioetan saritutako pertsonak edo elkarteen ordezkariak.
Idazkari:
—Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko funtzionario bat izango da epaimahaiko idazkari; hizpidea izango du, baina botorik ez.
Epaimahaia osatuko dutenen zerrenda Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
6.Hautagaiak baloratzea.
Epaimahaiaren zeregina izango da aurkeztutako hautagaien merezimenduak aztertu eta baloratu ondoren saritarako proposamena egitea, alde batetik sariaren helburuak eta beste aldetik hautagai diren pertsona edo elkarteen jardunaren kalitatea eta ibilbidea kontuan izanda.
Laugarren oinarrian adierazi bezala, era baten zein bestean aurkeztutako hautagai guztien kasuan epaimahaiak isilpeko espediente bana osatuko du, aurkeztutako hautagaiaren merezimenduak aztertu eta kreditatzeko behar diren eginbideez. Horretarako, epaimahaiak bere kideen artetik espediente bakoitza osatuko duen epaimahaikide bat bereiz dezake, informazio aldia amaitu ondoren burututako eginbideak eta bildutako frogak epaimahaiari berari aurkez diezazkion.
Behar den hausnarketa eginik, mahaiburuak erabakiko du saria ematea, epaimahaiak egindako proposamenean oinarrituta.
Epaimahaien artean iritzi bakarra gertatuko ez balitz, edota botoen parekotasuna gertatuko balitz, epaimahaiburuak izango du erabakitzeko ahalmena.
Epaimahaiak saria eman gabe uztea proposatu dezake. Baita ere, epaimahaiak bere esku izango du ohorezko aipamenak izendatzeko proposatzea.
Epaimahaiak egindako bilera guztien akta jasoko du idazkariak.
Epaimahaiak proposamena aurkezteko izango duen epea urteko sariaren deialdia egiteko foru aginduak xedatzen duena izango da.