| 142. zenbakia | Data 2000-07-27 | 12240 orria |
Uztailaren 18ko 72/2000 FORU DEKRETUA, adineko pertsona ezinduen ardura duten familiei laguntzeko Sendian Programa onesten duena.
1996ko urriaren 18ko 5/1996 Legeak, Gizarte Zerbitzuenak, prestazio orokorren artean adineko pertsonak beren bizilekuetan mantentzeko laguntza jarduketak kontuan hartzen ditu. 2000-2003 Gipuzkoako Gerontologia Planak zehazten dituen estrategia ildoek ere zentzu hau azpimarratzen dute, hots, arreta sare naturalari laguntzeko politikaren barruan garrantzia handia duela baliabide formalak nahiz informalak ahalik ondoen ustiatzeak.
Zalantzarik gabe, adineko pertsona bere famili ingurunean edukitzea bultzatu nahi bada, administraziotik zenbait zerbitzu sustatu behar dira, hala nola etxeko laguntza, telealarma, eta eguneko zentroak, besteak beste. Lan lerro horretan, gizarte zerbitzuetako Gizartekintza Departamentuak erabakia du adineko pertsona ezinduekin bizi diren familiei laguntzea Sendian Programan zehaztuta dauden zenbait jarduketaren bitartez.
Sendian Programa, adineko pertsona ezinduen ardura duten familiei laguntzekoa, 1996ko apirilaren 16ko 37/1996ko Foru Dekretuaren bitartez jarri zen martxan Gipuzkoan, modu esperimentalean, eta hurrengo urteko martxoaren 4ko 17/1997 Foru Dekretuaren bitartez zenbait herritara zabaldu zen. Dekretu horietan hainbat ekintza aurreikusi zen, familientzako prestakuntzatik eta laguntza psikologikotik hasi eta laguntza tekniko, ekonomiko eta zerga pizgarrietaraino, bai eta eguneko zentroen zerbitzua eta atseden hartzeko egoitzetan egonaldiak egitea ere.
Adineko pertsonak beren etxean edukitzeko familiei laguntzeko asmo oinarrizko hori ezin da bete noizbehinkako laguntzen bitartez. Xedea beteko bada, laguntza egituratuago bat behar da, lan metodo gisa kasuan kasuko kudeaketa erabiliko duena eta gizarte zerbitzuetako profesionalen parte hartze aktiboa izango duena, bai Gizartekintzakoena, bai Oinarrizko Gizarte Zerbitzuena, eta bai beste profesional batzuena ere.
Kasu bakoitza kudeatzeko profesionalek eman behar duten denbora eta lan fisikoa ziurtatzeko, instituzioen arteko jarduketa protokoloa egin beharko da, hori gabe ezingo baita bermatu Sendian Programak familiei aitortzen dizkien eskubideak gauzatuko direla.
Bestalde, programak dituen baliabideak hartarako emandako zenbait xedapenen bitartez zehaztu dira eta hitzarmenak ere egin dira beste erakunde batzuekin, aurreikusitako baliabideen jarduketa esparruetan bere azpiegituren bitartez laguntza eman dezaten. Horrek guztiak jarduketa administratibo asko eta konplexuak ekarri ditu, eta modu bereizian tratatu behar dira Gizartekintza Departamentuko aurrekontu kudeaketan.
Horren indarrez, Gizartekintza Departamentuko foru diputatuak proposatuta eta Diputatuen Kontseiluak egun honetako bileran eztabaidatu ondoren,
XEDATZEN DUT
Lehen artikulua.
1.Sendian Programa onartzea, adineko pertsona ezinduekin bizi diren familiei laguntzeko helburua duena, pertsona horientzat errazagoa izan dadin familia barruko desegokitasunak aurreikusi, elkarrekin bizimodu normalizatua egin eta adineko pertsonaz arduratzea.
2.Foru dekretu honen ondorioetarako, familiatzat hartzen da adinduarekin etxe berean bizi ohi den pertsona taldea.
—Salbuespeneko kasuetan, eta oinarrizko gizarte zerbitzuek aldez aurreko txostena egin ostean, programan sartzeko aukera izango dute adineko pertsona ezinduarekin bizi ez baina modu agerian laguntza eman eta pertsona hori bere ohiko ingurunean mantentzea ahalbidetzen duten familiek.
Bigarren artikulua.
Sendian Programak honako baliabideak barne hartzen ditu:
a) Prestakuntzako ikastaroak.
b) Laguntza taldeak.
c) Laguntza psikologikoa.
d) Aste bukaeretan egoitzan hartzea.
e) Aste bukaeretan egunez laguntzea.
f) Atseden luzea.
g) Laguntza teknikoa.
h) Xede jakineko diru laguntzak, beste prestazio batzuek aitortzeko balio ez dutenak.
Hirugarren artikulua.
Programa aurrera eramateko kasuak banaka kudeatuko dira, familiaren egoera profesionalek neurtuta, eta norbanakoarengan eta familian esku hartzeko plana eginda.
Norbanakoarengan eta familian esku hartzeko planean, foru dekretu honetan aurreikusitako baliabideez gain adineko pertsonen familiako zaintzan eragina izanik dagoeneko egon badauden baliabideak ere sartuko dira, hau da, egoitza zerbitzua, eguneko zerbitzua, etxeko laguntza, telealarma osasun laguntza eta zerga pizgarriak, hori guztia helburu bera lortzearren.
Laugarren artikulua.
Programa hau aurrera ondo eramateko, familiatik gertuen dagoen ingurunetik egin behar da, hau da, herritik; hori dela eta, Gizartekintza Departamentuaren eta udalen artean hitzartu egin behar da programa ezartzeko tresna izango den jarduketa protokoloa.
Bosgarren artikulua.
1.Sendian Programa sartzeko, familiek jarduketa protokoloa sinatu duten udalerrietan bizitzeaz gain honako baldintzak bete behar dituzte:
a) Gutxienez bi urte lehenagotik Gipuzkoan bizi izatea.
b) Sakontzen eskalak finkatzen duenaren arabera adineko pertsona ezindutzat definituta dagoenarekin bizitzea. Hau bete ezean, adineko pertsonari laguntza eta arreta eskaintzea, oinarrizko gizarte zerbitzuen gizarte txostenaren bidez egiaztatuta.
2.Baldintza horiek bete beharrik ez da izango atseden luzeko baliabidearen kasuan.
Seigarren artikulua.
1.Prozedura hasteko, eskaera udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuetan aurkeztuko da, eta haiek Gizartekintza Departamentura bidaliko dute.
2.Eskaerarekin batera, bosgarren artikuluan jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatuko duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.
3.Foru dekretu honetako 2. artikuluan jasotako g) eta h) baliabideak eskatuz gero, familia unitateak dituen sarrera ekonomikoak egiaztatzeko dokumentazioa erantsi beharko zaio eskaerari.
Zazpigarren artikulua.
1.Aurkeztutako proposamena ikusita, Gizartekintza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunak ebatziko du eskatutako prestazioa eman edo ez, eskaera Gizartekintza Departamentuko erregistro orokorrean sartu eta gehienez sei hilabete igaro baino lehen, erabakiko ditu Gizpuako Foru Aldundiak, 30/1992 Legeak, azaraoaren 26koak, Herri Administrazio Jardunbidearenak, 42.2 artikuluan aurreikusita dagoen bezala, aurkeztutako eskaerak organo eskudunak berariak erabakitzeko duen betebeharra galarazi gabe, eta lege horrek 71.1 artikuluan aurreikusitakoa gertatzen ez bada.
Baldin eta erabakitzeko epea amaituta organo eskudunak berariazko erabakirik hartuko ez balu, eskaera ezetsitzat joko litzateke, lege horrek 44. Artikuluan dioenaren arabera.
2. Foru dekretu honetan ezarritako edozein baliabide emateko, izendatutako aurrekontua muga izango da. Dena dela, izendatutako aurrekontua eskari guztiari erantzuteko aski ez bada, ebazteko garaian, lehen-lehenik, familia unitatearen egoera ekonomikoa hartuko da aintzat.
Zortzigarren artikulua.
Foru dekretu honen xede diren laguntzei dagokienez, onuradunak Gizartekintza Departamentuak eskatzen dien informazio guztia ematera behartuta daude.
Bederatzigarren artikulua.
Diru laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzeak emandako ebazpena ere aldatzea ekar lezake.
Hamargarren artikulua.
Foru dekretu honetan erregulatutako diru laguntzen zenbatekoak, bakarka edota bestelako administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuen diru laguntza edo bestelako laguntzekin batera, ez du inola ere gaindituko onuradunak erabiliko duen baliabidearen kostua.
Hamaikagarren artikulua.
Ondoko balizkoetan bidezkoa izango da jasotako kopuruak itzularaztea eta, hala badagokio, diru laguntza ordaintzen denetik aurrerako berandutza-interesak ere ordainaraztea:
a) Justifikatu beharra ez betetzea.
b) Diru laguntza eskatutako baldintzak bete gabe eskuratzea.
c) Diru laguntza bere xederako ez erabiltzea.
Era berean, aurreko artikuluan aurreikusitako balizkoan, egindako jarduerak duen kostuaren gainetik jasotakoa itzuli beharko da.
Itzuli beharreko kopuruak eskubide publikoko sarreratzat hartuko dira.
Lehen xedapen gehigarria.
Foru dekretu honetan garatutako Sendian Programa gauzatzeko ekitaldiz ekitaldi izendatuko diren aurrekontu kredituak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontuak onartzen dituen Foru Arauaren bidez erabakiko dira.
Bigarren xedapen gehigarria.
Gizartekintzako foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko eta, era berean, 2 artikuluan aipatu diren balibideen banakako zenbatekoak urtean-urtean ezartzeko.
Hirugarren xedapen gehigarria.
Foru dekretu honetan araututako baliabideak gauzatzeko, gizarte zerbitzuetako Gizartekintza Departamentuak lankidetza hitzarmenak egin ahal izango ditu erakunde publikoekin nahiz pribatuekin.
Xedapen iragankorra.
Foru dekretu honek eragindako kontuzailetako bakoitzean xedatutako diru kopuruak gogoan izanik, ondoren zehatutako zenbatekoan ezartzen dira 2000rako, beti ere aurrekontuak onartzeko foru arauak ezartzen dituen kreditu transferentziak eragotzi gabe.
a) Aste bukaeratako egoitza harrera eta atseden luzea, 1.0920.210.481.00.06.00 kontusailetik 49.257.255 pezeta.
b) Aste bukaeretako eguneko laguntza, 1.0920.210.461.01.06.00 kontusailetik 3.779.730 pezeta.
c) Aste bukaeretako eguneko laguntza ,1.0920.210.481.00.07.00 kontusailetik, 4.748.686 pezeta.
d) Diru laguntzak, 1.0920.210.480.00.01.00 kontusailetik 11.773.890 pezeta.
Indargabetzeko xedapena.
Indargabetua geratzen da otsailaren 16ko 20/1999 Foru Dekretua eta, halaber, foru dekretu honek dioena ezeztatu edo kontrakoa xedatzen duten maila bereko edo txikiagoko xedapenak ere.
Amaierako xedapena.
Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2000ko uztailaren 18a.
DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.
GIZARTEKINTZA
DEPARTAMENTUKO
FORU DIPUTATUA,
Máximo Goikoetxea Ferreiro. (8081)