Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

115. zenbakia Data 2000-06-19 9733 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
Maiatzaren 30eko 55/2000 Foru Dekretua, euskarazko ikus-entzutekoen proiektuetarako diru laguntzak ematekoa

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Maiatzaren 30eko 55/2000 FORU DEKRETUA, euskaraz egindako ikus-entzunezko proiektuak egiteko diru laguntzak emateko deialdia onartzen duena.

Martxoaren 3ko 2/2000 Foru Arauak, 2000rako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituenak, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari dagozkion gastu kredituen artean euskararen erabilera sozialaren sustapenari begira Gipuzkoako herritarrei emandako zerbitzuen laguntza zabaltzeko bidea ematen duten aurrekontu sailak barne hartzen ditu.

Gaur egungo gizarte bizitzan ikus-entzunezko hedabideen eragina horrenbestekoa da ezen hein handi batean kultur kontsumoaren jokamoldeak baldintzatzen ari baitira, batik bat belaunaldi gazteen artean. Bestalde, globalizazio fenomenoak bereziki indartsuak diren alor honetan kultura eta hizkuntza txikiek zailtasun apartak izan ohi dituzte ikus-entzunezko produktoak ekoitzi eta hedatu nahi dituztenean.

Diru laguntzak eta subentzioak emateko prozeduran aplika daitekeen eraentza orokorra arautzen duen apirilaren 6ko 27/1993 Foru Dekretuaren 7.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, bidezkoa da lehiakortasun, publizitate eta objetibotasun printzipioetan oinarrituta, diru laguntzak eta gainerako subentzioak emateko arau erregulatzaileak bilduko dituen foru dekretua onestea.

Horren indarrez, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, Diputatuen Kontseiluak egun bereko bilkuran erabakia hartu ondoren, honako hau,

XEDATZEN DUT

Lehen artikulua.

Euskaraz garatutako ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko diru laguntzak emateko prozedura arautzen duten oinarriak onartzen dira, eta Foru Dekretu honi eranskin gisa atxikitzen zaizkio.

Bigarren artikulua.

Deialdi honi aurre egiteko xedatutako aurrekontu sailen zenbatekoa aldatu egin dezake organo eskumendunak, aurrekontuen erabilgarritasunaren arabera, bakoitzak esleituak dauzkan eskumenen arauz.

Hirugarren artikulua.

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuari eskumena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen xedapenak eman ditzan.

Laugarren artikulua.

Berariazko ebazpena jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez ere, Foru Dekretu hau onartzen den egunetik aurrera kontatzen hasita. Zernahi gisaz, ebazpena eman eta hura jakinarazteko gehienezko epe hori eten egingo da azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42-5 artikuluan jasotako gorabeheretako bat gertatzen baldin bada.

Bosgarren artikulua.

Aurkeztutako eskaera guztiei buruz berariazko ebazpena emateko organo eskudunak daukan derrigortasunaren kalterik gabe, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak 71.1 artikuluan xedatutakoa salbuetsirik, ebazpena emateko epea amaitzen denean organo eskudunak berariazko ebazpenik emango ez balu, eskaera ezetsitzat joko litzateke, aipatutako legeak 44. artikuluan ezarritako isiltasun administratiboa medio.

Donostia, 2000ko maiatzaren 30a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.

KULTURA, EUSKARA, GAZTERIA
ETA KIROL DEPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Luis M.ª Bandres Unanue. (6415)

ERANSKINA

Euskaraz garatutako ikus-entzunezko proiektuetarako diru laguntzak 2000. urteko aurrekontuaren kargura emateko lehiaketa irekia arautzen duten oinarriak.

1.Xedea.

Deialdi honen xedea da 2000. urtean zehar euskaraz garatutako ikus-entzunezko proiektuetarako xedatutako diru laguntzak jasotzeko baldintzak lehiaketa irekiaren bidez arautzea.

2.Eremua.

Diru laguntza hauen xedea da euskaraz egindako ikus-entzunezko proiektuak garatzeak sortzen dituen gastuak konpentsatzea.

Laguntza hauek jaso ahal izango dituzte Gipuzkoako Lurralde Historikoaren barrutian aipatutako esparruan euskarazko ikus-entzunezko proiekturik sustatu eta egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoek.

Aipatutako proiektuak ondoko atal hauetakoren batean sartu behar dira:

a)Euskaraz bikoiztutako zinemagintza eta bideogintzaren hedapena sustatzea.

b)Euskarazko literatur lanen egokitzapenetan oinarritutako irrati-nobelak ekoitzi edo hedatzea.

c)Kultur alorreko multimedia produktoak euskaraz ekoitzi edo hedatzea.

Laguntza hauen jarduera esparruak bare barne hartzen dituen proiektuak, osorik nahiz zatika, garatu ahal izango ditu elkarte eskatzaileak bere baliabide propioz nahiz beste hirugarrengoen laguntzaz.

3.Baldintzak.

Laguntza hauetara bildu nahi duten proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a)Eskaerak jasotzen dituen ikus-entzunezko produktoak osorik euskaraz egongo dira gutxienik.

b)Eduki horien barruan legeetan babestutako gairik baldin badago, elkarte eskatzaileak eduki horien gaineko baimenaren jabe izan behar du.

4.Baztertzeak.

Diru laguntza hauen esparruaz kanpo daude:

—Hezkuntza alorreko proiektuak, edozein era edo mailatako irakaskuntzari begira sortutakoak alegia.

—Film edo bideo originalak ekoitzi edo bikoiztea.

—Era komertzial hutsean bideragarri izan daitezkeen multimedia produktoak ekoitzi edo banatzea.

—Herri administrazioek edota haien mende diren erakundeek sustatutako proiektuak.

—Finantza erakundeek, alderdi politikoek, sindikatuek edo elkargo profesionalek sustatutako proiektuak.

—Egunkari, aldizkari, liburu edo gisakoekin batera saltzen edo banatzen diren ikus-entzunezko produktoak.

5.Eskaerak aurkeztea.

Diru laguntza hauek jaso nahi dituztenek agiri hauek bidali behar dituzte Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentura:

a)Ereduaren araberako eskaera orria behar bezala beterik.

b)Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiria (nortasun agiria, dagokion erregistroan inskribatutako eraketa eskriturak, eta abar).

c)Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren fotokopia.

d)Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten aurtengo ziurtagiriak.

e)Eskatzaileak irekitako kontu korronte baten jabetasuna ziurtatuko duen aurtengo agiria, diru etxe batek emana.

f)Diru laguntza eskatzen den proiektuari buruzko azalpen txosten zehatza. Txosten horretan argi eta garbi berezi beharko dira proiektua garatzeko erakunde eskatzaileak bere kabuz jartzen dituen baliabideak, eta kanpoko laguntzaz inguratutako baliabideak.

g)Proiektuaren gastu eta diru sarreren aurrekontu zehatza.

h)Proiektuen barruan Jabetza Intelektualaren Legeari lotutakorik baldin badago, elkarte eskatzaileak dagozkion eskubideen jabe dela argi egiaztatzen duen frogagiria.

Baldin galdatzen diren agirietakoren bat administrazio jardulearen organoren batera ordurako iritsita badago, eskatzaileak erabil dezake 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauenak eta Administrazio Jardunbidearenak, 35. artikuluko f) paragrafoan xedatzen duena, baina agiriak zein egun, organo edo bulegotan jaso edo egin ziren adierazita, beti ere horien prozedura bukatu zela bost urte baino gehiago igaro ez bada.

Agiria eskuratu ezin denean, organo eskudunak eskatzaileari esan diezaioke berak aurkez dezala, edo agiri hori ezin bada, agirian dauden beharkizunak beste nolabait ziurta ditzala, ebazpen proposamena egin baino lehen.

Eskaerak aurkezteko epea 2000ko uztailaren 14an bukatuko da eta behar bezala egiteko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren bulegoetan jendearen eskura dagoen eredu normalizatua bete eta eskatutako gainerako agiriekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro bulego propio nahiz itunduetan aurkeztuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 38.4 artikuluan xedatutako beste edozein bide baztertu gabe.

Eskatzaileak aurkeztutako agiriak osatu gabe daudela edota oinarri hauek exijitutako beharkizunak betetzen ez dituztela ikusten denean, interesatuari hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo behar diren agiriak ekar ditzan eskatuko zaio. Horrela egiten ez badu, bere eskaera bertan behera uzten duela iritziko zaio, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauenak eta Administrazio Jardunbidearenak, 42.1 artikuluan jasotakoaren arabera hartutako ebazpenaren bitartez.

6.Balorazioa eta diru laguntza ematea.

Diru laguntza eskaerak aztertu eta ebaluatuko dituen epaimahaia izango da, kide hauek osaturik: Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia, Euskararen Normalkuntza eta Sustapeneko atalburua, atal horretan lanean ari den teknikari bat, eta ikus-entzunezko gaietan aditu den bat. Ondorenean, Epaimahaiak ebazpen proposamenak emango ditu eskaerei buruz eta organo eskudunari aurkeztuko dizkio, ebazpena eman dezan.

Emate ebazpenean azalduko da diru laguntzaren zenbatekoa, lanen irismena eta diru laguntza emateko gainerako baldintzak. Interesatuei ebazpena jakinarazteaz gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean onartutako diru laguntzen laburpena argitaratuko da, onuradunen izenak eta emandako zenbatekoak jasota.

Diru laguntza emateko eta zenbatekoa erabakitzeko alderdi hauek guztiak baloratuko dira:

a)Proiektuaren interes kultural eta soziala, deialdi honen esparruaren eta helburuen ikuspegiaren barnean; 40 puntu bitarte.

b)Orain arte euskaraz trataera egokirik izan ez duten alor edo gaietan saiatzea; 20 puntu bitarte.

c)Diru lagundutako proiektua publiko gaztearengana iristeko egindako proposamena; 15 puntu bitarte.

d)Diruz lagundutako proiektuak zabalkunde egokia izango duela ziurtatzeko jarritako bitartekoak; 15 puntu bitarte.

e)Aurkeztutako proiektua forma, diseinu edo kalitate aldetik landua izatea; 10 puntu bitarte.

Epaimahaiaren proposamenean jaso ahal izango dira, bakar-bakarrik, aurreko irizpideen arabera 70 puntu edo gehiagoko balorazioa lortzen duten proiektuak.

Laguntza hauek lehiakortasun sistemaren barruan emango dira. Ondorioz, ezarritako balorazio irizpideetan oinarriturik, diruz lagundutako proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzeko moduko onuradun kopurua hautatuko da.

Oro har, diru laguntzaren zenbatekoa ez da programa edo jarduera garatzeko aurreikusita dauden gastuen %70 baino handiagoa izango, baina Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak salbuespenak egin ahal izango ditu arrazoi sendo eta frogatuak tartean direnean.

7.Diru laguntza ordaintzea.

Diru laguntza, beti ere aldez aurretik dagozkion tramite administratiboak burutzen badira, bi zatitan ordainduko da:

—Zenbateko osoaren %60 diru laguntza ematen den unean, aurrerakin gisa.

—Gainerako %40 deialdi honetako 8. oinarrian zehaztuko diren agiriak aurkeztutakoan.

8.Jasotzaileen betebeharrak.

Diru laguntza hauen hartzaileek laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskaera aurkeztu beharra daukate, segidan zehazten diren agiriekin batera:

a)Garatutako proiektuari buruzko azalpen laburra.

b)Izandako diru sarrera eta gastuen balantzea.

c)Diruz lagundutako jardueraren osotasuna frogatuko duten gastuen jatorrizko fakturak, zeinak, egiaztatu eta zigilatu ondoren, erakunde jasotzaileari itzuliko zaizkion.

d)Diruz lagundutako proiektuak bere barnean hartzen dituen ikus-entzunezko materialaren kopia bana.

Aurreko ataletan adierazitako dokumentazioa aurkezteko epea 2001eko martxoaren 1ean amaituko da.

Aurrekoez gain, onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

—Estatuko nahiz estatutik kanpoko edozein herri administraziok edo erakunde publikok helburu berarekin emandako subentzio edo diru laguntzen berri ematea Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari.

—Administrazioak eskatzen dion edozein argibide ematea.

9.Publizitatea.

Diru laguntza eman ondoren, ikus-entzunezko produktoetan eta jende aurrean egiten diren agerpen guztietan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesa agerrarazi beharko da nahitaez. Babes horren berri emateko elementu materialak onuradun bakoitzari adieraziko zaizkio berariaz, proiektu bakoitzaren izaera eta eramoldearen arabera.

10.Araututakoa ez betetzea.

Diru laguntza berrikusi eta, hala balegokio, bertan behera utz daiteke kasu hauetan:

a)Baldintzak bete gabe diru laguntza eskuratu dutenean.

b)Diruz lagundutako jardueraren xedea betetzen ez dutenean.

c)Jarduerari buruzko txostena eta emaitzak ezarritako epeen barruan aurkezten ez dituztenean.

11.Interpretazioa.

Oinarri hauen interpretazioaz sor litekeen edozein zalantza Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak ebatziko du.

12.Aurrekontua, programa eta kontusaila.

Deialdi honetarako hasiera batean xedatutako kopuruak, aurrekontuetan erabilgarri diren zenbatekoen arabera aldatu ahal izango dira, kredituen lotespen nahiz transferentzien erregimena erregulatzen duen araudiaren arabera, eta 0720.200. 470.00.03.00 aurrekontu sailari egotziko zaizkio, 24.000.000 pezetako (144.242,91 euro) zenbatekoarekin.