Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

90. zenbakia Data 2000-05-15 7606 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
44/2000 Foru Dekretua, herrilanetan arkeologia, arte eta kulturaren aldetik esku hartzeko lanetarako laguntzei buruzkoa

Maiatzaren 2ko 44/2000 FORU DEKRETUA, arkeologia guneetan jarduerak egiteko diru laguntzak eta herrilanetan arte eta kultur lanak egiteko diru laguntzak emateko deialdia onartzen duena.

Martxoaren 3ko 2/2000 Foru Arauak, 2000rako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituenak, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari dagozkion gastu kredituen artean arkeologia guneetan jarduerak egiteko diru laguntzak eta herrilanetan arte eta kultur lanak egiteko diru laguntzak ematera xedatutako aurrekontu sailak barne hartzen ditu.

Uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultur Ondarearenak, foru aldundiak behartu egiten ditu pertsona fisiko nahiz juridikoek sustatutako jarduera arkeologikoetatik datozen gastuak beren gain hartzera. Beste alde batetik, ekainaren 4ko 4/1984 Foru Arauak, herrilanetan sustapen artistiko eta kulturala egiteari buruzkoak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren parte hartzea xedatzen du %2ko Arau delakoaren babesean udalek beren gain harturik dituzten herrilanak finantzaketan.

Diru laguntzak eta subentzioak emateko prozeduran aplika daitekeen eraentza orokorra arautzen duen apirilaren 6ko 27/1993 Foru Dekretuaren 7.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, bidezkoa da lehiakortasun, publizitate eta objetibotasun printzipioetan oinarrituta, diru laguntzak eta gainerako subentzioak emateko arau erregulatzaileak bilduko dituen foru dekretua onestea.

Horren indarrez, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, Diputatuen Kontseiluak egun bereko bilkuran erabakia hartu ondoren, honako hau,

XEDATZEN DUT

Lehen artikulua.

Arkeologia guneetan jarduerak jakin batzuk egiteko diru laguntzak eta herrilanetan arte eta kultur lanak egiteko diru laguntzak emateko prozedura arautzen duten oinarriak onartzen dira, eta Foru Dekretu honi I. eta I. eranskin gisa atxikitzen zaizkio. Hasiera gertatuko da behar bezalako eskaera organo eskumendunaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera.

Bigarren artikulua.

Deialdi honi aurre egiteko xedatutako aurrekontu sailen zenbatekoa aldatu egin dezake organo eskumendunak, aurrekontuen erabilgarritasunaren arabera, bakoitzak esleituak dauzkan eskumenen arauz.

Hirugarren artikulua.

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuari eskumena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen xedapenak eman ditzan.

Azken xedapena.

Foru Dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2000ko maiatzaren 2a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.

KULTURA, EUSKARA, GAZTERIA
ETA KIROL DEPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Luis M.ª Bandres Unanue. (4687)

I. ERANSKINA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenaz arkeologia ondasunak eragiten dituzten obren ondorioz burututako arkeologia jarduerak egiteko 2000ko ekitaldirako xedatutako diru laguntzak emateko lehiaketa irekia arautzen duten oinarriak.

1.Xedea.

Deialdi honen xedea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenaz arkeologia ondasunak eragiten dituzten obren ondorioz burututako arkeologia jarduerak egiteko xedatutako diru laguntzak jasotzeko baldintzak lehiaketa irekiaren bidez arautzea.

2.Eremua.

Diru laguntza hauen xedea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenaz arkeologia gune edo ondasunak eragiten dituzten obren ondorioz burututako arkeologia jarduerak egiteak sortzen dituen gastuak konpentsatzea. Arkeologia jardueratzat ondoko hauek hartuko dira: Arkeologia prospekzioak (lurra aterata nahiz lurra atera gabe egindakoak), arkeologia zundaketak, arkeologia indusketak, eta arkeologia kontrolak, beti ere uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultur Ondareari buruzkoak, bere 45. artikuluan xedatzen dituen definizioak aintzat harturik.

Diruz lagundu nahi diren jarduerak gauzatu aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eskuratu behar da, lurra atera gabe egindako arkeologi prospekziorako izan ezik, horretarako nahikoa baita horren berri ematea. Beraz, beharrezko baimena eskuratu ez duena ezin bilduko da diru laguntza deialdi honetara.

3.Eskatzaileak.

Oinarri hauetan ezarritako diru laguntzak eskatzeko aukera Gipuzkoako Arkeologi Ondarearekin zerikusirik duten jarduerak sustatzen dituzten pertsona nahiz erakunde pribatuek edukiko dute. Zernahi dela ere, gogoa izan behar da aurreko oinarrian arkeologia baimena aurrez izan beharraz esandako guztia.

Laguntza hauetatik bazter gelditzen dira zuzenbide publikoko erakundeen jabetzapeko ondasunei eragiten dieten jarduerak, uztailaren 3ko 7/1990 Legeak, Euskal Kultur Ondareari buruzkoak, bere 45.5 artikuluan xedatzen duenaren arabera, beti ere kontuan harturik horietan ere ezin dela baztertu Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldez aurreko baimena

4.Eskaerak aurkeztea.

Diru laguntza hauek jaso nahi dituztenek agiri hauek bidali behar dituzte Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentura:

a)Ereduaren araberako eskaera orria behar bezala beterik.

b)Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiria, eta pertsona juridikoak direnean, haien ordezkariarena (Nortasun Agiria, dagokion erregistroan inskribatutako eraketa eskriturak edo ordezkotza egiaztatzen dutenak).

c)Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten aurtengo ziurtagiriak, eta, behar den guztietan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren barruan dagoela zuritzen duen agiria.

d)Diru etxe edo aurrezki etxe batek emandako agiria, eskatzailearen kontu korronte baten titularitatea egiaztatzen duena ziurtatuko duen agiria.

e)Arkeologia jarduerari buruzko txostena, alderdi hauek guztiak bildurik:

—Aztarnategiaren kokalekua.

—Sekuentzia estratigrafikoa eta interpretazioa.

—Berreskuratutako arkeologia materialen inbentarioa eta gordailu ziurtagiria.

—Argitasun grafiko eta fotografikoak.

—Ondorioak.

—Aztarnategiak duen interesari buruz egokia ikusten den informazio osagarria.

f)Jardueraren ordainagiria.

Baldin galdatzen diren agirietakoren bat administrazio jardulearen organoren batera ordurako iritsita badago, eskatzaileak erabil dezake 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauenak eta Administrazio Jardunbidearenak, 35. artikuluko f) paragrafoan xedatzen duena, baina agiriak zein egun, organo edo bulegotan jaso edo egin ziren adierazita, beti ere horien prozedura bukatu zela bost urte baino gehiago igaro ez bada.

Agiria eskuratu ezin denean, organo eskudunak eskatzaileari esan diezaioke berak aurkez dezala, edo agiri hori ezin bada, agirian dauden beharkizunak beste nolabait ziurta ditzala, ebazpen proposamena egin baino lehen.

Eskaerak 2000ko urriaren 17an baino lehenago aurkeztu behar dira, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren bulegoetan jendearen eskura dagoen eredu normalizatuan, eta eskatutako gainerako agiriekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro bulego propio nahiz itunduetan aurkeztu, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 38.4 artikuluan xedatutako beste edozein bide baztertu gabe.

Eskatzaileak aurkeztutako agiriak osatu gabe daudela edota oinarri hauek exijitutako beharkizunak betetzen ez dituztela ikusten denean, interesatuari hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo behar diren agiriak ekar ditzan eskatuko zaio. Horrela egiten ez badu, bere eskaera bertan behera uzten duela iritziko zaio, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauenak eta Administrazio Jardunbidearenak, 42.1 artikuluan jasotakoaren arabera hartutako ebazpenaren bitartez.

5.Diru laguntzak.

Diru laguntzak fondo galdura emango dira, eta ez dute inoiz arkeologia jardueraren kostuaren %50eko muga gaindituko. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergapean diren pertsona edo erakundeak direnean, ordaindutako kopuru garbia hartuko da kontuan, Balio Erantsiaren gaineko Zerga bazter utzirik.

6.Balorazioa eta diru laguntza ematea.

Aurkeztutako eskaerak Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzuak aztertu eta ebaluatuko ditu, eta hori egin ondoren txosten teknikoa igorriko dio organo eskumendunari, hark erabaki dezan.

Ebazpenean azalduko da diru laguntzaren zenbatekoa, lanen irismena eta diru laguntza emateko gainerako baldintzak. Interesatuei ebazpena jakinarazteaz gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean onartutako diru laguntzen laburpena argitaratuko da, onuradunen izenak eta emandako zenbatekoak jasota.

Berariazko ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera organo eskumendunaren erregistroan sartu zen egunetik aurrera kontatzen hasita. Gehienezko epea horretan zehar berariazko ebazpenik batere jakinarazten ez bazaio, interesatua zilegiztaturik egongo da bere eskaera ontzat emana dela ulertzeko administrazio isiltasunez, beti ere aurkeztutako eskaera guztiei burua berariazko ebazpena emateko organo eskudunak duen obligazioa eragotzi gabe, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauenak eta Administrazio Jardunbidearenak, 43.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.Diru laguntza ordaintzea.

Diru laguntza benetan egindako gastua egiaztatu ondoren egingo da, jatorrizko ordainagiriak aurkeztuta. Ordainagiri horiek egiaztatu eta zigilatu ondoren eskatzaileari itzuliko zaizkio.

8.Jasotzaileen betebeharrak.

Diru laguntza hauen jasotzaileak beharturik daude administrazioak eskatzen dien era guztietako informazioa ematera.

9.Araututakoa ez betetzea.

Diru laguntza berrikusi eta, hala balegokio, bertan behera utz daiteke kasu hauetan:

a)Baldintzak bete gabe diru laguntza eskuratu dutenean.

b)Diruz lagundutako jardueraren xedea betetzen ez dutenean.

c)Jarduerari buruzko txostena eta emaitzak ezarritako epeen barruan aurkezten ez dituztenean.

10.Interpretazioa.

Oinarri hauen interpretazioaz sor litekeen edozein zalantza Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak ebatziko du.

11.Aurrekontua, programa eta kontusaila.

Deialdi honetarako hasiera batean xedatutako kopuruak, aurrekontuetan erabilgarri diren zenbatekoen arabera aldatu ahal izango dira, kredituen lotespen nahiz transferentzien erregimena erregulatzen duen araudiaren arabera, eta jarraian aipatzen diren aurrekontu sailei egotziko zaizkie:

Zenbatekoa

Aurrekontu saila Pezetak Euroak

0712.140.77000.00.00 10.000.000 60.101,21

II ERANSKINA

Gipuzkoako udalek finantzatzen dituzten herri lanetan arte edo kultur izaerako lan jakin batzuk barne hartzera xedatutako diru laguntzak 2000ko ekitaldirako emateko lehiaketa publikoa arautzen duten oinarriak.

1.Xedea.

Deialdi honen xedea da 2000ko ekitaldian Gipuzkoako udalek finantzatuko dituzten herri lanetan arte edo kultur izaerako lan jakin batzuk barne hartzera xedatutako diru laguntzak jasotzeko baldintzak lehiaketa publiko bidez arautzea.

2.Onuradunak.

Diru laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte Gipuzkoako udalek edo hauen menpeko erakundeek 2000. urtean finantzatuko dituzten herri lanetan, borondatez, arte edo kultur lanetarako kontusail bat barne hartzen badute, beti ere adierazitako kontusail horren zenbatekoak gutxienez herri lanaren aurrekontuaren ehuneko bi hartzen badu, ekainaren 4ko 4/1984 Foru Arauak, Herri Lanetako Arte eta Kultur Sustapenari buruzkoak, ezartzen duenari jarraiki.

3.Eskaerak eta aurkezteko epea.

Diru laguntza hauek jaso nahi dituzten udalek agiri hauek bidali behar dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentura:

a)Eskaera orria behar bezala beterik.

b)Eskatzaileak irekitako kontu korronte baten jabetasuna ziurtatuko duen agiria, diru etxe batek emana.

c)Proiektuari buruzko informazioa, arte edo kultur lanei dagokienez, eta horrekin batera memoria, gastuen aurrekontua, kokapena, exekuzio epeak eta aurrekontu baliabide nahikoak direla egiaztatzeko udalak luzatutako ziurtagiria, baita proiektua barne hartzen duen obraren guztizko zenbatekoa ere.

Baldin galdatzen diren agirietakoren bat administrazio jardulearen organoren batera ordurako iritsita badago, eskatzaileak erabil dezake 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 35. artikuluko f) paragrafoan agintzen duena, baina agiriak zein egun, organo edo bulegotan jaso edo nondik bidali diren adierazita, eta horien prozedura bukatu zela bost urte baino gehiago igaro ez bada.

Agiria eskuratu ezin denean, organo eskudunak eskatzaileari esan diezaioke berak aurkez dezala, edo agiri hori ezin bada, agirian dauden beharkizunak beste nolabait ziurta ditzala, ebazpen proposamena egin baino lehen.

Diru laguntza deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2000ko ekainaren 30ean amaituko da.

Eskaerak aurkeztu beharreko ereduak Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko bulegoetan eskura daitezke, eta gainerako agiri guztiekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro bulego propio nahiz itunduetan aurkeztu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 38.4 artikuluan xedatutako beste edozein bide baztertu gabe.

Eskatzaileak aurkeztutako agiriak osatu gabe daudela edota oinarri hauek exijitutako beharkizunak betetzen ez dituztela egiaztatzen denean, interesatuari hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo behar diren agiriak ekar ditzala eskatuko zaio. Horrela egiten ez badu, bere eskaerari uko egin diola iritziko zaio eta eskaera besterik gabe artxibatuko da, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearen Legeak 42.1 artikuluan jasotako ondorioekin.

4.Ebaluazioa eta diru laguntza ematea.

Eskaerak aztertu eta ebaluatuko dituen epaimahaia izango da, kide hauek osaturik: Kulturako zuzendari nagusia, eta Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko teknikari bi. Ondorenean, Epaimahaiak ebazpen proposamenak emango ditu eskaerei buruz eta organo eskudunari aurkeztuko dizkio, ebazpena eman dezan, deialdia betegabetzat jotzeko aukera izanik. Ebazpenean azalduko da diru laguntzaren zenbatekoa eta diru laguntza emateko gainerako baldintzak. Interesaturikoei ebazpena jakinarazteaz gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean diru laguntza emandakoen izena eta kopuruen esleipen laburpena argitaratuko da.

Berariazko ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera organo eskumendunaren erregistroan sartu zen egunetik aurrera kontatzen hasita. Gehienezko epea horretan zehar berariazko ebazpenik batere jakinarazten ez bazaio, interesatua zilegiztaturik egongo da bere eskaera ontzat emana dela ulertzeko administrazio isiltasunez, beti ere aurkeztutako eskaera guztiei burua berariazko ebazpena emateko organo eskudunak duen obligazioa eragotzi gabe, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauenak eta Administrazio Jardunbidearenak, 43.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.Diru laguntza ordaintzea.

Diru laguntza, beti ere aldez aurretik dagozkion tramite administratiboak burutzen badira, bi zatitan ordainduko da:

—Zenbateko osoaren %60 diru laguntza ematen den unean, aurrerakin gisa.

—Gainerako %40 lanak eginak direla ziurtatzen duten egiaztagiriak aurkeztu ondoren. Obra egiaztagiria edo, hala badagokio, ordainagiri originalak gaineratu beharko dira, egiaztatu ondoren onuradunari itzuliko zaizkionak.

6.Hartzaileen betebeharrak.

Diru laguntza hauen hartzaileak ondorengo betebeharrak izango ditu, diru laguntza emateko ebazpenean beste eperik xedatzen ez baldin bada:

1.Diruz lagundutako obrak 2000ko irailaren 30a baino lehenago hastea.

2.Diruz lagundutako obrak 2000ko azaroaren 30erako amaitzea.

3.Egindako obrei edo lanei dagozkien egiaztagiriak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren aurrean 2000ko abenduaren 15aren aurretik aurkeztea.

4.Egindako obraren dokumentazio grafikoa gaineratzea.

7.Araututakoa ez betetzea.

Onuradunek jaso duten diru zenbatekoa itzuli eta, hala behar denean, berandutza interesak diru laguntza jaso denetik ordaindu beharko dituzte kasu hauetan:

a)Oinarri hauetan edota esleipen ebazpenean ezarritako epeak betetzen ez dituztenean.

b)Jasotako diru kopurua zuritzeko beharkizuna betetzen ez dutenean.

c)Diru laguntza eskuratzeko behar diren baldintzak betetzen ez dituztenean.

d)Diruz lagundutako jardueraren xedea betetzen ez dutenean.

Onuradunek itzuli behar lituzketen diru zenbatekoak zuzenbide publikoko diru sarreratzat hartuko dira.

8.Aldaketa.

Diru laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa gertatzeak diru laguntza emateari buruzko ebazpena aldatzea ekar lezake.

9.Interpretazioa.

Oinarri hauen interpretazioaz, aplikazioaz eta ondorioez sor litekeen edozein zalantza Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak ebatziko du.

10.Aurrekontua, programa eta kontusaila.

Deialdi hau burutzeko hasiera batean xedatutako kopuruak aurrekontu erabileren arabera aldatu ahal izango dira, kredituen lotespen nahiz transferentzien erregimena erregulatzen duen araudiaren arabera, eta 0711.110.76101.03.00 aurrekontu sailari egotziko zaizkio 2.000.000 pezetako (12.020,24 euro)zenbatekoz.