Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

90. zenbakia Data 2000-05-15 7597 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
43/2000 Foru Dekretua, udalei antzerki eta kantu ikuskizunak antolatzeko laguntzak emateko araudiari buruzkoa

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Maiatzaren 2ko 43/2000 FORU DEKRETUA, Gipuzkoako udalei 2000ko ekitaldian ikuskizun eszeniko eta euskal kantagintzako jarduera programazioak antolatzeko diru laguntzak emateko lehiaketa irekia arautzen duten oinarriak onartzekoa.

Joan den urteotan Euskal Autonomi Elkarteko herri erakundeek ikuskizun eszenikoak herriz herri ibilarazteko Euskadiko Antzoki Sarea izeneko formula erabili izan dute. Horren karietara, foru aldundietako kultura departamentuak eta udalak barne sartu dira, helburu nagusia ikuskizun eszenikoak hedatu eta ikusleengana hurbiltzeko indarrak biltzea izanik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren koordinaziopean.

Dekretu honen I. eranskinak hain zuzen ere, zirkuitu eszenikoan sartzeko eta finantziaziorako prozedura arautzen du, Euskal Herrian ekoiztutako ikuskizunen programazioa finkatu nahian.

 

Dekretu honen II. eranskinak euskal kantagintzaren banaketa zirkuitua arautzen du, bere xedea duelarik euskaraz ari izaten diren interpretari, kantari eta errezitatzaileen langintza Gipuzkoako udalerrietara bideratzea. Aurreko urteetan hasitako zirkuitu honen asmoa da Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak alor horretan aurreko urteetan izandako esperientzia guztiak batera bildu, eta Gipuzkoa osora zabaltzea euskal musikaren alorren egindako sorkuntzaren oinarrian gauzatutako programazio iraunkorra.

Horrexegatik, diru laguntzak eta subentzioak emateko prozeduran aplika daitekeen eraentza orokorra arautzen duen apirilaren 6ko 27/1993 Foru Dekretuaren 7.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, bidezkoa da lehiakortasun, publizitate eta objektibotasun printzipioetan oinarrituta, diru laguntzak eta gainerako laguntzak emateko arau erregulatzaileak bilduko dituen foru dekretua onestea.

Horren indarrez, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, Diputatuen Kontseiluak egun bereko bilkuran erabakia hartu ondoren, honako hau,

XEDATU DUT

Lehen artikulua.

Gipuzkoako udalei 2000ko ekitaldian ikuskizun eszeniko eta euskal kantagintzako jarduera programazioak antolatzeko diru laguntzak emateko lehiaketa irekia arautzeko oinarriak onesten dira eta foru dekretu honi eranskin gisa lotzen zaizkio. Hasiera gertatuko da behar bezalako eskaera organo eskumendunaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera.

Bigarren artikulua.

Aipatutako deialdirako ondoren zehazten diren aurrekontu sailetan xedatutako diru kopuruak erabili ahal izango dira:

—20.000.000 pta (120.202,42 euro) 0711.110.461.01.12.00 aurrekontu sailari atxikitako diru kopuruetatik.

—5.000.000 pta (30.050,61 euro) 0720.200.461.01.02.00 aurrekontu sailari atxikitako diru kopuruetatik.

Hirugarren artikulua.

Deialdi honi aurre egiteko xedatutako aurrekontu sailen zenbatekoa aldatu egin dezake organo eskumendunak, aurrekontuen erabilgarritasunaren arabera, bakoitzak esleituak dauzkan eskumenen arauz.

Laugarren artikulua.

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuari eskumena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen xedapenak eman ditzan.

Bosgarren artikulua.

Berariazko ebazpena jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez ere, eskaera bideratzeko organo eskumendunaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera kontatzen hasita. Zernahi gisaz, ebazpena eman eta hura jakinarazteko gehienezko epe hori eten egingo da azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42-5 artikuluan jasotako gorabeheretako bat gertatzen baldin bada.

Seigarren artikulua.

Aurkeztutako eskaera guztiei buruz berariazko ebazpena emateko organo eskudunak daukan derrigortasunaren kalterik gabe, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak 71.1 artikuluan xedatutakoa salbuetsirik, ebazpena emateko epea amaitzen denean organo eskudunak berariazko ebazpenik emango ez balu, eskaera ezetsitzat joko litzateke, aipatutako legeak 44. artikuluan ezarritako isiltasun administratiboa medio.

Donostia, 2000ko maiatzaren 2a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.

KULTURA, EUSKARA, GAZTERIA
ETA KIROL DEPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Luis Bandres Unanue. (4686)

I. ERANSKINA

Gipuzkoako udalei 2000an ikuskizun eszenikoen programazioak egin ditzaten diru laguntzak emateko lehiaketa irekia arautzeko oinarriak.

1.Xedea.

Deialdi honen xedea da Gipuzkoako udalei lehiaketa ireki bidez diru laguntzak ematea, 2000. urtean arte eszenikoak (antzerkia eta dantza) hedatzeko urteko programak garatu ditzaten.

Diru laguntzaren oinarri izango dira soil-soilik Euskadiko Antzoki Sareak helburu horrekin osatutako zerrendan sartzen diren arte eszenikoen hedapenerako jarduera proiektuak, beti ere 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten antzoki guneetan egiten badira.

Deialdi honetatik berariaz baztertzen da beste bitarteko batzuez edo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentu honetako beste deialdi batzuez diru laguntza jasotzen duten ziklo edo jaialdietako programazioa, baita musika programazioa ere.

2.Onuradunak.

Deialdi honetara biltzeko aukera dute Gipuzkoako Udalek, baldin eta 5.000 biztanle baino gehiagokoak badira eta beharkizun hauek betetzen badituzte (deialdi honen ondorioetarako udalek zuzenean nahiz beraien menpeko organismoen bidez jokatu ahal izango dute):

—Ekipamendu eszeniko iraunkor bat edukitzea (antzokia, auditorioa, edo gisakoa) proposatutako programazioaren beharretarako egokia dena eta indarreko legeek eskatutako segurtasun neurri guztiak betetzen dituena; baita programatuko dituzten ikuskizunetarako erantzukizun zibileko asegurua ere.

—Arduradun bat edukitzea gauzatuko diren programen alderdi tekniko guztiak Euskadiko Antzoki Sarearekin koordinatzeko.

—Parte hartuko duten konpainiak eta artistak kontratatzeko gastuei aurre egiteko behar adinako kontusaila edukitzea aurrekontuetan.

—Antzerkia eta dantza hedatzeko urteko programa aurkeztea, alderdi hauek guztiak bildurik:

*10.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan urtean gutxienez 4 ikuskizun desberdin izatea, talde profesionalek ekoitziak eta aipatutako ekipamendu eszeniko iraunkorretan programatuak, eta horietatik gutxienez 2 Euskadiko Antzoki Sareak egindako eskaintzatik hartutakoak izatea.

*10.000 biztanle baino gehiagoko herrietan urtean gutxienez 10 ikuskizun desberdin izatea, talde profesionalek ekoitziak eta aipatutako ekipamendu eszeniko iraunkorretan programatuak, eta horietatik gutxienez 5 Euskadiko Antzoki Sareak egindako eskaintzatik hartutakoak izatea.

3.Eskaerak aurkezteko epea.

Diru laguntza hauek jaso nahi dituzten udalek agiri hauek bidali behar dituzte Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentura:

a)Eskaera orria behar bezala beterik.

b)Oinarri hauetako 2. zenbakian aipatutako beharkizunak betetzen direla egiaztatzen duen udal agiria, ekipamendu eszenikoari, programazioaren arduradunari eta aurrekontuetako kontusailari buruzkoak, alegia.

c)Diru laguntzaren xede diren emanaldietako taldeekin sinatutako kontratuen kopia, irailaren 30a baino lehenago eskainiko diren emanaldiena gutxienez.

Eskatzaileak aurkeztutako agiriak osatu gabe daudela edota oinarri hauek exijitutako beharkizunak betetzen ez dituztela egiaztatzen denean, interesatuari hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo behar diren agiriak ekar ditzala eskatuko zaio. Horrela egiten ez badu, bere eskaerari uko egin diola iritziko zaio eta eskaera besterik gabe artxibatuko da, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearen Legeak 42.1 artikuluan jasotako ondorioekin.

Eskaerak Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren bulegoetan jendearen eskura dagoen eredu normalizatuan egin behar dira eta, eskatutako gainerako agiriekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro bulego propio nahiz itunduetan aurkeztu, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 38.4 artikuluan xedatutako beste edozein bide baztertu gabe.

Diru laguntza deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek onartzeko Foru Dekretua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2000ko irailaren 15ean amaituko da.

4.Diru laguntzak ematea, zenbatekoa eta ordaintzea.

4.1.  Diru laguntzak ematea.

Diru laguntzak lehiakortasun printzipioan oinarritutako erregimenean emango dira. Horretarako, eskaerak aztertu eta ebaluatuko dituen epaimahaia izango da, kide hauek osaturik: Kulturako zuzendari nagusia, Liburutegietako eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuko burua, eta Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko teknikari bat. Ondorenean, Epaimahaiak ebazpen proposamenak emango ditu eskaerei buruz eta organo eskudunari aurkeztuko dizkio, ebazpena eman dezan.

Ebazpen horretan, aldekoa balitz, onuradunen izenak, diru laguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko era eta diruz lagundutako erakundeak bete behar dituen baldintzak azalduko dira. Interesaturikoei ebazpen ekintza jakinarazteaz gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean diru laguntza emandakoen izena eta kopuruen esleipen laburpena argitaratuko da.

4.2.  Zenbatekoa.

Diru laguntza era honetan kalkulatuko da: Euskadiko Antzoki Saretik datozen ikuskizunen lehen emanaldi edo bakarrarengatik udalak ordaindutako katxetaren %50 arteko kopurua, urtero programatzen diren ikuskizunen %50 gaindituko ez duen kopuruan, gehienez ere Euskadiko Antzoki Sareak ezarritako katxeta onartuz, eta emanaldi bakoitzeko 350.000 pezetako (2.103,54 euro) diru laguntza mugarekin; zenbateko hori % 60 arte gehitu ahal izango da, antzerki lanak euskaraz antzezten diren kasuetan, beti ere guztizko zenbatekoak emanaldi bakoitzeko 400.000 (2.404,05 euro) pezeta gainditu gabe.

Aipatutako portzentaietan eta mugetan oinarriturik, eta Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak eragin horretarako xedatzen duen aurrekontuaren erabilgarritasunaren arabera beti ere, eman behar diren diru laguntzak udal eskatzaileen arabera bereziko dira, era honetan:

—10.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriei gutxienez ere 2 ikuskizunetarako diru laguntza emango zaie urtean.

—10.000 biztanle baino gehiagoko udalerriei gutxienez ere 5 ikuskizunetarako diru laguntza emango zaie.

Oinarri hauek argitaratu aurretik programatutako ikuskizunen kasuan, diru laguntza jasotzeko aukera emango zaie, baldin eta Euskadiko Antzoki Sareak eta deialdi honek ezarritako beharkizunak betetzen badituzte, beti ere.

4.3.   Diru laguntzak ordaintzea.

Diru laguntzak osorik eta kopuru bakarrean ordainduko dira, beti ere aldez aurretik dagozkion tramite administratiboak burutzen badira, laguntza ematen denetik aurrera, eta Udalak dokumentazio hau aurkeztu beharko du 2001eko urtarrilaren 31 baino lehenago:

—Gauzatutako ikuskizun eszenikoen programazioari buruzko txosten xehekatua, bai diruz lagundutakoena bai eta gainerako emanaldiena ere, argi azalduz ikusle kopurua, emanaldien egunak, orduak eta tokiak, sarreren salmentako orriak eta abar.

—Programazio osoaren gastu eta sarreren balantze orokorra.

—Diru laguntzaren helburu diren konpainiekin sinatutako kontratuen kopiak, aldez aurretik aurkeztu ez badira.

—Diru laguntzaren helburu den programazioari buruzko agiri grafikoak (esku egitarauak, kartelak, prentsako informazioa eta abar).

5.Onuradunen betebeharrak.

Diru laguntza hauen onuradun diren udalek beharkizun hauek bete behar dituzte:

—Diru laguntzaren helburu den programa benetan gauzatzea.

—Erakunde emaileak egingo dituen ikuskapen lanetara, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Arauei buruzko Foru Arauak 105. artikuluan agindutako finantzen kontrol lanetara eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko legeek ikusitako lanetara, meneratzea.

—Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari helburu berarekin beste edozein administrazio edo herri erakundetatik jasotako diru laguntzen edo bestelako laguntzen berri ematea.

—Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari diru laguntzaren helburu den programazioan izandako edozein aldaketaren berri ematea.

—Administrazioak eskatzen dion edozein informazio ematea.

6.Aldaketak.

Diru laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa gertatzeak, eta nolanahi ere, subentzio honekin batera beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako laguntzak jasotzeak diru laguntza emateari buruzko ebazpena aldatzea ekar lezake.

7.Diru laguntzaren muga.

Oinarri hauetan araututako diru laguntzen zenbatekoek ezingo dute inoiz onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoak izan, jardueraren ondorioz lortutako diru sarrerekin batera edo beste herri administrazio edo sozietate publiko edo pribatuek emandako diru laguntzekin batera hartuta.

8.Araututakoa ez betetzea.

Onuradunek jaso duten diru zenbatekoa itzuli eta, hala behar denean, berandutza interesak diru laguntza jaso denetik ordaindu beharko dituzte kasu hauetan:

—Jasotako diru kopurua zuritzeko beharkizuna betetzen ez dutenean.

—Diru laguntza eskuratzeko behar diren baldintzak betetzen ez dituztenean.

—Diruz lagundutako jardueraren xedea betetzen ez dutenean.

Halaber, aurreko oinarrian jasotakoa gertatuz gero, burututako jardueraren kostutik gorako soberakina itzuli beharko dute.

Onuradunek itzuli behar lituzketen diru zenbatekoak zuzenbide publikoko diru sarreratzat hartuko dira.

9.Aholkularitza.

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak, Liburutegietako eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuak zehazki, behar duten udal guztiei laguntza teknikoa edo aholkularitza eskainiko die ikuskizun eszenikoen programazioari buruz sortzen zaizkien zalantzak argitu edo aholku eskeei erantzuteko.

10.Publizitatea.

Diru laguntza eman ondoren, subentzionatutako jarduerei buruz egiten den publizitate guztian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren lankidetza agertu behar da, baita Euskadiko Antzoki Sareak bere kabuz proposatzen duenarena ere.

11.Interpretazioa.

Oinarri hauen interpretazioari buruz sor litekeen edozein zalantza Gipuzkoako Foru Aldundiak argituko du Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren bitartez.

II. Eranskina

Gipuzkoako udalei 2000. urtean euskal kantagintzako emanaldiak antolatzeko diru laguntzak emateko lehiaketa irekia arautzen duten oinarriak.

1.Xedea.

Deialdi honen xedea da Gipuzkoako udalei lehiaketa irekiaren bitartez diru laguntzak ematea, 2000. urtean euskal kantagintza hedatzeko urteko programa garatu dezaten.

Diru laguntzen xede izango dira euskara espresiobide bezala erabiltzen duten kantari, poesia errezitatzaile, interpretari eta musika taldeen emanaldiak.

Musika tresnen doinu hutsean oinarritutako emanaldiak eta berbenatzat har litezkeenak deialdi honetatik kanpo geratuko dira. Era berean, deialdi honetatik baztertzen da beste bitarteko batzuez edo Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentu honetako beste deialdi batzuez diru laguntza jasotzen duten ziklo edo jaialdietako programazioa.

2.Onuradunak.

Deialdi honetara biltzeko aukera, ondoren zehazten diren beharkizunak betetzen dituzten eta 1.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietako Gipuzkoako udalek nahiz, 3. oinarrian ezarritako baldintzetan, udalen elkarteek izango dute (deialdi honen ondorioetarako zuzenean jokatu ahal izango dute edo beraien menpeko organismoen bidez):

a)Emanaldiak izaera publikodunak izatea eta proposatutako programazioaren beharretarako egokiak diren eta indarreko legeek eskatutako segurtasun neurri guztiak betetzen dituzten areto itxietan gauzatzea; baita programatuko dituzten emanaldietarako erantzukizun zibileko aseguru bat edukitzea ere.

b)Parte hartuko duten konpainiak eta artistak kontratatzeko gastuei aurre egiteko behar adinako kontusaila edukitzea aurrekontuetan.

c)2000. urterako Euskal Kantagintzaren hedapen programa bat aurkeztea, hauek eduki behar dituena:

—10.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan: Oinarri hauetan zehazten diren baldintzak betetzen dituzten 2 emanaldi gutxienez programatzea.

—10.000 eta 25.000 biztanle bitarteko herrietan: Oinarri hauetan zehazten diren baldintzak betetzen dituzten 4 emanaldi gutxienez programatzea.

—25.000 biztanle baino gehiagoko herrietan: Oinarri hauetan zehazten diren baldintzak betetzen dituzten 6 emanaldi gutxienez programatzea.

3.Eskaerak aurkezteko epea.

Interesa duten udalek, udalen elkarteek edo organismo autonomiadunek dokumentu hauek bidali behar dituzte Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentura:

a)Eskaera orria behar bezala beteta.

b)Diru laguntzaren xede izanik, gutxienez 2000ko irailaren 30a baino lehen egin beharreko emanaldietako artista nahiz hauen ordezkariekin sinatutako kontratuen kopia.

c)Udalaren ziurtagiria, oinarri hauetako 2. puntuan kantaldiak egingo diren aretoari buruz aipatzen diren baldintzak betetzen direla ziurtatuz, eta aurrekontu sailaren berri emanez.

Udalen elkarteak direnean horietako batek eskatu beharko du elkartearen izenean eta bera izango da diru laguntzaren hartzailea.

Eskatzaileak aurkeztutako agiriak osatu gabe daudela edota oinarri hauek exijitutako beharkizunak betetzen ez dituztela egiaztatzen denean, interesatuari hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo behar diren agiriak ekar ditzala eskatuko zaio. Horrela egiten ez badu, bere eskaerari uko egin diola iritziko zaio, aurrez azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 42.1 artikuluan xedatutako eran idatzitako ebazpena emanik.

Eskaerak Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren bulegoetan jendearen eskura dagoen eredu normalizatuan egin behar dira eta, eskatutako gainerako agiriekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro bulego propio nahiz itunduetan aurkeztu, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 38.4 artikuluan xedatutako beste edozein bide baztertu gabe.

Diru laguntza deialdi honetan eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek onartzeko Foru Dekretua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2000ko irailaren 15ean amaituko da.

4.Diru laguntzak ematea, zenbatekoa eta ordainketa modua.

4.1.  Diru laguntzak ematea.

Diru laguntzak lehiakortasun printzipioan oinarritutako erregimenean emango dira. Horretarako, eskaerak aztertu eta ebaluatuko dituen epaimahaia izango da, kide hauek osaturik: Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia, Liburutegietako eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuko burua, eta Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko teknikari bat. Ondorenean, Epaimahaiak ebazpen proposamenak emango ditu eskaerei buruz eta organo eskudunari aurkeztuko dizkio, ebazpena eman dezan.

Ebazpen horretan, aldekoa balitz, onuradunen izenak, diru laguntzaren zenbatekoa, ordaintzeko era eta diruz lagundutako erakundeak bete behar dituen baldintzak azalduko dira. Interesaturikoei ebazpen ekintza jakinarazteaz gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean diru laguntza emandakoen izena eta kopuruen esleipen laburpena argitaratuko da.

4.2.  Zenbatekoa.

Diru laguntza ez da inoiz udalak, organismo autonomiadunak edo udalen elkarteak ordaindutako katxetaren % 50 baino handiagokoa izango.

Aipatutako portzentai horretan oinarriturik, eta Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak horretarako xedatzen duen aurrekontuaren erabilgarritasunaren arabera beti ere, eman behar diren diru laguntzak udal eskatzaileen arabera bereziko dira, era honetan:

—10.000 biztanle baino gutxiagoko adjudikazio hartzaileentzat, diru laguntzaren gehienezko muga 500.000 pezetakoa (3.005,06 euro) izango da.

—10.000 eta 25.000 biztanle bitarteko adjudikazio hartzaileentzat, diru laguntzaren gehienezko muga 1.000.000 pezetakoa (6.010,12 euro) izango da.

—25.000 biztanle baino gehiagoko adjudikazio hartzaileentzat, diru laguntzaren gehienezko muga 1.500.000 pezetakoa (9.015,18 euro) izango da.

Eskualde mailako jarduerak bultzatzeko asmoz, kopuru horiek %25 arte igo ahal izango dira udalen elkarte bat denean eskatzaile.

Oinarri hauek argitaratu aurretik programatutako ikuskizunen kasuan, diru laguntza jasotzeko aukera emango zaie, baldin eta deialdi honek ezarritako beharkizunak betetzen badituzte, beti ere.

4.3.  Diru laguntzak ordaintzea.

Diru laguntzak osorik eta kopuru bakarrean ordainduko dira, beti ere aldez aurretik dagozkion tramite administratiboak burutzen badira, laguntza ematen denetik aurrera, eta adjudikazio hartzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute 2001ko urtarrilaren 31 baino lehenago:

—Gauzatutako emanaldien programazioari buruzko txosten xehekatua, bai diruz lagundutakoena bai eta gainerako emanaldiena ere, argi azalduz ikusle kopurua, emanaldien egunak, orduak eta tokiak, sarreren salmentako orriak eta abar.

—Programazio osoaren gastu eta sarreren balantze orokorra.

—Diru laguntzaren helburu diren emanaldietako artista nahiz hauen ordezkariekin sinatutako kontratuen kopiak, aldez aurretik aurkeztu ez badira.

—Diru laguntzaren helburu den programazioari buruzko agiri grafikoak (esku egitarauak, kartelak, prentsako informazioa eta abar).

5.Onuradunen betebeharrak.

Diru laguntza hauen onuradunek beharkizun hauek bete behar dituzte:

—Diru laguntzaren helburu den programa benetan gauzatzea.

—Erakunde emaileak egingo dituen ikuskapen lanetara, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Arauei buruzko Foru Arauak 105. artikuluan agindutako finantzen kontrol lanetara eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko legeek ikusitako lanetara, meneratzea.

—Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari helburu berarekin beste edozein herri administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru laguntzen edo bestelako laguntzen berri ematea.

—Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari diru laguntzaren helburu den programazioan izandako edozein aldaketaren berri ematea.

—Administrazioak eskatzen dion edozein informazio ematea.

6.Aldaketak.

Diru laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa gertatzeak, eta nolanahi ere, subentzio honekin batera beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako laguntzak jasotzeak diru laguntza emateari buruzko ebazpena aldatzea ekar lezake.

7.Diru laguntzaren muga.

Oinarri hauetan araututako diru laguntzen zenbatekoek ezingo dute inoiz onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoak izan, jardueraren ondorioz lortutako diru sarrerekin batera edo beste herri administrazio edo sozietate publiko edo pribatuek emandako diru laguntzarekin batera hartuta.

8.Araututakoa ez betetzea.

Onuradunek jaso duten diru zenbatekoa itzuli eta, hala behar denean, berandutza interesak diru laguntza jaso denetik ordaindu beharko dituzte kasu hauetan:

—Jasotako diru kopurua zuritzeko beharkizuna betetzen ez dutenean.

—Diru laguntza eskuratzeko behar diren baldintzak bete gabe eskuratzen dutenean.

—Diruz lagundutako jardueraren xedea betetzen ez dutenean.

Halaber, aurreko oinarrian jasotakoa gertatuz gero, burututako jardueraren kostutik gorako soberakina itzuli beharko dute.

Onuradunek itzuli behar lituzketen diru zenbatekoak zuzenbide publikoko diru sarreratzat hartuko dira.

9.Aholkularitza.

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak, Liburutegietako eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuak zehazki, behar duten udal guztiei laguntza teknikoa edo aholkularitza eskainiko die programazioari buruz sortzen zaizkien zalantzak argitu edo aholku eskeei erantzuteko.

10.Publizitatea.

Diru laguntza eman ondoren, diruz lagundutako jarduerei buruz egiten den publizitate guztian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren lankidetza agertu behar da.

11.Interpretazioa.

Oinarri hauen interpretazioari buruz sor litekeen edozein zalantza Gipuzkoako Foru Aldundiak argituko du Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren bitartez.