Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

71. zenbakia Data 2000-04-12 5996 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
27/2000 Foru Dekretua, unibertsitate gaietako euskarazko liburutegia sortzeko laguntzei buruzkoa

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Martxoaren 28ko 27/2000 FORU DEKRETUA, unibertsitate gaien oinarrizko euskal liburutegia osatzeko diru laguntzen deialdia onesten duena.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2000ko aurrekontua onesten duen martxoaren 3ko 2/2000 Foru Arauak, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari dagozkion gastu kredituen artean unibertsitate gaien oinarrizko euskal liburutegia osatzeko diru laguntzak ematea barne hartzen du. Izan ere, euskarazko liburuak argitaratzen dituzten argitaletxeei laguntzeko bide orokorrak badituzte herri administrazioek, baina oro har laguntza bide horietan bazter gelditu ohi dira unibertsitate mailan zientzia eta jakitatearen zabalkundea egiteko xedea duten liburuak. Gainera, kontuan izatekoa da unibertsitate mailetan guztiz beharrezkoak direla, ikasliburu hutsez gain, zientzia eta jakitatearen zabalkunde orokorreko liburuak, nahiz orain-oraingoz liburu mota horrek merkatu txikia izan. Ondorioz, hutsune hori bete nahirik, euskal liburugintzaren esparru hori berariaz laguntzeko bidea ezarri nahi du deialdi honek.


Apirilaren 6ko 27/1993 Foru Dekretuak, subentzioak eta laguntzak emateko prozeduraren erregimen orokorra arautzen duena, 7.1 artikuluan agintzen duenarekin adostasunean, bidezkoa da behar den foru dekretua onartzea diru laguntzak eta gainerako laguntzak lehiakortasun, publizitate eta objetibotasunaren printzipioetan oinarrituta emateko arauekin.

Horren indarrez, eta Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, Diputatuen Kontseiluak aurrez erabakita data bereko bilkuran,

XEDATU DUT

Lehenengo artikulua.

Foru Dekretu honetako eranskin moduan doazen oinarriak onartzen dira, unibertsitate gaien oinarrizko euskal liburutegia osatzeko diru laguntzak emateko.

Bigarren artikulua.

Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapena.

Foru Dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean, eta deialdia ebazteko epea 6 hilabetekoa izango da azaroaren 26ko 30/1992 legeko 42.5 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.

Donostia, 2000ko martxoaren 28a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.

KULTURA, EUSKARA, GAZTERIA
ETA KIROL DEPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Luis M.ª Bandres Unanue. (3453)

ERANSKINA

Unibertsitate gaien oinarrizko euskal liburutegia osatzeko diru laguntzak emateko lehiaketa irekia arautzen duten oinarriak.

1.Xedea.

Deialdi honen xedea da 2000ko ekitaldian unibertsitate mailan zientzia eta jakintzaren zabalkundea egiteko helburua duten euskarazko liburuen edizio eta argitalpen gastuak konpentsatzeko diru laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2.Onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru laguntzak eskatzeko aukera izango dute beren egoitza sozial eta fiskala Gipuzkoako Lurralde Historikoan izanik, deialdi honen esparruaren barruan, euskarazko liburuak editatzen eta argitaratzen diharduten argitaletxeek, 3. oinarrian aipatzen diren betebeharren arabera.

3.Laguntzak eskatzeko bete beharrekoak.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten argitaletxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

A)  Juridiko-fiskalak.

—Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak. Pertsona fisikoa denean, nortasun agiria edo horren baliokidea. Pertsona juridikoa denean, dagokion erregistroan inskribatutako eraketa agiria edo, hala dagokionean, aldaketa agiria. Beste baten izenean eskatzen denean, ondorio horretarako behar adinako ahalordea.

—Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren fotokopia.

—Eskatzailea Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen egunean dagoela egiaztatzen duten egiaztagiriak.

—Eskatzailea aurten irekitako kontu korronte baten jabe dela egiaztatzen duen agiria, diruetxe batek emana.

B)  Enpresaren jarduerari buruzkoak.

—Enpresak 1999. urtean egindako jarduerei buruzko memoria laburra, bereziki liburu edo produktu mota bakoitzaz (maila guztietako euskal liburuak, ikus-entzunezko materialak) eginiko salmentak (pezetatan) aipatuz.

—Deialdi honi dagokion jarduerari egotzitako gastuen portzentaiazko estimazioa erakundearen jarduera orokorrarekiko erlazioan.

—Deialdi honi dagokion jarduera esparruan 2000ko ekitaldirako argitaletxeak duen egitasmoa. Egitasmo horretan zehazki azaldu behar dira alderdi hauek guztiak:

*  Aurten argitaratu dituen edo argitaratzekoak dituen liburuen zerrenda. Zerrenda horretan proiektuak lehentasunaren arabera ordenatuko dira zehazki, era horretan oinarri hauen 7. puntuan aipatzen den epaimahaiak diruz laguntzekoak diren liburuak hautatzeko irizpide garbia izan dezan.

*  Liburu bakoitzaren kostua, urrats guzti-guztiak kontuan izanda: Prestakuntza, itzulpena, zuzenketa, fotomekanika, inprimategia, zabalkundea, eta abar.

*  Begiz jotako salmenta, ale kopurua eta salmenta prezioa zehazturik.

*  Liburu bakoitza egin eta argitaratzeko orain arte jasotako diru laguntzak, edota jasotzeko hitz emanda dituenak.

C)  Diru laguntzaren eskaera orria.

Eskabideak aurkeztu beharreko ereduak Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko bulegoetan eskura daitezke.

D)  Eskaera orriarekin batera 2000an orain arte deialdi honi dagokion jarduera esparruan argitaratutako liburu bakoitzeko ale bana aurkeztuko da, halakorik balego; ale horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geldituko dira diru laguntza ematen bada, eta bestela interesatuari itzuliko zaizkio.

Baldin eskatzen diren agirietakoren bat administrazio jardulearen organoren batera ordurako iritsita badago, eskatzaileak erabil dezake 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 35. artikuluko f) paragrafoan agintzen duena, baina agiriak zein egun, organo edo bulegotan jaso edo nondik bidali diren adierazita, eta horien prozedura bukatu zela bost urte baino gehiago igaro ez bada.

Agiria eskuratu ezin denean, organo eskudunak eskatzaileari esan diezaioke berak aurkez dezala, edo agiri hori ezin bada, agirian dauden beharkizunak beste nolabait ziurta ditzala, ebazpen proposamena egin baino lehen.

Eskatzaileak aurkeztutako agiriak osatu gabe daudela edota oinarri hauek exijitutako beharkizunak betetzen ez dituztela egiaztatzen denean, interesatuari hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo behar diren agiriak ekar ditzala eskatuko zaio. Horrela egiten ez badu, bere eskaerari uko egin diola iritziko zaio, aurrez azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 42.1 artikuluan xedatutako eran idatzitako ebazpena emanik.

4.Eskaerak aurkeztea.

Eskabideak eta beharrezko agiri guztiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro bulego propio nahiz itunduetan aurkeztu beharko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 38.4 artikuluan xedatutako beste edozein bide baztertu gabe.

Diru laguntza deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek onartzeko Foru Dekretua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2000ko maiatzaren 22an amaituko da.

5.Baztertzeak.

Diru laguntza hauetaz kanpo daude ondorengo ezaugarrietakoren bat duten liburuak:

a)Ikasliburuak, maila guztietakoak direla ere (lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergoa eta unibertsitatea), eta orobat ikasgai jakin bati estuki lotuak diren testuliburuak.

b)Liburuzaleen liburuak.

c)Ente publikoek edo horiek finantzatzen dituzten entitateek argitaratutako liburuak.

d)Banketxe edo aurrezki kutxek argitaratutakoak.

e)Dohain banatzen direnak.

f)Liburu klub edo antzekoek beren bazkideentzat baino argitaratzen ez dituztenak.

g)Epeka saltzen diren liburuak.

h)Entziklopediak eta hiztegiak.

i)Eguneratu edota handitu ez diren berrargitarapenak.

j)Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko beste deialdietan leku hobea duten liburuak.

6.Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusita dauden laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berarekin emandako laguntzekin, beti ere 12. oinarrian adierazitako mugen barruan.

7.Ebaluazioa eta laguntzak ematea.

Diru laguntzak lehiakortasun printzipioan oinarritutako erregimenean emango dira. Horretarako, eskabideak aztertu eta ebaluatuko dituen epaimahaia izango da, kide hauek osaturik: Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak izendatutako teknikari bat, irakaskuntzaren alorreko aditu bat, Euskararen Normalkuntza eta Sustapeneko atalburua eta Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko teknikari bat. Horren ondoren, epaimahaiak esleipendunen, liburuen eta diru kopuruen proposamena aurkeztuko dio Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko organo eskudunari. Ebazpenean xehetasun horiek guztiak ere adieraziko dira. Interesaturikoei ebazpena jakinarazteaz gain, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean diru laguntza emandakoen izena eta kopuruen esleipen laburpena argitaratuko da.

Diru laguntza emateko eta zenbatekoa erabakitzeko alderdi hauek baloratuko dira:

a)Erakunde eskatzaileak deialdi honen jarduera esparruan aurrez erakutsitako bidea, jarraitasuna eta dedikazioa.; 15 puntu bitarte.

b)Orain arte argitaratutako liburuen maila zientziaren eta jakintzaren hedakuntza eta dibulgazioari dagokionez; 20 puntu bitarte.

c)2000ko egitasmoan erakunde eskatzaileak aurkeztu dituen liburuen gizarte eta kultur interesa, deialdi honen ikuspegiaren ikuspuntutik begiratuta; 50 puntu bitarte.

d)Aurkeztutako liburuek euskararen hedapenaren eta erabilera zuzenaren ikuspuntutik duten interesa; 10 puntu bitarte.

e)Argitaletxe eskatzaileak deialdi honen jarduera esparruan luzaroari begira daukan proiektu osoaren kultur eraginaren balorazioa; 5 puntu bitarte.

Irizpide horien arabera, 50 puntu baino gehiagoko balorazioa lortzen duten liburuek epaimahaiaren proposamena osatuko dute. Diruz laguntzeko hautatutako liburu guztiek 400.000 pezetako (2.404,05 euro) gutxieneko laguntza izango dute, eta hortik aurrera diru laguntza gehitu ahal izango da proiektu bakoitzak aipatutako balorazio irizpideez duen egokitasun mailaren arabera, beti ere deialdi honetako 12. puntuan adierazitako mugaren barnean. Zernahi dela ere, emandako diru laguntza ez da inoiz liburuaren begiz jotako argitalpen kostuaren %80 baino handiagoa izango.

Laguntza hauek lehiakortasun sistemaren barruan emango dira. Ondorioz, diru laguntzarako xedatutako gehienezko muga aintzat harturik, eta ezarritako balorazio irizpideetan oinarriturik, diruz lagundutako liburuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzeko moduko onuradun kopurua hautatuko da.

Aurkeztutako eskaera guztiei buruz berariazko ebazpena emateko organo eskudunak daukan derrigortasunaren kalterik gabe, ebazpena emateko epea amaitzen denean organo eskudunak berariazko ebazpenik emango ez balu, eskaera ezetsitzat joko litzateke, aipatutako legeak 44. artikuluan ezarritako isiltasun administratiboa medio.

8.Diru laguntza ordaintzea.

Diru laguntza behar diren administrazio tramite guztiak egin ondoren ordainduko da, diruz lagundutako liburua argitaratua dela egiaztaturik. Egiaztapen hori egiteko gehienezko epea 2001eko martxoaren 1ean amaituko da.

9.Onuradunaren beharkizunak.

Onuradunak beharkizun hauek izango ditu:

—Diru laguntza emateko oinarri den ekintza burutzea, hau da, proposatutako liburuak argitaratzea.

—Diruz lagundutako jarduerak sortutako gastuak agiri bidez zuritzea.

—Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak egingo dituen ikuskapen lanetara, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Arauei buruzko Foru Arauak 105. artikuluan agindutako finantzen kontrol lanetara eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko legeek ikusitako lanetara meneratzea.

—Estatuko nahiz estatuz kanpoko edozein herri administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu berarekin emandako diru laguntzen berri ematea Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari.

10.Publizitatea.

Diru laguntza eman ondoren 2000ko egitasmoan sarturik dauden liburuak argitaratzen badira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesa aitortu beharko da. Aitorpen hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren irudi korporatiboak ezarritako elementuak baliatuz egin beharko da ezinbestean.

11.Aldaketak.

Diru laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa gertatzeak, eta nolanahi ere, diru laguntza honekin batera beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru laguntzak jasotzeak diru laguntza emateari buruzko ebazpena aldatzea ekar lezake.

12.Diru laguntzaren muga.

Oinarri hauetan araututako diru laguntzen zenbatekoak ezin izango dira estatuko edo estatutik kanpoko beste herri administrazioen edo erakunde publiko nahiz pribatuen diru laguntzekin batera, onuradunak aurrera eraman beharreko jardueraren kostua baino handiagokoak izan.

13.Araututakoa ez betetzea.

Onuradunek jaso duten diru zenbatekoa itzuli eta, hala behar denean, diru laguntza jaso denetik berandutza interesak ordaindu beharko dituzte kasu hauetan:

a)Jasotako diru kopurua zuritzeko beharkizuna betetzen ez dutenean.

b)Diru laguntza eskuratzeko behar diren baldintzak betetzen ez dituztenean.

c)Diruz lagundutako jardueraren xedea betetzen ez dutenean.

Halaber, aurreko oinarrian jasotakoa gertatuz gero, onuradunak burutu duen jardueraren kostutik gorako soberakina itzuli beharko du.

Onuradunek itzuli behar lituzketen diru zenbatekoak zuzenbide publikoko diru sarreratzat hartuko dira.

14.Interpretazioa.

Oinarri hauen interpretazioari buruz sor litekeen edozein zalantza Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuak argituko du.

15.Aurrekontua, programa eta partida.

Deialdi hau burutzeko hasiera batean xedatutako kopuruak aurrekontu erabileren arabera aldatu ahal izango dira, kredituen lotespen nahiz transferentzien erregimena erregulatzen duen araudiaren arabera, eta 0720.200.47000.02.00 aurrekontu sailari egotziko zaizkio 5.000.000 pezetako (30.050,61 euro) zenbatekoz.