Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

58. zenbakia Data 2000-03-24 4827 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
Martxoaren 14ko 18/2000 Foru Dekretua, pentsioak eta subsidioak jasotzen dituztenentzat banakako laguntzak ezartzen dituena

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

18/2000 FORU DEKRETUA, martxoaren 14koa, pentsioak eta subsidioak jasotzen dituztenentzat banakako dirulaguntzak ezartzen dituena.

Euskal Herriko Autonomi Estatutuak gizarte laguntza arloko eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomi Erkidegoari, eta berariaz agintzen die euskal botere publikoei politika bat bultza dezaten, beren eskumenaren eremuan, herritarren bizi baldintzak hobetzera eta gizarte ongizatea garatzera bideratua.

Eusko Legebiltzarraren 1996ko urriaren 18ko 5/1996 Legeak, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak, berariazko eskumenak ematen dizkie foru organoei gizarte zerbitzuen arloan. Hala, alde batetik, gizarte zerbitzuen sistemako prestazio orokorren barruan, gizarteratze neurriak ezartzen ditu, lehentasuna emanez bazterketa arrazoiei aurrea hartzeari eta arrazoi horiek desagerrarazteari, arriskuan dauden pertsonei eta gizarte taldeei egokitutako programen bitartez, eta prestazio ekonomikoak ezartzeko aukera emanez; eta beste aldetik, foru organoei agintzen die behar diren diru kopuruak jar ditzaten beren aurrekontuetan, aipatutako eskumenak erabiltzetik datozen gastuak finantzatzeko.

Eztabaidaezina da Gipuzkoako Lurralde Historikoan badaudela pertsona edo familia batzuk, pentsioak nahiz subsidioak jaso arren, bizitzeko gutxienera iristen ez direnak.

Errealitate hori kontuan eta aintzat hartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2000. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu dituztenean.

Aurrekontuetako IV. Kapituluan onartutako gastu kredituen artean daude kolektibo berezi horren egoera zaila neurri batean arintzeko helburua dutenak, hain zuzen ere, pentsio eta subsidio hauek jasotzen dituzten onuradunek osatutako kolektiboarena: Kotizatu Gabekoen Baliaezintasun eta Erretiro Pentsioak; Gizarte Ongizateko Fondoko Zahartzaro eta Ezintasun Pentsioak; eta Gutxieneko Sarrerak Bermatzeko Subsidioa, Minusbaliatuak Gizarteratzeko Legeak arautua.

Horregatik, aurreikuspenak gauzatu eta aplikatu egin behar dira, alegia, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2000. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 2000ko martxoaren 3ko 2/2000 Foru Arauko aurreikuspenak, aipatutako kolektiboa osatzen duten pertsonentzat banakako dirulaguntzak ezarriz, hain zuzen ere.

Dirulaguntza horien helburua ez da jasotzen ari diren prestazioak osatzea, baizik eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko gizarte laguntza bultzatzea, pertsona horiei diru sarrera maila jakin batzuk bermatuz.

Hori dela eta, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzko 1984ko maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak 5. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2000. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 2000ko martxoaren 3ko 2/2000 Foru Arauak 22.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, Gizartekintza Departamentuko diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko batzarraldian eztabaidatu ondoren, honako hau,

XEDATZEN DUT

1. artikulua.  Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Gipuzkoako 2000. urteko Aurrekontu Orokorrek gizarte laguntza arloan dauzkaten gastu kredituak gauzatzea, 2. artikuluan aipatzen diren onuradunei Gipuzkoako lurralde eremuan gutxieneko diru sarrera maila jakin bat bermatuko dieten banakako dirulaguntzak ezarriz.

2. artikulua.  Onuradunak.

Honako pentsio edo subsidio hauek osorik nahiz zatika jasotzen dituztenak izango dira banakako dirulaguntzaren onuradunak: Kotizatu Gabekoen Baliaezintasun eta Erretiro Pentsioak; Gizarte Ongizateko Fondoko Zahartzaro eta Ezintasun Pentsioak; eta Gutxieneko Sarrerak Bermatzeko Subsidioa, Minusbaliatuak Gizarteratzeko Legeak arautua. Hala ere, baldintza hauek bete behar dituzte: Jasotzeko eskubidea duten edozein pentsio edo laguntza osagarriri uko ez egina, eta Eusko Jaurlaritzaren 1999ko apirilaren 20ko 198/1999 Dekretuaren bidez araututako Gizarteratzeko Gutxieneko Sarrera jasotzen duen bizikidetzako unitate independente bateko kide ez izatea.

3. artikulua.  Zenbatekoa.

Banakako dirulaguntzak zenbateko hau edukiko du:

A)Kotizatu Gabekoen Pentsioa jasotzen dutenek 8.540 pezetako dirulaguntza bana jasoko dute hilero (51,33 euro), eta 14 paga izango dituzte urtean.

B)Gizarte Ongizateko Fondoko Zahartzaro eta Ezintasun Pentsioa, edota, Minusbaliatuak Gizarteratzeko Legeak araututako Gutxieneko Sarrerak Bermatzeko Subsidioa jasotzen dutenek, berriz, 23.865 pezetako dirulaguntza bana jasoko dute hilero (143,43 euro), eta 14 paga izango dituzte urtean.

4. artikulua.  Dirulaguntza ematea eta ordaintzea.

1.Aurreko 2. artikuluan aipatutako onuradun izaera daukatenean bakarrik aitortuko dira banakako dirulaguntzak.

2.Banakako dirulaguntzak ofizioz aitortuko dira. Horretarako, Gizartekintza Departamentuko Komunitate eta Gizarte Ekintzaren zuzendariak ebazpenak emango ditu hileko dirulaguntzak emateko eta haiek ordaintzeko.

3.Onuradunek pentsioak eta subsidioak ordaintzeko adierazita dauzkaten kontuetan sartuko dira dirulaguntzen zenbatekoak ere.

5. artikulua.  Jasotako zenbatekoak itzultzea.

Jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dituzte onuradun izaera galtzen duten une beretik.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Banakako dirulaguntzak finantzatzeko, aurrekontuetako kontusail hauek erabiliko dira:

1.0910.100.480.00.03: 473.843.000 pta. (2.847.853,79 euro).

1.09.20.210.480.00.05: 481.254.000 pta. (2.892.394,79 euro).

AMAIERAKO XEDAPENA

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta 2000ko urtarrilaren 1erako atzeraeragina izango du.

Donostia, 2000ko martxoaren 14a.

DIPUTATU NAGUSIA,
Roman Sudupe Olaizola.

GIZARTEKINTZA
D
EPARTAMENTUKO
F
ORU DIPUTATUA,
Máximo Goikoetxea Ferreiro. (2687)