| 43. zenbakia | Data 2000-03-03 | 3149 orria |
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
OGASUN ETA FINANTZA DEPARTAMENTUA
Otsailaren 22ko 122/2000 FORU AGINDUA, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren 840 eta 841 ereduak aldatzen dituena.
Ohar komun bat erantsi zaio apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretu Arauemailearen I. eranskinean jasotako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifen lehen sekzioari, abenduaren 27ko 4/1999 Foru Arauak, Gipuzkoako zerga neurriei buruzkoak, 10. artikuluaren bi apartatuan jasotakoaren arabera.
Aldaketa hori dela medio, kuotaren 100eko 50erainoko hobaria eman daiteke, lehen 5 urteen barruan, edozein jarduera enpresariala hasi eta gutxieneko udal kuotan zerga ordaintzen dutenei.
Gaur arte, hobari hori 1/1993 Foru Dekretu Arauemaileak I. eranskinean jasotako Zergaren tarifen bigarren sekzioan sartuta dauden jarduera profesionaletako bat hasi dutenei eman zaie bakarrik. Gauzak horrela, aldaketa hori jasotzen duten eredu berriak onartu behar dira: 840 aitorpen eredua; eta 841 eredua, jarduera ekonomikoari zeharka lotutako lokalari buruzkoa.
Ogasun eta Finantza Departamentuaren foru aginduaren bitartez onartuko dira aipatu zergaren aitorpen ereduak, azaroaren 19ko 80/1991 Foru Dekretuak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren kudeaketari buruzko alderdi batzuk arautzen dituenak, 3.2 artikuluan jasotzen duenez.
Gauzak horrela, hau
XEDATU DUT
1. artikulua. 840 eta 841 eredu berriak onartzea.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren inprimaki eredu hauek onartu dira:
a) 840 eredua. Jarduera ekonomikoen aitorpena.
Eredu hori jarduera ekonomikoak hasi edo amaitzen direnean aurkeztu beharko da, bai eta jarduera horietan aritzean zerga alorrean garrantzia duten aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoak daudenean ere.
b) 841 eredua. Jarduera ekonomikoari zeharka lotutako lokalaren aitorpena.
Jarduerari zeharka atxikitako lokal baten matrikulazioan alta edo baja ematen denean aurkeztu beharko da eredu hori, bai eta lokal horri buruzko datuak aldatzen direnean ere.
Foru Aginduaren I. eta II eranskinetan ageri dira, hurrenez hurren, aipatu ereduak.
2. artikulua. Aurkezteko epea.
Bat. Alta aitorpenak jardueran hasi aurreko lehen hamar egunen barruan aurkeztuko dira.
Bi. Aldaketa eta baja aitorpenak hilabeteko epean aurkeztuko dira, jardueraren aldaketa edo amaiera gertatu denetik aurrera.
3. artikulua. Aurkezteko tokia.
Bat. Alta aitorpenak Udal Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko Jarduera Ekonomikoen Atalean edo zerga bulegoetan aurkez daitezke.
Bi. Aldaketa eta baja aitorpenak Udal Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Atalean aurkez daitezke, bai eta zerga bulegoetan eta udaletan ere.
Xedapen indargabetzailea.
Ondorengo foru aginduak Indarrik gabe geratuko dira.
—Maiatzaren 8ko 393/1998 Foru Agindua, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren 840 eredu berria onartzea.
—Abenduaren 9ko 1.041/1998 Foru Agindua, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren 841 eredu berria onartzekoa.
Amaierako xedapena.
Foru agindu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.
Donostia, 2000ko otsailaren 22a.—Antton Marquet Artola, Ogasun eta Finantza Departamentuko Foru Diputatua.
(2290) (1746)