| 28. zenbakia | Data 2000-02-11 | 1762 orria |
Otsailaren 1eko 4/2000 Foru Dekretua, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren egitura organiko eta funtzionalari buruzkoa.
Uztailaren 21eko 67/19999 eta uztailaren 27ko 72/1999 Foru Dekretuek Gipuzkoako Foru Aldundiaren departamentu egitura ezarri zuten, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuari ondoko eginkizunak eta lan arloak emanez:
a)Diputatuen Kontseiluko idazkaritza.
b)Ondare historiko-artistikoa kudeatu eta babestea.
c)Museoak, liburutegiak eta artxiboak.
d)Arte eta kultur jarduerak sustatu, lagundu eta hedatzea.
e)Euskara.
f)Gazteria eta garapen komunitarioa.
g)Gazte egoitzak eta aterpetxeak.
h)Eskolako kirola eta guztiontzako kirola.
i)Kirol ekipamenduaren sustapena eta arrazionalizazioa.
j)Lurraldeko federazioak eta kirol elkarteak.
k)Arautegi erabilgarriak ematen dizkion gainerako eginkizunak.
Aurreko egoera aldatu egin da departamentu berean jarri direlako lehen zeuden Gazteria eta Kirol Departamentua eta Kultura eta Euskara Departamentua. Bananduta zeudenean bi departamentu horietan, zuzendari nagusiek deskontzentrazio erregimenean zituzten eskumenak gorde egiten dituzte. Adierazi behar da, era berean, Departamentuko Kontratazio Mahaia eratu dela eta Departamentuko idazkari teknikoa izendatu dutela Departamentuko eskumenen barruko zehapen espedienteen instruktore.
Bestalde, foru dekretu honetan Eskola Kiroleko Lurralde Kontseiluaren sorrera jasotzen da, izan ere aholkua emateko organo hori martxoaren 31ko 39/1998 Foru Dekretuaz sortua eta arautua da. Kontseilu horretan Gipuzkoako kirol sistemaren barruan lanean ari diren agenteen ordezkariek hartzen dute parte.
Horren indarrez, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, eta aldez aurretik Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu ondoren,
ERABAKI DUT
I. KAPITULUA
KULTURA, EUSKARA, GAZTERIA ETA KIROL DEPARTAMENTUA
1. artikulua. Eginkizunak eta lan arloak.
Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren eginkizunak eta lan arloak uztailaren 21eko 67/1999 Foru Dekretuko 11. artikuluan jasotakoak dira, eta era berean lan arlo horiei buruzko lege sektorialetan azaltzen direnak ere. Eginkizun horiei datxekizkien eskumenak jarraitu behar den arautegian adierazitakoaren arabera erabiliko dira.
2. artikulua. Egitura organikoa.
1. Dituen eginkizunak betetzeko, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentua ondoko era honetan egituratzen da:
—Kultura Zuzendaritza Nagusia.
*Liburutegiko eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzua.
*Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzua.
*Arteleku.
—Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusia.
*Euskararen Normalkuntza eta Sustapen Unitatea.
*Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusia.
*Gazteria Zerbitzua.
*Kirol Zerbitzua.
—Idazkaritza Teknikoa.
2. Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren barruan sartzen da, aholku organo gisa, Eskola Kiroleko Lurralde Kontseilua.
3. artikulua. Foru diputatua.
Diputatuen Kontseiluko kide gisa eta Kontseiluko idazkari gisa dituen eginkizunez gain, Departamentuko foru diputatuari dagokio, bertako titularra eta hierarkikoki goi organoa denez, Departamentuko unitate organiko guztiak zuzendu, kontrolatu eta antolatzea, maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Dekretuak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 27. artikuluan ezartzen duen bezala.
4. artikulua. Zuzendari nagusiak.
1. Zuzendari nagusiak zuzendaritzetako titularrak dira, horrela hango buruzagitza eta erantzukizuna bere gain dutelarik. Ondoko eginkizun hauek dituzte bere gain oro har:
a)Zuzendaritzako zerbitzu eta unitateen ordezkaritza eta goi zuzendaritza eta koordinazioa.
b)Departamentuko diputatuak ezarritako politikak aurrera eramatea eta kudeaketa helburuak betetzea.
c)Zuzendaritzako zerbitzu eta unitateen lana bultzatu, kontrolatu eta koordinatzea, haien kudeaketa planak eta helburuak aurrez onartuta.
d)Departamentuaren ordezkaritza protokolarioa betetzea, foru diputatua ez dagoenean eta dituen eskumenen eremuaren barruan.
e)Foru diputatuak eskuordetzan ematen dizkien eginkizunak betetzea, hain zuzen ere maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 43.3 artikuluan erabakitakoaren babesean.
2. Helburu horiek betetzeko, zuzendari nagusiek, deskontzentrazio arauei jarraituz, ondoko hauek ebazteko ahalmen eta eskumenak eduki eta erabiliko dituzte:
a) Beste erakunde publiko edo pribatuentzako laguntzak, subentzioak eta bestelako transferentziak:
—Bi milioi pezetatik beherako laguntzak eta subentzioak eman eta ordaintzea.
—Hitzarmen, akordio edo egintza administratiboen bidez baimendutako edozein zenbatekotako gastuak ordaintzea.
b)Kontratazio arloan:
—Eskaintzak eskatzea, kontratatzeko espedienteak onartzea eta gastua baimentzea eta, horrela bada, kontratuak aldatzea, herri administrazioen kontratu arauen araberako kontratu txikiak deiturikoak direnean.
—Obra ziurtapenak eta kontratu administratiboetako beste ordainketa batzuk onartu eta ordaintzea.
—Bermeak kitatu eta itzultzea.
c) Bestelako gaietan:
—Gastua baimendu eta erabakitzea, bi milioi pezeta gainditzen ez baditu.
—Aldez aurretik baimendutako gastuak ordaintzea.
3. Deskontzentrazioaren bidez emandako eskumenak erabiltzen ari direla, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko zuzendari nagusiek emandako ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Departamentuko foru diputatuari.
4. Zuzendari nagusiek, gainera, ondoko hauek egingo dituzte:
—Mezenas eta babesleen arloan: Denen intereseko jardueretan pertsona pribatuen parte hartzea bultzatzea, martxoaren 24ko 5/1994 Foru Arauak, denen intereseko jardueretan pertsona pribatuen parte hartzea sustatzeko zerga pizgarriei buruzkoak, dioenari jarraituz.
—Europako kultur eremua deritzonari dagokionez: Gipuzkoaren nortasunaren eta kultur ondarearen proiekzioa sustatzea Europako kultur eremuan.
5. artikulua. Zerbitzuburuak.
1. Zerbitzuburuen eginkizuna, zerbitzuetako buruzagitza dutenez, zerbitzuan egin beharreko egintza nagusiak aztertu eta proposatzea da, beren goikoek emandako aginduei jarraituz.
Zerbitzuburuek, herri kudeatzaile gisa eta erakundeak eta departamentuak jarrita dauzkaten helburuen barruan dituzten erantzukizunak gogoan izanik, beren lan eremuan antolakuntza aldatzeko prozesua gidatu eta sustatu behar dute, proiektu eta politikak ikuspegi estrategikoaz aurrera eraman eta antolakuntza nahiz giza baliabideak ahalik eta ondoen erabili, kudeaketa eraginkor eta bizkorragoa izan dadin behar diren sistema eta teknikak erabiliz.
2. Zehazki, zerbitzuburuei dagokie:
a) Beren zerbitzuetako kudeaketa planak egitea, beren arloei emandako helburuak bereganatu eta lortzeko egin behar diren egintzak eginez.
b) Beren menpekoei helburuen berri ematea eta funtzionalki egituratzea, helburu horiek ahalik eta ondoren lor daitezen.
c) Beren taldeen lana zuzendu, plangintza egin, antolatu eta koordinatzea.
d) Langile bakoitzaren eta taldearen lana gainbegiratzea, eta zerbitzuko barne erregimena betetzen dela zaintzea.
e)Diputatuak eta zuzendariek, eskuordetzan edo indarrean dauden arau eta xedapenei jarraituz, ematen dizkieten eginkizunak betetzea.
II. KAPITULUA
KULTURA ZUZENDARITZA NAGUSIA
6. artikulua. Kultura Zuzendaritza Nagusia.
Kultura Zuzendaritza Nagusia ondoko zerbitzu eta unitateetan dago egituratuta:
—Liburutegiko eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzua.
—Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzua.
—Arteleku.
7. artikulua. Liburutegiko eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzua.
Liburutegiko eta Kulturaren Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzuaren eginkizunak honako hauek dira:
a) Kulturaren egungo erronkei buruzko hausnarketa eta eztabaida programak sorrarazi eta bultzatzea, Koldo Mitxelena Kulturunearen azpiegiturak eskaintzen duen aukera baliatuz.
b) Gipuzkoako Foru Aldundiko Liburutegia, han dauden fondo bibliografiakoak eta lehendik dauden eta etorkizunean sor daitezkeen bildumak, bakoitza bere euskarrian, antolatu, kudeatu eta bultzatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiko gainerako liburutegi espezializatuekin eta lurraldeko gainerako liburutegiekin koordinaturik.
c) Elkarteak kultura garatzeko bitarteko gisa bultzatu eta sustatzea, baita kultur izaerako erakunde eta entitateen ekimenak ere, jardunaldiak, ekitaldiak eta bestelako ekintzak antolatzen lagunduz. Emakumezkoentzako Egintza Positiboko III. Plana gauzatzen laguntzea, Departamentuak duen eskumenaren barruan.
d) Gipuzkoan gauzatzen diren arte plastiko, dantza, antzerki, musika, ikusentzuneko adierazpen, aintzinako kultura, liburuaren eta gainerako euskarri bibliografikoen hedapenarekin zerikusia duten jarduerak sustatu, zabaldu eta laguntzea.
e) Gaur egungo arte plastikoko eta ikusentzuneko lanak zabaltzea erakusketen bidez, gipuzkoarrei arte mota horietara hurbiltzeko aukera emanez.
f) Gipuzkoako lurralde historikoko kultur ekipamenduari buruzko gaiak sustatu eta aholkua ematea.
8. artikulua. Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzua.
Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzuaren eginkizunak honako hauek dira:
a) Euskal herriaren kultur ondarea defendatu, babestu, zabaldu eta sustatzea, Euskal Kultur Ondarearen Legeak eta hori garatzen duten xedapen arautzaileek adierazitako moduan kultur ondarearen osotasuna zainduz.
b) Gipuzkoako Lurralde Historikoaren titularitateko artxibo historikoak eta museoak zaindu, bultzatu eta zabaltzea.
c) Gipuzkoako kultur ondasunak berritu eta birgaitzeko programak prestatu eta gauzatzea eta aztarnategi arkeologikoetan hondeaketa lanak egitea eta iraunaraztea.
d) Ondare historiko, etnografiko, arkeologiko eta dokumentala sustatu eta haren zaharberrikuntza, ikerketa, ezagupena eta hedapena bultzatzea, artxibo interesgarriak bultzatzea, museo eta artxibo berrien sorkuntza sustatzea eta egun daudenetan ikerketa landu dadin bultzatzea.
e) Euskal kultur ondarea artatu, zaindu, zaharberritu eta birgaitzeko lanak eta esku hartzeak Gipuzkoako lurralde historikoan egin daitezen sustatzea, lanok ikuskatzea eta horiei buruzko aholkularitza eskaintzea.
f) Ondare historiko-artistiko higiezina birgaitzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren monumentu ondarea osatzen duten eraikin publikoak erosterakoan, besterentzerakoan eta artatu, zaindu eta birgaitze lanetan aholkua, babesa eta laguntza teknikoa eskaintzea.
g) Lehendakaritza Departamentuarekin batera artxibo administratiboak antolatzeko jarraibideak eta egiturak prestatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko artxibo sistema ezartze aldera.
h) Lehendakaritza Departamentuarekin batera, gorde beharreko dokumentazioa aukeratzen, dokumentu tipologia bateratzen eta dokumentazio administratiboetako informazioa orraztu, eskualdatu eta komunikatzeko prozedurak diseinatzen partehartzea.
i) Dokumentazioa Ebaluatu eta Hautatzeko Foru Batzordean parte hartzea.
9. artikulua. Arteleku.
Artelekuren eginkizunak honako hauek izango dira:
a) Artearen alderdi teoriko eta praktikoaren garapena bultzatu eta laguntzea.
b) Artearen munduarekin zerikusia duten pertsonei, beren berezitasuna edozein delarik ere, Artelekura gerturatzeko aukera ematea, Gipuzkoako kultur munduan garapen dinamikoa eta sormenekoa eraginez.
c) Artea sortzeko bitartekoak, lekuak eta moduak arrazionalizatzea.
d) Prestakuntzako jarduerak egitea, ikastaro monografikoak, mintegiak, hitzaldiak, eta interesgarri izan daitekeen beste edozein jarduera antolatuz.
e) Arteleku nazio eta nazioarteko sormenaren zentro interesgarri bihurtzea, arte munduko profesionalen arteko eta antzeko helburuak dituzten beste zentro eta erakundeen arteko komunikazioak eta elkartrukeak sustatuz.
III. KAPITULUA
EUSKARAREN NORMALKUNTZAKO ZUZENDARITZA NAGUSIA
10. artikulua. Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusia.
1. Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak eta eginkizunak honako hauek izango dira:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari legez gainerako herri administrazioekin euskararen normalkuntza eta sustapenarekin zerikusia duten ekintzetan sakondu, sendotu eta lankidetza eskaintzea.
b) Lehendakaritza Departamentuarekin batera, lanpostuen hizkuntz eskakizunak finkatzeko plana, langileen hizkuntz prestakuntzako plana eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren administrazio gaietan euskararen erabilerarekin zerikusia duten gainerako jarduerak planifikatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.
c) Elkarteak, kultura garatzeko bitarteko diren heinean, sustatzea eta kultur izaerako erakunde eta elkarteen ekimenak bultzatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuekin bat datozen jaialdi, ekitaldi eta gainerako ekintza eta emanaldiak antolatzen lagunduz.
2. Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusiaren menpe egongo da:
—Euskararen Normalkuntza eta Sustapen Unitatea.
11. artikulua. Euskararen Normalkuntza eta Sustapen Unitatea.
Euskararen Normalkuntza eta Sustapen Unitatearen eginkizunak honako hauek izango dira:
—Euskararen normalkuntzaren alorrean:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiko itzulpen politika zehaztu eta gauzatzea eta instituzio mailan euskararen erabilerari buruzko irizpideak bateratzea eta Foru Aldundian bertan euskara ondo erabiltzeaz arduratzea.
b) Departamentuek eskatutako dokumentuak gazteleratik euskarara eta alderantziz itzultzea, itzulpen lanak koordinatuz.
—Euskararen sustapenaren alorrean:
a) Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea eta, halaber, legea garatu, osatu edo ordezten duen araudia betetzeaz eta betearazteaz arduratzea.
b) Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen hizkuntz eskakizunen plana eta hizkuntz prestakuntza eta trebakuntza plana, eta, orobat, haien zeregin administratiboetan euskararen erabileraren sustapena prestatu, gauzatu, eguneratu, jarraipena egin eta kontrolatzeko proposamenak, ikerketak eta ekintzak egitea.
IV. KAPITULUA
GAZTERIA ETA KIROL ZUZENDARITZA NAGUSIA
12. artikulua. Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusia.
1. Gazteria eta Kirol Zuzendaritza Nagusia ondoko zerbitzu hauetan egituratzen da:
—Gazteria Zerbitzua.
—Kirol Zerbitzua.
2. Foru dekretu honetako 4.2 artikuluan jasotako ahalmen eta eskumenez gain, Gazteriako eta Kiroletako zuzendari nagusiak, deskontzentrazio erregimenean, ondoko eskumen hauek ere izango ditu:
a) Eskolako kiroleko urteko programetan sartzen ez diren eskoletako kirol jarduerak antolatzeko eta benjamin, alebin eta infantilen mailetan federazioen lizentziak emateko baimenak eman edo ukatzea, gaia erregulatzen duen araudiari jarraituz.
b) Kirol gaietako zehapen ahalmena erabiltzea ekainaren 11ko 14/1998 Legeak, Euskal Herriko Kirolarenak, ezarritakoaren arabera, lege hauste arinak direnean.
13. artikulua. Gazteria Zerbitzua.
Gazteria Zerbitzuak ondoko eginkizun hauek ditu:
a) Gizarte agenteekin batera egintzak egitea, gaztetxoak hezi eta heldutasunera jokamolde aktiboan, osasungarrian, parte hartzaile eta elkartasunekoaren bidez iritsi daitezen.
b) Gipuzkoako ume eta gazteentzat zuzendutako gizarte, heziketa eta kultur zerbitzu eta ekipamenduen sare koherente eta zabala garatzea.
c) Herrietako udalei eta mankomunitateei eta ume eta gazteekin lan egiten duten elkarteei baliabide ekonomikoak eta azpiegiturak ematea, azterketak eta argitalpenak egitea, informazio eta dokumentazioa ematea, hasierako prestakuntzan laguntzea, programei eta kudeaketari buruzko aholkua ematea, etengabeko prestakuntza eskaintzea eta lanen ebaluazio eta kontrola egitea.
d) Herrietako udalekin koordinazio ona edukitzea, udal tipologia ezberdinetarako eta eskualdeko lan ereduetarako estrategia ezberdinak artikulatuz.
e) Gipuzkoako gizartearen kultura eta heziketa ez formala sustatzea eta demokrazian sakontzen eta komunitate gisa garatzen laguntzea.
f) Foru Aldundiaren aterpetxeak zaintzea.
g) Ume eta gazteen egonaldietarako aterpetxe eta instalazioei dagokienez, ikuskatu eta kontrolatzeko zereginak betetzea.
14. artikulua. Kirol Zerbitzua.
Kirol Zerbitzuari ondoko eginkizun hauek dagozkio:
a) Gipuzkoako kirol sistema antolatu eta egituratzen laguntzea eta hor sartzen diren kirol agente guztien parte hartze eta koordinazioa sustatzea, kirola egiteko bidea irekitzeko behar diren bitartekoak emateko gipuzkoarrei.
b) Gipuzkoako kirol sistemaren eta lurralde mugakideetako sistema eta agenteen arteko harremanak sustatzea. Baita, Eusko Jaurlaritzarekin, beste autonomia erkidego batzuekin eta erakunde publiko eta pribatuekin ere, mugaz gaindiko lankidetza ere bultzatuz.
c) Herritarrei oro har eta, zehazki, kirol munduko kideei kirol arloko prestakuntza, informazio eta aholkularitza egokiak ematea.
d) Kirol sistema finantzatzeko maila egokia lantzea nahiz erakunde publikoetan nahiz pribatuetan.
e) Gipuzkoarren artean kirolaren balioak eta onurak sustatu eta zabaltzea.
f) Gipuzkoako kirol sistemari eskaria asetzeko kirol ekipamendu egokiak ematea.
g) Derrigorrezko hezkuntzaldian eskoletako ikasle guztiei, inor bazterrean utzi gabe, kirol munduan sartzen laguntzea, kirola egiteko ohitura gipuzkoar guztiengana zabal dadin.
h) Gipuzkoako errendimenduko kirol jarduera antolatu eta egituratzen laguntzea, goi mailarako gaitasuna duten gipuzkoar kirolariek beren ahalbide guztiak garatu ahal izan ditzaten.
i) Gipuzkoarren artean jolas giroko kirolen bat egitea sustatzea, aisian kirola ere egin dezaten eta osasun ohitura gisa har dezaten.
V. KAPITULUA
DEPARTAMENTUKO IDAZKARITZA TEKNIKOA
15. artikulua. Departamentuko Idazkaritza Teknikoa.
1. Foru diputatuaren eta zuzendari nagusien esanetara, Idazkaritza Teknikoari dagokio maiatzaren 30eko 3/1984 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 34. artikuluan aurreikusitako eginkizunak betetzea, eta batez ere ondoko hauek:
a) Departamentuak eskumena duen gaietako hitzarmenak eta xedapen orokorren aurreproiektuak eta proiektuak egitea.
b) Departamentuko organoek aurrera eramaten dituzten egintzak eta emandako ebazpenak legez kontrolatzea.
c) Espediente administratiboak tramitatzea, batez ere, kontratazioak egiteari eta subentzioak eta diru laguntzak emateari buruzkoak.
d) Departamentuaren aurrekontu eta kontabilitate kontrola egitea eta aholkua eman eta koordinatzea aurrekontua egiterakoan.
e) Zuzendari nagusiekin hartu-emanetan egotea Departamentuko giza baliabideen kudeaketan.
f) Departamentuko organoei lege aholkularitza ematea.
g) Erregistroa, artxiboa eta fede publikoa eramatea.
h) Europako erakundeen dirulaguntzak koordinatzea eta jarraipena egitea.
i) Foru Aldundiko eta bestelako administrazioetako organoekin harremanetan eta koordinatuta egotea.
2. Idazkaritza Teknikoak, halaber, Departamentuak dituen eskumenen barruan eta Lehendakaritza Departamentuari dagozkionak eragotzi gabe, ondoko eginkizun hauek beteko ditu aholkularitzaren eta arrazionalizazio administratiboaren ikuspegitik:
a) Departamentuaren lan arloetan ezarri beharreko legeria orokor eta sektoriala aztertzea, ahalik eta eraginkortasun handienez ezar dadin.
b) Gai zehatz batzuetan departamentuarekin lotura handia duten kanpoko agenteei aholku eta laguntza teknikoa ematea.
c) Departamentuko giza baliabideen plangintza egin eta ahalik eta ondoen baliatzeko, antolaketa aurrera ateratzeko eta, zerbitzuak emateko orduan, informazioaren teknologiak aplikatzeko proposamenak egin, bultzatu eta koordinatzea.
d) Departamentuari dokumemntazio mailako laguntza ematea.
e) Prozesuen kudeaketa hobetzeko planak egitea, kalitatearen ikuspegitik begiratuta.
f) Departamentuaren modernizazio administratiboari, barne funtzionamenduaren hobekuntzari edo kanpo proiekzioaren zabaltzeari begira ematen zaion beste edozein eginkizun.
3. Idazkari teknikoa izango da instruktore Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuaren gaietan sortutako zehapen prozeduretan, otsailaren 20ko 271998 Legean, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zehapen ahalmenari buruzkoan, ezarritakoari jarraituz.
Instruktore zeregin hori betetzen ari dela, ez du menpekotasun funtzionalik edukiko.
VI. KAPITULUA
BESTELAKO ORGANOAK
16. artikulua. Departamentuko Kontratazio Mahaia.
Kontratu administratiboak esleitzeko, kontratazio organoari ondoko hauek osatutako mahai batek lagunduko dio:
Mahaiburua: Hitzartutako gastuaren aurrekontu kudeaketa egin duen zuzendari nagusiari dagokio mahaiburu izatea.
Mahaikideak: Kontratazio Mahaiko kideak ondoko hauek izango dira:
—Hitzartutako gastuaren aurrekontu kudeaketaren ardura duen zerbitzuburua.
—Zerbitzu horretako teknikari bat.
—Departamentuko idazkari teknikoa.
—Ogasun eta Finantza Departamentuak Kontuhartzailetza eta Auditoretza Zerbitzuko ordezkari bat.
Idazkaria: Kontratazio Mahaiko idazkari lanetan, ahotsarekin baina bozik gabe, Idazkaritza Teknikoko teknikari bat arituko da.
17. artikulua. Eskola Kiroleko Lurraldeko Kontseilua.
Eskolako Kiroleko Lurraldeko Kontseilua Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Departamentuko kontsultarako organoa da, martxoaren 31ko 39/1998 Foru Dekretuak, haren osaketa eta eraketari buruzkoak, eta 1998ko irailaren 17ko Foru Aginduak onartutako funtzionamendu erregelamenduan erabakitakoaren arabera arautuko dena.
XEDAPEN DEROGATZAILEA
Derogatuta geratzen dira, foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka doazen guztian, Kultura, Euskara eta Gazteria eta Kirol Departamentuen egiturari dagokionez egun arte emandako xedapenak, eta batez ere ondoko hauek:
—Urriaren 10eko 105/1995 Foru Dekretua, Gazteria eta Kirol Departamentuaren egitura organiko eta funtzionalari buruzkoa.
—Martxoaren 12ko 17/1996 Foru Dekretua, Kultura eta Euskara Departamentuko egitura organikoari buruzkoa.
AMAIERAKO XEDAPENA
Dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.
Donostia, 2000ko otsailaren 1a.
Diputatu Nagusia,
Roman Sudupe Olaizola.
Kultura, Euskara, Gazteria
eta Kirol Departamentuko
Foru Diputatua,
Luis M.Ş Bandres Unanue. (970)