Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

62. zenbakia Data 1999-04-07 5280 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
35/1999 Foru Dekretua, adingabekoak babesteko eta gizarteratzeko diru laguntzei buruzkoa

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Martxoaren 23ko 35/1999 FORU DEKRETUA adingabekoen babesa, garapen pertsonala eta gizarteratzea bultzatzeko diru laguntzak eta gizarte arriskuan dauden pertsonentzako edo familiartekoentzako diru laguntzak arautzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren azaroaren 11ko 21/1987 legearen indarrez adingabekoen babes arloan gureganaturako eskumenak erabiltzerakoan, eta urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak, adingabekoen babes juridikoari buruzkoak, agindutakoaren arabera, Gizartekintza Departamentuak ikusi du komenigarria dela adingabekoen babesari, garapen pertsonalari eta gizarteratzeari zuzendurik dauden eta departamentuak laguntzen dituen jardueretarako diru laguntzen zenbateko batzuk eguneratzea.

Ekainaren 22ko 53/1993 Foru Dekretua, adingabekoen babesa, garapen pertsonala eta gizarteratzea bultzatzeko diru laguntzak eta gizarte arriskuan dauden pertsonentzako edo familiartekoentzako diru laguntzak arautzekoa, indarrean zegoenean izandako esperientzia eta adingabekoak familietan hartzeko programaren garapena kontuan hartuta, bidezkoa da horren barruko kontzeptuak eta zenbatekoak handitzea.

Bestalde, beharrezkoa da oinarrizko gastuei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonei, sasoiko gizarte larritasuneko egoeran egonez gero arazoak arintzearren, horretarako zeuden diru laguntzak ematen jarraitzea, eskasia horrek gizarte marginazioko egoerak ekartzen baititu, are larriagoak egungo krisi ekonomikoa eta langabezia ditugun uneotan.

Horregatik, Gizartekintza Departamentuan ezarritako programak betetzearren, Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuaren proposamenez eta Diputatuen Kontseiluak eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT

1. artikulua.

Gizartekintza Departamentuko «Gizarte Zerbitzu Espezializatuak» izeneko 05 programaren barruan eta «Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Sare Publikoa» izeneko 08 programaren barruan, ondoren aipatuko diren prestazioak ezartzen dira:

a)Adingabeak familietan hartzea bultzatzeko diru laguntzak.

b)Diru laguntza bereziak 18 urtetik gorako gazteentzat.

c)Adingabeak familia eta egoitzetan hartzeko programen diru laguntza osagarriak.

d)Familietan esku hatzeko programen diru laguntza osagarriak.

e)Gizarte arriskuan dauden pertsonentzako edo familiartekoentzako diru laguntzak.

2. artikulua.

1. artikuluan aipatutako prestazioak jasotzeko eskubidea edukitzeko, ondoren azaltzen diren baldintzak bete behar dira:

a)Adingabeak familietan hartzea bultzatzeko diru laguntzak: famili harreraren titular izatea, Kode Zibilak 173. eta 173. bis artikuluan agindutakoaren arabera formalizatuta.

 

b)Diru laguntza bereziak 18 urtetik gorako gazteentzat: adinez 18 eta 25 urte bitartekoa izatea, biak barne, eta eskabidea egin aurreko bi urteotan adingabekoez arduratzeko eskumena duten erakunde publiko nahiz pribatuen menpe edo Kode Zibileko 173., 173. bis eta horiekin bat datozen artikuluetan aurreikusitako familia harreran egon izana. Halaber, diru laguntzaren premia zuritzen duen eta horren iraupena zehazten duen programa banakatua onartu beharko dute laguntza mota hau hartu nahi dutenek.

c)Adingabeak familietan eta egoitzetan hartzeko programen diru laguntza osagarriak: famili harreraren titular izatea, Kode Zibilak 173. eta 173. bis artikuluetan agindutakoaren arabera formalizatuta, edota familiaratze gaietan lankide izateko behar bezala gaiturik dagoen erakunde baten izenean jardutea eta gauzatu nahi den jarduera azaltzen duen memoria eta aurrekontua aurkeztea.

d)Familietan esku hartzeko programen diru laguntza osagarriak: Gizartekintza Departamentuak familietan esku hartzeko garatzen dituen programetan sartuta egotea.

e)Gizarte arriskuan dauden pertsonentzako edo familientzako diru laguntzak:

—Adinez nagusia izatea.

—Gipuzkoako lurralde historikoko edozein herritan bizi izatea.

—Oinarrizko gastuei aurre egiteko diru sarrera nahikorik ez edukitzea (diru sarera horietan edozein motatakoak sartuta)edo, ondasun higigarri nahiz higiezinen jabe edo usufruktudun izanda ere, ondasun horien ezaugarriak, balorazioa edo saltzeko nahiz ustiatzeko edozein aukera kontuan hartuta, nabaria izatea oinarrizko gastuei aurre egiteko baliabide nahikorik ez dutela.

—Eskubiderik ez izatea maiatzaren 12/1998 Legeak, gizartean inor baztertzearen kontrako neurriei buruzkoak, arautzen dituen gutxieneko diru sarrerak ez gizarte larrialdietarako diru laguntzak eskuratzeko aukerarik.

3. artikulua.

Prestazioak zenbateko hauen arabera emango dira:

A)Adingabeak familietan hartzea bultzatzeko diru laguntzetan lau mota ezberdin daude:

1.  Adingabea bere familia zabalean hartzea (lehen mailako ahaidetasunik ez duten familiartekoek osatuan): 25.000 pta. (150,25 euro) hileko eta adingabe bakoitzeko, gehienez 100.000 pta. (601,01 euro) hileko eta famili unitate bakoitzeko.

2.  Adingabea besteren familian hartzea (adingabearekin ahaidetasunik ez duten familietan): 45.000 pta. (270,46 euro)hileko eta adingabe bakoitzeko.

3.  Adingabe elbarrituak besteren familietan hartzea (elbarritasun mailagatik gizarteratzeko zailtasunak dituzten adingabe elbarrituak direnean): 78.000 pta. (468,79 euro) hileko, eta gehienez 156.000 pta. (937,58 euro) hileko eta famili unitate bakoitzeko.

 

4.  Adingabeak besteren familian eta aparteko arretaz hartzea (arreta handia edo familia bizitza normal batean ohiz kanpokoa den arreta behar duten adingabeak direnean, hau da, normaltasunez gizarteratzea eragozten duten portaera arazoak edo arreta berezia eskaintzea eskatzen duten beharrizanak dituzten adingabeak direnean): 150.000 pta. (901,52 euro) hileko eta famili unitate eta adingabe bakoitzeko. Familia batean bi adingabe hartzen badira diru kopurua 250.000 pta.-koa (1.502,53 euro) izango da hileko, eta hiru hartzen badira kopurua 325.000 pta.-koa (1.953,29 euro) izango da hileko.

B)18 urtetik gorako gazteentzako laguntza bereziak: adin nagusia bete duten gazteak gizarteratzeko bi laguntza mota daude:

1.  Hartu dituen familiarekin bizi diren 18 urtetik gorako gazteentzako laguntzak: gazteak eskatu ahal izango du harrerako familiak ordurarte jasotako diru kopuruaren luzapena, laguntza horren beharra zuritzen duen eta iraupena finkatzen duen programa banakatua betetzeko hitza emanez. Laguntza hau gazteak 24 urte (hori barne) dituen bitartean jaso ahal izango du baldintzak betetzen baditu, eta gehienez adin nagusia bete bitartean jasotako diru kopuruak jasoko ditu.

2.  18 urtetik gorako gazteak desinstituzionalizatzeko laguntzak: bere familiarekin edo hartu duen familiarekin bizi ez diren gazteei zuzenduta daude laguntza hauek. Hilean gehienez 60.000 pta.-koak (360,61 euro) izan daitezke eta ondoren agertzen diren kontzeptuengatik eman ahal izango dira, kontzeptu bateragarriak direla:

2.a)Egoitza eta otorduetarako pentsioa: gehienez 45.000 pta. (270,46 euro) hileko.

2.b)Lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez diren edo lan gabe daudenentzako laguntza: genienez 25.000 pta. (150,25 euro) hileko.

2.c)Lanbide heziketa, prestakuntza okupazionala edo unibertsitate mailako ikasketak egiten ari diren gazteentzako gizarte laguntza: gehienez ere 25.000 pta. (150,25 euro) hileko.

C)artikuluko c), d) eta e) letretan aurreikusitako diru laguntzen zenbatekoak Gizartekintzako zuzendari nagusiek erabakiko dituzte, nork bere gain dituen arloen arabera, honako hauek kontutan hartuta: programatutako jardueraren kostua, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek egindako ebaluazioa 05 programako diru laguntzak direnean, Departamentuko zerbitzu teknikoen irizpena eta aurrekontuetako baliabideak.

4. artikulua.

Adingabeak familietan eta egoitzetan hartzeko programen eta familietan esku hartzeko programen laguntza osagarrietan sartuta dagoen laguntza psikologikoaren zerbitzua Gizartekintza Departamentuak horretarako agindutako kontratazio prozeduraren bitartez eskainiko da.

5. artikulua.

Diru laguntza eskaerak Gizartekintza Departamentuaren Erregistroan (Zarategi pasealekua, 99. Donostia 20015) aurkeztu behar dira eta honako hauek dute eskaera aurkezteko aukera:

—Interesatuek berek.

—Haien legezko ordezkariek.

—Haiek ordezkatzen dituzten erakundeek.

Eskaerak bideratu, berriz, honako hauek baliatuta bidera daitezke:

—Udalen oinarrizko gizarte zerbitzuak.

—Gobernuz kanpoko erakundeak.

—Gizarte zerbitzuen alorrean eta Gipuzkoako lurralde historikoan diharduten instituzioak eta entitateak.

6. artikulua.

1.  Laguntza eskaerak ondoren aipatzen den eran ebatziko dira:

a)Adingabeak familietan hartzea bultzeko laguntzak.

b)18 urtetik gorako gazteentzako lagunta bereziak.

Gai horretan eskua duen Zuzendaritza Nagusiko titularrak emango du aldeko ebazpena, bigarren artikuluko a) eta b)letretan eskatutako beharkizunak betetzen badituzte.

c)Adingabeak egoitzetan eta familietan hartzeko programen laguntza osagarriak.

d)Esku hartzeko programen laguntza osagarriak.

Eskaera horiek eskua duen Zuzendaritza Nagusiko titularrak ebatziko ditu, aurretik Gizartekintza Departamentuak laguntza beharrari buruz aldeko irizpena eman badu gai horretako espezialista batek hala baloratuta ondoren.

e)Gizarte arriskuan dauden pertsona edo familiartekoentzako laguntzak.

Bidezkoak diren irizpenak eta azterketak egin ondoren, eskua duen Zuzendaritza Nagusiko titularrak ebatziko ditu laguntza eskaera horiek.

2.  Eskua duen Zuzendaritza Nagusiko titularrak emandako ebazpenetan errespetatu egingo da, beti ere, foru dekretu honen bigarren xedapen gehigarriak Aurrekontuari dagokionez aipatzen duen muga.

Foru dekretu honetan baimendutako zenbatekoa gehitu ahal izango du foru aginduaz Gizartekintza Departamentuko foru diputatuak, aldez aurretik kreditu transferentziari buruzko araudiak ezarritakoaren arabera behar den kreditu aldakea eginda.

3.  Laguntza eskaera Gizartekintza Departamentuaren erregistroan sartu denetik hiru hilabete igaro eta hari buruzko ebazpenik eman ez bada eskaera ezetsitzat joko da.

7. artikulua.

Gizartekintza Departamentuak eskatutako nahi adina argibide eman behar diote departamentuari foru dekretu honetan araututako diru laguntzen onuradunek, eta dirua ondo erabiltzen dutela zuritu behar dute, gastatutako diru kopuru osoaren ordainagiriak aurkeztuz, adingabekoak familietan hartzeko programaren laguntzen kasuan izan ezik, horien gastua zuritutzak joko baita Departamentuko zerbitzu teknikoek urtero egin behar duten txostenean hala irizten badiote.

 

8. artikulua.

Eman diren laguntzak beste xede batzuetarako erabiltzen direnean, Departamentuko zuzendari nagusiek laguntza horien ebazpenak erreboka ditzakete, kasuan kasuko onuradunari entzun ondoren eta ebazpen arrazoituaren bidez, eta horelakoetan onuraduna jaso duen zenbatekoak itzultzera beharturik egongo da.

Lehen xedapen gehigarria.

Foru dekretu honen babesean emandako diru laguntzak ez dira kontutan hartuko gizarteratzeko gutxieneko diru sarrera edo kotizatu gabeko pentsioa emateko garaian.

Bigarren xedapen gehigarria.

Foru dekretu honetan aurreikusitako diru laguntzetarako urtez urte izango diren diru zuzkidurak Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aurrekontuak Onartzeko Foru Arauak jasotakoak izango dira.

Hirugarren xedapen gehigarria.

Gizartekintza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaio 3. artikuluko A) eta B) letretan aipatzen diren laguntzen zenbatekoak urtez urte ezar ditzan.

Xedapen iragankorra.

Foru dekretu honek araututako diru laguntzek Aurrekontuan ukitzen duten partida bakoitzaren zuzkiduraren arabera, 1999. urterako gehienez ere 128.350.000 pta.-ko zenbatekoa (771.399,04 euro) jartzen da, honela sailkatuta:

1.  Foru dekretu honen a), b), c) eta d) letretan jasotzen diren laguntzak, Aurrekontuko ondorengo partiden kargura:

—0820.070.4800001 partida (118.858.000 pta./714.350,97 euro)

—0820.070.4800002 partida (3.360.000 pta./20.194,01 euro)

2.  Gizarte arriskuan dauden pertsonentzako edo familiartekoentzako diru laguntzak, 0810.050.4800001 partidaren gain: 6.132.000 pta. (36.854,06 euro).

Indargabetzeko xedapena.

Indargabetu egiten dira ekainaren 22ko 53/1993 Foru Dekretua eta otsailaren 18ko 10/1997 Foru Dekretua, bai maila bereko edo beheragoko gainerako xedapenak ere foru dekretu honen aurka dauden zatietan.

Amaierako xedapena.

Foru dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.

Donostia, 1999ko martxoaren 23a.

Diputatu Nagusia,
Roman Sudupe Olaizola.

Gizartekintza
Departamentuko
Foru Diputatua,
Luis Bandres Unanue. (3286)