Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

24. zenbakia Data 1999-02-08 1995 orria

4 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO ADMINISTRAZIOA

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
Urtarrilaren 26ko 9/1999 Foru Dekretua, unibertsitate gaietako euskarazko oinarrizko liburutegia sortzeko laguntzei buruzkoa

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

Urtarrilaren 26ko 10/1999 FORU DEKRETUA, unibertsitate gaien oinarrizko euskal liburutegia osatzeko diru laguntzen deialdia onesten duena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kultura eta Euskara Departamentuari dagozkion aurrekontu programen barruan unibertsitate gaien oinarrizko euskal liburutegia osatzeko diru laguntzak ematea barne hartzen du. Izan ere, euskarazko liburuak argitaratzen dituzten argitaletxeei laguntzeko bide orokorrak badituzte herri administrazioek, baina oro har laguntza bide horietan bazter gelditu ohi dira unibertsitate mailan zientzia eta jakitatearen zabalkundea egiteko xedea duten liburuak. Gainera, kontuan izatekoa da unibertsitate mailetan guztiz beharrezkoak direla, ikasliburu hutsez gain, zientzia eta jakitatearen zabalkunde orokorreko liburuak, nahiz orain-oraingoz liburu mota horrek merkatu txikia izan. Ondorioz, hutsune hori bete nahirik, euskal liburugintzaren esparru hori berariaz laguntzeko bidea ezarri nahi du deialdi honek.

Apirilaren 6ko 27/1993 Foru Dekretuak, subentzioak eta laguntzak emateko prozeduraren erregimen orokorra arautzen duena, 7.1 artikuluan agintzen duenarekin adostasunean, bidezkoa da behar den foru dekretua onartzea diru laguntzak eta gainerako laguntzak lehiakortasun, publizitate eta objetibotasunaren printzipioetan oinarrituta emateko arauekin.

Horren indarrez, eta Kultura eta Euskara Departamentuko foru diputatuaren proposamenez, Diputatuen Kontseiluak aurrez erabakita data bereko bilkuran,

XEDATU DUT

Lehenengo artikulua.

Foru Dekretu honetako eranskin moduan doazen oinarriak onartzen dira, unibertsitate gaien oinarrizko euskal liburutegia osatzeko diru laguntzak emateko.

Bigarren artikulua.

Deialdi honetarako hasiera batean 5.000.000 pezetako (30.050,61 euro) diru kopurua xedatzen da 0920.200.470.00. 02.00 kontusailaren kargu. Kopuru hori aldatu ahal izango da aurrekontuko erabilgarritasunen barnean, kredituen lotura eta transferentzien erregimena arautzen duen araudiaren arabera.

Hirugarren artikulua.

Kultura eta Euskara Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko beharrezkotzat jotzen dituen xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapena.

Foru Dekretu hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Donostia, 1999ko urtarrilaren 26a.

Diputatu Nagusia,

Roman Sudupe Olaizola.

Kultura eta Euskara

Departamentuko

Foru Diputatua,

Koruko Aizarna Rementeria. (971)

ERANSKINA

Unibertsitate gaien oinarrizko euskal liburutegia osatzeko diru laguntzak emateko lehiaketa irekia arautzen duten oinarriak.

1.  Xedea.

Deialdi honen xedea da 1999ko ekitaldian unibertsitate mailan zientzia eta jakitatearen zabalkundea egiteko helburua duten euskarazko liburuen edizio eta argitalpen gastuak konpentsatzeko diru laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2.  Onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru laguntzak eskatzeko aukera izango dute beren egoitza sozial eta fiskala Gipuzkoako Lurralde Historikoan izanik, deialdi honen esparruaren barruan, euskarazko liburuak editatzen eta argitaratzen diharduten argitaletxeek, 3. oinarrian aipatzen diren betebeharren arabera.

3.  Laguntzak eskatzeko bete beharrekoak.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten argitaletxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

A)Juridiko-fiskalak.

—Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak. Pertsona fisikoa denean, nortasun agiria edo horren baliokidea. Pertsona juridikoa denean, dagokion erregistroan inskribatutako eraketa agiria edo, hala dagokionean, aldaketa agiria. Beste baten izenean eskatzen denean, ondorio horretarako behar adinako ahalordea.

—Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren fotokopia.

—Eskatzailea Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen egunean dagoela egiaztatzen duten egiaztagiriak.

—Eskatzailea aurten irekitako kontu korronte baten jabe dela egiaztatzen duen agiria, diruetxe batek emana.

B)Enpresaren jarduerari buruzkoak.

—Enpresak 1998. urtean egindako jarduerei buruzko memoria laburra, bereziki liburu edo produktu mota bakoitzaz (maila guztietako euskal liburuak, ikus-entzunezko materialak)eginiko salmentak (pezetatan) aipatuz.

—Deialdi honi dagokion jarduerari egotzitako gastuen portzentaiazko estimazioa erakundearen jarduera orokorrarekiko erlazioan.

—Deialdi honi dagokion jarduera esparruan 1999ko ekitaldirako argitaletxeak duen egitasmoa. Egitasmo horretan zehazki azaldu behar dira alderdi hauek guztiak:

*  Aurten argitaratu dituen edo argitaratzekoak dituen liburuen zerrenda. Zerrenda horretan proiektuak lehentasunaren arabera ordenatuko dira zehazki, era horretan oinarri hauen 7. puntuan aipatzen den epaimahaiak diruz laguntzekoak diren liburuak hautatzeko irizpide garbia izan dezan.

*  Liburu bakoitzaren kostua, urrats guzti-guztiak kontuan izanda: prestakuntza, itzulpena, zuzenketa, fotomekanika, inprimategia, zabalkundea, eta abar.

*  Begiz jotako salmenta, ale kopurua eta salmenta prezioa zehazturik.

*  Liburu bakoitza egin eta argitaratzeko orain arte jasotako diru laguntzak, edota jasotzeko hitz emanda dituenak.

C)Diru laguntzaren eskaera orria.

Eskabideak aurkeztu beharreko ereduak Kultura eta Euskara Departamentuko bulegoetan eskura daitezke.

D)Eskaera orriarekin batera 1999an orain arte deialdi honi dagokion jarduera esparruan argitaratutako liburu bakoitzeko ale bana aurkeztuko da, halakorik balego; ale horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geldituko dira diru laguntza ematen bada, eta bestela interesatuari itzuliko zaizkio.

Baldin eskatzen diren agirietakoren bat administrazio jardulearen organoren batera ordurako iritsita badago, eskatzaileak erabil dezake 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 35. artikuluko f) paragrafoan agintzen duena, baina agiriak zein egun, organo edo bulegotan jaso edo nondik bidali diren adierazita, eta horien prozedura bukatu zela bost urte baino gehiago igaro ez bada.

Agiria eskuratu ezin denean, organo eskudunak eskatzaileari esan diezaioke berak aurkez dezala, edo agiri hori ezin bada, agirian dauden beharkizunak beste nolabait ziurta ditzala, ebazpen proposamena egin baino lehen.

Eskatzaileak aurkeztutako agiriak osatu gabe daudela edota oinarri hauek exigitutako beharkizunak betetzen ez dituztela egiaztatzen denean, interesatuari hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo behar diren agiriak ekar ditzala eskatuko zaio. Horrela egiten ez badu, bere eskaerari uko egin diola iritziko zaio eta eskabidea besterik gabe artxibatuko da, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearen Legeak 42.1 artikuluan jasotako ondorioekin.

4.  Eskaerak aurkeztea.

Eskabideak eta beharrezko agiri guztiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistro bulego propio nahiz itunduetan aurkeztu beharko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 38.4 artikuluan xedatutako beste edozein bide baztertu gabe.

Diru laguntza deialdi honetan eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek onartzeko Foru Dekretua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 1999ko martxoaren 12an amaituko da.

5.  Baztertzeak.

Diru laguntza hauetaz kanpo daude ondorengo ezaugarrietakoren bat duten liburuak:

a)Ikasliburuak, maila guztietakoak direla ere (lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergoa eta unibertsitatea), eta orobat ikasgai jakin bati estuki lotuak diren testuliburuak.

b)Liburuzaleen liburuak.

c)Ente publikoek edo horiek finantziatzen dituzten entitateek argitaratutako liburuak.

d)Banketxe edo aurrezki kutxek argitaratutakoak.

e)Dohain banatzen direnak.

f)Liburu klub edo antzekoek beren bazkideentzat baino argitaratzen ez dituztenak.

g)Epeka saltzen diren liburuak.

h)Entziklopediak eta hiztegiak.

i)Eguneratu edota handitu ez diren berrargitarapenak.

j)Kultura eta Euskara Departamentuko beste deialdietan leku hobea duten liburuak.

6.  Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusita dauden laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berarekin emandako laguntzekin, beti ere 12. oinarrian adierazitako mugen barruan.

7.  Ebaluazioa eta laguntzak ematea.

Diru laguntzak lehiakortasun printzipioan oinarritutako erregimenean emango dira. Horretarako, eskabideak aztertu eta ebaluatuko dituen epaimahaia izango da, kide hauek osaturik: Euskararen Normalkuntzako zuzendari nagusia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak izendatutako teknikari bat, irakaskuntzaren alorreko aditu bat, Euskararen Normalkuntza eta Sustapeneko atalburua eta Kultura eta Euskara Departamentuko teknikari bat. Horren ondoren, epaimahaiak esleipendunen, liburuen eta diru kopuruen proposamena aurkeztuko dio Kultura eta Euskara Departamentuko organo eskudunari. Ebazpenean xehetasun horiek guztiak ere adieraziko dira.

Diru laguntza emateko eta zenbatekoa erabakitzeko alderdi hauek baloratuko dira:

a)Erakunde eskatzaileak deialdi honen jarduera esparruan aurrez erakutsitako bidea, jarraitasuna eta dedikazioa, baita orain arte argitaratutako liburuen maila zientifikoa ere.

b)1999ko egitasmoan aurkezten diren liburuen gizarte eta kultur interesa, bai eta euskararen sustapenaren eta erabilera zuzenaren ikuspuntutik duten interesa.

c)Argitaletxe eskatzaileak deialdi honen jarduera esparruan luzaroari begira daukan proiektu osoaren kultur eragina.

Irizpide horien arabera, epaimahaiaren proposamenean diruz laguntzeko hautatutako liburu guztiek 400.000 pezetako (2.404,05 euro) gutxieneko laguntza bat izango dute, eta hortik aurrera diru laguntza gehitu ahal izango da proiektu bakoitzak aipatutako balorazio irizpideez duen egokitasun mailaren arabera, beti ere deialdi honetako 12. puntuan adierazitako mugaren barnean.

Deialdia ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, laguntza eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

Aurkeztutako eskaera guztiei buruz berariazko ebazpena emateko organo eskudunak daukan derrigortasunaren kalterik gabe eta 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 71.1 artikuluan agindutakoa izan ezik, ebazpena emateko epea amaitzen denean organo eskudunak berariazko ebazpenik emango ez balu, eskaera ezetsitzat joko litzateke, aipatutako Legeak 43. eta 44. artikuluetan ezarritako ustezko egintzei buruzko arauak betearaziz.

Aurreko paragrafoak adierazitako ustezko ebazpenak eraginkorrak izatearren, beharrezkoa da 30/1992 Legeak, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearenak, 44. artikuluan jasotako ziurtapena ematea 20 eguneko epean ziurtapen eskaera egin zenetik edo, ziurtapena emateko eskatu delarik, aipatu epea bukatu ondoren hori ez ematea.

Ziurtapena emateko epean zehar eskabidearen mamiaz ebatzi daiteke espresuki, diru laguntzaren arau erregulatzaileari jarraiki, eta ziurtapena jaso behar duen ebazpenari eman zaizkion ondorioei lotuta egon gabe.

8.  Diru laguntza ordaintzea.

Diru laguntza behar diren administrazio tramite guztiak egin ondoren ordainduko da, diruz lagundutako liburua argitaratua dela egiaztaturik. Egiaztapen hori egiteko gehienezko epea 2000. urteko martxoaren 1ean amaituko da.

9.  Onuradunaren beharkizunak.

Onuradunak beharkizun hauek izango ditu:

—Diru laguntza emateko oinarri den ekintza burutzea, hau da, proposatutako liburuak argitaratzea.

—Kultura eta Euskara Departamentuak egingo dituen ikuskapen lanetara, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Arauei buruzko Foru Arauak 105. artikuluan agindutako finantzen kontrol lanetara eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko legeek ikusitako lanetara meneratzea.

—Estatuko nahiz estatuz kanpoko edozein herri administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu berarekin emandako diru laguntzen berri ematea Kultura eta Euskara Departamentuari.

10.  Publizitatea.

Diru laguntza eman ondoren 1999ko egitasmoan sarturik dauden liburuak argitaratzen badira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuaren babesa aitortu beharko da. Aitorpen hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren irudi korporatiboak ezarritako elementuak baliatuz egin beharko da ezinbestean.

11.  Aldaketak.

Diru laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketa gertatzeak, eta nolanahi ere, diru laguntza honekin batera beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru laguntzak jasotzeak diru laguntza emateari buruzko ebazpena aldatzea ekar lezake.

12.  Diru laguntzaren muga.

Oinarri hauetan araututako diru laguntzen zenbatekoak ezin izango dira estatuko edo estatutik kanpoko beste herri administrazioen edo erakunde publiko nahiz pribatuen diru laguntzekin batera, onuradunak aurrera eraman beharreko jardueraren kostua baino handiagokoak izan.

13.  Araututakoa ez betetzea.

Onuradunek jaso duten diru zenbatekoa itzuli eta, hala behar denean, diru laguntza jaso denetik berandutza interesak ordaindu beharko dituzte kasu hauetan:

a)Jasotako diru kopurua zuritzeko beharkizuna betetzen ez dutenean.

b)Diru laguntza eskuratzeko behar diren baldintzak betetzen ez dituztenean.

c)Diruz lagundutako jardueraren xedea betetzen ez dutenean.

Halaber, aurreko oinarrian jasotakoa gertatuz gero, onuradunak burutu duen jardueraren kostutik gorako soberakina itzuli beharko du.

Onuradunek itzuli behar lituzketen diru zenbatekoak zuzenbide publikoko dirusarreratzat hartuko dira.

14.  Interpretazioa.

Oinarri hauen interpretazioari buruz sor litekeen edozein zalantza Kultura eta Euskara Departamentuak argituko du.

15.  Aurrekontua, programa eta partida.

Deialdi hau burutzeko hasiera batean xedatutako kopuruak aurrekontu erabileren arabera aldatu ahal izango dira, kredituen lotespen nahiz transferentzien erregimena erregulatzen duen araudiaren arabera, eta 0920.200.47000.02.00 aurrekontu sailari egotziko zaizkio 5.000.000 pezetako (30.050,61 euro) zenbatekoz.