Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

101. zenbakia Data 1997-05-30 7897 orria

3 GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO XEDAPEN OROKORRAK

ALDUNDIA - DIPUTATU NAGUSIA
Maiatzaren 22ko 2/97 Foru Araua Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoa
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA XXXXXXXXXX

Donostia, 1997ko maiatzak 22.-Roman Sudupe Olaziola, Diputatu Nagusiak.(5353) KOOPERATIBEN ZERGA ERREGIMENARI BURUZKO FORU ARAUA HITZAURREA

Sozietate kooperatiboen ezaugarriak bereziak izateak eta haiek eginkizun garrantzitsu bat betetzeak gizartean, eragin egin du elkarte mota horiek berariazko zerga sistema bat izan dezaten hasieratik. Konstituzioaren 129.2 artikuluak berretsi egiten du berezitasun hori esaten duenean botere publikoek kooperatibak bultzatu behar dituztela legeria egokiaren bitartez.

Asoziazionismo modu hau Euskadin hain erroturik egotean, kooperatibek interes berezia jaso izan dute legegileengandik funtsezko arauketari dagokionean. Kooperatibei buruzko 1982ko Euskal Legeak aurrerapausu handia eman zuen jada gai honetan, eta ekainaren 24ko 4/1993 Legeak, Euskadiko Kooperatibei buruzkoak, areago eguneratu du funtsezko arauketa hori printzipio kooperatiboak errespetatuz eta, aldi berean, bitarteko berriak eskueran jarriz gaurkoa bezalako merkatu zail eta aldakor batean kooperatibek lehiatzen eta garatzen jarraitu ahal izan dezaten.

Zerga arloan, Gipuzkoako Lurralde Historikoak ez du inoiz kooperatiben zerga erregimena erregulatuko zuen Foru Arau espezifikorik izan. Ekonomi Itunaren Lehen Xedapen Gehigarrian eta Zergen Foru Arau Orokorrean aurreikusi bezala, orain arte Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legea izan da, ordezko izaeraz, hemen aplikatu dena (1969. urteko Kooperatiben Estatutu Fiskal zaharra ordezkatu zuen lege horrek), haren aplikazioan foru berezitasun batzuk kontuan hartu badira ere, hain zuzen, Derrigorrezko Erreserba Fondora zuzendutako zenbatekoen trataera eta udal zergen alorrean eman beharreko onura fiskalak.

Euskal Herri osoan eta, bereziki, Gipuzkoako Lurralde Historikoan kooperatibek garrantzi kualitatibo eta kuantitatibo handia dutela kontuan izanik, beren zerga sistema erregulatuko zuen Foru Arau bat prestatzea behar- beharrezkoa gertatzen zen. Eta behar hori arrazoi desberdinengatik gelditzen da agerian:

1. Lehenik, kooperatibismoaren errealitateak berak, gizarte osoarentzat ondorio sozial eta ekonomiko onuragarriak dituelarik, komenigarri egiten zuen dagoeneko arauketa hori.

2. Euskadin zentratuz gero, bertako zerga arauak ekainaren 24ko 4/1993 Legeak ekarritako araudi berrira egokitu beharra bistakoa zen, aspektuetako asko argitu gabe gelditzen baitziren, zerga ikuspegitik, 20/1990 Legean. 4/1993 Legea izan da, beraz, Foru Arau hau prestatzerakoan erreferentziatzat hartu dena kooperatiben funtsezko legeriari dagokionean.

3. Gipuzkoako Lurralde Historikoari dagokionez ere, Foru Arau hau nahitaezkoa gertatzen zen kooperatibismoaren barruan dagoen aniztasun osoa jasotzeko, hasi txikiak izan arren garrantzi handikoak diren eta gure Lurralde Historikoan hain ugari ditugun kooperatibetatik, nazioarte mailan kooperatibismoaren garapen eredu eta aitzindari diren enpresa talde handietara iritsi arte.

Bestalde, ezin ahaztu daiteke uztailaren 4ko 7/1996 Foru Araua, Sozietateen gaineko Zergarena, berriki onartu dela. Enpresen fiskalitatea erabakitzeko garaian Zerga horrek duen garrantzia benetan handia izanik, ezinbestekoa zen, horregatik ere, beharrezko egokipenak egitea kooperatibak 7/1996 Foru Arauak dakarren errealitate berriarekin ados jartzeko, bidezko berezitasunak kontuan hartuz beti ere.

Hori guztia dela eta, Foru Arau honek hainbat neurri berritzaile dakartza, eta horietako batzuk Azalpen zati honetan azpimarratu beharrekoak dira:

-Irakaskuntza kooperatibak, hala gurasoenak nola irakasleenak eta bateratuak, bereziki babestutako kooperatiben barruan sartzen dira.

-Kooperatiba mistoen figura lehendabiziko aldiz onartzen da zergen esparruan, eta babes fiskalak eskaintzen dituen onurak lortzeko aukera ematen zaie horrela.

-Administrazio baimenetan isiltasun positiboa sartu da babes fiskala lortzeko exijitzen diren muga jakin batzuk gainditzearren.

-Legez edo estatutuen aginduz Derrigorrezko Erreserba Fondoari ematen zaizkion zenbatekoen 100eko 50 kengarria dela jotzen da.

-Partaidetza bereziak lehenengo aldiz arautzen dira zerga arloan.

-Beste berrikuntza garrantzitsu bat, dakartzan onurengatik eta kooperatiben arteko elkartasun mekanismoak bultzatzeko modu bat izateagatik, kooperatiben finantzak saneatzeko eta haiek sustatu eta garatzeko aportazioek jasotzen duten trataera fiskala dugu.

-Bereziki babestutako kooperatiba berriei baldintza bigunagoak ezartzen zaizkie Sozietateen gaineko Zergan aurreikusten den oinarri ezargarriaren murrizpenaz gozatu ahal izan dezaten.

-Sozietateen gaineko Zergan emaitza kooperatiboak eta kooperatibaz kanpokoak desberdintzeko sistema zaharra aldatu egiten da. Sistema berriak, «tasa bakarrekoak», zergaren egitura likidatorioa eta egitura orokorra parekatzen ditu, eta nabarmen jaitsiarazten du zeharkako presio fiskala. Likidazioa, era hortara, errazagoa gertatzen da, halaber, bai galeren konpentsazioa kalkulatzean, kuoten konpentsazio sistema zaharraren ordez oinarri ezargarriak konpentsatzeko erregimen orokorra erabiltzen baita, bai kooperatiba taldeen kasuan Zerga likidatzean.

-Sozietateen gaineko Zergak tasa murriztu bat aurreikusten du kooperatiba txikietarako, gure Lurralde Historikoan hain garrantzitsua den autoenplegu mota hori sustatzearren. I. TITULUA ARAU OROKORRAK

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arau tributarioak aplikagarri dituzten sozietate kooperatiboen zerga erregimena arautzea hartzen du helburu Foru Arau honek, haien eginkizun soziala, jarduerak eta ezaugarriak kontuan hartuz.

2. Foru Arau honetan espreski aurreikusten ez diren gaietan Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arau tributario orokorrak aplikatuko dira.

2. artikulua. Kooperatiben sailkapena.

1. Foru Arau honetan ezarritakoaren ondorioetarako, Kooperatiba Elkarteak bi eratakoak izango dira:

a) Fiskalki babestutako kooperatibak.

b) Babestuta ez dauden kooperatibak.

2. Fiskalki babestutako kooperatibak, orobat, bi motatakoak izango dira:

a) Babestutako kooperatibak.

b) Bereziki babestutako kooperatibak.

3. artikulua. Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko Aholku Batzordea.

1. Ogasun eta Finantza Departamentuan Kooperatiben Zerga Erregimenaz arduratuko den Aholku Batzorde bat eratuko da, presidente batek eta sei bokalek osatua. Presidentea eta hiru bokal Ogasun eta Finantza Departamentukoak izango dira, beste hiru bokalak Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak proposatuko ditu kontseilu horretan kooperatiben ordezkari direnen artean aukeratuz, eta guztiak Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak izendatuko ditu.

Batzordearen idazkari lanak Ogasun eta Finantza Departamentuko funtzionario batek beteko ditu botu eskubiderik gabe.

2. Aholku Batzordearen eginkizunak honako hauek dira:

1. Kooperatiben zerga erregimen bereziari buruzko gaietan derrigorrezko txostenak egitea, hauetxek direnean gaiak:

a) Zerga erregimen berezia erregulatzeko foru arau proiektuak.

b) Horiek aplikatu eta interpretatzeko eman beharreko foru dekretu eta foru aginduen proiektuak.

c) Gipuzkoako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboan izapidaturiko prozedurak, haien aplikazioarekin zuzenean lotuta dauden arazoak ageri dituztenak, beti ere erreklamatzaileak espreski eskatzen badu.

2. Zerga erregimen bereziari buruzko gaietan ere txostenak egin beharko ditu erregimen hori aplikatzeko emandako arau edo xedapenen eragin eta interpretazioarekin lotuta daudenean gai horiek, baldin eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak, Foru Administrazioaren edo Administrazio Autonomoaren organoek edo Kooperatiba Elkarteek hala eskatzen badute.

3. Kooperatiben Zerga Erregimena aplikatzeko komenigarrien irizten dituen neurriak Ogasun eta Finantzetako foru diputatuari proposatzea. II. TITULUA KOOPERATIBEI BURUZ I. KAPITULUA. KOOPERATIBA BABESTUEI BURUZ

4. artikulua. Kooperatiba babestuak.

Euskadiko Kooperatibei buruzko Legean edo, hala bada, kooperatibei buruzko beste lege aplikagarri batean ezarritako printzipio eta xedapenak betetzen dituzten entitateak hartuko dira, Foru Arau honen ondorioetarako, kooperatiba babestutzat, beren sorrera eguna edozein dela ere, baldin eta titulu honen IV. kapituluan aurreikusten diren egoeretan sartzen ez badira. II. KAPITULUA. BEREZIKI BABESTUTAKO KOOPERATIBEI BURUZ

5. artikulua. Bereziki babestutako kooperatibak.

1. Hona hemen bereziki babestutako kooperatibatzat hartuko diren eta, Foru Arau honetan ezarritako baldintzak betez gero, 26. eta 27. artikuluan zehazten diren zerga onurak gozatu ahal izango dituzten lehen mailako kooperatiba babestuak:

a) Lankide kooperatibak.

b) Nekazaritza kooperatibak.

c) Elkarlanean ustiatzeko kooperatibak.

d) Kontsumo kooperatibak.

e) Irakaskuntza kooperatibak.

2. Bigarren eta hurrengo mailako kooperatibei dagokienez, 28. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Kooperatiba mistoak ez dira ezein kasutan bereziki babestutako kooperatibatzat hartuko.

6. artikulua. Lankide kooperatibak.

Lankide kooperatibak bereziki babestutzat joko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenean:

1. Bertako kideak pertsona fisikoak izatea batik bat, eta hauek kooperatiban aritzea beste batzuei eskainiko zaizkien ondasun eta zerbitzuak amankomunean ekoizteko.

2. Guztira jasotzen dituzten ordainsarien batezbesteko zenbatekoa, aurrerakinak eta kooperatiba- itzulkinengatik exijigarri diren diru-kopuruak barne, jarduera sektore horretan ohikoak diren eta kooperatibarako besteren kontura lan eginez jasoko zituzten ordainsarien batezbestekoaren 100eko 200 baino handiagoa ez izatea.

3. Besteren konturako lan kontratu batekin diharduten langileek egindako legezko lanaldien kopurua bazkide langileek egindako legezko lanaldi guztien ehuneko 30etik gorakoa ez izatea. Portzentaia hori gainditu egin ahal izango da, hala ere, enpresaren premia objektiboek horretara behartzen dutenean edo Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Departamentuak baimentzen duenean, baldin eta gainditze hori, gehienez ere, hiru hilabeterako egiten bada.

7. artikulua. Nekazaritza kooperatibak.

Nekazaritza kooperatibak bereziki babestutzat joko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenean:

1. Bertako kideak pertsona fisikoak izatea, hauek nekazaritza, baso edo abeltzaintza ustialekuak nahiz ustialeku mistoak beren titularitzapean edukitzea, eta ustialeku horiek kooperatibak, estatutuen arabera, jarduteko duen eremu geografikoaren barruan kokatuta egotea.

Bertako bazkide izan ahal izango dira, halaber, beste Nekazaritza eta Elkarlanean Ustiatzeko Kooperatiba babestuak, Foru Arau honen Lehen Xedapen Gehigarrian aipatzen diren Eraldaketarako Nekazaritza Sozietateak, Ente Publikoak, kapital sozial gehiena ente publikoen esku duten Sozietateak, eta azkenik, aurreko parrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituzten eta pertsona fisikoek bakarrik osatuak diren ondasun eta eskubide komunitateak.

2. Beren nekazaritzako jardunean honako muga hauek errespetatzea:

a) Kooperatibaren edo bazkideen ustialekuetan bakarrik erabiltzearren kooperatibak, zeinahi den eran, erosi, errentan hartu, landu, ekoiztu edo fabrikatzen dituen materia, produktu edo zerbitzuak ezin zaizkie bazkide ez direnei laga, salbu-eta kooperatibaren jardueraren gerakin arruntak ez badira edo lagapen hori ez bada kooperatibari egotzi ezin zaizkion arrazoien ondorioz egin behar.

b) Kooperatibaren edo bazkideen ustialekuetan sortutakoen pareko produktuak beste ustialekuetatik iritsi eta hauek kontserbatu, tipifikatu, manipulatu, eraldatu, garraiatu, banatu edo merkaturatuz gero, horien zenbatekoak ezingo du, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko, produktu propioek merkatuan duten prezioaren 100eko 5 gainditu edo, estatutuek hala aurreikusten badute, prezio beraren 100eko 40tik gorakoa izan.

Kooperatibak beste batzuen nekazaritza produktuak erabiltzen dituenean, portzentaia independienteki zehaztuko da apartatu honetan adierazitako prozesu bakoitzerako.

3. Lehen apartatuan aipatu den eremu geografikoaren barruan bazkide bakoitzak kokaturik dituen landa izaerako ondasunak direla eta ordaindu behar duen Ondasun Higiezin gaineko Zergaren oinarri ezargarriak hamar milioi pezetatik gorakoak ez izatea.

Abeltzaintzako produktuak merkaturatu eta eraldatzen dituzten kooperatibetan abeltzaintza independienteko ustialekuen bazkide titularrak integratzen direnean, bazkide hauetako bakoitzak, kooperatiba barruan nahiz hortik kanpo, ekitaldi ekonomiko bakoitzean egiten dituen salmenta edo entregen bolumena ezingo da berrogeita hamar milioi pezetatik gorakoa izan. Ente publikoak eta kapital sozial gehiena bazkide horien esku duten sozietateak ez dira horietan sartzen.

Muga horien aplikazioaren ondorioetarako, bazkide gisa beste kooperatibista, beste sozietate edo beste ondasun komunitate batzuk ageri direnean, oinarri ezargarriak edo salmenten bolumenak estatutuek ezartzen duten proportzioan egotziko zaizkio bertako bazkide bakoitzari.

Bazkideen oinarri ezargarriak edo salmenta bolumena adierazitakoak baino handiagoak direnean, horien partehartzea salbuespen gisa onartuko da, baldin eta kopuru horiek baturik gainontzeko bazkideei dagozkienen 100eko 30 gainditzen ez bada.

8. artikulua. Elkarlanean ustiatzeko kooperatibak.

Elkarlanean ustiatzeko kooperatibak bereziki babestutzat joko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenean:

1. Bertako bazkideak pertsona fisikoak izatea, hauek nekazaritzarako ustiagarrri diren lur edo bestelako ondasun higiezinak erabili eta aprobetxatzeko eskubideen titularrak izatea, eta eskubide horiek kooperatibari lagatzea bertan lanean egon ala ez. Ondasunen gaineko gozamen eskubiderik kooperatibari laga ez dioten pertsona fisikoak ere bazkide izan ahal izango dira, bertan lan egiten badute beste bazkideek lagatako ondasunak eta kooperatibak, edozein titulua medio, dauzkan bestelakoak elkarrekin ustiatzeko.

Erabilera eta aprobetxamendu eskubideak lagaz gero, kooperatibaren bazkide egin ahal izango dira, halaber, ente publikoak, kapital sozial gehiena ente publikoen esku duten sozietateak, pertsona fisikoek osatutako ondasun eta eskubide komunitateak, nekazaritza eta baso ustialekuak, esku komuneko mendiak, eta Zuzenbide Zibiletik edo Foru Zuzenbidetik arautzen diren antzeko beste erakundeak.

2. Lan kontratupeko langileen kopuruak kooperatiban diharduten bazkide langile guztien 100eko 30 ez gainditzea.

3. Landa izaerako ondasunengatik kooperatibak ordaindu behar duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren oinarri ezargarrien zenbateko osoa ez izatea hamar milioi pezetatik gorakoa bazkideen kopuruarekin, hau da, bazkide langileekin eta ustiapen eskubideak lagatzen dituztenekin, zatitu eta gero.

4. Bazkideek lurrak edo bestelako ondasun higiezinak ez lagatzea kooperatibari, haien balioak ustialekuan daudenen balio osoaren herena gainditzen badu, salbu eta lagapena ente publikoek edo kapital sozial gehiena ente publikoen esku duten sozietateek egiten badute.

9. artikulua. Kontsumo kooperatibak.

Kontsumo kooperatibak bereziki babestutzat joko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenean:

1. Pertsona fisikoak edo, hala badagokio, helmugako hartzailetzat jotzen diren entitate zein erakundeak elkartzea, hauei guztiei ondasun eta zerbitzuak eskaintzeko eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen legezko eskubide eta interesak defendatu eta sustatzeko.

2. Bazkide langileen ordainsari guztien batezbestekoak, beren eskubidean izango lituzketen kooperatiba-itzulkinak barne, Foru Arau honek 6. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako muga ez gainditzea.

3. Lurralde eremuaren barruan bazkide ez direnei egindako salmentak kooperatibak ekitaldi ekonomiko bakoitzean egindako salmenta guztien 100eko 10etik gorakoa ez izatea edo, estatutuek hala aurreikusten badute, 100eko 50 ez gainditzea.

4. Kooperatiba batean gutxienez 30 lan-bazkide badaude, eta lan-bazkide bakoitzeko gutxienez 50 kontsumo-bazkide badira, kooperatiba horri ez zaizkio aurreko apartatuan adierazitako mugak eta 12. artikuluaren 10. apartatuan ezarritakoak aplikatuko, eta Foru Arau honen 6. artikuluak 3. apartatuan xedatutakoa beteko da haiei dagokienez.

10. artikulua. Irakaskuntza kooperatibak.

Irakaskuntza kooperatibak bereziki babestutzat joko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenean:

1. Irakasgintzan aritzea bere maila, etapa, ziklo, gradu eta modalitate desberdinetan, eta jakintza eta heziketaren edozein arlotan. Eskolaz kanpoko ekintzak eta hauen gisakoak burutu ditzakete halaber, bai eta irakaskuntza osatu eta errazteko balio duten eskolaz kanpoko zerbitaezuak eskaini ere.

2. Irakaskuntza kooperatibak ikasleen gurasoak, ikasleen legezko ordezkariak edo ikasleak berak elkartzen baditu, foru arau honek 9. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

3. Irakaskuntza kooperatibak irakasleak, irakasle ez diren langileak eta zerbitzuko langileak elkartzen baditu, foru arau honek 6. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako baldintzak bete beharko ditu.

4. Irakaskuntza kooperatiba bateratua edo sektoreartekoa izanez gero, foru arau honek 6. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta 9. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu. III. KAPITULUA. BABESTUTA EZ DAUDEN KOOPERATIBEI BURUZ

11. artikulua. Babestuta ez dauden kooperatibak.

Fiskalki babestutako kooperatiben izaera galtzeko hurrengo kapituluak aurreikusten dituen egoeretakoren batean sartzen diren kooperatibak hartuko dira, Foru Arau honen ondorioetarako, babestuta ez dauden kooperatibatzat, nahiz eta legez eratuak izan eta dagokion Kooperatiben Erroldan inskribaturik egon. IV. KAPITULUA. FISKALKI BABESTUTAKO KOOPERATIBEN IZAERA GALTZEA

12. artikulua. Fiskalki babestutako kooperatiben izaera galtzeko egoerak.

Jarrraian zerrendatzen diren egoeretakoren batean sartzeak fiskalki babestutako kooperatiben izaera galtzea ekarriko du:

1. Derrigorrezko Erreserba Fondoari eta Heziketa eta Sustapen Kooperatiborako Fondoari behar diren diru zuzkidurak ez egitea legeria aplikagarriak ezartzen dituen kasu, baldintza eta zenbatekoetan.

2. Sozietatea indarrean dagoen artean banaezinak diren Erreserba Fondoak eta likidazioaren unean soberan geratzen den aktiboa bazkideen artean banatzea.

3. Heziketa eta Sustapen Kooperatiborako Fondoaren diru-kopuruak legeak aurreikusten ez dituen helburuetarako erabiltzea.

4. Kooperatibaren balantzea erregularizatzean edo kapital sozialari bazkideek egindako aportazioak eguneratzean izandako emaitzari ematen zaion erabileraren arau erregulatzaileak ez betetzea.

5. Kapital sozialari egindako aportazioengatik bazkideei ematen zaizkien ordainen interesak legeak baimentzen dituen maximoak baino handiagoak izatea, edota muga horiek gainditzea aportazio horiek berandutza-interesekin itzultzen direnean, edo kooperatiba-itzulkinak sortu arren hauek banatzen ez direnean Batzar Orokorrak sortutako Fondo Berezi batean sartzen direlako.

6. Legean, estatutuetan edo Batzar Orokorraren erabakietan ezarritakoa ez den proportzioan kreditatzea bazkideei sozietatearen itzulkinak.

7. Ekitaldi ekonomikoaren galerak ez egoztea, edo egozpen hau Legean, estatutuetan edo Batzar Orokorraren erabakietan ezarritakoaren kontra egitea.

8. Kapital sozialari bazkideek egindako aportazioek legez baimenduta dauden mugak gainditzea.

9. Entitate ez kooperatiboetan 100eko 25etik gorako partaidetza izatea kooperatibak.

Partaidetza hori 100eko 50ekoa izatera iritsi ahalko da, dena den, baldin eta entitate horiek kooperatibarako lan egiten badute prestakuntza lanetan edo lan osagarrietan.

Partaidetza horiek guztiak ezingo dira kooperatibaren baliabide propioen 100eko 50 baino handiagoak izan.

Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak, eskaera aurrez aurkezturik beti ere, partaidetza handiagoak baimendu ahal izango ditu, eta kooperatibak ez du horregatik fiskalki babestutako kooperatiba izatea galduko. Horretarako, ezinbestean frogatu beharko da partaidetza horrek kooperatibaren xede sozialak hobeto betetzen laguntzen duela eta ez dituela entitate horien oinarrizko aktuazio printzipioak hausten.

Eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean kooperatibari ez bazaio ebazpena espreski jakinarazi, baimena eman egin dela ulertuko da.

10. Bazkide ez direnekin eragiketa kooperatibizatuak egitea legeak baimentzen ez dituen kasuetan.

11. Muga bat ezarrita duten kooperatibek legez baimendutakoa baino soldatapeko langile gehiago izatea.

12. Bazkide kopurua legez aurreikusten dena baino txikiagoa izatea eta kopuru hori hamabi hilabeteko epean ez handitzea.

13. Kapital soziala estatutuek ezarritako gutxienezko zifratik behera murriztea, eta kapital hori hamabi hilabeteko epean ez handitzea.

14. Kooperatibaren jarduna edo bertako organo sozialak bi urtez geldirik egotea ageriko arrazoirik gabe.

15. Bere xedea betetzea edo jarduera kooperatibizatua garatzeko ezintasuna argi eta garbi egotea.

16. Legezko arauek zehazten dituzten kasuetan kanpoko auditoretzarik ez egitea.

13. artikulua. Ez ohiko egoerak.

Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak, idatzizko ebazpen arrazoitua tarteko, baimena eman ahal izango du bazkide ez direnekin eragiketak egitean eta soldatapeko langileak kontratatzean ez daitezen aplikatu aurreko artikuluetan aurreikusi diren mugak, baldin eta, kooperatibarekin zer ikusirik ez duten ez ohiko egoerengatik, berau, epe eta zenbateko jakin batean, bere jarduerak zabaldu beharrean aurkitzen bada.

Eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean kooperatibari ez bazaio ebazpena espreski jakinarazi, baimena eman egin dela ulertuko da. V. KAPITULUA. SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAN APLIIKATU BEHARREKO ERREGELA BEREZIAK LEHEN ATALA. Xedapen amankomunak.

14. artikulua. Xedapen amankomunak.

V. kapitulu honetan jasotzen diren arauak behar bezala eratu diren eta Kooperatiben Erroldan inskribaturik dauden kooperatiba guztiei aplikatuko zaizkie, baita fiskalki babestutako kooperatiben izaera galtzeko egoeretakoren batean sartzen badira ere.

Azken kasu horretan, kooperatibek Sozietateen gaineko Zergaren tasa orokorra ordainduko dute. BIGARREN ATALA. Oinarri ezargarria zehaztea.

15. artikulua. Eragiketa kooperatibizatuen balorazioa.

1. Kooperatibek, beren xede sozialak garatzeko, bazkideekin egiten dituzten eragiketak merkatuan duten balioaren arabera konputatuko dira.

2. Eragiketa horiengatik alderdi independienteek ondasun, zerbitzu eta prestazioen gainean hitzartzen duten prezio normala hartuko da merkatuko baliotzat.

Kooperatibak bere estatutuen arabera jarduteko duen eremuan ez bada alderdi independienteen arteko eragiketa esanguratsurik egiten, bazkideen entregek merkatuan duten balioa honela kalkulatuko da, hots, kooperatibak lortutako salmenta prezioari egin diren merkaturatze edo eraldaketetan egon ohi den marjin gordina kenduko zaio.

Bazkide langileen eta lan-bazkideen aurrerakinen zenbatekoa kalkulatzeko, besteren konturako langileen modura arituz jarduera sektore berean jasoko zituzten ordainsari arruntak hartuko dira kontuan.

Elkarlanean ustiatzeko kooperatibei lurrak edo bestelako ondasun higiezinak erabili eta aprobetxatzeko eskubideak lagatzea, zona horretan lagapen horietarako ohikoa den errentaren arabera baloratuko da.

3. Aurreko zenbakian esandakoa esanda ere, kooperatibak kontsumokoak, etxebizitzakoak, nekazaritzakoak edo, beren estatutuen arabera, bazkideei zerbitzu eta hornidurak eskaintzen dizkieten horietakoak badira, dagozkien eragiketengatik konputatuko den prezioa benetan izan dutena izango da, beti ere ez bada prezio hori zerbitzu eta hornidura horien kostua baino txikiagoa, entitatearen gastu orokorrei dagokien zatia ere barne. Bestela, azken hau aplikatuko da. Nekazaritza kooperatibek ere sistema hau aplikatu dute bai kooperatibak bere bazkideei egindako zerbitzu eta horniduretan, bai eta bazkideek kooperatibari egin eta entregatzen dizkiotenetan.

16. artikulua. Gastu kengarrien kasu bereziak.

Oinarri ezargarria zehazterakoan honako gastu hauek izango dira kengarriak:

1. Bazkideek egindako ondasun, zerbitzu edo horniduren entregen zenbatekoa, bazkideen lan prestazioak, eta bazkideek kooperatibari lagatako ondasunen errentak. 15. artikuluan xedatu den merkatuko balioaren arabera konputatuko dira horiek, nahiz eta kontabilitatean balio txikiagoa izan.

2. Legez edo estatutuen aginduz Derrigorrezko Erreserba Fondora zuzentzen den zenbatekoaren 100eko 50.

3. Kooperatibek Heziketa eta Sustapen Kooperatiborako Fondoari derrigorrez ematen dizkioten diru- kopuruak, hurrengo artikuluan zehazten diren baldintzekin.

4. Bazkideek kapital sozialari beren borondatez nahiz derrigorrez egindako aportazioek sortzen dituzten interesak, eta Euskadiko Kooperatiben Legeak 67. artikuluaren 2.b) apartatuan aurreikusten dituen Fondoen zuzkiduretatik datozenak, beti ere horien interes tasak, bazkideentzat bi puntutan gehituak eta bazkide laguntzaile eta jardun gabekoentzat lau puntutan gehituak, diruaren legezko interesa gainditzen ez badu. Erreferentziatzat ekitaldi ekonomiko bakoitza ixtean indarrean dagoen legezko interes tasa hartuko da.

Kooperatiban dauden partaidetza bereziak ordaintzeko erabiltzen diren diru-kopuruak ez dira kengarriak izango kopuru horiek kapital sozial bezala kontabilizatu direnean.

5. Kooperatibek beren arteko lankidetza butzatzen duten erakundei ematen dizkieten diru-kopuruak finantzak saneatu edo kooperatiba nahiz jarduera berriak sustatu eta garatzeko. Kenkaria egin ahal izateko, eta aportazioa gauzatu baino lehen, Zerga Administrazioak espreski onartu beharko dio erakunde horri bere izaera, eta onarpena hori eman egin daiteke edo ez.

Kooperatiben arteko lankidetza sustatzea helburu duten erakundeak Zerga Administrazioak onartzen dituenean, ez dute kooperatiba elkartuetatik jasotako diru- kopuruengatik tributatu beharko kopuru horiei eman zaien erabilera erakundearen xede sozialean aurreikusitakoa izan dela frogatzen bada.

17. artikulua. Heziketa eta Sustapen Kooperatiborako Fondoaren betekizunak.

1. Heziketa eta Sustapen Kooperatiborako Fondoaren zuzkidurengatik kengarria den zenbatekoa ezingo da bere soberakin garbien 100eko 30etik gorakoa izan ekitaldi ekonomiko bakoitzean.

Fondoa kooperatibaren Batzar Orokorrak onartuko duen planaren arabera aplikatuko da.

2. Fondoaren zuzkidurak eta planak exijitu ditzakeen aplikazioak, gastu arruntak izan nahiz ibilgeturako inbertsioak izan, bereiz jasoko dira sozietatearen kontabilitatean, eta kontuek argi eta garbi adieraziko dute fondo horri atxikita daudela.

3. Plana betetzeari ekin bazaio eta onartutako zuzkidura bere osoan gastatzen edo inbertitzen ez bada hurrengo ekitaldian, erabili ez den zenbatekoa ekitaldi berean materializatu beharko da aurrezki kontuetan edo Euskal Autonomi Elkarteko Herri Administrazioek jaulkitako Zor Publikoan.

4. Fondoa onartu ez diren helburuetarako erabiltzeak behar ez bezala aplikatu den zenbatekoa ekitaldi horretan izandako sarreratzat hartzea ekarriko du, 12. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren kaltetan gabe.

Era berean jokatuko da Derrigorrezko Erreserba Fondoaren zatia bazkideen artean banatzen denean, 12. artikuluaren 2. apartatuan xedatutakoaren kaltetan gabe.

5. Ekitaldia ixtean, gastu eta errenta negatiboen kontuen saldoak Fondoaren emaitzak bilduko dituen kontu berezi batean zordunduko dira, eta bereziki honako hauek:

a) Prestakuntza, heziketa eta kultur sustapenerako gastu arruntak.

b) Fondoari atxikitako ibilgetuaren ondasunak artatu, konpondu eta amortizatzeko gastuak.

c) Ondasun horiek inorenganatzean izandako galerak.

6. Sarrera eta beste errenta positiboen kontuen saldoak ere modu berean zordunduko dira kontu horretan, eta bereziki honako hauek:

a) Fondoaren helburuak betetzeko jaso diren subentzioak, dohaintzak eta laguntzak.

b) Kooperatibak bere bazkideei ezarritako disziplinazko zigorrak.

c) Aurreko 3. apartatuan aipatu diren materializazioen etekin finantzarioak.

d) Fondoari atxikitako ibilgetuaren ondasunak inorenganatuz lortutako mozkinak.

7. Era horretara zehazten diren emaitzen kontuaren saldoa Fondoaren kontura eramango da.

Gastu, galera, sarrera eta mozkinen partidak Fondoaren emaitzen kontura eramaten badira, kooperatibaren oinarri ezargarria kalkulatzerakoan ez dira aintzat hartuko Sozietateen gaineko Zergari dagokionean.

8. Artikulu honetan xedatutakoa beste edozein fondori ere aplikatuko zaio prezeptu honek araututakoak bezalako izaera eta helburuak baditu, baita dagokion legeria aplikagarriaren indarrez beste izenen bat hartzen badu ere.

18. artikulua. Kengarriak ez diren gastuak.

Oinarri ezargarria zehazterakoan ezin dira gastu kengarritzat hartu kooperatibak, soberakinak edukitzeagatik, bazkideen artean banatzen dituen diru-kopuruak, ez eta ere, ondasun, zerbitzu eta horniduren entregei, bazkideen lan prestazioei eta bazkideek kooperatiben esku utzitako ondasunen errentei kontuetan esleitzen zaien balioa, baldin eta balio honek foru arau honen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera zehazten den merkatuko balioa gainditzen badu. HIRUGARREN ATALA. Zerga zorra.

19. artikulua. Ezarpen bikoitza saihesteko kenkaria.

Kooperatiba babestuetatik eta bereziki babestuetatik etortzen diren itzulkinen ezarpen bikoitza saihesteko kenkaria foru arau honen 25. artikuluan xedatutakoari jarraituz egingo da.

20. artikulua. Kenkaria enplegua sortzeagatik.

Sozietateen gaineko Zergak enplegua sortzeagatik aurreikusten duen kenkaria honako kasuotan aplikatuko da, hots, ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezarritako supostu eta baldintzetan eta, halaber, lankide-kooperatibetan bazkide langile berriak edo, edozein kooperatibatan, oro har, lan-bazkide berriak behin-betiko onartzen direnean probaldia behin gainditu eta gero. LAUGARREN ATALA. Aportazio sozialak eguneratzea.

21. artikulua. Aportazio sozialak eguneratzea.

Kooperatiben balantzea Sozietateen gaineko Zergari atxikita dauden entitateen baldintza eta onura berdinekin erregularizatu ahal izango da, baina, hori bai, Kooperatiben Legeek balantzearen erregularizazioaren emaitzari ematen zaion erabilerari buruz diotena eragotzi gabe. BOSGARREN ATALA. Atxikipenak eta konturako beste ordainketak.

22. artikulua. Atxikipenak eta konturako beste ordainketak.

1. Kooperatiba Elkarteek indarrean dagoen ordenamenduak agintzen dituen atxikipenak egin beharko dizkiete beren bazkideei eta hirugarrenei, bai eta bidezkoak gertatzen diren konturako beste ordainketa guztiak gauzatu ere.

Gertatzen bada, hain zuzen, bazkideak Lankide Kooperatibetako bazkide langile direla edo beste edozein kooperatibatako lan-bazkide modura ari direla, lan pertsonalaren etekinak kapital higiezinaren etekinetatik bereiziko dira. Lan aurrerakinen zenbatekoa lan etekinak direla joko da, baina dagokion jarduera sektorerako zonan ematen diren ordainsari arrunten zenbatekoa gainditu gabe.

2. Ondorio horietarako, ekitaldi ekonomikoan erabilgarri gelditzen den soberakinaren zatia kooperatiba-itzulkin gisa kreditatzen zaienean bazkideei dibidenduen trataera bera izango du.

Foru arau honen 18. artikuluan gastu ez kengarri bezala definitu diren diru-kopuruak eta kontuan esleitutako gehiegizko balioak itzulkin aurreratutzat joko dira.

3. Atxikipena benetan ordaindutako zenbatekoengatik eta kontura abonatutakoengatik egin beharko da exijigarri gertatzen diren unetik aurrera.

23. artikulua. Erregela bereziak.

1. Kooperatiba-itzulkinak ez dira kapital higigarriaren etekintzat hartuko eta ez dute, beraz, atxikipenik izango honako kasuotan:

a) Kapital sozialari gehitu eta bazkidearen aportazioak handitzen dituztenean.

b) Aurreko ekitaldietako galera sozialak konpentsatzeko erabiltzen direnean.

c) Batzar Orokorrak arautuko duen Fondo Berezi batean sartzen direnean, beti ere bazkideari itzultzeko epea amaitzen ez bada, honek baja hartzen ez badu edo galerei aurre egiteko nahiz kapital sozialari aportazioak egiteko erabiltzen ez baditu.

2. Aurreko c) apartatuan jasotako kasuetan, atxikipena egiteko obligazioa itzulkinaz baliatzeko finkatzen den lehen egunean hasten da, lehen esandako modalitateetako edozein erabiliz, eta bere kasuan sor daitezkeen interesei dagokienez, obligazio hori interesak likidatzeko seinalatzen den egunean hasten da. III. TITULUA KOOPERATIBEN BAZKIDEEI BURUZ

24. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan hainbat partidak duten trataera.

Sujetu pasiboa kooperatiba baten bazkide denean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aplikatzerakoan honako arau hauek hartuko dira kontuan:

a) Foru arau honen 22. eta 23. artikuluen arabera atxikipena izan behar duten kooperatiba- itzulkinak kapital higigarriaren etekinak direla joko da.

b) Bazkideei egozten zaizkien galera sozialak ez dira inoiz oinarri ezargarria kalkulatzeko kengarriak izango.

c) Aportazio sozialak eskualdatu edo berreskuratzeagatik ondarean gertatzen diren aldaketen zenbatekoa honela kalkulatuko da: eskurapen kostuari sarrerako kuotak eta aldian-aldikoak gehituko zaizkio, eta horrekin batera, baita kooperatiben galerak ere hauek, Euskadiko Kooperatibei buruzko Legeak edo Kooperatibei buruzko Lege aplikagarriak diotenari jarraiki, bazkideari egotzi zaizkionean, dirutan itzuli edo bazkideak dituen itzulkinekin konpentsatzen direnean. Batzar Orokorrak arautuko duen Fondo Berezi batean sartuta egon behar dute itzulkin horiek.

d) Kooperatiba batek, bazkidearen izenean, beste kooperatiba batera eramaten dituenean haren aportazioak, aportazio horiek ez direla eskualdatzen edo berreskuratzen ulertuko da honako baldintza hauek guztiak betetzen badira:

-Aportazioaren tokialdatzea bazkide titular bat beste kooperatiba batera joateagatik gertatzea.

-Bazkide titularrak aportazio soziala erabiltzeko ahalmenik ez izatea.

-Baja ematen dion kooperatibaren estatutuek argi uztea bazkidea beste kooperatiba batera joanez gero bere aportazioa ere hara eraman behar duela inolako diru-itzulketarik gabe.

-Kooperatiba hartzaileak espreski ezagutzea zeintzuk diren tokialdatutako aportazioaren eskurapen kostua baloratzeko behar diren datuak bazkideak utzi duen kooperatiban edo, hala balitz, honen aurrekoetan sartu zenez geroztik.

25. artikulua. Kooperatiba-itzulkinen ezarpen bikoitza saihesteko kenkaria.

Kooperatiba babestuetako bazkideek, pertsona fisiko nahiz juridikoak izan, kooperatiba-itzulkinak jaso dituztenean, 100eko 10 kendu ahal izango dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuotan edo, hala badagokio, Sozietateen gaineko Zergan. Gertatzen bada bereziki babestutako kooperatiba bat dela eta beren etekinek, horregatik, foru arau honen 27. artikuluak 2. apartatuan aurreikusten duen hobaria izan dutela, kenkaria itzulkin horien 100eko 5ekoa izango da. IV. TITULUA KOOPERATIBEI AITORTZEN ZAIZKIEN ZERGA ONURAK

26. artikulua. Kooperatiba babestuei aitortzen zaizkien zerga onurak.

Kooperatiba babestuek honako zerga onura hauek izango dituzte:

1. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari dagokionez, aplikagarri diren kontzeptu guztiak zergaz salbuesten dira, bat izan ezik, hain zuzen ere, abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauak, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarenak, 29.1 artikuluan aurreikusten duen karga, ondorengo egintza, kontratu eta eragiketak hartzen dituena:

a) Eratze egintzak, kapital zabalketak, bategiteak eta zatiketak.

b) Maileguak eratu eta kantzelatzea, baita obligazioekin egiten direnak ere.

c) Bere helburuak betetzeko Heziketa eta Sustapen Kooperatiborako Fondoan sartzen diren ondasun eta eskubideak eskuratzea.

2. Sozietateen gaineko Zergan aplikatuko den tasa 100eko 21ekoa izango da.

Hala eta guztiz ere, neurriz txikiak diren kooperatibek Sozietateen gaineko Zergaren araudiaren arabera enpresa txikitzat hartzeko baldintzak betetzen badituzte, 100eko 19eko tasa aplikatuko zaie zerga horretan uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak, Sozietateen gaineko Zergarenak, 29.1.b) artikuluan aurreikusten dituen era eta baldintzetan.

3. Kooperatiben erroldan inskribitu eta hiru urteko epearen barruan aktibo finko berri amortizagarria eskuratzen duten kooperatibek amortizazio askatasuna izango dute, halaber, Sozietateen gaineko Zergan.

Amortizazio askatasunagatik zergan kendu ahal izango den zenbatekoak ezingo du, ekitaldi bakoitzean gutxieneko zenbatekotik gora egin behar den ohiko amortizazioaren ondoren, emaitzen kontuaren saldoa gainditu, eta saldo hau gutxitua egongo da Derrigorrezko Erreserba Fondoaren nahitaezko aplikazioetan eta soldatapeko langileen partaidetzetan.

Bidezko gertatuz gero, zerga onura hau bateragarria izango da, elementu horietarako, Sozietateen gaineko Zergaren araudiak inbertsioa dela eta aurreikusten dituen kenkariekin.

4. Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak erregulatzen dituenak, 9. artikuluan xedatzen duenez, udalerriek kuotaren eta, hala badagokio, errekarguen 100eko 25, 50, 75 edo 95eko hobaria eman ahal izango diete kooperatiba babestuei ondoko udal zerga hauetan:

a) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan.

b) Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, Nekazaritza eta Elkarlaneko Kooperatiben landa ondasunei dagokienean.

27. artikulua. Bereziki babestutako kooperatibei aitortzen zaizkien zerga onurak.

Bereziki babestutako kooperatibek honako zerga onura hauek izango dituzte aurreko artikuluan adierazitakoez gainera:

1. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan, ondasun eta eskubideak eskuratzea zergaz salbuesten da kooperatibaren eta estatutuen xedeak betetzeko zuzenean erabiltzen direnean.

2. Sozietateen gaineko Zergan, kuota osoaren 100eko 50arekin hobarituko dira.

Nekazaritza ustialekuak berritzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legeak lehentasunezkotzat jotzen dituen ustialeku elkartuak Foru Arau honetan bereziki babestutako nekazaritza kooperatibatzat hartzen direnean, 100eko 75eko hobaria izango dute kuota osoan.

3. Sozietateen gaineko Zergan, zerga honi buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak 26. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusten duen oinarri ezargarriaren murrizpenaz gozatzeko enpresa berriek bete behar dituzten baldintzen ordez honako hauek ezartzen dira:

a) Bategiketa edo bereizketa baten bidez, aktibo eta pasibo osoa lagaz edo jarduera-adarrak aportatzearen ondorioz sortuak ez izatea, Sozieateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak VIII. tituluaren X. kapitulua zehaztutakoaren arabera.

b) Gutxienez 10 lanpostu sortzea jarduera enpresariala hasi ondorengo sei hilabeteetan, eta plantilako batezbesteko horrek irautea une hartatik oinarri ezargarria murrizteko eskubidea iraungitzen den ekitaldira arte.

c) Zerga ordainketa kooperatiba taldeen erregimenaren barruan ez egitea.

28. artikulua. Bigarren mailako kooperatibak.

1. Foru arau honen 12. artikuluan adierazitako egoeretan sartzen ez diren bigarren eta hurrengo mailako kooperatibek foru arau honek 26. artikuluan aurreikusten dituen zerga onurak izango dituzte.

2. Foru arau honen 12. artikuluan adierazitako egoeretan sartzen ez diren bigarren eta hurrengo mailako kooperatibek bereziki babestutako kooperatibak bakarrik elkartzen dituztenean, Foru Arau honen 27. artikuluan aurreikusten diren zerga onurak ere izango dituzte.

3. Kooperatiba elkartuak babestuak eta berezi babestuak direnean, 26. artikuluan aurreikusitako onurez gain, foru arau honek 27. artikuluaren bigarren apartatuan jasotzen duen hobaria ere izango dute, eta hau bereziki babestutako kooperatibekin egindako eragiketen emaitzen kuota osoari baino ez zaio aplikatuko.

29. artikulua. Kooperatiben batasun, federazio eta konfederazioak.

Kooperatibei buruzko legeetan xedatutakoari jarraiki eratzen diren kooperatiben batasun, federazio eta konfederazioek honako zerga onura hauek izango dituzte:

a) Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan, bereziki babestutako kooperatibei salbuesten zaizkien egintza, kontratu eta eragiketa berberak salbuesten dira.

b) Sozietateen gaineko Zergatik salbuesten dira araudi erregulatzaileak ezarritakoaren arabera.

c) Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak erregulatzen dituenak, 9. artikuluan xedatzen duenez, udalerriek, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga dela eta, kuotaren edo, hala badagokio, errekarguen 100eko 25, 50, 75 edo 95eko hobaria eman ahal izango diete kooperatiben batasun, federazio eta konfederazioei.

30. artikulua. Zerga onurak aplikatzea eta hauek galtzea.

Foru arau honetan jasotzen diren salbuespen eta hobariak babestutako kooperatibei eta, hala badagokio, bereziki babestutakoei aplikatuko zaizkie, eta ez da beharrezkoa izango horien bidezkotasunari buruz ezein aitorpen administratiborik aurrez egitea.

Fiskalki babestutako kooperatiben izaera galtzeko foru arau honetan tipifikatzen diren egoeretakoren bat agertuz gero, zerga erregimen orokorra izango da aplikatuko dena foru arau honen 14. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuz, eta ekitaldi ekonomikoan gozatu diren onurak galdu egingo dira. Hau guztia, Zergen Foru Arau Orokorrak urrapen eta zigor tributarioei buruz eta berandutza-interesei buruz dioena aplikatzearen kaltetan gabe egingo da eta, bereziki arau horrek 84. artikuluan eta 86. artikuluaren 3. apartatuan isunak ez diren zigorrei buruz xedatutakoa eragotzi gabe.

31. artikulua. Egiaztapena eta ikuskapena.

Zerga Administrazioak foru arau honetan ezartzen diren zerga onurak gozatzeko behar diren zirkunstantzia edo baldintzak bete egiten direla egiaztatuko du eta, bidezkoa bada, kooperatibaren egoera tributarioa erregularizatzeari ekingo dio hala behar denean. V. TITULUA KREDITU KOOPERATIBEI BURUZ

32. artikulua. Kreditu kooperatiben definizioa zerga ondorioetarako.

1. Kreditu Kooperatibei buruzko maiatzaren 26ko 13/1989 Legearen eta Kooperatibei buruzko beste lege aplikagarrien printzipio eta xedapenak betetzen dituzten entitateak hartuko dira, foru arau honen ondorioetarako, kreditu kooperatibatzat, baldin eta Espainako Bankuaren Erroldan, Merkataritza Erroldan eta dagokien Kooperatiben Erroldan inskribaturik badaude.

2. Ezingo dira halakotzat hartu, nahiz eta izen hori erabili eta kalifikazioa oraindik galdua ez izan, Kreditu Entitateen Disziplina eta Eskuhartzeari buruzko uztailaren 29ko 26/1988 Legeak larri edo oso larritzat kalifikatzen dituen arau-hausketengatik zigortuak izan direnak, edota foru arau honen 12. artikuluan aurreikusten diren egoeretakoren batean sartzen direnak. Artikulu horren 6., 10. eta 13. apartatuetan jasotako egoerak aldatu egiten dira Kreditu Kooperatibei aplikatzerakoan, horientzat honako hauek ezartzen dira eta:

a) Kooperatibekin egindako eragiketen proportzioan ez kreditatzea bazkideei itzulkinak edo bazkide ez diren beste batzuei banatzea itzulkin horiek. Lan-bazkideak egonez gero, kooperatibak babestua izaten jarraituko du haiei kreditatzen zaizkien itzulkinak ekitaldi ekonomikoan jasotako lan aurrerakinen proportzioan baldin badaude.

b) Bazkide ez direnekin eragiketa aktiboak egitea hauek kooperatibaren baliabide guztien 100eko 50 gainditzen dutenean ekitaldi ekonomikoan.

Portzentaia horretan konputatu gabe utziko dira kreditu kooperatibek kooperatiba elkartuen bazkideekin egiten dituzten eragiketak, diruzaintzako soberakinak bankuarteko merkatuan sartzekoak, eta legezko koefizienteak estali nahiz diruzaintzako soberakinak merkaturatzeko asmoz errenta finkoko balore eta aktibo finantzarioak erostekoak.

c) Kapital soziala bere unean ezarriko den gutxienezko zifratik behera murriztea arauzko epean handitu gabe, edo kooperatibak beren estatutuen eremutik kanpo eragiketak edo zerbitzuak egitea aurretik kapitala gehitu gabe eta estatutuetan derrigorrezko aldaketak egin gabe.

33. artikulua. Aitortzen zaizkien zerga onurak.

Aurreko artikuluan aipatzen diren kreditu kooperatibei hurrengo zerga onura hauek aplikatuko zaizkie:

1. Sozietateen gaineko Zergan 100eko 28ko tasa aplikatuko zaie.

2. 26. artikuluan jasotzen diren zerga onurak, beren izaera eta jardueragatik aplikagarriak baldin bazaizkie, artikulu horren 2. eta 3. apartatuetan zehaztutakoak izan ezik. VI. TITULUA KOOPERATIBA TALDEEN ERREGIMENA

34. artikulua. Kooperatiba elkarteen taldeak.

1. Beren estatutuen indarrez enpresa-jardunean harreman lotesleak dituzten kooperatiba taldeek Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak VIII. tituluaren IX. kapituluan sozietate taldeentzat aurreikusten duen erregimena aukeratu ahal izango dute, eta hau bere osoan aplikatuko da foru arau honetan xedatutakoarekin bat datorren bitartean.

2. Sozietate taldeen erregimenaren ondorioetarako, talde buru den entitate batek eta hari elkartuta dauden kooperatibek osatuko dute kooperatiba taldea, eta talde buruak erabakitzeko ahalmena izango du horien gainean estatutuetan ezarritakoaren arabera.

Kooperatiba elkarteen talde burua kooperatiba elkarte bat edo beste edozein entitate izan daiteke. Beste entitate bat izanez gero, bere xede bakarrak taldea osatzen duten kooperatiben garapena eta epe luzerako estrategiak planifikatu eta koordinatzea izan beharko du. Hemen aipatutakoak ez bezalako pertsona edo entitateek ezingo dute bertan parte hartu.

3. Harreman lotesleak egoteak berekin dakar kooperatiba taldearen partaide bakoitzak lortzen duen soberakin garbia solidarioki eta hurrengo artikuluan adierazten den eran banatzeko konpromezua hartzea. Konpromezu hau kooperatiba guztiek izenpetuko duten eskritura publikoan jasoko da, bai eta bakoitzaren estatutuetan agertu ere.

4. Soberakin garbiaren 100eko 25 izango da gutxienez banatu beharreko portzentaia, beti ere zergak eta, legearen aginduz, erreserba fondoari eman beharreko diru-kopuruak kendu ondoren, eta banaketa taldekide diren kooperatiben bazkideek egindako eragiketa, jarduera eta zerbitzuen zenbateko ekonomikoaren zuzeneko proportzioan egingo da.

35. artikulua. Kooperatiba taldeen erregimena aplikatzea.

1. Taldea osatu behar duten kooperatiba elkarte guztiek hala erabakitzen dutenean aplikatuko da sozietate taldeen erregimena. Talde buru den entitateak, erregimen hau aplikatzen hasten den zergaldiko lehen hilaren azken eguna baino lehen, erabaki horien berri eman beharko dio Zerga Administrazioari eta, horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Sozietate taldeen erregimenera biltzeko kooperatiba elkarteetako Batzar Orokorrek hartutako erabakia.

b) Aurreko artikuluaren 3. apartatuan aipatzen den konpromezua hartzen dutela adierazten duen eskritura publikoa.

c) Taldekide diren kooperatiba elkarteen estatutuak.

2. Kooperatiba elkarteek, sozietate taldeen erregimena behin aukeratu eta artikulu honetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituztenean, kooperatiben taldean geldituko dira nahitaez sartuta baldintza horiek bete eta hurrengo ekitalditik aurrera.

Aldiz, baldintza horiek jada betetzen ez dituzten kooperatiba elkarteak horiek betetzeari utzi dioten ekitaldi berean geratuko dira taldetik kanpo.

36. artikulua. Ezabapenak.

Sozietateen gaineko Zergaren oinarri ezargarri kontsolidatua kalkulatzeko, zerga horren araudian eta foru arau honetan jasotzen diren xedapenak aplikatuko dira, eta ezabapenak talde barruko eragiketa hauek direla eta baino ez dira egingo:

a) Talde barruko kooperatiben arteko itzulkinak.

b) Hartutako obligazioak betetzeko kooperatiba elkarteek elkarri eman beharreko diru-laguntzak ez dira gastu kengarriak izango eta ez dira sarrera bezala ere konputatuko.

c) Talde buru den entitateak banatutako emaitzak.

37. artikulua. Kooperatiba taldearen kuota osoaren kenkariak eta hobariak.

1. Kooperatiba taldearen kuota osoa foru arau honetan eta aplikagarri den erregimen orokorrean aurreikusten diren kenkari eta hobarien zenbatekoan gutxiko da.

Kenkari eta hobari horiek eskuratzeko ezarritako baldintzak kooperatiba taldeak bete beharko ditu.

2. Ezarpen bikoitza saihesteko kenkariak aplikatzerakoan foru arau honetan jasoten diren berezitasunak hartuko dira kontuan.

3. Kooperatiba batek kooperatiba taldean sartzerakoan egin gabe baldin baditu kenkariak, talde horren kuota osoan deduzitu ahal izango ditu horiek, eta muga banakako erregimenean tributatu izan balu edukiko zuen berbera izango da.

38. artikulua. Kooperatiba taldeen erregimena galtzea.

Sozietate taldeen erregimena, araudi orokorrean aipatzen diren arrazoiengatik ez ezik, kooperatibaren soberakina solidarioki banatzeko konpromezua ez betetzeagatik ere galduko da.

Sozietate taldeen erregimena galdu egingo da, halaber, talde buru den entitateak, sozietate kooperatibo ez izanik, 34. artikuluaren 2. apartatuan adierazitako xedea ez duten jarduerak burutzen dituenean.

39. artikulua. Atxikipenak.

Kooperatiba elkarteen taldekide diren entitateek ordaintzen dituzten kapital higigarriaren etekinek ez dute atxikipenik izango.

40. artikulua. Talde buru den entitatea.

Sozietate talde batean nagusitasuna duen sozietateari lege eta zerga arloko ordenamenduak ematen dizkion ahalmen, erantzukin eta obligazio guztiak talde buru den entitateak hartuko ditu, beti ere foru arau honetan ezarritakoarekin bat badator. XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.

Abuztuaren 3ko 1776/1981 Erret Dekretuan jasotako helburuak betetzeko sortu eta dagokion erroldan inskribitzen diren Eraldaketarako Nekazaritza Sozietateek honako zerga-onura hauek izango dituzte:

a) Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan, erabat salbuetsita daude kooperatibaren eraketari eta kapital zabalketari dagokienean.

b) Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak erregulatzen dituenak, 9. artikuluan xedatzen duenez, udalerriek, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga dela eta, kuotaren edo, hala badagokio, errekarguen 100eko 25, 50, 75 edo 95eko hobaria eman ahal izango diete eraldaketarako nekazaritza sozietateei.

Zerga-onura hauek gozatu ahal izateko ezinbesteko baldintza izango da eraldaketarako nekazaritza sozietateek funtsezko aldaketarik ez izatea beren izaeran, dagokion erroldan inskribitzeko behar diren baldintzak betetzen jarraitzea, eta sozietate hauen arau erregulatzaileak ez haustea.

Aipatu zerga-onurak aplikatu eta egiaztatzeari dagokionez, eraldaketarako nekazaritza sozietateei foru arau honek 31. eta 32. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Bigarrena.

Fiskalki babestuta dauden lankide kooperatibek bazkide minusbaliatuak badituzte 100eko 50eko portzentaian gutxienez eta, kooperatiba eratzean horiek langabezian zeudela frogatzen badute, kooperatibaren lehen bost urteetan 100eko 90eko hobaria izango dute Sozietateen gaineko Zergaren kuota osoan aipatu bazkide portentzaia mantentzen den bitartean. XEDAPEN IRAGANKORRA

Aurreko ekitaldietatik datozen kuota oso negatiboak abenduaren 19ko 20/1990 Legeak, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzkoak, 24. artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztu badira eta, foru arau hau indarrean sartzean, konpentsatu gabe egonez gero, oinarri ezargarri positiboekin konpentsatu ahal izango dira. Oinarri ezargarri positibo hauek, halabaina, aipatu kuotak kalkulatzen diren zergaldiaren hasieratik kontatzen hasi eta hurrengo 15 urte jarraituetan amaitzen diren zergaldietan lortu beharko dira.

Ondorio horietarako, kuota horiek oinarri ezargarri bihurtu behar dira beren zehaztapenerako erabili ziren karga tasa berberak aplikatuz. Aurreko parrafoan adierazitako konpentsazioa ezingo da egin esandako eragiketetatik ateratzen diren oinarri ezargarrien batuketak emaitza negatiboa ematen duenean baizik. AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena. 20/1990 Legera jotzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren zerga araudiak, gai orokor zein jakinetan, Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko abenduaren 19ko 20/1990 Legera jotzeko esaten duen guztietan, Foru Arau honetara jotzeko dioela ulertuko da.

Bigarrena. Uztailaren 4ko 7/1996 Foru Araua, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoa, aldatzea.

1. Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 33. artikuluari beste apartatu bat gehitzen zaio, 7.a, testu hau duela:

«7. Kooperatiba babestuen eta bereziki babestuen itzulkinen ezarpen bikoitza saihesteko kenkaria Kooperatiben Zerga Erregimenari buruzko Foru Arauak 26. artikuluan xedatutakoari jarraiki egingo da».

2. Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauaren 29. artikuluko 2.c) eta 3.a) apartatuak ezabatu egiten dira.

3. Sozietateen gaineko Zergari buruzko uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauak 39. artikuluaren 1. apartatuko lehen parrafoan dioena aldatu eta honela berridazten da:

«1. Zergaren tasa orokorrera bildutako sujetu pasiboek eta fiskalki babestutako kooperatibek ekitaldiko kontabilitate- emaitzatik datozen diru-kopuruen 100eko 10 kendu ahal izango dute kuota likidotik baldin eta diru-kopuru horiek Erreserba berezi batera zuzentzen badituzte. Erreserba berezi horrek Inbertsioetarako Erreserba edota Ingurugiroa Kontserbatu eta Hobetzeko nahiz Energia Aurrezteko Erreserba izango du izena, eta honako baldintza hauek bete beharko ditu:»

Hirugarrena.

Foru Arau hau Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratzen den egunean sartuko da indarrean, eta 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan izango du eragina.

Aurreko parrafoan jasotakoa jasota ere, gertatzen bada kooperatibek 1997ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi dutela zergaldia eta Foru Arau hau indarrean sartu baino lehen amaitzen dela zergaldi hori, lehendik indarrean zegoen araudia aplikatu ahal izango dute hala izanez gero.

Laugarrena.

Foru Aldundiak behar diren arauak emango ditu Foru Arau hau aplikatu eta garatzeko.