Aurkibidea
Diputatuen Kontseiluak, 2005eko ekainaren 7an eginiko bilkuran, Ararteko Erakundearekin sinatuko den lankidetza hitzarmena onartu zuen; haren testua hau da:
ELKARTU DIRA
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda jauna, Gipuzkoako diputatu nagusia.
Iņigo Lamarca Iturbe jauna, Arartekoa, Eusko Legebiltzarreko mandataria.
ESKU-HARTZEAK
Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda jaunak Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean esku hartzen du, Diputatuen Kontseiluak 2005eko ekainaren 7ko bileran hartutako erabakiz dokumentu hau izenpetzeko berariazko baimena emanda.
Iņigo Lamarca Iturbe jaunak 1997ko ekainaren 23ko Arartekoa Erakundearen Antolaketa eta Funtzionamenduko Erregelamenduko 8. artikuluak, 52.arekin lotuta, ematen dizkion eskumenen ahalmenez esku hartzen du.
Erakundeen arteko harreman guztietan beharrezkoak diren koordinazio, lankidetza eta elkarrekiko errespetuaren printzipioei jarraituz, elkartuek lankidetza hitzarmen hau sinatzeko behar den lege gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta ildo horretan ondorengo azalpenak egiten dituzte.
AZALPENAK
I. Foru Aldundiaren Administrazioa Modernizatzeko Planaren ardatz nagusietako bat herritarrentzako harrera eta laguntza zerbitzuak hobetzea da, gogoan izanik herritarrek eskubidea dutela Foru Aldundiaren zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruz kexak, erreklamazioak eta iradokizunak egiteko.
II. Arartekoa Eusko Legebiltzarraren goi mandataria da, administrazio publikoekiko harremanetan herritarren oinarrizko eskubideak defendatzeko eta zaintzeko izendatua, eta haren eginkizuna nagusiki Administrazioa kontrolatzea da, herritarren ongi administratuak izateko eskubidea eta legezkotasun printzipioaren bermea gordetzearren, beti zainduz Euskal Erkidegoaren Autonomia Estatutuko 9. artikuluan jasotako antolaketa demokratikoaren oinarri orokorrak bete behar direla.
III. Administrazio publikoen jarduera publikoa ongi bidera dadin zaintzeko eginkizun horiek betetzeko Arartekoak dituen ikerketa ahalmen eta botereen esparruak barnean hartzen du Gipuzkoako Lurralde Historikoko Administrazioa.
IV. Gipuzkoako Foru Aldundiak Arartekoa Erakundeari zinez lagundu nahi dio herritarrek Administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak eta askatasunak defendatzen, Arartekoak bere eginkizunak dagokion independentziaz eta eraginkortasunez bete ditzan.
V. Arartekoaren ahalmenak eta eskumenak egintzetan ondo gauzatzeko garrantzi handia dauka komunikazio eta harreman sistema egoki bat ezarririk bi erakundeon artean koordinazioa eta lankidetza bideratzeak. Horregatik, ondoren ezartzen diren klausuletan mamitzen den lankidetza hitzarmen hau sinatzea adostu dute.
Hitzarmen honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Arartekoa Erakundearen arteko lankidetza esparrua zehaztu nahi da, erakunde horren jarduera beharrezko dituen lastertasun eta eraginkortasunaz bidera dadin, horrela Aldundiaren jarduketa administratiboan eta ematen dituen zerbitzu publikoetan objektibotasuna eta eraginkortasuna zainduta administratuen eskubideak berma daitezen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2005eko uztailaren 1ean hasita, bere baitan eta bere mendeko erakunde autonomo eta bestelako entitate publikoetan, indarrean jarriko ditu Arartekoak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Administrazioari zuzendutako kexa, informazio eskari, errekerimendu eta gomendioen tramitazioari eta kontrol sistema orokorrari buruzko arauak, Arartekoak, ofizioz edo alde batek eskaturik, lankidetza hitzarmen honetan jasotzen diren jarduketak hasten dituenean.
Hirugarrena. Espedienteak tramitatzea.
Arartekoa Erakundeak aurreko klausulan aipatutako jarduketei buruzko idatziak Foru Aldundiari bidaltzen dizkionean, Foru Aldundiko Araubide Juridikoko Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu, jatorriz dagokion foru departamentu edo entitatera bideraturik behar den informazioa, dokumentazioa edo erantzuna eskuratzeko, eta ondoren, eskakizun formalak bete direla egiaztatu eta gero, Zuzendaritzak berak bidaliko dizkio Arartekoa Erakundeari.
Laugarrena. Presakotzat edo arreta berezikotzat jotzen diren espedienteen tramitazioa.
Arartekoa Erakundeak, presagatik edo kexaren mamiak izaera berezia duelako beharrezkoa deritzonean, foru departamentu edo entitatearekin zuzenean tramitatu ahal izango du espedientea.
Hala eta guztiz ere, Arartekoa Erakundeak gestio berezi horren jakinaren gainean jarriko du Foru Aldundiko Araubide Juridikoko Zuzendaritza Nagusia, dagozkion ondorioetarako.
Bosgarrena. Harreman eta komunikazio organoak.
Hitzarmen honetan aurreikusitako gaietarako, foru departamentu edo entitate bakoitzeko idazkaritza teknikoa edo horren pareko organoa arduratuko da Araubide Juridikoko Zuzendaritza Nagusiarekiko komunikazioaz eta Arartekoaren esku-hartzea ekarri duten gaien jarraipena egiteaz departamentuaren edo foru entitatearen baitan.
Seigarrena. Laguntza eman beharra betetzea.
Arartekoa Erakundea sortu eta arautzen duen 1985eko otsailaren 27ko 3/85 Legeko 23. artikuluak ezartzen duen bezala laguntza eman beharra betetzearren, Foru Aldundiko departamentuek eta haren mendeko entitateek lehentasunez eta presaz emango dituzte Arartekoa Erakundeak eskatzen dizkien datu, agiri, txosten eta argibide guztiak.
Zazpigarrena. Ikerketen bukaera jakinaraztea.
Arartekoak, ikerketen emaitza kexagileari jakinarazi eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundiari ere ikerketak bukatu direla adieraziko dio, Araubide Juridikoko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Arartekoa Erakundea sortu eta arautzen duen 1985eko otsailaren 27ko 3/85 Legeko 31. artikuluak ezartzen duen bezala.
Araubide Juridikoko Zuzendaritza Nagusiak ikerketen bukaeraren berri emango dio dagokion foru departamentu edo entitateari.
Zortzigarrena. Komunikazio elektronikoa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arartekoarekin elkarlanean, telematika bidezko komunikazio sistema nagusi baten lerro nagusiak diseinatuko ditu, horren bitartez bermatu nahirik herritarrek Arartekoaren bidez egindako kexa edo erreklamazioen tramitazioa eta erantzuna ahal bezain laster eta eraginkorki egingo direla, harremanaren izaerari zor zaizkion segurtasuneko berme guztiekin.
Bederatzigarrena. Datu pertsonalak.
Foru Aldundiaren zerbitzu publikoen funtzionamendua dela eta Arartekoari kexak aurkezten dizkioten herritarren datu pertsonalak erabateko konfidentzialtasunez eta datu pertsonalen babesari buruzko araudia errespetatuz erabiliko dituzte beti, datu horiek eskuartean izateko baimena dutenek.
Hamargarrena. Eraginkortasuna.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean bertan sartuko da indarrean.
Denen jakinerako argitaratzen dugu.
Donostia, 2005eko uztailaren 4a.—Jorge Balerdi, Departamentuko idazkari teknikoa.