Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Atari Instituzionalaren logotipoa eta orri nagusirako esteka

Hizkuntzak

Uztailaren 12ko 6/2005 Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko FORU ARAUA

Aurkibidea

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «uztailaren 12ko 5/2005 Gipuz-koako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko Foru Araua» eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintzariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2005eko uztailaren 12a.—Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Miranda, diputatu nagusia.

HITZAURREA

1977. urteko martxoaren 4ko 8/1977 Errege Dekretu Legeaz, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia berreratu ziren.

1978ko abenduaren 27ko Espainiako Konstituzioak, lehenengo xedapen gehigarrian, foru lurraldeen eskubide historikoak babesten eta errespetatzen ditu, eta aipatutako foru araubidea, eguneratzekotan, Konstituzioaren eta autonomia estatutuen esparruan eguneratuko dela agintzen du.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak, 1979ko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaz onartu zenak, 37.3.a) artikuluan, lurralde historikoetako foru organoei aitortzen eta esleitzen die, dagokien lurralde esparruaren barruan, beren erakundeen antolaketa, araubide eta funtzionamenduaren gaietako eskumen esklusiboa. Gai horiek osatzen dute, besteak beste, foru izaeraren muin ukiezina, Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan. Arau multzo konstituzional horren itzalean, Gipuzkoako lurralde historikoari araubide berezia eman zitzaion erakunde eta antolaketa gaiei zegokienez, non lurralde historikoen usadiozko foru araubidea aitortu zen, antolaketa probintzial arruntetik arras bereizita, alegia; izan ere, ehun urte lehenago, Foruak kendu zituztenean, antolaketa horretan sartuak izan ziren lurralde historikoak ere.

Foru araubidea gai honetan eguneratzeko, bi oinarrizko arau instituzional onartu ziren: 1983ko otsailaren 26ko Arauak Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren antolaketa arautu zuen; eta maiatzaren 30eko 3/84 Foru Arauak, berriz, lurralde historikoaren gobernu eta administrazioaren araubidea zehaztu zuen. Bi arauok eta ekainaren 25eko 5/85 Foru Arauak, Batzar Nagusien Jarduerarako araudiarenak, Gipuzkoako lurralde historikoaren oinarrizko arau multzo instituzionala osatzen dute.

Bi hamarraldi igaro dira arau horiek indarrean sartu zirenetik, eta eginkizun garrantzitsua bete duten arren, hain zuzen ere Diputazio Probintziala zena gaur egungo erakunde egitura bilakatzeko prozesua gauzatu baitute, berrikusi eta egokitu beharra sumatzen da egun. Aintzat hartu behar da, izan ere, igaro den denbora honetan Foru Aldundiak izan duen bilakaera, Gipuzkoako gobernu gisa aipatutako arau multzoak esleitu dizkion eskumenak bere gain hartzen eta betetzen joan baita. Horren eraginez eta urtez urte izandako eguneroko jardunaren ondorioz, non esparru eta jatorri desberdinetako ekarpenak jaso baititu, Foru Aldundia heldutasun eta modernotasun maila batera iritsia da, zalantzarik gabe.

Hortaz, Foru Arau honek, xedetzat hartuta autonomia erkidego osorako erakundeen eta lurralde historikoetako foru organoen arteko Harremanen Legeak 7.a) 1 artikuluan era bateratuan aipatutako gaiak, lehengo bi arauak birformulatzen ditu, haien oinarrian ziren eskemak eta printzipioak osorik errespetatuz baina ikuspegi tekniko-juridikotik berreginez.

Abiapuntu gisa, eratua dagoen berezko autoantolaketa hartzen da, non, parlamentu sistema baten ildotik, Batzar Nagusiak lurralde historikoko ordezkaritzaren foru organoa diren eta Foru Aldundia, berriz, foru organo exekutiboa den.

Antolaketa eredu honen oinarrizko printzipioetako bat printzipio demokratikoa da: Eredu parlamentario baten bitartez adierazia dago eta, bertan, Batzar Nagusiak dira herri ordezkaritzaren eta partaidetzaren organo gorena, parlamentu baten eginkizuna dute eta Foru Aldundiaren jarduna bultzatzen eta kontrolatzen dute, eta Foru Aldundiak, berriz, organo exekutibo baten eginkizunak ditu eta haien aurrean erantzun behar du. Beste printzipioa Foru Aldundiaren eskumenak eta antolaketaren egitura departamentutan banatzearena da; printzipio honi jarraituz, departamentu bakoitzaren ardura foru diputatuei ematen zaie, eskumen propioak emanez eta edozein gobernuren antzeko egitura eta antolaera hartuz.

Ahaldun-Batzarkideen ordezkari izaera nabarmendu behar da: Sufragio unibertsal, libre, zuzen eta sekretuz hautatzen dira, ordezkaritza proportzionaleko sistema baten bitartez, eta Gipuzkoako herritarren borondatea adierazten dute egoitza parlamentarioan.

Halaber, gaur egun dugun ordezkaritzazko demokrazia sistemaren konfigurazioa aintzat hartuta, beharrezkoa da, lehendik dagoen araugintzarako herri ekimenaz gainera, araugintzarako udal ekimena ere jasotzea lurralde historikoko udalerrientzat, hartara ordezkaritzazko eta partaidetzazko demokrazia sistema bat osatzearren.

Foru arau hau onartzea Batzar Nagusiei dagokie, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 37.3.a) artikuluan, autonomia erkidego osorako erakundeen eta lurralde historikoetako foru organoen arteko Harremanen Legeak 8.1.a) artikuluan eta Gipuzkoako lurralde historikoaren erakunde antolaketari buruzko Arauak 6.1.b) artikuluan diotenaren arabera.

Atariko tituluak aipatzen du zein diren lurralde historikoko foru erakundeak eta organoak, eta zehazten du zein eskumen esparru duten, Legearen eta zuzenbidearen arabera.

Lehenengo titulua Batzar Nagusiei buruzkoa da, eta gutxienezko erregulazio batera jo da, autoantolaketa parlamentarioaren ahalmenari dagozkion gaietan. Edukia hiru kapitulutan egituratzen da. Lehenengo kapituluan Batzar Nagusien izaera, eskumena eta osaera zehazten dira. Azpimarragarria da foru arauei dagokien aipamena; izan ere, produktu arau-emaile berezia da foru araua gure autonomia erkidegoko zuzenbide iturrien azpisistemaren baitan, eta edozein lurralde Parlamentuk emandako lege formalen balio material bera du, betiere lurralde historikoaren eskumen esklusiboko gaiei buruzkoa bada. Orobat, gai jakin batzuk foru arauaz erregulatzeko erreserbaturik uzten dira berariaz, eta, berrikuntza modura, udalen arau ekimena jasotzen da. Bigarren kapituluak gutxieneko erregulazio bat jasotzen du Batzar Nagusien eraketa, antolaketa eta funtzionamenduari dagokienez, gai horien erregulazio zehatza Batzar Nagusien Erregelamenduan egin behar baita. Hirugarren kapituluak, berriz, foru dekretu araugileak eta foru dekretu arauak erregulatzen ditu gure esparruan, zuzenbide iturrien sistema konstituzionalean dekretu legegileek eta dekretu legeek duten antzeko eginkizunarekin.

Bigarren tituluak kapitulu bakarra du eta Foru Aldundiaren izaera, osaera eta agintaldia amaitzea aztertzen ditu: Foru Aldundiari lurralde historikoaren gobernu eta administrazio organoaren izaera aitortzen zaio eta erregelamendu ahalmena ematen zaio, Batzar Nagusiek duten arau ahalmenetik bereizia eta desberdina.

Hirugarren tituluan erregulatzen dira Foru Aldundiak izango dituen organoak, eskumenak eskuordetzeko aukera eta, orobat, kargua uzterako Aldundiko kideei egokituko zaizkien kalte-ordainen araubidea. Titulu honek sei kapitulu ditu. Lehenengoa hiru sekziotan banatua dago. Lehenbiziko sekzioak diputatu nagusiaren hautapena, izendapena, izaera, estatu pertsonala, eta ordainsarien eta bateraezintasunen araubidea jasotzen ditu. Bigarren sekzioak diputatu nagusiaren eskumenak eta eginkizunak zehazten ditu. Hirugarren sekzioan diputatu nagusia kargugabetzeko kausak, balizkoak eta ondorioak ezartzen dira eta bitarteko diputatu nagusiaren figura aipatzen da. Bigarren kapituluak aztertzen ditu Diputatuen Kontseiluaren eskumenak eta funtzionamendu araubideak; halaber, Kontseiluaren batzorde eskuordetuak sortzeko aukera jasotzen du. Hirugarren kapituluak bi sekzio ditu eta foru diputatuei buruzkoa da. Lehenengo sekzioan zehazten dira foru diputatuen izaera, estatutu pertsonala, bateraezintasunak eta izendatzeko nahiz kargugabetzeko erak. Bigarren sekzioan, foru diputatu guztien eskumen eta eginkizun erkideak ezartzeaz gainera, eskurantza espezifiko batzuk esleitzen zaizkie pertsonalari, aurrekontuei, eta antolaketari eta zerbitzu orokorrei dagokienez. Laugarren kapituluak, Foru Aldundiko goi-kargudunak izendatzeko eta kargugabetzeko era jasotzen du eta horien izaera, eskumenak, eginkizunak, ordainsarien araubidea eta bateraezintasunak zehazten ditu. Bosgarren kapítuluan ezartzen da Diputatuen Kontseiluak eta foru diputatuek zer esparru, era eta mugen barruan egin dezaketen eskumen-eskuordetzea Foru Aldundiko beste organo batzuen alde. Eta seigarren kapituluak, azkenik, zehazten ditu Foru Aldundiko kideei eta goi-kargudunei dagozkien pentsioak eta kargugabetzearen ondoriozko kalte-ordainak.

Laugarren titulua, idazkuntza aldetik lehen tituluaren irizpide bera kontuan hartuta egindakoa, Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren arteko harremanen ingurukoa da. Lehenengo kapituluak jasotzen ditu Aldundiko kideek Batzar Nagusiei dagokienez dituzten obligazioak eta eskubideak; orobat, politika orokorrari buruzko urteko adierazpena aipatzen du. Bigarren kapitulua Foru Aldundiak Batzar Nagusien aurrean duen erantzukizun politikoari buruzkoa da. Bertan jasoak daude Foru Aldundiaren aurrean zentsura mozio konstruktiboa aurkezteko aukera eta diputatu nagusiak Batzar Nagusietan aurkez dezakeen konfiantzako galdea. Gainera, gauza berri gisara, banako zentsura mozioa aurreikusten da, foru diputatu jakin batek bere eskumen esparruan duen erantzukizuna baloratzeko aukera emanez. Azkenik, hirugarren kapituluan zehazten da zer beharkizun orokor eta berezi bete behar diren foru arau proiektuak Batzar Nagusietan aurkezteko.

Bosgarren tituluak hiru kapitulu ditu eta Foru Administrazioari buruzkoa da. Lehenengo kapituluan jasotzen dira Foru Administrazioaren antolaketa nahiz jardueraren printzipio orokorrak eta zehazten dira haren goi-organoak eta departamentu egitura. Bigarren kapituluak, berriz, bi sekzio ditu. Lehenengoak jasotzen du zer motatakoak izan daitezkeen eta zer hierarkia duten izaera orokorreko xedapenek; halaber, xedapen orokorrak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharra xedatzen du. Horretaz gain, erregulatzen du foru arauen aurreproiektuak eta izaera orokorreko xedapenen proiektuak egiteko prozedura. Bigarren atalean, erregulatzen dira ebazpen administratiboen forma eta argitarapena, aipatzen da zein diren administrazio bidea amaitzen duten egintzak eta zehazten da zein diren bide judizial zibil edo laboralera jo aurretik aurkezten diren erreklamazioak ebazteko organo eskudunak. Zerga kudeaketaren inguruko egintzei dagokienez, esparru horretako araudira igortzen du Arauak. Hirugarren kapitulua Gipuzkoako lurralde historikoko Lege Aholkularitzako Batzordeari buruzkoa da, alegia, lurralde honetako administrazioaren goi-organo kolegiatu eta aholku-emaileari buruzkoa.

Xedapen gehigarriak zehazten du zer zenbatekoraino mugaturik dauden gastuak baimentzeari dagokionez Diputatuen Kontseiluak eta foru diputatuek dituzten eskumenak.

Azkenik, gogoan izanda Foru Arau honen garrantzia, Euskadiko Autonomi Estatutuaren 37.3.a) artikuluak gure lurralde historikoari atxikitzen dion eskumen esklusiboa erabiliz Batzar Nagusiek onartutakoa denez, eta luzaz irauteko sortua dela, aldakuntza edo eraberritzea Batzar Nagusietako eskubide osoko kide guztien gehiengo osoak onartu beharra ezartzen da.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua.- Foru erakunde eta organoak.

Usadio historikoari jarraituz, Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia dira Gipuzkoako lurralde historikoko foru erakunde eta organoak.

2. artikulua.- Legeari eta Zuzenbideari men egitea.

Gipuzkoako lurralde historikoko foru erakundeek eta organoek Legeari eta Zuzenbideari erabat men eginez betetzen dituzte beren eskumenak.

3. artikulua.- Eskumen esparrua.

Gipuzkoako lurralde historikoko foru erakundeek eta organoek beren eginkizunak betetzen dituzten eskumen esparru orokorra honako hauek ezarria da:

  1. Euskal Herriko Autonomi Estatutuak.
  2. Autonomia erkidegoko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru organoen arteko Harremanei buruzko Legeak
  3. Ekonomia Itunak eta gainerako finantza nahiz zerga xedapenek.
  4. Araubide arrunteko diputazioen eskumen esparrua ezartzen duten toki araubideko lege xedapenek, foru araubideari buruzko berezitasunekin.
  5. Lurralde historikoari eskumenak esleitzen dizkioten estatuaren nahiz autonomia erkidegoaren gainerako legeek.
  6. Foru arau honek.

I. TITULUA.- BATZAR NAGUSIAK

I. KAPITULUA. IZAERA, ESKUMENAK ETA OSAERA.

4. artikulua.- Izaera eta osaera

1. Batzar Nagusiak, lurralde historikoko herri ordezkaritza eta partaidetzaren organo goren gisa, Gipuzkoako Legebiltzarra dira.

2. Ahaldun-batzarkideek osatuko dituzte Batzar Nagusiak; haiek sufragio unibertsal, libre, zuzen, sekretu eta ordezkaritza proportzionalekoaz hautatuak izango dira.

3. Batzar Nagusiak hautatzeko, Gipuzkoako lurralde historikoa hauteskunde barrutietan banatuko da.

5. artikulua.- Eginkizunak

Batzar Nagusiek arauak emateko ahalmena dute foru arau honetan xedatzen den moduan, ahalmen horren emaitzak ebaluatzen dituzte, diputatu nagusia hautatzen dute, beren aurrekontuak eta, Foru Aldundiaren ekimenez, lurralde historikokoak onartzen dituzte, eta Aldundiaren jarduna kontrolatzen dute.

6. artikulua.- Foru arauak

1. Batzar Nagusiek araugintzarako ahalmena erabiliz onartzen dituzten xedapenak foru arauak dira, eta goragoko maila dute Foru Aldundiak erregelamendugintzarako ahalmena erabiliz onartzen dituen foru dekretuek baino.

2. Lurralde historikoak eskumen esklusiboa duen gaietan emandako foru arauak eta haiek garatzeko erregelamenduak lehentasunez aplikatuko dira, estatuko edo erkidegoko lege edo erregelamendu xedapen ororen aurretik.

3. Foru arauak auzitegien kontrolaren mendean egongo dira.

7. artikulua.- Aldarrikatu eta argitaratzea

1. Foru arauak diputatu nagusiak aldarrikatuko ditu.

2. Foru arauak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta lehenengoan argitaratzen direnetik 20 egunera jarriko dira indarrean, bestelakorik xedatzen ez bada.

8. artikulua.- Eskumenak

Batzar Nagusiei dagokie:

1. Arauak emateko ahalmena lurralde historikoaren eskumeneko gaietan, Autonomi Estatutuaren eta autonomia erkidego osorako erakundeen eta lurralde historikoetako foru erakundeen arteko Harremanei buruzko Legearen arabera.

2. Foru Aldundiaren jarduera kontrolatu eta sustatzea, xede horretarako behar duten informazio egokia eskueran izanda.

3. Foru Aldundiaren proposamenak berrestea kasu hauetan:

  1. Lurralde historikoak eskumenak hartzeko erabakietan.
  2. Eskumenak erakunde erkideei lagatzeko erabakietan.
  3. Eusko Jaurlaritzarekin, Estatuarekin, beste lurralde historikoekin, autonomia erkidegoekin edo probintziekin egindako hitzarmenetan.

4. Foru arau honek aitortzen dizkien gainerako eskumenak, eta legeek nahiz beste foru arauek atxikitzen dizkietenak.

9. artikulua.- Foru arauen erreserba

Foru arauen bidez erregulatuko dira:

  1. Foru organoen antolaketa, araubidea eta funtzionamendua.
  2. Lurralde Historikoaren aurrekontuak eta kontu orokorrak.
  3. Lurralde osoari dagozkion sektoreko plan bereziak.
  4. Lurralde Historikoaren zerga araubidea.
  5. Toki erakundeen zerga propioak arautzea, haien tutoretza finantzarioa eta lurralde historikoko udalen finantzaketaren araubide orokorra.
  6. Probintziako nahiz udaletako ondasunen araubidea, herri jabarikoak, ondarezkoak, propioak nahiz auzo ondarezkoak izan.
  7. Udalerrien mugaketak eta lurralde historikoaren mugak gainditzen ez dituzten udalez gaindiko mugaketak.

10. artikulua.- Araugintzarako ekimena eta kontrola

1. Batzar Nagusien aurrean, araugintzarako ekimena dagokie:

  1. Batzar Nagusietako kideei eta batzarkide taldeei, Batzar Nagusien Araudian xedatutakoaren arabera.
  2. Foru Aldundiari.
  3. Lurralde historikoko udalei.
  4. Herritarrei araugintzarako herri ekimenaren bitartez, ekimen hori erregulatzen duen foru arauan xedatzen den eran.

2. Batzar Nagusietako kideek galderak, eskaerak eta mozioak aurkeztu ahal izango dituzte, bertako araudiak xedatzen duen eran.

11. artikulua.- Udalen araugintzarako ekimena

1. Udalen araugintzarako ekimena gauzatuko da foru arau proposamenen bidez, gutxienez hiru udalbatzatan gehiengo osoak hala onarturik, udalak bi hauteskunde barrutikoak direlarik eta gutxienez hamar mila biztanle dituztelarik guztien artean. Halaber, udal sustatzaileek hiru ordezkari izendatu beharko dituzte, bere kide izaera dutenen artean, Batzar Nagusietan proposamena defenda dezaten.

2. Proposamenaren gaiak udalez gaindikoa izan beharko du eta ezingo du udal bati bakarrik dagozkion arazo edo interesen ingurukoa izan.

3. Udal bakoitzeko alkateak izenpetutako aurkezpen idatziarekin batera aurkeztu beharko dira:

  1. Foru arauaren proposamenaren testua, zioen azalpen bat duelarik hasieran.
  2. Memoria zehatz bat, udal sustatzaileen iritziz foru arauaren proposamena Batzar Nagusietara eramateko arrazoiak azaltzen dituena. Era berean, proposamenak aurrekontuan duen eraginari buruzko txostena, eta generoaren araberako aurretiazko ebaluazioa eta dagozkion neurri zuzentzaileak ere aurkeztuko dira testu artikulatuarekin batera.
  3. Udal bakoitzeko idazkariak luzatutako ziurtagiria, udalbatzak hartutako erabakia kreditatuko duena araugintza ekimena erabiltzeaz, foru arauaren proposamenaren testu osoa onartzeaz eta udalaren ordezkaria izendatzeaz.

II. KAPITULUA. BATZAR NAGUSIEN ERAKETA, ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA

12. artikulua.- Eraketa, antolaketa eta funtzionamendua

1. Gipuzkoako Batzar Nagusien eraketa, antolaketa eta funtzionamendua haien araudian xedatutakoaren arabera egingo da.

Batzar Nagusiek bere kideen artetik lehendakari bat eta mahai bat hautatuko dituzte; mahaia osatuko dute lehendakariak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik, hori izango da Ganbararen zuzendaritza organoa eta haren ordezkaritza kolegiatua izango du ekitaldi guztietan.

2. Halaber, Batzorde Iraunkorra izango dute, Batzar Nagusietako lehendakaria buru duena, eta mahaiko gainerako kideak eta batzarkide taldeetako eledunak kide dituena; haren eginkizuna izango da Batzar Nagusien zereginak betetzea batzar saioen alditik kanpo edota haien agintaldia amaitu denean.

3. Batzorde Iraunkorraren osaera berarekin, Eledunen Batzordearen zereginak izango dira Ganbararen organoak koordinatzea eta jarduera antolatzea.

4. Batzar Nagusiek urtean batzar saioen aldi bakarra izango dute, eta osoko bilkuran nahiz batzordeetan bilduko dira.

5. Batzar Nagusietako Araudia aldatu edo indargabetzeko, baita araudi berri bat onartzeko ere, Batzar Nagusien gehiengo osoa beharko da proiektu osoaren gaineko azken bozketa batean.

6. Batzar Nagusietako Araudia Batzar Nagusien lehendakariak aldarrikatuko du, eta foru arau baten maila eta balioa izango ditu.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 6/2005 Foru Araua (2005-07-12) aldatzen duen 2006ko uztailaren 5eko 5/2006 Foru Arauko 12. artikuluko 6. puntuari emandako idazketa.

III. KAPITULUA. FORU DEKRETU ARAUGILEAK ETA FORU DEKRETU ARAUAK

13. artikulua.- Foru dekretu araugileak

1. Batzar Nagusiek Foru Aldundian eskuorde dezakete foru arauen maila duten arau-xedapenak, foru dekretu araugileak hain zuzen, emateko ahalmena, foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari dagozkion gaietan izan ezik.

2. Araugintzarako eskuordetzaren helburua testu artikulatuak egitea denean, oinarrizko foru arau baten bidez eman beharko da, eta foru arau batzuk bakar batera biltzea denean, foru arau arrunt baten bidez. Bi kasuotan, Batzar Nagusien erabakiak finkatuko du eskuordetza erabiltzeko epea.

3. Oinarrizko foru arauek zehazki mugatuko dituzte eskuordetza araugilearen helburua eta irismena, baita hura erabiltzerakoan jarraitu beharreko printzipio eta irizpideak ere.

4. Foru arauak berregiteko baimenak azalduko du eskuordetzaren edukiari dagokion esparru araugilea, ongi zehazturik testu bakarra osatzera mugatzen ote den, ala berregin beharreko foru arauak antolatu, argitu edo bateratzea ere barne hartzen ote duen.

5. Eskuordetza araugilea erabiltzen duen bezain laster, Foru Aldundiak behar bezalako jakinerazpena bidaliko die Batzar Nagusiei, eskuordetzaren xedeko testu artikulatuarekin edo berreginarekin batera.

6. Foru dekretu araugileak argitaratuko dira foru arauak argitaratzen diren bezala.

7. Auzitegien eskumen propioa baztertu gabe, Batzar Nagusiek bide osagarriak ezar ditzakete eskuordetza araugilea kontrolatzeko.

14. artikulua.- Foru dekretu arauak

1. Behar larri eta apartekoek eraginda, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango ditu, bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen bereziok foru dekretu arauak izango dira eta ezin eragingo diete foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

2. Foru dekretu arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira berehala, argitaratu eta hurrengo hogeita hamar egunen barruan berariaz adierazi behar baitute foru dekretu araua berretsi ala indargabetzen duten; horretarako, Araudiak prozedura berezi eta laburtua ezarriko du. Berresten badute, Batzar Nagusiek erabaki dezakete foru arau proiektu gisa bideratzea premiazko prozeduraren bidez.

3. Foru dekretu arauak argitaratuko dira foru arauak argitaratzen diren bezala.

II. TITULUA. FORU ALDUNDIA

KAPITULU BAKARRA. IZAERA, OSAERA ETA AGINTALDIA AMAITZEA

15. artikulua.- Izaera eta osaera

1. Foru Aldundiak Gipuzkoako lurralde historikoaren lege ordezkaritza du, haren gobernuaren eta administrazioaren ardura hartzen du, bere eskumenen barruan, eta berari dagozkio zeregin exekutiboak nahiz administratiboak, erregelamenduak emateko ahalmena eta araugintza ekimena.

2. Foru Aldundia diputatu nagusiak eta gehienez ere hamar foru diputatuk osatzen dute.

3. Aldundian bi sexuek gutxienez %40ko ordezkaritza izango dute.

16. artikulua. Jurisdikzio kontrola

Auzitegiek kontrolatzen dituzte Foru Aldundiaren erregelamendu ahalmena eta administrazio jardueraren legezkotasuna.

17. artikulua.- Diputatu nagusia eta foru diputatuak

1. Diputatu nagusiak Foru Aldundiaren ordezkaritza du, foru diputatuen ekintzak zuzendu eta koordinatzen ditu, eta foru arauetan nahiz legeetan atxikitzen zaizkion gainerako eginkizunak ditu.

2. Foru diputatuen eginkizun esparrua izango da esleitua duten departamentuarena, diputatu nagusiak izendatzen dituen foru dekretuan xedatutakoaren arabera.

Batzarkide ez diren foru diputatuek Batzar Nagusien bilkuretan partaide izateko eskubidea izango dute, hitzarekin baina botorik gabe.

18. artikulua.- Erregelamenduak emateko ahalmena

1. Foru Aldundiak erregelamenduak emateko ahalmena du, foru dekretuen bitartez garatzeko Batzar Nagusiek emandako foru arauak, baita autonomia erkidegoko edo Estatuko legeak ere, legez ezartzen den eran.

2. Nolanahi den ere, Foru Aldundiari dagokio antolaketa erregelamenduak onartzeko ahalmena.

19. artikulua.- Agintaldia amaitzea

1. Foru Aldundiaren agintaldia amaitzen da:

  1. Batzar Nagusien agintea amaitzen denean, eta
  2. Foru arau honetako 27. artikuluan aurreikusten diren gainerako kasuetan.

2. Agintaldia amaitutako Foru Aldundiak bere eginkizunak betetzen jarraituko du diputatu nagusia berriz hautatu artean, administrazio eginkizunaren jarraitasuna eta botereen eskualdatze egokia bermatzeko.

19 artikuluko 3. zenbakia Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 6/2005 Foru Araua, Foru Aldundiko kideen eta goi-karguen bateraezintasunei, kargua uzteagatik emandako prestazio ekonomikoei eta pentsioei dagokioenez, aldatzen duen 2007ko azaroaren 23ko 8/2007 Foru Arauak kendu du.

III. TITULUA FORU ALDUNDIAREN ORGANOAK

I. KAPITULUA. DIPUTATU NAGUSIA

1. Sekzioa. Diputatu nagusiaren hautapena, izendapena, izaera eta estatutua

20. artikulua.- Hautapena.

1.Diputatu nagusia Batzar Nagusiek hautatuko dute eskubidezko batzarkideen artetik, bozketa sekretu bidez.

2. Batzar Nagusietan ordezkaritza duen talde bakoitzak aurkeztu ahal izango dio Mahaiari diputatu nagusi izateko hautagai bat.

3. Diputatu nagusia hautatzeko beharrezkoa izango da hautagai batek, lehen bozketan, Batzar Nagusietako kide hautetsien gehiengo osoaren botoa jasotzea.

Hautagai bakar batek ere ez badu lortzen gehiengo osoa, bigarren bozketa egingo da, eta orduan diputatu nagusi izendatua izango da boto gehien lortzen duen hautagaia.

4. Aurreko puntuan aipatzen den bigarren bozketa eginik boto berdinketa gertatzen bada, diputatu nagusi izendatua izango da, berdindutakoen artetik, Batzar Nagusietarako hauteskundeetan Gipuzkoako lurralde historikoan boto gehien lortutako alderdi politikoaren edo hauteskunde-federazioaren, koalizioaren edo taldearen hautagaia.

21. artikulua.- Izendapena.

Diputatu nagusia izendatzeko erabakia Batzar Nagusietako lehendakariak izenpetuko du, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean nahiz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

22. artikulua.- Izaera.

Diputatu nagusiak Foru Aldundiaren lehendakaritzaren ardura hartzen du, eta horrenbestez:

  1. Gipuzkoako lurralde historikoaren ordezkaritza nortu eta eramaten du, estatuarekin, Euskadiko nahiz gainerako autonomia erkidegoekin, beste lurralde historikoetako organoekin, udalekin nahiz bestelako administrazio, entitate, agintari edo pertsona publiko edo pribatuekin dituen harremanetan.
  2. Foru arauak aldarrikatzen ditu, foru dekretu araugileak eta foru dekretu arauak ematen ditu, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea agintzen du.
  3. Batzar Nagusietako hauteskundeen deia egiten du.

23. artikulua.- Estatutu pertsonala.

Diputatu nagusiaren eskubide dira:

  1. Bere karguari dagozkion ohore eta agurrak jasotzea.
  2. Gipuzkoako ezaugarria ikur gisa erabiltzea.
  3. Bere goi-hierarkiari dagokion ordezkaritza zereginak betetzeko beharrezkoak diren bitartekoak eta baliabideak izatea.
  4. Gipuzkoako lurralde historikoaren aurrekontu orokorretan ekitaldi bakoitzerako ezartzen diren ordainsariak jasotzea.

24. artikulua.- Ordainsariak eta bateraezintasunak.

1. Diputatu nagusiak lansari edo ordainsari bakarra jaso dezake aurrekontu publikoen kargura, alde batera utzirik ordezkaritza gastuak.

2. Diputatu nagusia Euskadiko administrazioko kargu publikoen bateraezintasunari buruzko legeriaren menpean dago, eta ondorioz ezin du bere izaerari dagozkion eginbeharrak betetzeko ezintasunik edo eragozpenik jartzen duen jarduerarik egin, dena delakoa izanda ere, ez eta bere inpartzialtasuna edo independentzia zalantzan jar­tzen duenik edo foru interes publikoei kalte egiten dienik ere.

3. Zehazki, diputatu nagusiaren kargua bateraezina da kargu edo eginkizun hauekin:

  1. Batzar Nagusietako lehendakari edo Mahaiko kide izatea.
  2. Parlamentario jarduerak izatea Europako Parlamentuan, Gorte Orokorretan eta autonomia erkidegoko Legebiltzarrean.
  3. Udal bateko alkate edo zinegotzi izatea.
  4. Beste edozein jarduera publiko izatea Europako Batasuneko, estatuko administrazioko edo autonomia erkidegoko organo edo erakundeetan.
  5. Kontseilu, aholkularitza, zuzendaritza eta administrazio eginkizunak izatea sindikatu edo ugazaben elkarteetan, elkargo profesionaletan, elkarteetan, fundazioetan eta gisako erakundeetan, edozein eratakoak direla ere, partaidetza bere karguari loturik dagoen kasuetan izan ezik.
  6. Zuzendaritza, ordezkaritza, aholkularitza edo lan soileko eginkizunak izatea izaera zibil edo merkantila duen edozein modutako enpresatan, establezimendutan eta eskubide pribatuko sozietateetan.

4. Hautagai gisa lehiatuz gero Europako Parlamentuko, Gorte Orokorretako, Eusko Legebiltzarreko edo udaletako hauteskundeetan, bateraezintasuna gertatuko da hautetsi gisa izendatua den orduko.

5. Bere kargua uzten duen diputatu nagusia Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioko kargu publikoentzat kargua utzi eta gerorako aurreikusita dagoen bateraezintasun araubidearen mende egongo da.

6. Diputatu nagusiak nahitaez aitortu beharko ditu Foru Aldundiak berariaz sortzen duen Jardueren eta Ondasun eta Ondare Eskubideen Erregistroan, eta erregelamenduz ezartzen den moduan, bere kasa edo ordetze nahiz ahalordetze bidez egiten dituen jarduerak, baita bere kargua utzi ondoren egingo dituenak ere. Era berean, nahitaez egin beharko du erregistro horretan ondare aitorpen bat, bere ondasun, eskubide eta obligazio guztiak sartuta.

Aurreko puntuan aipa­tzen diren aitorpenak kargu-har­tze­aren eta kargu-uztearen ondoko hilabeteko epe luzaezinean egin behar dira.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 6/2005 Foru Araua, Foru Aldundiko kideen eta goi-karguen bateraezintasunei, kargua uzteagatik emandako prestazio ekonomikoei eta pentsioei dagokioenez, aldatzen duen 2007ko azaroaren 23ko 8/2007 Foru Arauak 24. artikuluari emandako idazketa.

25. artikulua.- Behin-behineko langileak.

1. Diputatu nagusiak bere kabineteko behin-behineko langileak izendatu eta kargu gabetuko ditu, lanpostuen zerrendan halakotzat agertzen diren lanpostuetan, horren berri Diputatuen Kontseiluari emanik.

2. Aipatutako langileek laguntza eta aholkularitza eginkizunak izango ditu soilki, zernahi dela ere behin-behineko langile izaera izango dute, eta kargua utziko dute diputatu nagusiarekin batera.

2. Sekzioa. Diputatu nagusiaren eskumenak eta eginkizunak

26. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

Foru Aldundiko goi-organoa denez, diputatu nagusiari eskumen eta eginkizun hauek dagozkio, foru diputatu bakoitzak nork bere departamentuaren kudeaketaz dauzkan eskumenak eta erantzukizunak eragotzi gabe:

1. Araugintzari dagokionez:

  1. Foru arauen proiektuak egiteko prozesua zuzentzea eta Foru Aldundiaren araudi programa koordinatzea.
  2. Foru Aldundiak nahiz berak onartutako foru dekretuak sinatu eta bideratzea; orobat, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

2. Batzar Nagusiekiko harremanei dagokienez:

  1. Batzar Nagusietan, urtero, politika orokorreko adierazpena egitea Foru Aldundiaren izenean.
  2. Batzar Nagusietan konfiantza-galdekizuna planteatzea, aldez aurretik Diputatuen Kontseiluan aztertuta.
  3. Batzar Nagusien bilera deia eskatzea, aldez aurretik Diputatuen Kontseiluan hala erabakita.
  4. Batzar Nagusien erabakipean jartzea Diputatuen Kontseiluaren erabakiak, haiek gero onartu edo berrestekoak direnean.
  5. Foru Aldundiari Batzar Nagusiek eskatzen dioten informazioa ematea.

3. Zuzendaritza politikoaren eginkizunari dagokionez:

  1. Gobernu programa definitzea eta haren gidaritza eramatea.
  2. Foru dekretuaren bitartez definitzea foru departamentuek izan behar dituzten jardun esparruak eta eginkizunak, eta, orobat, horien izenetan nahiz eskumen banaketan izatekoa den edozein aldaketa.
  3. Foru diputatuak izendatzea eta kargugabetzea, eta departamentuen titularitatea esleitzea.
  4. Diputatu nagusiorde bat edo bat baino gehiago izendatzea, foru diputatuen artetik.

4. Antolaketaren gidaritzari, eginkizun administratiboei eta eskumen jarduerei dagokienez:

  1. Departamentuen artean sortzen diren eskumen gatazkak ebaztea.
  2. Bidezkoa baderitzo, departamentu baten edo baten baino gehiagoren buruzagitza hartzea bere gain, nahiz departamentuko foru diputatua ordeztuz nahiz ordezkatuz.
  3. Departamentu bateko gaiez arduratuko den foru diputatua izendatzea, departamentu hartako titularra aldi baterako kanpoan, gaixo, bateraezintasunean edo eragotzita dagoenean.
  4. Diputatuen Kontseiluko saioetarako deiak egitea eta bilera-buru izatea, gai zerrenda jartzea, deliberazioak zuzentzea eta bilerak bukatutzat jo edo etetea.
  5. Bilera deiak egitea eta bilera buru izatea, aurreko atalean aipatutako ahalmen bertsuekin, sortzen diren Diputatuen Kontseiluaren batzorde eskuordetuetan.
  6. Behar diren barne arauak ezartzea, Foru Aldundiko lanak behar bezala egin daitezen eta hartu behar diren erabakiak egoki presta daitezen.
  7. Bidezkoa den informazio eskatzea foru diputatuei, haien kudeaketaren eta dagozkien departamentuen zereginen gainean.
  8. Presazko arrazoiak direla medio, era guztietako egintzak gauzatzea eta errekurtsoak aurkeztea Administrazio Publikoaren organoetan, Justiziako auzitegietan eta Arbitraje Batzordean, eta horien berri Diputatuen Kontseiluari ematea.
  9. Berak emanak diren egintzen aurka aurkezten diren errekurtsoak ebaztea.

5. Foru Aldundiaren ordezkari eginkizunari dagokionez:

  1. Estatuarekin, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoarekin, Gipuzkoako udalerriekin eta gainerako lurralde historikoekin eta beste administrazioekin erakunde harremanak izatea.
  2. Aurreko atalean aipatutako enteekin lankidetza hitzarmenak eta akordioak sinatzea, betiere foru diputatuek dituzten eragotzi gabe.
  3. Era guztietako kontratu, eskritura, dokumentu edo polizak sinatzea, betiere foru diputatuek beren ardurapeko departamentuen kontratu eta gastuetarako dituzten eskurantzak eragotzi gabe.

6. Aurrekontuko gaiei eta gastu baimenei dagokienez:

  1. Aurrekontuari buruzko araudian esleitzen zaizkion aurrekontu aldaketak baimentzea.
  2. Bere aurrekontuko gastuak baimendu eta konprometitzea, lehenengo xedapen gehigarrian adierazten den zenbatekoa baino txikiagoak direnean, baita legezko obligazioetatik eratorritakoak eta diru laguntza izendunetakoak ere.
  3. Diputatuen Kontseiluari aurkeztea haren eskumenekoak direnak.
  4. Bere aurrekontuko obligazio ekonomikoak aitortzea eta gastu ordainketak proposatzea.

7. Kontratazio arloari dagokionez:

  1. Lehen xedapen gehigarrian adierazten den zenbatekoaren azpiko zenbatekoa denean, edozein motatako kontratazio espedienteak onartzea; ahalmen horrek berarekin darama gastua onartzea, baita kontratuei buruzko legeriak kontratazio organoari esleitzen dizkion gainerako eginkizunak ere.
  2. Lehenengo xedapen gehigarrian adierazten den zenbatekoa edo handiagoa denean, kontratuak esleitzea, formalizatzea eta, egoki denean, luzatzea, berariaz hala jasota baldin badago espedientea onartzeko Diputatuen KOntseiluak hartutako erabakian.

8. Foru arauek eta legeek esleitzen dizkioten gainerako ahalmen eta eskumen guztiak erabiltzea, eta, orobat, Foru Aldundiaren eskumenekoak diren eta arauek eta legezko xedapenek estatuko Gobernuko lehendakariari edo autonomia erkidegokoari esleitzen zaizkienak.

3. sekzioa. Diputatu nagusiaren kargugabetzea eta ordeztea.

27. artikulua.- Kargugabetzeko kausak.

Diputatu nagusia hurrengo kasuetan kargugabetuko da:

  1. Batzar Nagusien agintaldia amaitzean.
  2. Zentsura mozio bat onartzean.
  3. Konfiantza-galdekizun bat ukatzen zaionean.
  4. Dimititzean.
  5. Bere karguan jarduteko ezgaitasun iraunkorra, Batzar Nagusiek bere kideen gehiengo absolutuaz aitortua, sortzen bazaio.
  6. Karguan jarduteko inhabilitatzen badute epai irmoaren bidez.
  7. Bere heriotza gertatzen bada.

28. artikulua.- Kasuak eta ondorioak.

1. Aurreko artikuluko a) paragrafoan aurreikusitakoa gertatuz gero, kargugabetutako diputatu nagusiak bere eginkizunak betetzen jarraituko du Diputatu Nagusi berria hautatu eta izendatzen den arte, eginkizun administratiboak aurrera jarraituko duela eta aginte aldaketa egoki egingo dela bermatzearren.

2. Aurreko artikuluko b) paragrafoan aurreikusitako kasua gertatuz gero, onartutako zentsura mozioan proposatu den hautagaia izango da izendatua diputatu nagusi.

3. Aurreko artikuluko d) paragrafoan aurreikusitako kasuan, Batzar Nagusietako lehendakariari aurkeztu behar dio dimisioa diputatu nagusiak.

4. Aurreko artikuluko c), d), e) eta f) paragrafoetan aurreikusitako kasuak gertatuz gero, diputatu nagusi berria hautatuko da berehala, foru arau honen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dena dela, c) eta d) paragrafoetan aurreikusitako kasuetan, kargugabetzen den diputatu nagusiak bere eginkizunak betetzen jarraituko du diputatu nagusi berria izendatu arte.

29. artikulua.- Ordeztea.

Diputatu nagusia aldi baterako kanpoan, gaixo edo eragotzita egotea gertatzen bada, ondoko hurrenkera hau segituko da, haren eginkizunak bitartekotasunez betetzeko nork ordeztuko duen erabakitzeko:

  1. Lehenengo diputatu nagusiordeak.
  2. Bigarren diputatu nagusiordeak edo hurrengoek, hurrenez hurren.
  3. Halakorik ezean, Foru Aldundian denbora gehiena segidan daraman foru diputatuak, eta berdinketa gertatuz gero adinez nagusienak.

30. artikulua.- Bitartekotasuna.

1. Diputatu nagusia ordezteko prozesuan, aurreko artikuluan aurreikusten den bitartekotasun egoera gertatzen bada, ezin izango du hiru hilabete segidan baino gehiago iraun, baldin eta, Diputatuen Kontseiluak eskatuta, Batzar Nagusiek ez badute epe hori berariaz luzatzen, baina gehienez ere beste hilabete batez.

2. Bitarteko diputatu nagusiak ezin izango du, inolaz ere, konfiantza-galdekizuna aurkeztu, ez eta foru diputaturik edo diputatu nagusiorderik izendatu eta kargugabetu.

II. KAPITULUA DIPUTATUEN KONTSEILUA.

31. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

Diputatuen Kontseiluari dagokio, Foru Aldundiko organo kolegiatu gisa, lurralde historikoko herritarrak gobernatzea; zehazki, hauek dagozkio:

1. Bere arau ekimenari eta produkzioari dagokienez:

  1. Foru arauen proiektuak onartzea eta Batzar Nagusietara bidaltzea; orobat, haiek erretiratzea erabakitzea, Batzarren Erregelamenduak ezartzen dituen baldintzetan.
  2. Lurralde Historikoko aurrekontuen eta kontu orokorren proiektuak onartzea eta Batzar Nagusien erabakimenera jartzea, behin betiko onar ditzaten.
  3. Araugintzarako eskuordetza erabiltzea foru dekretu araugileak onartuz, foru arau honetan xedatutakoaren arabera.
  4. Foru dekretu arauak onartzea foru arau honetan zehaztutako kasuetan eta eran.
  5. Batzar Nagusiei lege-proposamenak aurkeztea, hauek aztertu, aintzakotzat hartu eta, bidezkoa bada, Eusko Legebiltzarrera igor ditzaten.
  6. Batzar Nagusien foru arauak garatu eta gauzatzeko erregelamenduak eta, hala dagokionean, autonomia erkidegoko edo Estatuko legeen erregelamenduzko garapena onartzea.

2. Batzar Nagusiekiko harremanei dagokienez:

  1. Diputatu nagusiaren bitartez Batzar Nagusien bilerarako deia egitea eskatzea.
  2. Foru arau honetako 8.3 artikuluan aipatzen diren proposamenak onartzea eta Batzar Nagusietara bidaltzea, berretsi ditzaten.

3. Gidaritza politiko-administratiboko eta eskumenen defentsako eginkizunari dagokienez:

  1. Diputatu nagusiak Batzar Nagusiei urtean behin aurkeztu beharreko politika orokorreko adierazpena ezagutzea.
  2. Konfiantza-galdekizuna aztertzea, diputatu nagusiak Batzar Nagusietan aurkeztu aurretik.
  3. Diputatu nagusiaren zuzendaritzapean Gobernuaren ekintzarako norabideak eta helburuak ezartzea, foru departamentuek eta Foru Sektore Publikoko entitateek beren jarduera administratiboa haietara egoki ditzaten, eta horien gaineko goi-ikuskapena egitea.
  4. Herritarrek foru bizitza publikoko gaietan benetan parte hartzeko prozedura eta organo egokiak ezartzea, hala badagokio.
  5. Arbitraje Batzordean edo bestelako erakunde eta auzitegietan eskumen-gatazka aurkeztea, Foru Araubide pribatiboaren defentsan eta Gipuzkoako lurralde historikoari dagozkion eskumenen defentsan; orobat, horiei dagokienez gertatzen den urraketa ororen berri ematea Batzar Nagusiei.

4. Bere antolaketa ahalmenari, eginkizun administratiboei eta eskumen jarduerei dagokienez:

  1. Erakunde autonomoen sortu, aldatu eta desegiteko foru arauen proiektuak onartzea.
  2. Diputatuen Kontseiluko batzorde eskuordetuak sortzea.
  3. Foru Aldundiaren egitura organikoa eta antolaketako erregelamendu oro onartzea.
  4. Foru Aldundiko zuzendari nagusiak izendatzea eta kargugabetzea.
  5. Foru Aldundiari atxikitako elkarte publikoen sorrera onartzea.
  6. Foru Aldundiari dagozkion egintza judizial eta administratibo mota guztiak aurrera eramatea aztertzea eta erabakitzea.
  7. Diputatuen Kontseiluaren egintzak eta xedapenak ofizioz berrikustea.
  8. Diputatuen Kontseiluaren egintzen aurka jartzen diren errekurtsoak ebaztea.
  9. Foru Aldundiaren ordezkariak izendatzea Ekonomia Itunaren Legean aurreikusitako batzordeetarako eta Arbitraje Batzorderako.
  10. Ezein erakunde edo instituzio publiko nahiz pribatutarako Foru Aldundiko ordezkariak hautatzea.
  11. Lurralde planak, udalaz gaindiko hirigintza planak eta udalerrietako hiri plangintza orokorra onartzea.
  12. Bere gain hartzea Foru Aldundiaren eskumenak izanik ere, Departamentu jakin bati ez dagozkion eskumenak, halakoetan eskumenok gauzatzeko ardura foru diputaturen baten esku utziz.
  13. Foru Aldundiaren eskurantzakoak diren eta arau eta legezko xedapenez Diputatuen Kontseiluari edo, kasua bada, Ministroen Kontseiluari edo autonomia erkidegoko Gobernu Kontseiluari esleitzen zaizkien eskumenak erabiltzea.
  14. Oro har, duten izaera edo garrantzia dela nahiz lurralde historikoarentzat duten interesa dela medio Diputatuen Kontseiluak jakin edo aztertu beharrekoak diren gaien berri izatea.

5. Aurrekontuko gaiei eta gastu baimenei dagokienez:

  1. Aurrekontu aldaketak eta konpromisozko kredituak onartzeko, aurrekontuen araudiak ematen dizkion eginkizunak betetzea.
  2. Gastuak baimentzea eta konprometitzea, lehenengo xedapen gehigarrian adierazten den zenbatekoa edo handia dutenean, legezko obligazioetatik eratorritakoak eta diru laguntza izendunetakoak izan ezik.

6. Kontratazio arloari dagokionez:

Edozein motatako kontratazio espedienteak onartzea, lehenengo xedapen gehigarrian adierazten den zenbatekoa edo handiagoa dutenean; ahalmen horrek berekin darama gastua onartzeko ahalmena, bai eta kontratuen gaineko legeriak kontratazio organoari esleitzen dizkion gainerako ahalmenak ere.

Departamentuetako foru diputatuek kontratuak esleitu, formalizatu eta, bidezkoa bada, luzatu ahal izango dituzte, espedientearen onarpen erabakian berariaz aurreikusten bada.

7. Langileen araubideari eta funtzio publikoari dagokienez:

  1. Gai horretan ardura duen foru diputatuaren proposamenez Foru Aldundiko langileriari buruzko politika orokorra ezartzea.
  2. Foru Aldundiko aurrekontu-plantilak onartzea eta dauden eskala eta azpieskaletan klaseak eta espezialitateak sortzea.
  3. Departamentu eta erakunde autonomo bakoitzerako lanpostu egitura egokiena ezartzea.
  4. Foru Administrazioaren esparruko lanpostuen sailkapen irizpideak ezartzea eta lanpostuen zerrendak onartzea.
  5. Administrazioko ordezkariek Foru Administrazioko funtzionarioen eta lan kontratupeko langileen ordezkariekin lan baldintzak eta hitzarmenak negoziatzerakoan kontuan izan behar dituzten jarraibideak, artezpideak eta irizpideak ezartzea eta, bidezkoa denean, iritsitako akordioei balioa eta eraginkortasuna ematea eta onartzea.
  6. Foru Administrazioren zerbitzuan ari diren funtzionarioen ordainsari sistema eta gainerako langileen lansarien baldintzak aplikatzeko arauak eta jarraibideak urtero ezartzea.
  7. Foru Aldundiaren enplegu planak eta enplegu publikorako eskaintza onartzea.
  8. Karrerako funtzionarioaren edo lan-kontratupeko langile finkoaren izaera eskuratzeko hautapen proben oinarriak, programak eta edukia onartzea, eta deialdiak eta ebaztea.
  9. Foru Administrazioko langileei irekitako diziplina espedienteak ebaztea, zerbitzutik kentzeko edo kaleratzeko zigorra proposatzen denean.

32. artikulua.- Eskumenen defentsa.

Batzar Nagusien jarduna ezertan eragotzi gabe, Diputatuen Kontseiluaren ardura berezia izango da Foru Araubidearen eta Gipuzkoako lurralde historikoari dagozkion eskumenen betetasuna gordetzea eta, hartaz, betetasun horren alde behar diren ekintzak erabaki, errekurtsoak jarri eta neurriak hartzea.

33. artikulua.- Saioak eta erabakiak.

1. Diputatuen Kontseiluaren bilera deiak diputatu nagusiak egingo ditu. Deiari erantsiko zaion bileraren gai zerrenda, berriz, foru diputatu idazkariak egingo du, diputatu nagusiaren jarraibideen arabera.

2. Diputatuen Kontseiluaren bilerak balioz era daitezen, bertan egon behar dute diputatu nagusiak nahiz diputatu nagusi idazkariak (edo horien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak.

3. Diputatuen Kontseiluaren erabakimenera jarritako dokumentuek izaera erreserbatua izango dute, harik eta hark argitara eman arte. Bileretako eztabaidek ere izaera erreserbatua izango dute eta kontseilu kideak beharturik daude isilean gordetzera, baita beren kargua utzi eta gero ere.

4. Diputatuen Kontseiluaren erabakiak, behin hartuak izanez gero, organoaren borondatearen baterako adierazpena dira eta idazkariak eginiko aktetan agertuko dira. Idazkaria diputatu nagusiak hautatuko du foru diputatuen artetik.

5. Diputatu nagusiak baimendutako adituek ere parte har dezakete Diputatuen Kontseiluren bileretan. Aditu horiek beren etorria eragin duen arazoaren gainean informazioa ematera mugatuko dira eta beharturik egongo dira aurkeztutako txostena eta beren aurrean aztertutako gaiak isilean gordetzera.

34. artikulua.- Batzorde eskuordetuak.

1. Diputatuen Kontseiluak, foru dekretuaren bidez, Kontseiluaren batzorde eskuordetuak sor ditzake eta horien egitekoak izango dira jarraibide eta xedapenen lanketa koordinatzea, alorreko politika programatzea, departamentu baten baino gehiagoren interes erkideko gaiak aztertzea eta Kontseiluaren bilerak prestatzea.

2. Batzorde eskuordetuen buru izango da diputatu nagusia edo buru izateko hark berariaz eskuordetutakoa. Batzorde eskuordetuak Diputatuen Kontseiluaren funtzionamendu arauen arabera antolatuko dira.

3. Batzorde eskuordetuak sortzeko foru dekretuetan ondorengo hauek aipatuko dira:

  1. Batzorde eskuordetua sortzeko arrazoiak.
  2. Esleitzen zaizkion eginkizunak eta eskumenak.
  3. Osatuko duten Diputatuen Kontseiluko kideak.
  4. Idazkari izango den batzordekidea.
  5. Iraupena.

III. KAPITULUA. FORU DIPUTATUAK

1. sekzioa. Diputatuen izaera, estatutu pertsonala, hautapena eta kargugabetzea.

35. artikulua.- Izaera.

1. Foru diputatuak Diputatuen Kontseiluko kideak eta dagozkien departamentuko titularrak dira.

2. Foru diputatuak, dagozkien departamentuetako buruzagiak direnez, pertsona bakarreko organoak dira eta, hala, haiek zuzentzen eta ordezkatzen dituzte.

36. artikulua.- Estatutu pertsonala.

Foru diputatuek ondoren eskubide hauek dituzte:

  1. Beren karguari dagozkion ohoreak eta trataerak jasotzeko.
  2. Gipuzkoako lurralde historikoaren aurrekontu orokorretan ekitaldi bakoitzerako ezartzen diren ordainsariak jasotzeko.
  3. Beren eginkizunak betetzeko behar dituzten bitartekoak eta baliabideak eskuratzeko.

37. artikulua.- Bateraezintasunak.

1. Foru diputatuen bateraezintasunen araubidea izango da diputatu nagusiarentzat 24. artikuluan ezarritakoa.

2. Dena den, foru diputatuaren kargua bateragarri izango da zinegotzi izatearekin.

38. artikulua.- Izendapena.

1. Foru diputatuak diputatu nagusiak izendatzen eta kargugabetzen ditu foru dekretuen bitartez; foru dekretuok Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira.

2. Foru diputatuaren izendapen dekretuan adieraziko da edo buruzagitza esleitu zaion foru departamentuaren izena edo, diputatuen nagusiordeen nahiz departamenturik gabeko foru diputatuen kasuan, esleitu zaizkion eginkizunen izendapen generikoa.

3. Foru diputatuek, izendapena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertzen denetik emango diote hasiera Aldundiarekiko zerbitzu harremanari.

39. artikulua.- Kargugabetzea.

1. Foru diputatuak hurrengo kasuetan kargugabetuko dira:

  1. Diputatu nagusiak hala erabakitzen duenean foru dekretuaren bidez.
  2. Arau honetan aurreikusitako kausaren batengatik diputatu nagusia kargugabetzen denean.
  3. Foru arau honen 59. artikuluan aurreikusten den banako zentsura mozioa onartzen denean.
  4. Dimititzen dutenean.
  5. Kargu publikoan jarduteko inhabilitatzen badute epai irmoaren bidez.
  6. Hiltzen direnean

2. Foru Aldundiarekiko zerbitzu harremana Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean dagokion foru dekretua argitaratzen denean amaituko da.

2. Sekzioa. Eskumenak eta eginkizunak

40. artikulua.- Eskumenak eta eginkizunak.

Diputatuen Kontseiluko kide izateagatik dagozkien eginkizunez at, foru diputatuen eskumena izango da beren ardurapeko Departamentuaren antolakuntza, erabaki, kudeaketa, ikuskatzailetza eta ordezkaritza beren gain hartzea, horretarako behar diren erabakiak hartuta eta bereziki:

1. Araugintzaren gainean:

  1. Departamentuaren gaietan foru arauen proiektuak Diputatuen Kontseiluari proposatzea hark onar ditzan, ondoren Batzar Nagusietara igorriak izan daitezen.
  2. Norbere departamentuko aurrekontuaren aurreproiektua egitea Lurralde Historikoaren Aurrekontu Proiektuan sartua izan dadin.
  3. Departamentuaren berariazko gaietan foru dekretuen proiektuak Diputatuen Kontseiluari proposatzea hark onar ditzan.
  4. Departamentuaren gaiei buruzko xedapenak ematea, foru aginduaren era izango dutenak.

2. Antolamendu zuzendaritza, administrazio zeregin eta eskumenen jarduera gaietan:

  1. Departamentuaren egitura organiko eta funtzionala Diputatuen Kontseiluari proposatzeko ekimena izatea.
  2. Departamentuko zuzendari nagusien izendapena eta kargugabetzea proposatzea Diputatuen Kontseiluari.
  3. Departamentuko zuzendariengan edota beste karguengan foru arau honetako 49. artikuluaren araberako berariazko eskumenak eskuordetzea.
  4. Departamentuko pertsonalaren eta haren mendeko edo hari atxikitako organoen agintaritza gorena erabiltzea, departamentuaren funtzionamenduari buruzko barne aginduak, orriak edota jarraibideak emanez.
  5. Departamentuaren gaiei buruzko akordioak Diputatuen Kontseiluari proposatzea, organo kolegiatuaren eskumena den guztietan.
  6. Departamentuaren gaiei buruzko administrazio xedapenak ematea, foru aginduaren era izango dutenak.
  7. Norberak edo departamentuko organoek emandako egintza eta ebazpen administratiboak ofizioz berrikustea.
  8. Norberak edo departamentuko organoek emandako ekintza eta ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak administrazio bidean ebaztea.
  9. Departamentuaren berariazko beste ezein eskumen erabiltzea Foru Aldundiaren beste organoren bati zehazki atxikitakoak ez badira, baita Diputatuen Kontseiluak edo diputatu nagusiak berari emandakoak ere.
  10. Foru Aldundiaren eskumena izanik ere, arau eta legezko xedapenez estatuko ministroei edo Eusko Jaurlaritzako sailburuei esleitzen zaizkien eskumen guztiak erabiltzea.

3. Departamentuaren ordezkari gisa:

  1. Departamentua ordeztea Batzar Nagusien aurrean.
  2. Arduradun diren departamentuaren eta honi atxikitako organismo autonomoen ordezkaritza erabili eta agerraraztea.

4. Aurrekontu eta gastu baimenen gaietan:

  1. Aurrekontu araudian esleitzen zaizkion aurrekontu aldaketak baimentzea.
  2. Departamentuko aurrekontuko gastuak baimendu eta xedatzea, lehen xedapen gehigarrian adierazten den zenbatekoaren azpitik, baita lege beharkizunetatik eratorritakoak nahiz diru laguntza izendunak ere.
  3. Diputatuen Kontseiluari aurkeztea haren eskumenekoak direnak.
  4. Departamentuko aurrekontuko beharkizun ekonomikoak aitortzea era gastu ordainketak proposatzea.

5. Kontratazio arloan:

  1. Lehen xedapen gehigarrian adierazten den zenbatekoaren azpiko zenbatekoa denean, edozein motatako kontratazio espedienteak onartzea. Eginkizun horrek berarekin darama gastua onartzea, baita kontratu legeriak kontratazio organoari atxikitzen dizkion gainerako eginkizunak ere.
  2. Kontratazio espedientea onartzeko Diputatuen Kontseiluak emandako erabakiak berariaz hala adierazten baldin badu, lehen xedapen gehigarrian adierazten den zenbatekoaren gaineko kontratuak esleitu, gauzatu eta, behar denean, luzatzea.

6. Indarrean diren xedapenek esleitzen dizkieten beste eskumenak erabiltzea.

41. artikulua.- Behin-behineko langileak

1. Foru diputatuek norbere departamentuko behin-behineko langileak izendatu eta kargugabetuko dituzte, lanpostuen zerrendan halakotzat agertzen diren lanpostuetan, horren berri Diputatuen Kontseiluari emanik.

2. Aipatutako langileek laguntza eta aholkularitza eginkizunak izango ditu soilki, zernahi dela ere behin-behineko langile izaera izango dute, eta kargua utziko dute mendeko diren foru diputatuarekin batera.

42. artikulua.- Langileriari buruzko eskurantza espezifikoak

Langileen lege araubidearen eskumenak atxikiak dituen foru diputatuak eskurantza hauek izango ditu:

  1. Barne xedapenak ematea langileen lege araubidearen eta funtzio publikoaren esparruko legeriaren aplikazioaz, eta, behar denean, xedapen orokorren proiektuen inguruko txostena egitea gai horien gaineko alderdietan.
  2. Zerbitzuen errendimendua eta langileen sustapena bizkortu, koordinatu eta gauzatzeko erabakiak ematea.
  3. Foru Administrazioaren funtzio publikoari lotutako politika garatu, indartu eta kontrolatzea, Diputatuen Kontseiluak ezartzen dituen jarraibideen arabera.
  4. Diputatuen Kontseiluari proposatzea urtero funtzionarioen ordainsari sistemaren aplikazioa eta Foru Administrazioaren mende diren gainerako langileen lansari baldintzak.
  5. Diputatuen Kontseiluari proposatzea departamentu eta erakunde autonomo bakoitzerako lanpostuen egitura egokiena.
  6. Lanpostuen zerrendak egin eta Diputatuen Kontseiluari proposatzea, onar ditzan.
  7. Enplegu publikoaren eskaintza eta enplegu planak egin eta Diputatuen Kontseiluari proposatzea, onar ditzan.
  8. Langileen erregistroaren funtzionamendu arauak ezartzea.
  9. Zerbitzuen ikuskapen orokorra egitea, funtzio publikoko gaietan eta langileriakoetan.
  10. Diziplina espedienteak irekitzea, errua egotzitako langilearen departamentuko foru diputatuaren proposamenez.
  11. Diziplina espedienteak ebaztea, zerbitzutik aldentzea edo kaleratzea proposatzen ez den guztietan.
  12. Indarrean diren legeek Foru Aldundiari langileen araubide gaietan ematen dizkion eskumenak erabiltzea, Diputatuen Kontseiluari edo gainerako foru diputatuei atxikiak ez diren guztietan.

43. artikulua.- Aurrekontuari buruzko eskurantza espezifikoak.

Lurralde Historikoaren aurrekontu orokorrak egin, jarraitu eta kontrolatzeko eskumenak atxikiak dituen foru diputatuak eskurantza hauek izango ditu:

  1. Lurralde Historikoaren aurrekontu orokorren aurreproiektua prestatzea.
  2. Aurrekontu arauetan atxikitzen dizkion aurrekontu aldaketak eta konpromiso kredituak onartzea.
  3. Foru Aldundiaren ordainketak agintzea.
  4. Aurrekontu arauen mendean egiten den zorpetzea baimendu, gauzatu eta haren ezaugarriak xedatzea.
  5. Bermeak eta abalak eratzea, aurrekontu arauetan ezarritako mugen barruan.

44. artikulua.- Antolakuntzari eta zerbitzu orokorrei buruzko eskurantza espezifikoak.

Antolakuntza eta zerbitzu orokorren eskumenak atxikiak dituen foru diputatuak Aldundi osoari dagozkion interes orokorrekoak kudeatuko ditu, foru diputatu bakoitzak norberaren departamentuaz dituen eskumenak baztertu gabe. Halaber, departamentu bakoitzeko foru diputatuaren eragimenez egiten diren egitura organikoko foru dekretu proiektuen gaineko txostena emango du, eta harekin batera Diputatuen Kontseilura aurkeztuko ditu, onar ditzan.

IV. KAPITULUA. ALDUNDIKO GOI-KARGUAK

45. artikulua.- Izendatzea eta kargugabetzea.

Foru Aldundiko goi-karguak dira zuzendari nagusiak. Diputatuen Kontseiluak emandako foru dekretuz izango dira izendatuak eta kargu gabetuak, eta zerbitzu harremanaren lotura izango dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Harreman hori izendapen dekretuarekin batera hasi eta kargu gabetze edo uztearekin bukatuko da, eta dagokion dekretua argitaratzen den egunetik izango du eragina.

46. artikulua.- Izaera eta osaera.

Zuzendari nagusiak dira departamentuko alor bat edo gehiago kudeatzeko ardura duten zuzendaritza organoen titularrak. Horren ondorioz, haiei dagokie:

  1. Foru diputatuak ezarritako helburuak betetzeko, zuzendaritza nagusiko proiektuak proposatzea, haien gauzatzea zuzentzea eta burutzapen egokia kontrolatzea.
  2. Zuzendaritza nagusiari atxikitako eskumenak eta eskuordetzen zaizkionak erabiltzea.
  3. Gainerako guztietan, foru diputatuari proposatzea zuzendaritzari dagozkion gaien irtenbide egokiena.
  4. Zuzendaritzaren kudeaketa arruntaren jarduerak sustatu eta gainbegiratzea, eta haren mende diren organo edo unitateen nahiz atxikitako langileen funtzionamendu egokia zaintzea.
  5. Arauetan atxikitzen zaizkion gainerako eskurantzak.

47. artikulua. Eginkizunak, bateraezintasunak eta ordainsariak.

1. Departamentuaren egitura organikoko foru dekretuak zuzendaritza nagusi bakoitzari atxikitzen dizkion eginkizunak zuzendu eta betetzeko zeregina hartzen dute zuzendari nagusiek, norbere zuzendaritza nagusiari buruz.

2. Foru diputatuentzat 37. artikuluan ezarritako bateraezintasun arauen mende daude zuzendari nagusiak ere. Zuzendari nagusiaren kargua bateraezina izango da, baita ere, Batzar Nagusietako ahaldun karguarekin.

3. Zuzendari nagusiek ordainsari bat jasotzeko eskubidea izango dute, ekitaldi ekonomiko bakoitzean Gipuzkoako lurralde historikoaren aurrekontu orokorretan xedatzen denaren arabera.

V. KAPITULUA. ESKUMENAK ESKUORDETZEA.

48. artikulua.- Esparrua.

1. Diputatuen Kontseiluak bere administrazio eskumenak Foru Aldundiko beste organoetan eskuordetu ditzake.

2. Diputatuen kontseiluko kide izateagatik dagozkien eskumenak izan ezik, foru diputatuek norbere departamentuko zuzendari nagusiengan edota beste organoetan eskuordetu ditzakete Arau honetako 40. artikuluko 1. b), 2. f), 4. b) eta d), eta 5. b) paragrafoetan adierazten diren eskumenak erabiltzea.

49. artikulua. Era eta mugak.

1. Eskumenak eskuordetzea eta eskuordetze horiek deuseztatzea egin behar dira edo foru dekretu bidez edo foru agindu bidez, kasu bakoitzean dagokion bezala, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, eta indarra izango dute argitaratze egunetik aurrera.

2. Eskuordetzaz ematen diren administrazio egintza eta ebazpenetan gorabehera hori berariaz adierazi behar da eta organo eskuordetzaileak emandakotzat hartuko dira.

3. Eskuordetzaz erabiltzen diren eskumenak ezin dira eskuordetu.

4. Eskuordetza noiznahi deuseztatu dezake organo emaileak.

VI. KAPITULUA. FORU ALDUNDIKO KIDEEN ETA GOI-KARGUDUNEN PENTSIOAK ETA KARGUGABETZEAGATIKO PRESTAZIOAK.

50. artikulua.- Foru Aldundiko kideen kargugabetzeagatiko prestazio ekonomikoak.

1. Diputatu nagusiak eta foru diputatuek, beren karguak uzten dituztenean, prestazio ekonomiko bat jasoko dute, behin bakarrik, ordainsarien hileko bat adinakoa.

Aurreko paragrafoan aurreikusten den prestazio ekonomikoa ez da aplikatuko eskubide hori dakarren kargu bat beste edozein administrazio publikotan betetzeko den kargugabetze edo dimisio kasuetan, kargugabetze eta izendapen daten artean hilabete bat baino gutxiago igaro bada.

Honako kasu honetan ere ez da prestazio hori jasoko: Kargua uzteko arrazoia Foru Arau honetako 27. artikuluko f) apartatuan aurreikusitakoa edota 39. artikuluko 1. puntuko e) apartatuan aurreikusitakoa denean.

2. Aurreko puntuan adierazten den prestazio ekonomikoa eragotzi gabe, kargugabetzearen ondorioz langabezian gelditzen direnek aldi baterako prestazio ekonomikoa jasoko dute, hileroko ordainsariaren %40koaren hainbatekoa.

Hilabete bakoitzaren amaieran ordaintz­koa den prestazio horrek zerbitzuan emandako urte edota 6 hilabetetik gorako zatiki bakoitzeko 3 hilabeteko iraupena izango du, betiere gutxienik 3 hilabetekoa eta gehienez 12 hilabetekoa izanik.

Kasu honetan, prestazioak irauten duen bitartean Aldundiak osasun eta farmazia laguntza eman beharko dio prestazio jasotzaileari Gipuzkoako Foru eta Udal Administrazioko Funtzionarioen Osasun Laguntza Zerbitzuaren Kudeaketa Organo Bereziaren bitartez, Estatutu Arautzaileen arabera, hala dagokionean.

Prestazio hori ez da inola ere jasoko kargu uztearen arrazoia Foru Arau honetako 27. artikuluko f) apartatuan aurreikusitakoa edota 39. artikuluko 1. puntuko e) apartatuan aurreikusitakoa denean.

3. Aurreko puntuetan azal­tzen diren aldi baterako prestazioen zenbatekoa zehazteko, hilerokotzat hartuko da eskubidea sortzen den unean betetzen den karguari dagokion urteko ordainsari osoaren hamabirena. Ordainsari desberdineko karguak beteak baldin badira, ordainsari handienekoa hartuko da.

4. Aldi baterako prestazioaren iraupena erabakitzen duen zerbitzu aldia zenbatzerakoan, eskubidea sortzen duten karguetarako izendapenak eta kargugabetzeak eragina izan duten datak hartuko dira, hurrenez hurren, hastapen eta amaiera eguntzat.

Onuraduna beharturik egongo da, eskatzen zaion guztietan, eskubidea sortzen duten betekizunak eta baldintzak behar bezala kreditatzera. Halabeharrezko egoeretan izan ezik, beharkizun hori betetzen ez bada, eskubidea beste gabe iraungiko da, eta hala behar balitz, bidegabe jasotako kopuruak itzuli beharko dira.

5. Aldi baterako prestazio ekonomikoa jasotzaileak eskatuta eta bere egoera pertsonala egiaztatu ondoren ordainduko zaio.

6. Artikulu honetako 2. puntuan aipa­tzen den aldi baterako prestazio ekonomikoa:

  1. Bateraezina da herri diruaz ordaindutako langabezia prestazioekin edo pentsioekin.
  2. Bateraezina da beste kargu publiko bat uzteagatik aurrez jasotako prestazioekin edo antzeko prestazioekin, baldin eta zerbitzu ematean etengabeko jarraitasun bat gertatzen bada ordainpeko kargu edo lanpostu publikoetan, hautetsiak nahiz izendapenezkoak izan. Etengabeko jarraitasuntzat hartuko da kargu bat utzi eta hurrengorako izendatzearen artean gutxienik 6 hilabete ez igarotzea.
  3. Bateraezina da ordainpeko kargu publiko batean jardutearekin, berdin hautetsia nahiz izendapenezkoa izan.
  4. Bateraezina da diru irabaziren bat sortzen duen beste edozein jarduerarekin.

7. Aurreko puntuan ezarritako bateraezintasun egoeraren bat gertatuz gero, hartutako eskubidea, edo har litekeena, beste gabe iraungita geldituko da.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 6/2005 Foru Araua, Foru Aldundiko kideen eta goi-karguen bateraezintasunei, kargua uzteagatik emandako prestazio ekonomikoei eta pentsioei dagokioenez, aldatzen duen 2007ko azaroaren 23ko 8/2007 Foru Arauak VI. kapituluaren izenburuari eta 50. artikuluari emandako idazketa.

51. artikulua.- Biziarteko pentsioa.

1. Biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea izango dute, Gipuzkoako lurralde historikoko Aurrekontuen kargura, artikulu honetan aurreikusten diren kasuetan:

  1. Gaur egungo nahiz etorkizuneko Foru Aldundiko kide diren eta izango diren diputatu nagusiek eta foru diputatuek.
  2. Aurreko puntuan aipatzen diren pertsonen alargunek, umezurtzek eta gurasoek.

2. Aurreko puntuko a) pasartean aipatu diren pertsonek biziarteko pentsioa jasotzeko eskubidea izango dute, zerbitzu aktiboan diren bitartean kargua betetzeko ezgaituta gelditzen badira.

Pentsio hori, onuradunaren heriotzaren ondoren, aurreko puntuko b) pasartean aipatu diren pertsonengana eskualdagarri izango da.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 6/2005 Foru Araua, Foru Aldundiko kideen eta goi-karguen bateraezintasunei, kargua uzteagatik emandako prestazio ekonomikoei eta pentsioei dagokioenez, aldatzen duen 2007ko azaroaren 23ko 8/2007 Foru Arauak 51. artikuluko 2. puntuari emandako idazketa.

3. Artikulu honetako lehen puntuko b) pasartean adierazitako pertsonek pentsio eskubidea izango dute, karguaren jardueran izanik, diputatu nagusiaren edota foru diputatuen heriotza gertatzen baldin bada.

Kasu horretan, pentsioa onesteko hurrenkera honi jarraituko zaio: Lehenbizi, alarguna, eta bigarren, ezindutako seme-alaba adingabe edo nagusiak. Aurreko horien ezean, gurasoek izango dute eskubidea, baldin eta ekonomikoki seme-alabaren mende bizi badira eta beste inolako diru sarrerarik jasotzen ez badute.

Aurreko paragrafoan ezarritako irizpide bera aplikatuko da artikulu honen 2. atalean aurreikusitako pentsioa jasotzen ari dela gertatzen bada heriotza.

52. artikulua.- Pentsioaren zenbatekoa.

1. Aurreko artikuluak aipatzen dituen pentsioen zenbatekoa izango da gertaera eragilearen unean Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean gehienezkotzat ezarrita dagoena. Pentsioen onuradunek beste pentsio baterako eskubidea baldin badaukate Gizarte Segurantzako funtsen kontura, eta Gizarte Segurantzakoa txikiagoa baldin bada, dagokien aldea bakarrik jaso dezakete Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontuen kargura.

Kargudunen ezaugarri bereziak direla eta, bizi eta istripu asegurua hitzartuko da, Lurralde Historikoko Aurrekontuen kargurako pentsioak osatzeko.

2. Pentsio berean bi seme-alaba edo gehiago, edota gurasoak bateratuko balira, zenbatekoa haien artean hainbanatuko da.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 6/2005 Foru Araua, Foru Aldundiko kideen eta goi-karguen bateraezintasunei, kargua uzteagatik emandako prestazio ekonomikoei eta pentsioei dagokioenez, aldatzen duen 2007ko azaroaren 23ko 8/2007 Foru Arauak 52. artikuluari emandako idazketa.

53. artikulua.- Goi-karguak eta behin-behineko langileen kargugabetzeagatiko prestazioa.

1. Zuzendari nagusiek 50. artikuluan arautzen den prestazioa jasotzeko eskubidea izango dute, artikulu hori oso-osorik aplikatuko baitzaie.

2. Behin-behineko langileen izendapena egiterakoan, Foru Aldundiak berariaz erabakiko du langile horiek zein egoeratan bere egin dezaketen aurreko atalean ezarritakoa.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko 6/2005 Foru Araua, Foru Aldundiko kideen eta goi-karguen bateraezintasunei, kargua uzteagatik emandako prestazio ekonomikoei eta pentsioei dagokioenez, aldatzen duen 2007ko azaroaren 23ko 8/2007 Foru Arauak 53. artikuluari emandako idazketa.

IV. TITULUA. BATZAR NAGUSIEN ETA FORU ALDUNDIAREN ARTEKO HARREMANAK

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

54. artikulua.- Politika orokorreko adierazpena.

Foru Aldundiak, diputatu nagusiaren bidez, politika orokorreko adierazpena egingo du urtero Batzar Nagusien aurrean, eta segidan eztabaida egingo da, inolako bozketarik gabe.

55. artikulua.- Foru Aldundiko kideen betebeharrak eta eskubideak.

1. Foru Aldundiaren eta bere kideen betebeharrak izango dira:

  1. Batzar Nagusietara agertzea, berdin osoko bilkurara edo batzordeen bileretara, haiek, lehendakariaren bidez, hala eskatzen dutenean.
  2. Batzar Nagusiek egiten dizkieten galdera, eskaera edo mozioei erantzutea, bertako Erregelamenduak ezarritako eran.
  3. Batzar Nagusiei behar duten informazioa ematea, bertako Erregelamenduak ezarritako eran eta prozeduran.

2. Foru Aldundiko kideek Batzar Nagusietako batzarraldietara joateko eskubidea dute, baita haietan zerbait adierazteko ahalmena ere. Norbere departamentuko goi-karguek eta langileek Batzar Nagusietako batzordeetan informazioa emateko eskaera egin dezakete.

II. KAPITULUA. FORU ALDUNDIAREN ERANTZUKIZUNA

56. artikulua.- Erantzukizun politikoa.

1. Diputatu nagusiak Foru Aldundiaren eta beraren kudeaketaren gaineko erantzukizun politikoa du Batzar Nagusien aurrean.

2. Foru Aldundiko kideek, nor bere kudeaketa esparruan, erantzukizun politikoa dute Batzar Nagusien aurrean.

3. Foru Aldundiak berari atxikitako interesen kudeaketaren gaineko erantzukizun solidarioa du Batzar Nagusien aurrean.

57. artikulua.- Konfiantza-galdekizuna.

1. Diputatu nagusiak, Foru Aldundiak aurrez eztabaidaturik, konfiantza-galdekizuna planteatu ahal izango du Batzar Nagusien aurrean, bere programaz edo politika orokorreko adierazpenaz.

2. Konfiantza emantzat joko da Batzar Nagusietako botoen gehiengo soila lortzen denean.

58. artikulua.- Zentsura mozioa.

1. Batzar Nagusiek Foru Aldundiaren erantzukizun politikoa eska dezakete zentsura mozioaren bidez, batzarkideen gehiengo osoak babesten baldin badu.

2. Zentsura mozioa gutxienez hamabost batzarkidek aurkeztu behar dute, eta diputatu nagusi izateko hautagai bat izan behar du.

3. Zentsura mozioa ezin izango da bozkatu aurkeztu eta bost egun iragan baino lehenago.

Epe horretako lehen bi egunetan hautabidezko mozioak aurkeztu ahal izango dira.

4. Mozioa ez badu batzarkideen gehiengo osoak onartzen, proposamena aurkeztu dutenek ezingo dute halako besterik aurkeztu sei hilabete igaro arte.

59. artikulua.- Banako zentsura mozioa.

Foru diputatu bati erantzukizunak eskatu ahal izango zaizkio bere eskumen esparruaren barruan mozio zentsura bat aurkeztuta; horretarako diputatu nagusiari mozio zentsura aurkezteko bete behar diren baldintza berberak bete beharko dira, izangai berria proposatzea izan ezik, eta mozioa onartzen baldin bada diputatu nagusiak berehala kendu beharko du kargutik eta ordezkoa izendatu beharko du.

III. KAPITULUA. FORU ARAUEN PROIEKTUAK

60. artikulua.- Baldintza orokorrak.

Foru Aldundiak Batzar Nagusiei aurkeztutako foru arau proiektuek zioen azalpena izan beharko dute, non adieraziko baitira laburki araua eginarazi duten arrazoiak eta lortu nahi diren helburuak.

Behar denean, eranskin gisa ageriko da indargabetutako edo aldatutako xedapenen zerrenda.

61. artikulua.- Baldintza zehatzak.

Batzar Nagusien aurrean aurkeztutako foru arau proiektuak txosten batez lagundurik joan behar dira, non azalduko baita aurrekontu eraginik duten ala ez. Aurrekontu eragina badute, finantzaketa txosten bat ere izan behar dute.

V. TITULUA. FORU ADMINISTRAZIOA

I. KAPITULUA. ANTOLAKETA ARAU OROKORRAK

62. artikulua.- Antolaketa eta jarduera arauak.

Foru Administrazioa antolaketa hierarkikoan ordenatutako organoez osatua dago, bere xedeak betetzeko nortasun juridiko bakarrez jokatzen du eta bere jarduna objektibotasunaren, publizitatearen, eraginkortasunaren, dezentralizazioaren eta organoen arteko koordinazioaren printzipioetara egokitzen da.

63. artikulua.- Goi-organoak.

1. Foru Administrazioaren goi-organoak dira Diputatuen Kontseilua, diputatu nagusia eta foru diputatuak.

2. Foru Administrazioaren gainerako organoak diputatu nagusiaren mende edo dagokien foru diputatuaren mende daude.

64. artikulua.- Departamentuak.

1. Foru Administrazioa departamentutan egituratzen da.

2. Departamentuen kopurua, izena edo eskumenak aldatzea, eta departamentuak sortu, elkartu, kendu edo birmoldatzea diputatu nagusiak emandako foru dekretu bidez egingo da.

3. Departamentu bakoitzak idazkaritza tekniko bat izango du; egitura organikoaren foru dekretuak xedatzen dituen zerbitzu komunak atxikiak izango ditu, eta, nolanahi den ere, departamentuaren esparru propioan idazkaritza eta aholkularitza juridikoaren zereginak beteko ditu, baita departamentuko organoen legezkotasunaren eta gastuen kontrol zereginak ere.

65. artikulua.- Departamentuen egitura.

Diputatuen Kontseiluak onartuko du departamentu guztien egitura organikoa foru dekretu bidez, foru diputatu bakoitzaren ekimenez eta antolakuntza nahiz zerbitzu orokorren eskumenak atxikiak dituen foru diputatuarekin batera egindako proposamenez.

66. artikulua.- Departamentuen zuzendaritza.

Departamentuak foru diputatu baten goi-zuzendaritzaren mende egongo dira, eta hark beteko ditu bere eskumeneko gaien gainean foru arau honetako 40. artikuluak aitortzen dizkion zereginak.

II. KAPITULUA. IZAERA OROKORREKO XEDAPENAK ETA EBAZPEN ADMINISTRATIBOAK

1. Sekzioa. Izaera orokorreko xedapena

67. artikulua. Era eta hierarkia.

1. Foru Aldundiaren izaera orokorreko xedapenak era honetakoak izango dira:

  1. Diputatuen Kontseiluak eta diputatu nagusiak emandako foru dekretuak.
  2. Departamentuetako foru diputatu arduradunek emandako foru aginduak.

2. Diputatuen Kontseiluak eta diputatu nagusiak emandako foru dekretuak hierarkiaz foru aginduen gainetik daude.

68. artikulua.- Izenpea.

1. Diputatuen Kontseiluko foru dekretuak izenpetuko dituzte diputatu nagusiak eta proposamena egindako foru diputatuak edo foru diputatuek.

2. Diputatu nagusiaren foru dekretuak berak izenpetuko ditu.

3. Foru aginduak dagokion foru diputatuak izenpetuko ditu.

69. artikulua.- Argitalpena eta indarrean jartzea.

Izaera orokorreko xedapen guztiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean emango dira argitara eta haiek argitaratu eta 20 egunetara jarriko dira indarrean, bestelakorik xedatzen ez bada.

70. artikulua.- Foru arauen aurreproiektuak eta izaera orokorreko xedapenen proiektuak egiteko prozedura.

1. Foru arauen aurreproiektuak eta izaera orokorreko xedapenen proiektuak egiteko prozedura jarraibide hauetara egokituko da:

  1. Prozedura hasiko da eskumena duen departamentuko foru diputatuaren aginduz, xedapenaren gaiaren arabera. Xedapenaren gai esparruan eskumen zuzena bi foru diputatuk edo gehiagok atxikia dutenean, agindua diputatu nagusiak emango du, haien ekimenez.
  2. Hastapen aginduak azalduko du laburki arauaren gaia eta xedea, eta txosten bat erantsirik izango du, non adieraziko baitira zer eragin izango duen indarrean dagoen lege antolamenduan, bideragarritasun ekonomikoa eta zer eragina izango duen lurralde historikoaren aurrekontuetan, sektore eta genero-araudiari jarraiki nahitaezkoak izan daitezen izapide eta txostenak, eta, proposatzen den arauaren esparrua eta edukia kontuan hartuta, beharrezkotzat jo daitezen izapide eta txostenak.
  3. Izaera orokorreko xedapena idatziko da hastapen aginduan adierazitakoaren arabera, eta kontuan izanik honako hauei buruz egin beharreko azterlan eta txostenen emaitza: Arauaren bideragarritasunaz, kostuaz eta, bere kasuan, generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzetik eratorritako neurri zuzentzaileez, zeintzuk arauak izan dezakeen eragin negatiboa indargabetzeko helburua izango duten. Nolanahi den ere, prozedura bideratu duen departamentuak txosten juridiko bat egin beharko du, non aztertuko baita araua bat ote datorren lege antolamenduarekin.
  4. Hastapen agindua eman duen organoak testua onesten duenean, entzunaldi, kontsulta eta, behar denean, jende aurreko informazio aldiko izapideak egingo dira.
  5. Izapide horiek emaitzak eta beharrezko irizpenak espedientean jasotzen direnean, beharrezkoa baldin bada proiektuaren eta memoriaren bigarren idazkuntza egingo da, non jasoko baitira laburki jarraitutako prozedura, lege baldintzak betetzea eta ondorio ekonomikoak, eta behar den guztietan lurralde historikoko aholkularitza organoaren irizpena eskatuko da.
  6. Prozedura hori burututa, testua organo eskumendunak onartu beharko du, eta, behar denean, eranskin gisa ageriko da indargabetutako edo aldatutako xedapenen zerrenda.

2. Proiektua departamentu biren edo gehiagoren eskumenekoa denean eta zuzenean eragindakoren baten onespena ez duenean, diputatu nagusiak erabakiko du Diputatuen Kontseiluko aztergaien artean sartzea.

2. Sekzioa. Administrazio ebazpenak

71. artikulua.- Era.

1. Diputatuen Kontseiluaren ekintzek erabaki era izango dute.

2. Diputatu nagusiaren ebazpenak foru dekretu erakoak izango dira eta foru diputatuen ebazpenak foru agindu erakoak, eta 68. artikuluan xedatutakoaren arabera izango dira izenpetuak.

3. Zuzendari nagusiek emandako erabakiak ebazpen erakoak izango dira.

72. artikulua.- Argitalpena.

Administrazio ebazpenak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, baita beste aldizkari edo egunkari ofizialetan ere, prozedura bakoitzeko arauek hala xedatzen dutenean edo organo eskumendunak interes orokorreko arrazoiengatik hala erabakitzen duenean.

73. artikulua.- Indargabetzeko ezintasun singularra.

Administrazio ebazpenek ezingo dute izaera orokorreko xedapen batek ezarritakoa urratu, ebazpena eman duen organoa xedapena onartu zuenaren hierarkia maila berekoa nahiz goragokoa izan arren.

74. artikulua.- Administrazio bidea amaiarazten duten ekintzak.

1. Administrazio bidea amaiarazten dute ondoren aipatzen direnek emandako ekintzek eta ebazpenek:

  1. Diputatuen Kontseiluak.
  2. Diputatu nagusiak.
  3. Foru diputatuek.

2. Ez dute administrazio bidea amaiarazten zuzendari nagusiek eta beheragoko organoek emandako ebazpenek.

3. Foru Aldundiaren mendeko erakunde autonomoen eta kudeaketa organoen gobernu eta administrazio organoen ekintzen administrazio bidea amaiaraziko dute haien estatutuetan hala ezartzen denean.

75. artikulua.- Aldez aurreko erreklamazioak.

1. Bide judizial zibil edo laboralera jo aurretik aurkezten diren erreklamazioak Diputatuen Kontseiluak erabakiko ditu erreklamazioen helburuaz ebaztea organo horri dagokionean, foru arau honetako 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Gainerakoetan, aldez aurreko erreklamazioak ebatziko ditu gaiaren arabera eskumena duen departamentuko foru diputatuak.

76. artikulua.- Zerga kudeaketako ekintzak.

Zerga kudeaketaren gaietan emandako administrazio ekintzen aurkako helegiteak arautuko dira zerga araudian xedatutakoaren arabera.

III. KAPITULUA. GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO LEGE AHOLKULARITZAKO BATZORDEA

77. artikulua.- Lege Aholkularitzako Batzordea.

1. Lege Aholkularitzako Batzordea da Gipuzkoako lurralde historikoko administrazioaren aholkularitzako goi-organo kolegiatua.

2. Lege Aholkularitza Batzordeak independentziaz jardungo du hierarkian, antolakuntzaz eta funtzionamenduz, aholku-gai diren egintzak sortu edo xedapenak egin dituzten organoei buruz, eta kide anitzeko organo moduan jardungo du berme horiek bete daitezen.

3. Lege Aholkularitzako Batzordeak aholkularitza lana egingo du Foru Aldundiaren jarduerari buruz eta, hala beharko balitz, lurralde historikoko Administrazio Instituzionalak ahalmen administratiboak erabiliz egindako jarduerari buruz.

4. Lege Aholkularitzako Batzordearen aholkua jaso beharko da, lege maila edo izaera duten arauen indarrez, ezinbestekoa denean lurralde historikoko organo aholkulariaren txostena.

5. Foru Aldundiko organoek eta, behar balitz, lurralde historikoko administrazio instituzionalekoek laguntza eman behar diote Lege Aholkularitzako Batzordeari eskatzen dien guztietan, aholkugintza zuzen bete ahal izan dezan.

6. Diputatuen Kontseiluaren foru dekretu bidez arautuko da haren sorrera, osaera eta funtzionamendua.

7. Foru Aldundiaren lege aholkularitza eta defentsa zereginak atxikiak dituen departamentuak izango du ardura behar diren bitarteko material eta pertsonalak jartzeko Lege Aholkularitza Batzordeak bere eginkizunak bete ahal izan ditzan.

XEDAPEN GEHIGARRIA. Eskumenak mugatzeko zenbatekoa

1. Ehun eta hogeita bost mila eurotan (125.000 €) ezartzen da foru arau honetako artikulu hauek aipatzen duten zenbatekoa:

2. Aurreko puntuan finkatutako zenbatekoa Lurralde Historikoaren Aurrekontuen Foru Arauak eguneratu ahal izango du.

Xedapen gehigarri bakarra.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko kargu publikoen bateraezintasunei buruz indarrean dauden arauak aldatzen ez diren bitartean, honako hau aplikatuko da:

1. Foru Aldundiko kideek eta goi-karguek ezingo dute, ez beraiek eta ez beren ezkontideekin edo beren kontura bizi diren seme-alabekin edo beren tutoretzapeko pertsonekin batera, %10 baino gehiagoko partaidetza eduki sektore publiko estatal, autonomiko, foral edo lokalarekin edonolako izaerako hitzarmenak edo kontratuak dituzten enpresetan, edo sektore publiko horietatik diru laguntzak jasotzen dituztenetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko kide edo goi-kargu izendatutako pertsonak apartatu honetan adierazitako baldintzetan partaidetzarik baldin badu, bera izendatzen duten egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean utzi egin beharko du partaidetza. Kargua betetzen ari den bitartean jaraunspenezko oinordetzan lortzen badu partaidetza, utzi egin beharko du lortzen duenetik hasi eta hiru hilabeteko epean.

2. Foru Aldundiko kideek eta goi-karguek, beren agintaldia amaitu eta hurrengo urtean, ezingo dute beren kargua dela eta ebatzi dituzten espedienteekin zerikusia duten jarduera pribatuak gauzatu, ez eta aholkularitza- asistentzia edo zerbitzu kontraturik edo antzekorik egin ere administrazio publikoekin. Epealdi horretan, halaber, ezingo dute esku hartu bete duten karguaren eskumenekin zuzeneko harremana duten jarduera pribatuetan ere.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu Eta Administrazioari buruzko 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Araua aldatzen duen Foru Aldundiko kideen eta goi-karguen bateraezintasunei, kargua uzteagatik emandako prestazio ekonomikoei eta pentsioei dagokienez, azaroaren 23ko 8/2007 Foru Arauaren Xedapen gehigarri bakarra.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Arau honetako 12. artikulua Araua argitaratzen denetik urtebetera jarriko da indarrean, edota Gipuzkoako Batzar Nagusien Jarduerarako Araudi berria indarrean jartzen denean, hau lehenago gertatzen bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1. Xedapen hauek indargabetzen dira:

2. Halaber, foru arau honetan ezarritakoaren aurka diren arau eta xedapen guztiak indargabetzen dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru arau honen aldakuntza edo eraberritzea Batzar Nagusietako eskubidezko kide guztien gehiengo osoak onartu behar du.

Amaierako xedapena.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, eta 2007ko uztailaren 2aren geroztiko eraginak izango ditu.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu Eta Administrazioari buruzko 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Araua aldatzen duen Foru Aldundiko kideen eta goi-karguen bateraezintasunei, kargua uzteagatik emandako prestazio ekonomikoei eta pentsioei dagokienez, azaroaren 23ko 8/2007 Foru Arauaren amaierako xedapena.

Informazio legala

Gipuzkoako Atariko logotipoa eta orri nagusirako lotura